102. zk., 2024ko maiatzaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (283 KB - 26 orri.)
- EPUB (220 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2534
EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 8koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, «Zabaldu 2024» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia egitea agintzen duena.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoa da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek sustatzera bideratutako jarduketez arduratzen da: industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta industria-lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, Informazio eta ezagutza gizartearen garapena, eta enpresa arloko ekintzailetza-jarduera.
Horrekin lotuta, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak Euskadiko enpresetan nazioartekotzea bultzatzera bideratutako hainbat ekintza garatu ditu. Jarduera horien artean, gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko laguntza-programak aipatu behar dira.
Ondorioz, laguntza-programa honen lehentasunezko helburua da nazioartekotze maila txikia duten EAEko enpresei kanpoan haien presentzia handitzen lagunduko dieten ekintzak sustatzea.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («20/2023 Legea») 7.2.a) artikuluan exijitzen du printzipio jakin batzuen arabera egin dadila lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena; besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, 20/2023 Legearen 8.3 artikuluak ezartzen du nahitaezkoa dela dirulaguntza edo dirulaguntza-programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Hori guztia dela eta,
HONAKO HAU EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Zabaldu 2024» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Akordio honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, akordio hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, akordio hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2024ko maiatzaren 8a.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,
AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.
ERANSKINA
ZABALDU 2024 LAGUNTZEN PROGRAMAKO OINARRI ARAUTZAILEAK
XII. legegintzaldiko Gobernu Programak, Industriaren eta Nazioartekotzearen eremuaren baitan dagoen lehenengo ardatzean (Oparotasuna), 18. konpromisoa jasotzen du: Euskal enpresen nazioartekotzea.
Aipatutako Gobernu Programa horren aginduz, konpromiso hori 2021-2024 aldirako Ekonomia eta Nazioarteko Garapenerako Planean zehaztu beharko da, eta gutxieneko eduki batzuk izan beharko ditu, horien artean honako hau nabarmentzen da lehen atalean: «enpresen nazioartekotzeari finantza-laguntza emateko programen garapena».
Horrela, jarraipena ematen zaio aurreko legegintzaldietan hasitako sustapen-politika publiko bati, helburutzat hartuta laguntza ematea nazioartekotzean hasi berriak diren enpresak sustatzeko ekimenei. Ekimen horiek beharrezkoak dira kanpoko merkatuetara sartzeko oztopoak saihesteko. Horri guztiari esker, are balio handiagoa ematen zaio nazioartekotzearen eremuan iraunkortasunaren, aniztasunaren eta inklusibitatearen aldeko konpromisoari. Horrekin lotuta, iraunkortasunaren errealitatea euskal enpresen lehiakortasunerako elementu gisa ikusarazi eta balioetsiko duten ekimenen aldeko apustua egiten du estrategiak. Horrela, euskal enpresek giza eskubideekiko duten konpromisoa erakustea lortzen da, inklusibotasunak eta aniztasunak nazioarteko jardueran duten garrantziari dagokionez, hori guztia 2030 Agendaren arabera. Horrela, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen iraunkortasunaren arloan euskal ekonomia eta enpresak hobeto ezagutzea espero da.
Zabaldu programa laguntzarako tresna da; itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak ematen ditu aholkularitza estrategikoaren eta operazionalaren arloan beharrezkoak diren gastuak arintzeko, bai eta kanpoko merkatuetara sartzeko enpresen sustapeneko eta antolakuntza-egokitzapeneko beste gastu batzuk arintzeko ere.
Programa hau entitatearen 2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, zeina Administrazio Kontseiluaren 2023ko abenduaren 20ko erabakiaren bidez onetsi baitzen, eta Planaren helburu hau lortzen laguntzen du: «Hedapen fasean dauden eta esportazio-ehuneko nahiko txikia duten ETEen nazioartekotzea sustatzea».
1. artikulua.– Xedea.
Zabaldu programak bat egiten du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuekin, XII. legegintzaldiko gobernu-programan eta hura garatzen duten plangintza estrategikoko tresnetan jasotakoekin, eta nazioartekotze-prozesuetan hasten ari diren enpresei laguntzea da haren helburua, kanpo-merkatuetan duten presentzia handitzeko eta nazioartekotze-prozesuetan garapen jasangarria sustatzeko.
2. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta laguntzen nolakotasuna.
1.– Laguntzak emateko prozedura lehiaketaz kanpoko norgehiagoka-prozedura izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan arautua.
2.– Programa hau aplikatuta emango diren laguntzak garrantzi txikiagoko laguntzak edo minimis laguntzak dira. Ondorioz, 2023ko abenduaren 13an Europako Batzordeak onartutako (EB) 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren mende egongo dira (EBAO, L, 2023-12-15).
3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 3.000.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2024rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Jasotako eskabideak kontuan hartuta, aurrekontuaren gehieneko zenbatekoa % 10era arte handitu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da gehieneko zenbatekoen gehikuntza, baina gehikuntza horrek eta hari emandako publizitateak ez du esan nahiko eskabide berriak aurkezteko epea irekiko denik, ezta ebazteko epea berriro zenbatzen hasiko denik ere.
3.– Deialdira bideratutako funtsak agortzen badira, organo eskudunak dirulaguntzetara bideratutako gehieneko zenbateko osoa hainbanatu ahal izango du enpresa onuradunen artean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.
4. artikulua.– Enpresa onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.
1.– Programaren onuradun izan ahalko dira nortasun juridiko propioa duten enpresa txiki eta ertainak (ETEak), Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta daudenak edo ekoizpen-instalazioak bertan dituztenak, baldin eta deialdi honen aurretik eratu badira, esportazio-jarduera 2023an fakturazio osoaren % 50 baino handiagoa ez badute eta nazioarteko estrategia hasi edo sendotu nahi badute.
ETEen definizioa mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzko 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Batzordearen Gomendioan zehaztutakoaren arabera aplikatzen da.
2.– Halaber, hasi berriak diren enpresak (startupak) ere onuradun izan ahalko dira, baldin eta hasi berriak diren enpresen ekosistema sustatzeari buruzko 2022ko abenduaren 21eko 28/2022 Legearen 3. artikuluan ezarritako ezaugarriak betetzen badituzte. Adierazitakoa alde batera utzi gabe, hasi berriak diren enpresei oinarri hauetan ematen zaien tratamenduaren antzeko tratamendua emango zaie 2014ko abenduaren 31ren ondoren eratutako enpresei, baldin eta 28/2022 Legearen 3. artikulu horretako gainerako ezaugarriak betetzen badituzte. Nolanahi ere, atal honetan deskribatutako enpresek ETEak izan beharko dute programaren onuradun izateko.
3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira artikulu honetan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.
4.–Honako egoera hauetan eskatzaileek ezingo dituzte jaso deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak:
a) Bitartekaritza-lanak egiten badituzte edo soilik hirugarrenen produktuak banatzen badituzte (bitartekaritzako merkataritza-jardueran edo hirugarrenen produktuak banatzeko jardueran, negozio-bolumen osoaren % 50etik gorako negozio-bolumena).
b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legearen 13. artikuluan edo 2003ko azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren (Dirulaguntzen Lege Orokorra) 13.2 artikuluan aurreikusten den eragozpen-egoeraren batean badaude aplikagarria zaien heinean-.
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela aintzat hartuko da Ekonomia eta Ogasun Kontseilariak 2023ko otsailaren 13an emandako aginduak ezarritako kasuetan. Hala, eskatzaileak dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketa egunean daukala joko da zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean edo itzulketa-ebazpena aurkaratzeari lotuta ordainketa etetea adostu bada.
c) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez badituzte.
d) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende badaude.
e) Sektore publikoren batekoak edo sektore publikoaren parte badira, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalerako arauen arabera.
f) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen badute, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
g) Aurreko hiru urteetan guztira 300.000 eurotik gorako minimis laguntza jaso duten enpresak badira.
h) Armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketan aritzen badira, bat etorrita Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoarekin.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen ekintzak eta gastuak.
1.– Zabaldu programaren esparruan, laguntza jaso dezaketen enpresen ekintzak honela banatzen dira:
a) Enpresen nazioartekotzeko sustapen- eta egokitzapen-ekintzak.
a.1.– Kanpoko aholkularitza-enpresak egindako nazioartekotze-estrategia bat lantzea.
a.2.– Jabetza industrialari lotutako gastuak eta homologazioak:
– Patenteen eta marken erregistroa: Kudeaketa-gastuak diruz lagunduko dira, bai eta helmugako herrialdeko erregistro ofizialetan izena emateko tasak ere.
– Homologazioa eta ziurtagiria: Erakunde akreditatuek helmugako herrialdean eskatutako homologazioen ondoriozko gastuak diruz lagunduko dira, baita kanpoko bezero handien aurreko ziurtagiriak eta aurrekalifikazioak ere.
– Artikulu zientifikoak argitaratzearen ondoriozko gastuak, oinarri hauetako 4.2 artikuluan deskribatutako enpresa hasiberrientzat (startupak) soilik.
a.3.– Azokei lotutako gastuak:
– Nazioarteko azoketan parte hartzea (bai estatuan, bai atzerrian), erakusketari gisa, baldin eta enpresak ez badu ekitaldi berean beste administrazio, elkarte edo kluster batekin parte hartzen, eta prezio publikoari lotutako laguntza ekonomikoa jasotzen badu. Kasu honetan, diruz lagundu daitezke espazioaren alokairua, erakutsi beharreko produktuaren garraio-gastuak eta standaren dekorazioa, eta, atzerrian egindako azoken kasuan, bidaia-poltsa bat gehituko da, 3. eranskinaren arabera, eta bi bidaia-poltsa, enpresa berrien kasuan.
– Kongresuetan, espezializatutako foroetan eta nazioarteko azoketan bisitari gisa parte hartzea: Izena emateko kuotarako jaso daiteke laguntza eta bidaia-poltsa bat gehituko da, 3. eranskinaren arabera; bi poltsa, enpresa berrien kasuan.
– Dirulaguntzaren xede diren nazioarteko azokak Merkataritzako Estatuko Idazkaritzaren 2023ko abenduaren 19ko ebazpenean daude jasota (2024ko urtarrilaren 1eko BOEn argitaratuta). Ebazpen horrek 2024ko Nazioarteko Azoka Komertzialen Egutegia onartzen du.
– Onlineko kongresuetan, espezializatutako foroetan eta nazioarteko azoketan parte hartzea: Izena-emateko kuotaren eta horiekin lotutako bestelako gastu batzuen dirulaguntza jaso daiteke.
a.4.– Bidaiak:
– Merkatuak aztertzeko eta/edo balizko enpresa-bazkideekin erlazionatzeko ikuskapen-bidaiak. Laguntzak bidaia-poltsak izango dira, eta helmugaren arabera kalkulatuko dira, 3. eranskinean definitutakoaren arabera.
– Alderantzizko misioak, bezero izan daitezkeen enpresak gonbidatzea.
Bi kasuetan, garraio- eta ostatu-gastuak diruz lagundu ahal izango dira.
a.5.– Komunikazio eta marketin arloko gastuak.
– Zabalpen- eta sustapen-materiala helmuga-herrialdera egokitzea, hango hizkuntza ofizialean edo ingelesez.
– Katalogoak, eskuorriak eta kartelak egitea, eta webguneak sortu eta abian jartzea, zein nazioarteko merkatuetara doitzeko egokitzapenak egitea. Webgunearen mantentze-lana eta urteko eguneraketa ez dira barne hartzen.
– Publizitatea: Materiala sortzea eta publizitate-espazioak kontratatzea helmuga-herrialdean eragina dute sektoreko komunikabideetan, baita produktua eta/edo zerbitzua iragartzeko publizitate digitalaren gastuak ere.
– Produktuen edo zerbitzuen aurkezpenak eta sustapenak, eta behin behineko erakustaldiak helmuga-herrialdeko merkataritza-zentroetan.
– Harreman publikoak: publizitate-agentzien kontratazio-gastuak, helmuga-herrialdean produktuak eta/edo zerbitzuak argitaratzeko.
– Merkatuetara birtualki sartzeko modua hobetzeko sustapen-formatu berriak garatzea.
a.6.– Enpresak helmuga-herrialdean duen inpaktua aztertzeko kanpo-aholkulari batek egindako jasangarritasun-txostena, 2030 Agendako garapen jasangarrirako helburuen arabera.
a.7.– Eskaeran ezarritako kanpoko instalazio komertzialekin eta/edo produktiboekin lotutako gastuak. Balizko ezarpen-proiektuen, eraketa-gastuen, negozio-planak egiteko aholkularitzen, due dilligenceren eta auditoretza-bazkideen eta lehen urteko establezimenduarekin lotutako alokairuko eta hornikuntzako beste gastu batzuen bideragarritasun-azterketa.
a.8.– Talentua: Kanpoko operazioetara bideratutako langileak aukeratzea.
b) Operazioen edo estrategiaren aholkularitzan oinarritutako ekintzak, intereseko merkatuetan sartzea eta jardutea sustatzeko.
– Enpresa berrien kasuan (startupak), nazioartekotze-estrategia, nazioarteko marketineko planak eta/edo kanpoko instalazioetako balizko bideragarritasun-azterketak egiten emandako barne-orduak diruz lagundu ahal izango dira.
2.– 2024ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean egindako ekintzek jaso dezakete laguntza.
3.– Ez dira diruz lagunduko komertzio-eragileen eta -ordezkarien kostuak.
4.– Ez da dirulaguntzarik emango prezio publikoen mendeko entitate publikoek eskainitako azterketa eta zerbitzuentzat.
5.– Ezingo da diruz lagundu Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) eta, oro har, zerga, tasa edo ekarpen bat bera ere ez.
6.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legearen 30.1 artikuluan aurreikusten den moduan, diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezingo da inolaz ere merkatuaren balioa baino altuagoa izan.
7.– Bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legearen 31.1 artikuluarekin eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 29. artikuluarekin eta 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluarekin (Dirulaguntzen Lege Orokorraren erregelamendua onartzeko dekretua berau), onuradunak azpikontratatu egiten duela ulertuko da dirulaguntzaren xede den jarduera partzialki edo osorik egikaritzea hirugarrenekin hitzartzen duenean. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak.
8.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legearen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrengoen kontratazioren bat baldin badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.
Dirulaguntzaren justifikazioan edo eskaeran aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.
9.– Nolanahi ere, oinarri hauen testuinguruan diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira bat datozenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluarekin.
6. artikulua.– Dirulaguntza-eskaerak.
Eskatzaileek eskaera bakarra aurkeztu ahal izango dute Zabaldu programaren deialdi honetan, 2. eranskinean jasota dauden ekintzen arteko 2rekin gutxienez.
7. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Dirulaguntzak onuradun izateko baldintzak bete dituztela egiaztatu duten enpresei esleituko zaizkie, betiere, balorazio-irizpide hauen arabera:
– 1. irizpidea: Nazioartekotzeko estrategia: Nazioartekotze-estrategiaren kalitatea kontuan hartuko da, horren barruan sartzen baitira dirulaguntzaren eskaria egin duten ekimenak. Irizpide hori baloratzeko, azterketa bateratua egingo da hurrengo ataletan puntuazio partzialetatik abiatuta: Gaitasuna, Merkatuak, Sartzeko Moduak, Produktua/Zerbitzua, sustapen-politika, Proiektuaren Kalitatea eta Egingarritasuna, Enpresaren gaineko Inpaktua, Ingurunearen gaineko inpaktua eta Koherentzia estrategikoa (enpresak nazioartekotze-proiektua egiteko duen gaitasuna kontuan hartuko da, eta horretarako, azken bi ekitaldietako bilakaerari, fakturazioaren igoerari eta ibilbide esportatzaileari erreparatuko zaio) 4. eranskina.
– 2. irizpidea: Merkatuak eta Xede Herrialdeak: 2021-2024ko garapen industrialaren eta nazioartekotzearen Planeko lehentasuneko geografiekin bat egiten duten hartuko da kontuan, kategoria hauei dagokienez:
– Finkatutako herrialdeak: gertuko ekonomiak dira eta Euskadiko enpresen presentzia handia eta hazkunde mugatua dute.
– Merkatu handiak: tamaina handiko eta ertaineko ekonomiak eta industrializatuak, sektore estrategikoetan hazkunde-aurreikuspen handiekin.
– «HUB» herrialde erregionalak: hazkundea eskaintzeaz gain, beste merkatuetarako sarbidea ere ematen dute herrialdeak dira.
– Espezializazio-herrialdeak: ekonomia egonkortuak, merkatu mugatuarekin, baina jarduera handia duten bezeroenganako sarbidearekin: nazioartekoa, teknologiak, sektoreak eta ekosistema espezifikoak.
– Zaintza-herrialdeak: ekonomia indartsuak eta/edo hazkundean daudenak dituzten herrialdeak dira eta Euskadiko espresen jarduerak potentzial handia du, presentzia mugatua baitu.
– 3. irizpidea: Ingurunearen gaineko inpaktua: Lurraldearen lehiakortasun orokorraren gaineko inpaktua kontuan izango da, eta eragin positiboa izango du EAEn enplegua sortzeko garaian.
– 4. irizpidea: Konpromiso soziala eta jasangarritasuna: Garapen Jasangarrirako Helburuekin dagoen konpromisoaren erakusle gisa, kontuan hartuko da enpresa eskatzaileak jasangarritasuneko ziurtagiriak eta/edo planak, genero-berdintasunekoak, euskararen sustapenekoak eta erantzukizun sozial korporatibokoak izatea (5. eranskina), baita 2030 Agendaren helburuekin konpromiso egiaztatua izatea ere.
Oinarri hauen 1. eranskinean, jasota daude puntuak esleitzeko taulak, deskribatutako irizpideen haztapenaren arabera.
8. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.
