107. zk., 2024ko ekainaren 3a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (267 KB - 21 orri.)
- EPUB (342 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
2677
AGINDUA, 2024ko apirilaren 17koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez osasun arloko irabazi-asmorik gabeko fundazio eta elkarteentzako laguntzen oinarriak ezarri eta deialdia egiten baita, osasun arloko profesionalei zuzendutako etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko 2024an.
Herritarrei arreta sanitario egokia ematea faktore askoren mende dago; horietako garrantzitsuenetako bat dugu osasungintzako profesionalei gaikuntza ematea, eta, horretarako, kalitatezko prestakuntza-prozesu bat egin behar da.
Osasungintzako profesionalen eskubidetzat eta betebehartzat hartzen den etengabeko prestakuntza (44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, lanbide sanitarioak antolatzeari buruzkoa), gaur egun, jarduera ohiko ea beharrezkotzat hartzen dute arlo sanitarioko, hezkuntzako, elkartegintzako eta korporazio-arloko erakundeek eta profesionalek berek. Etengabe aldatzen ari direnez osasun- eta gaixotasun-prozesuen ezagutzak, prozesu horiek baldintzatzen dituzten alderdiak, eredu epidemiologikoak eta erabiltzen diren teknologien berrikuntzak, bai eta osasun-sistemen eta oro har gizarte-sistemen antolaketa ere, profesionalen gaitasunak betebehar etiko gisa mantendu eta etengabe hobetu behar dira, profesional horiek ahalik eta arreta onena eman diezaieten zerbitzatzen dituzten herritarrei. Etengabeko prestakuntza oso tresna indartsua da helburu hori lortzeko.
Halaber, prestakuntza-jarduerak antolatuz, profesionalen arteko komunikazioa errazten duten topaguneak sustatzen dira, eta hala, ezagutzaren hedapena kudeatzen da, bilera zientifikoak, ikastaroak, jardunaldiak eta abar antolatuta.
Horregatik, Osasun Sailak positibotzat eta ezinbestekotzat jotzen du, gaixotasunak dituzten pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten irabazi asmorik gabeko fundazio eta elkarteei laguntzea, osasuneko profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa eman diezaieten edo osasun-ikerketa susta dezaten.
Deialdi honen bidez diruz lagunduko diren etengabeko prestakuntzako jarduerak Osasun Sailak legegintzaldi honetarako dituen ildo estrategikoen barruan kokatzen dira, bere lan-arloen barruan.
Deialdi hau jasota dago Osasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduan, zeinaren bidez onartzen baita Osasun Sailaren 2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa. Agindu hori euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, Euskal Administrazioaren Interneteko atarian, URL honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/beste_iragarkia/agindua-2024ko-otsailaren-7koa-osasuneko-sailburuarena-zeinaren-bidez-onartzen-baitira-osasun-sailaren-2024-2028-aldirako-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-eta-2024ko-ekitaldirako-dirulaguntzen-urteko-plana/
Plan horren arabera, osasun-arloko profesionalen prestakuntza diruz lagundu beharreko arlo handietako bat da.
Agindu honetan aurreikusitako jarduerak diruz laguntzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen ondoreetarako ezarritako aurrekontu-kredituetako baliabide ekonomikoak erabiliko dira.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren abenduaren 15eko 6/05 Zirkularraren arabera (Europar Batasunaren aurrean egin beharreko izapideen kontrolari buruzkoa), deialdi honetako laguntzak ezin dira estatu-laguntzatzat hartu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdiaren bidez finantza daitezkeen helburuak edo jarduerak ez baitatoz bat jarduera ekonomikotzat har daitezkeenekin, hezkuntza- eta ikerketa-jarduerak baitira.
Horregatik guztiagatik, eta Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Osasun arloko fundazio eta irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako 2024ko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, osasun arloko profesionalei zuzendutako etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko, agindu honen eranskinean ezarritako moduan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira errekurtsoak jartzeko epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 17a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
ERANSKINA
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da osasun-arloko fundazio eta irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntzetarako deialdia egitea, osasun-arloko profesionalei zuzendutako etengabeko prestakuntzako jarduerak antola ditzaten.
2. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta organo kudeatzailea.
Laguntzak norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dira, hainbanatuta, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluan aurreikusitako lehiaketaren bidez. Horretarako, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, eta agindu honetan aurreikusitako kuantifikazio-irizpideak aplikatuko zaizkie.
Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu laguntzak.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Baliabide ekonomikoen zenbateko osoa 79.409 eurokoa da; horietatik 47.645 euro 2024ko ekitaldiari dagozkio, eta 31.764 euro 2025eko ekitaldiari.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntzak jaso ahal izango dituzte osasunaren arloan diharduten irabazi-asmorik gabeko fundazio eta elkarteek, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta osasun-arloko profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen badiete edo osasun-ikerketa sustatzen badute.
Onuradun edo erakunde laguntzaile izan daitezke dirulaguntza ematea justifikatzen duen egoeran dauden pertsonak edo erakundeak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenak.
Hauek dira onuradun edo erakunde laguntzaile izateko betekizunak, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen (aurrerantzean, DAEL) 13. artikuluaren 1.tik 5.era bitarteko apartatuen arabera:
Pertsona onuradun edo erakunde laguntzaile izateko debekuak Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen (aurrerantzean, DAEL) 13. artikuluaren 1. apartatutik 5.era bitartekoetan daude araututa.
1.– Ezin izango dira lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan honako egoera hauetako batean dauden pertsonak edo erakundeak:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.
f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.
g) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
i) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
2.– Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 11.4 artikuluan aurreikusitako taldeak, baldin eta kideren batek aurreko debekuren bat badu.
3.– Dirulaguntzak jasotzeko galarazpenek honako erakunde eta enpresa hauei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste inguruabar batzuk direla-eta, pentsa badaiteke pertsona horiek parte hartu duten beste erakunde eta enpresa batzuen jarraipena edo deribazioa direla, eraldaketa, bat-egite edo ondorengotzaren ondorioz.
4.– Ezin izango dira, inola ere, lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausetan dauden elkarteak.
Halaber, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik inskribatzeko administrazio-prozedura eten zaien elkarteak, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, harik eta ebazpen judizial irmoa eman arte, zeinaren bidez dagokion erregistroan inskribatu ahal izango baita.
5.– Ezingo dira onuradun edo erakunde laguntzaile izan dirulaguntzei buruzko oinarrizko araudian ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.
6.– Ez zaio emango, emango edo emango inolako dirulaguntza, baliabide edo funts publikorik, ez zuzenean ez zeharka, pertsona fisiko edo juridiko, publiko, pribatu edo finantzaketa mistoko inori, baldin eta LGTBIfobia ekoizten, bultzatzen edo sustatzen badu, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne (Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).
7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, automatikoki balioetsiko dira e) eta g) letretan jasotako debekuak, eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoa beteko da (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa da).
8.– Aurreko puntuetan eta, oro har, deialdi honetan ezarri ez diren gainerako debekuei dagokienez, GZLren 13. artikuluko 6. paragrafotik 9.era bitartekoak aplikatuko dira.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.
1.– Dirulaguntza jaso ahal izango dute erakunde eskatzaileek osasun-arloko profesionalei zuzenduta egiten dituzten etengabeko prestakuntzako jarduerek.
Jarduerak profesional sanitarioen ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak eguneratzera eta hobetzera bideratuta egongo dira, bilakaera zientifiko eta teknologikoaren eta eskaera eta beharren aurrean, sozialak zein osasun-sistemarenak berarenak edo ikerketa sanitarioa sustatzen dutenak.
Diruz lagundu beharreko formatuak hauek dira: kongresuak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, ikastaroak eta tailerrak.
Jarduerak 2024an egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoan.
2.– Diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten dioten gastuak lagunduko dira diruz, behar-beharrezkoak badira, 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean egiten badira eta aurreikusitako baldintzetan justifikatzen badira.
Zehatz-mehatz:
a) Langile-kostuak (prestakuntza ematen duten prestatzaileei, irakasleei edo hizlariei ordaintzea).
Aurrez aurreko ikastaroetan (ordu sinkronoak) ordu bakoitzeko 70 euro ordainduko dira.
Ordu ez-presentzialak edo asinkronoak prestatzailearen benetako dedikazioko orduko 50 eurotan ordainduko dira.
b) Joan-etorriak, ostatua eta mantenua.
Diruz lagundutako prestakuntza-jarduerari berariaz lotutako eta jarduera horretan parte hartzen duten langileek sortutako mota horretako gastuak hartuko ditu barnean. Mantenu gisa 42 euro ordainduko dira eguneko.
c) Inprenta eta erreprografia.
d) Material didaktikoak, prestakuntzakoak eta informatiboak argitaratzea, paperean edo formatu digitaletan.
e) Ikus-entzunezko euskarriak.
f) Zabalkundea eta publizitatea.
g) Irakaskuntza-jarduera garatzeko erabilitako ondasun higiezinen alokairua.
h) Jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuk, betiere prestakuntza-jardueraren fitxan berariaz definitzen badira (I. eranskina) eta zeharkako kostutzat hartu ezin badira.
Zeharkako kostutzat hartzen dira proiektuaren edo jardueraren gastuen parte direnak, baina, beren izaeragatik, indibidualizatu ezin direlako zuzenean egotzi ezin direnak (adibidez: kontsumo elektrikoa, telefonoa, prestakuntza kudeatzen duen erakundeko langileen kostuak, etab.).
Diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen Legearen 30. artikuluan xedatutakora egokitu beharko dira, eta erakunde onuradunek lege horren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera diruz lagundutako jarduerak kontratatu beharko dituzte.
3.– Honako hauek ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko:
a) Erakundeak eratzeko, funtzionatzeko eta mantentzeko gastuak.
b) Gauzazko ekarpenak.
c) Zergak; BEZ eta PFEZ.
4.– Esleitzeko irizpideak eta baremoak.
Irizpide eta baremo hauek aplikatuko dira:
1) Prestakuntza-jardueren ezaugarriak (60 puntu gehienez):
1.a.– 60 puntu emango dira Osasun Sailaren ildo estrategiko hauetan sartuta dagoen prestakuntza-jarduera bakoitzeko:
– Osasun publikoa: nabarmendu behar dira haurren obesitatearen eta elikadura-nahasmenduen prebentzioa; tresna metodologikoen ezarpena (estatistika eta epidemiologia), eta plangintza eta ebaluazioa (beharra, eskaintza eta eskaria, efikazia, eraginkortasuna, efizientzia eta ekitatea, adierazleak, gaixotasunen prebentzio- eta babes-estrategiak, eta osasunaren sustapena).
– Osasun publikoa: nabarmendu behar dira haurren obesitatearen eta elikadura-nahasmenduen prebentzioa; tresna metodologikoen ezarpena (estatistika eta epidemiologia), eta plangintza eta ebaluazioa (beharra, eskaintza eta eskaria, efikazia, eraginkortasuna, efizientzia eta ekitatea, adierazleak, gaixotasunen prebentzio- eta babes-estrategiak, eta osasunaren sustapena).
– Zaintza aringarriak: alderdi kulturalak, sanitarioak, psikosozialak, legezkoak eta etikoak; horiek eskaintzen dituzten zerbitzuen kudeaketa; ikerketa, sintomen kontrola eta erabakiak hartzea.
– Familia eta komunitateko medikuntza: horren garapena sustatzea eta bultzatzea.
– Integrazio asistentziala: zainketa sanitarioak antolatzea, pazienteen emaitzak hobetzea helburutzat hartuta, bereziki prozesu asistentzialak integratuz, EAEko Arreta Integratuaren Planean jasotakoaren arabera.
– Suizidioa prebenitzeko estrategiak: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/estrategia_prevencion_suicidio/es_def/adjuntos/euskadin-suizidioa-prebenitzeko-estrategia.pdf
– Euskadiko Onkologia Planeko ekintzak: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/plan_oncologico_2018_2023/eu_def/adjuntos/euskadi-onkologia-plana-2018-2023.pdf
– Gaixotasun neurodegeneratiboak: Alzheimer-en gaixotasuna, Parkinson-en gaixotasuna eta bestelako parkinsonismoak, alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) eta esklerosi anizkoitza.
– Gaixotasun neuromuskularrak: Duchenne-ren muskulu-distrofia, Steinert-en gaixotasuna, muskulu-atrofia espinala eta miastenia larria.
– Generoa eta osasuna: generoaren eta osasunaren arloko prestakuntza integrala, zeinaren helburua baita zerbitzu sanitarioetako jarduera asistentzialean, plangintzan eta kudeaketan genero-ikuspegia txertatzea, arlo horretako ikerketa-proiektuak egin eta ebaluatzea, ezagutza zientifikoa handituko duten osasunaren eta generoaren arloko ikerketak proposatu eta garatzea, eta arlo sanitarioan genero-indarkeriako kasuak detektatu eta tratatzea.
– Eutanasia.
– Prestakuntza sanitario espezializatuko sistemaren kalitatea hobetzea. Irakasleentzako prestakuntza.
– Gaixotasun kardiobaskularrak: kardiopatia iskemikoa eta iktusa.
– Zahartzea eta kronikotasuna.
– Bioetika.
1.b.– 2024an egindako prestakuntza-jarduera baten edizio bakoitzeko 13 puntu emango dira, 1.a) ataleko baldintzak betetzen ez baditu eta Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluak 1,39tik gorako osagai kualitatiboa (CCL) egiaztatzen badu.
Gehienez ere 4 edizio baloratuko dira aurrez aurreko jardueretan; beraz, atal honetan gehienez ere 52 puntu lortu ahal izango dira.
Jarduera erdipresentzialetan gehienez 2 edizio baloratuko dira; beraz, atal honetan gehienez 26 puntu lortu ahal izango dira.
Onlineko prestakuntza-jardueretan, gehienez, edizio 1 baloratuko da.
Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluak akreditaziorako aurkeztutako eskabideak ere baloratuko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehen, akreditazio-prozeduran xedatutakoaren arabera eska daitezkeen dokumentu guztiekin batera, eta ondoren 1,39tik gorako osagai kualitatiboarekin (CCL) egiaztatzen badira.
1.c.– Osasun Sailak emandako interes sanitarioko ekintza zientifiko bakoitzeko, 45 puntu emango dira aurreko 1.a eta 1.b ataletako baldintzak betetzen ez dituzten eta osasunarekin zerikusia duten zientziak eta teknikak sustatu, aplikatu eta zabaltzeko helburua duten hitzaldi, kongresu, bilera, jardunaldi eta sinposioengatik. Kanpoan geratzen dira helburu nagusitzat prestakuntza duten ikastaroak eta bestelako jarduerak.
2) Lurralde-eremua (20 puntu gehienez).
Prestakuntza-jarduera zuzenduta dagoen lurralde-eremuaren arabera:
– Autonomia-erkidegoa edo hortik gorakoa (20 puntu).
– Lurralde historikoa edo lurralde-eremu txikiagoa (10 puntu).
3) Bertaratutakoen kopurua (20 puntu gehienez).
Bertaratutako/prestatutako pertsonen kopurua:
Ez da dirulaguntzarik emango prestakuntza-jarduerarako edo ediziorako, baldin eta bertaratuen edo prestatutako pertsonen kopurua 10etik gorakoa ez bada.
– 11 eta 50 puntu artean (5 puntu).
– 51 eta 100 puntu artean (10 puntu).
– 101 eta 200 puntu artean (15 puntu).
– 201etik gora (20 puntu).
6. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.
1.– Laguntza jasotzea bateragarria da jarduera bera finantzatzeko beste dirulaguntza batzuekin, baina, guztizko zenbatekoak jarduerak sortzen dituen gastuak gainditzen baditu, laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da soberakinaren arabera.
2.– Laguntzaren erakunde onuradunak berehala jakinarazi beharko dio Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari beste edozein laguntza jaso duela helburu bererako.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.
1.– Eskaera bakarra egingo da erakunde eskatzaile bakoitzeko.
2.– Hilabetekoa da eskabideak eta gainerako dokumentu osagarriak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.
4.– Eskabidearen bidez, ulertuko da erakundeak baimena eman ahal izango diola organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoan kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak, eta, halaber, egiazta dezan betetzen direla administrazio publikoek egindako dokumentuetan jasotzen diren eskakizunak, salbu eta eskabidean erakundea espresuki horren aurka agertzen ez bada. Aurka agertzen bada, erakundeak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu derrigor.
5.– Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko.
6.– Eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko dira:
a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
b) Onuradun edo erakunde laguntzaile izateko debekurik ez izatea. Oinarri arautzaile hauetako 4.
c) Erakunde eskatzailea ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dion zehapen administratibo edo penal baten pean, dagokion epaiak edo ebazpen irmoak ezartzen duen aldian, edo ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko legezko debekuren baten eraginpean, berdintasunaren arloan (debeku horiek jasota daude Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan).
d) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla.
7.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarrietako baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.
8.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
Eskabidea izapidetzeko zehaztapenak eta ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios
Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, 91/2023 Dekretuak, ekainaren 20koak, herritarrei arreta osoa eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzkoak, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duenak.
Eskabidearen osteko izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: http://www.euskadi.eus/identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak - Egoitza elektronikoa - Euskadi.eus
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide hauetan: https://www.euskadi.eus/ ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetuko da egoitza elektronikoan, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
9.– Eskatutako dokumentazioa.
1) Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:
a) Behar bezala legeztatutako estatutuen kopia.
b) Egindako edo proposatutako jarduera bakoitzeko, prestakuntza-jardueraren fitxa bat (I. eranskina).
8. artikulua.– Eskabidea zuzentzea eta hobetzea.
Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, jakinaraziko zaio hori egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. eta 21. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.
1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, dagokion balorazio-batzordea sortuko da, eta honako hauek osatuko dute:
a) Batzordeburua: Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria (Mikel Sánchez Fernández).
Ordezkoa: Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko arduraduna (Antonia Daza Gutierrez).
b) Batzordekideak:
1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoko Asistentzia Sanitarioko zuzendaria (Víctor Bustamante Madariaga).
Ordezkoa: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ospitaleko Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzako zerbitzuburua (Koldo Berganzo Corrales).
2.– Osasun Sailaren mendeko Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluko idazkaria (Javier Latorre Aguillo).
c) Idazkaritza: Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko Zerbitzuko teknikaria, laguntza horiek kudeatzeaz arduratuko dena (Miren Gixane Dañobeitia Olaeta).
2.– Batzordeak, laguntzak emateko aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatuz, txostena egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuz.
Organo kudeatzaileak, espedientea eta batzordearen txostena ikusi ondoren, ebazpen-proposamena egingo du (Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 21.3 artikulua.). Organo horrek, gainera, proposamenarekin batera txosten bat aurkeztu beharko du, eta bertan jaso bere esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun gisa proposatutako erakundeek laguntzak jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela (Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 21.3 artikulua.).
3.– Dirulaguntzen prozeduran behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean esku hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko (Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 8.5 artikulua).
10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
a) Laguntzak baremo honen arabera kuantifikatuko dira, ezarritako mugak gainditu gabe eta esleitutako kredituak iristen diren arte:
– Lortutako puntuazioa 85 puntutik 100era bitartekoa bada, eskaerarekin batera aurkeztutako prestakuntza-jardueraren fitxan agertzen den gastu osoaren % 100 finantzatuko da.
– 75 puntutik 84ra bitartekoa bada, ehuneko 90 finantzatuko da.
– 60 puntutik 74ra bitartekoa bada, ehuneko 80 finantzatuko da.
– 50 puntutik 59ra bitartekoa bada, ehuneko 70 finantzatuko da.
– Balorazioan gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten eskabideak ez dira finantzatuko.
Kongresu bat antolatzeko emango den gehieneko zenbatekoa 4.000,00 eurokoa izango da. Modalitate presentzialean eta mistoan ematen diren gainerako prestakuntza-jardueretarako, gehieneko zenbateko hori 2.000,00 eurokoa izango da, eta online ematen diren prestakuntza-jardueretarako, berriz, 1.000,00 eurokoa.
Erakunde bakoitzak eman beharreko zenbatekoen batura ez da, inola ere, 15.000,00 eurotik gorakoa izango.
Dirulaguntzen lerro honen ondoriozko laguntzen batura dagoen aurrekontua baino handiagoa bada, baremoan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektu guztiak diruz laguntzeko, emandako laguntza bakoitza ehuneko berean murriztuko da, betiere dirulaguntzaren baldintzak, xedea eta helburua aldatzen ez badira.
11. artikulua.– Ebazpena.
1.– Lehiaketa-prozedura Osasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez ebatziko da, organo kudeatzaileak proposatuta.
2.– Dirulaguntza emateko ebazpenak honako hauek jasoko ditu:
a) Erakunde onuradunen zerrenda, emandako guztizko zenbatekoekin, diruz lagundutako jarduera bakoitzeko banakako zenbatekoekin eta horien izenekin.
b) Dirulaguntza jasotzeko eskubidea izateko ezarritako baldintzak ez betetzeagatik ezetsitako jardueren zerrenda, erakundeka multzokatuta, eta atzera egiteagatik ez ematea.
3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean. Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, erakunde interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea ezetsi egin dela, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Ebazpenak argitaratzeko ohar elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
4.– Dagokion prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan zehaztutakoari jarraituz.
5.– Erakunde onuradunak hamar egun balioduneko epea izango du, laguntzak emateko ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, laguntzari berariaz eta idatziz uko egiteko. Bestela, onartu egin duela ulertuko da.
12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk alde batera utzi gabe, agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunen betebeharrak izango dira Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen Legearen 14. artikuluan adierazitakoak:
a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
b) Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.
c) Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.
d) Beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea entitate emaileari.
Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea entitate emaileari.
Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeari buruzkoak ere, betetzen dituztela egiaztatzea dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasun-gaietako eskumena duen saileko titularrak agindu bidez arautuko du hori egiteko modua.
g) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.
h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
i) Lege honen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak betetzea.
j) Lege honen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari berreskuratzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari berreskuratzea.
k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
l) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
13. artikulua.– Gastuak ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da. Lehenengoa, aurrerakin gisa, dirulaguntzaren ehuneko 60, 11.5 artikuluan adierazitako epea igarotakoan ordainduko da, eta bigarrena, gainerako ehuneko 40, dirulaguntza justifikatu ondoren.
Laguntzaren % 60 aldez aurretik ordaintzearen salbuespena (Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorraren Legearen 33.2 artikuluaren arabera egin ahal izango da) justifikatuta dago, horrela lortu nahi baita, alde batetik, prestakuntza ematen duten erakundeek 2024rako aurreikusi diren prestakuntza-jarduera guztiak egiteko behar diren baliabide ekonomikoak izatea, partzialki eta aldez aurretik; eta, bestetik, diruz lagundutako prestakuntza-jarduera guztiak ez egiteak ekarriko lukeen itzultze-eskaeren kopurua murriztea, bigarren ordainketaren bidez ordaindu gabe dauden zenbatekoak doitzea erraztuz.
2.– Gastuen justifikazioa prestakuntza-jarduera bakoitzeko onartutako aurrekontu osoa izango da, eta ez emandako laguntzari dagokion zatia bakarrik.
Erakunde onuradunek honako justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Prestakuntza-jarduera bakoitzaren deskribapen- eta ekonomia-memoria (2024an diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren guztizkoari dagozkion gastuak azalduko dira bertan).
Hala badagokio, diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen xehetasuna, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
b) Gastuen egiaztagiriak, ordainketak egiaztatzeko moduak:
– Banku-transferentziaren frogagiria.
– Banku-mugimenduaren egiaztagiria.
– Txekea (bankuko frogagiriarekin batera).
– Eskudirutan ordaintzeko, erakundearen legezko ordezkariak sinatutako ziurtagiri originala aurkeztu beharko da, ordaintzeko modua justifikatuko duena.
c) Aurrez aurreko prestakuntza-jardueren bertaratzea kontrolatzeko orria eta/edo 5. artikuluko 4. apartatuko 1.a) azpiapartatuan bildutako jarduera mistoetako eta online jardueretako konexioen zerrenda.
3.– Dokumentazio hori, ordenatuta eta argi eta garbi izendatuta, aurkezteko epea 2025eko martxoaren 15era artekoa izango da, egun hori barne.
Justifikatzeko epea amaituta, erakundeak dagozkion dokumentuak aurkezten ez baditu, hamabost eguneko epe luzaezina emango zaio, eta jakinaraziko zaio justifikazioa epe horretan aurkezten ez badu itzulketa eskatuko zaiola, bai eta Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen Legearen 36. eta 46. artikuluetan ezarritako gainerako erantzukizunak ere.
4.– Artikulu honetan aipatzen den dokumentazio guztia bide telematikoz bidali beharko da.
14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren, erakunde onuradunak edukia aldatzeko eskatu ahal izango du, jarduera egiteko epea amaitu baino lehen. DAELren 9.4.k) artikulua.
2.– Era berean, oinarri arautzaile hauetan baimendutako kasuetatik kanpo beste ekarpen batzuk aldi berean lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da. DAELren 16.4 artikulua.
3.– Osasun Sailburuordetzak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, baldintza hauek betetzen direnean (DAELren 25. artikulua):
– Alderdi batek eskatuta men eginez gero, onuradunak jakinarazpena egin behar du, TJLren 14.e artikuluan jasotako betebeharra betez, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.
– Zenbatekoa ez handitzea.
– Benetan egindako edo egingo den jarduera edo jokabidea oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.
– Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak ez egotea onuradunaren borondatearen mende.
– Aldaketa eragin duten elementu eta inguruabar berriek, hasierako emakidan gertatu izan balira, ez zezatela dirulaguntza ukatzea ekarri, eta aldaketa hori ez dadila izan hasieran onetsitako proiektuan funtsezko aldaketa eragiten duen bezain handia.
– Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
Erakunde onuradunak emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu, eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galduko du.
2.– Dirulaguntzak itzultzeko arrazoiei, horretara behartuta dauden erakundeei, itzulketa-prozedurari eta preskripzio-epeari dagokienez, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen Legearen III. tituluko 35.– 43. artikuluetan xedatutakoa beteko da. Artikulu horietan, dirulaguntzak emateko egintzak berrikusteari buruzko guztia jasotzen da.
16. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak betez, jakinarazten da «Irakaskuntza eta garapen profesionala» deritzon tratamendurako erabiliko direla izaera pertsonaleko datuak, Osasun Sailak iragarritako irakaskuntza eta garapen profesionalerako laguntzen eskabideak eta jarraipena kudeatzeko. Tratamenduak ezaugarri hauek ditu:
Arduraduna: Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.
Helburua: Osasun Sailak iragarritako laguntzen eskabideak kudeatzea eta emandako laguntzen jarraipena egitea. Laguntza horien onuradun izan daitezke profesionalen elkargoak, osasun-arloan diharduten irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta espezialitate sanitarioetako erakunde zientifikoak, betiere helburu badute laguntzok beren funtzionamendura edo 2024an etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzera bideratzea.
Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz gauzatutako eginkizunak betetzeko behar den tratamendua (44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, lanbide sanitarioak antolatzeari buruzkoa).
Erakunde edo pertsona hartzaileak: gai horretako eskumenak dauzkaten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea dute interesdunek, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/089300-capa2-eu.shtml