106. zk., 2024ko maiatzaren 31, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (344 KB - 21 orri.)
- EPUB (127 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2643
62/2024 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren, Kantauriko eta Ebroko Ur Konfederazioen eta Uraren Euskal Agentziarekin sinatutako hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko erkidegoarteko arroetan jabari publiko hidraulikoaren eremuko zenbait jarduera kudeatzeko gomendioa egitekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du aipatutako hitzarmena, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren, Kantauriko eta Ebroko Ur Konfederazioen eta Uraren Euskal Agentziarekin sinatutako hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko erkidegoarteko arroetan jabari publiko hidraulikoaren eremuko zenbait jarduera kudeatzeko gomendioa egitekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 22a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARIA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 22KO 62/2024 EBAZPENARENA
HITZARMENA, TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOAREN, KANTAURIKO ETA EBROKO UR KONFEDERAZIOEN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA URAREN EUSKAL AGENTZIAREN ARTEKOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERKIDEGOARTEKO ARROETAN JABARI PUBLIKO HIDRAULIKOAN ZENBAIT JARDUERA KUDEATZEKO GOMENDIOA EGITEN DUENA
HAUEK BILDU DIRA:
Batetik, Hugo Alfonso Morán Fernández jauna, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Ingurumeneko estatu-idazkaria, 2018ko ekainaren 18ko 574/2018 Dekretuak izendatua, sail horren izenean eta hura ordezkatuz, Eskumenak eskuordetzeari buruzko 2018ko abenduaren 17ko TED/533/2018 Aginduak esleitzen dizkion ahalmenen arabera.
Bárbara Monte Donapetry andrea, Kantaurikoko Konfederazio Hidrografikoaren presidentea, organismo horren legezko ordezkaritzan, Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Funtzio Publikoko zuzendariaren 2024ko otsailaren 14 erabakiaren bidez izendatua, 2001eko uztaileko 20ko 1/2001 Errege Legegintza Dekretuak onartutako Uraren Legearen testu bateginaren 23., 24. eta 30. artikuluetan arroko erakundeari emandako eskumenak erabiliz.
Carlos Arrazola Martínez jauna, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren presidentea, organismo horren legezko ordezkaritzan, Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioko idazkariordearen 2023ko abenduaren 28ko erabakiaren bidez izendatua, 2001eko uztailaren 20ko 1/2001 Errege Legegintza Dekretuak onartutako Uraren Legearen testu bateginaren 23., 24. eta 30. artikuluen arroko erakundeari emandako eskumenak erabiliz.
Bestetik, Arantza Tapia Otaegui andrea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, lehendakariaren 2020ko irailaren 7ko 23/2020 Dekretuaren bidez izendatua (2020ko irailaren 8ko EHAA, 177. zk.), sail horren izenean eta hura ordezkatuz.
Antonio Aiz Salazar jauna, URA Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusia, Eusko Jaurlaritzaren 2020ko irailaren 29ko 200/2020 Dekretuaren bidez izendatua (2020ko urriaren 2ko EHAA, 195. zk.), organismo publiko horren ordezkari gisa.
Aldeek, nork bere erakundearen ordezkari gisa, hitzarmen hau egiteko adinako lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta, horretarako, hau
AZALTZEN DUTE:
Indarreko Uren Legearen testu bateginak –ekainaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartua– jabari publiko hidraulikoaren alorrean estatuari eta autonomia-erkidegoei dagozkien eskumenak arautzen ditu. Horrela, Konstituzioak ezarritako estatuaren lurralde-egitura aplikatzen du baliabide hidraulikoen kudeaketan, betiere zainduz administrazioen eskumenen erabilera gauzatu dadin baliabidearen erabilera arrazionala eta babes egokia bermatzeko behar den lankidetza-eremuan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1989 Lege Organikoaren bitartez onartua– 10.11 artikuluan xedatzen duenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du ur-aprobetxamenduei, kanalei eta ureztaketei dagokienez, urak osoki Euskal Autonomia Erkidegoan barrena doazenean. Estatutuaren beraren 10.33 artikuluan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lan publikoen gainean baldin eta interes orokorraren legezko kalifikaziorik ez badute edo obra horiek egiteak beste lurralde batzuei eragiten ez badie. Halaber, Estatutuak 10.11 artikuluan xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumenak ditu bere lurraldea eta kosta antolatzeko.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 11.1 artikuluan dioenez, administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitateen gomendio utz daitezke, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, efikaziari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago.
Uraren Legearen testu bategineko 17.d) artikuluan xedatutakoaren arabera, autonomia-erkidego baten lurralde-eremua gainditzen duten arro hidrografikoetako jabari publikoari dagozkion baimenak ematerakoan, Estatuko Administrazio Orokorrak eskumena izango du autonomia-erkidegoei kudeaketa-gomendioa emateko, haiek bidera ditzaten horretarako izapideak.
1994ko maiatzaren 31n, orduko Herri-lan, Garraio eta Ingurumen Ministerioak eta EAEko Herri-lan eta Garraio Sailak hitzarmen bat sinatu zuten, Euskal Autonomia Erkidegoari agintzeko Kantauriko eta Ebroko konfederazio hidrografikoetan jabari publiko hidraulikoari eta haren zaintza-eremuari buruzko baimenak izapidetu zitzan, eta halaber Kantauriko arroetan plangintza hidrologikoa egiteko lankidetza-irizpideak zehaztu ziren.
2015eko abenduaren 23an, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, Kantauriko eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Uraren Euskal Agentziak, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldeko erkidegoarteko arroetan jabari publiko hidraulikoaren alorreko zenbait jarduera kudeatzeko gomendioa egiten baita.
2019ko abenduaren 13an, aurreko lerroaldean aipatutako gomendio-hitzarmena aldatzeko eta luzatzeko gehigarria sinatu zen. Horren bidez, zenbait eduki sartu ziren aurreko gomendioan, eta 2023ko abenduaren 24ra arteko indarraldia ezarri zen, alderdietako edozeinek berariaz salatu ezean.
Administrazio publikoen arteko lankidetza-printzipioari men eginez, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak interesgarritzat jotzen dute 2015eko abenduan ezarritako egungo esparrua egokitzea; batetik, efikazia- eta koordinazio-irizpideak erabil daitezen urak Kantauri itsasora eta Ebro arrora isurtzen dituzten arro hidrografikoen lurralde-eremuko entitateen jardunean, eta, bestetik, agindutako eginkizunen kudeaketan efikazia areagotzeko administrazio-jarduera antolatzeko neurriak indartzeko.
Ondorioz, administrazio-prozedurak hobetzeko eta arintzeko, bai eta herritarrei eta prozedura horietan interesa duten beste administrazio batzuei eman beharreko arreta ere hobetzeko eta arintzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluaren esparruan, hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek hau
ERABAKITZEN DUTE:
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak, atxikita dituen Kantauriko eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoekin batera, Uraren Euskal Agentziari (Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikitako erakundea) gomendioa ematen diote lehenengo xedapenean jabari publiko hidraulikoari dagokionez ezarrita dauden jarduerak kudeatzeko.
