106. zk., 2024ko maiatzaren 31, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (442 KB - 19 orri.)
- EPUB (710 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2644
AGINDUA, 2024ko maiatzaren 14koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita nekazaritza, arrantza eta elikagaigintzaren sektoreko arlo zientifiko eta teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko 2024ko laguntzetarako (Ikertalent programa).
Martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren bidez, nekazaritza, arrantza eta elikagaigintzaren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzak arautzen dira (Ikertalent programa).
Dekretu horren 15. artikuluak ezartzen du laguntzen urteroko deialdia eskumena duen saileko titularraren aginduz egingo dela eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan argitaratuko dela. Era berean, ezartzen du aginduak gutxieneko eduki hau izango duela: aurrekontu-kreditu eskuragarria, programa bakoitzean iragarriko diren laguntzen kopurua eta bakoitzaren zuzkidura-ekonomikoa, eskabideak aurkezteko epemuga eta hautespen-batzordearen osaera, bai eta eranskin bat ere, zeinean aipatu deialdirako bilduko baitira ikertzaileen eta teknologoen prestakuntzarako estrategiko eta lehentasunezkotzat jotzen diren I+G+Bko jarduketa-proiektuen zerrenda, atxikitze-ikastetxeena, eta proiektu bakoitzean onartu diren titulazioen edo ikasketa-arloena.
Deialdi hau ebazterakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen dirulaguntza-jarduera arautzen duten publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz: Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren betearazpen-erregelamendua eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak agindu honetan ezarritako irizpideen arabera aplikatuko dira.
Laguntza-deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 21eko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2024ko ekitaldirako, doktorego aurreko ikertzaileentzako programarako hamabi laguntzaren eta teknologoak prestatzeko programarako hamar laguntzaren deialdia egitea (Ikertalent Programa 2024), I. eranskinean jasotako zehaztapenen arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan jasota ez dagoen orotan, honako hauetan xedatutakoari jarraituko zaio:
– Dirulaguntzen oinarrizko araubidea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako haren betearazpen-erregelamenduaren oinarrizko arauek osatua.
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen araubidea erregulatzekoa.
– 115/2021 Dekretua, martxoaren 23koa, Nekazaritza, arrantza eta elikagaigintzaren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzak arautzen dituena.
– Dirulaguntzei buruzko aurreko araudian arautu gabekoari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta haren betearazpen-erregelamenduaren oinarrizkoak ez diren alderdiak aplikatuko dira osagarri gisa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean jarri ahal izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 14a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
DEIALDIA
Lehenengoa.– Deitutako laguntzak.
1.– 2024ko ekitaldirako, doktorego aurreko ikertzaileentzako programarako hamabi laguntzaren eta teknologoak prestatzeko programarako hamar laguntzaren deialdia egiten da. Programa arautzen duten oinarriak martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuan jasota daude. Dekretu horren bidez (2021eko martxoaren 31ko EHAA, 65. zk.), nekazaritza, arrantza eta elikagaigintzaren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzak arautzen dira (Ikertalent programa).
2.– Agindu honen II. eranskinean jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bi laguntza-programetarako estrategiko eta lehentasunezkotzat jotzen dituen I+G+Bko proiektuen zerrenda, atxikitze-ikastetxeena, eta proiektu bakoitzean onartu diren titulazioen edo ikasketa-arloena.
Bigarrena.– Iraupena.
Ikertzaileen prestakuntzara bideratutako laguntzek lau urte jarraituko iraupena eta doktorego aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte. Dena den, kontratua desgaitasunen bat duen pertsona batekin hitzartzen bada, laguntzak sei urteko gehieneko iraupena izan dezake, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 8. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.
Teknologoen prestakuntzara bideratutako laguntzek bi urteko iraupena izango dute gehienez ere, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dekretu horren bidez, nekazaritza, arrantza eta elikagaigintzaren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzak arautzen dira (Ikertalent programa).
Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Laugarrena.– Aurkeztu beharreko eskabideak eta dokumentazioa.
1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio laguntza-eskabideak.
2.– Eskabideek agindu honen III. eranskineko edukiak jaso beharko dituzte eta modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1029112
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
3.– Eskabidea honako dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da (martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 16.4 artikulua):
a) Egiaztagiri akademiko osoa, hautagaiak lortutako kalifikazio guztiak eta horiek eskuratu zituen datak adierazten dituena.
b) Curriculum vitaea, edota alegatutako merezimenduen egiaztagiriak.
c) Txosten labur bat, jarduketa-proiektuak zergatik aukeratu diren justifikatuko duena (bost orrialdekoa, gehienez ere); txosten horretan, interesdunak dagokion gaiari buruz zer dakien azaldu beharko da, eta haren profil akademikoa eta profesionala aukeratutako gaiari egokitzen zaizkiola justifikatzen duten merezimendu pertsonalak deskribatuko dira.
d) Hala dagokionean, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 7. artikuluko 2.b) eta 3.b) apartatuetan ageri diren salbuespenak egiaztatzen dituen dokumentazio ofiziala.
e) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiazkoak direla adierazteko:
– Ez dago dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera kondenatuta epai irmo bidez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Ez du hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, ez dago hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, ez dago epailearen esku-hartzearen mende edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
– Ez du eragin Administrazioarekin egindako ezein kontraturen amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
– Ez dago lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean ere: 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa; 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legea, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituena. Edo ez dela sartzen Hauteskunde Araubide Orokorraren 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguen multzoan, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Ez du egoitza fiskala erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako ezein herrialde edo lurraldetan.
– Ez du zehapen-ebazpen irmorik jaso, eta beraz, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraituz dirulaguntzak lortzeko aukera galdu ez izana. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
– Ez du zehapenik jaso Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean jasotako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta hartu beharreko zuzenketa-neurriak hartu eta zehapena bete arte.
– Egunean ditu indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), bai eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak ere.
– Egunean du dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, aurreko paragrafoan aipatutako aginduan ezarritako zehaztapenen arabera.
– Ikertalent programako laguntzak emateko oinarri arautzaileetan eskatutako baldintzak betetzen ditu.
Horretarako, erantzukizunpeko adierazpen bat bete beharko du, agindu honetako IV. eranskineko zehaztapenen arabera.
4.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren bidez egin eta jakinaraziko dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
5.– Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dituzte identitatea, NANa, titulazioa, errolda eta, hala badagokio, bizileku-baimena. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoaren arabera.
Titulazioaren dokumentaziorik izan ezean, eskabideari honako dokumentuetako bat gehitu beharko zaio, ebatz-zati honen hirugarren apartatuan zehaztutako dokumentuez gain:
– Tituluaren eskabidearen frogagiria, titulua lortzeko beharrezkoak diren ordainketak egin direla egiaztatzen duen dokumentuarekin batera.
– Espediente akademikoan ageri den nota, adierazten duena dagokion titulazioaren multzoko proba gainditu dela eta hura jasotzeko beharrezkoak diren ordainketak egin direla.
6.– Eskabidea eta eskatutako gainerako dokumentazioa aztertu ondoren, akatsen bat dagoela edo osatu gabeak direla ikusten bada, organo eskudunak interesdunari hamar eguneko gehieneko epe luzaezinean zuzentzeko eskatuko dio, eta adieraziko dio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, horretarako Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 20.4 artikuluan xedatutakoaren araberako ebazpena eman ondoren.
7.– Interesdunek programetako edozeinetan eskatu ahal izango dute laguntza, eta hiruna proiektu aukeratu ahal izango dituzte, gehienez ere, II. eranskinean jasotako guztien artetik.
8.– Eskabidean ezarritako lehentasun-hurrenkera loteslea izango da, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Bosgarrena.– Eskumena.
Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoa betez, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza da dirulaguntzen prozedura honen organo kudeatzailea, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzako titularrak du ebazteko eskumena.
