Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 2024ko maiatzaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2645

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 13koa, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariarena, zeinaren alde aldeko erabakia ematen baitzaio «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco / Cidre du Pays Basque / Cidre du Pays Basque-Euskal Sagarnoa» jatorri-deitura babestua babesteko eta inskribatzeko eskaerari.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak, Arabako Sagargileen eta Sagardogileen Elkarteak, Sagardo Mahaia Elkarteak, Sagar Uzta Sagardogileen Elkarteak, Fruitel Elkarteak eta Bialka Elkarteak «Euskal Sagardoa / Sidra Natural del País Vasco» jatorri-deitura babestua babesteko eskaera aurkeztu zuten. Espedientea izapidetzeko azken fasean, Frantziako Gobernuak oposizioa aurkeztu zuen, eta Europako Batzordeak kontsultak egiteko epe bat planteatu zuen bi alderdien artean. Kontsulta horien ondorioz, eta mugaren bi aldeetako ekoizleen arteko adostasunaren ondorioz, mugaz gaindiko jatorri-deitura babestu bat izapidetzeari ekin zaio, «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco / Cidre du Pays Basque / Cidre du Pays Basque-Euskal Sagarnoa» izena duena.

Orain, beharrezkoa da aurka egiteko prozedura nazionala hastea eta «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco / Cidre du Pays Basque / Cidre du Pays Basque-Euskal Sagarnoa» jatorri-deitura babestuaren baldintza-agiria jendaurrean jartzeko epea irekitzea, hirugarrenek bi hilabetez aurka egin dezaten, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluak ezartzen duenaren arabera (1335/2011 Errege Dekretua, urriaren 3koa, jatorri-deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak erregistro komunitarioan inskribatzeko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura arautzen duena).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2016ko uztailaren 22an, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza hau kide zen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean, «Euskal Sagardoa / Sidra Natural del País Vasco» jatorri-deitura babestua babesteko eskaera sartu zen. Eskaera hori Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak, Arabako Sagargileen eta Sagardogileen Elkarteak, Sagardo Mahaia Elkarteak, Sagar Uzta Sagardogileen Elkarteak, Fruitel Elkarteak eta Bialka Elkarteak egin zuten, idazki bidez. Era berean, dokumentazio osagarria ere aurkeztu zen.

Bigarrena.– 2016ko irailaren 16an, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren 2016ko abuztuaren 30eko Ebazpena argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), «Euskal Sagardoa / Sidra Natural del País Vasco» jatorri-deitura babestua babesteko eta inskribatzeko eskaerari publizitatea emateko. Horrela, hasiera eman zitzaion aurka egiteko prozedura nazionalari, eta bi hilabeteko epea ireki zen, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, legez Espainian bizi den edozein pertsona fisiko edo juridikok, baldin eta haren legezko eskubide edo interesak ukituta daudela uste badu, aurka egiteko adierazpena aurkeztu ahal izateko. Hori guzti hori, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretua aldatzen duen martxoaren 7ko 149/2014 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta lehen aipatutako Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 96.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Bi hilabete baino gehiago igaro ziren BOEn argitaratu zenetik, eta ez zen inolako aurkakotasun-adierazpenik aurkeztu. Hori dela eta, 2017ko otsailaren 10ean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu zen Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren 2017ko urtarrilaren 16ko Ebazpena, «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco» jatorri-deitura babestua babesteko eta inskribatzeko eskaeraren aldeko erabakia ematen duena. Era berean, 2017ko abuztuaren 4an, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko uztailaren 13ko Agindua argitaratu zen, «Euskal Sagardoa / Sidra Natural del País Vasco» jatorri-deitura babestua onartu eta babes nazional iragankorra ematen duena. Era berean, 2017ko abuztuaren 14ko BOEn, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak espedientea Europako Batzordera bidali zuen.

Laugarrena.– Europako Batzordearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko aldebiko negoziazio-aldi luze bat gauzatu ondoren, azken horrek, aurkeztutako jatorri-deitura babestuaren baldintza teknikoen agiriko zenbait elementu zuzentzeko errekerimenduei erantzunez, inskribatzeko eskaera Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean (EBAO) argitaratu zuen 2023ko otsailaren 9an. Nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduaren 50.2 artikuluaren arabera egiten da argitalpen hori, eta, argitalpen horrekin, Europar Batasunean eta hirugarren herrialdeetan aurkakotza jakinarazteko nahitaezko epeari hasiera ematen zaio.

Bosgarrena.– Horretarako ezarritako epearen barruan, 2023ko maiatzaren 4an, Frantziak erregistro-eskaeraren aurkako adierazpen arrazoitua aurkeztu zuen, bi premisa hauetan oinarrituta:

1.– Erregistroa eginez gero, legez merkaturatzen dituzten izen, marka edo produktuei kalte egingo litzaiekeela.

2.– Sagardoaren elaborazio tradizionala dute, eta «Euskal Sagardoa» eta «Euskal Herriko Sagardo Naturala» erregistratzeko eskatzen den erregistroa egingo balitz, «Cidre Basque» eta «Euskal Sagarnoa» izenek kalte larriak izango lituzkete.

Seigarrena.– Frantziako agintariek Batzordeari bidalitako aurkakotasun-adierazpena ikusita, Batzordeak uste du bidalitako dokumentazioaren arabera onargarria dela. Hori dela eta, 2023ko maiatzaren 16an, horren guztiaren berri eman zitzaien agintari eskatzaileei, eta 2023ko uztailaren 17an, gonbita egin zitzaien bi aldeei, dagozkien elkarrekiko kontsultak has zitzaten, eta hiru hilabeteko epea eman zitzaien, arauz ezarritako moduan.

Zazpigarrena.– Adostasuna lortzeko prozesuaren konplexutasuna kontuan hartuta, 2023ko irailaren 14an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak kontsulta-epea iraupen berarekin luzatzeko eskatu zion Europako Batzordeari. Luzapen hori 2023ko irailaren 27an onartu eta jakinarazi zuen Europako Batzordeak. Hori guztia Nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduaren 51.3 artikuluaren hirugarren paragrafoaren babesean.

Zortzigarrena.– Azkenik, eskatzailearen eta oposiziogilearen artean hainbat hilabetez negoziatu eta informazioa trukatu ondoren, 2024ko urtarrilaren 12an akordio bat lortu zen Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Frantziako agintarien artean mugaz gaindiko jatorri-deitura babestu bat eratzeari buruz, eta jatorri-deitura babestu hori arautuko duen Baldintza Teknikoen Agiriaren eta Dokumentu Bakarraren edukia adostu zituzten. Era berean, «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco / Cidre du Pays Basque / Cidre du Pays Basque-Euskal Sagarnoa» jatorri-deitura babestuaren izenari buruzko akordioa lortu da.

Aurreko aurrekariei dagokienez, honako hauek dira

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.27 artikuluaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio jatorri-deituren eta publizitatearen gaineko eskumen esklusiboa, Estatuaren lankidetzarekin.

Era berean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 8. artikulua garatuz (18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), honako eginkizun hauek ditu: «o) Nekazaritzako elikagaien politika: nekazaritzako elikagaien produktuen sustapena, tipifikazioa, jatorri-deitura eta kalitate-kontrola».

Azkenik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 38/2021 Dekretuaren arabera, 19.1 t) artikuluan, 7.h) letrarekin bat etorriz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio ebazpen hau emateko.

Bigarrena.– Espedientea izapidetzean, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuan aurreikusitako izapideak egin dira (dekretu horren bidez arautzen da jatorri-deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak Europar Batasuneko erregistroan inskribatzeko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura), eta martxoaren 7ko 149/2017 Errege Dekretuaren bidez egindako aldaketak kontuan hartu dira, hasierako eskaera eta izapidetze guztiari, aurkakotasun nazionaleko prozedurari eta abarri dagokienez.

Era berean, etapa hori gainditu eta inskribatzeko eskaera Europako Batzordeari helarazi ondoren, bete dira Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduan ezarritako izapide guzti-guztiak.

Azaldutako guztiagatik, aipatutako arau-gorputz guztiak oinarri hartuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta oro har eta zehazki aplikatu beharreko gainerako arauek agindutako izapideak bezala, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onestea «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco / Cidre du Pays Basque / Cidre du Pays Basque-Euskal Sagarnoa» mugaz gaindiko jatorri-deitura babestua babesteko eta erkidegoko erregistroan inskribatzeko eskaera.

Bigarrena.– Argitara ematea aldeko erabaki hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan emateko oinarri izan den baldintza-agiriaren bertsioari eta dokumentu bakarrari dagozkien testuak, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduaren 49.4 artikuluaren hirugarren paragrafoan horri buruz ezarritakoari jarraikiz: https://www.euskadi.eus/informazioa/jatorrizko-izendapen-babestuak-eta-indikazio-geografiko-babestuak/web01-a2elikal/eu/

Hirugarrena.– Ebazpen hau BOEra bidaltzea, argitara eman dezaten, aldeko erabakiaren publizitatea bermatze aldera, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriora bidaltzea, hark babes- eta inskripzio-eskaera Europako Batzordeari helaraz diezaion, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren 15.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (1335/2011 Errege Dekretua, urriaren 3koa, jatorri-deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak Europako Erkidegoko erregistroan inskribatzeko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura arautzen duena).

Laugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112., 121. eta 122. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 13a.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria,

RAÚL PÉREZ IRACHETA.


Azterketa dokumentala