Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2024ko maiatzaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2584

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 16koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egin eta arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoaren sektorean teknologia berrien eta segurtasunaren sistemak eskuratu eta ezartzeko laguntza-programa bat.

Garraio publikoaren sektorean ematen den zerbitzua seguruagoa, hobea, gardenagoa eta arinagoa izateko, beharrezkoa da sektorean hainbat aldaketa egitea, besteak beste: teknologia berriak ezartzea, hala nola flotak lokalizatzeko eta kudeatzeko sistemak, betiere kudeaketa eta kontrol-zentro batekin lotuak; segurtasun-elementuak jartzea salgai eta bidaiarien garraio publikoko ibilgailuetan zein garraio-sektoreko logistika- eta biltegiratze-zentroetako orga jasotzaile automotorretan; eta segurtasun-uhalak eta bestelako euskarri homologatuak instalatzea eskola-umeak eta adingabeak garraiatzeko ibilgailuetan. Hori, alde batetik, positiboa da garraio-enpresarentzat, azken belaunaldiko teknologia erabiliz zerbitzua modernizatzeko aukera emango diolako, eta, bestetik, onuragarria da erabiltzailearentzat ere, kalitate, gardentasun eta segurtasun handiagoko zerbitzua izango duelako.

Gaur egun teknologian egiten ari diren aurrerabideei esker, kalitatea eta segurtasuna handitu daiteke; izan ere, merkatuan dauden kudeaketa, lokalizazio, kontrol, komunikazio eta segurtasuneko puntako teknologiako sistemek ibilgailu-floten kudeaketa eta segurtasun efizienteagoa bermatzen dute.

Laguntza-programa hau sartuta dago Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bitartez onartutako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, eta egoitza elektroniko honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak dituen helburuen barruan sartzen da: garraio jasangarri baterantz aurrera egitea eta salgaien eta bidaiarien garraio publikoaren sektorea modernizatzea, erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetuz. Era berean, sektoreko kudeaketa- eta merkaturatze-sistemak hobetu nahi dira, zerbitzua gardenagoa izateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera, dirulaguntza-deialdi honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka.

Laguntzak honako hauen mende daude: 2023/2381 (EE) Erregelamendua, Batzordearena, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EEAO L 2023-81820 2023-12-15), 2024ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoena.

Ondorioz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan aginpidea erabiliz, eta kontuan harturik Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta hura garatzeko xedapenetan eta administrazio-zuzenbideko gainerako arauetan xedatutakoa –aplikatzekoak diren oinarrizko xedapenen kalterik gabe– eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da erregulatzea nola eman behar diren honako sistema hauek eskuratu eta ezartzeko laguntzak (alde batera utzita leasing edo renting kontratuak, edo eskurapenaz bestelako beste edozein negozio juridiko), zeinak 2024an gauzatu beharko baitira, eta, nolanahi ere, 2024ko azaroaren 30a baino lehen:

a) Ibilgailu-flotak lokalizatzeko eta kudeatzeko sistemak (GPS edo antzekoak), kudeaketa- eta kontrol-zentro batekin lotuak, bai ibilgailu astunetan egiten den salgaien garraio publikorako, bai gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan egiten den bidaiari-garraiorako. Ez da dirulaguntzarik emango ibilgailu-floten kudeaketa- eta kontrol-zentro batean integratuta ez dauden lokalizazio-elementuak modu indibidualizatuan eskuratzeko.

b) Salgaien garraio publikoko ibilgailu astunetarako eta gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiagoko bidaiari-garraioko ibilgailuetarako segurtasun-elementuak, gidatzea seguruago egiten dutenak:

– Artaziarena ez egiteko sistemak.

– Istripuen erregistratzailea.

– Suteak detektatu eta autoitzaltzea.

– Aurreko beiratik gidatze-dinamika erregistratzen duten kamera-sistemak (dash cam), bai eta gidatzean ikuspena edo maniobragarritasuna hobetzera bideratutakoak ere.

– Talkak arintzeko teknologiak, hala nola sentsoreak eta radarrak erabiltzea talkak saihesteko.

– Istripu edo larrialdiak gertatzen direnean kontrolgunera automatikoki deitzeko edo abisatzeko sistemak.

c) Orga jasotzaile automotorren segurtasun-elementuak:

– Oinezkoen alerta-sistemak.

– Goratze-abiaduraren murriztaileak, eta inklinazio-abiaduraren murriztaileak eta inklinazio-angeluaren mugatzaileak.

– Kargatzeko eta deskargatzeko ikusmena eta dinamika errazten duten kamera-sistemak.

d) Gidatze efizientea optimizatzeko eta erregai-kontsumoa murrizteko sistemak:

– Ekonometroak eta gidatzea monitorizatzeko sistemak.

– Gurutzaldi-abiaduraren kontrolagailuak.

e) Haurrak lotzeko sistemak, ECE R44/04 araudiak homologatuak, eskola-umeak edo adingabeak garraiatzeko erabilera bereziko bidaiari-garraio publiko erregularreko ibilgailuetan.

2.– Aurreko apartatuan aipatzen diren sistemei ere eman ahal izango zaizkie laguntzak, baldin eta fabrikatik badatoz inplementatuta eskatzaileak eskura ditzakeen ibilgailu berrietan –serietik txertatuta datozen sistemak nahiz aukerako sistemak izan–, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Ibilgailua 1. apartatuan adierazitako epean eskuratzea.

b) Sistema horien kostuak ibilgailuaren kostu osotik argi eta zehatz bereizteko modukoak izatea. Horretarako, ibilgailuaren erosketa-fakturan, bereizita agertuko da zer kostu izan duten programa honen arabera diruz lagundu daitezkeen sistema inplementatuek.

3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa 15.000 eurokoa edo handiagoa bada, eta, betiere, hirugarrenekin kontraturik egin behar bada, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa entitate, edo salbu eta gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da hautaketa aurkeztutako eskaintzen artean, zeinak dirulaguntzaren eskabidearekin batera aurkeztu beharko baitira, eta, proposamen ekonomikorik onuragarriena aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

Baldin eta, aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera nahitaezkoa izanik eskaintza bat baino gehiago eskatzea, eskaintza horiek aurkezten ez badira, edo ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintza bati ematen bazaio dirulaguntza, justifikazio egokirik gabe, organo emaileak ondasunaren edo zerbitzuaren peritu-tasazioa eskatu ahal izango du, eta sortzen diren gastuak onuradunaren kontura izango dira. Kasu horretan, dirulaguntza kalkulatzeko, bi balioetatik txikiena hartuko da erreferentziatzat: onuradunak adierazia edo tasazioaren ondoriozkoa.

4.– Era berean, diruz lagundutako gastuek abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.4 artikuluan xedaturikoa bete beharko dute. Onuradunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko ditu ondasunak, gutxienez bost urtez erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eta gutxienez bi urtez gainerako ondasunen kasuan.

5.– Onuradunak hirugarrenekin kontratatu ahal izango du diruz lagundutako ekintzen betearazpen osoa, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz eta artikulu horrek adierazitako mugekin.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, ehun eta hamar mila (110.000,00) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako partidatik hartuta.

3. artikulua.– Laguntzen onuradun izateko baldintzak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzeko, pertsona fisiko nahiz juridikoek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Salgaien eta bidaiarien errepideko garraioaren, zirkulazioaren edo mugimenduaren sektorean lan egitea.

c) Aginduaren 1.1.a) artikuluan aurreikusitako kasuan, pertsona fisikoek, sozietateek eta lan elkartuko kooperatibek hiru kopia edo ibilgailu atxiki dituen baimen bat izan behar dute gutxienez beren izenean, salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin jarduteko edo gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiagoko ibilgailuekin bidaiariak garraiatzeko. Merkaturatze-sozietateen edo garraiolari-kooperatiben kasuan, bazkideek edo kooperatibistek aipatutako motako hiru baimen izan beharko dituzte gutxienez.

d) Aginduaren 1.1 artikuluaren b), c) eta d) letretan aurreikusitako kasuan, salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin edo bidaiarienean gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiago dituzten ibilgailuekin jarduteko baimen bat izan beharko dute gutxienez.

Era berean, aginduaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuan, aurreko paragrafoan ezarritakoez gain, garraio-operadorearen baimenaren titularrak ere izan daitezke onuradun.

e) Aginduaren 1.1.e) artikuluan aurreikusitako kasuan, erabilera bereziko bidaiari-garraio publiko erregularrean jarduteko baimen bat izatea gutxienez, eskola-umeak eta adingabeak garraiatzeko, bat etorriz Eskola-umeen eta adingabeen garraiorako segurtasun-baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoarekin.

2.– Ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan honako egoera hauetako batean dauden pertsonak edo entitateak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzera kondenatuta egotea epai irmo baten bidez edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta egotea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende egotea edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoela.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izana.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak egoera hauetako batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean egotea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean izatea.

g) Dirulaguntzak itzultzeagatik sortutako betebeharren ordainketa egunean ez izatea, arauz ezartzen den moduan.

h) Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso izana abenduaren 21eko 20/2023 Legearen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.

i) Pertsona fisikoa edo juridikoa zehatuta egotea arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri izana egiaztatu gabe.

k) Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuetako bat ere ez izatea.

Atal honetako e) eta g) letretan aipatzen diren betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoa beteko da. Agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.

4. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.

1.– Laguntzen izapidetze elektronikoa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 eta 14.3 artikuluetan arautzen da, uztailaren 30eko Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko 16/1987 Legearen 56. artikuluari lotuta.

2.– Interesdunek baliabide elektronikoen bidez egin beharko dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.

Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan emango dira: http://www.euskadi.eus/egoitza

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0034909. Fitxa horretan daude izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak, eta bertatik sar daiteke eskabide-inprimakira.

Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapideak elektronikoki egin ahal izango dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

6. artikulua.– Dokumentazioa aurkeztea.

1.– Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskabide-orria, behar den moduan beteta, eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

b) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, eskatzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFZa aurkeztu beharko da, bai eta eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea ere, salbu eta horiek Administrazioaren esku badaude eta aldaketarik egon ez bada.

c) Aurrekontua edo faktura, proformakoa edo behin betikoa. Egindako inbertsioari dagokion gastua argi eta zehatz identifikatzeko modukoa izango da, eta ez du nahasterik sortuko diruz lagundu ezin diren beste kontzeptu batzuekin. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa 15.000 eurokoa edo handiagoa bada, gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, agindu honen 1.3 artikuluan ezarritako moduan. Proposamen ekonomikorik onuragarriena aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

d) Proiektuaren azalpen-memoria, inbertsioaren xedea eta ezaugarriak labur adierazita. Era berean, inbertsio bakoitza 1. artikuluko zein epigraferi dagokion zehaztuko da.

e) Hala badagokio, eskola-umeak edo adingabeak garraiatzeko erabilera bereziko bidaiari-garraio publiko erregularrerako baimen baten titulartasunaren egiaztagiria.

f) Hirugarrenen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ekonomia eta Ogasun Sailak ezarritako ereduaren araberakoa, honako helbide honetan eskuragai: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak; betiere, lehenengoz aurkezten diren edo banku-datuak aldatuak dituzten eskatzaileei dagokienez. Fitxa hori laguntza onartu ondoren aurkez daiteke, baina, nolanahi ere, laguntzak ordaindu baino lehen.

2.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta beharrezko egiaztagiriak. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko ditu honako hauek:

Eskatzailearen nortasuna, pertsona fisikoa bada, automatikoki egiaztatuko da eskabidea bitarteko elektronikoen bidez egiten denean; izan ere, bitarteko horiek eskuratzeko, pertsona horiek beren burua identifikatu behar dute ziurtagiri digitalaren edo baliokidearen bidez.

Bestalde, dirulaguntza onartzeko ebazpen-proposamena eman aurretik egiaztatu beharko da laguntzen eskatzaileek egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Kudeaketa-organoak automatikoki egiaztatuko du hori, eta ez du haien baimenik beharko. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan egin ahal izango du aurka, eta, kasu horretan, adierazitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu dirulaguntzei buruzko araudian zehaztutako moduan.

Halaber, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du salgaien edo bidaiarien autobuseko garraio publikorako baimenen titulartasuna, bai eta garraio-operadoreena ere, haien baimenik behar izan gabe, bat etorrita urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluarekin eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluarekin. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori eskabidea egitean, eta, hala egiten badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Laguntza eskatzen duen entitateak eskabide-orrian agertzen den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du eskabidearekin batera. Horren bidez adieraziko du, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, betetzen dituela agindu honetan eskatutako betekizunak, honako alderdi hauei buruzkoak:

a) Eskabide-zerrenda, eta, hala badagokio, zenbat dirulaguntza edo laguntza jaso dituen agindu honetan araututako dirulaguntzak eskatzeko dataren aurreko hiru urteetan, laguntzok zein organok eman dituen eta zenbatekoak izan diren adierazita.

b) Agindu honen 3.2 artikuluan ezarritako alderdiak –e) letra izan ezik–.

Erantzukizunpeko adierazpenaren barruan edo harekin batera aurkezten den edozein datu edo adierazpenetan funtsezkoak diren zehaztasunik ezak, faltsutzeak edo ez-egiteak gertatzen badira, ezin izango da prozedurarekin jarraitu gertakari horiek jakiten diren unetik bertatik, hargatik eragotzi gabe horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du, baldin eta beharrezkotzat jotzen badu aurkeztu den eskabidea behar bezala baloratzeko.

7. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzaren ardura izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

8. artikulua.– Agirietako hutsak zuzentzea.

Laguntzak kudeatzeko organoak ikusten badu eskatzaileak aurkezturiko agiriek ez dituztela betetzen agindu honetan eskatutako betekizunak, hala jakinaraziko dio eskatzaileari, eta gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezina emango dio hutsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Gainera, adieraziko dio ezen, hala egiten ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako eran.

9. artikulua.– Zenbatekoa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta honela banatuko dira:

a) Agindu honen 1.1.a) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, eskuratze- eta ezartze-kostu osoaren % 50. Nolanahi ere, dirulaguntza 10.000 eurokoa izango da gehienez, onuradun bakoitzeko.

b) Agindu honen 1.1.b) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, eskuratze- eta ezartze-kostu osoaren % 50. Nolanahi ere, dirulaguntza 10.000 eurokoa izango da gehienez, onuradun bakoitzeko.

c) Agindu honen 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, eskuratze- eta ezartze-kostu osoaren % 50. Nolanahi ere, dirulaguntza 10.000 eurokoa izango da gehienez, onuradun bakoitzeko.

d) Agindu honen 1.1.d) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, eskuratze- eta ezartze-kostu osoaren % 50. Nolanahi ere, dirulaguntza 10.000 eurokoa izango da gehienez, onuradun bakoitzeko.

e) Agindu honen 1.1.e) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, 60 euro, jarleku ekipatu bakoitzeko.

2.– Ez dira diruz lagunduko honako kostu hauek: ondasunak eskuratzeagatik ordaindutako BEZa eta, oro har, argi eta garbi zehaztuta ez dauden kostu guztiak, baldin eta ezin badira zuzenean identifikatu laguntza-programa honen 1.1 artikuluan jasotako jarduketetan egindako inbertsioen bidez lortu nahi diren helburuekin.

3.– De minimis gisa emandako laguntzak direnez, ezin izango da 300.000 euroko muga gainditu, barne hartuta onuradun berarentzat laguntza onartu aurreko hiru urteetan kontzeptu horrengatik emandako laguntza guztiak, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren mende daudelako (erregelamendu hori indarrean dago 2024ko urtarrilaren 1etik).

10. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honen arabera emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste pertsona fisiko edo juridikoek emandako beste batzuekin, baina guztira jasotako diru kopuruak ezin izango du gainditu diruz laguntzekoa den jarduketaren kostua.

Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk lortzen badira, eta horren ondorioz dirulaguntzek proiektuaren kostua gainditzen badute, agindu honen bidez emandako dirulaguntza dagokion zenbatekoan gutxituko da.

11. artikulua.– Prozedura.

Laguntzak emateko prozedura lehiaketaz bestelako norgehiagoka-sistema baten bidez egingo da, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Laguntza-programa honetara bideratutako funts publikoak mugatuak direnez, baldin eta dirulaguntzetara bideratutako gehieneko zenbateko globala ez bada nahikoa aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko agindu honen 9. artikuluaren 1. puntuan jasotako gehieneko zenbatekoetan, hasieran eskabide bakoitzerako kalkulatutako zenbatekoen proportzio berean hainbanatuko da zenbateko horiek osorik estaltzeko behar den guztizko zenbatekoa.

12. artikulua.– Dirulaguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.

1.– Dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango dira, kudeaketa-organoak espedienteari txosten bat gehitu ondoren, non adieraziko baitu ezen, eskura duen informazioaren arabera, ondorioztatzen dela onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko betebeharrak. Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean.

Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan, eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik aurrera. Ebazpen horrek zehaztuko du dirulaguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbateko dirulaguntza eman zaion adieraziko da, eta, kontrakoa bada, zein izan diren ukatzeko arrazoiak.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabidea ukatu egin zaiela ulertu beharko dute interesdunek, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaituko duen ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda, kasuan-kasuan finantzatutako jarduera eta emandako zenbatekoak.

4.– Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauen bidez arautuko da dirulaguntzak emateko prozedura: urriaren 1eko 39/2015 Legea, abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta hura garatzeko xedapenak, eta administrazio-zuzenbideko gainerako arauak, hargatik eragotzi gabe aplikatzekoak diren oinarrizko xedapenak.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Dirulaguntza ematea eragin duen jarduera gauzatzea.

b) Entitate emaileari justifikatzea betetzen dituztela dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak, bai eta jarduera gauzatzen dutela ere.

c) Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

d) Beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea entitate emaileari.

Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Dirulaguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea entitate emaileari.

Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Emandako laguntza ordaintzeko unean, egiaztatzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere. Egiaztapen hori automatikoki egiaztatuko du organo emaileak.

g) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuak izatea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatzekoa zaion merkataritzako eta sektoreko legeriak eskatutako moduan, egiaztatze- eta kontrol-ahalmenak behar bezala baliatzen direla bermatzeko.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

i) Emandako laguntzen eta dirulaguntza eman duen organoaren berri ematea haren webgunean edo sare sozialetan.

j) Enpresaren deslokalizaziorik ez izatea, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluaren arabera.

14. artikulua.– Emandako dirulaguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunaren eskariz, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Alderdiak hala eskatuta men eginez gero, onuradunak, 13.e) artikuluan jasotako betebeharra betez, jakinarazpena egin behar du, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa ez handitzea.

c) Benetan egin den edo egingo den jarduera jasota egotea oinarri arautzaileen xedearen barruan.

d) Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak onuradunaren borondatearen mende ez egotea.

e) Aldaketa eragin duten elementu eta inguruabar berriek, baldin eta hasierako emakidan eragina izan badute, ez eragitea dirulaguntza ukatzea, eta aldaketa horrek ez ekartzea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

2.– Baldin eta, onuradunak dirulaguntzaren zenbatekoa jaso ondoren, aldaketaren ondorioz gutxitu egiten bada dirulaguntzaren zenbatekoa, agindu honen 17. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. artikulua.– Justifikazioa eta ordainketa.

Emandako dirulaguntza ordainketa bakar baten bidez ordainduko da, diruz lagundutako jarduera guztiz burutu ondoren eta egindako gastu guztiak justifikazio-kontu bat aurkeztuz justifikatu ondoren. Kontu hori jarraian zehazten den moduan egingo da, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluarekin bat etorriz.

Justifikazio-kontu horrek, adierazlearen erantzukizunpean, honako hauek jasoko ditu:

a) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen jarduketa-memoria, egindako inbertsioak eta lortutako emaitzak adierazita.

b) Inbertsioen eta gastuen zerrenda sailkatua, hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data adierazita. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, gertatutako desbideratzeak adieraziko dira.

c) Diruz lagundutako inbertsioa finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen xehetasunak, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Dirulaguntzaren onuradunei buruzko datuak, sexuaren arabera bereizita, hala badagokio.

Horrekin batera, diruz lagundu daitekeen gastuaren behin betiko fakturak edo egiaztagiriak aurkeztuko dira. Nolanahi ere, dokumentazio hori 2024ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.

Ezin izango da dirulaguntza ordaindu onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu edo itzulketa-ebazpen baten ondorioz zordun bada.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Emandako laguntzaren zenbateko osoa itzuli beharko du onuradunak, baita aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere, baldin eta laguntza ematea oinarritu zuten inbertsioak egiten ez badira, agindu honen 1.3 artikuluan adierazitako ondasunen destino-betebeharra betetzen ez bada, edo abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kausaren bat gertatzen bada.

Hala ere, onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetzera, eta onuradunak egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko xedez jardun duela argi eta garbi, itzuli beharreko zenbatekoa honela kalkulatuko da: emandako laguntzaren ordainketari dagokion zenbatekoaren ehuneko proportzionala kenduko zaio laguntza oinarritu zuen inbertsio osotik egin ez den ehunekoari.

17. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedura.

1.– Onuradunak agindu honen aurreko artikuluan xedatutakoa betetzen ez badu, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan adierazitako prozedurari jarraituko zaio:

a) Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da, Garraio Plangintzaren zuzendariaren erabakiz.

b) Prozedura izapidetzean, interesdunari entzunaldirako eskubidea bermatuko zaio, 15 egunez.

c) Itzultzeko prozeduraren ebazpena jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakiaren egunetik hasita.

2.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion zenbatekoak gehi laguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak itzuli beharra deklaratuko da.

3.– Betebehar horrek ez du zerikusirik izango eska daitezkeen zehapenekin.

18. artikulua.– Enpresaren deslokalizazioaren deklarazioa.

1.– Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera, enpresa deslokalizatu egingo da bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen jarduera etetea edo nabarmen murriztea.

b) Aldi berean edo aipatutako egoeretako edozein gertatu aurreko edo ondorengo hiru urteetan, eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko beste leku batean, enpresak lurralde horretan egiten zuen jarduera bera garatzea jarduera utzi duen entitate berak edota harekin Merkataritza Kodearen 42. artikuluan aipatzen diren harremanen bat duen edo harekin lotuta dagoen beste entitate batek, sozietateen gaineko zergaren araudian ezarritakoaren arabera.

Behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan, enpresak deslokalizatu gabe daudela ulertuko da, baldin eta, inguruabar horiek gertatzearekin batera, entitateak, zuzenean edota Merkataritza Kodearen 42. artikuluan aipatzen diren harremanetako bat duen beste entitate baten bidez, edo sozietateen gaineko zergaren araudiaren arabera harekin lotuta dagoen beste entitate baten bidez, beste enpresa-jarduera batzuk abiarazten baditu Euskal Autonomia Erkidegoan, eta jarduera horien ondorioz sortzen den lanpostu-kopurua ezabatutakoen antzekoa bada, edo jarduerok ezinbesteko arrazoiengatik hasi badira.

2.– Jaurlaritzaren erabakiz deklaratuko da enpresa deslokalizatu dela, laguntza ematen duen organoak proposatuta, eta aurreko apartatuan ezarritako inguruabarrak gertatu eta hurrengo lau urteetan hasi ahal izango da prozesua.

3.– Enpresa deslokalizatzeko deklarazioak berekin ekarriko du enpresak deklarazio horren aurreko zortzi urteetan jasotako zenbatekoak itzuli beharra, bai eta zenbateko horietako bakoitza jasotzen denetik deklarazioaren egunera arteko berandutze-interesak ere. Deklarazio horren ondorioz, deslokalizatuta dauden enpresek eta haien bazkideek ezin izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek emandako laguntzak eskuratu zortzi urteko epean, deklarazioaren datatik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Agindu honi errekurtsoa jartzeko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 16a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala