Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2024ko maiatzaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2561

AGINDUA, 2024ko apirilaren 30ekoa, Osasuneko sailburuarena, EAEko gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea xede duten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzako 2024ko laguntzak arautu eta haietarako deialdia egiten duena.

Gaixoen irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteak patologia bera nozitzen duten pertsona fisikoen elkarteak dira. Elkartzeko, komunikatzeko eta laguntza emateko guneak dira, bai gaixotasunak erasandako pertsonentzat, bai haien familientzat.

Osasun Sailak bereziki estimatzen du nolako ekarpena egiten duten elkarte horiek gaixoen eta haien senideen osasun fisikoaren, psikologikoaren eta sozialaren alde, hainbat alorretan: hor dira, adibidez, gaixotasunen errealitate sozial eta afektiboarekiko zuzeneko kontaktua, eta zerbitzuen eta autolaguntza-programen bidezko zuzeneko asistentzia eta laguntza enpatikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean, laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 artikuluak adierazten duenez, plan estrategiko baten bidez planifikatu beharko dira, aldez aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren dirulaguntzak. Plan horretan zehaztu behar da, betiere aurrekontu-egonkortasunaren helburuak betez, zer helburu eta ondorio lortu nahi diren, zer epetan lortu behar diren, zenbateko kostuak aurreikusten diren, zer finantzaketa-iturri dituzten, eta planaren helburuarekin erlazionatutako zein ekintza eta adierazle erabiliko diren dirulaguntzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Planak 4 urteko indarraldia izango du, salbu eta, bertan jasotako ekintzen ezaugarriengatik, epe luzeagoa behar bada.

Osasun Sailaren 2024-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak eta 2024ko Dirulaguntzen Urteko Planak, zeinak Osasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduaren bidez onartu baitziren, eranskinaren 3.1.3 epigrafean jasotzen dituzte «Gaixotasunen bat dutenen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzen diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzako laguntzak», «Osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea» arloaren barruan.

Agindu honetako laguntzek ez dituzte betetzen EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan jasotako betekizun guztiak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntzak. Ondorioz, ez da beharrezkoa inongo izapiderik egitea Europako Batzordearen aurrean.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea, I. eranskinean jasota dagoen moduan, EAEko gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzen diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzako laguntzen 2024ko deialdia arautzen duten oinarriak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudia eta izapidetzea.

Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta hura garatzeko jarduketak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean oinarrizko araudi gisa araututakoaren mende egongo dira.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraren aurka, elkarte interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira bi epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 30a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Deialdiaren eremua eta xedea.

1.– Agindu honen xedea da «Gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzen diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzako laguntzak» iragartzea 2024. urterako. Laguntza horiek Osasun Sailaren 2024-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren eranskineko 3.1.3 epigrafean daude jasota (Osasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduaren bidez onartu zen plana).

Helburua da laguntza ematea osasun-sistemako ekintza sendatzaile, errehabilitatzaile eta aringarrietarako, askotariko patologiak dituztenentzat (minbizia, diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, nutrizio-arazoak, arazo neurodegeneratiboak eta neuromuskularrak, gaixotasun psikikoak eta abar). Era berean, erabiltzaileen eta haien senideen parte-hartzea eta ahalduntzea indartu nahi da, eta osasun-sistemarekin duten harremanean erantzukidetasuna sustatu.

2.– Laguntza hauen helburua da kolektibo horiei babesa ematea, haien proiektuak finantzatuta. Proiektuok jarduera bat edo gehiago izango dituzte, eta 2024ko urtarriletik abendura gauzatuko dira, xede hauek betetzeko:

a) Trebetasunen eta baliabideen garapena babestea, gaixoen autozaintza-gaitasuna maximizatzeko eta autonomia handitzeko.

b) Gaixoen behar soziosanitarioak babestea eta bideratzea, osasunaren sustapenaren ikuspegitik.

c) Gaixotasunari buruz, haren arrisku-faktoreei buruz eta bizi-ohitura egokienei buruz duten ezagutza eta informazioa handitzea.

d) Gaixoek osasun aldetik dituzten desberdintasunak gutxitzea.

e) Generoaren ikuspegia barnean hartzea.

