102. zk., 2024ko maiatzaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (480 KB - 25 orri.)
- EPUB (482 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2533
EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 8koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baitira Sakondu 2024 laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek sustatzera bideratutako jarduketez arduratzen da: industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta industria-lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, Informazio eta Ezagutza Gizartearen garapena, eta enpresa arloko ekintzailetza-jarduera.
Horrekin lotuta, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak Euskadiko enpresetan nazioartekotzea bultzatzera bideratutako hainbat ekintza garatu ditu. Jarduera horien artean, gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko laguntza-programak aipatu behar dira.
Ondorioz, Laguntza Programa hau nazioartekotze maila altua duten, baina merkatu jakin batzuetan presentzia mugatua duten euskal enpresei kanpoan haien presentzia handitzen lagunduko dieten ekintzak sustatzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da.
Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («20/2023 Legea») 7.2.a) artikuluan eskatzen du Lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena hainbat printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, 20/2023 Legearen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hori guztia dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Sakondu 2024» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENA
Akordio honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2024ko maiatzaren 8a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,
MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.
ERANSKINA
SAKONDU 2024 LAGUNTZEN PROGRAMAKO OINARRI ARAUTZAILEAK
XII. legegintzaldiko Gobernu Programak, Industriaren eta Nazioartekotzearen eremuaren baitan dagoen lehenengo ardatzean (Oparotasuna), 18. konpromisoa jasotzen du: Euskal enpresen nazioartekotzea.
Aipatutako Gobernu Programa horren aginduz, konpromiso hori 2021-2024 aldirako Ekonomia eta Nazioarteko Garapenerako Planean zehaztu beharko da, eta gutxieneko eduki batzuk izan beharko ditu, horien artean honako hau nabarmentzen da lehen atalean: «enpresen nazioartekotzeari finantza-laguntza emateko programen garapena».
Sakondu programaren amaierako helburua da EAEn errotutako enpresen lehiakortasuna hobetzea, haien nazioarteko jardueran sakonduz ikuspegi inklusiboago eta jasangarriago batetik, eta jasangarritasuna negozio-ereduan eta nazioartekotzeko estrategian txertatuz.
Sakonduren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoetan oinarritzen dira eta balio erantsiko zerbitzuen erabilera sustatzeko xedea dute, ohikoak diren eta barne-merkatuaren garrantzi berdina edo handiagoa duten beste merkatuetan baino lehia-posizio ahulagoa duten kanpo-merkatuetan sartzea hobetzeko. Horrekin lotuta, iraunkortasunaren errealitatea euskal enpresen lehiakortasunerako elementu gisa ikusarazi eta balioetsiko duten ekimenen aldeko apustua egiten du estrategiak. Horrela, euskal enpresek giza eskubideekiko duten konpromisoa erakustea lortzen da, inklusibotasunak eta aniztasunak eta beraien rolak, emakumeenak batez ere, nazioarteko jardueran duten garrantziari dagokionez, hori guztia 2030 Agendaren arabera. Horrela, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen iraunkortasunaren arloan euskal ekonomia eta enpresak hobeto ezagutzea espero da.
Sakondu programa laguntzarako tresna da; itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak ematen ditu aholkularitza estrategikoaren eta operazionalaren arloan beharrezkoak diren gastuak arintzeko, bai eta kanpoko merkatuetara sartzeko enpresen sustapeneko eta antolakuntza-egokitzapeneko beste gastu batzuk arintzeko ere.
Programa hau 2024ko ekitaldirako erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, Administrazio Kontseiluaren 2023ko abenduaren 20ko erabakiaren bidez onetsitakoan, eta Planaren hurrengo helburua lortzen laguntzen du: «Oso nazioartekotuta dauden eta sartze-maila ahula duten (% 25 baino gutxiago) merkatuetara esportatu nahi duten ETE-en nazioartekotzea sustatzea».
1. artikulua.– Xedea.
Sakondu programak bat egiten du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuekin, XII. legegintzaldiko gobernu-programan eta hura garatzen duten plangintza estrategikoko tresnetan jasotakoekin, eta oso nazioartekotuta dauden enpresei laguntzea da haren helburua, esportazio-jarduera hasiberria duten merkatuetan sartzeko.
2. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta haien izaera.
1.– Laguntzak emateko prozedura lehiaketaz kanpoko norgehiagoka-prozedura izango da, Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan arautua.
2.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek garrantzi txikiagoko edo de minimis laguntza izaera dute. Ondorioz, 2023ko abenduaren 13an Batzordeak onartutako (EB) 2023/2831 Erregelamenduak xedatutakoaren mende egongo dira (EBEO, L, 2023-12-15).
3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 1.425.000 eurokoak dira, eta SPRI- Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuak 2024rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Jasotako eskabideak kontuan hartuta, aurrekontuaren gehieneko zenbatekoa % 10era arte handitu ahal izango da, Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da gehienezko zenbatekoen gehikuntza, baina gehikuntza horrek eta hari emandako publizitateak ez du esan nahiko eskabide berriak aurkezteko epea irekiko denik, ezta ebazteko epea berriro zenbatzen hasiko denik ere.
3.– Deialdira bideratutako funtsak agortzen badira, organo eskudunak dirulaguntzetara bideratutako gehieneko zenbateko osoa hainbanatu ahal izango du enpresa onuradunen artean, Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.
4. artikulua.– Enpresa onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.
1.– Programaren onuradun izan ahalko dira nortasun juridiko propioa duten enpresa txiki eta ertainak (ETEak), Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta daudenak edo ekoizpen-instalazioak bertan dituztenak, baldin eta deialdi honen aurretik eratu badira, esportazio-jarduera fakturazio osoaren % 50 baino handiagoa badute eta 2023an esportatutako guztiazkoaren % 25 baino gutxiagoko fakturazioa duten merkatuetako posizio lehiakorra hobetu nahi badute.
ETE-en definizioa mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzko 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Batzordearen Gomendioan zehaztutakoaren arabera aplikatzen da.
2.– Halaber, hasi berriak diren enpresak (startupak) ere onuradun izan ahalko dira, baldin eta hasi berriak diren enpresen ekosistema sustatzeari buruzko 2022ko abenduaren 21eko 28/2022 Legearen 3. artikuluan ezarritako ezaugarriak betetzen badituzte. Adierazitakoa alde batera utzi gabe, oinarri hauetan hasi berriak diren enpresei ematen zaienaren antzeko tratamendua emango zaie 2014ko abenduaren 31ren ondoren eratutako enpresei, baldin eta 28/2022 Legearen 3. artikulu horretako gainerako ezaugarriak betetzen badituzte. Nolanahi ere, atal honetan deskribatutako enpresek ETEak izan beharko dute programaren onuradun izateko.
3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira artikulu honetan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.
4.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:
a) Bitartekaritza-lanak egiten dituztenek eta/edo hirugarrengoen produktuak soilik banatzen dituztenek, hau da, bitartekaritzako merkataritza-jardueran edo hirugarrenen produktuak banatzeko jardueran, negozio-bolumen osoaren % 50etik gorako negozio-bolumena dutenek.
b) DEALen 13. artikuluan edo 2003ko azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren (DLO) 13.2 artikuluan aurreikusten den eragozpenezko egoeraren batean daudenek, aplikagarria den heinean.
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela aintzat hartuko da Ekonomia eta Ogasun Kontseilariak 2023ko otsailaren 13an emandako aginduak ezarritako kasuetan. Hala, dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan eguneratuta dagoela aintzat hartuko da zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean edo itzultzeko dagokion ebazpenaren inpugnazioa bertan behera uztea adostu bada.
c) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituztenek.
d) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende daudenek.
e) Sektore publikoren batekoak edo sektore publikoaren parte direnek, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalerako arauen arabera.
f) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen dutenek, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
g) Aurreko hiru urteetan ez duela jaso 300.000 eurotik gorako minimis laguntzarik.
h) Armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketan aritzen direnek, 14/2007 Legeak, 2007ko abenduaren 28koak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarenak, xedatutakoaren arabera.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen ekintzak eta gastuak.
1.– Sakondu programaren esparruan, laguntza jaso dezaketen enpresen ekintzak honela banatzen dira:
a) Enpresen nazioartekotzeko sustapen- eta egokitzapen-ekintzak.
a.1.– Kanpoko aholkularitza-enpresak egindako nazioartekotze-estrategia bat lantzea.
a.2.– Jabetza industrialari lotutako gastuak eta homologazioak:
– Patenteen eta marken erregistroa: kudeaketa-gastuak diruz lagunduko dira, bai eta helmugako herrialdeko erregistro ofizialetan izena emateko tasak ere.
– Homologazioa eta ziurtagiria: erakunde akreditatuek helmugako herrialdean eskatutako homologazioen ondoriozko gastuak diruz lagunduko dira, baita kanpoko bezero handien aurreko ziurtagiriak eta aurrekalifikazioak ere.