1.– Eskariak oinarri hauetan eta dagozkien eranskinetan ezarritako irizpideen eta mugen arabera baloratuko dira. Horri dagokionez:
– 50 eta 59 puntu bitarteko balorazioak (biak barne) jasotzen dituzten eskariei onartutako aurrekontuaren gaineko % 25eko laguntza esleituko zaie.
– 60 eta 79 puntu bitarteko balorazioak (biak barne) jasotzen dituzten eskariei onartutako aurrekontuaren gaineko % 35eko laguntza esleituko zaie.
– 80 puntu edo gehiagoko balorazioak (biak barne) jasotzen dituzten eskariei onartutako aurrekontuaren gaineko % 50eko laguntza esleituko zaie.
– 50 puntura iristen ez diren eskariek ez dute Zabaldu programaren laguntza publikorik lortuko eta SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzaren ebazpen bidez gaitzetsiko dira.
Nolanahi ere, 3.3 artikuluan xedatutakoa bete beharko da, baldin eta diru-hornidura osoa ez bada nahikoa eskabide guztiei atal honetan ezarritako ehunekoetan erantzuteko.
2.– Dirulaguntzak onartutako aurrekontuaren zenbatekoaren % 50era hel daitezke, eta gehienez ere 45.000 euroko dirulaguntza jaso ahal izango da enpresa bakoitzeko.
3.– Enpresa bakoitzeko gehieneko bidaia-poltsen kopurua 4koa izango da. Enpresa berrien kasuan (startupak), gehieneko kopurua 6 bidaiakoa izango da. Poltsaren zenbatekoa 3. eranskinean dago zehaztuta. Atzerriko azoketan standarekin eta produktu-aurkezpenekin parte hartuz gero, eta espezializatutako kongresu eta foroetara eta azoketara bisitari moduan joanez gero, bidaia-poltsa bakarra eskatu ahal izango da eta ez da aurreko paragrafoan aipatutako poltsen mugaren barruan sartuko. Enpresa berrien kasuan (startupak), 2 poltsa.
4.– Balizko bezeroentzako gonbidapenak: Gonbidapen bakoitzeko ostatu- eta garraio-gastuen muga 1.000 eurokoa izango da, eta enpresa bakoitzak 4 gonbidapen izango ditu gehienez ere, 6 enpresa berrien kasuan (startupak).
9. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Oinarri hauen arabera lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo pribatuek helburu berdinetarako emandako beste laguntzekin. Dirulaguntzen zenbatekoa inolaz ere ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino altuagoa, ez bakarrik, ez beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera. Kasu honetan, oinarri hauen arabera emandako laguntza soberakinari dagokion kopuruan murriztuko da.
2.– Ez da dirulaguntzarik emango prezio publikoen mendeko entitate publikoek eskainitako azterlan eta zerbitzuetarako.
3.– Aurrekoa baztertu gabe, minimis dirulaguntzak pilatzeko araubidea izango da aplikatzekoa, dirulaguntza horiei buruzko Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren edo Europar Batasuneko beste jarraibide edo xedapen batzuen arabera.
10. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2024ko uztailaren 15ean edo, 3. artikuluan adierazitakoaren arabera, eskuragarri dauden funtsak agortzean bukatuko da. Hala ere, publikoarentzako arreta 2024ko uztailaren 15eko 15:00etan amaituko da.
2.– Eskaerak SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzendu beharko zaizkio eta deialdi honetatik etorritako ondorengo izapide guztiak baliabide elektronikoen bidez egin beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezarritakoaren arabera. Helbide honen bidez egin behar dira izapideak: www.spri.eus/zabaldu
3.– Betetako eskabidearekin batera, pertsona edo enpresa eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.
4.– Eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Halaber, laguntza-eskaeratik eratorritako jardueretan eta prozedura osoan, enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera (azaroaren 24ko 10/1982 Legea).
5.– Dirulaguntza eskatzen bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko ziurtagiriak entregatu beharko ditu, eskatzen zaizkion aldiro.
11. artikulua.– Eskaeren edukia eta erantsitako dokumentazioa.
1.– Enpresa eskatzaileek dokumentu hauek entregatu beharko dituzte:
a) Behar bezala betetako eta ahalmen nahikoa duen erakunde eskatzaileko legezko ordezkariak sinatutako eskari telematikoa. Eskaera horren barruan erakundeari buruzko datuak eta proiektuari buruzkoak gehitu beharko dira, balorazio egokia egiteko oinarria izango baitira.
b) Eskriturak eta enpresaren ordezkaritza-ahalmena.
c) Emandako kontu korrontearen bankuko titulartasun-ziurtagiria, dagozkion ordainketak egin ahal izateko.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen direla egiaztatzeko ziurtagiriak, organo esleitzaileari ez bazaio baimenik ematen dokumentu horiek eskuratzeko.
e) Alderdi hauei buruzko informazioa:
– Aurreko hiru urtetan jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer organismok eman zuen, zein programaren baitan eta zenbatekoa izan zen laguntza.
– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntzak, bertan adierazita laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta zenbatekoa izan zen laguntza.
– Enpresaren tamaina zehazteko datuak, hau da, enpleguaren urteko datuak, negozioaren bolumena eta negozioaren balantze orokorra, baita enpresari lotutako edo bazkidetutako gainerako enpresena eta talde osoarena ere. Horren barruan, talde osoaren antolakuntza-eskema gehitu beharko da, parte-hartzeekin eta enplegu-datuekin, ustiapen- eta balantze-kopuruekin, eta hori guztia dirulaguntzak eskatu aurreko ekitaldiei dagokienez.
– Halaber, startupen kasuan, 4.2 artikuluan aipatutako baldintzak betetzen dituztela justifikatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.
f) Erantzukizunpeko adierazpena, oinarri arautzaile hauen eranskinean ageri den eredu normalizatuaren edukiaren arabera egina.
g) 5. artikulutik 7.era jasotako gastuei lotutako dirulaguntzak eskatuz gero eta 2024an eratzea eskatuz gero, eraketan ziurtagiriak entregatu beharko dira.
h) Enpresei emandako 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, ziurtatuko da merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusitako ordainketa-epeak bete direla, Erantzukizunpeko Adierazpenaren bidez edo Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean (ROAC) izena emandako auditore baten ziurtagiriaren bidez.
2.– Halaber, enpresaren nazioartekotze-proiektuaren balorazio zuzena egin ahal izateko, behar bezala justifikatuko da 2030 Agendako konpromisoen gaineko inpaktua (jatorrian eta/edo helmugan) eta giza eskubideekiko errespetua, ziurtagiriak aurkeztuta ingurumeneko jasangarritasunari buruz, genero-berdintasunari buruz, euskararen sustapenari buruz eta erantzukizun sozial korporatiboari buruz, hala badagokio (5. eranskina).
3.– Nolanahi ere, aurkeztutako eskariaren ulermenerako, ebaluaziorako eta tramitaziorako SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak beharrezkoa iruditzen zaion dokumentazio eta/edo informazio osagarri oro eska dakioke eskatzaileari, eta arau honetan aurreikusita ez dauden kasuetan, Sektore Publikoaren araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak izango dira aplikagarriak. Zehaztutako epean entregatu beharko du dokumentazio hori, eskatzen zaion aldiro.
12. artikulua.– Zuzenketak.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioan akatsen bat, hutsegiteren bat edo zehaztasun-faltaren bat dagoela, enpresa eskatzaileei jakinaraziko die, eta 10 eguneko epea emango die akatsa zuzentzeko, eta ohartaraziko die, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
13. artikulua.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzea. Erakunde laguntzailearen eginkizunak.
Dirulaguntzak norgehiagoka-prozedura bidez esleituko direnez, balorazio-batzordea eratuko da eta espedienteak aztertu, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu, oinarri horien 7. artikuluan jasotako irizpideen eta puntuazioen arabera ebaluatu eta dagozkion txosten teknikoak igorriko ditu. Horretarako, behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkoa iruditzen zaion dokumentazio eta/edo informazio osagarri oro eska dezake edozein unetan.
Proiektuen jarraipena egiteko eratutako Balorazio Batzordea 3 pertsonak osatzen dute:
– Presidentea: Iñaki Ezkurra. Basque Trade & Investment-eko (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) Talentu eta Finantza Laguntzen arduraduna.
– Ordezkoa: Iván Fernández. Basque Trade & Investment-eko (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) Adimen Lehiakorreko zuzendaria.
– Kideak:
–. Jesús Maria Cantón. Basque Trade & Investmenteko (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) Programen teknikaria.
– Ordezkoa: Josu Mugertza, Basque Trade & Investment – Euskadiko Nazioartekotze Agentziako Enpresa Zerbitzuen Proiektuen Kudeatzailea.
– Idazkaritza:
– Idazkaria: Iker Arruabarrena, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Programen Arduraduna.
– Ordezkoa: Enbor Barruetabeña. Basque Trade & Investmenteko (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) Programen teknikaria.
Espedientea eta balorazio-batzordearen balorazioa ikusita, organo kudeatzaileak, Nazioartekotze saila alegia, SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzendutako ebazpen-proposamena formulatuko du.
Basque Trade & Investment (Nazioartekotze Euskal Agentzia) izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren entitate laguntzailea, eta eginkizun hauek izango ditu:
a) Bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea.
b) Egindako gastu hautagarriak behar bezala gauzatzen diren ikuskatzea.
c) Proiektuaren garapenarekin lotuta egoki iritzitako egiaztapenak egitea, eta onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute.
d) Egindako ikuskapenen txostenak egitea.
e) SPRIri gerta daitezkeen gorabeheren berri ematea.
14. artikulua.– Dirulaguntzen ebazpena eta argitalpena.
1.– Laguntzen ebazpena SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak emango du, norgehiagoka-erregimenean, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.
2.– Aipatutako ebazpena oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.
3.– Ebazpenean erakunde onuraduna, aurkeztutako eta onartutako gastuen aurrekontua, dirulaguntzen zenbatekoa, eta fase horretan entregatu beharreko justifikazioen eta dokumentuen fasea amaitu arte egin beharreko urratsak jasoko dira.
4.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.
15. artikulua.– Laguntzen ordainketa eta justifikazioa.
1.– Dirulaguntzaren ordainketa bi ordainketatan egingo da, honela.
– Dirulaguntzaren % 35 esleitutako dirulaguntza onartu ostean, edo, hala badagokio, oinarri hauen 16. artikuluan finkatutako hamabost eguneko epea igarota.
– Beste % 65eko likidazioa lagundutako ekintzak egitean izandako gastuak justifikatu ostean.
Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutakoak betetzen ez baditu edo itzultze-bidezkotasunaren ebazpenagatik zorduna bada.
2.– Justifikazio-dokumentuak telematikoki aurkeztu beharko dira helbide honetan: www.spri/zabaldu. Enpresa onuraduneko legezko ordezkariak sinatu beharko ditu dokumentuak eta dirulaguntzaren esleipenaren ebazpena jaso eta 2025eko otsailaren 28ra bitarteko epea izango du. Hala ere, publikoarentzako arreta 2025eko otsailaren 28ko 15:00etan amaituko da.
3.– Hauek dira dokumentazio horretan jaso beharrekoak:
– Diruz lagundutako jarduerak egin izanaren memoria justifikatiboa.
– Enpresa berrien kasuan, langileen kostu zuzena justifikatzeko, enpresak 10T eta Langileen Zerrenda Izenduna entregatu beharko ditu, baita proiektuan jardun duten langileen lanaren zatiak ere, bertan emandako orduen xehetasunarekin. Nazioartekotze-estrategia, nazioarteko marketineko planak eta/edo kanpoko instalazioetako balizko bideragarritasun-azterketak egiten aritu diren langileak soilik hartuko dira kontuan.
– Gastuen sailkapen-zerrenda, ekintza eta zenbateko bakoitzaren arabera.
– Onartutako gastuen fakturak, banakatutako kostuekin, igorpen-datarekin eta hornitzailearen identifikatzailearekin, baita ordainketen ziurtagiriak, horien zenbatekoa eta ordainketa data ere. Gastuak auditoretza bidez ere egiaztatu ahal izango dira.
– Egindako bidaien justifikazioaren kasuan, beharrezkoa izango da garraio-txartelak eta ostatuaren fakturak aurkeztea, benetako kostuarekin, eta bidaien egiaztagiria ere gehitzea. Baita bidaiaren testuinguruan egindako bileren aktak ere. Ibilgailu propioa edo taxia erabiltzea ez da barne hartuko.
– 2. eranskinean jasotako lagundutako azterketen kasuan, bai aholkularitzakoak, bai estrategikoak, azterketa horien kopia osoa aurkeztu beharko da.
– Hainbat hornitzaileren eskaintzak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legearen 30.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Ez dira kontuan hartuko Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikulua, aplikagarria denean, betetzen ez duten gastuak 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusten dituen ordainketa-epeei dagokienez.
5.– Dirulaguntza DEALen 32. artikuluan aurreikusitakoaren arabera justifikatuko da.
6.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusiz gero enpresak aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak daudela, jakinarazi egingo da eta enpresak 10 eguneko epea izango du horiek zuzentzeko.
7.– Aurkeztutako likidazioaren inguruko ebazpena SPRI- Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariak emango du eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da organo beraren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Deialdi honen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 14. eta 46. artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 14, 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:
a) Emandako laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren hamar eguneko epean, erakunde onuradunak ez badio espresuki eta idatziz uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.
b) Dirulaguntzaren esleipena oinarritzen duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.
c) Dirulaguntza ematen duen erakundearen aurrean eskakizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea, eta dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea. Jarduera hori pertsonei buruzkoa denean, sexuaren arabera bereizitako datuak sartuko dira.
d) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.
e) Faktura osoak gordetzea eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, faktura egiten den unetik aurrera.
f) Erakundearen izaera juridikoa dela eta liburu kontulariek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoerak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egitea bermatzeko.
g) Jasotako funtsen aplikazioaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izateko.
h) Garatutako jardueraren edo jarduketaren gaineko diruz lagundutako kostuaren soberakina edo jasotako funtsak itzultzea, DEALen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.
i) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-genero ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.
j) Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, eta, batez ere, euskararen erabilera.
k) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskumena duten beste kontrol-organismo batzuei (Estatu zein komunitate mailakoak) laguntzen helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzeko garaian eska dezaketen edozein informazio ematea.
l) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
m) Laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein gorabehera aldatu dela jakinaraztea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari.
n) Zabaldu programak ematen duen laguntza publikoaren xede diren sustapen-euskarri guztietan, Programaren bidez emandako dirulaguntzaren jatorria adierazi beharko da modu egokian.
ñ) Halaber, azoketan parte hartzeko laguntza jasoz gero, ezinbestekoa izango da Basque Country marka (Euskadi Basque Country markaren, Spri Taldearen eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren logoak) ikusaraztea standetan eta erabilitako sustapen materialetan.
17. artikulua.– Dirulaguntzak aldatzea eta epeak luzatzea.
1.– Dirulaguntza ematen duen organoak aukera izango du emandako dirulaguntza edo dirulaguntzaren baldintzak aldatzeko, ofizioz edo interesdunak eskatuta, eskakizun hauek betetzen direnean:
a) Alde baten instantziaz izanez gero, onuradunak jakin bezain laster komunikatzea eta, betiere, jasotako funtsei emandako erabileraren justifikazioaren aurretik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legearen 14.e artikuluan jasotako betebeharra betez.
b) Zenbatekoa ez handitzea.
c) Egindako jarduera edo jokabidea edo egingo dena oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.
d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.
e) Ziurtatzea ezen, aldaketa sustatu duten elementu eta inguruabar berriak hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izan balira, ez ziratekeela dirulaguntza ukatzeko arrazoi izango, eta moldaketa horrek ez eragitea funtsezko aldaketarik hasieran onetsitako proiektuan.
f) Hirugarrengoen eskubideak ez urratzea.
2.– Onuradunak emandako dirulaguntza osoa edo partziala jaso badu, eta aldaketaren ondorioz zenbatekoa txikitzen bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoa beteko da.
18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunek ez dutela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta, hala badagokio, laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko dute eta SPRIri itzuli beharko dizkiote ordura arte kobratu dituzten laguntzen dirukopuruak gehi dagozkien berandutze-interesak, eta, beharrezkotzat joz gero, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzaten.
2.– Artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, hauxe joko da ez-betetzetzat:
a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez-betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri eta aldaketok justifikatu baditu, ahal dela proiektuan aplikatu baino lehen eta betiere programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.
b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.
d) Laguntza eskuratzea, programa honetan ezarritako baldintzak eta eskakizunak eduki gabe, edo laguntza jasotzeko zehaztutakoak bete gabe.
e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
f) Proiektua beste zerbaitetara desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 91tik 93ra bitarteko artikuluetan eta 20/2023 Legean aurreikusitako arrazoiak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legearen 51. artikuluaren arabera, enpresa-deslokalizazioaren aitorpena barne) edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatu egingo da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta SPRIri dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio. Itzulketa horiek Zuzenbide Publikoaren diru-sarrerak izango dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legearen 40. artikuluaren arabera. SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta betiere, onuradunaren jarduketak konpromisoak asebetetzen dituela egiaztatzen bada, dirulaguntza partzialki ordainduko da edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta kalkulatzerakoan kontuan hartuko da egindako jardueraren proportzioa, guztizkoaren gainean. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen kopuru partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde esleitzaileak onartu ondoren.
Hala, onartutako proiektuen justifikazioan % 30 baino gutxiagoko beheranzko desbideratzea ematen bada dirulaguntza esleitzeko onartutako aurrekontuari dagokionez, dirulaguntza berriro kalkulatuko da, hasierako esleipena kalkulatzeko erabilitako irizpide berdinekin.
Halaber, % 30eko edo gehiagoko beheranzko desbideratze baten ondorioz dirulaguntzarako eskubidea gal daiteke, dirulaguntza jasotzeko helburuak bete direla egiaztatuz gero izan ezik. Bigarren kasu horretan, aurreko atalean adierazitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
6.– Halaber, gainfinantzazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraikiz. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legeria den heinean.
3.– Europako Batzordearen EB 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EABAO -L-2023-81820).
4.– Enpresa berrien ekosistema sustatzeko 2022ko abenduaren 21eko 28/2022 Legea (2022ko abenduaren 22ko BOE).
5.– 2022ko irailaren 28ko enpresen sorrera eta hazkundeari buruzko 18/2022 Legea.
6.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla, bat etorrita Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.eus
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/es/aviso-legal/privacidad/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.
Bilbao, 2024ko maiatzaren 8a.
Nazioartekotze zuzendaria,
AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.
ZABALDU 2024 PROGRAMA
ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA
[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [sozietate eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duena, eta:
HONAKOA ADIERAZTEN DU HAREN ERANTZUKIZUNPEAN
I.– Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, honakoak:
(i) Euskal Autonomia Erkidegoan errotuta dagoela edo ekoizpenerako instalazio bat duela bertan.
(ii) Eskaera honi dagokion atalean alderdi hauei buruzko informazioa jasota dagoela:
a) Aurreko hiru urtetan jasotako minimis laguntzak, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
(iii) Eskaera honetako dagokion atalean gehitu duela enpresaren tamaina zehazteko informazioa eta, hala badagokio, startup izaera justifikatzekoa.
(iv) Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen duela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legearen 49. artikuluan adierazitako baldintzetan.
(v) Gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa hartzen duela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legearen 9.4h) artikuluan adierazitako baldintzetan.
(vi) Ez izatea sektore publikoren batekoak diren edo sektore publikoaren parte diren erakundeak, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.
(vii) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea.
(viii) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea.
(ix) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe ez egotea.
(x) LGTBIfobia ez egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
(xi) Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.
II.– I. atalean egindako adierazpena betetzen dela ziurtatzen duen dokumentazioa duela eta Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatutakoan; eta aurrez aipatutako betebeharrak betetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela, haren eskubidearen aitortzari edo egikaritzeari dagokion denbora-tartean zehar.
III.– Badakiela Adierazpen honi laguntzen dion edo Adierazpenaren barruan agertzen den datu, adierazpen edo dokumenturen bat guztiz zuena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo horiek Administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez baditu, ezingo duela eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. atalean ezarritakoaren arabera.
[....] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.
1. ERANSKINA
AURKEZTUTAKO PROIEKTUA BALORATZEKO IRIZPIDEAK ETA HAZTAPEN FAKTOREAK
(Ikus .PDF)
2. ERANSKINA
EKINTZA BAKOITZEKO ONARTZEN DEN GEHIENEKO AURREKONTUA
(Ikus .PDF)
3. ERANSKINA
BIDAIA POLTSAK
(Ikus .PDF)
4. ERANSKINA
NAZIOARTEKOTZEKO ESTRATEGIA
4.1.– Gaitasuna. 6 puntu gehienez ere (Hutsala=0, Eskasa= 1.5, Onargarria=3, Ona= 4.5, Bikaina=6).
– Gizataldearen gaitasunak.
o Nazioartekotzerako eskuragarri dagoen gizataldearen gaitasunak.
– Gaitasun finantzarioa.
o Enpresak atzerrira ateratzeko duen gaitasun finantzarioa.
– Ekoizpen/logistika gaitasuna.
o Merkatu berriaren eskariei behar bezala erantzuteko ekoizpen-gaitasunaren eta banaketa-logistikaren azterketa.
– Beste gaitasun batzuk.
o Aztertutako beste barne-gaitasun batzuk (markaren ospea, aldaketaren aldeko/aurkako langileak?).
– Ingurune globala.
o Sektorearen ingurune globaleko azterketa.
– Proiektuaren herrialdea.
o Sektorearen azterketa proiektuaren herrialdean.
– Enpresaren egoera nazioarteko merkatuen aurrean (AMIA).
o Ahultasunak.
o Mehatxuak.
o Indarguneak.
o Aukerak.
4.2.– Merkatuak 4 puntu gehienez ere (Hutsala=0, Eskasa= 1, Onargarria=2, Ona= 3, Bikaina=4).
– Kontuan hartu diren beste merkatu batzuk.
o Zer herrialdek hartu dute kontuan aldez aurretik xede-herrialdea aukeratzea? Zer faktore izan dira erabakigarriak aukeratutako herrialdea lehenesteko?.
– Arriskuak.
o Aukeratutako herrialdearen balizko arriskuak (politikoak, ekonomikoak, sozialak) identifikatu ditu? Hala bada adierazi zein diren.
– Sektoreak / hobiak.
o Aukeratutako herrialdean jorratuko diren merkatu-sektoreak edo hobiak.
– Xede-bezeroa.
o Definitu hautatutako herrialdean zein izango den xede-bezeroa eta, hala badagokio, adierazi bezero nazionalarekin dauden aldeak. Aukeratutako herrialdean balizko bezero gutxi edo asko dituzu? Eta aurretiazko harremana?.
– Lehia helmuga-herrialdean.
o Herrialde horretako lehiakideei buruzko informazioa duzu? Asko ala gutxi dira?. Enpresa edo produktu lehiakide berriak sartzeko mehatxua dago?.
– hornitzaile.
o Egungo eta etorkizuneko balizko hornitzaileei buruzko informazioa dute?.
4.3.– Sartzeko moduak. 6 puntu gehienez ere (Hutsala=0, Eskasa= 1.5, Onargarria=3, Ona= 4.5, Bikaina=6).
– Helmuga-herrialdera sartzeko zer modu aztertu dituzu?.
– Zein aukeratu duzu?.
– Zer faktorek zehaztu dute aukeraketa hori?.
4.4.– Produktu/zerbitzua. 8 puntu gehienez ere (Hutsala=0, Eskasa= 2, Onargarria=4, Ona= 6, Bikaina=8).
– Produktuak/Zerbitzuak.
o Enpresan eskuragarri dagoen gamatik zer produktu/zerbitzu aukeratu dituzu aukeratutako herrialdera sartzeko?.
– Eskariaren azterketa/ Merkatuko kuota.
o Aukeratutako herrialdean produktuen/zerbitzuen eskaria nahikoa da lehiaren eskaintza kontuan izanda? Zein da lortu nahi den balizko merkatuko kuota?.
– Produktuak/zerbitzuak erosteko arrazoiak.
o Herrialdeko bazkideek zergatik aukeratuko dituzte zure produktuak/zerbitzuak? Prezioagatik, kalitateagatik, salmenta osteko zerbitzuagatik? Beste zer arrazoirengatik?.
– Produktuek/zerbitzuek behar duten egokitzapena.
o Beharrezkoa da aukeratutako produktuak/zerbitzuak herrialdearen ezaugarrietara egokitzea? Hala bada, azaldu nola egingo den egokitzapen hori.
– Muga-zergak/muga legalak.
o Adierazi herrialdera sartzeko muga-zergak eta/edo legalak. Oztopo horiek gainditu dira? Hala ez bada, oztopo horiek gainditzeko zer fasetan daude?.
– Oztopo teknikoak.
o Adierazi herrialdera sartzeko oztopo teknikoak (homologazioak, beharrezko ziurtagiriak edo bestelakoak). Horiek eskuratzeko gutxi gorabeherako data.
– Prezioen politika.
o Merkatu berrirako prezioen beste politika bat ezarri duzu? Esportazio-prezioa kalkulatu duzu? Herrialdearekin eta produktuarekin lotutako zer faktorek izan dute eragina prezio horretan?.
4.5.– Sustapen-politika 8 puntu gehienez ere (Hutsala=0, Eskasa= 2, Onargarria=4, Ona= 6, Bikaina=8).
– Ekintza komertzialak.
o Zer jarduketa komertzial egingo dituzu?
– Sustapenerako bitartekoak.
o Herrialde berrian zer sustapen-bitarteko dituzu zure enpresa eta produktua/zerbitzua ezagutarazteko?.
– Baliabideak helmugako herrialdera egokitzea.
o Sustapen-baliabideak nola egokitu dituzu aukeratutako herrialdera? Egokitutako zer dokumentazio komertzial egin duzu?.
– Diruz lagundutako baliabideak.
o Erakunde publikoek antolatutako sustapen-baliabideetan parte hartzeko edo jasotzeko aukera duzu? Besteak beste, misioak, sustapen-bidaiak edota enpresen arteko topaketak. Hala bada adierazi zein diren.
4.6.– Proiektuaren kalitatea eta egingarritasuna 4 puntu gehienez ere (Hutsala=0, Eskasa= 1, Onargarria=2, Ona= 3, Bikaina=4).
– Helburuak.
o Proiektuaren helburuak.
– Plangintza.
o Proiektuaren plangintza Faseak, ekintzak eta epeak ezartzea.
– Proiektuko lantaldea.
Aginte-koadroa.
4.7.– Enpresan izango duen inpaktua 4 puntu gehienez ere (Hutsala=0, Eskasa= 1, Onargarria=2, Ona= 3, Bikaina=4).
– Fakturazioaren/Esportazioaren aurreikuspena.
o Enpresaren fakturazio orokorra.
o Proiektuari dagokion fakturazioa.
o Esportazioa.
o Proiektuari dagokion esportazioa.
– Plantillaren aurreikuspena.
o Enpresaren enplegu osoa.
o Proiektuaren ondorioz sortutako Enplegua.
o Proiektuaren ondorioz mantendutako Enplegua.
– Aurreikuspen kualitatiboa.
o Eragina enpresaren posizio lehiakorrean.
o Sortutako enplegu-mota: (Kalitatea, berdintasuna, etab.).
4.8.– Ingurunearen gaineko inpaktua. 4 puntu gehienez ere (Hutsala=0, Eskasa= 1, Onargarria=2, Ona= 3, Bikaina=4).
– Trakzio-efektua / Lehiakortasunaren inpaktua.
o Trakzio-efektua / Lurraldearen lehiakortasunaren gaineko inpaktua.
o Trakzio-efektua / Helmuga-herrialdeko lehiakortasunaren gaineko inpaktua.
4.9.– Koherentzia estrategikoa. 11 puntu gehienez ere (Hutsala=0, Eskasa= 2.5, Onargarria=5,5, Ona= 8, Bikaina=11).
– Kontuan hartuko da enpresak nazioartekotze-proiektuari ekiteko duen gaitasuna, azken bi ekitaldietan izandako bilakaeraren, fakturazioaren hazkundearen eta esportazio-ibilbidearen arabera.
5. ERANSKINA
KONPROMISO SOZIALEKO ETA JASANGARRITASUNEKO ZIURTAGIRIAK
– Ingurumena (1).
o EMAS III ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
o ISO 14001 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
o Ekoscan ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
o ISO 14006 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
o ISO 14064 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
o UNE 22470 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
o UNE 22480 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
o Erronka Garbia ziurtagiria.
– Berdintasuna eta Kontziliazioa (2).
o Berdintasun Plana Emakunderen metodologiaren arabera (data, iraupena).
o Kontziliazio-plana (data, iraupena).
o EFR ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
– Euskara (3).
o Bikain ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
o Bai Euskarari ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
o Euskara Plana (data, iraupena).
– Erantzukizun Sozial Korporatiboa eta Jasangarritasuna (4).
o Global Compacteko kide izatea, 2030 Agendako 17. GJHrekin bat egiteko.
o Eusko Jaurlaritzako GJH plataformako kide izatea.
o ISO 26000 auditoretza (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).
o SR10 ziurtagiria (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).
o SGE 21 ziurtagiria (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).
o UNE 165010:2009 EX ziurtagiria (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).
o Xertatu (ekintza-planaren data, azken ebaluazioaren data).
o SA 8000.
– Beste ziurtagiri baliokide batzuk.