Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2024ko ekainaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2777

AGINDUA, 2024ko apirilaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira Itsasoratu Programako oinarri arautzaileak eta egiten baita, arrantza-enpresei zuzenduta, minimis-araubidean jasotako 2024ko laguntza-deialdia, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera izan dezaten.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuetako bat da arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza-politika egokiari eustea. Horregatik, arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuteko, beharrezkoa da itsas langileen prestakuntza praktikoa sustatzea, eta, oro har, merkatuaren beharretara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiena, betiere Europaren eskaerari egokituta eta aipatutako arrantza-sektorearen mesedetan.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz 15.1.u) artikuluan xedatutakoarekin, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari dagokio «nekazaritzarako eta itsas arrantzarako prestakuntza. Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea. Kirol-nabigazioko irakaskuntza». Bestalde, 18.1.ñ) artikuluak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari esleitzen dio «itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzeko» eginkizuna.

Eskumen-esparru horretan, eta lehenengo paragrafoan aipatutako helburuari dagokionez, laguntza-deialdi hau egiten da, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraipena ematen diona, eta, bertan, beken deialdia egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko zentroetan itsas-arrantzako irakaskuntza-ikasketak egiteko. Halere, deialdi honek beste hartzaile batzuk eta beste helburu bat ditu; izan ere, arrantza-enpresei zuzentzen zaie, horiek benetako lanpostuetan, hau da, arrantza-ontzietan, prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera eman dezaten. Ondorioz, laguntza hauek itsas arrantzako sektorean prestakuntza arautua sustatzeko ikasleei ematen zaizkienekin bateragarriak izateaz gain, osagarriak ere badira. Horri lotuta, 2023ko ekitaldian, argitara eman zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko maiatzaren 23ko Agindua, zeinaren bidez ezarri baitziren Itsasoratu Programako oinarri arautzaileak eta egin zen, arrantza-enpresei zuzenduta, minimis-araubidean jasotako 2023ko laguntza-deialdia, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera izan zezaten (2023ko ekainaren 8ko EHAA, 108. zk.).

Deialdi honen helburuak dira arrantza-sektorearen errealitatera hurbiltzea, prestakuntza-zikloetako ikasleek beren prestakuntza profesionala, «itsasoko egunak» izenekoak, osatzeko behar duten ontziratzea erraztea, gazteen enplegua sustatzea arrantza-sektorean, flotako langileria gaztetzea, eta, azkenik, belaunaldi-erreleboa bermatzen laguntzea.

Laguntza hauek 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onetsitako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoan aurreikusita daude, eta haien bidez arrantza sektorean enplegua eta suspertze ekonomikoa sustatu nahi dira, itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleak animatuz arrantza-ontzietan ontziratzearen esperientzia proba dezaten, eta belaunaldi-erreleboa behar duen sektore ekonomiko batean sar daitezen etorkizunean.

Laguntza hauek minimis araubidearen arabera emango dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantza eta akuikultura sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, eta bat etorriz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan; Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean; 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onetsitako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoan; eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak proposatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea arrantza-enpresentzako de minimis araubideari atxikitako laguntzen Itsasoratu Programako 2024. urteko deialdiaren oinarriak, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera izan dezaten. Oinarriok agindu honen I. eranskinean daude jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 30a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da Itsasoratu Programako 2024. urteko laguntza-deialdia egitea. De minimis araubideari atxikitako laguntzen Programa hori arrantza-enpresei zuzenduta dago, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera izan dezaten.

2.– Agindu honetan araututako laguntzen helburua da prestakuntza praktikoa sustatzea arrantza-sektorearen errealitatean; hori dela eta, erraztu egingo da arrantzako ontzi-konpainiek itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleak ontziratzea, ontziratze-aldi bakoitzean sortuko zaizkien gastuetarako laguntza ekonomikoa emanez.

2. oinarria.– Araubide juridikoa.

Agindu honetan araututako laguntzak, aginduan bertan aurreikusitakoaz gain, honako hauek zuzenduko dituzte: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko xedapenek eta hori garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako erregelamenduan xedatutakoek, eta, hala dagokionean, haien ordez emandako araudiak.

De minimis araubideari atxikitako laguntzak direnez, Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko (EB) 717/2014 Erregelamenduan ezarritakoa ere aplikatu behar zaie –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantza- eta akuikultura-sektoreko de minimis laguntzei buruzkoa–.

3. oinarria.– Onuradunak eta betekizunak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradun izan daitezke apartatu hauetako betekizunak betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:

2.– Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako betebeharrak bete behar dituzte. Besteak beste:

a) Egunean izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko, dirulaguntzaren likidazioa egin arte, eta, hortaz, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza onartzen denean, bai ordainketak egiten direnean.

b) Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua krisian dagoen enpresatzat hartua ez izatea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko gidalerroen arabera (2014/C 249/01).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo haren mendeko enteek emandako laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez, egunean izatea dirulaguntzak berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa, eta ez egotea zehapen-prozeduren mende. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak geroratuta edo zatikatuta badaude eta, gainera, bermea eratu bada zor osoa estaltzeko, interesak eta gastuak barne.

d) Administrazio-edo zigor-zehapenik jaso ez izana sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez badute, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

e) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaerarik eginda ez izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota ez egotea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta ez egotea, konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende ez egotea edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta ez egotea, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

f) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak ez izatea, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

g) Ez izatea ebatzita Administrazioarekin egindako kontraturen baten amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

h) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, ez egotea herri administrazioen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat, haietan ezarritako baldintzetan.

i) Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatuta dagoen herrialde edo lurralde batean.

j) Berreskuratze-agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

3.– Espezifikoki, onuradun izateko, betekizun hauetako bat behintzat bete beharko da:

a) Oinarri-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duen arrantza-ontzi baten armadorea izatea, betiere baldintza hauek ere betetzen baditu:

– Ontzia Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistroko hirugarren zerrendan egotea.

– Ontzia alta-egoeran egotea Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian. Ontzia aktibo dagoela jotzen da, baldin eta Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian behin-behineko nahiz behin betiko alta-egoeran badago eta laguntza eskatu aurreko urtean zehar arrantzan jardun badu (aurreko 365 egunak zenbatzen dira, edo, aurreko urtea bisurtea bada, aurreko 366 egunak).

– Arrantza-ontziak arrantza-lizentzia eta behar diren baimenak izatea balizko modalitate eta kaletarako.

b) Lan-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

4.– Onuradun izateko betekizunak atxiki beharko dituzte laguntza guztiz justifikatu edota itzuli arte.

4. oinarria.– Ikasleen betekizunak eta hautaketa.

1.– Prestakuntza-egonaldiak egingo dituzten itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleei betekizun hauek eskatuko zaizkie:

a) Ikasleek erdi-mailako eta goi-mailako ziklo hauetako bateko 1. mailan aritu behar dute ikasten, zentro hauetako batean: Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHII; Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII; eta Ondarroako Antiguako Ama Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskola. Hau guztia eskaintzen dute eskola horietan:

– Goi-mailako teknikaria itsasontzi eta ontzietako makineriaren antolamenduan eta mantentze-lanetan.

– Itsas Garraioko eta Alturako Arrantzako goi-mailako teknikaria.

– Ontzi eta Itsasontzien Makineria Zaintzeko eta Kontrolatzeko teknikaria.

– Itsasertzeko Nabigazioko eta Arrantzako teknikaria.

– Kostaldeko Patroi Balioaniztuna.

Era berean, agindu honetan aurreikusitako prestakuntza-egonaldiak egin ahal izango dituzte aipatutako zentro horietan oinarrizko heziketa-zikloa egiten duten pertsona guztiek.

b) Ikasturteko ikasgai guztiak gaindituta izatea, eta justifikatu gabeko bertaratze-faltek ez hartzea ikaslearen eskola-ordutegiaren % 15 baino gehiago.

2.– Prestakuntza-zentroek zerrenda bat egingo dute, non jasoko baitira betekizunak betetzen dituzten eta arrantza-ontzi batean prestakuntza-egonaldiak egin nahi dituztela idatziz adierazi duten ikasleak. Zerrenda horiek arrantza-enpresen eskura jarriko dira, bi ikasle hauta ditzaten, gehienez, egonaldia egiteko. Egonaldia egiteko hautatu den ikaslea emakumea bada, laguntza handitu egingo da 6. oinarrian ezarritakoaren arabera, emakumeek arrantza-sektorean duten presentzia sustatzeko.

5. oinarria.– Prestakuntza-egonaldien ezaugarriak.

1.– Egonaldia arrantza-ontzietan egingo da, bai oinarri-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duten arrantza-ontzietan, bai lan-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten armadoreen jabetzako arrantza-ontzietan.

2.– Ontziratzearen iraupena marea baten adinakoa izango da, 20 edo 30 egun ingurukoa gutxi gorabehera, hainbat faktore aldakorren arabera.

3.– Onuradun bakoitzak gehienez bi ikasle sartu ahal izango ditu prestakuntza-egonaldi bakoitzean.

4.– Heziketa zikloaren eskolaldia amaitzen denetik hurrengo eskolaldia hasi arteko aldian egin beharko da prestakuntza-egonaldia.

5.– Praktiketako ikaslearen jarraipena eta tutoretza egin beharko dira. Horrek esan nahi du egingo diren eginkizunen hasierako memoria bat egin behar dela, bai eta amaierako txosten bat ere, praktiketako aldia eta ikasleak jarduera hauen arabera ikasitakoa baloratzeko:

a) Enpresa-egitura eta antolamendua identifikatzea: lan-prozedura enpresa-arloan; prestakuntza-baliabideak eta gaitasun profesionalenak, pertsonalak eta sozialak, lantokian ezarritako kalitate-sistema eta segurtasun-sistemak.

b) Ohitura etikoak eta lan-ohiturak aplikatzea: jarrera pertsonalak (enpatia, puntualtasuna), jarrera profesionalak (ordena, garbitasuna, segurtasuna...), jarrera lan-arriskuen eta ingurumenaren prebentzioan, enpresako hierarkia, jarduera profesionalen agiriak, barne-arauen ezagutza eta aplikazioa, lan-jarraibideak eta lan-prozedurak.

c) Arrantza-ontzia prestatu eta mantentzea abiatzeko eta nabigazioan zehar: arrantza-ontzia abian jartzeko tramitazioa, itsasontziaren egonkortasuna egiaztatzea, kalak kontrolatzea eta hornidura zehaztea lasta-tankeetan, erregaian eta ur gezan, guneak, bitartekoak, ekipamenduak, etab. berrikustea, nabigazio-ibilbidea trazatzea, abiatzeko komunikazioak, makinen mantentze-kudeaketa, etab.

d) Nabigazio-kontrola: atrakatu, irten eta ainguratzeko maniobrak, funtzioak brankan, popan, aginte-zubian eta makina-gelan, zubiko guardia egitea, abordatzeak prebenitzeko maniobrak, zubiko eta itsasbideko tresnetan jardutea, SMSS aparatuak erabiltzeko protokoloak, segurtasun- eta kalitate-arauak betetzea, prestakuntza-erregistroa betetzea.

e) Arrantza-jarduerak: arrantzako instalazioak eta bertako ekipamenduak prestatu, mantendu eta konpontzea, arrantza-bankuak detektatu eta lokalizatzea, maniobrak arrantza-aparailuekin, kalatua, biratzea, desberdintasuna horien arteko aplikazioan arrantza-parkean eta zubian, harrapaketa-eragiketak, harrapaketen merkataritza-interesa eta kalitatea baloratzea, bisitatutako kalen errendimendu jasangarria baloratzea, harrapaketen prozesamendua eta karga gainbegiratzea, arrantza-araudia aplikatzea zereginetan, segurtasun-arauak aplikatzea, etab.

6. oinarria.– Finantzaketa, diruz lagundu daitezkeen jarduera eta gastuak; laguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik etorriko dira soilik. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 105.000 eurokoak dira.

2.– Diruz lagundu ahal izango da itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleek arrantza-ontzi batean prestakuntza-egonaldia egitea marea batek irauten duen artean, hau da, 20 edo 30 egunean.

3.– Hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak eta zenbatekoak:

a) Enpresak ikasle bakoitzari eman beharreko haborokina estaltzetik eratorritako gastuak. Haborokin horren zenbatekoa finkoa da ikasle eta ontziratze-aldi bakoitzeko: 1.134 euro.

b) Gizarte Segurantzan alta ematetik eratorritako gastuak; izan ere, arrantza-enpresak bermatu beharko du ikaslea estalita egongo dela egonaldi osoan gertakari arruntengatik eta lan-istripuengatik.

c) Prestakuntza-egonaldia arrantza-ontzian egiten duten ikasleen tutoretza eta monitorizaziotik eratorritako gastuak, baita ikasleen mantenutik eta aldi horretan itsasontzian egin ditzaketen eginkizunak kontrolatu zein gainbegiratzetik eratorritakoak ere. Zenbatekoa 3.600 eurokoa da. Ontziratzen den ikaslea emakumea bada, zenbateko horri 1.000 euro gehituko zaizkio.

d) Ekipamenduen eta lan-arroparen gastuak. Gastu horiek finantzatzeko laguntzaren zenbatekoa 250 eurokoa izango da prestakuntza-egonaldia egiten duen ikasle bakoitzeko.

7. oinarria.– Epea eta eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, 8. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, tramitaziorako jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak jasotzen dituena, eta eskabide-formulariorako sarbidea ematen duena, helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1051107

3.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak Nire kudeaketak gunearen bitartez egin eta jakinaraziko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.1 artikuluaren arabera, pertsona fisikoek aukeratu dezakete Administrazioarekin harremanetan jartzea elektronikoak ez diren bitartekoen bidez; horrela, dagokion eskabide-inprimakiaren bitartez eskatu ahal izango dute laguntza, eta inprimaki hori arrantza-arloan eskumena duen zuzendaritzaren bulegoetan eskura dezakete, ondoren zehazten diren helbideetan eta https://www.euskadi.eus helbidean; gero, Eusko Jaurlaritzan arrantzaren arloko eskumena duen zuzendaritzara bidali beharko dira. Hona hemen Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoen helbideak:

– Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza. Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila. Arrantza Egituren Zerbitzua. Concha Jeneralaren kalea 23, 2.– 48010 Bilbao.

– Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila. Arrantza Antolamenduko Zerbitzua. Easo kalea 10 – 20006 Donostia.

Eskabidea aurkez daiteke, orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako tokietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuari jarraituz.

6.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat, dirulaguntza-eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena ematen du arrantzaren arloan eskumena duen zuzendaritzak zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak, eskatzailearen NAN/IFZ nortasuna eta beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.

8. oinarria.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona fisikoa izanez gero, NANaren kopia. Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFZren kopia, ahalordetze-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena, eta baita erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia bana ere, dagokion erregistroan zigilua jarrita.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, non ziurtatzen baita eskatzaileak agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla, eta 3. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen dituela, hori egiaztatzeko dokumentazioa duela, eta Administrazioak eskatzen duenean haren esku utziko duela. Era berean, eskaera-ereduko erantzukizunpeko adierazpenak komunikazio hauek izango ditu:

– Jakinaraztea diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

– Jakinarazi beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta dauden ala ez.

– Deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan edo indarrean den zerga-ekitaldian eskatzaileak jasotako minimis-araubideari atxikitako laguntzei buruzkoa, kontzeptua edozein dela ere.

c) Hauek biltzen dituen memoria:

– Prestakuntza-egonaldiak egingo diren ontziaren datuak.

– Prestakuntza-egonaldietarako hautatutako ikasleen datuak, gehienez bi egonaldi bakoitzean. Ikasle bakoitzak ontziratzeko eta egonaldia egiteko eman duen adostasun-agiria aurkeztu beharko da, bai eta ikastetxeak 4. oinarriko betekizunak betetzen direla ziurtatzeko egin duen agiria ere.

– Prestakuntza-egonaldia egingo den ontzirako aurreikusitako ontziratze-aldian egingo den itsasaldiaren datuak.

d) Eskatzaileak aurkeztu nahi duen dokumentu osagarri oro.

9. oinarria.– Eskabideen kudeaketa.

1.– Arrantzaren arloko eskumena duen zuzendaritzako zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dituzte NANa, IFZ, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– 8. oinarriko a) apartatuan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatu bada, eta betiere eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egon, agiriok aurkeztutzat joko dira, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta noiz aurkeztu dituen. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

3.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabideak ez baditu betetzen betekizun guztiak, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; aldez aurretik arrantzaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularrak ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat.

5.– Edonola ere, arrantzaren arloan eskumena duen zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibide edota agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.

10. oinarria.– Laguntzak emateko eta kudeatzeko prozedura.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa arrantzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako zerbitzu teknikoei dagokie. Zerbitzu horiek txosten bat egin beharko dute, eta bertan jasoko da eskura duten informaziotik ondorioztatzen dela eskatzaileek laguntzak eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Txosten hori ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio.

2.– Arrantzaren arloko eskumena duen zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egiaztatuko dute eskabide bakoitzean betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.

3.– Baldintzak betetzen dituzten arrantza-enpresen arteko lehiarik gabeko konkurrentziaren bidez esleituko dira laguntzak. Baldin eta deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiei emango zaie erabakitako zenbatekoa. Ezarritako gehieneko diru-kopuru globala ez bada nahikoa aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, dirulaguntza hainbanatu egingo da onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte.

4.– Eskaeren balorazioan edo prozeduraren ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saiheste aldera, ez dute prozeduran parte hartuko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23.2 artikuluan adierazitako kasuren batean daudenek, eta beren nagusi hurrenari jakinaraziko diote.

11. oinarria.– Behin-behineko ebazpen-proposamena.

1.– Zuzendaritza kudeatzailearen titularrak, espedientea eta zuzendaritzako zerbitzu teknikoen txostena ikusita, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta interesdunei jakinaraziko zaie soilik prozeduran agertzen direnean edo kontuan hartzen direnean interesdunek azaldu gabeko beste egitate, alegazio eta froga batzuk. Jakinarazpenean, hala badagokio, hamar eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasutik kanpo, egindako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera.

12. oinarria.– Behin betiko ebazpen-proposamena.

1.– Alegazioak aztertuta, halakorik balego, eta ondorengo paragrafoetan xedatutako alderdiak egiaztatuta, zuzendaritza kudeatzailearen titularrak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan laguntzen hartzaile izateko proposatzen diren eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa adieraziko dira. Halaber, ebaluazioa eta ebaluaziorako erabili diren balorazio-irizpideak zehaztuko ditu, hala badagokio.

2.– Eskatzaileek, laguntzaren behin betiko ebazpen-proposamena eman baino lehen, egiaztatu beharko dute dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen dituztela. Egiaztapen hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluaren arabera egingo da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da. Era berean, zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, bai eta IFZ ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, hala eginez gero, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

3.– Laguntzak emateko espedientean, organo kudeatzailearen txostena jasoko da, eta bertan adieraziko da, eskura dagoen informazioaren arabera, eskatzaileek betekizun guztiak betetzen dituztela laguntzak jasotzeko.

4.– Onuradun gisa proposatutako pertsonek erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute, beharrezko dokumentazioa aurkeztuta.

5.– Ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio behin betiko ebazpen-proposamena.

6.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamenek ez diete administrazio-arloko eskubiderik ekartzen onuradun izateko proposatuta daudenei.

13. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, arrantza-arloko eskumena duen sailburuordetzako titularrari helaraziko zaio, eta hark ebatziko du prozedura.

2.– Laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo ahalko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. paragrafoko b) apartatuan xedatutakoaren arabera. Hala ere, interesdun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Nolanahi ere, argitaratze-data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak arrantza-arloan eskumena duen saileko titularrari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan administrazio isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

5.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

a) Hautatutako eskabideei dagokienez:

1) Enpresa onuradunen izena edo izen soziala, eta IFZ edo NANa.

2) Emandako dirulaguntza.

b) Ezetsitako eskabideei dagokienez:

1) Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFZ edo NANa.

2) Laguntza ezesteko arrazoiak.

c) Honako hauek adieraziko dira: administrazio-bidea amaitzen duen edo ez, zer errekurtso jar daitekeen, hala badagokio, administrazio-bidean eta auzibidean, zer organori aurkeztu behar zaizkion eta zer epetan, hargatik eragotzi gabe interesdunek egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkezteko aukera.

6.– Onuraduna dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren batean badago, organo emaileak ordainketak atxikitzea erabaki ahal izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

14. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte; haien artean daude, besteak beste, xedapen hauetan ezarritakoak: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluak; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak. Horrela, betebehar hauek bete beharko dituzte:

1.– Prestakuntza-egonaldia ahalbidetzea eskabidean adierazitako eran eta ontziratze-aldietan.

2.– Prestakuntza-egonaldia egin behar duen pertsonari laguntza ematea, eta bere jarduera ongi gauzatzeko behar dituen bitarteko, tresna edo ekipamenduak erabiltzeko aukera ematea.

3.– Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; ikasleari ezin zaio eskatu bere prestakuntzarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egiteko.

4.– Prestakuntza-egonaldia egiten duen ikasle bakoitzari 1.134 euroko haborokina ordaintzea ontziratze-aldi bakoitzarengatik, prestakuntza-aldia amaitu eta astebetera, beranduenez.

5.– Ikaslearen jarraipena eta tutoretza egitea, eta 5. oinarrian aipatutako amaierako txostena aurkeztea.

6.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

7.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

8.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo ente publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko, arrantza-arloko eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost eguneko epean.

9.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea arrantza-arloko eskumena duen zuzendaritzari, idatziz.

10.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.

11.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bat egina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betetzea.

15. oinarria.– Laguntzak ordaintzea eta gastua justifikatzea.

1.– Laguntzak ordaintzeko, gehienez, hiru hileko epea izango da, frogagiri hauek behar bezala aurkezten direnetik aurrera:

– Prestakuntza-egonaldia egin duen pertsonak egindako zereginen eta jardueren txosten zehatza.

– Ikasleei egindako banku-transferentzien kopia, 14.4 oinarrian jasotako betebeharra egiaztatzen dutenak.

– Gizarte Segurantzan alta emanda egotearen ziurtagiria.

– Dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela eta izapidetzen ari den zehapen prozedura baten barruan ez dagoela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Arrantza-arloko eskumena duen zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauden. Hala ere, onuradunak berariaz uka dezake laguntza-eskaeran inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.f) artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Arrantza-arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularrak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio, eskaera behar bezala arrazoituta.

4.– Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, lagundutako jarduera gauzatu izana egiaztatzen duten agiriak aurkezteko epea, gehienez, 2024ko abenduaren 31ra artekoa izango da.

5.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izan ditzan, onuradunek Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu basean egon beharko dute. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (izapidetze elektronikoa egitera behartuta daudenek horrela egin beharko dute) dagokion zerbitzuaren bidez, egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

6.– Onuraduna dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren batean badago, organo emaileak ordainketak atxikitzea erabaki ahal izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

16. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahal izango dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskabide idatzia helarazi beharko diote arrantza-arloko eskumena duen zuzendaritzaren titularrari; hark, ebazpen baten bidez, zuzenean onartuko du eskabidea, eta amaitutzat emango du prozedura.

2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio, dirulaguntza onartu ondoren ere, agindu honen 14. oinarriko 6. apartatuan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio arrantza-arloko eskumena duen zuzendaritzaren titularrari eta hark, ebazpen baten bidez, zuzenean onartuko du, eta amaitutzat emango du prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpenaren bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

17. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea, eta ez-betetzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, edo beste entitate publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, arrantzaren arloko eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta liteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; betiere, agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen badira. Arrantza-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak aldaketa-ebazpena emango du, zeinean birdoitu egingo baitira oinarri berriaren arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoak.

2.– Edonola ere, onuradunek ez badute betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edota dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badaude, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin bat, arrantza-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak, onuradunek beren betebeharrak ez betetzeagatiko espedientea bideratu eta interesdunak entzun ondoren, dirulaguntza osoa edo zati bat hartzeko eskubidea kenduko die onuradunei, ebazpen bidez, eta, hala badagokio, aginduko die Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiotela, guztiz edo partzialki, proiektuaren egikaritze-mailaren arabera, hartu dituzten laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak. Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, eta abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagozkion gainerako neurriak hartzea bazter utzi gabe.

Aipatutako diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

18. oinarria.– Bateraezintasunak.

Agindu honetako dirulaguntzak bateraezinak dira edozein erakunde publikok zein pribatuk xede berberaz emandakoekin. Era berean, Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis-araubidearekin bat, estatu kide batek arrantza eta akuikultura sektoreko enpresa bakar bati emandako minimis-laguntzen zenbateko osoa ez da 30.000 eurotik gorakoa izango hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan.

19. oinarria.– Datu pertsonalen babesa.

Arrantza-arloko eskumena duen zuzendaritzak konpromisoa hartzen du datuak babes-maila egokiarekin tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

Datu pertsonalak izen hau duen tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira: Arrantza-sektorerako laguntzak.

– Arduraduna: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila.

– Helburua: arrantzaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren laguntzen jarraipena, kontrola eta kudeaketa.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.

– Hartzaileak:

• Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

• Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa, Nekazaritza eta Arrantzako Estatistika Ofizialen Zerbitzua (SEAS).

– Eskubideak: interesdunak eskubidea du datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

II. ERANSKINA
ESKABIDE-INPRIMAKIAREN EDUKIA

Laguntza eskatzeko inprimakia webgune honetan dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus

Oinarrizko edukia:

– Arrantza-enpresentzako laguntzak, Itsasoratu Programa (2023-2024 ikasturtea).

– Kodea.

– Instrukzio-organoari zuzendua.

– Identitate-datuak.

– Titularra.

– Ordezkaria.

– Eskatzailearen datu fiskalak dauden lurralde historikoa.

– Jakinarazpen- eta komunikazio-kanala.

– Abisuak jasotzeko datuak.

– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.

– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

– Zerga-egoitza.

– Balorazio irizpideak, aginduaren arabera.

– Informazio osagarria.

– Erantzukizunpeko adierazpena, non ziurtatzen baita eskatzaileak agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla, eta 3. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen dituela, hori egiaztatzeko dokumentazioa duela, eta Administrazioak eskatzen duenean haren esku utziko duela. Era berean, eskaera-ereduko erantzukizunpeko adierazpenak komunikazio hauek izango ditu:

– Jakinaraztea diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

– Jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta dauden ala ez.

– Deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan edo indarrean den zerga-ekitaldian eskatzaileak jasotako minimis-araubideari atxikitako laguntzei buruzkoa, kontzeptua edozein dela ere.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

Era berean, baimen inplizitua jaso beharko da, arrantza-arloan eskumena duen zuzendaritzak automatikoki egiazta dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, baimen hori berariaz ukatzeko aukerarekin, eta kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo eskatutako dokumentua aurkeztu beharko du.


Azterketa dokumentala