111. zk., 2024ko ekainaren 7a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (652 KB - 42 orri.)
- EPUB (720 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
2773
EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 29koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita 2024-2026ko aldirako dirulaguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabeen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egitea helburu duena.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko maiatzaren 28ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, 2024-2026ko aldirako dirulaguntzen deialdia onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabeen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egitea helburu duena. Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko n) letran xedatutakoaren arabera (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren estatutuak) eta abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak haiek moldatu eta gero idatzita geratutako moduaren arabera, organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabeen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2024-2026ko aldirako dirulaguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2024ko maiatzaren 28ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).
Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 29a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO KUALIFIKAZIO APALEKO GAZTE LANGABEEN AKTIBAZIO SOZIOLABORALERAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZAK EGITEKO 2024-2026KO ALDIRAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA
Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa arautzen da. Dekretu horretan, helburu hauek ezartzen dira, besteak beste: langile langabeen eta landunen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar ditu hainbat lanbide modu kualifikatuan gauzatzeko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.
Laneratzea da langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren helburu nagusia. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko norbanakoen eta sektore ekonomikoen beharrizanak bete beharko ditu prestakuntza-eskaintzak, eta, halaber, lan egiteko moduan dauden pertsonei lan-proiektua gauzatzeko behar dituzten konpetentziak eman eta haien enplegagarritasuna hobetu beharko du.
Kualifikazio apaleko gazte langabeen aktibazio soziolaboralerako deialdi honen bidez diruz lagundutako jardueren helburua da halako gazteak lan-merkatuan sartzea, kualifikazioa baliatuz haien enplegagarritasuna hobetzeko eta, kualifikaziorik izango ez balute lortuko lituzketen enpleguekin alderatuz, lanpostu hobeak eta iraunkorragoak lortzen laguntzeko.
Bestalde, Gizarte Inklusiorako V. Euskal Planaren arabera, langabezia, pobrezia eta gizarte-bazterketa lotuta daude elkarren artean, eta hori askotan adierazi izan da. Hain zuzen ere, aktibazio laborala izan da betidanik pobrezia eta gizarte-bazterketa prebenitzeko eta lantzeko tresna nagusia, eta enplegu-politika aktiboak martxan jarri izan dira, enplegagarritasun-arazo larrienak dituzten pertsonei laneratzen laguntzeko. Guztiarekin ere, langabezia eta inaktibitate laborala funtsezko arrisku-faktore dira oraindik pobrezia- eta bazterketa-egoerei begira, eta azken urteotan ikusi da enpleguaren kalitatea ere oinarrizko elementua dela gizarte-inklusioko eta -bazterketako prozesuei dagokienez. Orobat, planak dio hezkuntza-mailak zerikusi handia duela Euskadiko gizarte-bazterketako egoerekin; alegia, zenbat eta hezkuntza maila txikiagoa, orduan eta bazterketa-arrisku handiagoa.
Enplegu-politikak –bai pasiboak, bai aktiboak– ezinbestekoak dira gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei eta, zehazki, enplegua lortzeko zailtasun espezifikoak dituztenei bideratutako politiketan. Enplegu-politikekin batera, lan-merkatua erregulatzea ere behar-beharrezkoa da enpleguarekin lotutako gizarte-bazterketako egoerei aurrea hartzeko eta heltzeko.
Enplegu-politika aktiboen gaineko eskumena EAEko Administrazioarena da, eta haren jarduketa-ildoen artean aipatzekoa da Lanbide Hobetzen –enplegu-zerbitzu publikoa eraldatzeko eta hobetzeko eredua–, zeinaren helburua baita «lan-merkatuaren kalitatea dinamizatu eta hobetuko duen Lanbide bat lortzea, arreta berezia eskainiz egoera eta kolektibo ahulenei, izapideetan eta dirulaguntzetan zentratutako erakundea izatetik herritarrei eta enpresei zerbitzuak ematen dizkien erakunde bat izatera igarotzeko. Beraz, politika aktiboek garrantzia hartu behar dute estaldurari kalte egin gabe».
EAEko hezkuntzaren egoera orokorra arrakastatsua bada ere, zenbait gaztek ez dute amaitzen DBH, eta, beraz, hezkuntza-sistematik kanpo daude, oinarrizko konpetentziarik ez dutelako. Horiek horrela, kolektibo hauek egoera biziki zaila dute:
– Lehen eta bigarren hezkuntzako etapak behin baino gehiagotan errepikatu dituzten ikasleak, titulua eskuratu gabe 17 urte egin dituztenak, eta, Oinarrizko LHko matrikula egiteko adina gainditzen dutenez, prestakuntza-bide horretara jotzerik ez dutenak.
– Gazte atzerritarrak, hona iristean 16 urte baino gehiago izateagatik ezin izan direnak eskolatu bigarren hezkuntzan.
– Oinarrizko LH hasi baina hainbat arrazoi tarteko bertan behera utzi duten gazteak, eta hara itzuli nahi izan dutenean ezin izan dutenak, arauzko prestakuntza-ibilbidea aldi baterako eteteagatik, eta, horrenbestez, enplegagarritasuna handitzeko prestakuntza hartzeko aukerarik gabe gelditu direnak.
Egoera horiek kontuan hartuta, eta gazte-gaztetatik inor lan-merkatutik kanpora gera ez dadin, premiazkoa da gisa honetako ekimenak bultzatzea lan-bizitzari ekin behar dioten gazteak kualifikatzeko.
Kualifikaziorik gabeko gazteentzako deialdi hau garatzeko eta babesteko, enplegurako lanbide-heziketaren arau-esparruaren osagarri dira Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea.
1/2013 Legeak nabarmentzen du lanbide-heziketaren eskaintza integratu bat egin behar dela, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan, bai enplegurako lanbide-heziketan. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du zentzu horretan, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko, zeinak barnean jasotzen baititu berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak.
Lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuen artean, 4/2018 Legeak jasotzen du prestakuntza-sistema malguak eratu behar direla, oinarri hartuta emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegia. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, bide emango dutenak dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia gauza dadin. Horrez gain, sailarteko organo bat eratzen du, bermatzeko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumenak koordinatuko direla.
Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6.1 artikuluari jarraikiz –Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen–, Lan eta Enplegu Sailak, eginkizunen eta jardun-eremuen artean, enplegu-politika esleitua du, eta enplegurako lanbide-heziketa ere bai, dekretu horren 10.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretan, «Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta, besteak beste, enplegu-programak, enplegurako prestakuntza programak eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzen ditu, bat etorriz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikuluan ezarritakoarekin.
Halaber, Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak organismo autonomo horri esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).
Enplegurako lanbide-heziketako ekimenen artean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio langile langabeei eta landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzak garatzea, eta berariazko programei eta gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuei buruz dio langileak gizarteratzeko eta laneratzeko ekimenak direla eta parte-hartzaileen enplegagarritasuna funtsean hobetzeko xedea dutela. Enplegu-politika aktibo gisa, langabezia-egoeran daudenei banakako tratamendu espezializatua emateko beharrizana jasotzen du, haien enplegagarritasuna hobetzeko.
82/2012 Dekretuaren 3.b) artikuluan aipatutakoari jarraikiz –besteak beste, Lanbideren eginkizun hauek aipatzen ditu: enplegu-programak eta enplegurako prestakuntza programak kudeatzea, barne hartuta dagozkien dirulaguntza-deialdiak onartzea eta izapidetzea–, eta artikulu hori k) puntuarekin lotuz –laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako enplegu-programa bereziak egiteko programak sortzea–, dirulaguntza lerro hau sortu zen, bereziki kualifikazio apaleko gazteei begira, parte-hartzaileak lan-merkatura sar zitezen. Lortutako emaitzak kontuan hartuta, 2024-2026ko ekitaldietarako mantendu eta programatu beharreko ekimena da; izan ere, ekintza horien bidez, hartzaileak konpetentzia profesionalak eta pertsonalak eskuratzea, hobetzea edo eguneratzea lortzen du, eta, horrela, enplegagarritasuna hobetzea eta lan-merkatuan errazago sartzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabeen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2024-2026ko aldirako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan daude sartuta (plan estrategiko hori organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen, 2023ko abenduaren 14ko bilkuran), eta, beraz, bete egiten da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 6. artikuluan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu zen, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2024ko maiatzaren 28ko bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabeen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2024-2026ko aldirako dirulaguntzen deialdia onartu du, baldintza hauen arabera:
1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen xedea da laguntzak arautzea, 2024-2026ko aldirako, oinarrizko konpetentzietako, konpetentzia soziopertsonaletako eta oinarrizko konpetentzia tekniko eta profesionaletako ibilbideak dituzten prestakuntza-planak finantzatzeko; era horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabeei lagunduko zaie pertsona gisa garatzen, laneratzen zein gizarteratzen.
2.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 1.612.500 euro da; horietatik 403.125 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, 806.250 euro 2025eko konpromiso-kredituari, eta 403.125 euro 2026ko konpromiso-kredituari. Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako diru kopurua, salbu eta, indarreko legediarekin bat eginez, aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta, hala gertatzen bada, horren berri eman beharko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak EGF Plus Euskadi 2021-2027 Programak kofinantzatuta egon ahal izango dira, osorik edo zati batean.
2. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Deialdi honetan jasotako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoak ez diren edo hari atxikita ez dauden prestakuntza-entitate pribatu edo publikoak, baldin eta enplegurako prestakuntzako entitateen erregistro autonomikoan edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan izena emanda badaude, dirulaguntza eskatzen den prestakuntza-proiektuetan jasota dauden prestakuntza-ekintzei dagozkien prestakuntza-espezialitateak emateko.
Prestakuntza-ibilbide bakoitzaren barruan dauden prestakuntza-espezialitateetako batek gutxienez prestakuntza-plana eskatu aurretik egon beharko du inskribatuta.
Prestakuntza-ibilbide bakoitzaren gainerako espezialitateek –zeharkako oinarrizko konpetentzienak barne– lehenengo prestakuntza-ekintza egiten hasi aurretik egon beharko dute inskribatuta.
2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntza lortzeko, prestakuntza-entitateek laguntzaren xede diren prestakuntza-ekintzak egiteko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak izan beharko dituzte, edo dirulaguntza esleitu ondoren, prestakuntza-jarduera hasten denean, bitarteko horiek lortzeko konpromisoa hartu beharko dute. Ezin da azpikontratatu prestakuntza-jarduera gauzatzea. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat joko prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.
Instalazio eta baliabide horiek entitatearenak edo hirugarren entitate pribatu edo publikoen titulartasunekoak izan ahalko dira, eta eskabidean aipatzen diren prestakuntza-ekintzak programatuta dauden lurraldeetan izan beharko dituzte eskura baliabide horiek, prestakuntza emateko. Hirugarren entitate pribatu nahiz publiko batenak badira (hala dago onartuta, betiere prestakuntza-jarduera gauzatzea azpikontratatzen ez bada), dagokion erabilgarritasun-kontratua edo -akordioa aurkeztu beharko da.
Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkariak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko du (erantzukizunpeko adierazpena LAN-F aplikazio informatikoko eskabide-orrian jasota dago).
Edonola ere, entitate eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku izan beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla erakusten duten dokumentuak.
3.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean dauden entitateak:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorra jaso izana, edo zigorra jaso izana prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak egiteagatik.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin izana, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratu izana, konkurtsoan deklaratu izana (salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek), esku-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoela.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izana.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea, eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Halaber, Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargu bat izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak espresuki aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.
g) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
h) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penal edo administratiboren bat jaso izana, honako arrazoi hauengatik ezarritakoak barne:
– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.
– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
i) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten duen legez ezarritako kausaren bat izatea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoak barne:
– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, baldin eta Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa bada.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota sexu-indarkeriak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarriak dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea.
j) Zehapena ezarrita izatea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
k) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiborik ez hartzea.
l) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko erakundea ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako moduan.
Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).
m) Elkartea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.
n) Inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu direlako, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, edo, eten ez bazaio ere, ebazpen judizial irmoa eman izana eta, beraz, ez izatea dagokion erregistroan inskribatzeko aukera.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. apartatu honetan xedatutako betekizunen bat, eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko da betekizun hori. Atal honetako l) letrako betekizuna dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da:
– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) letran aurreikusitako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da, Lanbidek emandako ereduaren arabera.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Eskatzaile horrek ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburtua kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) letran aipatzen den dokumentazioaren bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak letra horren 1. apartatuan eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako letraren 2. apartatuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Lanbidek, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen betekizunak eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduera.
1.– Deialdi honen babesean dirulaguntza jaso ahal izango dute oinarrizko konpetentzietako, konpetentzia soziopertsonaletako eta oinarrizko konpetentzia tekniko eta profesionaletako ibilbideak dituzten prestakuntza-planek, baldin eta ikasleen garapen pertsonala zein gizarteratzea eta laneratzea errazten badituzte; prestakuntza-ibilbideak I. eranskinean jasota daude, eta entitate onuradun bakoitzak eskatu beharko ditu.
2.– Finantzatutako prestakuntza-planek kualifikazio apaleko gazte langabeen enplegagarritasuna eta laneratzea handitzea dute helburu.
3.– Prestakuntza-ibilbideen iraupena konpetentzia profesionalak eskuratzeko prestakuntzari eta zeharkako oinarrizko konpetentziak eskuratzeko prestakuntzari dagokiona izango da, lanez kanpoko praktika profesionalak barnean hartuta.
4.– I. eranskinean prestakuntza-ibilbide programagarriak daude, eta han jasotzen da zenbat ordu duen prestakuntza mota hauetako bakoitzak, ibilbidearen arabera:
1) Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoan ageri den prestakuntza, zeinaren edukiak konpetentzia-unitateetako erreferentziak izango baititu.
2) Lanez kanpoko praktika profesionalak.
3) Zeharkako oinarrizko konpetentziei lotutako prestakuntza.
5.– Zeharkako oinarrizko konpetentziei lotutako prestakuntzaren iraupena (4. apartatuan adierazitakoen 3. mota) zehaztuta dago, halaber, I. eranskinean, prestakuntza-ibilbide bakoitzari dagokionez. Prestakuntza-ordu horiek funtsezko konpetentziak, konpetentzia soziolaboralak eta konpetentzia digitalak emateko izango dira, FCO (Prestakuntza osagarria), SSC (Gizarte- eta kultura-zerbitzuak) eta IFC (Informatika eta komunikazioak) lanbide-arloen barruan; enplegurako prestakuntzaren lanbide-arlo guztien zeharkako konpetentziak dira horiek. Oinarrizko prestakuntza hori parte-hartzaileak gaitzera bideratuta egongo da, haien enplegagarritasuna handitzeko.
II. eranskinean funtsezko konpetentzien (Gaztelania, Matematika, Ingelesa eta Euskara), konpetentzia soziolaboralen eta konpetentzia digitalen espezialitateen katalogo bat jasota dago. Prestakuntza-entitateek, parte-hartzaile talde bakoitzaren kualifikazio-maila eta prestakuntza-beharrak zein diren kontuan hartuta, espezialitate horiek aukeratuko dituzte prestakuntza-ibilbide programagarri bakoitzerako finantzatu beharreko gehieneko ordu kopurura iritsi arte.
Salbuespen moduan, gehieneko ordu kopuru hori handitu ahal izango da baldin eta prestakuntza-ekintza kualifikatzaileren batean ikasle guztiak salbuetsita badaude, eta proportzio berean handitu beharko da. Halaber, hau ere salbuespen gisa, zeharkako oinarrizko gaitasunekin lotuta egon arren II. eranskinean sartuta ez dagoen beste edozein espezialitate ere hautatu ahal izango da; eskaera hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariari egin eta justifikatu beharko zaio. Dena den, prestakuntza-ibilbide bakoitzari esleitutako ordu kopurua eta dirulaguntzaren zenbatekoa ez dira inola ere aldatuko.
6.– Prestakuntza emateko modalitatea.
Prestakuntza-ekintzak aurrez aurre eman beharko dira. Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak aldi berean transmititzen dizkiotenean, edozein motatako baliabide didaktikoak erabilita.
7.– Dirulaguntza jasotzen duten entitateen prestakuntza-planei 2024ko azaroaren 30a baino lehen ekin beharko zaie, lehenengo prestakuntza-ibilbidea hastearekin batera, eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren; amaitu, berriz, 2026ko urriaren 30a baino lehen amaituko dira ibilbide guztiak (baita lanez kanpoko praktika profesionalak ere).
8.– Prestakuntza-ekintzak onartzeko, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide kopurua 15 izango da, eta gutxienekoa 10. Beraz, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 10 parte-hartzaile baino gutxiagorekin.
Nolanahi ere, diruz lagundutako parte-hartzaileez gain, beste 2 parte-hartzaile sartzea onartuko da, parte-hartzaile kopuru horretarako egiaztagiria duten prestakuntza-zentroetan. Partaide gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik emango.
9.– Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz. Lanez kanpoko praktika profesionalak ez dira diruz lagunduko.
4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.
Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza-ibilbideetan parte hartu ahal izango dute 16 eta 25 urte bitarteko langabeek, baldin eta DBH amaitu ez badute, zenbait arrazoirengatik prestatzen jarraitzeko aukerarik ez badute eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan langabe moduan izena emanda badaude. Parte ahal izango dute, halaber, beste enplegu-zerbitzu publikoren batean edo Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren Fitxategian inskribatuta dauden gazte langabeek.
5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Prestakuntza-proiektuaren dirulaguntzaren zenbateko osoa hura osatzen duten prestakuntza-ibilbideen dirulaguntzaren zenbatekoak batuta kalkulatuko da.
2.– Prestakuntza-proiektuen finantzaketa parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko kostuaren araberakoa izango da; modulu ekonomikoa, parte-hartzaile eta ordu bakoitzeko, 5,77 eurokoa izango da.
Parte-hartzaile eta ordu bakoitzeko 5,77 euroko modulu ekonomiko hori modulu hauez osaturik dago:
A modulua. Langileen zuzeneko kostuak. 4,24 euro/ordu/parte-hartzaile.
B modulua. Funtzionamendu-gastuak. 1,01 euro/ordu/parte-hartzaile.
C modulua. Zeharkako gastuak. 0,52 euro/ordu/parte-hartzaile. Aurreko bi moduluen % 10 da.
Langileen zuzeneko kostuei dagokien modulu ekonomikoa 15 partaidez biderkatuko da beti.
Aurrekoarekin bat etorriz, prestakuntza-proiektuak zenbateko honekin onartuko dira:
Prestakuntza teorikoaren ordu kopurua * 15 partaide * 5,77 euro.
Horren arabera, prestakuntza-ibilbide bakoitzaren gehieneko zenbatekoa I. eranskinean zehaztutakoa izango da.
3.– Prestakuntza-entitateek prestakuntza-plan bakar baterako eskatu ahal izango dute dirulaguntza, eta plan horretan jasoko dira programatu beharreko prestakuntza-ibilbideak. Nolanahi ere, entitate onuradunek ezingo dute deialdiko baliabideen % 50 baino gehiago jaso prestakuntza-planagatik.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F). Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunearen bidez eskatu ahal izango dute: https://www.lanbide.euskadi.eus/ formacion-lanbide/-/informacion/registro-de-entidades/
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/servicios/1080407
Eskabideak elektronikoki izapidetu ahal izango dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
2.– Ibilbide osoetarako eskabidea egingo da, I. eranskinean jasotakoaren arabera.
3.– Dirulaguntzaren eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
1) Orokorra:
a) Entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia, baldin eta espresuki ukatzen badio baimena organo kudeatzaileari identifikazio fiskalari buruzko datuak automatikoki egiazta ditzan.
b) Laguntza zer prestakuntza-proiektutarako eskatzen den, hauek zehaztuta: edukiak eman edo garatzeko aurreikusitako daten egutegia, prestakuntza-ekintza bakoitzean erabiliko den metodologiari buruzko informazioa, eta abar.
2) Gainera, hala badagokio, balorazio-irizpideak egiaztatzeko:
a) 9.1 artikuluko C apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko: Hezkuntza Sailaren ziurtagiria, 2023-2024ko ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketa egiten duten ikasleak jasotzen dituena.
b) 9.1 artikuluko E apartatuan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, sintesi-adierazlea eta enplegagarritasun-indizea egiaztatzen dituena, III. eta IV. eranskin gisa argitaratutako ereduen arabera, hurrenez hurren.
c) 9.1 artikuluko D.1 apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:
– Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina), prestakuntza-entitateak dituen kotizazio-kontuen kode guztietarako. Kotizazio-kontuaren kode bakoitzak berari dagozkion datuak soilik jaso beharko ditu, eta ez dira datu guztiak kode bakar batean metatuko.
– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak). Kotizazio-kontuaren kode batean gainerako langileekin ez dauden administratzaileen datuak sartzeko, sarrera bat sortuko da entitatearen IFK zenbakiarekin (letra jaso gabe), eta administratzaile kopuruaren berri emango da, sexuaren arabera bereizita.
– Deialdira aurkezten diren kooperatiba-sozietateek, aldiz, beste horiez gainera, sozietatearen kotizazio-kontuaren kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina) aurkeztu beharko dute, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta emandako langile bazkide guztiena, edo, azken horiek Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emanda badaude, ziurtagiri bat, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.
d) 9.1 artikuluko D.2, D.3 eta D.4 apartatuetan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:
– Entitateak dituen kotizazio-kontuen kode guztietako lan-bizitzaren txostenak, administratzaileei dagozkienak barne, halakorik bada; eta, kooperatiba-sozietateen kasuan, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena emandako langile bazkide guztienak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak).
– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak).
– Deialdira aurkezten diren kooperatiba-sozietateek, langile bazkideak autonomoen araubidean izena emanda badaude, ziurtagiri bat aurkeztuko dute, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.
3) Kalitatea kudeatzeko sistema bat badagoela egiaztatzeko, 9.1.E.3) artikuluan zehaztutako egiaztapenen aitorpen edo ziurtagiri ofizialen kopia.
4.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela pentsatuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.
5.– Dirulaguntza-eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Prozedura izapidetzeko organo eskuduna Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.
2.– Dirulaguntzak emateko prozedura lehia-konkurrentzia izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak. Banaka balioetsiko da ibilbide bakoitza.
3.– Eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, batzorde tekniko bat osatuko da.
Batzorde hori pertsona hauek osatuko dute, eta, horiek ez badaude, ordezkoek:
Batzordeburua:
Juan Carlos Ibarrola Sáenz de Ugarte, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria.
Idazkaria:
Jone Irizar Ariceta, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Bokal titularrak:
Eduardo Campo Guillerna, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko koordinatzailea.
Joseba Larrañaga Osinalde, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Ordezko bokalak:
Javier Armaolea Juaristi, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Veneranda Andrés Andrés, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertaratzen direnean joko da ebaluazio-batzordea balio osoz eratutzat.
Batzordeburua ez badago, bokaletako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeran.
Idazkaria ez badago, bokaletako batek beteko ditu haren eginkizunak, arestian aipatutako alderantzizko hurrenkeran.
Egitura berari eutsita, ebaluazio-batzordeko kideen osaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez aldatu ahal izango da, eta ebazpen hori Lanbideren webgunean argitaratuko da: www.lanbide.euskadi.eus
4.– Behin egiaztaturik eskaerek deialdian parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela, ebaluazio-batzordeak 9. artikuluko irizpideen arabera baloratuko ditu, eta ebaluazioaren emaitza jasoko duen txostena idatziko du. Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak, kide anitzeko organoaren txostena eta espedientea aztertu ondoren, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta Lanbideren webgunean argitaratuz jakinaraziko da (www.lanbide.euskadi.eus); orobat, 10 egun balioduneko epea emango zaie entitate interesdunei LAN-F aplikazio informatikoaren bitartez alegazioak egin ditzaten edo eskabidean atzera egin dezaten, prestakuntza-planean behin-behinean onartutako prestakuntza-ekintza guztiei dagokienez.
Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez die onuradun gisa eskubiderik emango proposatutako entitateei.
5.– Ebaluazio-batzordeak alegazioak eta atzera-egiteak aztertu eta txostena egin ondoren, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena egiteko organo eskuduna.
6.– Prozeduraren ebazpenean, dirulaguntzak jasoko dituzten planetako ibilbideak jasoko dira, prestakuntza-ibilbideen baloraziotik ondorioztatzen den lehentasun-hurrenkeran. Ebazpen horretan, dirulaguntzaren zenbatekoa, onartutako prestakuntza-ibilbideak, ukatutakoak eta ukatzeko arrazoiak ere zehaztuko dira, eta prestakuntza-entitate interesdunei ebazpen hori jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus
Entitateek 10 egun balioduneko epea izango dute prestakuntza-plan osoa onartzen duten ala ez jakinarazteko, modu telematikoan, Lan-F aplikazioaren bidez. Epe horretan jakinarazpenik aurkezten ez bada, dirulaguntzari uko egin diotela pentsatuko da.
7.– Prozeduraren ebazpenean, aurrekontu-kreditua falta delako ezetsi diren prestakuntza-ibilbideen dirulaguntza-eskabideak lurraldearen arabera ordenatuta agertuko dira, balorazio-irizpideak aplikatuz ateratzen den hurrenkeran. Hartara, prestakuntza-entitate onuradun batek dirulaguntzari uko egiten badio, dirulaguntza hurrengoari emango zaio, laguntza zehazteko ezarritako irizpideen arabera, baldin eta kreditu nahikoa liberatu bada horri erantzuteko eta sortzen den unean zilegi bada hura gauzatzea, deialdian ezarritakoarekin bat etorriz eta aurrekontua betearazteko arauen arabera. Ukoen bitartez liberatutako kredituarekin emandako dirulaguntzak Lanbideren webgunean (www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuz jakinaraziko zaizkie prestakuntza-entitate interesdunei, eta 10 egun balioduneko epean onartu beharko dituzte; bestela, uko egiten diotela pentsatuko da. Hartara, adjudikazio-prozedura amaitutzat emango da.
Lehentasun-hurrenkeran atzerago dagoen eskaera bati ezin izango zaio dirulaguntza hori eman, kreditu erabilgarri nahikorik ez egoteagatik lehentasun-hurrenkera horretan aurrerago dagoen beste eskabide bat dirulaguntzarik gabe utzi bada.
8.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.
9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
10.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateko egindako ebazpenean, berariaz aipatuko da Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa, halakorik badago, EGF + Euskadi 2021-2027 Programaren esparruan.
11.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdi honen babespean emandako laguntzen entitate onuradunen zerrenda, espresuki adierazita jasotako zenbatekoak, eta aipatuta EGFren finantzaketa, EGF + Euskadi 2021-2027 Programaren barruan.
8. artikulua.– Laguntza zehaztea.
1.– Eskabideak aurkezteko eta akatsak 6. artikuluan ezarritako eran zuzentzeko epea amaitutakoan, prestakuntza-planetan jasotako prestakuntza-ibilbideen balorazio teknikoa egingo da, eskabideak eta aurkeztutako ibilbideak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera antolatzeko.
2.– Prestakuntza-ibilbide bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 5.2 artikuluan adierazitako modulua erabiliko da.
3.– Deialdi hau finantzatzeko guztira bideratutako zuzkidura ekonomikoa nahikoa ez bada aurkeztutako prestakuntza-plan guztiak finantzatzeko, ibilbideen balorazio-fasearen ondorioz ateratako ordenaren arabera emango dira dirulaguntzak, arau hauei jarraituz:
1) Prestakuntza-ekintzak lortutako balorazio teknikoaren arabera sailkatuko dira, EAEko hiru lurraldeak bereizita.
2) Lurraldeka adjudikatuko dira, entitate bakoitzak lortutako lehentasun-ordenaren eta eskatutako ibilbidearen arabera, I. eranskinean egindako proposamena osatu arte (lurralde bakoitzeko ibilbide bat, I. eranskinean adierazitakoen arabera).
3) Gainerako aurrekontuarekin, aurkeztutako eskabideen ibilbide guztien lehentasun-ordenaren arabera adjudikatuz joango dira ibilbideak, eta lurralde bakoitzean ezin izango dira antzeko bi ibilbide baino gehiago egon.
4) Puntuazio teknikoa ematean berdinketa dagoenean, lehentasuna izango du E balorazio-irizpidean puntu gehien duen eskaerak. Berdinketa, halere, hautsi ezean, lehentasuna izango du D balorazio-irizpidean puntu gehien duenak. Eta C balorazio-irizpidean puntu gehien izatea izango da berdinketa hausteko azken irizpidea.
4.– Prozesu osoan zehar kontuan izango da 5.3 artikuluan ezartzen den dirulaguntza-muga orokorra.
5.– Entitate eskatzaile bakoitzak eman beharreko prestakuntza-ibilbideei dagozkien zenbatekoen batura izango da prestakuntza-planerako dirulaguntzaren azken zenbatekoa.
9. artikulua.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.
1.– Prestakuntza-plan bakoitzean eskatutako prestakuntza-ibilbideak baloratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan (V. eranskinean zehaztuta daude):
Irizpide guztiak prestakuntza-entitatearen mailan hartzen dira aintzat, hau da, IFK bera duten prestakuntza-zentroen datuak batera aztertzen dira.
A) 2023-2024ko ikasturtean irakasteko itundutako entitateak:
• Oinarrizko Lanbide Heziketa: 5 puntu.
• Erdi-mailako heziketa-zikloak: 5 puntu.
B) Helduen Etengabeko Hezkuntzan (HEH) Hezkuntza Sailak baimendutako unibertsitatez kanpoko zentro pribatu edo publikoak: 10 puntu.
C) 2023-2024ko ikasturtean, Hezkuntza Sailarekin, Oinarrizko Lanbide Heziketa egin duten ikasleak: gehienez 18 puntu.
D) Prestakuntza-entitateen gizarte-erantzukizuna: gehienez 15 puntu.
1) Enplegua sortzeko konpromisoa: gehienez 3 puntu.
2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra, enpresaren kotizazio-kontuetako kode guztietan alta emanda dauden langileen batezbestekoa hartuko da aintzat.
Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, entitate eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.c) apartatuan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du.
2) Enpleguaren kalitatearekiko konpromisoa: gehienez 4 puntu.
D.1 atalean zehaztutako langileen batezbestekotik, 2023ko abenduaren 31n lanaldi osoan eta kontratu mugagabearekin diharduten pertsonen ehunekoa hartuko da aintzat.
Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, entitate eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Puntuazioa lortzeko, formula hau aplikatuko da:
Lan-kontratuaren kodea duten pertsona kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / plantillaren batezbestekoa (D.1).
3) Genero-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.
2023ko plantillan, kontratu mugagabearekin lanaldi osoan dauden emakumeen ehunekoa hartuko da aintzat, baldintza beretan dauden gizonezkoen kopuruarekin alderatuta.
Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, entitate eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Puntuazioa lortzeko, formula hau aplikatuko da:
Lan-kontratuaren kodea duten emakumeen kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / lan-kontratuaren kodea duten gizonen kopurua (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak).
4) Desgaitasuna duten pertsonentzako aukera-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 3 puntu.
2023ko plantillan kontratu mugagabearekin diharduten eta desgaitasunen bat duten pertsonen kopurua hartuko da aintzat.
Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, entitate eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Puntuazioa lortzeko, formula hau aplikatuko da:
Lan-kontratuaren kodea duten pertsonen kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (130+139+230+239+330+339 + aldi baterako kontratua ez duten bazkide kooperatibistak + aitortutako desgaitasunen bat duten administratzaileak).
E) Prestakuntzaren kalitatearen eta eraginaren adierazleak langabeentzako 2018-2020ko eta 2020-2022ko enplegurako lanbide-heziketako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan, eta entitateak kalitatearekin eta euskararekin duen konpromisoa. Gehienez 47 puntu.
Horren xedea da baloratzea enplegurako lanbide-heziketako 2018-2020ko eta 2020-2022ko ekitaldietan langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ematean lortutako kalitatea eta enplegagarritasunaren eta laneratzearen aldetik lortutako eragina, eta entitateak kalitatearekin eta euskararekin duen konpromisoa.
1) Sintesi-adierazlea: gehienez 15 puntu.
Prestakuntza-entitate batek langabeentzako 2018-2020ko eta 2020-2022ko prestakuntza-eskaintzaren deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan lanbide-arlo bakoitzean lortutako asebetetze-tasen batezbesteko haztatua.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz lortuko du adierazle hori bere datu-baseetatik. Prestakuntza-entitate jakin batek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdian parte hartu ez badu, 4 puntu emango zaizkio.
Adierazle hori ezin izan bada lortu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, erreferentziako deialdian lanbide-arloaren adierazleen batezbesteko globala hartuko da sintesi-adierazle gisa; horretarako, hartan parte hartzen duten prestakuntza-entitate guztiek emandako ekintza guztiak hartuko dira kontuan.
2) Enplegagarritasun-indizea.
Dirulaguntza eskatzen den ibilbideetako konpetentzia-unitateei erreferentziatutako espezialitateen lanbide-arloetako prestakuntzei dagokien enplegagarritasun-indizearen batezbesteko haztatua, langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren 2018-2020ko eta 2020-2022ko deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan lortutakoa; gehienez 25 puntu. Deialdi horietan ez bada irakatsi ibilbideetako konpetentzia-unitateei erreferentziatutako espezialitateen lanbide-arloren bat, halakoei 11 puntu esleituko zaizkie, eta lortutako gainerako puntuazioekin batezbestekoa egingo da.
Enplegagarritasun-indizea tasa hauek osatzen dute:
Enplegagarritasun-indizea = (Prestakuntzaren arrakasta-tasa x p1) + (Besteren konturako laneratzearen tasa x p2) + (Parte-hartze aniztunaren tasa x p3),
Non:
– Prestakuntza-ekintzaren arrakasta-tasa: prestakuntza emaitza positiboarekin (gai) amaitzen duten pertsonen kopurua, prestakuntza-ekintza amaitzen duten parte-hartzaile guztien (gai zein ezgai) kopuruarekin alderatuta. Prestakuntza-ekintza disoziatuak badira, prestakuntzaren emaitza positiboa izango da, baldin eta profesionaltasun-ziurtagiri osoa lortzen bada, bai eta prestakuntza-moduluetako bat egiten bada eta horrela profesionaltasun-ziurtagiria lortzen bada.
– Besteren konturako laneratzearen tasa: prestakuntza-ekintza amaitu eta sei hilabeteren barruan, besteren konturako kontratu bat lortu duten pertsonen kopurua.
– Parte-hartze aniztunaren tasa: prestakuntza-ibilbide bat egiten duten pertsonen kopurua; hau da, ikastaroa amaitu ondorengo sei hilabeteetan enplegurako bigarren prestakuntza-ekintza bat hasten duten pertsonen kopurua.
– p1, p2 eta p3, tasa bakoitzari emandako pisuak dira, espezialitatearen kualifikazio-mailaren arabera kalkulaturik.
Tasak haztatu egiten dira espezialitate-motaren eta haien kualifikazio-mailaren arabera. Hartara, laneratzearen tasak pisu handiagoa izaten du espezialitatearen kualifikazio-maila zenbat eta handiagoa izan, behar beste konpetentzia ematen baitituzte lanpostuak betetzeko, eta, horrenbestez, baita lan-merkatuan sartzeko ere. Funtsezko konpetentzien edo zeharkako edo gizarteratzeko eta laneratzeko konpetentzien espezialitateen kasuan, parte-hartze aniztunaren tasak pisu handiagoa hartzen du, kualifikazioa ematen duen prestakuntzaren aurreko prestakuntzatzat hartzen baitira, prestakuntza-ibilbide luzeago baten esparruan; edo, bestela, zeharkako espezialitateen kasuan, prestakuntza arautuaren, hasierako prestakuntzaren edo profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza osagarri gisa.
(Ikus .PDF)
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz ateratzen du adierazle hori bere datu-baseetatik.
2018-2020ko eta 2020-2022ko deialdien babesean prestakuntza-entitateek ez badute irakatsi dirulaguntza eskatzen duten ibilbideetako lanbide-arloen espezialitaterik, 11 puntu aplikatuko dira.
3) Kalitatearekiko konpromisoa: gehienez ere 5 puntu.
Entitate eskatzaileek kalitatearen arloan lortu dituzten aitorpenak baloratuko dira.
Gehienez 5 puntu emango dira hauek edukitzeagatik:
Kudeaketa aurreratuaren aitorpenak, azken 10 urteetan hauen artetik aitorpen altuena duena soilik baloratuta:
– Urrezko A edo EFQM + 500 eta altuagoa: 4 puntu.
– Zilarrezko A edo EFQM + 400: 3 puntu.
– Brontzezko A edo EFQM + 300: 2 puntu.
– Kudeaketa aurreratuaren diploma, indarrean: 1 puntu.
Ziurtagiriak, indarrean:
– ISO 9001 ziurtagiria: 2 puntu.
– ISO 14001 ziurtagiria, ISO 45001 ziurtagiria edo UNE 166002 berrikuntzaren kudeaketa, indarrean: 1 puntu.
Kudeaketa aurreratuaren euskal saria, QIA-Quality Innovation Award-Fase internacional Award edo Prize Winner, azken 10 urteetan: 1 puntu.
4) Euskararekiko konpromisoa: gehienez ere 2 puntu.
Bikain eta Bai Euskarari ziurtagiriak baino ez dira baloratuko.
10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.
1.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko hautaketa bat egingo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ikastaroetan parte hartzeko hautagaien artean.
Hauek izan daitezke hautagai:
a) Ikastaroan parte hartzea eskatzen dutenak, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sareko bulegoren batean eskaera bat aurkeztuta, bai eskaera organismo autonomo horren webgunean beteta (www.lanbide.euskadi.eus). Webgune horretan adieraziko dira zein diren prestakuntza-ekintzak, zein haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.
b) Lanbiden inskribatuta dauden pertsonak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko orientazio-zerbitzuek ikastaroa beren prestakuntza-ibilbidearen barruan preskribatu badute, edo Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribatuta badaude, edo prestakuntza-aholkularitzaren bidez artatu badituzte beren prestakuntza-kontuari dagokionez, eta prestakuntza-ekintzaren bat beharrezkotzat jo bada lanbide-konpetentzia egiaztatzeko ibilbide bat osatzeko.
c) Beste enplegu-zerbitzu publiko batzuetan izena emanda dauden pertsonak.
2.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa entitate onuradunak egingo du, aurrez matrikulatu diren hautagaien artean. Horretarako, ikastaroak emango dituen entitateak eskura izango ditu inskribatutako hautagaien datuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LAN-F), eta prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, garaiz eta behar diren bermeekin.
Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan, hautaproba bat ere egingo dute, erakundearen instalazioetan, Lanbideko teknikariekin aurrez adostuta, ekintza behar bezala aprobetxatzen dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aurretiazko ezagutza-maila erreala zehazteko. Proba hori LAN-F aplikazioan dagokion atalean erantsiko da.
3.– Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako prestakuntzan, lehentasuna izango dute emakumeek. Deialdi honen ondorioetarako, nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arlotzat hartzen dira lanbide-arlo hauetako prestakuntza-ekintzak: ELE, ENA, EOC, FME, IEX, IFC, IMA, IMS, INA, MAM, SAN, SEA, TMV.
4.– Ibilbidean jasotako espezialitate bat amaitzen denean plaza hutsak badaude, dela baten batek bertan behera utzi duelako, dela hasierako hautapenean plaza guztiak bete ez dituztelako, beste partaide batzuk sartu ahal izango dira, erreserba-zerrendatik edo beste hautaketa-prozesu batetik.
5.– Hautaketa bukatu ondoren, entitate onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LAN-F kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.
6.– Hautatuak izan direnen eta erreserban gelditzen direnen zerrenda erakutsi behar dute prestakuntza-entitateek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Hor, zehaztuta egon behar du non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.
Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.
11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko ditu.
2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan edo haietara joateko bidean dituzten arriskuetarako, Eusko Jaurlaritzak sinatutako polizak istripuak eta erantzukizun zibila estaliko baititu.
3.– Parte-hartzaileek, lehen eskola-egunean, ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua jasoko dituzte, eta jaso izanaren dokumentua sinatuko dute.
4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta haiei probetxua atera. Hori bermatzeko, entitate onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Eguneroko parte bat egingo da prestakuntza-espezialitate bakoitzerako.
5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, honako kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo behar bezala justifikatutako bat-bateko egoera pertsonal edo familiar larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona horrek lehentasunik ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.
12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.
1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:
a) Justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea hilabetean.
b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoan % 25etik gorako ez-bertaratzea biltzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon zein ez.
c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.
2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:
Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertze-prozedura hasteko erabakia emango du. Erabaki horretan, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedura hasteko erabakian, prestakuntza-ekintza behar bezala garatzen dela bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea ikastarotik behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkez daitekeen.
Ikasle baten hutsegiteek prestakuntza-ekintzaren ordu kopuruaren % 25 gainditzen duten astean, edo hilean justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten dituenean, nahiz eta ikasleak ekintzara joaten jarraitu, prestakuntza-zentroak hutsegiteen berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Ikasleari espezialitate oso bat geratzen bazaio egiteko, eta % 25etik gora huts egitea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotzea edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den espezialitatea egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.
Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta hutsegiteen % 25eko muga gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.
13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.
1.– Dirulaguntzaren entitate onuradunak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko ditu prestakuntza-ibilbideetan jasotako prestakuntza-ekintzak. Organismo autonomo horrek eskura jartzen duen prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LAN-F) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasiko den eguna baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez), bai eta geroagoko edozein aldaketa (gertatzen den une berean) eta prestakuntzaren amaiera jakinarazteko eta parte-hartzaileen bertaratzea kontrolatzeko ere. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gutxienez 7 egun baliodun lehenago egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi Lanbidek LAN-F aplikazioaren bidez aldez aurreko baimena eman gabe.
2.– Deialdi honen barruan prestakuntza emango duten pertsonek prestatzaileen fitxategian sartuta egon beharko dute, prestakuntza-espezialitate bakoitzean ezarritako betekizunen arabera.
3.– Prestakuntza-ekintzan, diruz lagundutako ikasleez gain, beste bi ikaslek ere parte hartu ahal izango dute, haiengatik dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, prestakuntza-entitateek hala eskatzen badute deialdia ebatzi eta hamabost eguneko epean, betiere instalazioak eta ekipamenduak badituzte eta ikasle guztientzako berdintasun-baldintzak bermatzen badira. Baimena eman aurretik egiaztatuko da ea instalazio eta ekipamendu egokiak dituzten eskatutako parte-hartzaile kopururako.
4.– Gazte langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 8 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 40 ordu baino gehiago. Muga horien barruan sartuko dira, hala badagokio, ibilbide bakoitzeko lanez kanpoko praktika profesionalen orduak.
5.– Prestakuntza-entitateak ahaleginduko dira prestakuntza-ekintzak ordutegi zentzuzkoetan programatzen, batez ere kolektibo kalteberei zuzendutako ekintzak badira, ikasleek prestakuntza eta bizitza pertsonala bateratzeko aukera izan dezaten.
Prestakuntza-ekintza hasi ondoren, erregulartasunez emango dira eskolak, eta ezingo dira aldi batez eten, behar bezala justifikatutako eta Lanbidek onartutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.
6.– Ikastaroaren hasieran, entitate onuradunek gutxienez honako hauek emango dizkiete prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaile guztiei:
– espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan,
– ikastaroa zuzen gauzatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala, eta
– beharrezkoak diren babes-elementuak.
Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.
7.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Halako ordezkapenak onartuko dira, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25 igaro aurretik egiten badira.
8.– Prestakuntza emateaz arduratzen diren entitate onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenek horiei uko egiten badiete, horietara aurkezten ez badira edo ekintzak bertan behera uzten badituzte, horren zergatia adierazita.
9.– Tutoretza eta orientazio pertsonala.
Tutoretza-lanak ikasle bakoitzak behar duen hezkuntza integralera bideraturik egingo dira.
Programako irakasle guztiek partekatu beharko dituzte tutoretza-lanak. Irakasle-taldeak tutoretza-ekintzen plan bat osatuko du, gutxienez alderdi hauek jasota:
a) Ikasleen autoestimua indartzea.
b) Pertsonen arteko harremanak eta gizarte-trebetasunak.
c) Harreman programatua familiarekin edo legezko tutoreekin.
d) Banakako eta taldekako ikaskuntza-prozesua gidatzea eta laguntzea.
e) Ikasleei lanbide-ibilbidean jarraitzeko orientabideak eta laguntza ematea prestakuntza-aldia amaitu ondoren, dela laneratzearen bidez, dela kualifikazio handiagoko mailetako prestakuntzaren bidez.
Ikasle-taldeek gutxienez irakasle bana izango dute, tutoretzaz eta tutore-ekintzen plana gauzatzeko koordinazioaz arduratuko dena. Eginkizun hori dagokion kurtsoan eskolak ematen dituen irakasleren baten esku egongo da, eta, ahal dela, irakasle bera arituko da tutoretza-lan horretan, ibilbide osoan zehar.
Tutoreak eredu izan behar du ikaslearentzat, irakasle-taldearentzat eta familientzat. Jarduteko orientazioa emango du, irakasle-taldearekin batera, ikasleek estrategia metodologiko eta antolaketa-estrategiak eskuratu eta ahalmen pertsonal eta profesional eta autoikaskuntza-gaitasun hobeak izan ditzaten.
Ikasleen premiak direla-eta hala behar bada, esku-hartze psikopedagogikoko edo hezkuntza eta gizarte-laneko adituek esku hartuko dute.
10.– Ikasleen ebaluazioa espezialitateka egingo da, ikasketaren emaitzak egiaztatzeko eta, horrenbestez, lanbide-konpetentziak eskuratu dituztela bermatzeko.
Ebaluazioa ikasleen premietara eta bilakaerara egokituta egongo da, batez ere desgaitasunen bat dutenen kasuan; horientzat, izan ere, irisgarritasun-neurriak ezarriko dira, ebaluazio-probetan diskriminaziorik gabe parte hartzen dutela bermatzeko.
Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza baten arabera, zeinean honako hauek adieraziko baitira, gutxienez, espezialitate bakoitzarentzat: ebaluazioa zer egunetan egitea kalkulatu den, zer tokitan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denbora iraungo duen (LAN-F aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu egingo dira, eta aplikazio informatikoan gordeko.
Egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatu ahal izango da.
Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte ikasleek espezialitate bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko da ikasle bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, egindako zuzenketak eta lortutako puntuazioak (LAN-F aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera).
Lanez kanpoko praktika profesionalak egiten dituzten bitartean, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dituzte prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek. Praktikak gainditzen dituzten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LAN-F aplikazioaren bitartez.
Ikastaroa amaiturik, emaitza positiboa lortu duten parte-hartzaileei ibilbide bakoitzeko espezialitate guztien parte-hartze diploma emango zaie.
Ikasleak emaitza negatiboarekin amaitzen badu ikastaroa, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio.
Zentroak honako datu edo dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LAN-F aplikazio informatikoaren bidez:
– Ikastaroa hasi aurreko 7 egun balioduneko epean:
• Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek LAN-F aplikazio informatikoaren bitartez eskura jarriko duen ereduaren arabera.
• Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, horiek zuzentzeko eta puntuatzeko dagozkien euskarriekin.
– Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun balioduneko epean:
• Ikasleen emaitzak biltzen dituen dokumentazioa LAN-F aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LAN-F aplikazio informatikoaren bitartez jarriko da eskura eredu hori).
• Ebaluazio-aktak.
11.– Dirulaguntzen prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin izango dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea soilik dela ulertzen da.
14. artikulua.– Lanez kanpoko praktika profesionalak.
1.– Prestakuntza-entitateek aurrez neurriak hartuko dituzte, ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen % 100ek ikasitako espezialitatearekin zerikusia duten okupazioetan eta lantokietan egin ditzaten lanez kanpoko praktika profesionalak.
2.– Ahal dela, lanez kanpoko praktika profesionalak I. eranskinean adierazitako prestakuntza-espezialitateak bukatutakoan egingo dira, espezialitate horiek emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-espezialitatea bukatu eta bi hilabeteko gehieneko epean hasi beharko dira praktikak.
Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbidek baimena eman ahal izango du praktikak gainerako prestakuntzarekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahal izango dituzte lanez kanpoko praktika profesionalak, haien administrazio-egoera edozein izanda ere.
3.– Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari atxikitako lanez kanpoko praktika profesionala amaitzea ekarriko du.
4.– Lanez kanpoko praktikak egiteko, enpresak eta prestakuntza-entitateak akordio bat sinatuko dute, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, akordio horren berri eman beharko zaie enpresako langileen legezko ordezkariei. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek akordioari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko dokumentua erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LAN-F aplikaziotik hartuta). Gainera, praktiketan parte hartuko duten ikasleen zerrenda ere aurkeztu beharko da.
5.– Praktikak, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baimena eman ondoren.
6.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.
7.– Prestakuntza praktikoa abiatu aurretik, nahitaezkoa da Lanbidek praktiken akordioa balioztatzea. Ez bada izapide hori egiten, baliogabetu egin daitezke nahitaezko baimen hori ez duten praktikak. Horregatik, zentroek sinatutako praktiketako hitzarmena formalizatu eta erantsi beharko dute LAN-F aplikaziora, gutxienez praktikak hasi baino 7 egun baliodun lehenago.
15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan arituz, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Zeregin hori ez da mugatuko eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzera; aitzitik, barnean hartuko du prestakuntzaren emaitzen ebaluazioa, eta, hartara, kalitatea bermatzen lagunduko du.
2.– Jarduketa-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla eta prestakuntza-planak erregulartasunez gauzatzen direla egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduketa horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edo amaitu ondoren, ebidentzia dokumental eta fisikoen bidez.
3.– Europar Batasuneko araudian ezartzen den bezala, eta bat etorriz prestakuntza-entitateen inskripzioa edo egiaztatzea arautzen dituen araudiarekin, plan horretan in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren eskakizunak betetzen direnez egiaztatzeko eta inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan ikastetxeak egiaztatu zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.
16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, hala xedatzen baita Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (2009ko ekainaren 11ko BOE), zeinak argitaratzen baititu enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak.
Horretarako, dirulaguntzen onuradunek aurrera daramaten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean.
Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza-ekintzen amaierako azterketa egitean beteko da. Amaierako azterketarik egiten ez den prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.
Telematikoki beteko dituzte galdetegiak ikasleek. Ikastaroa ematen duen entitatearen ardura da ziurtatzea ekintza amaitu duten ikasleek kalitateari buruzko galdetegia betetzen dutela; horretarako, behar diren baliabideak jarriko ditu parte-hartzaileen eskura, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleei galdetegi telematikoa betetzen laguntzeko. Ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen % 67k gutxienez bete beharko dute inkesta, 18.3 artikuluan aipatutako zigorra ez jasotzeko.
17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Emandako dirulaguntza hiru partetan ordainduko da, prestakuntza-plan bakoitzeko, hala eskatu eta gero, honela:
a) Lehenengo ordainketa, 2024ko aurrekontuaren kargura, planaren zenbatekoaren % 25, lehenengo prestakuntza-ekintzaren hasieraren jakinarazpena jaso ondoren.
b) Bigarren ordainketa, 2025eko aurrekontuaren kargura, planaren zenbatekoaren % 50, entitateari onartu zaizkion ibilbideen % 51 gutxienez hasi ondoren, eta, edonola ere, 2025eko urriaren 30a baino lehen, 2025eko ekitaldian eskatu beharko baita.
c) Hirugarren ordainketa, 2026ko aurrekontuaren kargura; planari dagokion dirulaguntzaren gainerako zenbatekoa ordainduko da, prestakuntza-ekintza guztiak amaitu eta diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren, eta, betiere, 2026ko azaroaren 16a baino lehen.
Ordainketa aurreratuen zenbatekoa 180.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den entitateak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan zenbateko aurreratua estaltzeko bermea, abala edo fidantza eratu izanaren frogagiria aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, dagokion ordainketa egin aurretik.
Bermeak ordainketa aurreratuaren nominala estali beharko du, eta horren interesak, gehienez ere urtebeterenak, eta nominalaren ehuneko hamabost, gehienez ere, erreklamazio judizial edo estrajudizial baten kostu eta gastuak izaten badira ere.
2.– Ordainketa bakoitza egin aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak bete direla.
Entitate onuradunak, egiaztapen hori egitearen aurka agertzen bada, baldintza hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon behar du.
Entitatea Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta ez badago edo hango banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimaki bat bete beharko du, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan ere egongo da eskuragarri.
18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta likidatzea.
1.– Laguntzak prestakuntza-ibilbideetan parte hartu duten gazteen eta benetan egin dituzten eskola-orduen arabera likidatuko dira, ezarritako modulu ekonomikoen arabera. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.
2.– Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko prestakuntza-espezialitateak gainditu dituzten baina lanez kanpoko praktika profesionalak ezarritako epeetan amaitu ez dituzten ikasleek jasotako prestakuntza. Ikasleen % 70ek baino gehiagok dagozkien praktikak amaitu ez dituzten prestakuntza-ekintzetan, ez da zenbatekorik ordainduko.
3.– Prestakuntza-ibilbide bakoitzerako likidazioa honela kalkulatuko da:
– A modulua 15 ikaslerekin biderkatuko da –baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleen kopurua 3.10 artikuluan aurreikusitako gutxieneko eta gehieneko mugen barruan badago–, eta emandako prestakuntza-orduekin ere biderkatuko da.
– Aurrez aipatutako zenbatekoari B moduluaren eta ekintzak dituen ordu kopuruaren arteko biderketaren emaitza gehituko zaio, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute–; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, berriz, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle kopuru jakin batentzat onartu da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.
Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa; hain zuzen ere, betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.
– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuengatik.
4.– Dirulaguntzaren entitate onuradunak prestakuntza-ekintza egin dela justifikatzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, prestakuntza-ekintza amaitu eta 15 eguneko gehieneko epean, LAN-F aplikazio telematikoaren bitartez:
– Entitate onuradunaren ziurtagiria, laburpen-koadro batekin. Han jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetako 1. puntuan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.
– Ikasleek sinatutako bertaratze-orriak, egotzitako orduen frogagiri gisa.
– Beharrezkoa izanez gero, diruz lagundutako jarduera osorik edo zati batean finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, horretan zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo, bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da ezen, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.
– Ikasleei eta entitate onuradunen titularrei eta langileei buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita.
Ezarritako epeetan dagozkion agiriak aurkezten ez baditu, organo eskudunak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.
5.– Prestakuntza-planaren azken likidazioa egiteko, onuradunek egindako prestakuntza-ibilbide guztien amaiera-ziurtagiria (gauzatzea) bete beharko dute (justifikazio-memoria ekonomikoa aurkeztu duten horiena, alegia); LAN-F aplikazioan aurkeztuko dute, eta horretarako azken eguna 2026ko azaroaren 16a izango da.
19. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.
1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har ezarritakoak, eta, prestakuntza-ekintzen dirulaguntzei dagokienez, enplegurako lanbide-heziketako sistema erregulatzen duen araudiak xedatutako betebeharrak.
2.– Bereziki, laguntzen onuradunek erakunde hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketak onartu beharko dituzte: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Lan eta Enplegu Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia. Halaber, erakunde horiei aukera emango diete lokal eta instalazioetara sartzeko, eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.
EGFrekin batera finantzatutako prestakuntza-ekintzek Europar Batasuneko araudiaren ondorioz Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduketak onartu beharko dituzte.
3.– Kontrol-jarduketak onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak hau bete beharko du:
– Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko informazio oro ematea eta eskatzen zaizkion jarraipen-dokumentuak bete eta bidaltzea.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea ea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzarik edo laguntzarik eskatu edo lortu duen, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.
– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak ea betetzen diren egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.
5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko eskakizunak beteko badituzte, entitate onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.
6.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak datu pertsonalen tratamenduari dagokion konpromisoa sinatu beharko du, dirulaguntza onartzeko unean, datu horien tratamendu-eragilea den aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren entitate onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legedian ezarritako baldintzen arabera.
7.– Elkarrekin finantzatutako gastuei buruzko egiaztagiri guztiak edo jatorrizko agirien kopia ziurtatuak gordeko dituzte laguntzen entitate onuradunek, oro har onartutako datu-euskarrietan, 2030eko abenduaren 31ra arte.
Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan; bereziki, jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.
8.– Entitateak gela bat jarri beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleak adina ordenagailu dituena, 16. artikuluan adierazitako inkesta telematikoa bete ahal izateko. Halaber, entitatearen ardura izango da inkesta hori betetzen dela bermatzea.
20. artikulua.– Lanbideren finantzaketatik eratorritako komunikazio-betebeharrak.
1.– Lanbideren finantzaketa jasotzen duten prestakuntza-ekintzak garatzean, entitateek berariaz aipatu beharko dute Lanbideren eta Europar Batasunaren finantzaketa / baterako finantzaketa jaso dutela, bai sortutako material didaktiko eta bestelakoetan, bai diruz lagundutako jarduerak komunikatzeko, zabaltzeko eta iragartzeko ekintzetan.
Halaber, dirulaguntza jasotzen duten entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazten den webgunean.
2.– Diruz lagundutako jarduketa guztiek eta horietatik eratorritako ekintzek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte. Eskuliburu hori LAN-F aplikazioaren bidez jarriko da entitate onuradunen esku.
3.– Betebehar horiek betetzen ez badira, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen du errege-dekretu horrek). Era berean, ez-betetzeak dirulaguntza itzultzea ekarri ahalko du, deialdi honen 23. artikuluan xedatzen denaren arabera.
21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Bidegabe jasotako kopuruak itzuli behar badira baldintzen aldaketa horren ondorioz, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.
23. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.
1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, kasu batzuetan, jasotako kopuru osoak edo horien zati bat itzuli beharko dira, eta dirulaguntza ordaindu den unetik aurrera aplikatzekoak diren berandutze-interesak eskatuko dira, baldin eta laguntzen entitate onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har ezarritako betebeharrak edo deialdi honetan berariaz aurreikusten diren betebeharrak eta baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako itzulketa-kausa baten pean erortzen badira. Eta, bereziki, kasu hauetan:
a) Justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean, edo lege honetan eta, hala badagokio, dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileetan ezarritako moduan justifikatzen ez denean.
b) Dirulaguntza baldintzak bete gabe edo baldintzak faltsutuz eskuratzen denean edo hura eskuratzea galaraziko luketen baldintzak ezkutatuz eskuratzen denean.
c) Dirulaguntzaren helburua, jarduera edo proiektua betetzen ez denean edo dirulaguntzaren bidez hartu behar den jokabidea hartzen ez denean.
d) Dirulaguntza emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez direnean.
e) Lege honen 12.5.d, 14.c eta 42. artikuluek ezartzen dituzten kontrol-jarduketei erresistentzia, aitzakiak edo oztopoak jartzen zaizkienean edo kontrol horiei uko egiten zaienean.
f) Lege honen 27. artikuluan biltzen diren publikotasunerako neurriak betetzen ez direnean.
g) Dirulaguntza bakoitzaren oinarri erregulatzaileetan aurreikusitako gainerako kasuetan.
h) Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikulutik 109. artikulura ezarritakoaren arabera hartutako erabaki batek dirua itzuli beharra dakarrenean.
i) Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa, lege honen 51. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.
2.– Gerta daitezkeen ez-betetzeak irizpide hauen arabera mailakatuko dira:
a) Erabateko ez-betetzea gertatu bada: dirulaguntza emateko xedearen edo hori justifikatzeko betebeharraren erabateko ez-betetzeak berekin ekarriko du emandako dirulaguntzaren % 100 itzuli behar izatea. Era berean, erabateko ez-betetzetzat joko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 25 lortzen ez badu, eta horiek honela neurtuko dira: prestakuntzaren ordu kopuruaren adierazlea bider ikasle parte-hartzaileen kopurua.
b) Ez-betetze partziala gertatzen bada: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo hein batean itzuliko da. Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea % 25 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza 18. artikuluan aurreikusitako eran likidatuko da.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen gertaera –edo gertaerak– jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egoki ikusten dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.
4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio, ebazpena jakinarazi eta gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko epea izango da.
Itzulketa borondatezko epean egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
24. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra pertsegitzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.
Hemen kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
25. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
1.– Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauetan eta lege hura garatzen duen erregelamenduan bildutakoa aplikatu behar zaio (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan aurreikusten den erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, dekretu hau aplikatuko zaio bermeen araubideari, lege horren kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko betekizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
2.– Hauek ere aplikatuko dira: 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena.
3.– Laguntzak, Europako Plus Gizarte Funtsak ere finantzatzen dituenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.
26. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.
Deialdi honetan kalkulatutako ehunekoren batean zenbaki hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.