Hauek dira lan horiek arautzen dituzten lege-xedapenak:
a) Uraren Legearen testu bategina, 2001eko uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartua, bereziki haren 17.d artikulua, zeinaren bitartez Estatuko Administrazio Orokorrak eskumena izango baitu autonomia-erkidegoei kudeaketa-gomendioa emateko, haiek bidera ditzaten ur-jabari publikoari dagozkien baimenetarako izapideak.
b) Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua, 1986ko apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuak onartua.
c) Kantauri Mendebaldeko, Kantauri Ekialdeko eta Ebroren arroko demarkazio hidrografikoetan indarrean dauden plan hidrologikoetan ezarrita dauden xedapenak.
d) Uren eta ingurumenaren alorrean emandako gainerako estatuko xedapen orokorrak.
e) Autonomia-mailako lege hauek: 2006ko ekainaren 23ko 1/2006 Legea, Urarena, eta 2021eko otsailaren 27ko 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala (2014ko azaroaren 19ko 449/2014 Dekretua).
g) Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Antolatu eta Babesteko Lurralde Plan Sektoriala (2007ko martxoaren 13ko 43/2007 Dekretua), eta Hezeguneen Lurralde Plan Sektoriala (2004ko uztailaren 27ko 160/2004).
h) Hitzarmen honetako zehaztapenak. Hona hemen helburu horiek betetzeko
XEDAPENAK
Lehenengoa.– Gomendioan jasotako jarduerak.
Euskal Autonomia Erkidegoan, haren lurralde-eremua gainditzen duten eta urak Kantauri itsasora isurtzen dituzten arroetan –Bidasoa ibaiaren arroa izan ezik–, eta Ebro ibaiaren arroan –beste autonomia-erkidego batzuekin muga egiten duten ibilguak izan ezik–, lan hauek kudeatzeko gomendioa ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari (Uraren Euskal Agentzia), hitzarmen hau garatzeko gidalerroen eranskinean jasotako baldintzetan, zeina dokumentu honi batuta baitago zati bereizezin gisa; lanak egitean, arretaz zainduko da arroaren kudeaketa-batasunaren eta kudeaketaren uniformetasunaren printzipioa, lurraldea dela-eta partikularrengan eraginik ez izateko:
a) Jabari publiko hidraulikoari eta zortasun-eremuei eta zaintza-eremuari buruzko baimenen izapideak egitea, ebazpen-proposamena egin arte, emakida-tituluei lotutako baimenena izan ezik. Proposamenak Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari edo Ebroko Konfederazio Hidrografikoari zuzenduko zaizkio, kasuan kasu, eskumena duen organoak ebatz dezan, hitzarmena garatzeko gidalerroetan ezarritakoaren arabera.
b) Uraren legerian jasotako erantzukizunpeko adierazpenak izapidetzea, Zerbitzu-jardueretara oztoporik gabe iristeari eta zerbitzuetan oztoporik gabe jarduteari buruzko 2009ko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 3.9 artikuluan xedatutakoaren arabera, bai eta 2023ko urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bidez onartutako plan hidrologikoetan jasotakoak ere.
c) Jabari publiko hidraulikoaren polizia-, zaintza- eta kontrol-lanak. Eginkizun horiek gidalerroen eranskinean zehazten dira, eta bidea emango dute Uraren Euskal Agentziak kasuan-kasuan eman beharreko ebazpen-proposamenak egin ditzan.
d) Zehapen-espedienteen izapideak egitea, ebazpen-proposamena egiten den arte, zeina Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari edo Ebroko Konfederazio Hidrografikoari zuzenduko baitzaio, kasuan kasu, eskumena duen organoak ebatzi dezan. Uraren Euskal Agentziak proposatuko ditu instrukzio-egileak, horretarako gaitasun nahikoa duten teknikarien artetik, eta dagokion konfederazio hidrografikoaren lehendakariak izendatuko ditu. Espedienteak arinago izapidetzeko, urtero emango den ebazpen bakar baten bitartez egingo dira izendapenak.
e) Kantauriko eta Ebroko konfederazio hidrografikoei Uraren Legearen testu bateginaren 25.4 artikuluan eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14 quater artikuluan aurreikusitako txostena proposatzea. Azken horretan, autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen ekintzei eta planei buruzko aurretiazko txostena arautzen da.
f) Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 2016ko abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 19. artikuluak (abenduaren 31ko BOE, 316 zk.) aipatzen duen txosten loteslearen proposamena egitea Kantauriko eta Ebroko konfederazio hidrografikoei. Txosten hori nahitaezkoa da ingurumen-baimen integratua bete behar duten jardueretarako baimen-espedienteetan.
Bigarrena.– Kudeaketa-gomendioa eta administrazioen arteko harremanak gidatzen dituzten printzipioak.
1.– Kudeaketa-gomendioaren jarduera guztietan, Uraren Euskal Agentzia izango da herritarrentzako erreferentziako administrazio publikoa. Edozein administrazio izenpetzaileren aurrean interesdunek aurkeztutako dokumentuak Uraren Euskal Agentziara bidaliko dira, hitzarmen honetan agindutako kudeaketa-gomendioa benetan gauzatu dadin.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean kokatuta dagoen jabari publiko hidraulikoaren kudeaketa homogeneoa bermatzeko moduan garatuko da gomendioa, zein arro hidrografikoko den kontuan hartu gabe.
3.– Gomendioan jasotako jardueretan, Uraren Euskal Agentziak bermatuko du jabari publiko hidraulikoaren babesa eta kudeaketa arautzen duten estatuko arauak beteko direla.
4.– Gomendioa behar bezala egikaritu dadin, hitzarmen hau izenpetzen duten administrazioek informazioa etengabe trukatzeko bideak ezarriko dituzte Batzorde Mistoan, batez ere administrazio-espedienteen edukiari buruzko informazioa. Batzorde Mistoari dagokio, halaber, indarrean dagoen lege-esparruaren barruan, kudeaketa-gomendioa aplikatzeko irizpide teknikoak finkatzea, hitzarmen honen bosgarren xedapenak ezartzen duenaren arabera, eta agindutako prozeduren esparruan egiten diren izapide guztietan Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa betetzen dela bermatzea ere.
5.– Estatuaren administrazioak informazio eguneratua emango du esleitutako aprobetxamenduen gainean, jabari publiko hidraulikoaren polizia-lanetan babesa eta lankidetza errazteko.
6.– Gomendioari buruzko espedienteak izapidetzean, baldin eta dagokion konfederazio hidrografikoak uste badu bidezkoa dela Uraren Euskal Agentziak egindako proposamena aldatzea, aldaketak zein baldintzatan egingo diren argitzeko eta zehazteko behar diren harremanak izan eta gero, Uraren Euskal Agentziak proposamen berri bat egingo du 20 egun balioduneko epean, eta, proposamena egokitzat jotzen bada, ebazteko aurkeztuko da. Bestela, konfederazio hidrografikoak dagokion ebazpena emango du.
Hirugarrena.– Errekurtsoak.
Gomendioaren esparruan izapidetutako prozeduretan emandako ebazpenen aurka jarritako aurkaratzeak eta errekurtsoak –barne hartuta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan arroko organismoek emandako kanonen likidazioak– Uraren Euskal Agentziara bidaliko dira hark txostena egin dezan, horretarako eskumena duen organoak ebazpena eman aurretik.
Laugarrena.– Gomendioan jasotako jardueretatik sortutako konpentsazio ekonomikoa.
Gomendio honen xede diren jarduerak egiteko kostu ekonomikoa konpentsatzeko, Uraren Euskal Agentziak milioi bat (1.000.000) euro jasoko ditu urtean.
Diru-kopuru hori ekitaldi ekonomikoa amaitu ondoren ordainduko du Ministerioak, bederatzigarren xedapenean ezarritako hitzarmenaren indarraldian, honako banaketa honen arabera:
Uraren Zuzendaritza Nagusiak 600.000 euro ordainduko ditu urtean, 23 aurrekontu-aplikazioaren kargura, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumena; 05 Zerbitzua, Uraren Zuzendaritza Nagusia; 456A programa, 6. kapitulua, 64. artikulua eta 640 kontzeptua.
Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak 200.000 euro ordainduko ditu urtean, 23 aurrekontu-aplikazioaren kargura, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa, 102 organismoa, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, 456A programa, 6. kapitulua, 64. artikulua, 640 kontzeptua.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 200.000 euro ordainduko ditu urtean, aurrekontu-aplikazio hauen kargura:
100.000 euro urtean: 23 aplikazioa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumena, 104 organismoa, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, 452A programa, 6. kapitulua, 64. artikulua, 640 kontzeptua.
100.000 euro urtean: 23 aplikazioa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumena, 104 organismoa, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, 456A programa, 6. kapitulua, 64. artikulua, 640 kontzeptua.
Bosgarrena.– Jarraipen eta Kontrol Batzorde Mistoa.
Hitzarmen hau behar bezala betetzeko, Jarraipen eta Kontrol Batzorde Mistoa sortzen da, Estatuko Administrazio Orokorreko lau ordezkarik (bi Uraren Zuzendaritza Nagusiaren izenean, eta ordezkari bana konfederazio hidrografiko sinatzaileen aldetik) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren lau ordezkarik osatua. Batzorde Mistoko kideen ordez, bilkuretan, hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek erabakitzen dituzten pertsonek parte hartu ahalko dute.
Batzordeburua urtero txandakatuko da alderdi batetik bestera, eta batzordeburuak izendatuko du idazkaria, zeinak hitza izango baitu, baina botorik ez.
Batzorde Mistoak oinarrizko eginkizun hauek izango ditu:
a) Hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, eta alderdiei proposatzea behar diren erabakiak har ditzaten.
b) Kudeaketa-gomendioa aplikatzeko irizpide teknikoak finkatzea, indarrean dagoen legediaren barruan.
c) Sinatzaile guztien arteko informazio-trukea eta erabakiak hartuko direla bermatzea, hitzarmena egikaritzeko zehaztasun guztiei dagokienez.
d) Beharrezko bada, kudeaketa-gomendioaren kostuen bilakaera aztertuko duen txosten ekonomiko bat egitea, eta konpentsazio ekonomiko egoki bat proposatzea alderdiei.
e) Hitzarmena berrikusteko proposatzea, eta, hitzarmena berrikusten bada edo aldez aurretik iraungitzen bada, administrazio sinatzaileen erabaki-organoei proposatzea sor daitezkeen arazoak.
f) Txosten bat egitea urtean behin, gomendio-hitzarmena zenbateraino bete den eta hitzarmena hobeto betetzeko gauzatu daitezkeen neurriak jasoko dituena.
Batzordekideek egoki iritzitako teknikariak edo adituak gonbidatu ahal izango dituzte bileretara, aztertu beharreko gaiaren izaeraren arabera; bileran hitza izango dute, baina botorik ez.
Urtean behin bilduko da, gutxienez, Batzorde Mistoa ohiko bilkuran, eta betiere alderdietako batek eskatzen duen bakoitzean ere, bereziki hitzarmena arau-aldaketetara egokitu behar denean. Ezohiko bileran, batzordea hilabeteko epean bilduko da, alderdietako edozeinek horri buruzko eskaera fede-emailea egiten duenetik zenbatzen hasita.
Batzorde Mistoak, bere jarduketari eta funtzionamenduari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Aurretiazko Tituluko II. kapituluaren 3. sekzioan kide anitzeko organoentzat xedatutakoa bete beharko du.
Seigarrena.– Epeak.
Gomendioan emandako izapideak egiteko epeak egokiak izan behar dira, ebazteko obligazioa eta legez ezarritako epeetan interesdunei jakinarazpena egiteko obligazioa behar bezala betetzeko moduan, eta betiere gidalerroen eranskinean ezarritako epeen arabera.
Zazpigarrena.– Hitzarmena aldatzea eta salatzea.
Hitzarmen hau izenpetzeko aintzat hartutako indarreko araudian aldaketarik gertatzen bada, eta lege-aldaketa horiek eraginik badute hitzarmeneko xedapenen edukian, alderdi izenpetzaileek hitzarmena berrikusi beharko dute araudi berrira egokitu ahal izateko, aldaketa horiek ezarritako epean. Hitzarmen hau aldatzeko sinatzaileek aho batez har ditzaketen erabakiak dagokion aldaketa-tresna sinatuz formalizatu beharko dira, hasierako onarpena emateko eskatzen diren betekizun eta baldintza berberekin.
Hitzarmena aldez aurretik azkendu ahalko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluan ezarritako edozein indargabetze-kausa dela medio edo arrazoi hauengatik:
a) Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.
b) Hitzarmena ez betetzea, baldin eta ez-betetzea garrantzitsua bada, alderdi kaltetuak salaketa arrazoitua egin ondoren.
c) Alderdietako batek gomendioa baliorik gabe uzteko nahia erakusten badu, gutxienez sei hilabete lehenago beste alderdiari idatziz adierazita.
d) Hitzarmena iraungitzea dakarten legezko xedapenak indarrean sartzea.
e) Hitzarmenaren indarraldia amaitzen bada hura luzatzeko erabakirik hartu gabe.
f) Hitzarmena deusez deklaratzen duen erabaki judiziala ematea.
Jarraipen Batzorde Mistoaren ardura izango da alderdietako erabaki-organoei proposatzea zer arazo sor daitezkeen hitzarmena aldez aurretik iraungiz gero.
Jarduerak amaitzeko modua zehaztuko da beti, kasuan kasuko iraungitzeko arrazoien arabera eta bideratzen ari diren jarduketen egoera partikularra aintzat hartuta.
Zehazki, kudeaketa-gomendioaren likidazio ekonomikoa egingo da, hitzarmen honen laugarren xedapenari jarraituz. Emaitzen titulartasuna Trantsizio Ekologikoaren Ministerioarena eta Kantaurikoko eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoena izango da.
Zortzigarrena.– Informazio eguneratua izateko sistemak.
Kudeaketa-gomendioko jarduerak egiteko, informazio ugari trukatu behar da alderdi gomendio-emailearen eta gomendio-hartzailearen artean; batez ere, gai hauei dagokienez:
– Gomendioko prozedurak izapidetzetik eratorritako informazioa, gidalerroen eranskinean adierazitakoaren arabera.
– Emandako aprobetxamendu-eskubideei buruzko informazio eguneratua eta eskubide horiei lotutako informazio guztia, hala nola emari eratorriak eta ekologikoak, ikuskapenak eta lotutako izapideak.
– Jabari publiko hidraulikoa erabiltzeko kanonak eta isurketak kontrolatzeko kanonak likidatzeko oinarri gisa erabiltzen diren zerrendak, hurrenez hurren Uraren Legearen testu bateginaren 112. eta 113. artikuluetan aurreikusiak.
– Isurketa-baimenekin lotutako autokontrol eta ikuskapenei buruzko informazioa.
Informazio-trukea ahalik eta modurik efizienteenean egin dadin eta eskura dagoen teknologia onenaz baliatu dadin, administrazio izenpetzaileek lantalde tekniko bat sortzea erabaki dute, bi administrazioetako langilez osatua, bi administrazioek informazio eguneratua aldi berean izateko aukera emango dieten komunikazio- eta prozedura-sistema egokiak ezartzeko.
Ildo horretatik, alderdiek konpromisoa hartzen dute guztien baliabideak partekatzeko eta harreman elektronikoetako mekanismoak ezartzen aurrera egiteko, bai administrazio sinatzaileen artean, bai herritarrekiko harremanetan.
Era berean, Uraren Euskal Agentzia izango da gomendatutako prozeduren gaineko tratamendu-eragilea, hirugarrenen datu pertsonalak babesteari dagokionez, eta segurtasun-sistema egokiak ezartzera behartuko da.
Bederatzigarrena.– Eraginkortasun juridikoa eta iraupena.
Hitzarmen honek 2015eko abenduaren 23an izenpetutakoa ordezten du, ondorio guztietarako.
Hitzarmenaren hasierako iraupena lau urtekoa izango da, salbu eta alderdi interesdunetako batek berariaz salatzen badu, zazpigarren xedapenaren arabera, eta alderdiek sinatu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Estatuko Sektore Publikoko Hitzarmen eta Gomendioen Erregistroan (RCESPE) inskribatuko da eta Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratuko da.
Gomendioa lau urte gehiagoz luzatzea adostu ahal izango da, haren indarraldia amaitu aurretik alderdiek horretarako erabakia berariaz hartzen badute.
Luzapenerako, beharrezkoa izango da kontuan hartzea administrazio bakoitzak aurrekontu-arrazoiak direla-eta egin behar dituen barne-izapideak, laugarren xedapenean aurreikusitako prestazio ekonomikoa betetzeko hartu beharreko konpromiso finantzarioak hartzeko.
Hamargarrena.– Zuzenbide aplikagarria.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan aurreikusitakoen izaera du hitzarmen honek, eta Sektore Publikoko Kontratuen 2017ko azaroaren 8ko 9/2017 Legetik kanpo dago, zeinak Espainiako ordenamendu juridikora eramaten baititu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/UE eta 2014/24/UE Zuzentarauak, 6.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Beraz, bere arau bereziek arautzen dute, eta aipatutako legearen printzipioak aplikatuko zaizkio, sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko.
Era berean, kudeaketa-gomendio horri 2001eko uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Uraren Legearen testu bategina aplikatuko zaio, bereziki 17.d) artikuluak jabari publiko hidraulikoari dagokionez Estatuak dituen eginkizunak arautzean egiten duen aurreikuspena.
Hitzarmen honen interpretazioan, aldaketetan, ebazpenean eta ondorioetan sortzen diren eztabaidak hitzarmen honetan aurreikusitako Jarraipen eta Kontrolerako Batzorde Mistoan konpondu beharko dira, ados jarrita.
Auziren bat sortzen bada, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenaren ardurapekoa eta eskumenekoa izango da, jurisdikzio hori arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
Kudeaketa-gomendio hau argitaratu egingo da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 2013ko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Eta hala jasota gera dadin, eta ados gaudela adierazteko, dokumentu hau sinatzen dugu sinadura elektronikoaren datan, eta azken sinatzailearen data (2024ko apirilaren 18.a) hartzen da hitzarmenaren formalizazio-datatzat.
Ingurumeneko estatu-idazkaria,
HUGO ALFONSO MORÁN FERNÁNDEZ.
Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren presidentea,
BÁRBARA MONTE DONAPETRY.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren presidentea,
CARLOS ARRAZOLA MARTÍNEZ.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
ARANTZA TAPIA OTAEGUI.
Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusia,
ANTONIO AIZ SALAZAR.
ERANSKINA
KUDEAKETA-GOMENDIOA GARATZEKO GIDALERROAK
Gidalerro-dokumentu honen xedea da gomendioan emandako jarduera nagusiak eta horien prozedurak biltzea, administrazio- edo prozedura-xehetasunak barne hartuta; izan ere, ulertzen den arren xehetasun horiek gomendioan sartuta daudela, ez dira hitzez hitz aipatzen, ezin delako xehetasun-maila horretara iritsi, eta, osagarri gisa, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, aplikatuko da.
Gomendioa betez, gomendio-emaileak eta gomendio-hartzaileak ahalik eta arreta handienarekin izapidetuko dituzte prozedurak eta espedienteak, administrazio-isiltasuna saihestuz, eta, beraz, alderdi guztiek konpromisoa hartuko dute prozedurak beti berariaz ebazteko. Horretarako, proposamenak ebazteko behar besteko aurrerapenarekin egin eta bidaliko dira, legez aurreikusitako epeak betez.
Era berean, administrazio gomendatzaileak arreta jarriko du ebazpen-proposamenak jaso eta hilabeteko epean emateko ebazpenak.
Eranskin honetan zehazten diren jarduerak berrikusi eta egokitu egin beharko dira, ahalik eta efizientzia gehien lortzeko jarduerok burutzean, eta administrazio-espedienteen izapidetze elektronikorako teknologia berriak ezartzeko.
Ildo horretan, eta lankidetzan ahalik eta gardentasun eta informazio gehien emateko, arreta berezia eskainiko zaio aprobetxamenduei buruz (jada emandakoak edo emateko izapideetan daudenak) eskuratzen diren eskubideen gaineko informazio eguneratua bidaltzeari, bai eta isurketen kontrolari buruz dauden datuei ere. Zehapen-prozedurak alde batera utzita –horiek dagokion konfederazio hidrografikoak jakinaraziko baititu, aldi berean ebazpena Uraren Euskal Agentziari jakinarazita–, gomendatutako jarduerei dagokienez konfederazio hidrografikoek hartzen dituzten prozeduren ebazpenak Uraren Euskal Agentziaren bidez jakinaraziko dira, arloko erreferentziazko administrazio edo organismo publiko gisa egiten duten jardueraren testuinguruan.
I.– Baimenak izapidetzea.
I.0.– Baimenak izapidetzeko, ebazteko eta bidaltzeko epea.
Jabari publiko hidraulikoan nahiz zaintza-eremuan obrak eta jarduketak baimentzeko prozedurek sei hilabeteko legezko epea dute ebazteko, interesdunak baimen-eskaera egiten duen egunetik zenbatzen hasita.
Aurreko guztiarekin bat etorriz, administrazio gomendatuak dagokion konfederazioari bidaliko dio ebazpen-proposamena, gehienez ere bost hilabeteko epean, eskaera jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita.
Konfederazioek gehienez ere hilabeteko epean igorriko dituzte ebazpenak, ebazpen-proposamena jasotzen duten egunetik zenbatzen hasita.
I.1.– Obrak egiteko baimenak:
Urak egin beharrekoa:
Eskabidea eta dokumentazioa jaso eta erregistratu. Agiri horiek konfederazioetako edozeinetan aurkezten badira, erregistratu eta Urara bidaliko dira.
Espedientea ireki. Espedientea irekiko da, hala badagokio, hilabete baino lehenago, eskabidea sarrera-erregistroan sartzen den egunetik kontatzen hasita.
Eskatzaileari eta konfederazio hidrografikoari jakinarazi espedienteari hasiera eman zaiola, eta konfederazioari jakinarazi ezen, berez haren eskumena bada ere, berariaz izenpetutako kudeatzeko gomendioaren arabera, ebazpen-proposamena egin arteko izapideak Ura ur-agentziak egingo dituela.
Beharrezko bada, ebazpen-proposamena egiteko dokumentazio osagarria bidal dezan eskatuko zaio eskatzaileari, berariaz adieraziz zer epe duen erantzuteko, eta jakinaraziz ebazteko epea eten egiten dela eskatutako dokumentazioa jasotzen den arte. Epea igarota, eskatzaileak ez baditu bete izapideak, konfederazio hidrografikora bidaliko da espedientea, artxibatzeko proposamenarekin batera, dagokiona egin dezan.
Obra-proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen araberako ingurumen-ebaluazioaren prozedurari lotuta badago, haren sustatzaileari (baimenaren eskatzaileari) eskatuko zaio ingurumen-organo eskudunak emandako ingurumen-adierazpena aurkezteko.
Hala badagokio, informazio publikoaren testua idatzi eta BOEra bidali, eta Ura Uraren Euskal Agentziaren interneteko atarian argitaratu. Informazio publikoa noiz behar den, uren araudiak berariaz eskatutako kasuetan baino ez dela emango ulertuko da.
Informazio publikoa egin izanaren ziurtagiria, informazio hori egitea nahitaezkoa denean.
Beharrezkoa bada, ibaien zaintza-zerbitzuak edo teknikariak bertatik bertara egindako konfrontazioa.
Txosten teknikoa eta baldintza partikularren proposamena. Proiektuaren ingurumen-ebaluazioa egin bada, uraren legerian aipatzen diren edo eragina duten haren baldintzak jasoko dira baimenean.
Entzunaldiaren izapidea, beharrezkoa bada.
Ebazpen-proposamena –gaztelaniaz edo ele bitan idatzita–, zeina konfederazio hidrografikora bidali beharko baita hark aintzat har dezan, jatorrizko espedientearekin batera. Espediente hori euskaraz idatzita egon daiteke, dokumentu hauek izan ezik: a) eskatzailearen eskabidea, b) txosten teknikoa eta proiektu teknikoaren ondorioak.
Konfederazio hidrografikoak egin beharrekoa:
Ebazpen-proposamena eta jatorrizko espediente osoa jaso.
Ebazpen-proposamenaren azterketa teknikoa eta administratiboa.
Uste bada beharrezkoa dela Urak egindako proposamena aldatzea, lehendabizi aldaketak argitzeko eta zehazteko behar diren hartu-emanak izan behar dira; jarraian, Urak beste proposamen zuzendu berri bat egingo du, 20 egun balioduneko epean, eta, azkenik, egokitzat hartzen bada, ebazteko aurkeztuko da. Bestela, konfederazio hidrografikoak ebatziko du.
Ebazpena izenpetu eta Urara bidali, eskatzaileari helaraz diezaion.
Urak egin beharrekoa:
Ebazpena jaso.
Ebazpena eskatzaileari, organismoei eta espedientean interesdun direnei helarazi. Bidalketa hori euskaraz egin ahalko da, espedientea ireki dela jakinarazteko idazkirako adierazitako baldintzetan; bertan, Uraren logotipoa jarriko da eta adierazi konfederazio hidrografikoa dela organo eskuduna.
Konfederazio hidrografikoari bidali eskatzaileari ebazpena jakinarazi izanaren agiria.
Obrak egiteko epea amaitu ondoren, Urako zerbitzu teknikoek ebazpenean ezarritakoa bete dela egiaztatuko dute eta konfederazio hidrografikora bidaliko dute dagokion txostena, kasuan-kasuan egin beharrekoa egin dezaten.
Konfederazio hidrografikoak, aginduzko izapideak bete direla egiaztatu ondoren, espedientea eta jatorrizko dokumentazioa artxibatuko ditu bere bulegoetan.
Uneren batean, beharrezko bada izapide osagarriren bat egitea emandako baimenari dagokionez –titulartasun-aldaketak, luzapena, eta abar–, lehenago deskribatutako prozedurari jarraituko zaio.
I.2.– Isurketak baimentzea.
Urak egin beharrekoa:
Eskabidea eta dokumentazioa jaso eta erregistratu. Agiri horiek konfederazioetako edozeinetan aurkezten badira, erregistratu eta Urara bidaliko dira.
Espedientea ireki. Espedientea irekiko da, hala badagokio, hilabete baino lehenago, eskabidea sarrera-erregistroan sartzen den egunetik kontatzen hasita.
Eskatzaileari eta konfederazio hidrografikoari jakinarazi espedienteari hasiera eman zaiola, eta konfederazioari jakinarazi ezen, berez haren eskumena bada ere, berariaz izenpetutako kudeatzeko gomendioaren arabera, ebazpen-proposamena egin arteko izapideak Ura ur-agentziak egingo dituela. Berariaz adieraziko da izapidetzeko legezko epea.
Beharrezko bada, ebazpen-proposamena egiteko dokumentazio osagarria bidal dezan eskatuko zaio eskatzaileari, berariaz adieraziz zer epe duen erantzuteko. Epea igarota, eskatzaileak ez baditu bete izapideak, konfederazio hidrografikora bidaliko da espedientea, artxibatzeko proposamenarekin batera, dagokiona egin dezan.
Dokumentazioa aztertu eta, beharrezkoa bada, bertatik bertarako bisitaldia.
Informazio publikoaren izapidea egin aurreko txostena.
Isurketa desegokia bada, ukatzeko proposamena bidali eta jatorrizko espediente osoa konfederazio hidrografikoari helarazi.
Egokia bada, informazio publikoaren testua idatzi eta Estatuko Aldizkari Ofizialera bidali argitaratzeko. Iragarki hori Uraren interneteko atarian ere argitaratuko da.
Eskaera eta informazio publikorako prozedura kasuan-kasuan eragindako foru-aldundiari eta udalari ere jakinaraziko zaizkie.
Informazio publikoa eman izanaren ziurtagiria.
Txosten tekniko-administratiboa.
Baldintzen aurreko proposamena –gaztelaniaz edo ele bitan idatzita– konfederazio hidrografikora bidali, bide elektronikoz igorritako espedientearekin batera, hark aintzat har dezan. Espediente hori euskaraz idatzita egon daiteke, dokumentu hauek izan ezik: a) eskatzailearen eskabidea, b) txosten teknikoa eta proiektu teknikoaren ondorioak.
Konfederazio hidrografikoak egin beharrekoa:
Baldintzen aurreko proposamena eta jatorrizko dokumentazioa jaso.
Espedientearen azterketa teknikoa eta administratiboa.
Txosten teknikoa idatzi, baldintzen aurreko proposamenarekin bat etorrita edo ez, eta, hala badagokio, argi adierazita zer aldaketa egin behar diren.
Txostena Urari bidali.
Urak egin beharrekoa:
a) Konfederazio hidrografikoaren adostasun-txostena jasoz gero, eskatzaileari jakinarazi.
Alegazio-txostena, hala badagokio.
Konfederazio hidrografikoari ebazpen-proposamena eta, hala badagokio, alegazioak eta dagokion txostena bidali.
b) Konfederazio hidrografikoa ados ez badago, Urak beste proposamen zuzendu bat egingo du 20 egun balioduneko epean.
Konfederazio hidrografikoak egin beharrekoa:
Ebazpen-proposamena eta dokumentazioa jaso.
Espedientearen azterketa teknikoa eta administratiboa.
Proposamena onartzeko ebazpena landu eta Urara bidali.
Hala badagokio, Urari beste ebazpen-proposamen bat egiteko eskaera arrazoitua.
Urak egin beharrekoa:
Ebazpena eskatzaileari, organismoei eta espedientean interesdun direnei helarazi. Bidalketa hori euskaraz egin ahalko da, espedientea ireki dela jakinarazteko idazkirako adierazitako baldintzetan; bertan, Uraren logotipoa jarriko da eta adierazi konfederazio hidrografikoa dela organo eskuduna.
Konfederazio hidrografikoari bidali eskatzaileari ebazpena jakinarazi izanaren agiria.
Beste ebazpen-proposamen bat egin behar bada, gehienez ere 20 egun balioduneko epean egingo da.
Arazketa-instalazioen azken ikuskapena.
Urak egin beharrekoa:
Urak prozedura izapidetuko du, eta honela jardungo du, kasuan-kasuan:
Dokumentazioa jaso: eskatzailearen jakinarazpena edo administrazio hidraulikoaren entitate laguntzailearen txostena eta analisiak.
Dokumentazio osagarria eskatu, beharrezkoa bada.
Egiaztatu arazketa-instalazioak eraiki direla konfederazio hidrografikoak aurretik onartutako baldintzen arabera.
Azken ikuskapenaren eta isurketa-baimenaren ebazpen-proposamena.
Azken ikuskapenaren eta isurketa-baimenaren ebazpen-proposamena konfederazio hidrografikora bidali.
Konfederazio hidrografikoak egin beharrekoa:
Jatorrizko proposamena eta dokumentazioa jaso.
Espedientearen azterketa tekniko-administratiboa eta txostena egin.
Uste bada beharrezkoa dela Urak egindako proposamena aldatzea, lehendabizi aldaketak argitzeko eta zehazteko behar diren hartu-emanak izan behar dira; jarraian, Urak beste proposamen zuzendu berri bat egingo du, 20 egun balioduneko epean, eta, azkenik, egokitzat hartzen bada, ebazteko aurkeztuko da. Bestela, konfederazio hidrografikoak ebatziko du.
Isurketa-baimena emateko prozeduraren ebazpena egin, eta Urara bidali.
Urak egin beharrekoa:
Ebazpena jaso.
Ebazpena eskatzaileari eta interesdun diren organismoei helarazi.
Bidalketa hori euskaraz egin ahalko da, espedientea ireki dela jakinarazteko idazkirako adierazitako baldintzetan; bertan, Uraren logotipoa jarriko da eta adierazi konfederazio hidrografikoa dela organo eskuduna.
Konfederazio hidrografikoari bidali eskatzaileari ebazpena jakinarazi izanaren agiria.
Konfederazio hidrografikoak, aginduzko izapideak bete direla egiaztatu ondoren, espedientea eta jatorrizko dokumentazioa artxibatuko ditu bere bulegoetan.
Beste izapidetze-prozedura batzuk:
50 eta 250 biztanle-baliokideren arteko hiri-isurketa edo antzekoak baimentzeko prozedura sinplifikaturako (Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan ezarritakoaren arabera), egiaztatu ondoren isurketa bateragarria dela ingurune hartzailearen ingurumen-helburuekin eta hirugarrenen eskubideekin, isurketarako baimena emango da, informazio publikoaren izapidea egin beharrik gabe eta Autonomia Erkidegoaren txostena eskatu beharrik gabe.
Era berean, garrantzi txikiko isurketetarako (50 biztanle-baliokide baino gutxiagoko etxeko hondakin-urak), Urak baimenaren ebazpen-proposamena igorriko dio konfederazio hidrografikoari, informazio publikoa emateko izapiderik egin beharrik gabe eta txostenak eskatu beharrik gabe.
Isurketa-espedienteei buruzko gainerako prozeduretarako –titulartasun-aldaketak, aldaketak, errekurtsoak, iraungitzeak edo isurketa ez baimenduak, esaterako–, dagokion izapidean adierazitako moduan jokatuko da, betiere uren-araudian ezarritakoa aintzat hartuta.
Isurketen kontrolari lotutako datuak trukatzea, hitzarmenaren zortzigarren xedapenean aurreikusitako baldintzetan.
Kantauriko eta Ebroko konfederazio hidrografikoek beren eskumeneko isurketak kontrolatzeko datuak izan ditzaten, Uraren Euskal Agentziak isurketa horien autokontrolei eta ikuskapenei buruzko informazio eguneratua emango du. Informazio-truke hori elkarrekikoa izango da, baldin eta konfederazioek gomendio honen eraginpeko isurketak ikuskatzeko lanak egin badituzte.
II.– Erantzukizunpeko adierazpena.
Urak sarrera emango die, Uraren edozein bulegotan, jasotzen diren erantzukizunpeko adierazpenei.
Erantzukizunpeko adierazpena aztertu, eta egiaztatzen bada indarreko legedian ezarritako eskakizunak betetzen direla, konfederazio hidrografikora bidaliko da erantzukizunpeko adierazpen hori, jarduketa eskatutako baldintzetan gauzatzea bidezkoa dela proposatzen duen idazki batekin batera.
Erantzukizunpeko adierazpena aztertu ondoren, ikusten bada datu, adierazpen edo dokumenturen bat zehaztugabea dela edo faltsutu egin dela, edo egiaztatzen bada aplikagarria den legedian ezarritako eskakizunen bat ez dela betetzen, erantzukizunpeko adierazpen hori konfederazio hidrografikora bidaliko da, erantzukizunpeko adierazpena desegokitzat jo eta, beraz, baliogabetu dadila proposatuko duen idazki batekin batera.
Baldin eta konfederazio hidrografikoak jarduketa gehigarriren bat egiten badu –nabigaziorako matrikula-plakak eta abar–, komunikazio bat bidaliko du Urara, horren berri emateko.
III.– Jabari publiko hidraulikoaren zaintza, kontrola eta polizia.
III.0.– Urak bere ikuskatzaileen bitartez egingo ditu bere zaintza-lanak jabari publiko hidraulikoan eta haren zortasun-eremuetan eta ibilguetako zaintza-eremuetan.
III.1.– Zaintza-lanak.
Zaintza-lana honetan datza: ibilguak, ertzak eta eragin-eremuak begiz ikuskatzea, horietan garatzen diren jarduera guztiek uren araudian ezarritakoa betetzen dutela kontrolatzeko.
Ikuskapenaren helburua da atzematea zein diren arroko organismoaren baimena behar duten jarduerak –obrak edo hondakin-uren isurketak, esaterako–, edo erantzukizunpeko adierazpena behar dutenak, eta uren-araudiari buruzko informazioa ematea herritarrei eremuan bertan.
Zaintza-lanak egiterakoan, kontuan hartu behar da lehenik eta behin zer dioen kasuan kasuko arro-planak; batez ere, egoera okerrenean dauden ur-masak aintzat hartuta, zeinetan litekeena baita isurketen edo aprobetxamenduen ondorioz eragin berezia sortzea, edo emari ekologikoak ez errespetatzea.
III.2.– Obrak egiteko baimenekin eta erantzukizunpeko adierazpenekin lotutako ustezko arau-hausteak atzematea.
Urak egin beharrekoa:
Arau-hauste bat atzematen denean, edo salaketa bat jasotzen, bisita bat egingo du bertara eta dagokion txostena idatzi, gertakariak deskribatuz, arau-hausle posiblearen datuak, argazkiak eta koordenadak emanez, bai eta interesgarri izan daitekeen bestelako informaziorik ere.
Dokumentazioa arloko arduradunari helarazi, emandako informazioaren arabera kalteak balora ditzan, eta txosten teknikoa idatzi, zehapen-prozedura hastea edo ez hastea proposatuz; prozedura hastea erabakiz gero, gidalerro hauen IV. apartatuaren arabera jardungo da.
III.3.– Jabari publiko hidraulikora egindako isurketen inguruan egin daitezkeen arau-hausteak atzeman.
Urak egin beharrekoa:
Baimenik gabeko isurketa bat edo baimen-baldintzak urratzen dituena detektatzen bada, bertatik bertara jaso gertakari guztien eta arau-hausle posiblearen datuak, argazkiak eta koordenadak, bai eta interesgarri gerta daitekeen bestelako edozein informazio ere.
Laginak hartu eta laborategira bidali, analizatzeko.
Uran jaso analisiaren emaitzak.
Dokumentazioa arloburuari bidali, analisiaren emaitzak ikusita kalteak baloratzeko, eta txosten teknikoa idatzi, zehapen-prozedura hastea edo ez hastea proposatuz.
Proposamena konfederazio hidrografikora bidali, gidalerro hauetako IV. atalean deskribatzen diren faseei jarraituz.
III.4.– Aprobetxamendu irregularren inguruan gerta daitezkeen arau-hausteak detektatzea.
Urak egin beharrekoa:
Aprobetxamendu irregularrik detektatzen bada, bertatik bertara bildu gertakari guztien eta arau-hausle posiblearen datuak, argazkiak eta koordenadak, bai eta interesgarri gerta daitekeen bestelako edozein informazio ere.
Dokumentazioa arloburuari bidali, aurkeztutako informazioa ikusita kalteak baloratzeko, eta txosten teknikoa idatzi, zehapen-prozedura hastea edo ez hastea proposatuz.
III.5.– Aprobetxamenduak ikuskatzea.
Konfederazio hidrografikoak egin beharrekoa:
Urari bidali emandako aprobetxamendu-eskubideei buruzko informazio eguneratua eta eskubide horiei lotutako informazio guztia, hala nola emari eratorriak eta ekologikoak, ikuskapenak eta lotutako izapideak (hitzarmeneko bigarren xedapeneko bosgarren puntua eta zortzigarren xedapena).
Urak egin beharrekoa:
Emakida-eskubideen erabilera desegokia detektatzen bada, bertatik bertara bildu gertakari guztien eta arau-hausle posiblearen datuak, argazkiak eta koordenadak, bai eta interesgarri gerta daitekeen bestelako edozein informazio ere.
Dokumentazioa konfederazio hidrografikora bidali.
III.6.– Hertsapen-isunak jartzeko bisitak (zeharkakoa prozedura guztietarako).
Urak egin beharrekoa:
Dagoeneko ebatzita dauden zehapen-espedienteetan, bertatik bertara egiaztatu gertakariak salatu zireneko egoera berean dauden.
Txostena idatzi eta konfederazio hidrografikoari bidali.
Espedienteak artxibatu.
Konfederazio hidrografikoak, aginduzko izapideak bete direla egiaztatu ondoren, espedientea eta jatorrizko dokumentazioa artxibatuko ditu bere bulegoetan.
IV.– Zehapen-espedienteak izapidetzea.
Urak egin beharrekoa:
Salaketa, ofizioz edo hirugarren batek egina, jaso eta erregistratu. Salaketa konfederazioetako edozeinetan aurkezten bada, horren kopia Urara bidali.
Txosten teknikoa, zehapen-prozedura hastea edo ez hastea proposatuz. Prozedura hasteko arrazoirik ez badago, konfederazio hidrografikoari proposatuko zaio zehapen-prozedura ez hastea. Kautelazko neurriak hartzea ere proposa daiteke.
Proposamena konfederazio hidrografikoari helarazi, hasteko erabakia har dezan (eta, hala badagokio, kautelazko neurriak har ditzan), edo ez hasteko erabakia har dezan.
Uste bada beharrezkoa dela Urak egindako proposamena aldatzea, lehendabizi aldaketak argitzeko eta zehazteko behar diren hartu-emanak izan behar dira; jarraian, Urak beste proposamen zuzendu berri bat egingo du, 20 egun balioduneko epean, eta, azkenik, egokitzat hartzen bada, ebazteko aurkeztuko da. Bestela, konfederazio hidrografikoak ebatziko du.
Hala badagokio, kargu-orria egin eta interesdunari jakinarazi.
Kargu-orriari egindako alegazioak aztertu, halakorik baldin badago.
Entzunaldiaren izapidea, hala badagokio. Frogak egin, hala badagokio.
Ebazpen-proposamena, instrukzio-egileak egina.
Espedientea konfederazio hidrografikoari bidali. Espediente osoa bidaliko da, ongi antolatua eta instrukzio-egilearen proposamenari egindako alegazioekin eta Urak egindako ebazpen-proposamenarekin batera.
Urtero, instrukzio-egileen proposamena, hastekoak diren zehapen-espedienteetarako.
Konfederazio hidrografikoak egin beharrekoa:
Urtero, hastekoak diren zehapen-espedienteetarako instrukzio-egileek egindako proposamena ebatziko du.
Espedientea jaso. Arroko organismoak jasoko du, prozedura iraungitzeko epea bete baino hilabete lehenago gutxienez. Aurreko epea lau edo bost hilekoa izango da arau-hauste astunentzat eta oso astunentzat.
Espedientea aztertu.
Ebazpena eman, eta prozedura hasi zaion pertsona edo entitate interesdunari jakinarazi, eta prozedura hori Urara bidali.
Urak egin beharrekoa:
Konfederazio hidrografikoari jakinarazi ebazpenean zehatuari ezarri zaizkion betebeharrak «egin» ote dituen.
Konfederazio hidrografikoak, aginduzko izapideak bete direla egiaztatu ondoren, espedientea eta jatorrizko dokumentazioa artxibatuko ditu bere bulegoetan.
V.–Legeztatzeko eta lehengoratzeko (landareberritzea) espedienteak izapidetzea.
Urak egin beharrekoa:
Baimena aginduzkoa izanda ere, hura gabe egiten diren jarduketen kasuan, edo baimenaren baldintzak gainditzen direnean, kalteak eragiten badira edo jabari publiko hidraulikoan edo haren zortasun- eta zaintza-eremuetan edozein motatako objektuak, materialak edo substantziak uzten edo isurtzen badira, Urak prozedura bat hasiko du –eta bideratu ere bai, hala badagokio–, legezkotasuna lehengoratzeko, bai eta eremua landareberritzeko eta eragindako kalte-galerak konpontzeko ere, eta dagozkion behin-behineko neurriak hartzeko.
Kasu horretan, dagokion espedientea bideratu eta izapidetuko du konfederazio hidrografikoak urtero Urako langileen artean izendatutako instruktorearekin batera.
Instrukzioa amaitutakoan, instruktoreak ebazpen-proposamena egingo du, eta dagokion konfederazio hidrografikoari igorriko dio, espediente osoarekin batera.
Konfederazio hidrografikoak egin beharrekoa:
Dagokion ebazpena emango du, eta espedientea amaitutzat emango du. Jarduketak legeztatzea ez dakarrenean, legez kanpo uzteko deklarazioa eta bidegabeki eraikitakoa eraisteko agindua etorriko da, edo aldatutako espazioa legez kanpoko jarduketen aurreko egoerara lehengoratzeko agindua.
Ebazpena eman, eta prozedura hasi zaion pertsona edo entitate interesdunari jakinarazi, eta prozedura hori Urara bidali.
Urak egin beharrekoa:
Prozeduraren ebazpena administrazio-bidean irmoa denean, hura zuzenean bete edo betearaziko du, ebazpenak emandako baldintzetan, eta emaitza konfederazio hidrografikoari jakinaraziko dio.
Betebeharra duen pertsonak edo entitateak ebazpena betetzen ez badu, Urak egiaztatuko ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 97.etik 105.era bitarteko artikuluetan administrazio-egintzak betearazteko legez aurreikusitako izapideak.
Horretarako, egoki iritzitako ebazpen-proposamenak egin eta bidaliko ditu konfederaziora, eta, hala badagokio, betearazte subsidiariorako beharrezkoak direnak sartuko ditu.
Konfederazio hidrografikoak egin beharrekoa:
Beharrezkoak diren ebazpenak emango ditu, eta Urari jakinarazi, betearazpenak eragina izan dezan edo benetan gauzatu dadin.
Ebazpena eman, eta prozedura hasi zaion pertsona edo entitate interesdunari jakinarazi, eta prozedura hori Urara bidali.
Urak egin beharrekoa:
Prozeduran ebatzitakoa betetzen den jakinaraziko dio konfederazioari.
Konfederazio hidrografikoak, aginduzko izapideak bete direla egiaztatu ondoren, espedientea eta jatorrizko dokumentazioa artxibatuko ditu bere bulegoetan.
VI.– Uraren Legearen testu bateginaren 25.4 artikuluan aurreikusitako txostenaren proposamena lantzea. Hirigintza-txostenak.
Uren inguruko sektore-txostenaren eskabideak –autonomia-erkidegokoak, foru-aldundietakoak edo toki-entitateetakoak– Uraren Legearen testu bategina onartzen duen 2001eko uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan edo Uraren 2006ko ekainaren 23ko 1/2006 Legeko 7.k) artikuluan xedatutakoa betetzeko eskakizunean oinarrituko dira. Kontuan hartuko dira, halaber, 2023ko uztailaren 18ko 665/2023 Errege Dekretuko 14 quarter artikuluan aurreikusitako txostenak (665/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua aldatzeko dena, abuztuaren 31ko 208 zenbakiko BOEn argitaratua). Artikulu horren bidez, Uraren 1/2001 Legearen 25.4 artikulua garatzen da, autonomia-erkidegoen eta toki-entitateen ekintzei eta planei buruzko aurretiazko txostenari dagokionez.
Urak egin beharrekoa:
Eskabidea eta dokumentazioa jaso eta erregistratu. Agiri horiek konfederazioetako edozeinetan aurkezten badira, erregistratu eta Urara bidaliko dira.
Jasotako eskabidea eta jatorrizko dokumentazioa konfederaziora bidali.
Pertsona edo entitate eskatzaileari jakinarazi ezen, administrazioarteko lankidetza dela-eta eta ohiko denez, haren eskabidea konfederaziora bidali dela, eta orobat Uraren bitartez jasoko duela arro-organismoaren sektore-txostena, Uraren Legearen testu bateginaren 25.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskatzaileari egiten zaion jakinarazpenean adieraziko da txostena kontrakoa dela ulertu beharko dela jarritako epean ez bada egiten.
Konfederazio hidrografikoari bidali eskatzaileari egindako jakinarazpena.
Beharrezko bada, txosten-proposamena egiteko dokumentazio osagarria bidal dezan eskatuko zaio eskatzaileari, berariaz adieraziz zer epe duen erantzuteko, eta jakinaraziz sektore-txostena egiteko epea eten egiten dela eskatutako dokumentazioa jasotzen den arte.
Konfederaziora bidali eskatzaileari egindako errekerimendua.
Txosten-proposamena egiteko behar den dokumentazio osagarria jaso eta erregistratu.
Txosten-proposamena egiteko behar den dokumentazio osagarria konfederaziora bidali.
Konfederaziora bidali beharreko txosten-proposamena, hark bere iritzia eman dezan. Ahal dela, eraginen azterketa kartografikoarekin batera –formatu digitalean–, sektore-txostena emateko ezarritako epea amaitu baino gutxienez hilabete lehenago. Hala ere, kontuan hartuta Urak hirigintza-plangintzari buruz egin behar duen txostena eskatu eta bi hilabeteko epean igorri behar dela (Euskal Autonomia Erkidegoko Uraren 1/2006 Legearen 7. artikulua), eta bi erakundeen arteko koordinazio-harremanean egin ohi denarekin bat etorriz, konfederazio hidrografikoa bere txostena ahalik eta azkarren egiten saiatuko da.
Konfederazio hidrografikoak egin beharrekoa:
Txosten-proposamena jaso.
Proposamena aztertu eta txostena eman.
Txostena Urara bidali, pertsona edo entitate eskatzaileari helaraz diezaion.
Urak egin beharrekoa:
Txostena jaso eta eskatzaileari bidali.
Konfederazio hidrografikoari bidali eskatzaileari egindako jakinarazpenaren egiaztagiria.
Konfederazio hidrografikoak, aginduzko izapideak bete direla egiaztatu ondoren, espedientea eta jatorrizko dokumentazioa artxibatuko ditu bere bulegoetan.
VII.– Isurketari buruzko txosten loteslearen proposamena egin ingurumen-baimen integraturako, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko 2016ko abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 19. artikuluaren arabera.
Urak egin beharrekoa:
Eskabidea eta dokumentazioa jaso eta erregistratu. Agiri horiek konfederazioetako edozeinetan aurkezten badira, erregistratu eta Urara bidaliko dira.
Jasotako eskabidea eta jatorrizko dokumentazioa konfederaziora bidali.
Beharrezkoa bada, txosten-proposamena egiteko dokumentazio osagarria bidal dezan eskatuko zaio ingurumeneko baimen bateratua emateko eskumena duen organoari, berariaz adieraziz zer epe duen erantzuteko, eta jakinaraziz sektore-txostena egiteko epea eten egingo dela eskatutako dokumentazioa jasotzen den arte.
Eskatutako dokumentazio osagarria jaso eta erregistratu.
Konfederazio hidrografikoari bidali ingurumeneko baimen bateratua emateko eskumena duen organoari egindako errekerimendua eta jasotako dokumentazio osagarria.
Konfederaziora bidali beharreko txosten-proposamena, hark bere iritzia eman dezan, oraindik bidali ez den jatorrizko dokumentazioarekin batera, hark aintzat har dezan, sektore-txostena emateko ezarritako epea amaitu baino gutxienez bi hilabete lehenago. Bertan, isurketa-kontrolari buruz eskura dauden datuak sartuta egon behar dira (autokontrolak eta ikuskatzeak).
Konfederazio hidrografikoak egindako txostena bidali ingurumeneko baimen bateratua emateko eskumena duen organoari, konfederazio hidrografikoarentzako jakinarazpenaren egiaztagiriarekin batera.
Konfederazio hidrografikoak egin beharrekoa:
Txosten-proposamena eta oraindik bidali ez den jatorrizko dokumentazioa jaso.
Proposamena aztertu eta isurketari buruzko nahitaezko txosten loteslea egin.
Txosten hori Urara bidaltzea, hark eskumena duen organora bidal dezan.
Urak egin beharrekoa:
Organo eskudunak Ingurumeneko Baimen Bateratuaren esparruan ematen duen ebazpena bidali, konfederazio hidrografikoaren nahitaezko txosten loteslean ezarritakoa txertatuta, hura eduki bezain laster.
Konfederazio hidrografikoak egin beharrekoa:
Ebazpena jaso.
Ingurumeneko baimen bateratuari lotutako beste prozedura batzuetarako –berrikuspenak, aldaketak, errekurtsoak edo iraungitzeak, esaterako–, lehen deskribatutako prozeduraren arabera jokatuko da, hargatik eragotzi gabe Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko 2016ko abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritakotik ondorioztatutako berezitasunak.