Azken organo horrek izango du itzulketa-prozedura ebazteko eskumena, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari dagokio espedientea hastea eta izapidetzea.
Seigarrena.– Prozedura.
1.– Kudeatzeko eskumena duen organoak ofizioz egingo ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduketa guztiak, gero datu horietan oinarrituz ebazpen-proposamenak egiteko.
2.– Eskabideak ebaluatu ondoren, nekazaritza, arrantza eta elikagaigintzaren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzak arautzen dituen martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 18. artikuluan aipatzen den kide anitzeko organoak txostena egin beharko du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.
3.– Espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusita, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Bertan, eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, dirulaguntza nori ematea proposatzen den, baita zenbatekoa ere, haien ebaluazioa zehaztuta.
Proposamen hori behin betikoa izango da, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera, hurrengo apartatuan xedatutakoa alde batera utzi gabe.
4.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira, edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie, hamar eguneko epea emanda, alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.
5.– Ebazpen-proposamenek ez diote inolako eskubiderik ematen proposatutako onuradunari Administrazioaren aurrean, eta balizko behin-behineko ebazpen-proposamenek ere ez dute eskubiderik sortuko.
6.– Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
Zazpigarrena.– Ebazpena.
1.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi-agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluak xedatzen duenaren arabera, gehieneko epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunak legitimatuta daude dirulaguntza emateko eskabidea, administrazioaren isiltasunez, ezetsitzat jotzeko.
2.– Laguntzak esleitzeko ebazpenean, programa bakoitzerako eta norberari dagozkion puntuekin, laguntza esleitu zaien hautagaien zerrenda identifikatuko da; baita, laguntzari uko egin edo hura ez onartuz gero, ordezkoen zerrenda eta baztertutako eskabideen zerrenda ere (baztertzea eragin duten arrazoiak adierazita).
Era berean, honako hauek jaso beharko ditu: ordainketaren xedea eta zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua, zein xedapenetan oinarrituta eman den, eta dirulaguntza arautzen duten oinarriek eskatzen dituzten gainerako baldintzak eta betekizunak.
3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluari jarraikiz.
Argitaratzeaz gain, interesdun bakoitzari ebazpen osoa banan-banan jakinaraziko zaio, eta kasuan kasuko pertsonari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuta agertuko dira.
4.– Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeak emandako prozedura-ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Administrazio Prozeduraren urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango du haren aurka, hilabeteko epean, ebazpena eman eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, bai ebazpena eman duen organoaren aurrean, bai Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren titularraren aurrean.
Zortzigarrena.– Zuzkidura ekonomikoa.
1.– Laguntza horiek finantzatzeko aurrekontu osoa, gehienez ere, 2.090.903,84 eurokoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik etorriko da. Zenbateko horretatik 322.140 euro 2024rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 1.768.763,84 euroak, 2025etik 2028ra bitarteko ekitaldietarako konpromiso-kredituei.
2.– Gehieneko aurrekontu orokor horretan, Gizarte Segurantzari atxikitzearen ondoriozko gastua dago sartuta, eta 376.860 euro dira; horietatik 49.140 euro 2024rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 327.720 euro, 2025etik 2028ra bitarteko ekitaldietarako konpromiso-kredituei.
Bederatzigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
Eskatzaileak, onuradun izateko, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 6. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
Halaber, II. eranskinean proiektu bakoitzarentzat adierazitako titulazioetakoren bat izan beharko dute eskatzaileek.
II. eranskinean proiektu bakoitzerako adierazitakoez bestelako titulazio bat onartuko balitz, hautespen-batzordeak haren onarpena justifikatu beharko luke titulazioaren eta proiektuaren edukiak oinarri hartuta.
Hamargarrena.– Laguntzen zenbatekoa.
Laguntzen zuzkidura-ekonomikoaren helburua izango da ikasketa-prozesuan dauden langileen kostua ordaintzea, laguntza mota bakoitzari ezarritako epean. Horrez gain, onuradunek laguntza gehigarri bat jasotzeko aukera izango dute, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
1.– Prestakuntza-prozesuan dauden langileen kostutzat hartuko dira urteko ordainsari ekonomiko gordina eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotari dagokion zenbatekoa. Halaber, prestatzen ari diren ikertzaileentzako laguntzen kasuan, doktorego aurreko kontratua arautzen duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren e) apartatuan xedatutako kalte-ordaina.
Honako hauek dira onartutako diru-zenbatekoak, urteko ordainsari gordin gisa, eta laguntza-modalitate bakoitzari eta prestakuntza-urte bakoitzari dagokienez:
– Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 22.000,00 euro lehen urtean, 23.000,00 euro bigarrenean, 25.000,00 euro hirugarren urtean eta 31.500,00 euro laugarrenean.
Dena den, prestakuntzan dauden ikertzaileei dagozkien laguntzek errespetatu beharko dituzte indarrean dagoen araudiak doktoratu aurreko kontratuentzat ezarritako ordainsarien gutxieneko zenbatekoak, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 12.2 artikuluan adierazten direnak, hain zuzen ere.
– Teknologoak: 17.000,00 euro lehen urtean eta 17.000,00 euro bigarren urtean.
Enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuoten zenbatekoak laguntza mota bakoitzarentzat aplikatu beharreko araudiaren araberakoak izango dira.
2.– Laguntza osagarria: prestakuntza-prozesuak sortutako gastu hauei aurre egitea izango du helburu: batetik, bekarekin lotutako unibertsitate-ikastaroen matrikulazioa eta harekin zerikusia duten kongresu-zientifikoetara, mintegietara, ikastaroetara eta lan-jardunaldietara bertaratzeri dagozkionak; horrez gain, beste ikerketa eta teknologia-zentroetan egingo diren egonaldiek eta laguntzarekin lotutako material bibliografikoak sortutakoak; eta azkenik, doktorego-tesiaren aurkezpenarekin lotutakoak.
Laguntza osagarri gisa onartutako zuzkidura honako hau da, laguntza motaren arabera:
– Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 8.000 euro, 2.000 euro prestakuntza-urte bakoitzeko.
– Teknologoak: 2.000 euro, 1.000 euro prestakuntza-urte bakoitzeko.
Nolanahi ere, urte batean erabili gabeko laguntza osagarriaren zenbatekoa hurrengo urteetan eskuragarri izango du onuradunak, betiere dagokion aurrekontu-programan behar adina kreditu baldin badago.
Hamaikagarrena.– Laguntza ordaintzea.
Martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritako eran ordainduko dira laguntzak. Dekretu horren bidez, nekazaritza, arrantza eta elikagaigintzaren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzak arautzen dira.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikoan alta emanda egon beharko du. Alta emateko edo datuak aldatzeko, interesdunak helbide honetan egin beharko ditu izapideak:
https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
Hamabigarrena.– Hautespen-batzordea.
Eskabideak ebaluatu eta baloratzeko, hautespen-batzorde bat eratuko da: Marisa Fraile Correa (Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako ikerketa-programen arduraduna) izango da batzordeburua, eta Elisa Torre-Enciso Enciso (zuzendaritza bereko enpresa-programaren arduraduna), ordezkoa. Hauek izango dira batzordekideak:Iñaki Rekalde Larizgoitia, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria (ordezkoa: Xabier Andrés Uriarte, zuzendaritza bereko teknikaria) eta Idoia Sasigain Sáenz de Buruaga, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria, idazkari-lanak egingo dituena (ordezkoa: M.ª Carmen González Hernández, zuzendaritza bereko teknikaria).
Hamahirugarrena.– Betebeharrak.
Onuradunek martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 25. artikuluan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte.
Hamalaugarrena.– Datuen babesa.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Datuen babesari buruzko informazio zehatza jasotzeko, honako helbide honetara jo daiteke:
https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/