– Artikulu zientifikoak argitaratzearen ondoriozko gastuak, oinarri hauetako 4.2 artikuluan deskribatutako enpresa hasiberrientzat (startupak) soilik.
a.3.– Azokei lotutako gastuak:
– Nazioarteko azoketan parte hartzea (bai estatuan, bai atzerrian), erakusketari gisa, baldin eta enpresak ez badu ekitaldi berean beste administrazio, elkarte edo kluster batekin parte hartzen, eta prezio publikoari lotutako laguntza ekonomikoa jasotzen badu. Kasu honetan, espazioaren alokairua, erakutsi beharreko produktuaren garraio-gastuak eta standaren dekorazioa lagundu daitezke diruz, eta, atzerrian egindako azoken kasuan, bidaia-poltsa bat gehituko da, 3. eranskinaren arabera, bi enpresa berrien kasuan.
Atzerriko kongresuetan, foro espezializatuetan eta nazioarteko azoketan bisitari gisa parte hartzea: izena emateko kuotarentzako jaso daiteke laguntza eta bidaia-poltsa bat gehituko da, 3. eranskinaren arabera, bi enpresa berrien kasuan.
Dirulaguntzaren xede diren nazioarteko azokak Merkataritzako estatuko idazkaritzaren 2023ko abenduaren 19ko ebazpenean eta 2024ko urtarrilaren 1eko BOEn argitaratutakoan jasota daudenak dira. Ebazpen horrek 2024ko Nazioarteko Azoka Komertzialen Egutegia onartzen du.
– Online kongresu, espezializatutako foro eta nazioarteko azoketan parte hartzea: izena-emateko kuotaren eta horiekin lotutako bestelako gastu batzuen dirulaguntza jaso daiteke.
a.4.– Bidaiak:
– Merkatuak aztertzeko eta/edo balizko enpresa-bazkideekin erlazionatzeko ikuskapen-bidaiak. Laguntzak bidaia-poltsak izango dira, eta helmugaren arabera kalkulatuko dira, 3. eranskinean definitutakoaren arabera.
– Alderantzizko misioak, balizko enpresa-bezeroak gonbidatzea.
Bi kasuetan, garraio- eta ostatu-gastuak diruz lagundu ahal izango dira.
a.5.– Komunikazio eta marketin arloko gastuak.
– Zabalpen- eta sustapen-materiala helmuga-herrialdera egokitzea, jatorrizko hizkuntzan edo ingelesez.
– Katalogoak, eskuorriak eta kartelak egitea, eta webguneak sortu eta abian jartzea, zein nazioarteko merkatuetara doitzeko egokitzapenak egitea. Webgunearen mantentze-lana eta urteko eguneraketa ez dira barne hartzen.
– Publizitatea: materiala sortzea eta publizitate-espazioak kontratatzea helmuga-herrialdean eragina dute sektoreko komunikabideetan, baita produktua eta/edo zerbitzua iragartzeko publizitate digitalaren gastuak ere.
– Produktuen edo zerbitzuen aurkezpenak eta erakustaldiak, sustapenak eta behin behineko erakustaldiak helmuga-herrialdean.
– Harreman publikoak: publizitate-agentzien kontratazio-gastuak, helmuga-herrialdean produktuak eta/edo zerbitzuak argitaratzeko.
– Merkatuetara birtualki sartzeko modua hobetzeko sustapen-formatu berriak garatzea.
a.6.– Enpresak helmuga-herrialdean duen inpaktua aztertzeko kanpo-aholkulari batek egindako jasangarritasun-txostena, 2030 Agendako garapen jasangarrirako helburuen arabera.
a.7.– Eskaeran ezarritako kanpoko instalazio komertzialekin eta/edo produktiboekin lotutako gastuak. Balizko ezarpen-proiektuen, eraketa-gastuen, negozio-planak egiteko aholkularitzen, due dilligence-en eta auditoretza-bazkideen eta lehen urtean ezartzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuen bideragarritasun-azterketa.
a.8.– Talentua: kanpoko operazioetara bideratutako langileak aukeratzea.
b) Operazioen edo estrategiaren aholkularitzan oinarritutako ekintzak, intereseko merkatuetan sartzea eta jardutea sustatzeko.
– Enpresa berrien kasuan (startupak), nazioartekotze-estrategia, nazioarteko marketineko planak eta/edo kanpoko instalazioetako balizko bideragarritasun-azterketak egiten emandako barne-orduak diruz lagundu ahal izango dira.
2.– 2024ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean egindako ekintzak dira diruz lagundu daitezkeenak.
3.– Ez da komertzio-eragileen eta -ordezkarien kosturik diruz lagunduko.
4.– Ez da dirulaguntzarik emango prezio publikoen mendeko erakunde publikoek eskainitako azterketa eta zerbitzuentzat.
5.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) ezingo da diruz lagundu eta, oro har, zerga, tasa edo ekarpen bat bera ere ez.
6.– DEALen 30.1 artikuluan aurreikusten den moduan, diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezingo da inolaz ere merkatuaren balioa baino altuagoa izan.
7.– DEALen 31.1 artikuluan eta DLOren 29. artikuluan eta 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuko 68. artikuluan (horrek onartzen du DLOren araudia «DAO») ezarritakoaren arabera, onuradun batek azpikontratatu edo kontratatu egiten du, baldin eta hirugarren batzuekin diruz lagundu nahi den jarduera osorik edo partzialki egitea hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak.
8.– DEALen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrengoen kontratazioren bat baldin badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.
Dirulaguntzaren justifikazioan edo eskaeran aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.
9.– Nolanahi ere, oinarri hauen testuinguruan diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin eta Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluarekin bat datozenak.
6. artikulua.– Laguntza-eskaerak.
Eskatzaileek eskaera bakarra aurkeztu ahal izango dute Sakondu programaren deialdi honetan, bi herrialderekin gehienez ere eta bi ekintzarekin gutxienez, 2. eranskinean jasotakoak ez direnak.
7. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Dirulaguntzak onuradun izateko baldintzak bete dituztela egiaztatu duten enpresei esleituko zaizkie, betiere, balorazio-irizpide hauen arabera:
1. irizpidea: Nazioartekotze-estrategia: nazioartekotze-estrategiaren kalitatea kontuan hartuko da, horren barruan sartzen baitira dirulaguntzaren eskaria egin duten ekimenak. Irizpide hori baloratzeko, azterketa bateratua egingo da hurrengo ataletan puntuazio partzialetatik abiatuta: Gaitasuna, Merkatuak, Sartzeko Moduak, Produktua/Zerbitzua, sustapen-politika, Proiektuaren Kalitatea eta Egingarritasuna, Enpresaren gaineko Inpaktua, Ingurunearen gaineko inpaktua eta Koherentzia estrategikoa (enpresak nazioartekotze-proiektua egiteko duen gaitasuna kontuan hartuko da, eta horretarako, azken bi ekitaldietako bilakaerari, fakturazioaren igoerari eta ibilbide esportatzaileari erreparatuko zaio). 4. eranskina.
2. irizpidea: Merkatuak eta Xede Herrialdeak: 2021-2024ko garapen industrialaren eta nazioartekotzearen Planeko lehentasuneko geografiekin bat egiten duten hartuko da kontuan, kategoria hauei dagokienez:
1.– Merkatu handiak: tamaina handiko eta ertaineko ekonomiak eta industrializatuak, sektore estrategikoetan hazkunde-aurreikuspen handiekin.
2.– «HUB» herrialde erregionalak: hazkundea eskaintzeaz gain, beste merkatuetarako sarbidea ere ematen dute herrialdeak dira.
3.– Espezializazio-herrialdeak: ekonomia egonkortuak, merkatu mugatuarekin, baina jarduera handia duten bezeroenganako sarbidearekin: nazioartekoa, teknologiak, sektoreak eta ekosistema espezifikoak.
4.– Zaintza-herrialdeak: ekonomia indartsuak eta/edo hazkundean daudenak dituzten herrialdeak dira eta Euskadiko espresen jarduerak potentzial handia du, presentzia mugatua baitu.
3. irizpidea: Ingurunearen gaineko inpaktua: Lurraldearen lehiakortasun orokorraren gaineko inpaktua baloratuko da, eta eragin positiboa izango du EAEn enplegua sortzeko garaian.
4. irizpidea: Konpromiso Soziala eta Jasangarritasuna: Garapen Jasangarrirako Helburuekin (Agenda 2030) dagoen konpromisoaren erakusle gisa, kontuan hartuko da enpresa eskatzaileak jasangarritasuneko ziurtagiriak eta/edo planak, genero-berdintasunekoak, euskararen sustapenekoak eta erantzukizun sozial korporatibokoak izatea (5. eranskina).
Oinarri hauen 1. eranskinean, jasota daude puntuak esleitzeko taulak, deskribatutako irizpideen haztapenaren arabera.
8. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.
1.– Eskariak oinarri hauetan eta dagozkien eranskinetan ezarritako irizpideen eta mugen arabera baloratuko dira. Horri dagokionez:
– 50 eta 59 puntu bitarteko balorazioak (biak barne) jasotzen dituzten eskariei onartutako aurrekontuaren gaineko % 30eko laguntza esleituko zaie.
– 60 eta 79 puntu bitarteko balorazioak (biak barne) jasotzen dituzten eskariei onartutako aurrekontuaren gaineko % 35eko laguntza esleituko zaie.
– 80 puntu edo gehiagoko balorazioak (biak barne) jasotzen dituzten eskariei onartutako aurrekontuaren gaineko % 50eko laguntza esleituko zaie.
– 50 puntura iristen ez diren eskariek ez dute Sakondu programaren laguntza publikorik lortuko eta SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzaren ebazpen bidez gaitzetsiko dira.
Nolanahi ere, 3.3 artikuluan xedatutakoa bete beharko da, baldin eta diru-honidura osoa ez bada nahikoa eskabide guztiei atal honetan ezarritako ehunekoetan erantzuteko.
2.– Dirulaguntzak onartutako aurrekontuaren zenbatekoaren % 50era hel daitezke, eta gehienez ere 45.000 euroko dirulaguntza jaso ahal izango da enpresa bakoitzeko.
3.– Enpresa bakoitzeko gehieneko bidaia-poltsen kopurua 4koa izango da. Enpresa berrien kasuan (startupak), gehienezko kopurua 6 bidaia izango da. Poltsaren zenbatekoa 3. eranskinean dago zehaztuta. Atzerriko azoketan standarekin eta produktu-aurkezpenekin parte hartuz gero, eta espezializatutako kongresu eta foroetara eta azoketara bisitari moduan joanez gero, bidaia-poltsa bakarra eskatu ahal izango da eta ez da aurreko paragrafoan aipatutako poltsen mugaren barruan sartuko. Enpresa berrien kasuan (startupak), 2 poltsa.
4.– Balizko bezeroentzako gonbidapenak: gonbidapen bakoitzeko ostatu- eta garraio-gastuen muga 1.000 eurokoa izango da, eta enpresa bakoitzak 4 gonbidapen izango ditu gehienez ere, 6 enpresa berrien kasuan (startupak).
9. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Oinarri hauen arabera lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo pribatuek helburu berdinetarako emandako beste laguntzekin. Dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du inolaz ere diruz lagundutako jardueraren kostua baino altuagoa izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin uztartuta. Kasu horretan, oinarri hauen arabera emandako laguntza soberakinari dagokion kopuruan murriztuko da.
2.– Aurrekoa baztertu gabe, de minimis dirulaguntzak pilatzeko erregimena aplikagarria izango da, dirulaguntza horiei buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordean 2023/2831 Araudiaren (EB) edo Europar Batasuneko beste jarraibide edo xedapen batzuen arabera.
10. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2024ko uztailaren 15ean bukatuko da. Hala ere, publikoarentzako arreta 2024ko uztailaren 15eko 15:00etan amaituko da.
2.– Eskaerak SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzendu beharko zaizkio eta deialdi honetatik etorritako ondorengo izapide guztiak baliabide elektronikoen bidez egin beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Komunari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezarritakoaren arabera. Helbide honen bidez egin behar dira izapideak: www.spri.eus/sakondu
3.– Betetako eskabidearekin batera, pertsona edo enpresa eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.
4.– Eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Halaber, laguntza-eskaeratik eratorritako jardueretan, eta prozedura osoan, enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko 10/1982 Legean, azaroaren 24koan, ezarritakoaren arabera.
5.– Dirulaguntza eskatzen bada, eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimenari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko ziurtagiria entregatu beharko du, eskatzen zaion aldiro.
11. artikulua.– Eskaeren edukia eta erantsitako dokumentazioa.
1.– Enpresa eskatzaileek dokumentu hauek entregatu beharko dituzte:
a) Behar bezala betetako eta ahalmen nahikoa duen erakunde eskatzaileko legezko ordezkariak sinatutako eskari telematikoa. Eskaera horren barruan erakundeari buruzko datuak eta proiektuari buruzkoak gehitu beharko dira, balorazio egokia egiteko oinarria izango baitira.
b) Eskriturak eta enpresaren ordezkaritza-ahalmena.
c) Emandako kontu korrontearen bankuko titulartasun-ziurtagiria, dagozkion ordainketak egin ahal izateko.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen direla egiaztatzeko ziurtagiriak, organo esleitzaileari ez bazaio baimenik ematen dokumentu horiek eskuratzeko.
e) Alderdi hauei buruzko informazioa:
– Aurreko hiru urtetan jasotako de minimis laguntzen zerrenda, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
– Enpresaren tamaina zehazteko datuak, hau da, enpleguaren urteko datuak, negozioaren bolumena eta negozioaren balantze orokorra, baita enpresari lotutako edo bazkidetutako gainerako enpresena eta talde osoarena ere. Horren barruan, talde osoaren antolakuntza-eskema gehitu beharko da, parte-hartzeekin eta enplegu-datuekin, ustiapen- eta balantze-kopuruekin, eta hori guztia dirulaguntzak eskatu aurreko ekitaldiei dagokienez.
– Halaber, startupen kasuan, 4.2 artikuluan aipatutako baldintzak betetzen dituztela justifikatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.
f) Oinarri Arautzaile hauen Eranskinean ageri den normalizatutako ereduaren edukiaren arabera egindako erantzukizunpeko adierazpena.
g) 5.a)7. artikuluan jasotako gastuei lotutako dirulaguntzak eskatuz gero eta 2024an eratzea eskatuz gero, eraketan ziurtagiriak entregatu beharko dira.
h) Enpresei emandako 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, merkataritza-eragiketen berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak bete direla ziurtatuko da, Erantzukizunpeko Adierazpenaren bidez edo Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean (ROAC) izena emandako auditorearen ziurtagiriaren bidez.
2.– Halaber, enpresaren nazioartekotze-proiektuaren balorazio zuzena egin ahal izateko, 2030 agendako konpromisoen inpaktuaren (jatorrian eta/edo helmugan) ziurtagiria entregatu beharko da eta giza eskubideekiko errespetua frogatu beharko da, ingurumeneko jasangarritasuneko ziurtagirien, genero-berdintasunekoen, euskararen sustapenekoen eta erantzukizun sozial korporatiboko ziurtagirien bidez, hala badagokio (5. eranskina).
3.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak aurkeztutako eskariaren ulermena, ebaluazioa eta tramitazioa behar bezala gauzatzeko beharrezkoa iruditzen zaion dokumentazio eta/edo informazio osagarri oro eska dakioke eskatzaileari, eta arau honetan aurreikusita ez dauden kasuetan, Sektore Publikoko Erregimen Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunen Legea izango da aplikagarria. Zehaztutako epean entregatu beharko du dokumentazio hori, eskatzen zaion aldiro.
12. artikulua.– Zuzenketak.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioan akatsen bat, hutsegiteren bat edo zehaztasun-faltaren bat dagoela, enpresa eskatzaileei jakinaraziko die, eta 10 eguneko epea emango die akatsa zuzentzeko, eta ohartaraziko die, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
13. artikulua.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzea. Erakunde laguntzailearen eginkizunak.
Dirulaguntzak norgehiagoka-prozedura bidez esleituko direnez, balorazio-batzordea eratuko da eta espedienteak aztertu, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu, oinarri horien 7. artikuluan jasotako irizpideen eta puntuazioen arabera ebaluatu eta dagozkion txosten teknikoak igorriko ditu. Horretarako, behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkoa iruditzen zaion dokumentazio eta/edo informazio osagarri oro eska dezake edozein unetan.
Proiektuen jarraipena egiteko eratutako Balorazio Batzordea 3 pertsonak osatzen dute:
– Presidentea: Iñaki Ezkurra. Basque Trade & Investment-eko (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) Talentu eta Finantza Laguntzen arduraduna.
– Ordezkoa: Iván Fernández. Basque Trade & Investment-eko (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) Adimen Lehiakorreko zuzendaria.
– Kideak:
–. Jesús Maria Cantón. Basque Trade & Investmenteko (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) Programen teknikaria.
– Ordezkoa: Josu Mugertza, Basque Trade & Investment – Euskadiko Nazioartekotze Agentziako Enpresa Zerbitzuen Proiektuen Kudeatzailea.
– Idazkaritza:
– Idazkaria: Iker Arruabarrena, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Programen Arduraduna.
– Ordezkoa: Enbor Barruetabeña. Basque Trade & Investmenteko (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) Programen teknikaria.
Espedientea eta balorazio-batzordearen balorazioa ikusita, organo kudeatzaileak, Nazioartekotze saila alegia, SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzendutako ebazpen-proposamena formulatuko du.
Basque Trade & Investment (Nazioartekotze Euskal Agentzia) izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde laguntzailea, eta eginkizun hauek izango ditu:
a) Bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea.
b) Egindako gastu hautagarriak behar bezala gauzatzen diren ikuskatzea.
c) Proiektuaren garapenarekin lotuta egoki iritzitako egiaztapenak egitea, eta onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute.
d) Egindako ikuskapenen txostenak egitea.
e) SPRIri gerta daitezkeen gorabeheren berri ematea.
14. artikulua.– Dirulaguntzen ebazpena eta argitalpena.
1.– Laguntzen ebazpena SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak emango du, norgehiagoka-erregimenean, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.
2.– Aipatutako ebazpena oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.
3.– Ebazpenean erakunde onuraduna, aurkeztutako eta onartutako gastuen aurrekontua, dirulaguntzen zenbatekoa, eta fase horretan entregatu beharreko justifikazioen eta dokumentuen fasea amaitu arte egin beharreko urratsak jasoko dira.
4.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.
15. artikulua.– Laguntzen ordainketa eta justifikazioa.
1.– Dirulaguntzaren ordainketa bi ordainketatan egingo da, honela.
– Dirulaguntzaren % 25 esleitutako dirulaguntza onartu ostean, edo, hala badagokio, oinarri hauen 16. artikuluan finkatutako hamabost eguneko epea igarota.
– Beste % 75eko likidazioa lagundutako ekintzak egitean izandako gastuak justifikatu ostean.
Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutakoak betetzen ez baditu edo itzultze-bidezkotasunaren ebazpenagatik zorduna bada.
2.– Justifikazio-dokumentuak telematikoki aurkeztu beharko dira helbide honetan: www.spri/sakondu. Enpresa onuraduneko legezko ordezkariak sinatu beharko ditu dokumentuak eta dirulaguntzaren esleipenaren ebazpena jaso eta 2025eko otsailaren 28ra bitarteko epea izango du. Hala ere, publikoarentzako arreta 2025eko otsailaren 28ko 15:00etan amaituko da.
3.– Hauek dira dokumentazio horretan jaso beharrekoak:
– Diruz lagundutako jarduerak egin izanaren memoria justifikatiboa.
– Startupen kasuan, langileen kostu zuzena justifikatzeko, enpresak 10T eta Langileen Zerrenda Izenduna entregatu beharko ditu, baita proiektuan jardun duten langileen lanaren zatiak ere, bertan emandako orduen xehetasunarekin. Nazioartekotze-estrategia, nazioarteko marketineko planak eta/edo kanpoko instalazioetako balizko bideragarritasun-azterketak egiten aritu diren langileak soilik hartuko dira kontuan.
– Gastuen sailkapen-zerrenda, ekintza eta zenbateko bakoitzaren arabera.
– Onartutako gastuen fakturak, banakatutako kostuekin, igorpen-datarekin eta hornitzailearen identifikatzailearekin, baita ordainketen ziurtagiriak, horien zenbatekoa eta ordainketa data ere. Gastuak auditoretza bidez ere egiaztatu ahal izango dira.
– Egindako bidaien justifikazioaren kasuan, beharrezkoa izango da garraio-txartelak eta ostatu-txartelak aurkeztea, benetako kostuarekin, eta bidaien egiaztagiria ere gehitzea. Ibilgailu propioa edo taxia erabiltzea ez da barne hartuko.
– 2. eranskinean jasotako lagundutako azterketen kasuan, bai aholkularitzakoak, bai estrategikoak, azterketa horien kopia osoa aurkeztu beharko da.
– Hainbat hornitzaileren eskaintzak, DEALen 30.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Ez dira kontuan hartuko DLOko 31.3 artikulua, aplikagarria denean, betetzen ez duten gastuak 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusten dituen ordainketa-epeei dagokienez.
5.– Dirulaguntza DEALen 32. artikuluan aurreikusitakoaren arabera justifikatuko da.
6.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusiz gero enpresak aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak daudela, jakinarazi egingo da eta enpresak 10 eguneko epea izango du horiek zuzentzeko.
7.– Aurkeztutako likidazioaren inguruko ebazpena SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariak emango du eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da organo beraren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Deialdi honen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 14. eta 46. artikuluetan eta Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:
a) Emandako laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren hamar eguneko epean, erakunde onuradunak ez badio espresuki eta idatziz uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.
b) Dirulaguntzaren esleipena oinarritzen duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.
c) Dirulaguntza ematen duen erakundearen aurrean eskakizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea, eta dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea. Jarduera hori pertsonei buruzkoa denean, sexuaren arabera bereizitako datuak sartuko dira.
d) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.
e) Faktura osoak gordetzea eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, faktura egiten den unetik aurrera.
f) Erakundearen izaera juridikoa dela eta liburu kontulariek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea pertsona onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoerak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egitea bermatzeko.
g) Jasotako funtsen aplikazioaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izateko.
h) Garatutako jardueraren edo jarduketaren gaineko diruz lagundutako kostuaren soberakina edo jasotako funtsak itzultzea, DEALen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.
i) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-genero ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.
j) Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, eta, batez ere, euskararen erabilera.
k) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskumena duten beste kontrol-organismo batzuei (Estatu zein komunitate mailakoak) laguntzen helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzeko garaian eska dezaketen edozein informazio ematea.
l) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
m) Laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein gorabehera aldatu dela jakinaraztea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari.
n) Sakondu programak ematen duen laguntza publikoaren xede diren sustapen-euskarri guztietan, Programaren bidez emandako dirulaguntzaren jatorria adierazi beharko da modu egokian.
ñ) Halaber, azoketan parte hartzeko laguntza jasoz gero, ezinbestekoa izango da Basque Country marka (Euskadi Basque Country markaren, Spri Taldearen eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren logoak) ikusaraztea standetan eta erabilitako sustapen materialetan.
17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo bere baldintzak aldatzea erabakitzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldintza hauek betetzen direnean:
a) Alde baten instantziari erantzunez gero, pertsona onuradunak jakin bezain pronto komunikatzea eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioaren justifikazioaren aurretik, DEALen 14.e artikuluan jasotako betebeharra betez.
b) Zenbatekoa ez handitzea.
c) Egindako jarduera edo jokabidea edo egingo dena oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.
d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.
e) Aldaketa sustatu duten elementu eta baldintza berriak hasieran eman izan balira, dirulaguntza ukatzeko modukoak ez izatea eta aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektua erabat aldatzeko bezain handiak.
f) Hirugarrengoen eskubideak ez urratzea.
2.– Onuradunak emandako dirulaguntza osoa edo partziala jaso badu, eta aldaketarekin zenbatekoa txikitzen bada, DEALen 40. artikuluan aurreikusitakoa jarraituko da.
18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunek ez dutela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta, hala badagokio, laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko dute eta SPRIri itzuli beharko dizkiote ordura arte kobratu dituzten laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzaten.
2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:
a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta betiere, Programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.
b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.
d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan eta DAOren 91tik 93ra bitarteko artikuluetan eta 20/2023 Legean aurreikusitako arrazoiak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak (DEALeko 51. artikuluaren arabera, enpresa-deslokalizazioaren aitorpena barne) edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatu egingo da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta SPRIri dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio. Itzulketa horiek Zuzenbide Publikoaren diru-sarrerak izango dira, DEALen 40. artikuluaren arabera. SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta betiere, onuradunaren jarduketak konpromisoak asebetetzen dituela egiaztatzen bada, dirulaguntza partzialki ordainduko da edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta kalkulatzerakoan kontuan hartuko da egindako jardueraren proportzioa, guztizkoaren gainean. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen kopuru partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde esleitzaileak onartu ondoren.
Hala, onartutako proiektuen justifikazioan % 30 baino gutxiagoko beheranzko desbideratzea ematen bada dirulaguntza esleitzeko onartutako aurrekontuari dagokionez, dirulaguntza berriro kalkulatuko da, hasierako esleipena kalkulatzeko erabilitako irizpide berdinekin.
Halaber, % 30eko edo gehiagoko beheranzko desbideratze baten ondorioz dirulaguntzarako eskubidea gal daiteke, dirulaguntza jasotzeko helburuak bete direla egiaztatuz gero izan ezik. Bigarren kasu horretan, aurreko atalean adierazitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
6.– Halaber, gainfinantzazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
3.– Europako Batzordearen EB 2023/2831 Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (DOUE-L-2023-81820).
4.– Enpresa berrien ekosistema sustatzeko 2022ko abenduaren 21eko 28/2022 Legea (2022ko abenduaren 22ko BOE).
5.– 2022ko irailaren 28ko enpresen sorrera eta hazkundeari buruzko 18/2022 Legea.
6.– Administrazio Publikoen Administrazio prozedura Komunaren 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus.
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.eus.
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/es/aviso-legal/privacidad/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.