Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2024ko maiatzaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
HEZKUNTZA SAILA
2557

60/2024 DEKRETUA, maiatzaren 14koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2024rako Aurrekontuan kredituak sartzeari buruzkoa, irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuaren bidez irakaskuntza-arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzearen ondorioz (atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak homologatzea eta baliokidetzat jotzea).

Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen Testu Bateginaren 75. artikuluak (Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen du), maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuta, honako hau ezartzen du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen edo zerbitzu berriak eskuratzen baditu Estatutik, eskumen-aldaketaren ondorioz sortutako betebeharrak eta likidatuko diren ekonomia-eskubideak betetzeko behar diren kredituak txertatu beharko dira aurrekontu orokorretan; horretarako, Jaurlaritzak eskumen eta/edo zerbitzu berriari dagokion aurrekontua onartu beharko du ekitaldia amaitzeko geratzen den aldirako, Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia azkeneko aldiz Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egun baliodun igaro baino lehen.

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da, 2024ko apirilaren 19an, apirilaren 9ko 366/2024 Errege Dekretua, irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuaren bidez irakaskuntzaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzekoa (atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak homologatzea eta baliokidetzat jotzea). Eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2024ko apirilaren 19an, argitaratu da 44/2024 Dekretua, apirilaren 16koa, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren 2024ko martxoaren 11ko Erabakia, lehen aipatutako gaiari buruzkoa, onartzen duena.

Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuaren Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2024ko maiatzaren 14ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

HAU XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Kredituak txertatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2024ko aurrekontuan.

1.– 82.680,00 euroko gastuen egoera-orria onartu da. Zenbateko hori irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuaren bidez irakaskuntzaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuak gehitzearen ondoriozko betebeharrak betetzeko beharrezkoa da (atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak homologatzea eta baliokidetzat jotzea).

2.– Jasotako eskumen berriari dagokion sarreren egoera-orria 82.680,00 eurokoa da.

3.– Aurreko apartatuetan aipatzen diren sarreren eta gastuen egoera-orriak 2024ko uztailaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arteko aldiari dagozkio. Honela xehatzen dira:

Gastuak: 4211 Programa Egitura eta Laguntza.

(Ikus .PDF)

Diru-sarrerak: 4223 programa: Unibertsitate-irakaskuntza.

(Ikus .PDF)

Bigarren artikulua.– Kredituak txertatzearen ondorioak.

Ekonomia eta Ogasun Sailak aurreko artikuluan aipatu diren gastuen eta sarreren egoera-orriak integratuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontuan, dagozkion ondorio juridikoak izan ditzan, eta, bereziki, egoera-orri horien kontabilitatea, exekuzioa eta ondorengo likidazioa egoki gauza daitezen.

Hirugarren artikulua.– Eusko Legebiltzarrari jakinaraztea.

Ekonomia eta Ogasun Sailak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari jakinaraziko dio dekretu honetan xedatutakoaren babesean egindako kreditu-kontsignazioa.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta 2024ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak. Une horretan, hain zuzen, indarrean jarriko da dekretuan aipatzen diren eta eskualdatu diren eginkizunak eta zerbitzuak gehitzea.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko maiatzaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala