Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2024ko maiatzaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2558

61/2024 DEKRETUA, maiatzaren 14koa, zeinaren bidez deklaratzen baita ezen, Ajangizko udalerrian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, urgentziaz okupatu behar dituela Ajangizko zundaketa energizatzea eta egokitzea proiektua gauzatzeko ondasun eta eskubideak.

Ajangizko zundaketa energizatzea eta egokitzea proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.

2023ko uztailaren 20an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea, eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2023ko urriaren 4ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (191. zk.). Geroago, 2023ko azaroaren 28an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:

«Gainazaleko eta lurpeko baliabide hidrikoei, emari ekologikoei eusteari, egungo eta etorkizuneko eskaerei, ustiapen-arau eta -lehentasunei, eta berme-irizpideei erreparatuta, Busturialdean ateratzen den balantze hidraulikoa da bertako sistema globalak 100 l/s-ko baliabide-gehikuntza beharko lukeela (bai egungo konfigurazioa hartuta, bai etorkizuneko egoera hartuta) hornidura-zerbitzua murrizketarik gabe eman ahal izateko. Guztia, Plangintza Hidrologikoaren Jarraibideak (IPH) ezartzen dituen berme-irizpideen arabera, eta ur-baliabidea hartzen den ubideetarako ezarritako emari ekologikoen erregimena errespetatuta.

Indarrean dagoen Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Hornidurako Lurralde Ekintzako Planak (Busturialdeko Ur Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak 2020ko urtarrilaren 22an onetsita; 2020ko apirilaren 7ko BAO, 67. zk.), bederatzi aukera proposatzen ditu. Aukera horiek guztiz edo partzialki konpon ditzakete detektatutako defizit-arazoak, eta, halabeharrez, dauden baliabide erabilgarrien gehikuntza eskatzen dute. Proposatutako aukera horietatik guztietatik, defizita erabat ezabatzeko gai den bakarra da Busturialdeko hornidura-sistemak Partzuergoaren lehen mailako sarearekin lotzea, Solluben. Lotura hori osatzeko, Bermeoko, Buspemuneko eta Gernikako sistemen arteko interkonexioa ere eginez.

Dagoeneko hasiak dira Busturialdeko hornidura-sistemak Partzuergoaren lehen mailako sarearekin behin betiko lotzeko proiektuaren idazketa lanak (lotura 2028ko urtarrilerako zerbitzuan egon daitekeela uste da).

Partzuergoak eskualdeko uraren kudeaketa integrala bere gain hartu zuenetik (2022ko urtarrilaren 1ean), baliabidea kudeatzeko arazoari egin behar dio aurre, eta arazo hori oso modu kezkagarrian larriagotzen da agorraldietan. Hori dela eta, eskualdeko baliabide-defizitaren arazoa behin betiko konponduko duen proiektuaren eta obraren garapenarekin batera, beharrezkoa da behin-behineko konponbideak bilatzea (exekuzio-epe laburragoa dutenak) datozen agorraldietan sistema hidrologikoen gaineko presioa arintzeko.

2022ko agorraldian, Partzuergoa lanean aritu zen, Urarekin koordinatuta, jarduera-protokolo bat abian jartzeko. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko alerta egoeretan eta balizko lehorteetan jarduteko plan berezia (LPB) osatu zen».

«Proiektu honen xedea da Ajangizeko zundaketa kontrolatzeko eta energia hornitzeko jarduketak zehaztea eta baloratzea. Orain artean, zundaketa hori agorraldietan jarri da martxan, agorraldietan eta ezohiko egoeretan eremuak duen defizit hidrikoa arintzen lagunduko duten neurriak abian jartzeko asmoz».

«Lehen aipatutakoa eta hurrengo agorraldietan Gernikako sistemaren defizit hidrikoa handitu egingo dela kontuan hartuta, ezinbestekotzat jotzen da, eta premiazkotzat, azaldutako jarduketak exekutatzea (kontratu honen xede dira). Horrela, hurrengo agorraldirako (2024) martxan jarri ahal izango dira bai Oka ibaiko ur-hartzea, bai Ajangizko zundaketa. Izan ere, jarduketa horiek baliabide hidriko garrantzitsuak emango dizkiote Burgoako EUTEari, baliabide eskasia arintzeko».

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2024ko maiatzaren 14ko bilkuran, gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela Ajangizko zundaketa energizatzea eta egokitzea proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko maiatzaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala