106. zk., 2024ko maiatzaren 31, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (131 KB - 2 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
2647
65/2024 DEKRETUA, maiatzaren 21ekoa, Vitoria-Gasteizen Salburua Bigarren Hezkuntzako Institutua sortzen duena.
Autonomia-estatutuaren arabera, irakaskuntza Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da, alderdi guztiak, maila eta gradu guztiak, modalitate eta espezialitate guztiak barnean hartuta. Halaber, unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoak sortu, aldatu, zabaldu, batu, sailkatu eta kentzea ere Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen 27.2 eta 27.5 artikuluek, berriz, ezartzen dute Hezkuntza Administrazioari dagokiola irakaskuntzaren programazio orokorra eta ikastetxeen eskola-programazioa egitea, plaza publikoen eskaerari erantzuteko eskaintza nahikoa ziurtatuz, batez ere biztanleria berriko eremuetan.
IES Salburua BHI, Salburu auzoko Bigarren Hezkuntzako lehen institutua, aurreko paragrafoan aipatutako legezko aginduari erantzutera dator, auzo horretako ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzan matrikulatuta dauden ikasleei aukera ematen baitie derrigorrezko hezkuntzan eta, kasuaren arabera, derrigorrezko hezkuntzaren ondokoan jarraitzeko.
Salburuan ez dago Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta derrigorrezko hezkuntzaren ondoko eskaintzarik; eta, ondorioz, etapa horretako ikasleek beste auzo batzuetan sakabanatu behar izaten dira etengabe. Ikusi da egoera hori konpondu egin behar dela, lehenik eta behin auzoko eskolaratze-premiei aurre egingo dien ikastetxe publiko bat martxan jarrita.
Salburua Gasteizen dago (Araba), eta bizitegi-barruti handi bat da. Oraindik etxeak eraikitzen ari dira, baina espero da bukatutakoan 30.000 biztanle baino gehiago bizi izatea han. Gaur egun sektoretan banatuta dago, eta horietatik sei baino ez daude urbanizatuta: Salburua (7. eta 8. sektoreak), San Tomas eta Ibaialde (9. eta 11. sektoreak), Izarra (10. sektorea), Arkaiate (12. sektorea) eta Larrein (13. sektorea). Gaur egun, auzoko ikastetxe publikoetan –hala nola CEIP Salburua HLHI eta CEIP Errekabarri HLHI ikastetxeetan eta auzoko ikastetxe txikiagoetan– dabiltzan haurrek ez dute Bigarren Hezkuntzako ikastetxerik auzoan bertan, eta Gasteizko beste auzo batzuetara jo beharra daukate ikasten jarraitzeko.
Ikastetxeak sortu, kendu eta aldatzeko eginkizuna hezkuntza-administrazioei dagokie, hala baitago jasota urriaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan (Hezkuntzarako Eskubidea Arautzekoa) eta otsailaren 3ko 21/2009 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz besteko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituena, zeina otsailaren 28ko 30/2023 Dekretuak aldatua baitu).
Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2024ko maiatzaren 21ean izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Bigarren Hezkuntzako institutu hau sortzea:
Izena: IES Salburua BHI.
Izen espezifikoa: «Salburuko Institutua»
Kodea: 01007841.
EAEko kodea: 010514.
Herria: Vitoria-Gasteiz.
Udalerria: Vitoria-Gasteiz.
Lurralde historikoa: Araba.
Helbidea: Alba kalea, 2 behea, 01006, Vitoria-Gasteiz.
Unitateak: 6 unitate, mailako, gehienez ere.
2. artikulua.– Zentroa 2024ko uztailaren 1ean jarriko da martxan.
3. artikulua.– Dekretu honen bidez sortutako zentroko lanpostuak zein diren plantilla organikoa onartzen duen dekretuak zehaztuko du.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko maiatzaren 21ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.