3.– Jarduera hauek jaso ahal izango dute dirulaguntza:

– Gaixotasunari buruzko aholkua eta informazioa.

– Errehabilitazio logopedikoa, fisioterapeutikoa eta kognitiboa, eta kolektiboaren bizi-kalitatea hobetzen duten beste prozedura batzuk.

– Laguntza psikologikoa.

– Terapia okupazionala.

– Autolaguntza-taldeak.

– Gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko tailerrak.

– Gaixoen familientzako laguntza.

– Gaixotasunari buruzko informazio- edo sentsibilizazio-jardunaldiak, gaixotasunari buruzko informazio-standak eta abar.

– Gaixotasunarekin lotutako publizitate-kanpainak.

– Gaixotasunaz informatzeko eta sentsibilizatzeko beste jarduera batzuk.

4.– Deialdi honen bidez finantzatzeko moduko ekintzetatik kanpo gelditzen dira:

a) Osakidetzak edo Osasun Sailarekin hitzarmena duten zentroek egiten dituzten jardueren pareko jarduerak.

b) Hiesaren eta adikzioen arloko jarduerak, baita ikerketa-lanak eta Osasun Sailean horretarako berariazko laguntza-deialdiak dituzten guztiak ere.

c) Osasun Sailetik jasotako bestelako laguntzen bidez, izendunak izan zein ez, finantzatutako proiektuak.

d) Sexu-diskriminazioa eragiten duten jarduerak.

2. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Eskakizun hauek betetzen dituzten elkarteek eskuratu ahal izango dituzte laguntzak:

a) Irabazi-asmorik gabekoak izatea, eta osasun-premiak dituzten pertsonei parte-hartzen laguntzea eta haien eskubideak defendatzea, haien bizitzan eragina duten esparru, politika eta jarduera guztietan, helburu izanik haiek erabat gizarteratzea eta haiei bizi-kalitatea hobetzea, elkartzeko, komunikatzeko eta laguntzeko guneak sortuz haientzat guztientzat.

b) Estatutuen helburuen artean berariaz jasotzea bazkideen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak egingo dituztela, haiek guztiak osasun-arazoen, gaixotasunen edo egoera medikoaren arabera sailkatuta.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko gaixoen eta haien familien kolektiboez osatuta egotea.

b) Legez eratuta egotea, eta behar bezala izena emanda egotea elkartearen egoitza sozialari dagokion lurraldeko erregistro administratibo ofizialean, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebete lehenagotik gutxienez.

e) Beteta izatea, bai Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak, bai dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, bat etorrita Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin –Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa berau–.

f) Ez egotea 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluetan adierazitako inolako egoeratan.

2.– Sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak ezin izango dira dirulaguntzak jasotzeko aurkeztu, dagokien zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, bai, halaber, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.

3.– Entitateek prozesu osoan bete beharko dituzte eskakizun horiek guztiak, harik eta emandako dirulaguntza likidatu arte.

3. oinarria.– Aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1.– Deialdiaren zenbatekoa 300.000 eurokoa da (hirurehun mila euro).

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Jarduera batez edo batzuez osatutako proiektuak diruz laguntzeko dira laguntza hauek, eta ez dira erabiliko langile-egiturak modu egonkorrean mantentzeko, ezta elkarteen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko ere.

2.– Gastu hauek lagunduko dira diruz:

a) Langileak (nominak eta gizarte-segurantzako gastuak).

b) Profesional independenteen zerbitzuak.

c) Ekipamenduak eta materialak.

d) Argitalpenak eta komunikazio-jarduerak.

e) Eskatutako zenbateko osoaren % 15, gehienez, zeharkako kostuengatik, halakotzat hartuta:

1.– Elkartearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei dagozkienak barne.

2.– Dieten eta joan-etorrien gastuak.

3.– Jarduera jakin batekin zuzenean lotuta ez dauden baina diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak diren kudeaketa-gastuak.

3.– Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Gastu finantzarioak.

b) Inbertsio-gastuak.

c) Administrazio-lizentziak.

d) Berandutze-errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak, besteak beste, zergen, tributuen, tasen, Gizarte Segurantzako kuoten, prozedura judizialen edo gatazkak borondatez ebazteko beste prozedura batzuen ordainketan berandutzeak edo ez-ordaintzeak eragindakoak.

e) Oro har, elkarteak egindako edo antolatzaileek parte-hartzaileei eskainitako aperitibo, hamaiketako, catering, bazkari edo afariekin lotutako gastuak. Jarduera dela-eta eskainitako opariak ere ez dira finantzatuko.

4.– Egindako gastutzat hartuko da justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu dena.

5.– Diruz laguntzen diren jarduerak ezingo dira azpikontratatu.

6.– Oinarri honetan zehaztu ez diren gaietan, oro har, 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

5. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Dirulaguntza hauek bateragarriak izango dira helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuetatik edo estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko organismoetatik etorrita ere.

2.– Lortutako laguntza guztien zenbatekoen batura jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, sobera dagoen zenbatekoa kenduko zaio dirulaguntzari.

3.– Laguntza hauek bateraezinak dira Osasun Sailak osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko edo gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko proiektuak egiteko emandako dirulaguntza izendunekin.

6. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa hau izango da gehienez:

a) Eskatutako zenbatekoa.

b) Diruz lagundu daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100.

c) 5.000 euro dirulaguntza bakoitzeko.

7. oinarria.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak bide telematikoz aurkeztuko dira, 20.4 oinarrian adierazitakoaren arabera.

2.– Elkarte bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.

3.– II. eranskinean zehazten dira eskabideetan adierazi beharreko datuak. Datuak egoitza elektronikoaren inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira, agindu honen 20.4 oinarrian xedatutako moduan sarbidea eginda.

4.– Eskabidearekin batera, behar denean, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidean administrazio publiko eskudunen aurrean egiaztapena zuzenean lortzeari uko egiten zaionean bakarrik:

– Dagokion administrazio-erregistroan eratu eta inskribatu izanaren egiaztagiriaren kopia.

– Zerga-betebeharrak egunean izatearen egiaztagiria.

– Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatearen egiaztagiria.

b) Elkarteak proiektua hobeto azaltzeko garrantzitsutzat jotzen duen beste edozein dokumentazio.

8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita (20. oinarrian adierazia).

3.– Eskabidea aurkezten duen pertsonak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua:

a) Entitatearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du beste egiaztagiririk behar.

b) Pertsona fisikoen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, agindu honetako 20.2 oinarrian aipatutako ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatuta dagoela egiaztatu beharko du.

4.– Entitate eskatzaileak eskabidea eta gainerako dokumentazioa aurkezteko hizkuntza ofiziala aukeratu behar du. Hizkuntza horri eutsiko zaio prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

9. oinarria.– Eskabidearen akatsak zuzentzea.

Eskabidean datuak falta badira edo nahitaezkoa den agiriren bat falta bada, administrazioak 10 egun balioduneko epea emango dio entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, ulertuko duela eskaeran atzera egin duela. Administrazioak eskabide horiei buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan, zeinak lotura baitauka 21. artikuluarekin.

10. oinarria.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.

Entitateak, eskabidearen bitartez, aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak dagokion administrazio publikoan entitatearen nortasun-datuak kontsultatu edo biltzeari, eta, halaber, eskakizunak betetzen diren egiaztatzeari. Horrelakoetan, entitateak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez. Eskabideak gutxienez honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jasoko ditu:

1.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean edukitzea.

2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

3.– 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluek adierazitako egoeretako batean ere ez egotea:

– Epai irmo baten bidez zigortuta egotea dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin.

– Borondatezko konkurtsoan deklaratuta egotea, kaudimenik gabekotzat edo konkurtsoan deklaratuta egotea (non eta konkurtso horretan ez duten hitzarmen bat adostu), esku-hartze judizialaren mende egotea, edo konkurtsoa sailkatzeko epai baten bidez desgaitua izatea.

– Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, errudun deklaratua izateagatik.

– Administratzaileak edo elkarteen legezko ordezkaritza dutenak abenduaren 26ko 52/1984 Legean eta ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea, edo ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat izatea.

– Indarreko legediaren arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso izana ebazpen irmo baten bidez.

– Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota ez betetzea, eta hori betetzeko beste neurri batzuk hartu direla egiaztatu ez izana.

– Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausak izatea.

3.– Eskatuta edo emanda izatea, edo ez, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, edozein administrazio publikotatik edo ente publiko edo pribatutatik edo estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko organismoetatik. Halakorik eskatu edo jaso bada, kopurua adierazi behar da.

4.– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan indarrean dagoen araudia betetzea, sexu-jazarpenari eta berdintasun-planei dagokienez, agindu honen 2.2 oinarriaren arabera.

Organo kudeatzaileak egoki deritzen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman aurretik eta ordainketa bakoitza egin aurretik, behar den egiaztapena egingo da.

Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioren bat hautematen bada, entitate eskatzaileak ezin izango du prozeduran jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik aurrera. Gainera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatu ahal izango dira.

Halaber, egoera horien berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak xeda dezake entitate interesdunak itzuli egin behar duela dirulaguntzaren zenbatekoa, hala badagokio, bai eta denbora-tarte jakin batean ezingo duela abian jarri ere helburu berbererako beste prozedura bat; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin bat eginez.

11. oinarria.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

1.– Jarraian zehazten diren balorazio-irizpideak erabiliko dira eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko:

a) Proiektuaren justifikazioa, zer egoerari erantzun nahi zaion (deskribapena), zer faktoreren gainean eragin nahi den: 14 puntu gehienez.

b) Proiektuaren bidez zer helburu lortu nahi diren: 10 puntu gehienez.

1.– Helburu orokorra: 3 puntu gehienez.

2.– Helburu zehatzak: 7 puntu gehienez.

c) Proiektuak zer garapen izatea aurreikusten den: 28 puntu gehienez.

1.– Jardueren eremua: 7 puntu gehienez.

a) EAE: 7 puntu.

b) Lurralde historikoa: 5 puntu.

c) Eskualdea: 4 puntu.

d) Udalerria/auzoa: 3 puntu.

2.– Faseen deskribapena eta lanen eta zereginen egutegia: 11 puntu gehienez.

3.– Giza baliabideak eta bitarteko materialak: 10 puntu gehienez.

d) Proiektuaren ebaluazio aurreikusia: 8 puntu gehienez.

1.– Adina, sexua, bizilekua, jatorria edo etnia kontuan hartuta zehazten ditu jardueraren onuradunak: 3 puntu gehienez.

2.– Proiektuaren jarraipen- eta inpaktu-adierazleak zehazten ditu: 3 puntu gehienez.

3.– Onuradunen gogobetetzeari buruzko adierazleak zehazten ditu: 2 puntu gehienez.

e) Proiektuan berdintasun-ikuspegia kontuan hartzen den: 25 puntu gehienez.

1.– Gaixotasunaren prozesuan sor daitezkeen genero-desberdinkeriei aurre egiteko estrategiak: 6 puntu gehienez.

2.– Gizarte-egoera ahulean dauden pertsonek edo taldeek proiektuari onura ateratzeko aukerak handitzeko estrategiak, aldagai hauek aintzat hartuta: adina (haurrak eta pertsona nagusiak), migratzaileak, gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak edo bestelako gizarte-kalteberatasuna pairatzen dutenak, bai, halaber, zerbitzu-zuzkidura apaleko guneetan bizi diren pertsonak ere: 8 puntu gehienez.

3.– Gaixoek edo haien senideek proiektua diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen parte har dezaten sustatzeko estrategiak: 6 puntu gehienez.

4.– Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko estrategiak, eta, bereziki, jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean euskararen erabilera bermatzekoak: 5 puntu gehienez.

f) Beste arlo batzuetako beste elkarte edo entitate batzuekin lankidetzan aritzea, elkarlaguntza eta boluntariotza sustatzeko: 15 puntu gehienez.

1.– Gaixoen beste elkarte batzuekin koordinatzea: 8 puntu gehienez.

2.– Arlo komunitarioko beste entitate batzuekin koordinatzea: 7 puntu gehienez.

2.– Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. 50 puntu baino gutxiago lortzen duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko. Halaber, a), b) eta c) apartatuetan adierazitako puntuazioaren gutxienez erdia lortzen duten proiektuek bakarrik jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.

12. oinarria.– Eskabideen balorazioa eta dirulaguntzak emateko prozedura.

Balorazio-batzordeak baloratuko ditu eskabideak, eta, kide anitzeko organo gisa, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango du.

1.– Eskabideak aztertuko dituen balorazio-batzordea honako hauek osatuko dute:

– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Itziar Larizgoitia Jauregui), batzordeburu gisa.

– Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde kargua dutenak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Elena Albisua Cortazar, Juan Carlos Fernández Crespo).

2.– Kide anitzeko organoaren idazkaria batzordeburuak izendatuko du batzordekideen artean.

3.– Garaiz eta egoki aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskabideak balorazio-batzordeak.

4.– Balorazio-batzordeak zehaztuko du, proiektu bakoitzerako, lortutako puntuazioa eta diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.

5.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak –laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik– edo balorazio-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete elkarte eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko, betiere.

6.– Dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: balorazio-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. oinarrian zehaztutako zuzkidura ekonomiko osoa. Horretarako, lortutako puntu bakoitzari balio ekonomiko bat esleituko zaio, eta formula honen bidez kalkulatuko da:

PB = AZ/PT.

PB = Puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoa.

AZ = Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura.

PT = Dirulaguntza merezi duten proiektu guztiei emandako puntuazioaren batura.

Hasierako banaketa egiteko, balorazio-fasean lortutako puntuak puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoarekin (PB) biderkatuko dira.

Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. oinarrian ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balorazio-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen den guztietan edo diruz lagundutako eskabide guztiak gehieneko zenbatekora iristen diren arte.

Banaketan, gainditu egiten bada elkarte batentzat ezarritako muga, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioaren arabera.

7.– Proiektuen ebaluazio konparatua egin eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren, balorazio-batzordeak txosten bat egingo du balorazioaren emaitzarekin. Txosten horretan oinarrituta, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, eta, bertan, honako hauek adieraziko ditu: entitate onuradunen zerrenda, finantzatuko den proiektu bakoitzerako proposatutako zenbatekoak eta balorazioaren puntuazioa, baita ukatzea proposatzen dituen proiektuen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak ere.

13. oinarria.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Osasuneko sailburuordeak ebatziko du laguntzen deialdia, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak proposatuta, laguntzen organo kudeatzailea den heinean.

2.– Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatu diren. Aldeko ebazpenetan, adieraziko da zein elkarteri eman zaien laguntza, zenbateko dirulaguntza eman zaien, eta balorazioan zenbat puntu lortu dituzten. Laguntzak ukatzeko ebazpenetan, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.

3.– Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epea 4 hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Gehieneko epea igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, entitate interesdunek ulertu beharko dute dirulaguntza-eskabidea ezetsi zaiela, 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie interesdunei.

5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, entitate interesdun bakoitzak 11. oinarriko balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioa kontsultatu ahal izango du 20. oinarrian adierazitako izapidetze elektronikoaren bidez.

6.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoa betez.

14. oinarria.– Dirulaguntza justifikatzea.

Dirulaguntzak justifikatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa beteko da oso-osorik.

1.– Entitate onuradunek beren proiektuak egin izana justifikatu beharko dute.

2.– III. eranskinean, justifikazioek jaso beharko dituzten datuak zehazten dira.

3.– Justifikazioarekin batera, honako hau erantsiko da:

a) Eskatutako zenbatekotik eman den dirulaguntzaren zenbateko osoaren gastua justifikatzen duten fakturen, nominen edo bestelako ordainketa-egiaztagirien kopia sinplea. Egiaztagiri horiek entitatearen arduradunaren sinadura izan beharko dute, eta benetakoak direla ziurtatzeko erantzukizunpeko adierazpena erantsiko zaie.

b) Proiektuan boluntarioek egiten duten lana justifikatzeko, boluntario bakoitzaren ziurtagiriaren kopia bat aurkeztu behar da. Entitatearen legezko ordezkariaren sinadura behar du kopiak, eta datu hauek jaso behar ditu: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NANa); ordu kopurua; orduko kostua; guztizko zenbatekoa eta boluntarioaren sinadura.

Boluntarioak balioztatzeko, elkartearen inguruko pertsonek ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren zenbatespen ekonomikoa egingo da. Zenbateko hori elkartearen ekarpen propioa justifikatzeko baino ez da hartuko aintzat, eta orduko 20 euroko gehieneko muga izango du.

c) Jarduerarekin zerikusia duten agiri publikoak, hala nola egunkari zatiak edo proiektuko funtsen kontura egin, kopiatu eta zabaldutako ikasmateriala. Agiri horiek horretarako esteka elektronikoen bidez ere egiazta daitezke.

d) Osasun Sailaren babesa jaso dela adierazi izana egiaztatzen duen dokumentazioa (agindu honetako 17.10 oinarriaren arabera).

e) Proiektuaren funtsekin antolatutako jardueretara joan izanaren laburpena: pertsona kopurua adierazi behar da, adinaren eta sexuaren arabera bereizita.

4.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duen proiektua gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Honako gastu hauek dirulaguntzaren kargura behar bezala justifikatutzat joko dira:

a) Entitate onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak. Faktura guztiak 2024an egindakoak izango dira.

b) Banku-zordunketako ordainagirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

d) Balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean, gastua justifikatzeko, entitate onuradunak idatzi bat egingo du, eta entitatearen ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

e) Boluntarioen kasuan, haien aseguruaren bidez justifikatutako gastuak bakarrik. Boluntarioen aseguruak bi kontingentzia estali beharko ditu: istripuak eta erantzukizun zibila. Erantzukizun zibilaren kasuan, gutxienez 300.506,05 euroko kapital aseguratua izan behar du istripu eta aseguru-urte bakoitzeko, polizari atxikitako boluntario bakoitzarentzat.

Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, entitate aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertuko dira, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

5.– Dirulaguntza jaso aurretik eginiko gastuak ordaindu ahal izango dira jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2024. urtean sortutakoak badira.

6.– Gehienez ere, jasotako laguntzaren zenbateko osoaren % 15 egotzi ahal izango zaie zeharkako gastuei, agindu honetako 4.2.e) oinarrian zehazten den bezala.

7.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, agindu honetako 20. oinarrian azaltzen den moduan.

8.– Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2025eko martxoaren 3a da.

15. oinarria.– Justifikazioaren akatsak zuzentzea.

Justifikazio-dokumentazioan akatsen bat edo ez-egiteren bat ikusten bada, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo dokumentazioa aurkezteko eskatutako zaio entitateari.

Eskatutakoa adierazitako epean zuzentzen ez bada, agindu honen 21. oinarrian aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. oinarria.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) % 70, behin emakida onartutakoan, ebazpena argitaratu eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, agindu honetako 17.1 oinarrian ezarritako epean.

b) Gainerako % 30a, proiektua gauzatu izana eta haren gastu osoa justifikatu eta gero, agindu honetako 14. oinarrian ezarritakoari jarraituz.

2.– Edozein ordainketa egin baino lehen, entitateak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.

17. oinarria.– Elkarte onuradunen betebeharrak.

Elkarte onuradunek oso-osorik beteko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako xedapenak.

Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte, indarrean dagoen araudiak adierazitako betebeharrez gain:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Entitate onuradunek ez badiote berariaz uko egiten dirulaguntzari esleipen-ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epean, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskabidea inprimakia betetzea, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira inprimakiok. Behar den inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

3.– Jasotako laguntza guztia diruz lagundutako proiektua gauzatzeko erabiltzea.

4.– Aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

6.– Diruz lagundutako proiektuari jarritako baldintzak eta eskakizunak bete direla eta proiektua gauzatu dela justifikatzea.

7.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan, eta Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen mende jartzea.

8.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea laguntzen zertarakoa kontrolatzeko eskatu duten informazio guztia.

9.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatu ahal izateko.

10.– Publizitatean edo egiten diren dokumentuetan Osasun Sailaren babesari buruzko aipamen bat sartzea. Aipamen hori, Sailak gainbegiratu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera txertatuko da. Eskuliburua hemen dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/

11.– Euskadi Aktiboa plataforman elkartea baliabide komunitario gisa ikusaraztea. Plataformarako sarbidea egoitza elektroniko honetan dago: https://www.euskadi.eus/informazioa/euskadi-aktiboa-auzolanean-osasuna-zabaltzen/web01-a2osabiz/eu/

18. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Agindu honetan baimendutako kasuetatik aparte beste ekarpen batzuk ere izaten badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, agindu honetako oinarri erregulatzaileetan ezarritakoaren arabera.

Emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo alderdi interesdunak eskatuta, 20/2023 Legearen 25.1 artikuluan jasotako betekizunak betetzen badira.

Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu entitate onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

19. oinarria.– Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.

Osasun Sailak egoki deritzen gainbegiratzeak, ikuskapenak eta egiaztapenak egingo ditu, xedapen honetan ezarritako arauak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

20. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Entitate interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz soilik eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.

2.– Ahalordeen erregistro elektronikoari buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Elkarteak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak, eskaera-inprimakiak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak//0027511

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

21. oinarria.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen agindu honen 17. oinarrian, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak, galdu egingo du emandako laguntza jasotzeko eskubidea.

2.– Osasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du itzultzeko prozedura, ez-betetzeari buruzko espedientea ireki eta entitate interesdunari entzun ondoren. Espediente horretan, administrazio-ebazpen bidez adieraziko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola jasotako zenbatekoak, baita dagozkion berandutze-interesak ere, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean itzulketari, horren kausei eta jarraitu beharreko prozedurari buruz ezarritakoarekin, 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin eta arlo horretan indarrean dagoen legeriarekin.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako itzulketa-arrazoiez gain, honako hauek ere dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko kausa izango dira, eta jasotako dirulaguntza itzuli behar izatea ekarriko dute:

a) Entitate interesdunak dirulaguntzari uko egitea, aurretik dirulaguntzaren ordainketa jaso badu.

b) Agindu honetako 4. oinarrian jasotako baldintzak ez betetzea.

c) Justifikazioak ez hartzea eskabidean aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoa, eta bi aurrekontuen artean % 25etik gorako desbideratzea egotea.

4.– Agindu honetako 5. oinarrian xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli egin beharko da baldin eta laguntzaren zenbatekoak diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen badu, berak bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera. Kasu horretan, soberako kostua eta dagokion berandutze-interesa soilik itzuli beharko da.

5.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, laguntzaren parte bat itzuli beharko da, proportzionaltasun-printzipioaren arabera, eta, betiere, baldintzak guztiz bete ez arren nabarmen bete badira eta entitateak egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Nolanahi ere, aldaketak ezin izango du inola ere eragin jarduerak lotura galtzea deialdiaren 1. oinarrian adierazitako xedearekin, ezta proiektuaren beraren xedea bete gabe geratzea ere.

Halakorik gertatuz gero, laguntza aldatzeko ebazpenean finkatutako zenbatekoaren soberakina itzuli beharko da. Ebazpen hori deialdiaren 11. oinarrian aipatzen diren eskabideak baloratzeko irizpideei jarraituz bideratuko da.

6.– Jada ordaindutako dirulaguntza baino zenbateko txikiagoko gastuak justifikatuz gero, dirulaguntza murriztu egingo da justifikatu gabeko zenbatekoa kenduta, eta, ondorioz, entitate onuradunek proportzionalki itzuliko dituzte jasotako dirulaguntzak.

7.– Itzultzen diren diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala