Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2024ko maiatzaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2559

62/2024 DEKRETUA, maiatzaren 14koa, zeinaren bidez deklaratzen baita ezen, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena eta Muskizeko udalerrietan, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, urgentziaz okupatu behar dituela Lehen mailako saneamendu-sarea berritzeko proiektua (Meatzaldeko kolektorearen Putxeta-Muskiz tartea. 3.fasea) gauzatzeko ondasun eta eskubideak.

Lehen mailako saneamendu-sarea berritzeko proiektuaren (Meatzaldeko kolektorearen Putxeta-Muskiz tartea. 3.fasea) espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.

2023ko maiatzaren 2an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea, eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2023ko ekainaren 9ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (111. zk.). Geroago, 2023ko abenduaren 19an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:

«Meatzaldeko kolektorearen egungo zatiak bi arazo bereizgarri ditu, Putxeta eta Muskiz arteko zatian (Cotorrio):

Batetik, kolektoreak, gaur egun, ibaiaren babes eremuaren barruan egiten du bere bidea (babes eremua: 15 m-ko zerrenda Cotorrio ibaiaren alde bakoitzean), ia bere luzera guztian. Hainbat eremutan, jabari publiko hidraulikoko eremura ere sartzen da. Horren ondorioz, uraldi-garaian, erregistro-putzu batzuen estalkiaren kota baino altuagoa da ibaiaren ur-laminaren kota.

Bestalde, tarte horretan, ibaiaren alboko lurrak luiziak eta higadurak jasaten ditu, ibaiaren indarra eta lurzoruaren higagarritasun-maila handia direla kausa. Hori, batik bat, meandroak dauden eremuan gertatzen da eta hoditeriari, kutxetei eta babesteko- harri-lubetei eragiten die neurri handi batean».

«Gaur egungo kolektorearen berrikuntza hiru fase edo tartetan egitea dago aurreikusita. Proiektu hau 3. faseari dagokio, hain zuzen ere, Putxeta auzoaren eta Gerente putzuaren arteko zatiari (Abanto-Zierbenako udalerrian)».

«Gaur egungo kolektoreak hainbat patologia ditu proiektuak jasotzen duen tartean. 2016ko ekainean egindako azterketak patologia hauek aurkitu zituen, besteak beste: Cotorrio ibaiaren bi gurutzaketa, estalki nahikorik gabe; isuriaren kontrako malda ZM22 eta ZM32 putzuen arteko tartean; deformazioak kolektorean, ZM25 eta ZM32 arteko tartean; kalteak ZM29 eta ZM30 arteko tartean; kutxetak egoera txarrean (PR-24, PR-25, PR-26, PR-33, PR-34, PR-35, PR-36, PR.37, PR-41, PR.42 eta PR.43).

Denborak aurrera egin ahala, patologia horiek handiagotuz doaz, eta kolektorearen segurtasuna arriskuan jar dezakete. Kolektorea hautsiz gero, saneamendu-sistemak jasotako urak ibaiaren ibilgu naturalera isuriko lirateke, eta horrek eragindako inguruneari kalte egingo lioke. Hori dela eta, beharrezkoa da egungo kolektorea lehenbailehen aldatzea, egungo patologiek Cotorrio ibaiaren egoeran sortu ditzaketen afekzioak ezabatzeko, bai eta kolektorea hausteko arriskua saihesteko».

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2024ko maiatzaren 14ko bilkuran, gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela Lehen mailako saneamendu-sarea berritzeko proiektuaren (Meatzaldeko kolektorearen Putxeta-Muskiz tartea. 3.fasea) proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko maiatzaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala