111. zk., 2024ko ekainaren 7a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (503 KB - 31 orri.)
- EPUB (178 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
2774
EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 29koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdia argitaratzen baita batez ere langabeentzat den eta teleprestakuntzaren modalitatean akredita daitekeen prestakuntza-eskaintza 2024-2025 aldian finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.
2024ko maiatzaren 28an hartutako erabaki baten bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak dirulaguntzen deialdia onartu zuen batez ere langabeentzat den eta teleprestakuntzaren modalitatean akredita daitekeen prestakuntza-eskaintza 2024-2025 aldian finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Azaldutakoa dela-eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Dirulaguntzen deialdia argitaratzea batez ere langabeentzat den eta teleprestakuntzaren modalitatean akredita daitekeen prestakuntza-eskaintza 2024-2025 aldian finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu du 2024ko maiatzaren 28an hartutako erabaki baten bidez, eta ebazpen honen eranskinean jaso da.
Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabakiak.
Hirugarrena.– Aditzera ematea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 29a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, BATEZ ERE LANGABEENTZAT DEN ETA TELEPRESTAKUNTZAREN MODALITATEAN AKREDITA DAITEKEEN PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA 2024-2025 ALDIAN FINANTZATZEKO, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO LANBIDE-HEZIKETA ARAUTZEN DUEN MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAREN ESPARRUAN
Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen du. Dekretu horren 2. artikuluan ezartzen da enplegurako lanbide-heziketa lanbide-heziketaren sistemetako bat dela, eta tresnak eta ekintzak dituela enpresen artean eta langileen artean (langabe nahiz landun) prestakuntza bultzatzeko eta zabaltzeko, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzute aldera. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.
Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak bere xedapen indargabetzaile bakarrean ezartzen duenez, indargabetuta geratzen dira Lan-arloko Enplegurako Lanbide-heziketaren Sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen xedapen guztiak, baldin martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan ezarritakoaren aurkakoak badira, eta Gobernuak aldatuko ditu Lan-arloko Enplegurako Lanbide-heziketaren Sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen xedapenak, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren xedapen indargabetzailearen eraginpean badaude.
Gainera, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean xedatzen denez, egun enplegurako lanbide-heziketako ekintzak emateko baimenduta eta akreditatuta dauden ikastetxe eta entitateek lege horretan jasotzen diren Lanbide Heziketako Sistemaren eskaintzak emateko baimen-baldintza berak izango dituzte, harik eta Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Nagusian inskribatzeko prozesua erregelamendu bidez arautzen den arte. Eta hirugarren xedapen iragankorrean ezartzen duenez, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala arautzen duen irailaren 5eko 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren antolamendua indarrean egongo da harik eta lege horretan Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari buruz aurreikusitakoa erregelamendu bidez garatzen den arte.
Lanbide Heziketako Sistemaren Antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren hogeita batgarren xedapen gehigarrian adierazten denez, enplegurako lanbide-heziketa emateko akreditazioa duten ikastetxe edo prestakuntza-entitate publiko zein pribatuek baimena dute A, B eta C graduko Lanbide Heziketako Sistemako prestakuntza-eskaintzak emateko, baimenduta dauden lanbide-arloetan eta espezialitateetan. Lehenengo xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, erregelamendu bidez aldatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du profesionaltasun-ziurtagirien antolamenduak, hura ezartzen duten errege-dekretuetan jasotako eran, eta haien eskaintza Lanbide Heziketako Sistemaren C graduetan integratuko da, lanbide-ziurtagiri izenarekin.
Irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren bidez, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako Lanbide Heziketako Sistemaren prestakuntza-eskaintza, administrazio eskudunek gauzatua, arautzen da, eta oinarri arautzaileak ez ezik, eskaintza hori finantzatzeko baldintzak ere ezartzen dira. Agindu horrek jasotzen duenez, administrazio eskudunek, enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeentzako prestakuntza-eskaintza garatzeko, antzemandako prestakuntza-beharrei erantzuteko prestakuntza-programak erabiliko dituzte, besteak beste.
Erabaki honetan arautzen diren finantzabideei esker egingo diren prestakuntza-ekintzen bidez, prestakuntza-eskaintza zabala emango zaie teleprestakuntzaren modalitatean Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei, eta, horrela, modu eraginkorrean hobetu ahal izango dute beren enplegagarritasuna, trebakuntzaren edo prestakuntza eguneratzearen bidez; hartara, kalitate eta iraupen handiagoko lanpostuak eskuratu ahal izango dituzte. Prestakuntza zuzenean akreditatu ahal izango da lanbide-ziurtagiriei lotutako prestakuntza denean (C, B eta A graduak).
Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta Enplegurako Lanbide Heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin azken horrek dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta Lanbide Heziketaren eremuan oro har zuzendaritza, antolamendu eta plangintzan Hezkuntza Sailak dituen eginkizunak ezertan eragotzi gabe.
Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta organismo hari dagokio, besteak beste, enplegu-programen (laneko prestakuntza esaten zaio gaur egun), enplegurako prestakuntza-programen, eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horren barruan dago dirulaguntzetarako deialdiak onestea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren estatutu horiek). Laneko prestakuntzaren ekimen nagusietako bat da langabeei prestakuntza eskaintzea.
2021–2024 Enplegu Plan Estrategikoak adierazten duenez, «Trantsizio digital, energetiko-klimatiko eta sozio-demografiko hirukoitza gertatzen ari da, herrialdeen, negozioen, industrien, gizarteen eta pertsonen etorkizuna eraldatzeko gaitasuna duena, baina enplegua sortzeko aukera ere izan daitekeena; horretarako, beharrezkoa da pertsona prestatuak izatea». «Kualifikazio handiko eskulana behar da, ondo prestatua eta moldagarria, eta biztanleria aktiboaren kualifikazioaren eta enpresen beharren arteko desorekak saihestea hiru trantsizioei lotutako profiletan».
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari ezinbestekoa iruditu zaio aurrez aurreko modalitatearen alternatibak aurkitzea, Enplegu Plan Estrategikoak nabarmentzen duen eskulan kualifikatuaren beharra estaltzeko. Helburua da pertsonei ekoizpen-sarearen benetako beharrei egokitutako kualifikazioa edo prestakuntza ematea, eta teleprestakuntzaren modalitateko programa bat diseinatzea eta kudeatzea, maila pertsonalean eta lan-arloan garatzeko aukerak eskaintzeko, modalitate horren bidez.
Enplegurako lanbide-heziketa funtsezko tresna da lan-merkatuan laneratzen eta langileen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko. Horrenbestez, erabaki honetan arautzen diren finantzabideei esker egingo diren prestakuntza-ekintzen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei teleprestakuntzaren modalitatean prestakuntza-eskaintza zabala emango zaie, eta, horrela, beren enplegagarritasuna hobetu ahal izango dute modu eraginkorrean, prestakuntza jaso ahalko baitute egunero lekuz aldatu behar izan gabe, eta jasotzen duten prestakuntza akreditatu eta erregistratu ahalko dute akreditazioen bidez.
Ekimen hau Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita dago. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2023ko abenduaren 14ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu zen, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, 2024ko maiatzaren 28an hartutako erabakiaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak dirulaguntzen deialdia onartu du batez ere langabeentzat den eta teleprestakuntzaren modalitatean akredita daitekeen prestakuntza-eskaintza 2024-2025 aldian finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Hau da deialdia:
1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen xedea da 2024ko ekitaldian emango diren laguntzak arautzea, batez ere langabeentzat den eta teleprestakuntzaren modalitatean akredita daitekeen prestakuntza finantzatzeko. Hartara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erantzuna eman nahi die, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, langabezian dauden pertsonen kualifikazio-beharrei, beren enplegagarritasuna hobetze aldera. Prestakuntza hori 2024 eta 2025 ekitaldien artean gauzatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.
2.– Deialdi hau finantzatzeko, 2.000.000 euro bideratu dira. Horietatik:
– 1.000.000 euro 2024ko ordainketa-kredituaren kargura eta
– 1.000.000 euro 2025eko konpromiso-kredituaren kontra.
Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako diru-kopurua baldin eta, indarreko legeriarekin bat eginez, aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta, aurrekontu-aldaketak onartzen direnean, horren berri eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
2. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Prestakuntza-entitate pribatuak edo publikoak izan daitezke deialdi honetako laguntzen onuradun, baldintza hauek betetzen dituzten heinean: ez egotea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mende edo sail horietara atxikita, eta deialdi hau argitaratu baino lehen teleprestakuntzaren modalitatean eskatzen diren profesionaltasun-ziurtagirietan edo lanbide-ziurtagirietan akreditatuta egotea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-erakundeen erregistroan, autonomia-erkidegoko enplegurako prestakuntza-entitateen beste edozein erregistrotan edo Estatuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan.
2.– Deialdi honetako dirulaguntza eskuratzeko, prestakuntza-entitateek eskatutako dirulaguntzaren xede diren prestakuntza-planak egiteko giza baliabideak eta baliabide materialak eduki beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntza adjudikatu ondoren edukiko dituztela prestakuntza-jarduerak hasten direnerako. Ez dago baimenduta prestakuntza-jarduera azpikontratatzea. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko tutore-prestatzaileak (pertsona fisikoak) kontratatzea.
Informazio hori akreditatzeko, entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, eta adierazpen horretan zehaztu egin beharko da zer instalazio dituen edo edukiko dituen entitateak prestakuntza-ekintza bakoitza egiteko, bai eta instalazio horiek zer eskualde eta lurraldetan dauden ere.
Edonola ere, entitate eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku jarri beharko ditu adierazpen horretan bildutako datuak egiazkoak direla frogatzen duten dokumentuak.
3.– Ikasleen presentzia eskatzen duten jardueretan (tutoretzak eta ebaluazio-probak), profesionaltasun-ziurtagirien edo lanbide-ziurtagirien errege-dekretuetan ezarritako beharrezko baliabide guztiak eta instalazioak eduki beharko dituzte beren zentroan bertan, baldin eta ordurako aurrez aurreko eskolak emateko akreditazioa badute, edo, bestela, aurrez aurreko eskolak emateko behar bezala akreditatuta dauden entitate edo zentroekin sinatutako akordio edo hitzarmen bidez lortu beharko dituzte baliabide eta instalazio horiek.
Aurrez aurreko saioetarako zentro horiek EAEko lurralde-eremuan egon beharko dute, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagotik egon beharko dute baimenduta. Era berean, eskariaren unean altan egon beharko dute, eta, aurrez aurreko saioak egiteko, zenbat pertsonarentzako saioak egiteko akreditatuta dauden zehaztu beharko dute.
4.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean dauden entitateak:
a) Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenatuta edo zehatuta egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, eta igarota ez edukitzea kondena- edo zehapen-epea.
c) Eskatuta edukitzea borondatezko konkurtso-deklarazioa; edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta egotea; konkurtsoan deklaratuta egotea edo, egoera horretan, hitzarmen batek eraginkortasuna lortu izana; esku-hartze judizialaren mende egotea; desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera eta konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaituta ez edukitzea.
d) Kausaren batean errudun deklaratuta izateagatik, administrazioarekin egindako kontratu baten suntsiarazpen irmoaren eragile deklaratua izatea.
e) Lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Edo, horiez gain, Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
Organo kudeatzaileak automatikoki frogatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela akreditatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
g) Paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea egoitza fiskala.
h) Dirulaguntzen arloko ordaindu gabeko itzulketa-betebeharrak izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA), eta konpromisorik ez hartzea egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.
i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, arau hauek ez betetzeagatik: Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro ez izana.
j) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausak izatea; besteak beste:
– Berdintasun-planik indarrean ez edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.
k) Zehatuta egotea, arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak ez hartzea.
m) Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea elkartea.
n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta, inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
ñ) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitatea ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren3 bis apartatuan aurreikusitako eran.
Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik, ordaindutako fakturen % 90 abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean ordainduta egotea).
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu ez dituen 4. apartatuan xedatutako eskakizunak akreditatu egin beharko dira eskabide-orrian dagoen erantzukizuneko adierazpenaren bidez. Dokumentazio hau aurkeztuta akreditatuko da ñ) apartatuko betekizuna:
– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu badezake kontabilitate-araudiaren arabera, kontu hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) letran aurreikusitako ziurtagiriaren bidez aurkeztu beharko da, Lanbidek emandako ereduaren arabera.
Ziurtagiria, berriz, dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Eskatzaile horrek ezin badu aurkeztu kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) letran aipatzen den dokumentazioaren bidez aurkeztu beharko du –hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiria, letra horren 1. apartatuan eskatutako edukia duena; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostena, aipatutako letraren 2. apartatuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen)–.
Lanbidek, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.
3. artikulua.– Prestakuntza-plana eta diruz lagundu daitekeen jarduna.
1.– Prestakuntza-plana da parte hartzen duten langabeen kualifikazio-beharrei erantzuteko antolatzen diren prestakuntza-ekintzen multzoa, eta azken helburutzat pertsona horien enplegagarritasuna hobetzea edo areagotzea du.
2.– Dirulaguntza jaso ahal izango dute kasuan kasuko espezialitateetarako profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzak jasotzen dituzten prestakuntza-planek, baldin eta prestakuntza-zentro eskatzaileek espezialitate horietarako akreditazioa badute deialdi hau argitaratu baino lehen eta aurrez aurreko saioetarako zentroak badituzte EAEn.
Ez da diruz lagunduko lanbide-ziurtagiri hauen prestakuntza-modulurik: SSCB0209 – Haurren eta gazteen aisialdiko jardueren dinamizazioa, SSCB0211 – Haurren eta gazteen aisialdiko jardueren zuzendaritza eta koordinazioa, SEAD0112 – Zaintza, segurtasun pribatua eta pertsonak babestea eta SEAD0212 – Zaintza, segurtasun pribatua eta lehergailuak babestea.
Entitateak prestakuntza-plan bakarra sortuko du, eta, bertan, programatu beharreko prestakuntza-ekintza guztiak sartuko ditu.
3.– Prestakuntza-ekintzetan prestakuntza akreditagarria eman beharko da: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-ziurtagiriak lortzera bideratuak, ibilbide osoen arabera –espezialitatearen ordu guztiengatik egiten dutenean– edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak.
Prestakuntza-entitateek dagozkien ziurtagirietan akreditatzeko ezarritako egokitasun-baldintzak bete beharko dituzte, eta baldintza horiek prestakuntza-jarduera gauzatzen den bitartean mantendu beharko dira.
Programazioa prestakuntza-moduluka eskatuko da. Prestakuntza-ekintza bakoitza dagokion profesionaltasun-ziurtagiriaren edo lanbide-ziurtagiriaren prestakuntza-modulu bat izango da. Espezialitateko prestakuntza-modulu guztiak eskatu beharko dira. Hartara, partaideek profesionaltasun-ziurtagiria edo lanbide-ziurtagiria osatzeko erraztasunak emango dira.
– Profesionaltasun-ziurtagirian edo lanbide-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira moduluak.
Egindako prestakuntzak beharrezko ebaluazio-prozesua jaso beharko du, ikaskuntzaren emaitzak egiaztatzeko eta, hala badagokio, lanbide-ezagutzak eta -gaitasunak eskuratu direla egiaztatzeko.
4.– Prestakuntza emateko modalitatea.
Prestakuntza-ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Modalitate hori gauzatutzat joko da prestakuntza-ekintzak osorik edo zati batean aurrez aurreko prestakuntzarekin konbinatuta garatzen direnean, modalitate horretarako ziurtagiri bakoitzean ezarritakoaren arabera, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bitartez, leku desberdinetan kokatutako ikasleen, tutoreen eta prestatzaileen eta baliabideen elkarreragina ahalbidetuz; gainera, ikaskuntza-prozesuan zehar, etengabeko eta denbora errealeko jarraipena eta prozesu osoaren ebaluazioa ziurtatuko dira. Prestakuntza antolatzean, parte-hartzaileari ikaskuntza-prozesu sistematizatua egiteko aukera emango zaio, irakasteko modalitateari egokitutako metodologia batekin. Metodologia horrek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako irisgarritasun- eta diseinu-baldintzak bete beharko ditu, eta nahitaez tutoretza-laguntzarekin osatuko da.
Profesionaltasun-ziurtagiriei edo lanbide-ziurtagiriei lotutako prestakuntza teleprestakuntzaren modalitatearen bidez ematen bada, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendutako ikaskuntza-plataforma birtual baten bidez egin beharko da, edukien kudeaketa eta parte-hartzaileen jarraipena eta ebaluazioa ziurtatzeko.
Aurrez aurreko modalitatean eman beharreko aurrez aurreko saioak, ebaluazio-saioak eta, hala badagokio, tutoretzak dagokion profesionaltasun-ziurtagiria edo lanbide-ziurtagiria emateko aurrez aurreko modalitatean akreditatuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko lurralderen bateko prestakuntza-zentroetan egingo dira.
Online prestakuntza-orduen, aurrez aurreko tutoretzen eta azken ebaluazioaren baturak bat etorri behar du dagokion ziurtagiria arautzen duen errege-dekretuan ezarritako moduluaren guztizko iraupenarekin.
5.– Deialdi honen babespean finantzatzen diren prestakuntza-planak dirulaguntza ematen duen behin betiko ebazpena onuradunei jakinarazi eta hurrengo egunetik 2025eko urriaren 14ra bitartean gauzatu beharko dira (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barne).
Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzetako bat, gutxienez, 2024ko ekitaldian hasi beharko da, eta, beranduenez, dirulaguntza ematen duen behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo bi hilabete igaro baino lehen.
6.– Prestakuntza-ekintzak onestean, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide-kopurua 25 izango da; gutxienekoa, berriz, 15. Ezin izango da prestakuntza-ekintza bat hasi 15 parte-hartzaile baino gutxiagorekin, salbu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendariak berariazko baimena ematen duenean.
Nolanahi ere, diruz lagundutako parte-hartzaileez gain, beste 2 parte-hartzaile sartzea onartuko da parte-hartzaile kopuru horretarako akreditazioa duten prestakuntza-zentroetan. Partaide gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik emango.
7.– Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz. Ez da diruz lagunduko lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua.
4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.
Deialdi honen babespean diruz laguntzen diren prestakuntza-ekintzetan, lehentasunarekin parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langabeek ere parte hartu ahal izango dute.
Horrez gain, lehentasunik gabe, lanean ari diren EAEko langileek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, betiere prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien % 30 gainditu gabe. Hartara, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, kontuan hartuko da zer lan-egoeratan dauden pertsonak prestakuntza hasten duten unean. Aldizkako langile finkoen kasuan, lanik egiten ez duten aldietan, eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batean sartuta daudenen kasuan, ez dira landuntzat hartuko lehen aipatutako ehunekoa kalkulatzeko.
Ondorio horietarako, langabeen taldean sartuko dira hauek: lanaldi partzialeko kontratu batekin aritzen diren langileak, baldin eta haien lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.
5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Prestakuntza-planaren dirulaguntzaren zenbateko osoa plana osatzen duten prestakuntza-ekintzen dirulaguntzen zenbatekoen batura izango da.
2.– Prestakuntza-ekintzen finantzaketa parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko kostuaren araberakoa izango da, eta 6 euroko modulu ekonomikoa aplikatuko da. Hau izango da eskatutako prestakuntza-ekintza bakoitzeko guztizkoa: 6 euro x eskariko parte-hartzaileen kopurua x ekintzaren ordu-kopurua.
Dirulaguntzaren zenbatekoa = 6 euro * ordua * partaidea
Ekintzak oso-osorik finantzatuko dira adierazitako modulu ekonomikoarekin, eta ezin izango da onartu beste entitate publiko edo pribatu batzuen baterako finantzaketarik.
3.– Programatu beharreko prestakuntza-ekintzak jasoko dituen prestakuntza-plan bakar baterako eskatu ahal izango dute dirulaguntza prestakuntza-entitateek.
Nolanahi ere, entitate bakoitzari gehienez 200.000 euro esleitu ahal izango zaizkio.
Muga hori entitate jakin bati aplikatu behar bazaio eta hainbat ekintzaren arteko puntuazioan berdinketa gertatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketaren arloko Espezialitate programagarrietarako txostenaren ondoriozko balorazioa hartuko da kontuan entitate horri ekintza horiek esleitzeko irizpide gisa. Txosten hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindakoa da, eta beraren webgunean argitaratuta dago (https://www.lanbide.euskadi.eus/informazioa/prestakuntza-beharren-diagnostikoa/weblan00-formacion/eu/).
Entitate bakoitzari esleitu beharreko zenbatekoaren gehieneko muga hori handitu egin daiteke, aurrekontua 8.5 artikuluan aurreikusitako moduan agortzen ez bada.
6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez (Lan-F).
Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunearen bidez eskatu ahal izango dute: https://www.lanbide.euskadi.eus/formacion-lanbide/-/informacion/registro-de-entidades/
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan eskuratu ahal izango da: https: https://www.euskadi.eus/servicios/1221902
2.– Dirulaguntza-eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
2.1.– Oro har, laguntzaren xede izango den prestakuntza-plana, emango diren prestakuntza-ekintzak adierazita.
2.2.– Gainera, 9. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideak baloratze aldera, irizpide horiek akreditatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da, salbu eta eskabidean bertan jasotakoak edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiazta ditzakeenak. Zehazki:
a) A atalean aurreikusitako balorazio-irizpideak akreditatzeko: artikulu horretan aipatzen diren aitorpen edo akreditazio ofizialen kopia. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erregistratuta dituen prestakuntza-entitatearen datuetan badaude, ez dago aurkeztu beharrik, eta eskabidean adierazi behar da.
b) B atalean aurreikusitako balorazio-irizpidea akreditatzeko: ziurtagiria, teleprestakuntzaren modalitatean akredita daitezkeen ekimen pribatuko ekintzak kudeatzen dituen eta enplegurako lanbide-heziketaren gaineko eskumena duen administrazioarena; ziurtagiri horrek emandako prestakuntza-ekintzen kopurua akreditatu beharko du, I. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera (LanF aplikaziotik ere atera daiteke).
c) Enpresa edo entitate eskatzaileak 9. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideak akreditatzeko interesgarritzat jotzen duen beste edozein agiri.
3.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, entitate interesdunari eskatuko zaio hutsunea edo akatsa konpontzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko hamar egun balioduneko epealdian, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Hori egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.
4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Prozedura izapidetzeko organo eskuduna Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.
2.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak.
Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitza banaka baloratuko da.
3.– Eskabideak aztertzeko eta haien balorazioa egiteko, batzorde teknikoa eratuko da. Kide hauek osatuko dute batzorde hori: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak, eta zerbitzu horretako hiru teknikarik. Hauek dira balorazio-batzorde horretako kideen izenak:
Batzordeburua:
– Juan Carlos Ibarrola Sáenz de Ugarte, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria.
Idazkaria:
– Maria de Los Angeles De Oraá Oleaga, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Batzordekide titularrak:
– Eduardo Campo Guillerna, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko koordinatzailea.
– Begoña Fernández Fernández de Mendiola, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Ordezko batzordekideak:
– Itxaso Montero Millán, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
– Veneranda Andrés Andrés, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Ebaluazio-batzordea balio osoz eratutzat joko da batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta, gutxienez, kideen erdiak bertaratzen direnean.
Batzordeburua ez badago, batzordekideetako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeran.
Idazkaria ez badago, batzordekideetako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako alderantzizko hurrenkeran.
Egitura berari eutsita, ebaluazio-batzordeko kideen osaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez aldatu ahal izango da, eta ebazpen hori Lanbideren webgunean argitaratuko da: www.lanbide.euskadi.eus
4.– Behin eskabideek deialdi honetan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu denean, ebaluazio-batzordeak 9. artikuluan ezartzen diren irizpideen arabera baloratuko ditu, eta, 8. artikuluan araututako laguntza zehazteko sistema kontuan hartuta, txosten bat egingo du emaitza adierazteko. Espedientea eta ebaluazio-batzordearen txostena ikusi eta gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan sartuko du zer ekintza onestea eta ezestea proposatzen den behin-behinean; ekintza horiek dirulaguntza-lerroka multzokatuko dira.
Behin-behineko ebazpen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean argitaratuz jakinaraziko da (www.lanbide.euskadi.eus), eta 10 egun baliodun emango dira entitate interesdunek LanF aplikazio informatikoaren bitartez alegazioak egin ditzaten edo eskabidean atzera egin dezaten, prestakuntza-planean behin-behinean onetsitako prestakuntza-ekintza guztiei dagokienez.
Behin-behineko ebazpen-proposamen horrek ez du onuradun gisa proposatutako entitateen aldeko inolako eskubiderik sortzen.
5.– Ebaluazio-batzordeak alegazioak aztertu eta txostena egin ondoren, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena emateko organo eskuduna.
6.– Prozeduraren ebazpenak dirulaguntza jasoko duten prestakuntza-ekintzak eta haien zenbatekoa jasoko ditu, balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, bai eta ukatzen direnak eta ukatzeko arrazoiak ere; hori guztia prestakuntza-entitate interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuta (www.lanbide.euskadi.eus). Entitateek 10 egun balioduneko epea izango dute prestakuntza-plan osoa modu telematikoan onartzeko edo ukatzeko, LanF aplikazioan. Epealdi horretan ezer adierazten ez badute, dirulaguntzari uko egiten diotela ulertuko da.
7.– Prozeduraren ebazpenean, aurrekontu-kreditua falta delako ezetsi diren dirulaguntza-eskabideak ordenatuta agertuko dira, balorazio-irizpideak aplikatuz ateratzen den hurrenkeran. Hartara, prestakuntza-erakunde onuradun batek dirulaguntzari uko egiten badio, dirulaguntza hurrengoari emango zaio, laguntza zehazteko ezarritako irizpideen arabera, baldin eta kreditu nahikoa liberatu bada horri erantzuteko eta, gertatzen den unean, posible bada hura gauzatzea, deialdian ezarritako baldintzen eta aurrekontua gauzatzeko arauen arabera. Ukoen bitartez liberatutako kredituarekin emandako dirulaguntzak Lanbideren webgunean (www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuz jakinaraziko zaizkie prestakuntza-entitate interesdunei, eta 10 egun balioduneko epealdian onartu beharko dira; bestela, uko egiten diotela ulertuko da. Hartara, adjudikazio-prozedura amaitutzat emango da.
Lehentasun-hurrenkeran atzerago dagoen eskaera bati ezin izango zaio dirulaguntza hori eman, baldin kreditu erabilgarri nahikorik ez egoteagatik lehentasun-hurrenkera horretan aurrerago dagoen beste eskabide bat dirulaguntzarik gabe utzi bada.
8.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.
9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, zuzenean aurkeztu ahal izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
10.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean.
8. artikulua.– Laguntzaren zehaztapena.
1.– Eskaerak aurkezteko eta akatsak 6.3 artikuluan ezarritako eran zuzentzeko epea amaitutakoan, prestakuntza-planetan jasotako prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egingo da, 9. artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera, eskaeren artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko; horrenbestez, aurkeztutako ekintzen eskaerak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera ordenatuko dira.
2.– Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 5. artikuluan jasotako modulu ekonomikoa aplikatuko da.
3.– Dirulaguntzak balorazio teknikoko fasearen ondoriozko ekintzen lehentasun-ordenari jarraituz emango dira, aurrekontua agortu arte.
4.– Berdinketa gertatuz gero, 9. artikuluan ezarritako D balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskabideak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, C balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskabideak izango du lehentasuna. Berdinketari eusten bazaio, lehentasuna izango du Enplegurako Lanbide Heziketako Sistemako Prestakuntza Entitateen Erregistroan teleprestakuntzako modalitatean akreditatutako zentroko espezialitatean antzinatasun handiena duenak.
5.– Prozesu osoan zehar kontuan izango da 5.3 artikuluan ezartzen den dirulaguntza-muga. Aurrekontua agortzen ez bada, soberakina hasiera batean finantzatu ez diren eta puntuaziorik handiena duten prestakuntza-ekintzei esleituko zaie, 5.3 artikuluan aurreikusitako dirulaguntzaren muga alde batera utzita. Nolanahi ere, entitate bakoitzari gehienez 300.000 euro esleitu ahal izango zaizkio.
6.– Entitate eskatzaile bakoitzak eman beharreko prestakuntza-ekintzei dagozkien zenbatekoen batura izango da prestakuntza-planerako dirulaguntzaren azken zenbatekoa.
9. artikulua.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.
Eskatutako prestakuntza-ekintzak baloratzeko, jarraian araututako irizpideak hartuko dira kontuan.
Balorazio-irizpide guztiak prestakuntza-entitatearen mailan aintzat hartzen dira; hau da, IFZ bera duten prestakuntza-zentroen datuak batera aztertzen dira.
A) Kalitatearekiko konpromisoa: Gehienez 5 puntu emango dira hauek edukitzeagatik:
a.1.– Kudeaketa aurreratuaren aitorpenak, soilik baloratuta azken hamar urteetan aitorpen altuena duena hauen artean:
– Urrezko A edo EFQM +500 eta altuagoa: 4 puntu.
– Zilarrezko A edo EFQM +400: 3 puntu.
– Brontzezko A edo EFQM +300 edo ISO 9001 (indarrean): 2 puntu.
– Kudeaketa aurreratuaren diploma indarrean: puntu 1.
a.2.– Indarrean dauden ziurtagiriak:
– ISO 9001 ziurtagiria: 2 puntu.
– ISO 14001 ziurtagiria, ISO 45001 ziurtagiria edo UNE 166002 berrikuntzaren kudeaketa, indarrean: puntu 1.
a.3.– Kudeaketa aurreratuaren euskal saria, QIA-Quality Innovation Award-Fase internacional Award saria edo Prizze Winner saria, azken 10 urteetan: puntu 1.
B) Lanbide-arlokako esperientzia 2021ean eta 2022an ekimen pribatuko ekintzen emaile gisa, eskatutako espezialitatearen lanbide-arloan, akredita daitekeen teleprestakuntzaren modalitatean: Gehienez 7 puntu lortu daitezke.
Ondorio horietarako, teleprestakuntzaren modalitatean akredita daitezkeen ekimen pribatuko prestakuntza-ekintzak bakarrik hartuko dira kontuan, baldin eta Enplegurako Lanbide Heziketaren arloan eskumena duten administrazioek baimendu badituzte 2021-2022 urteetan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako ekintzei dagokienez, datu hori beraren datu-basetik ateratzen da ofizioz. Beste administrazio publiko batzuek baimendutako ekintzei dagokienez, entitate eskatzaileak 6. artikuluaren 2.2 artikuluan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du.
– 1-5 ekintza: 5 puntu
– 6-10 ekintza: 6 puntu
– 11 ekintzatik gora: 7 puntu
C) Prestakuntza-entitateen espezializazioa: 15 puntu.
Puntuazioa emateko, prestakuntza-entitateak Euskal Autonomia Erkidegoan aurrez aurreko modalitatean alta emanda dagoen akreditatutako zentro bat eduki beharko du, gutxienez, eta zentro horrek elkartuta egon beharko du eskatutako espezialitatea teleprestakuntzan emateko. Aurrez aurreko saioen zentro horrek (AASZ) programatu beharreko prestakuntza-ekintzen aurrez aurreko saioak egingo diren AASZen artean egon beharko du.
D) Aurrez aurreko saioen zentroen lurralde-banaketa eskatutako espezialitate bakoitzerako: Gehienez 10 puntu lortu daitezke.
Entitateak eskatutako ekintza bakoitzeko baloratuko da.
– Aurrez aurreko saioak Euskal Autonomia Erkidegoko 3 lurraldeetan, eskatutako espezialitaterako: 7 puntu
– Aurrez aurreko saioak Euskal Autonomia Erkidegoko 2 lurraldetan, eskatutako espezialitaterako: 5 puntu
EAEko lurralde bakoitzeko AASZ gehigarri bakoitzeko puntu bat emango da. Adibidez: entitate batek aurrez aurreko saioak programatzen baditu Bizkaiko 2 zentrotan, bat Gipuzkoan eta bat Araban, 8 puntu esleituko zaizkio; 7 puntu hiru lurraldeetako AASZetan programatzeagatik, eta beste puntu bat Bizkaiko AASZ gehigarri batean programatzeagatik.
Aurrez aurreko saioak lehia-fasean puntuazioa lortu duten lurraldeetako zentroetan programatu beharko dira.
10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko dutenak hautatzea.
1.– Hautagaiek honela parte hartu dezakete ikastaroan:
a) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egiteko agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.
b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, haien prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri edo lanbide-ziurtagiri baten akreditazioa osatzeko falta diren prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza batean esku hartzeko.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena eman gabe dauden landunak, baldin eta Lanbideren sareko bulegoren batean eskabidea aurkeztu badute, edo eskabidea erakunde autonomo horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.
2.– Pertsonek profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-ziurtagiriak arautzen dituen araudian jasotako sarbide-baldintzak bete behar dituzte.
Era berean, teleprestakuntzako plataformaren bidez prestakuntza probetxuz jarraitu ahal izateko behar diren trebetasun informatikoak izan behar dituzte.
Horretarako, prestakuntza-zentroak edo -entitateak ziurtatu egin beharko du ikasleek gaitasun digital nahikoak dituztela modalitate horretako prestakuntzari probetxuz jarraitzeko. Prestakuntza-ekintza hasi aurretik, aurrez hautatutako ikasleei plataforma birtualerako sarbidea eta plataforma hori erabiltzeko jarraibideak emango dizkie, eta tresna hori prestakuntza probetxuz jarraitzeko erabiltzeko gai direla egiaztatuko du.
Egiaztapen hori egiteko, oinarrizko jarduera batzuk egiteko eskatuko zaie ikasleei: fitxategiak deskargatzea eta bidaltzea, posta elektronikoa erabiltzea eta komunikazio-tresnetan parte hartzea. Jarduera horien bidez, ziurtatu egingo da ikasleek prestakuntza probetxuz jarraitzeko beharrezkoak diren konpetentzia digitalak dituztela.
Egiaztapen hori egitean lortutako emaitzak LanF kudeaketa-aplikazioan sartuko dira.
3.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa entitate onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen entitateak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF). Entitateak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, behar diren bermeekin.
Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan aurrehautaketa-proba bat ere egingo da, ekintza baliagarria dela ziurtatzeko eta ekintzen helburuak lortzeko behar diren ezinbesteko ezagueren maila finkatzeko, printzipio hauen arabera:
– Aurretik Lanbideko teknikariekin adostu behar da.
– Proba horren xedea izango da prestakuntzari etekina ateratzeko behar diren gutxieneko ezagutzak modu objektiboan ebaluatzea.
– Aurrez aurreko saioen zentroetako instalazioetan egingo da, ebaluazio-probak eta, hala badagokio, tutoretzak egiteko erabiliko direnetan. Ez da inolaz ere onartuko ezagutza-probatzat elkarrizketa telefonoz edo prozedura telematiko baten bidez egitea.
– Aurrehautaketa-proba ez da berez hautaketa-prozedura. Izan ere, gainditzen duten parte-hartzaileak artikulu honen 5. puntuan ezartzen den lehentasunen hurrenkeran hautatuko dira.
– Profesionaltasun-ziurtagiri edo lanbide-ziurtagiri jakin bateko konpetentziaren bat akreditatuta duten pertsonek ez dute egin beharko proba, eta maila bereko edo goragoko mailako lanbide-arlo bereko ziurtagiria dutenek ere ez.
– Proba hori LanF aplikazioaren atal egokian erantsiko da, prestakuntza-ekintzak burutzeko ematen diren jarraibideen arabera.
4.– Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak aukeratzeko proba hori egin eta gero (proba egiten bada), eta etengabeko ikaskuntza sustatze aldera, honela jokatuko da:
1.– Akreditatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek izango dute lehentasuna, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Pertsona horien artean, lehentasuna izango dute eskainitako prestakuntza-modulua soilik falta dutenek profesionaltasun-ziurtagiria edo lanbide-ziurtagiria lortzeko.
2.– Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagiri edo lanbide-ziurtagirietan, emakumeek izango dute lehentasuna. Deialdi honen ondorioetarako, nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arlotzat hartzen dira lanbide-arlo hauetako prestakuntza-ekintzak: AFD, AGA, ELE, ENA, EOC, FME, IEX, IFC, IMA, IMS, INA, MAM, QUI, SAN, SEA, TMV.
5.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:
1) Lehenik, eta lehentasun-maila berean, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsona hauek:
– Kualifikazio-maila apala dutenak.
– 30 urtera arteko gazteak, luzaroko langabeak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna dutenak.
– Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren (GEA) eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradun diren langabeak, eta langabezia-sorospen bereziaren (LSB) hartzaileak.
– Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.
– Langabetzat joko dira, ondorio horietarako, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko, edo ezinbesteko kausen ondorioz, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak.
– Aukeraberri programan parte hartzen dutenak. Programa hori Lanbideko Administrazio Kontseiluak onartu zuen 2021eko uztailaren 13ko bilkuran, eta haren xedea da krisian dauden sektoreetako langileak birkualifikatu eta birkokatzea.
Emakumeen ehunekoak langabeen artean duten pisuaren araberakoa izan behar du. Beraz, emakumeak langabeen % 55 direnez gero, prestakuntza-taldean ere emakumeek gutxienez % 55 izan behar dute, ahal dela.
2) Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.
3) Landunek, lehentasunezkoak ez direnez, plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen langabe nahikorik ez badago.
6.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskabideak izanez gero.
7.– Hautaketa bukatu ondoren, entitate onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.
8.– Hautatuak izan direnen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda erakutsi behar dituzte prestakuntza-entitateek plataforman, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez. Bertan, zehaztuta egon behar du zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.
Aurrekoa gorabehera, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei jakinarazteko ikastaroetan parte hartuko dutela.
11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko ditu.
2.– Ikasleek estalita dute ekintzak gauzatzearen ondoriozko arriskua, bai eta aurrez aurreko saioetara (tutoretzak eta ebaluazioa) joatearen ondoriozkoa ere (teleprestakuntzaren modalitatean profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-ziurtagiriak emateko araudiak eskatzen du), Eusko Jaurlaritzak sinatutako istripu-poliza eta erantzukizun zibileko poliza baten bidez. Profesionaltasun-ziurtagirien edo lanbide-ziurtagirien prestakuntza praktikoko modulua lantokietan eginez gero, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 52. xedapen gehigarrian ezarritakoa beteko da.
3.– Prestakuntza-ekintza hasi baino lehen, ikastaroaren eta prestakuntza-ekintzaren programaren egutegia jakinaraziko zaie parte-hartzaileei. Plataforman eskuragarri egongo da. Ikaslearen eskubideen eta betebeharren dokumentua jasoko dute, eta jaso dutela ziurtatzeko agiria sinatuko dute. Sinatu ondoren, prestakuntza-zentroek sinatutako dokumentua sartuko dute LanF kudeaketa-aplikazioan.
4.– Partaideek probetxua atera beharko diete prestakuntza-ekintzei. Hori bermatzeko, entitate onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute, aurrez aurreko saio bakoitzerako.
Tutoretza-sistema tutoretza birtualetan eta, hala badagokio, aurrez aurrekoetan oinarrituko da. Tutoretza horiek nahitaezkoak izango dira, eta prestakuntza-ekintzan zehar garatuko dira.
5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi bukatzen den arte, baina salbuespena izango dira kasu hauetan: enplegua aurkitu dutenean, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten dienean, edo gaixotasun edo istripuren bat izaten dutenean, betiere behar bezala justifikatuta. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona horrek lehentasunik ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.
12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.
1.– Hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:
a) Programatutako tutoretza presentzialak behar dituzten prestakuntza-moduluetan, tutoretza horietakoren batera ez joatea, indarreko araudian adierazitakoaren arabera.
b) Prestakuntza-plataformara ez sartzea prestakuntza-ekintza hasi zenetik igarotako denboraren % 25ean.
c) Ekintza behar bezala ez egitea, probetxurik ez ateratzeagatik edo jokabide desegokia izateagatik, osasun- eta higiene-arauak barne.
2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:
Aurreko paragrafoko a) eta c) kasuetan, prestakuntza-zentroak Zerbitzu Zentraletako Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoiren bat dagoela, horretarako ezarritako eredua erabilita. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Erabaki horretan, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoiak azalduko dira, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak hartu daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkeztu daitekeen.
Aurreko ataleko b) kasuan, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.
13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak akreditatzea.
1.– Dirulaguntzaren onura jasotzen duen entitateak prestakuntza-ekintzak egin beharko ditu deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen ereduen arabera, eta erakunde autonomo horren prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) baliatu beharko du jakinarazteko prestakuntza-ekintza bakoitza hasi dela (hasiera-eguna baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez), geroago aldaketak egon direla (gertatu eta berehala), eta ekintza amaitu dela. Halaber, parte-hartzaileen aurrez aurreko saioetarako asistentzia kontrolatuko du. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez 7 egun balioduneko epean egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi Lanbidek ez badu aurretik baimentzen hasierako komunikazioa LanF aplikazioan.
Prestakuntza antolatzeko, hilabete natural batean profesionaltasun-ziurtagiriaren edo lanbide-ziurtagiriaren prestakuntzako 50 ordu egin ahal izango dira gutxienez, eta 120 ordu, gehienez.
Tutore-prestatzaile bakoitzak 80 ikasle izango ditu gehienez, baldin astean 40 orduko arduraldia edo dagokion hitzarmenean ezarritako asteko ordu baliokideak baldin baditu. Lanaldi txikiagoetan, ikasleen gehieneko kopurua proportzionalki murriztuko da. Edonola ere, tutorearen gutxieneko arduraldia astean 10 ordukoa izango da 20 ikasleko, aurrez aurreko tutoretzak barne.
Informazio hori guztia eskatuko da taldeari plataforma birtualean alta emateko.
2.– Beharrezkoa da deialdi honetan onartutako prestakuntza-plana benetan gauzatzean azpimarra jartzea. Alde horretatik, prestakuntza-ekintza bat gutxienez 15 egunez zabaldu bada eta prestakuntzari hasiera emateko gutxieneko talde bat osatzeko pertsona interesdun nahikorik ez badago, lanbide-arlo bereko espezialitate bateko beste prestakuntza-ekintza batekin aldatzeko eskatu ahal izango du entitateak. Prestakuntza-ekintza berriak ordezten duen ekintzaren kostu bera edo txikiagoa eduki beharko du.
Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez 10 egun balioduneko epealdiaren barruan ebatziko du prozedura. Epealdi horretan ebazpenik ematen ez bada, eskabidea baietsitzat jo ahal izango da.
Arrazoi horrengatik ordeztu daitezkeen prestakuntza-ekintzak inolaz ere ezin dira izan entitateari onartutako prestakuntza-ekintzen % 30 baino gehiago.
3.– Entitateak praktikak nahitaez eskaini behar dizkie modulu bat egiten duten pertsonei, baldin eta modulu horiekin profesionaltasun-ziurtagiria amaitzen badute.
4.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eduki beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.
5.– Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-entitateen ekintzetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztiek baldintza berak edukitzea bermatzen bada. Baimena eman aurretik, ikusi egingo da instalazio eta ekipamendu egokirik eta eskatutako parte-hartzaile kopururako akreditaziorik dagoen ala ez.
6.– Langile batek ezingo du prestakuntza-ekintzen aurrez aurreko saioetan egunean 8 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 40 ordu baino gehiago. Muga horietan sartuko dira, hala dagokienean, profesionaltasun-ziurtagiri edo lanbide-ziurtagiri bakoitzari dagozkion lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak.
7.– Prestakuntza-entitateek prestakuntza-ekintzen aurrez aurreko saioak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatu beharko dute, batez ere pertsona kalteberentzat direnak, prestakuntza eta bizitza pertsonala uztartzeko aukera eduki dezaten.
Prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-entitateak ezin izango du aldi baterako eten, salbu eta ezinbesteko kasuan, behar bezala justifikatuta eta Lanbidek onartuta.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.
8.– Tutoretza-sistema tutoretza birtualetan eta, hala badagokio, presentzialetan oinarrituko da. Tutoretza horiek nahitaezkoak izango dira, eta prestakuntza-ekintzan zehar garatuko dira.
Tutore-prestatzaileek partaideen eskari eta zalantzei erantzun beharko diete, eta tutoretza-jarduera garatuko dute, plataforman dauden komunikazio-tresnen bidez (mezularitza, txata, foroa, bideokonferentzia edo antzekoak). Tutore-prestatzaileen jarduera hori erregistratuta geratuko da plataforman, kontrol-organoek egiazta dezaten.
Aurrez aurreko tutoretzak nahitaezkoak dira, eta barne hartuko dituzte beren araudi erregulatzailean agertzen diren gaitasunekin eta ebaluazio-irizpideekin lotutako ikaskuntza-jarduerak.
9.– Entitate onuradunek gutxienez material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:
– Eskuliburu elektroniko deskargagarri bat eta ohiko galderen sorta bat, azaltzeko nola sartu plataformara, oinarrizko zer eragiketa egin daitezkeen plataforman eta nola konpondu jardunean sortutako arazo tekniko batzuk.
– Erabiltzaileei laguntzeko zerbitzua (ELZ/CAU), telefono zein posta elektroniko bidezkoa, laguntza teknikoa emateko eta azpiegitura teknologikoa mantentzeko. Ikasleen gorabehera teknikoei arreta eta konponbidea emango die goiz eta arratsaldeko ordutegian, gehienez 48 orduko epean (egun baliodunetan).
– Ikasleen gida, indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera.
– Babes-elementuak emango zaizkie prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten ikasleei, aurrez aurreko saioak hasi baino lehen, baldin eta saio horietan elementuok erabili behar badira.
Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.
10.– Ikasle batek prestakuntza-ekintza utzi duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-plataforman sartu ez bada hura hasi zenetik igarotako denboraren % 25ean. Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, bere lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Ordezkapen hori onartzeko, ezingo da gaindituta egon prestakuntza-proiektuan ezartzen diren ikaskuntzaren jarraipenerako aldizkako kontrolen % 25.
Hasitako prestakuntza-ekintzetan sartzen diren ikasleek maila nahikoa izan beharko dute, ikastaroari jarraitzeko eta etekina ateratzeko gai izan daitezen, hura normaltasunez gauzatzea oztopatu gabe. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari probetxua ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko eska daitekeen gutxieneko maila dutela bermatze aldera.
11.– Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten entitate onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, gertaera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.
12.– Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza baten arabera. Plangintza horretan, modulu bakoitzaren alderdi hauek adieraziko dira, gutxienez: zer egunetan egitea kalkulatu den, zer tokitan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denbora iraungo duen (LanF aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu egingo dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.
Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatzeko aukera eman beharko dute.
Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan zehar, honela egingo da ebaluazioa:
a) Plataforma birtualean banaka eta/edo elkarlanean egindako jardueren eta lanen balorazioan lortutako emaitzak, bai eta, hala badagokio, horren bidez aplikatzen diren beste ebaluazio-tresna batzuetan lortutakoak ere.
b) Ikasleen partaidetza-maila, ikaskuntzaren emaitzak lortzeko erabili beharreko komunikazio-tresnen bidez, hala nola foroak, txatak, eztabaidak eta abar.
c) Hala badagokio, aurrez aurreko tutoretzetan garatzen diren jarduera ebaluagarrietan lortutako emaitzak.
Moduluaren amaierako ebaluazioa amaierako proba teoriko-praktiko presentzial eta orokor baten bidez egingo da.
Konpetentzia-unitateak akreditatuta izateko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte bakoitzari lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» direla frogatuta.
Prestatzaileek txosten batean islatuko dituzte prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lorturiko emaitzak, eta bertan bilduko da aplikaturiko ebaluazio-tresnetan partaide bakoitzak izandako jarduna, ebaluazio-tresna bakoitzean egindako zuzenketekin eta lorturiko puntuazioekin (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera).
Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da, LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, akreditaezina» edo «ez gai».
Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitartean, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dituzte prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazio informatikoaren bitartez.
Ikastaroa bukatutakoan, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Konpetentziaren Akreditazio Partziala emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria edo lanbide-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da, osorik burutu badute.
Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, asistentzia-ziurtagiri bat emango zaio, eta, hala dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen konpetentzien akreditazio partzialak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.
Profesionaltasun-ziurtagiriei edo lanbide-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen entitateak datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:
– Ikastaroa hasi aurreko 7 egun baliodunetan:
• Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera; eredu hori LanF informatika-aplikazioan eskuratu ahal izango da.
• Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.
• Prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren jarraipenerako aldizkako kontrolen planifikazioa, noiz egingo diren adierazita.
• Aurrez aurreko ebaluazio-saioak eta tutoretza-saioak, hala badagokio, aurrez aurreko saioen zein zentrotan emango diren adierazi behar da, eskatutako prestakuntza-ekintza bakoitzerako.
a) Aurrez aurreko saioak entitatearen beraren zentro presentzial batean egin behar direnean, instalazioak erabiltzeko eskubidea akreditatzen duen agiri eguneratua erantsi behar da (alokairu-kontratua, jabetza-eskritura, etab.), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Eredu hori LanF aplikazio informatikoan emango da.
b) Aurrez aurreko saioak beste entitate bateko aurrez aurreko zentro batean egingo direnean: aurrez aurreko saioetarako zentroa eskatzailearen teleprestakuntza-zentroarekin lotzeko akordio eguneratua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskainiko da).
– Prestakuntza-ekintzaren hasieran, hasierako saio bat egingo da, aurrez aurrekoa edo plataforma birtualaren bidezkoa, parte-hartzaileei ikastaroaren funtzionamenduari, metodologiari, aurrez aurreko tutoretzei, egutegiari edo ebaluazio-sistemari buruzko informazioa emateko.
– Aurrez aurreko ebaluazio-saioa egin baino lehen:
• Modulu bakoitzaren hasiera- eta amaiera-daten artean, pertsona bakoitzak eduki birtualak eta ikaskuntza- eta ebaluazio-jarduerak zein mailatan osatu dituen akreditatzen duen dokumentazioa.
Teleprestakuntzako modalitatean emandako modulu baten amaierako ebaluazio-probarako aurkeztu ahal izateko, parte-hartzaileak modulu horretarako ezarritako ikaskuntza-jarduera guztiak egin behar ditu. Horregatik, justifikazio hori ebaluazio-probaren data baino lehen aurkeztu behar da. Plataformaren bidez lortutako egiaztagirian, agiria plataformaren bidez atera den eguna eta ordua jaso behar dira.
Era berean, araudiak aurrez aurreko tutoretzak aurreikusten dituen prestakuntza-moduluetan, azken ebaluazio-probara aurkeztu ahal izateko, tutoretza guztietara joan beharko da.
– Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun baliodunetan:
• Ikasleen emaitzak biltzen dituzten dokumentuak LanF aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera; eredu hori LanF informatika-aplikazioan eskuratu ahal izango da.
• Parte-hartzaile bakoitzak betetako azken ebaluazio-probak.
• Ebaluazio-aktak betetzea.
13.– Dirulaguntzen prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezingo dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horri begira, ordea, dirulaguntza jaso duen prestakuntza-ekintza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da.
14. artikulua.– Lanekoak ez diren lanbide-praktikak.
1.– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lan-zentroko prestakuntza-modulu praktikoarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria edo lanbide-ziurtagiria arautzen duen araudiaren arabera. Enpresak uste badu iraupena eta eduki horiek ez direla nahikoak, praktikaldia luzatu ahal izango du lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez. Nolanahi ere, praktikaldi biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.
– Praktikak egiten diren bitartean, Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak bete beharko dira, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 52. xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
– Prestakuntza-entitateek lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa egitea aurreikusi beharko dute ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten eta profesional-ziurtagiria edo lanbide-ziurtagiria amaitzen duten ikasle guztientzat, salbu eta araudian jasotzen den salbuespen-egoera batean dauden haientzat.
– Lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, modulu horiek emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatzen denetik lau hilabete igaro baino lehen hasi behar dira lanbide-praktikak. Epealdi hori, bestalde, 3.5 artikuluan ezartzen denak baldintzatzen du. Salbuespen gisa, parte-hartzaileak prestakuntza-espezialitatea osatzeko prestakuntza-modulua egiten duen aldi berean garatu ahal izango dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldez aurreko baimenarekin.
Espezialitateko prestakuntza-modulu guztietako ekintza guztiak emaitza positiboekin gainditu dituzten ikasle guztiek egin ahal izango dute prestakuntza praktikoko modulua lantokian, haien lan-egoera administratiboa gorabehera (landuna zein langabea).
2.– Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-entitatearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete dela egiaztatzeko, langileen legezko ordezkariek akordioari buruzko informazioa jaso dutela adierazten duen agiria erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda bat ere erantsi beharko da.
3.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoirik bada, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baimendu ondoren.
4.– Ikasleek ezin izango dute inolako kontratu-harremanik izan praktikak egingo dituzten enpresa, instituzio edo entitate publiko edo pribatuarekin, Lanbidek horretarako baimena eman ezean.
5.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.
6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.
7.– Prestakuntza teorikoa amaitutakoan legez Espainian bizi ez diren ikasleek praktikak egiteari dagokionez, neurri hauek aplikatuko zaizkie:
A) Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua egiteko aldia luzatzea.
A.1.– Espainian legez bizi ez diren ikasleen kasuan, prestakuntza-entitateek Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariari eskatu ahalko diote lantokian prestakuntza praktikoaren modulua hasteko lau hilabeteko epea luzatzeko, baldintza hauen arabera:
– Eskabidea prestakuntza praktikoaren modulua hasteko aurreikusitako epea amaitu baino lehen aurkeztu beharko da.
– Eskabidearekin batera, berariaz egiaztatu beharko da ikasleak bizileku-baimena edo horren luzapena edo Espainian legez bizitzeko aukera ematen dion beste egoera edo inguruabarren baten aitorpena eskatu duela.
A.2.– Prestakuntza-ekintzak amaitzeko epea, lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barne, deialdi honen 3.5 artikuluan adierazitako gauzatzea bukatzeko datan amaituko da.
A.3.– A atal honetan (hasierako epearen luzapena) araututako neurria lehentasunez aplikatuko da hurrengo B eta C ataletan aurreikusitakoen gainean.
B) Prestakuntza-zentroan prestakuntza-praktikak egitea.
B.1.– Prestakuntza-entitateak Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariari baimena eskatu ahalko dio lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua prestakuntza-zentroan bertan egiteko, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen errege-dekretuan aurreikusitako orduen kopuruan, baldin eta prestakuntza-entitateak inguruabar hauetakoren bat egiaztatzen badu:
– Ez dela posible A atalean aurreikusitako neurria aplikatzea (hasierako epearen luzapena), bizileku-baimena eskatu edo eskuratu ezin delako (edo luzapena, edo Espainian legez bizitzeko aukera ematen duen beste edozein egoera edo baldintzaren aitorpena), ikasleak baldintzak betetzen ez dituelako.
– Bizileku-baimena eskatu arren (edo luzapena, edo Espainian legez bizitzeko aukera ematen duen beste edozein egoera edo baldintzaren aitorpena), baimen hori ukatu dela edo garaiz eskuratu ez dela praktikak A.2 atalean aipatutako datetan hasi eta amaitzeko.
B.2.– Neurri hori aplikatzeko baimena emateko, prestakuntza-zentroak praktiketako gela, tailer-gela edo espazio bat eduki edo prestatu beharko du, lantokiaren pareko ingurua simulatuz. Gela horrek ekipamendu egokia eduki beharko du kasuan kasuko profesionaltasun-ziurtagiriarekin lotutako lanpostuaren edo okupazioaren berezko eginkizun eta zereginak egin ahal izateko eta ziurtagiri hori onartzen duen errege-dekretuan jasota dauden konpetentziak lantzeko.
B.3.– Lanak profesional edo irakasle baten ikuskaritzapean egingo dira. Profesional hori enpresako tutorea izango da, aurreikusitako ikaskuntzaren emaitzen araberako profila eduki beharko du eta ezingo da izan kasuan kasuko prestakuntza-eskaintzako gainerako prestakuntza-moduluak eman dituen irakasle-taldearen parte.
B.4.– Horretarako, prestakuntza-entitateak hauek aurkeztu beharko ditu, prestakuntza kudeatzeko LanF aplikazioaren bidez:
– Eskabideaz eta B.1 atalean aurreikusitako inguruabarren bat betetzen dela egiaztatzen duen justifikazioaz gain, txosten bat, bertan adieraziz datak eta egunak jasotzen dituen egutegia, lekua, egun bakoitzeko ordu-kopuruaren zehaztasunak, haietan landuko diren prestakuntza-edukiak, benetako lan-inguru bati lotutako jardueren proposamen bat, jarduera horien jarraipena egiteko ikasleen eskura egongo den tutorearen datu pertsonalak eta tutorearekin ariko diren ikasleek eskuratu beharreko ikaskuntza-lorpenen balorazioa.
– Lantokiko prestakuntza-moduluaren amaieran, tutoreak sinatutako memoria bat, parte-hartzaile bakoitzak lortu dituen emaitzak azalduz, gai edo ez-gai moldea erabiliz.
C) Prestakuntza-ekintzak amaitzea, lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua osatu gabe.
C.1.– C.2 atalean jasotako ondorio bakarrekin, ikasleak prestakuntza-ekintzak amaitu dituela ulertu ahalko da, lantokian prestakuntza praktikoaren modulua gauzatu ez arren, baldin eta prestakuntza-entitateak berariaz akreditatzen badu ezinezkoa dela A atalean (prestakuntza-praktiken hasiera luzatzea) eta B atalean (praktikak prestakuntza-zentroan bertan egitea) aurreikusitako neurriak aplikatzea.
C.2.– Prestakuntza-ekintza amaitu duen ikasletzat jotzeak ondorio hauek izango ditu:
– Dirulaguntzaren likidazioan (18. artikulua) ikasleak prestakuntza-ekintza osoa amaitu duela ulertuko da.
– Helburuak betetzeari lotuta dirua itzultzeko ezartzen diren arrazoiak aplikatzeko, prestakuntza teorikoaren orduak zenbatuko dira.
– Etorkizuneko deialdietan aplikatu ahal diren balorazio-irizpide posibleei dagokienez, irizpide horiek lantokiko praktiketako modulua egin duten edo egin ez duten ikasle prestatuen kopuruarekin lotuta daudenean, ikasleak prestakuntza-ekintza osoa amaitu duela ulertuko da, eta ez da zenbatuko ikasleak aipatutako modulua hasi edo egin ez balu bezala.
C.3.– Prestakuntza-ekintza amaitu duen ikasletzat jotzeak, aurreko C.1 eta C.2 ataletan aurreikusitakoaren arabera, ez du eraginik izango ikaslearen egoera akademikoan; hau da, lantokian prestakuntza praktikoaren modulua egin ez bada, ezingo da ulertu profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko prestakuntza amaitu denik.
15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo ditu, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.
2.– Jarduketa-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla eta prestakuntza-planak erregulartasunez gauzatzen direla egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduketa horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edo/eta amaitu ondoren, ebidentzia dokumental eta fisikoen bidez.
3.– Prestakuntza emango duten entitateek prestakuntza-jarraipenerako softwarera sartzeko helbide birtuala (URL) eman beharko dute, sartzeko egiaztagiriak adierazita, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kontrol-lanak egiten dituzten pertsonei sarbidea emateko eta, horrela, emandako prestakuntza-ekintzen jarraipena egiteko. Profil hori prestakuntza-ekintzako tutoreek duten maila berekoa izan beharko da gutxienez.
16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE).
Horretarako, dirulaguntzen onuradunek ebaluatu eta kontrolatu egin beharko dute nolakoa den ematen duten prestakuntzaren kalitatea, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean.
Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, amaierako azterketa egitean beteko da.
Galdetegi horiek telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen entitatearen ardura da ziurtatzea ekintza amaitu duten ikasleek kalitateari buruzko galdetegia betetzen dutela; horretarako, behar diren baliabideak jarriko ditu parte-hartzaileen eskura, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleei galdetegi telematikoa betetzen laguntzeko. Prestakuntza-ekintza bakoitza amaitzen duten pertsonen % 67k, gutxienez, inkesta bete behar du. Ehuneko horretara iristen ez bada, jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, inkesta bete ez duten ikasleen kopuruaren arabera, eskatutako gutxieneko % 67ra iritsi arte.
17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Onartutako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:
– Lehen ordainketa, 2024ko ordainketa-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntza guztiaren % 50, lehen prestakuntza-ekintzaren hasieraren jakinarazpena jaso ondoren.
– Bigarren ordainketa, 2025eko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntzaren gainerakoa, prestakuntza-ekintza guztiak amaitutakoan, lanekoak ez diren praktikak barne, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren.
2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon behar du.
Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf.
18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.
1.– Laguntzen likidazioa prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten pertsonen arabera egingo da. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.
2.– Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epealdien barruan lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza, espezialitateko prestakuntza-modulu guztiak gaindituta izan arren.
3.– Likidazioa honela kalkulatuko da:
Prestakuntza-ekintza amaitu duten parte-hartzaileen kopurua gehi hasi zutenen gaineko ehuneko 15eko desbideratzea kontuan hartuta likidatuko da.
Likidatu beharreko zenbatekoa = 6 euro * prestakuntza-ekintzako orduak * (ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen kopurua + hasitakoen % 15)
Pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen ehuneko 75 egin baditu, gutxienez, konexio-orduak gorabehera. Ondorio horietarako, lana aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar duten parte-hartzaileek ere amaitu dutela ulertuko da, bai eta behar bezala frogatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileek ere, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-proiektuan ezarritako beren ikaskuntzaren aldizkako jarraipen-kontrolen % 25 egin badituzte, gutxienez.
Pertsona batek prestakuntza hasi duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen % 25 egin baditu.
Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko 5.2 artikuluan aurreikusitako modulu ekonomikoko zenbatekoa, amaitu duten parte-hartzaileen kopuruari dagokiona; kopuru hori betetakoen ehunekoaren eta eskatutako gutxieneko % 67ren arteko aldearen baliokidea da.
4.– Dirulaguntza jasotzen duen entitateak LanF aplikazioan proposatutako likidazio-datuak egiaztatu beharko ditu, eta, ados badago, prestakuntza-ekintza bakoitza justifikatzeko memoria ekonomikoa bidali beharko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LanF aplikazio telematikoaren bitartez, prestakuntza-ekintza amaitutakoan prestakuntza-entitateak ikasleei buruz egingo duen azken ebaluazioa Lanbidek baliozkotu eta 15 egun balioduneko epealdian, gehienez.
Diruz lagundutako planeko prestakuntza-ekintza guztien justifikazio-memoria ekonomikoak aurkezteko epealdia azken prestakuntza-ekintza amaitu eta beranduenez 15 egun baliodun igarotakoan amaituko da.
Artikulu honetan jasotako irizpideetan eta modulu ekonomikoetan oinarritutako justifikazio ekonomikoaz gain, prestakuntza-entitate onuradunak honako hauek aurkeztu beharko ditu:
– Halakorik balego, prestakuntza-plana egikaritzea osorik edo zati batean finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria barne, edo, bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, kontuan hartu behar da deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.
– Ikasleei eta entitate onuradunaren titularrei eta plantillari buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita.
Ezarritako epealdietan beharrezko agiriak aurkezten ez baditu, organo eskudunak 15 eguneko epealdi luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkeztu ditzan. Azken epealdi horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.
19. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.
1.– Onuradunaren betebeharrak izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, lege-xedapen hauetan oro har ezarritakoak ere: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 27. eta 42. artikuluak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikulua eta enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudia.
2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte; zehazki, erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Alde horretatik, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.
3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor horren esparruan, onuradunak hau bete beharko du:
– Finantzatutako ekimena gauzatu izanari edo haren bideragarritasunari buruzko informazio oro ematea eta jarraipena egiteko eskatzen zaizkion dokumentuak bete eta bidaltzea.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten badiete.
– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.
– Prozeduraren instrukzio-fasean, prestakuntza gauzatzean eta dirulaguntza justifikatzean eskatzen diren informazioa eta dokumentazioa aurkeztea, eta kontrol-organo eskudunen eskura jartzea langileak prestakuntza-ekintzetara joan direla akreditatzen duten agiriak, haien ikaskuntza ebaluatzeko kontrolak eta egindako prestakuntza-jardueraren erregistroak.
Halaber, ikasleen parte-hartzearen, ikaskuntzaren eta ebaluazioaren jarraipena egin beharko dute onuradunek. Ikaskuntza- eta ebaluazio-prozesuaren jarraipenaren aldizkako kontrolei dagokien dokumentazioa eta informazioa, parte-hartzaile bakoitzari buruzkoa, gorde beharko da, eta emandako prestakuntzari buruzko informazioa tutore-prestatzaileek eta parte-hartzaileek telematikoki eskuratzea ahalbidetzen duten gakoak eman beharko dira, teleprestakuntzako plataforman aurkeztutako prestakuntza-edukiak, jarduerak eta lanak eskuratzeko eta komunikazio-tresnetan parte hartzeko.
– Gutxienez lanbide-orientazioko saio bat egitea, prestakuntzaren hartzaileen prestakuntza-ibilbideak edo ibilbide profesionalak sortzen laguntzeko.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditoretzen eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.
5.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, plana eskatzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun den aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren entitate onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.
6.– Dirulaguntzaren onuradunak lau urteko epean, gutxienez, gorde beharko ditu honako hauek, kontuan hartuta, hala badagokio, emandako dirulaguntza aitortu edo likidatzeko administrazioak duen eskubidearen preskripzio-epea eten den: dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduera egin dela egiaztatzeko agiria, eta jasotako funtsak aplikatu izanaren frogagiriak, egiaztapen- eta kontrol-jardueren ondorioetarako. Epe hori onuradunak justifikazio hori aurkezteko ezarritako epea amaitzen den unetik aurrera zenbatuko da.
20. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketagatik sortutako komunikazio-betebeharrak.
Diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta haien ondoriozko ekintzetan ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen duten finantzaketa berariaz adierazi beharko dute entitateek, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez entitate onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).
21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bateragarri izatea.
Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.
23. artikulua.– Dirulaguntza itzultzea.
1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, kasu batzuetan, jasotako kopuru osoak edo horien zati bat itzuli beharko dira eta dirulaguntza ordaindu den unetik aurrera aplikatzekoak diren berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusten diren kasuetan eta deialdi honetan berariaz aurreikusten diren kasuetan. Eta, bereziki, kasu hauetan:
a) Ez betetzea jarduera egin izana eta laguntza emateko edo baliatzeko baldintzak eta betekizunak bete izana justifikatzeko betebeharra.
b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.
c) Jarraipen- eta kontrol-jarduketak ukatzea edo oztopatzea.
d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.
e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.
f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo eskakizunak ez betetzea.
2.– Balizko ez-betetzeen maila irizpide hauen arabera zehaztuko da:
a) Ez-betetze erabatekoa: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da.
Era berean, erabateko ez-betetzetzat joko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 25 lortzen ez badu. Honela neurtuko dira helburu horiek: prestakuntzaren ordu-kopuruaren adierazlea bider prestakuntza-ekintza amaitu duten ikasleen kopurua. Prestakuntza amaitu duten partaidetzat joko dira prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren aldizkako jarraipen-kontrolen % 75 gutxienez egin dutenak, lana aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi dutenak, bai eta behar bezala frogatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, prestakuntza-proiektuan ezarritako beren ikaskuntzaren aldizkako jarraipen-kontrolen % 25 egin badituzte, gutxienez.
b) Ez-betetze partziala gertatzen bada: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo hein batean itzuliko da.
Era berean, ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:
– Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea % 25etik % 100era bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza gutxitu egingo da bete gabe utzi den ehuneko berberean.
– Inkestetan, gutxienez eskatutako % 67a bete ez bada. 18. artikuluan adierazten den moduan murriztuko da.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuraduna den enpresari edo entitateari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko, eta jakinarazi egingo dio, halaber, hamabost egun balioduneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.
4.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztu badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, behar denean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera beranduenez bi hilabeteko epean, bidezko diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio. Epe hori borondatezko epea izango da.
Itzuli beharrekoa borondatezko epean itzultzen ez bada, premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
24. artikulua.– Datuak babesteari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko, eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko, sartu hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
25. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.
1.– Laguntza-programa hau kudeatzeko, dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duten arau-xedapen hauek aplikatu behar dira: oinarrizko legediari dagokionez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hori garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua; horiez gain, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen araubide orokorra arautzen duena eta dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.
2.– Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Legea eta 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, 3/2022 Legeak garatzen duen Lanbide Heziketako Sistemaren Antolamendua arautzen duena.
3.– 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko Enplegurako Lanbide-heziketaren Sistema arautzen duena, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Legearen aurkakoa ez den orotan. Eta 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, Lan Arloko Enplegurako Lanbide Heziketako Sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena, aipatutako 3/2022 Legearen aurkakoa ez den orotan.
4.– EFP/942/2022 Agindua, irailaren 23koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-esparruko lanbide-heziketako sistemaren prestakuntza-eskaintza, administrazio eskudunek egindakoa, arautzen duena, eta haren oinarri arautzaileak eta finantzaketa-baldintzak ezartzen dituena.
26. artikulua.– Deialdi honetan jasotako ehunekoen kalkulua.
Deialdi honetako kalkuluen ondoriozko ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.