Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2024ko maiatzaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2530

EBAZPENA, 2024ko apirilaren 26koa, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariarena, Mendinet toki-ekintzako taldearen 2023ko urriaren 31ko deialdiaren babesean eskatutako laguntzak onartu eta ukatzekoa. Deialdi horren bidez, 2023-2027 aldirako nekazaritza politika erkidearen plan estrategikoaren (NPEPE) esparruan onartutako Leader eremuko landa udalerrien ekonomia sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko laguntzak arautzen dira.

Goian aipatutako Mendinet Tokiko Ekintza Taldearen 2023ko urriaren 31ko deialdiaren babesean aurkeztutako laguntza-eskabideak ikusi dira –ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan zerrendatuta daude– eta eskabideekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertu da –espediente-zenbakiak aipatutako eranskinetan agertzen dira–.

Kontuan hartu da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduak arauak ezartzen dituela, besteak beste, honako laguntzei buruz: Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) laguntzak, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) plan estrategikoen esparruan, bai eta finantzaketa nazional gehigarriaren bidez laguntzak osatzeko aukera ere.

Kontuan hartu da irailaren 19ko 134/2023 Dekretuak aldatutako abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileari dagokiola Europar Batasuneko LGENF funtsaren kontura finantzaturiko laguntzak ordaintzea, erakunde horrek bakarrik baitauka horretarako eskumena.

Kontuan hartu da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeaz arduratu den Tokiko Ekintza Taldeak deialdiaren 6. apartatuan xedatutakoaren arabera egindako ebazpen-proposamena.

Hori guztia kontuan izanda,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Mendinet Tokiko Ekintza Taldearen 2023ko urriaren 31ko deialdian araututako laguntzak ematea, ebazpen honen I. eranskinean aipatzen diren eskatzaileei. Eranskin horretan, honako hauek zehazten dira: pertsona edo entitate onuraduna, diruz lagunduko den proiektua, diruz laguntzeko moduko gastuaren zenbatekoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura onartutako laguntzaren zenbatekoa. Zenbatekoa, guztira, 2.492.771,12 eurokoa da.

Bigarrena.– Aitortzea ebazpen honen II. eranskinean aipatzen diren eskatzaileei Mendinet Tokiko Ekintza Taldearen 2023ko urriaren 31ko deialdian araututako laguntzak jasotzeko eskubidea. Eranskin horretan, honako hauek zehazten dira: pertsona edo entitate onuraduna, diruz lagunduko den proiektua, diruz laguntzeko moduko gastuaren zenbatekoa eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren kontura (LGENF) onartutako laguntzaren zenbatekoa. Zenbatekoa, guztira, 2.674.612,70 eurokoa da.

Hirugarrena.– Ukatzea ebazpen honen III. eranskinean aipatzen diren eskatzaileei Mendinet Tokiko Ekintza Taldearen 2023ko urriaren 31ko deialdian araututako laguntzak, eta ukazioaren zioak eranskin horretan zehaztuko dira.

Laugarrena.– Jarduerak edo inbertsioak gauzatzeko epea, beranduenez ere, 2024ko abenduaren 31n bukatuko da, eta horiek ezin izan dira hasi 2023ko ekitaldia baino lehen. Salbuespen gisa, gauzatze-epe hori zabaltzeko, luzapenak eman ahal izango dira, betiere luzapena behar bezala justifikatzen bada eta jarduerak eta/edo inbertsioak amaitu baino hilabete lehenago eskatzen bada.

Laguntzaren justifikazioa eta ordainketa laguntza-lerro bakoitzaren arabera egingo da, Mendinet Tokiko Ekintza Taldeak 2023ko urriaren 31ko argitaratutako laguntza deialdiarekin bat etorriz.

Onuraduna eratze-fasean dagoen pertsona juridikoa baldin bada, hura entitate pertsonifikatu bihurtzea ezinbesteko baldintza izango da laguntza kobratzeko.

Era berean, baimenak edo lizentziak behar diren kasuetan, horiek lortzea ezinbesteko baldintza izango da laguntza kobratzeko.

III. eranskinean adierazitakoaren arabera (2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 2. apartatua, informazioari, publizitateari eta ikusgarritasunari buruzkoa), onuradunek LGENFtik jasotako laguntzari buruzko informazio publikoa eman behar dute, eranskin horretan adierazitako moduan.

Onartutako proiektua ezarritako epeetan egiten ez bada edo epe horretan gauzatu izanaren egiaztagiriak aurkezten ez badira, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, aipatutako deialdiaren 16. apartatuan aurreikusitako itzulketa-prozedura jarriko da abian.

Laguntzak eten egingo dira, eta, hala badagokio, eskuratutako kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo zati bat, lagundutako proiektua betetzen ez bada edo laguntza ematea ekarri duten betekizunak eta baldintzak betetzen ez badira eta, bereziki, laguntza jaso duten inbertsioei eusten ez bazaie inbertsioa egin eta gutxienez ondorengo 5 urteetan, enpresentzako eta espazioak gaitzeko laguntza-lerroen kasuan (II. eta IV. neurriak), edo 3 urteetan, kontratazio-ildoaren babespean sortutako besteren konturako lanpostuen kasuan (III. neurria), eta 2 urteetan, ekintzailetzari eta barne-ekintzailetzari laguntzeko lerroaren babesean garatutako proiektuen kasuan (I. neurria).

Bosgarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta interesdunak, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluen arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 26a.

Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria,

JONE MIREN FERNÁNDEZ LANDA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala