107. zk., 2024ko ekainaren 3a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (130 KB - 3 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2669
47/2024 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Gorlizko Ospitaleko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Gorlizko Ospitalean Zuzendaritzako Idazkari lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egiten den.
Gorlizko Ospitaleko Asistentzia Zuzendaritzan, Zuzendaritzako Idazkari lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarri hauen arabera
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea C2/D2 lanbide-taldean.
b) C2/D2 lanbide-taldeko titulazioa izatea.
c) Lan-esperientzia: gutxienez, 2 urteko esperientzia C2/D2 lanbide-taldean.
d) Euskararen hizkuntza-eskakizuna: 2. HE.
Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planean ezarritako gainerako betebeharrak.
2.– Kontuan hartuko diren merezimenduak.
– Esperientzia antzeko lanpostuetan.
– Ofimatikako ezagutzak: Word, Excel, Access, Power Point.
– Osakidetzako aplikazioen erabilerari buruzko ezagutzak, bai pertsonen kudeaketan (karteldegiak, Osakidetzakoa, Planigune), bai gainerako aplikazioetan (erregistro-liburua, OSASAPU, eta abar).
– Taldean lan egiteko eta kudeatzeko gaitasuna.
– Komunikaziorako, informazioaren transmisiorako eta kalitateko traturako gaitasunak.
Lanpostu horretan aritzeko balioa eransten duten eta interesgarritzat jotzen diren merezimendu guztiak aurkez daitezke.
3.– Euskararen ezagutza.
Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
4.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Gorlizko Ospitaleko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu ahal izango dira.
Interesdunek eskabidea datu pertsonal guztiak bete eta dokumentatutako curriculum vitaerekin batera Gorlizko ospitaleko Langileen Zuzendaritzara (Urezarantza Ibiltokia, 1 - 48630 Gorliz), bidali beharko dute.
Dokumentazioa honelakoa izan behar da:
– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
– Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
– Kontuan hartu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.
CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.
5.– Balorazio Batzordea.
Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei jakinaraziko zaizkie.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake batzordeak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua beraietako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.
6.– Hautaketa-prozedura.
Inolaz ere ezingo dira baloratu deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala aurkeztu eta egiaztatu ez direnak ere.
7.– Prozedura amaitzeko ebazpena.
Honen bidez hasitako prozeduraren amaiera (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Gorlizko Ospitaleko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bitartez egingo da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, intranetean eta Osakidetzako web-orrian argitaratuko da.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Gorliz, 2024ko maiatzaren 20a.
Gorlizko Ospitaleko zuzendari-gerentea,
CARMEN RODRÍGUEZ RODRÍGUEZ.