Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 2024ko maiatzaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2636

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 10ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Filologia eta Historia Sailaren arautegia argitaratzeko agindua ematen duena.

2022ko azaroaren 9an EHAAn argitaratu zen UPV/EHUko Sailen Esparru Arautegiaren testu bategina.

Arloko batzordeak sortzeko eta arautegia indarreko legeetara egokitzeko, Filologia eta Historia Saileko Kontseiluak barne arautegi berri bat onartu zuen 2024ko martxoaren 14ko bileran. Unibertsitateko Lege Zerbitzuak aldeko txostena eman zion onartutako testuari.

Sailen Esparru Arautegiko 4.3 artikuluari jarraituz, UPV/EHUko idazkari nagusiari dagokio sailen arautegiak onartzea, Gobernu Kontseiluak horretarako eskumenak eskuordetuta, baldin eta inork eskatu ez badu Gobernu Kontseiluan aurkezteko. Honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15ek, gutxienez.

Horregatik guztiagatik,

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Filologia eta Historia Sailaren Arautegiaren aldaketa, eranskinean jasotzen den moduan, onartzea.

Bigarrena.– Agintzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila.

Hirugarrena.– Filologia eta Historia Sailaren Arautegiaren aldaketa arautegia argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2024ko maiatzaren 10a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
FILOLOGIA ETA HISTORIA SAILAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 3.1 artikuluaren zehaztapena.

Filologia eta Historia sailak Arabako Campuseko Letren Fakultatean dauka egoitza (Unibertsitateko ibilbidea 5, 01006 Gasteiz).

2. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 10.1 artikuluaren zehaztapena.

Hauek izango dira Saileko Kontseiluaren osakideak: zuzendaria, idazkaria, irakasle-ikertzaile iraunkor guztiak eta irakasle ez-iraunkor doktore guztiak eta ordezkari hauek:

a) Sailari atxikitako gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkariak (ordezkari bat bost kideko edo bostetik beherako multzo bakoitzeko).

b) Graduko ikasleen bi ordezkari.

c) Masterreko ikasleen bi ordezkari.

d) Doktoregoko ikasleen bi ordezkari.

e) Sailari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak, gehienez hiru. Idazkari administratiboa haien artean egongo da beti, edo idazkari administratiboak, bi baldin badira.

3. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 12.e) artikuluaren zehaztapena.

Arloko batzorde hauek izendatu dira, Batzorde Iraunkorrari helaraz diezaioten arlo bakoitzeko irakasleei irakats betebeharrak esleitzeko proposamena:

– Frantses Filologiaren arloko Batzordea (335 arlokoa).

– Hispaniar Filologiaren, Filologia Erromanikoaren eta Literaturaren Teoriaren arloetako Batzordea (325, 350, 370, 567, 583 eta 796 arloak).

– Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historiaren arloetako Batzordea (455, 485 eta 490 arloak).

4. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 13. artikuluaren zehaztapena.

Filologia eta Historia sailak Batzorde Iraunkorra izango du; kide hauek izango ditu:

a) Saileko zuzendaria (batzordeko burua izango da).

b) Idazkaria.

c) Irakasle-ikertzaileen hamar ordezkari. Horietako bederatzi irakasle-ikertzaile iraunkorren artetik eta irakasle-ikertzaile ez iraunkor doktoreen artetik aukeratuko dira; hamargarrena, berriz, sailari atxikitako gainerako irakasle-ikertzaileen artetik.

d) Ikasleen bi ordezkari: bata Filologiako gradukoa edo graduondokoa eta, bestea, Historiako gradukoa edo graduondokoa.

e) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

5. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 14. artikuluaren zehaztapena.

1.– Batzorde Iraunkorrak eskuordetuta ditu Saileko Kontseiluaren eginkizun guztiak, zuzendaria aukeratzekoa eta sailaren arautegi proposamena onartzekoa izan ezik.

2.– Saileko Kontseiluko kideek Batzorde Iraunkorrak hartutako erabakien berri izan behar dute unean-unean. Horrez gain, Batzorde Iraunkorraren aktak bidaliko zaizkie, behin onartuta.

6. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 20.1 artikuluaren zehaztapena.

Kide anitzeko organorako deia egitean, hamar minutuko tartea egongo da lehen eta bigarren deialdiaren artean.

7. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 22.1 artikuluaren zehaztapena.

Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar izango da.

Hala ere, Saileko Arautegian aldaketarik egin nahi izanez gero, Saileko Kontseiluko kideen botoen bi herenak aldekoak izan beharko dira.

8. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 22.4 artikuluaren zehaztapena.

Botoa eskuordetu ahal izango da, Sailen Esparru Arautegiko 22.4 artikuluan zehaztutako moduan. Posta elektronikoko mezua agiri idatzitzat hartuko da.

9. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 24.2 artikuluaren zehaztapena.

Idazkariak ziurtagiri batean jasoko du sailak hartutako erabakien zerrenda, eta horixe emango da argitara. Ziurtagiri hori saileko idazkaritzaren iragarki oholean jarriko da eta kide anitzeko organoko kide guztiei bidaliko zaie posta elektronikoz.

10. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 27.4 artikuluaren zehaztapena.

Saileko zuzendaritzaren agintaldia sei urtekoa izango da, eta ezin izango da ez luzatu ez berritu.

11. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

Saileko Kontseiluan eta Batzorde Iraunkorrean hutsune bat sortzen denean, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du lekua, hamar eguneko epean, organoko idazkaria jakitun jartzen denetik hasita.

12. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

Kide anitzeko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoiak emanda, behin-behineko ordezkoak beteko du haren lekua. Horretarako, titularrak kide anitzeko organoko buruari bere egoeraren berri eman beharko dio, behar bezala arrazoituta egoera eta adieraziz zenbat iraungo duen egoera horrek (gutxien dela hilabete iraun behar du).

13. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluaren zehaztapena.

Botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean sartzean indargabetuta geratuko da 2022ko apirilaren 11n Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Filologia eta Historia Sailaren Arautegia.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala