99. zk., 2024ko maiatzaren 22a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (227 KB - 18 orri.)
- EPUB (124 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2468
EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 7koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2024rako «Renove Smart Industry» laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onesten dituena.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko entitate publiko bat da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industriaren sustapena, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, enpresen ikerketa eta garapena eta abar bultzatzeko jarduketak egiteko ardura du.
Horri dagokionez, SPRIk hainbat ekintza garatu ditu enpresen lehiakortasuna hobetzeko, ekipoak eta makinak modernizatuz besteak beste, eta, hala, sektoreko aplikatzeko legedi guztia betez.
Hortaz, Renove Smart Industry programaren xedea da makina eta/edo ekipamendu aurreratu (hardware eta software) berrirako inbertsioak sustatzea, EAEko enpresa-ehuna osatzen duten enpresen barruan gaitzaileak diren gailuetarakoak. Helburua da inguru horiek modernizatzea, Ekoizpen Aurreratuaren esparruan 4.0 industria-proiektuei aurre egin edo ekin ahal izateko.
Bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzak publizitatearen printzipioaren arabera eman eta kudeatu behar dira, besteak beste. Era berean, DAELen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza mota bakoitzaren edo dirulaguntzen programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.
Hori dela bide,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2024rako Renove Smart Industry laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onestea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.
Bigarrena.– 2024rako Renove Smart Industry programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango du eragina.
Bilbao, 2024ko maiatzaren 7a.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
AITOR URZELAI INZA.
ERANSKINA.
2024RAKO RENOVE SMART INDUSTRY LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Euskadiko industria-ekosistema indartzea, industria arlo ekonomikoaren jardueraren ardatz bihurtzeko duen konpromisoa indartzea eta enpresen eskura lehiakortasunari laguntzeko tresnak jartzea nahi du, eta, horretarako, behar diren baldintzak sortze zeregina sustatzen du.
Hala, hauek dira helburuak:
– Industria gehiago: industria euskal ekonomiaren BPGd-aren % 25 izatera heltzea.
– Industria hobea: 4.0 Industriaren paradigman estadio berria lortzea; euskal enpresei jauzi handia egiten laguntzea merkatu globalean txertatzeko eta nazioartean lehiakorrak izateko; enpresa-, sektore- eta lurralde-mota guztietan lehiakortasunean hobekuntza orokorra lortzea; oinarriak ezartzea enpresen beharrek eta profil profesionalen eskuragarritasunak bat etortzeko.
– Industria-politika efizientea: Gobernuaren industria-politika modernizatzen eta hobetzen jarraitzea programa aurreratuen bidez eta baliabide politikoak gero eta modu efizienteagoan erabiliz.
– Trantsizio energetikoa; Euskadiko industriako ETEei laguntzea jasangarritasunean; deskarbonizazioa, eta abar.
Planaren zeharkako ardatza 4.0 Industriaren kontzeptua da, eta hauek dira haren zeregin garrantzitsuenak:
– ETEak 4.0 Industriari eta EIKTen potentzialari buruz sentsibilizatzea.
– Euskal ekosistemaren 4.0 Industria indartzea, erakartzeko eta elkarrekin lan egiteko eragile berriekin.
– Basque Digital Innovation Hub azpiegitura teknologikoen sarea abian jartzea.
– Teknologiaren eta negozio-ereduen arloan, euskal industriaren digitalizazioa bultzatzea.
– 4.0 Industriaren inguruko klusterren arteko elkarlana sustatzea.
– Ekintzailetza aurreratuko Bind 4.0 programa.
Renove Smart Industry programa bat dator helburu horiekin, eta hori Eusko Jaurlaritzak euskal ETEen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko duen konpromisoa 4.0 Industriarekin lotutako inbertsioak eginez gauzatzen da.
Adierazi behar da Renove Smart Industry programa erakundearen 2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dagoela —plan hori Administrazio Kontseiluaren 2023ko abenduaren 20ko erabakiaren bidez onetsi zen eta 2024ko martxoaren 27ko erabakiaren bidez aldatu—, eta planaren helburu hau lortzen laguntzen du: «Makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) eskuratzen laguntzea, 4.0 industria-proiektuak eta hobekuntza teknologikoak ezartzeko, industria-enpresetan eta industriako produktu-prozesuarekin lotutako zerbitzu-enpresetan». Era berean, Kontseiluak programari dagokion gastua baimendu du.
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da makineria eta/edo ekipamendu aurreratu berria (hardwarea eta softwarea) eskuratzeko inbertsioak sustatzeko laguntza-programa bat arautzea, EAEko industria-enpresetarako eta industriako produktu-prozesuari lotutako zerbitzuetarako; zehazki, Industria Adimentsuaren arloan teknologiak aplikatzera bideratuta dauden eta 4.0 industria-proiektuak ezartzen dituzten enpresa eta zerbitzuetarako.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Laguntza horiek behar bezala jasotako eskaerak ondoz ondo emateko prozeduraren arabera emango dira. Hau da, banaka eta ordenatuta ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unearen arabera.
2.– Programa honen esparruan emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.
3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi gutxikotzat edo minimis laguntzat hartzen dira, eta, beraz, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduak («2023/2813 Erregelamendua») ezarritakoaren mende daude.
4.– Programa honen esparruan emandako dirulaguntzak ez daude zuzenean lotuta esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezarri eta ustiatzeari edo esportatzeko jarduerarekin zerikusia duten bestelako gastu arruntei.
3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.
Programa honen ondorioetarako, definizio hauek ezarriko dira:
1.– Laguntzaren intentsitatea. Zenbatekoa, hauta daitezkeen gastu eta/edo inbertsioetarako onetsitako gehieneko aurrekontuen ehunekoetan adierazita.
2.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak), Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioaren arabera.
3.– Ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea): gailua edo gailu multzoa, M2M (Machine-to-Machine) nahiz M2H edo H2M (Machine-to-Human edo Human-to-Machine) motako prozesatzeko eta konektatzeko gaitasun aurreratuak eskaintzeko gai direnak, modu guztiz autonomoan, automatizatuan edo mendekoan (gizartearen esku-hartzea) funtzionatzeko ahalmena dutenak. Industria-eremuetan horrelako gailuak edo gailu multzoak txertatzeak/ezartzeak nabarmen lagunduko du eremu horien digitalizazioan. Hala, ekoizpen-prozesuen ikuspegitik, eremu guztiz konektatu, seguru eta automatizatuak izan ahalko dira.
Horretaz gain, ekipamendu aurreratutzat joko da gailu edo gailu multzo horien funtzionamenduari lotutako softwarea.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 2024an laguntzak emateko programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 7.000.000 eurorenak dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek EAEko 2024ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Funts hauek mugatuak direnez, laguntzak eskatu eta ematea ahalik eta lasterren egitea nahi du programak; beraz, espedientea osorik dagoen unearen arabera adjudikatuko dira laguntzak, modu ordenatuan, eta ebazpen bidez ukatuko dira, programarako gehieneko zuzkidura gainditzen badute.
3.– Programara bideratutako funtsak amaituz gero, programa amaitu egingo da eta horren berri emango da SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, eta webgunean (www.spri.eus) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Aurrekontu-kreditua amaitutakoan, ezingo da laguntza berririk eman, eta berariaz atzera botako dira aurkeztu bai baina ebazteko dauden eskariak.
5. artikulua.– Entitate onuradunak eta laguntzen onuradun izateko baldintzak.
1.– Deialdiaren xede diren dirulaguntzak eskatu ahalko dituzte industriakoak eta industriako produktu-prozesuari lotutako zerbitzuetakoak diren industriako enpresa txiki eta ertainak (ETEak) diren pertsona fisiko edo juridikoek, 4.0 industria-proiektuak ezartzeko makina eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) eskuratzeko proiektuak aurkezten dituztenek.
Baldintza hauek bete behar dituzte betiere:
a) ETEak izatea, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera (Aldizkari Ofiziala (DUE) 2003-05-20ko L 124 zk., 0036-0041. or.). Baldintza hori, hala badagokio, horretarako eginiko bisitaren bidez egiaztatu ahalko da.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat izatea.
c) Alta emanda egotea Euskadiko jarduera ekonomikoen zergaren kasuan kasuko epigrafe industrialean.
2.– Hauek ezin izango dira deialdiaren laguntzen onuradun izan:
a) Sektore publikoren bateko kide direnak, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
b) DAELen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak («DLO») 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean daudenak, aplikatzekoa den guztian.
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak egunean dituztela iritziko zaio Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Hala, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela iritziko zaio zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean edo itzulketa-ebazpena aurkaratzeagatik etetea erabaki denean.
c) Laguntza bat legez kontrakoa edo barne-merkatuarekin bateraezina dela adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.
d) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzen dutenak, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
e) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan bakarrik, abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak (3/2004 Legea, abenduaren 29koa, Merkataritza-Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituena).
f) Aurreko hiru urtean minimis laguntzetan 300.000 eurotik gora jaso dituztenak.
3.– Eskabidea aurkezten denetik emandako laguntza likidatu arte bete beharko dira laguntza ekonomikoaren onuradun izateko aurreko ataletan adierazitako eskakizunak.
4.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoak honela egiaztatuko dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du baldintza hauen betearazpena:
– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentroa izatea.
– Alta emanda izatea Euskadiko jarduera ekonomikoen zergaren kasuan kasuko epigrafe industrialean.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea.
Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du ofizioz egiaztatzea, eta, horretarako, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu:
b) Gainerako betekizunak egiaztatzeko, 11. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauei eranskin gisa erantsi zaien eredu normalizatuaren arabera. Bigarren kasu horretan, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu SPRIk hala eskatzen dionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako eskakizunak eta DAELen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatutako baldintzak egiazkoak direla egiaztatu ahal izango da, hala badagokio, ikuskapen-bisitan edo dokumentu-eskaeran.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak eta egikaritze-epeak.
Diruz lagundu daitezkeen jarduketatzat hartuko dira:
1.– Makineria eta/edo ekipamendu aurreratua eskuratzea (hardware eta softwarea) 4.0 industria-proiektuak ezartzeko industria-enpresetan eta industria produktu-prozesuarekin lotutako zerbitzu-enpresetan, eta proiektu-prozesuari lotutako aholkularitza/ingeniaritza zerbitzuetan. Makina eta/edo ekipamendu aurreratu hori (hardwarea eta softwarea) teknologia hauek txertatu edo erabiltzen dituzten proiektuak egiteko eskuratu beharko da:
a) Big Data eta analitika aurreratuko teknikak txertatzen dituzten makina eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erabiltzen dituzten fabrikazio aurreratuko proiektuak, industria-eremuen barruan hainbat iturritako «datuen bolumen handiak» prozesatu eta aztertzea ahalbidetzen dutenak, enpresa horien arlo eta prozesuei eragiten dieten jarrera-ereduak identifikatu (Business Intelligence, Data Mining edo antzekoak) edota aurreikusteko helburuarekin. Hala, erabakiak hartzea errazten da eta enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzen da.
b) Fabrikazio gehigarrirako proiektuak, ekoizpen/fabrikazio malgua eta pieza eta forma geometriko pertsonalizatu berrietako hainbat material-motaren bidez (plastikoetatik metaletaraino) eginikoa sustatzen dutenak industriako sektore edo enpresa zehatz baten beharrak asetze aldera.
c) Robotika aurreratu eta kolaboratiboko proiektuak, denbora errealean langileekin, beste robot batzuekin eta baita makinekin ere lan egiten duten konektatutako robotak sartzen dituztenak. Hala, prozesuak hobetuko dira eta fabrikaren barruan produktibitatea areagotuko da.
d) IIoT proiektuak (Industrial Internet of Things), fabrikaren barruko gailu eta makina guztien Interneterako konektibitatea sentsorizatu eta bermatzea ahalbidetzen dutenak, denbora errealean informazioa bildu eta trukatu ahal izateko, konektatutako gailu eta makinen erabilera- eta jarraipen-aukerak kontrolatu, automatizatu eta, neurri handi batean, biderkatzeko aukera emanez.
e) Adimen artifizialeko proiektuak, inguru-eremura bideratuak, non fabrikako makinak eta/edo ekipamenduak modu autonomoan ikasi eta erabakiak hartzeko gai diren. Era berean, Machine Learning edo Deep Learning teknikak proiektu-mota horietan txertatuz, besteak beste, honako hau egin ahalko da: fabrikaren produktibitatearen ikuspegitik, jarrera edo egoera garrantzitsuak aurreikustea (adib.: makinen mantentze-lan prediktiboak); objektuak detektatzea; irudiak identifikatzea; edota jarraibideak ezagutzea. Hala, fabrikako aktibo eta prozesu guztiei buruzko ezagutza automatizatu eta hedatu ahalko da, eta enpresa zehatzei erabakiak hartzen lagundu.
f) Sistema ziber-fisikoen proiektuak, fabrikan konputazio eta konektibitate aurreratuko gaitasunak dituzten osagai, objektu fisiko edo makinak txertatzen dituztenak. Hala, enpresa zehatz baten balio-katearen barnean objektu adimentsu bihurtuko dira.
g) Errealitate birtualeko proiektuak, simulatutako munduetan edo giro birtualetan egoera errealak irudikatzea ahalbidetzen dutenak.
h) Errealitate areagotuko proiektuak, erabiltzaileak mundu erreala gailu teknologiko batez ikustea ahalbidetzen duten teknologiak txertatzen dituztenak gailuak emandako informazio grafikoari esker. Hala, informazio erreal edo fisikoa informazio birtual gehigarriaren bidez areagotuko da.
i) Biki digitalen proiektuak (Digital Twins); hala, homologo errealaren jarrera simulatzen duen objektu edo sistema baten kopia birtuala sortuko da, monitorizatzeko, egoera zehatzetan objektu edo sistemaren jarrera aztertzeko eta horren eraginkortasuna hobetzeko. Hainbat abantaila ditu; besteak beste, produktuak garatu eta frogatzea, produktu fisiko batekin egitea baino merkeagoa eta eraginkorragoa baita. Gainera, eredu birtualaren kopia infinituak egin daitezke, eta hainbat egoeratan probatu daiteke.
2.– Gastu hautagarria aldeek (laguntzaren eskatzailea eta fabrikatzailea/hornitzailea) onetsitako eskaera edo kontratuaren eta aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren gutxieneko % 10eko ordainketaren bidez egiaztatu behar da.
3.– Egingo den 4.0 Industriaren proiektuak barne hartuko ditu aplikatu nahi diren makina berriak eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea), baita proiektuari lotutako aholkularitza/ingeniaritzako gastuak ere. Proiektuak gutxienez 50.000 euroko zenbatekoa izan beharko du (BEZa kanpo), eta entitate eskatzailearen ustiapen ekonomikoaren ekoizpen prozesuari lotuta egon beharko du; era berean, enpresa onuradunaren EAEko jarduera-zentro bat hornitu beharko du eta han instalatu beharko da.
4.– Aholkularitza/ingeniaritzako gastuek ezingo dute gainditu proiektuaren aurrekontu osoaren % 25. Aholkularitza/ingeniaritzako gastuek proiektuaren aurrekontu osoaren % 25 gainditzen badute, partida horretan doikuntza egingo da, proiektuaren aurrekontu osoaren % 25eko muga ezartzeko.
5.– Eskuratutako makina berriak eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera entregatu eta abiarazi beharko da, eta, edozein kasutan, eskaera aurkeztu eta hurrengo 12 hilabeteetan.
6.– Ez dute dirulaguntzarik jasoko artikulu honetan azalduta dauden eta entitate onuradunaren katalogora biltzen diren produktu edo zerbitzuek.
7. artikulua.– Gastu hautagarriak, eskakizun aplikagarriak eta azpikontratazioa.
1.– Gastu hautagarritzat hartuko dira makina eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) eskuratzetik eratorritakoak, edota aurreko artikuluan jasotako 4.0 industria-proiektuak ezartzeko sortutako aholkularitza/ingeniaritzako gastuak.
2.– Ez da gastu hautagarritzat joko fakturan jasotako balio erantsiaren gaineko zerga.
3.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
a) Oinarri hauetako 6. artikuluan deskribatutako diruz lagun daitezkeen jardueretatik eratorritako gastuak izan behar dira, eta bertan ezarritako baldintzak bete behar dituzte.
b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.
c) Gastu hautagarria euroa ez den dibisa batekin baloratzen bada, ordainketa-dataren truke-tasara bihurtuko da.
d) Ez dira inolaz ere gastu hautagarritzat joko makina eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) eskuratzetik eratorritakoak, edota aurreko artikuluan jasotako 4.0 industria-proiektuak ezartzeko sortutako aholkularitza/ingeniaritzako gastuak, baldin eta entitate eskatzaileak berak edo taldeko enpresek eskuratu badituzte edo laguntzaren eskatzailearekin zuzenean edo zeharka akzioen edo partizipazioen bidez lotutako enpresek eskuratu badituzte.
e) Hauek ez dira hartuko gastu hautagarritzat:
– Jada dauden instalazioak berritu eta/edo hobetzea, prozesuetakoen zein elementu osagarrien kasuan.
– Inbertsioaren eta berezko langileen ondoriozko finantza-gastuak eta lursailak erostearen ondoriozkoak.
– Erabilitako ekipoak erosteko inbertsioak.
f) Makineria berria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) eskuratzea finantza-errentamenduaren bidez finantzatu ahalko da, eta diruz lagundu ahalko da, baldin eta enpresak berariaz konpromisoa hartzen badu eragiketa egiteko baliatu duen finantza-entitatearen aurrean dagokion erosteko aukera erabiltzeko. Horretarako, konpromiso hori jasotzen duen dokumentua entregatu beharko da, erakunde bien sinadura eta zigiluarekin.
4.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea.
DAELen 31.1 artikuluan, DLOren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua («DEO») onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoarekin bat, onuradunak azpikontratazioa egiten duela iritziko zaio dirulaguntzaren xedeko jardueraren zati bat aurrera eramatea beste batekin hitzartzen duenean. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Horri dagokionez, hirugarrenak azpikontratatzea edo kontratatzea diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta, diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko edo kontratatzeko, aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatu beharko dira.
DAELen 30.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino, eta hirugarrenekin kontratatzea dakarren guztietan, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak. Obrak egiteko, zerbitzu bat egiteko edo ondasun bat emateko konpromisoa hartu aurretik eskatu beharko dira eskaintzok, salbu eta merkatuan ez badago obra, zerbitzu edo zerbitzu-ondasunok egiteko, emateko edo hornitzeko behar beste entitaterik (ezaugarri bereziak dituztelako), edo dirulaguntza jaso aurretik egin bada gastua.
Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori memoria batean.
Hirugarrenekin adostutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiagokoa bada, kontratazioak DAELen 31.3 artikuluko baldintzak bete beharko ditu.
5.– Edozein kasutan, DAELen 30. artikuluarekin bat datozenak oinarri hauetako esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira.
6.– Aplikagarria den kasuetan, diruz lagundu daitezkeen gastuak DLOren 31.2 artikuluan ezarritako epeetan ordainduko dira.
8. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.
1.– Deialdi honetako laguntzak dirulaguntza gisa emango dira.
2.– Makina eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) eskuratzeko eta sortutako aholkularitza/ingeniaritzako gastuetarako laguntza-eskaera bakoitzeko gehieneko dirulaguntza % 20koa izango da, muga honekin: 75.000 euro.
3.– Enpresa bakoitzak eskaera bat baino gehiago aurkeztu ahalko ditu, eta enpresa bakoitzak deialdi honetan gehienez 75.000 euroko dirulaguntza jaso ahalko du.
9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.
1.– Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dira edo Europako beste finantzabide batzuk, baldin eta gastu hautagarri berberetarako gehieneko laguntzaren muga gainditzen ez bada.
2.– Laguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein Administrazioak edo sektore publikoak emandako beste dirulaguntza edo laguntza publiko zein pribatu batzuekin bat eginda, inolaz ere ezin da izan onuradunak egin nahi duen 4.0 industria-proiektuari lotutako makina eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) eskuratzeko edo aholkularitza/ingeniaritzako kostua baino handiagoa. Beste laguntza publiko batzuen eta programa honen bidez emandakoaren batura kostu hori baino handiagoa bada, programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, makina eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) eskuratzeko gehiegizko finantzaketa saihesteko beharrezkoa den neurrian.
3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzatzat hartzen dira.
4.– Entitate onuradunak jaso dezakeen minimis laguntza, guztira, ezingo da izan 300.000 eurotik gorakoa hiru urteko inongo epetan.
5.– Minimis laguntzak ezin dira metatu gastu berberetarako estatutik jasotako laguntzekin, baldin eta batura hori laguntza baino handiagoa bada, edo kategorien araberako salbuespenen erregelamendu batean nahiz Europako Batzordearen erabaki batean kasuan kasuko inguruabarretarako ezarritako laguntzen zenbatekoa baino handiagoa bada.
6.– Muga horietako bat edo programak ezarritakoren bat gaindituz gero, ematen den laguntzari soberako diru kopurua kenduko zaio.
7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko legezko eskubidea aitortzen zaion unean.
10. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauek dakartzaten gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez bakarrik egingo dira, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren webgunearen bidez.
2.– Aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri bide elektronikoz izapidetzeko jarraibideak, bai eta eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere.
3.– Laguntzaren eskaera eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntzan aurkez daitezke. Era berean, laguntzen eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.
11. artikulua.– Laguntza eskatzea.
1.– Laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten entitateek SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak gaitutako helbide elektronikoan ezarritako laguntza-eskaeren inprimakiak bete beharko dituzte.
2.– Laguntza-eskaera hori entitatea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek sinatu beharko du, sinadura elektroniko aurreratu bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez). Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRIk gaitutako helbide elektronikoan eskaeraren sinadura elektronikoarena.
3.– Entitate eskatzailearen eta haren lege-ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko ditu laguntza-eskaerak, eta agiri hauekin batera aurkeztu beharko da:
a) Entitatearen edo pertsona fisikoaren lege-ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauei eranskin gisa atxikitako eredu normalizatuko edukiari jarraikiz.
Horretaz gain, informazio hau aurkeztu beharko da:
– Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan emandako minimis laguntzen zerrenda; emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda; eskaeraren eta, hala badagokio, emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
b) Lege-ordezkariaren notario-ahalordea, eskatzaileak ordezkari gisa jarduten duten pertsona juridikoak edo fisikoak badira.
c) Entitate onuradunaren IFZ, pertsona juridikoen kasuan, eta NANa, pertsona fisikoen kasuan.
d) Eskuratutako makina eta/edo ekipamendu aurreratu berria (hardwarea eta softwarea) erosteko eta saltzeko kontratua, bi aldeek sinatua, edo aldeek onartutako eskaera.
e) Gutxienez ordainketaren % 10eko faktura eta makina eta/edo ekipamendu aurreratuaren ordainketak egin izanaren banku-egiaztagiria, kontuetan edo ordainketaren banku-ziurtagirian islatuta.
f) Landu nahi den proiektuaren memoria deskriptibo tekniko-ekonomikoa (gehienez 25 orrialde).
g) Eskatzailea ETE bat dela egiaztatzeko dokumentazioa, hau da, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietakoa. Memoriak puntu hauei buruzko informazio zehatza jaso beharko du nahitaez:
– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionez).
– Konpondu beharreko arazoa / detektatutako beharra. Lortu nahi diren helburuak.
– 4.0 industria-proiektuaren deskribapena, makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) txertatzeari esker landu nahi dena (ez funtzionalitateen katalogoa). Era berean, justifikatu egin beharko da oinarri hauen 6. artikuluan deskribatutako teknologiekin bat datorrela (proiektuaren alderdi nagusiak ezaugarritzea, beste sistema batzuekiko konektagarritasunaren/integrazioaren, datuen bilketaren/ustiapenaren ikuspegitik).
– Enpresa onuradunaren lehiakortasunaren hobekuntzaren justifikazioa (prozesu berriak, ekoizpenaren gehikuntza, eta abar), 4.0 industria-proiektuaren emaitza gisa.
– 4.0 industria-proiektuak enpresa onuradunaren emaitzetan duen eragina, fakturazioa handitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokienez.
– Entitate onuradunak 4.0 industria-proiektuaren trakzio-efektuaren edo haren hornitzaileetan egindako inbertsioen justifikazioa.
– Makineria eta/edo ekipamendu aurreratu hori (hardwarea eta softwarea) ezartzeko eta abian jartzeko egutegia.
h) 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeretarako, enpresaren ziurtagiria, KAEOn inskribatutako auditorearen ziurtagiria, edo ordaintzeko legezko epeei dagokienez DLOren 13.3 bis artikulua betetzeari buruz adostutako prozeduren txostena, agindu horretan zehaztutako baldintzetan.
i) Ordainketak egin ahal izateko emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.
j) DAELen 30.3 artikulua aplikatuz, entitate onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.
4.– Jakinarazpen abisuak bidaltzeko, programaren onuradun gisa agertzen den enpresaren helbide elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.
12. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2024ko azaroaren 8an amaituko da. Dena dela, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2024ko azaroaren 8ko 15:00etan amaituko da (Espainiako ordu penintsularra).
13. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Organo kudeatzaileak kudeatuko ditu laguntza-eskaerak, espedientea osatuta dagoen unearen arabera, eta eskaerak aurkeztutako ordenaren arabera ebatziko dira, aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.
2.– Organo kudeatzaileak banan-banan aztertuko ditu epe barruan aurkeztutako eskaerak, programa honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuz. Ostean, organo kudeatzaileak dagokion proposamena aurkeztuko dio SPRIko zuzendari nagusiari.
3.– Organo kudeatzaileak, memoriaren bidez, egiaztatuko du proiektuek gutxienez lau baldintza hauetako hiru betetzen dituztela:
– 4.0 industria-proiektuak enpresaren teknologia- eta berrikuntza-maila sustatzeko duen gaitasuna.
– 4.0 industria-proiektuaren bidez enpresaren lehiakortasunean lortzea espero den hobekuntza.
– 4.0 industria-proiektuak enpresa onuradunaren emaitzetan duen eragina, fakturazioa handitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokienez neurtuta.
– Proiektuak edo egindako inbertsioek hornitzaileengan duten trakzio-efektua.
4.– Adierazitako lau baldintzetatik hiru betetzen ez dituzten eskaerak ezetsi egingo dira.
5.– Prozeduraren ebazpena SPRIko Zuzendaritza Nagusiak emango du, eta eskaerak aurkezpen-ordenaren arabera ebatziko dira, beharrezkoa den aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko zaio Zuzendaritza Nagusiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako epean eta moduan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da, zuzenean, administrazioarekiko auzien Bilboko epaitegietan, bi hilabeteko epean.
6.– Ebazpen epea. Ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, oinarri hauetan eskatzen diren agiri guztiekin batera eskaera aurkezten denetik zenbatzen hasita. Ebazpena ez bada epean ematen, gaitzespen-ebazpentzat joko da.
7.– Emakidaren ebazpenean onuradunari jakinaraziko zaio minimis laguntza dela.
8.– Esleitutako laguntzen berri denei emateko, SPRIren webgunean eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
14. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu ondoren (eskuratutako makineria eta/edo ekipamendu aurreratua instalatzea/ezartzea), eta gehienez ere hilabeteko epean, entitate onuradunek jarduera justifikatu beharko dute, SPRIren webgunean gaitutako likidazio-eskabideko inprimakiak erabiliz.
2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du entitatea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.
3.– Laguntzaren eskaerak enpresa eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere.
4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) eskuratzeko kostuak eta aholkularitza/ingeniaritzako gastuak banakatuta.
b) Finantza-entitateak ordaindu izanaren egiaztagiriak.
c) Memoria deskriptiboa (gehienez 25 orrialde), hauek egiaztatzen dituena: egindako lanak, makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri eta abian jarri izana, eta aurkeztutako 4.0 industria-proiektuaren lerroan erabili izana. Memoriak atal hauek jaso behar ditu eta erantzun egin behar die:
– Egindako proiektuaren ondorioz lortutako hobekuntzak/onurak.
– Egindako lanen deskribapena eta makineria edo ekipamendu aurreratu hori (hardwarea eta softwarea) proiektuaren lerroan erabilitako eraren deskribapena.
– 4.0 industria-proiektuaren hurrengo urratsen deskribapena/jarraipena, eskuratutako makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri ondorengoa.
– Hasierako planarekiko desbideratzeak.
– Makinerian eta/edo ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) egindako inbertsioen eta egindako proiektuaren deskribapena eta ebidentziak (pantaila-kapturak, argazkiak, bideoetarako estekak).
d) Finantza-entitatearen egiaztagiria, onuradunaren izenean dagoen kontu korrontearen (IBAN) titulartasuna eta zenbakia egiaztatzen dituena, lehenago adierazitakoarekiko aldaketarik izanez gero.
e) Ez dira kontuan hartuko DLOren 31.3 artikulua betetzen ez duten gastuak, aplikatzekoa denean, Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeei dagokienez.
f) Jarduerak dirulaguntzarekin ez ezik funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretarako funts horien jatorria eta zenbatekoa egiaztatu beharko dira.
5.– Ebazpen hori zuzendari nagusiak emango du, eta ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da zuzendari nagusiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta moduan, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean.
15. artikulua.– Laguntza- edo likidazio-eskabideak zuzentzea.
1.– Laguntza edo likidazio-eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen edo ez bada haiekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, gehienez ere 10 egun balioduneko epean hutsune hori betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko du SPRIk.
2.– Epe hori igaro eta entitate onuradunak zuzendu ez badu, laguntza-eskaeraren kasuan, eskaeran atzera egin duela iritziko zaio.
16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Emandako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:
– Lehen ordainketa, aurrerakin gisa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50, hura jakinarazi ondoren, 17.1.a) artikuluan aurreikusitako epea igaro ondoren, baldin eta berariaz uko egiten ez bazaio.
– Bigarren ordainketa emandako dirulaguntzatik ordaintzeke dagoen zenbatekoari dagokio, eta zenbatekoa SPRIko zuzendari nagusiaren likidazio-ebazpenak zehaztuko du, dirulaguntza justifikatu ondoren, 14. artikuluan ezarritako baldintzetan.
2.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, ezta dirulaguntzen itzulketari dagozkionak ere, EAEko Administrazioan ogasunaren arloan eskumena duen saileko titularraren aginduz erregelamenduz ezartzen den moduan.
17. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Onuradunaren betebeharrak dira DAELen 14. eta 42. artikuluetan eta, aplikatzekoa den kasuetan, DLOren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoa, eta, bereziki eta mugatzeko xederik gabe, honako hauek:
a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpena hartu eta hamar egun baliodun igaro baino lehen entitate onuradunak ez badio espresuki uko egiten hari SPRIn, iritziko zaio hura onartuta gelditu dela.
b) Emandako laguntza eman den xederako erabiltzea. Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea. SPRIri justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.
c) Onartzea SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRIk izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.
d) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urteko epean zehar, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.
e) SPRIk egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren eta beste kontrol-organo eskudunen (nazioko zein komunitate-mailakoak) egiaztatze- eta kontrol-jarduketak ere, jasotako dirulaguntzei buruzkoak, aurreko jarduketak egitean eskatutako informazio guztia aurkeztuz.
f) SPRIri dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo jaso izana jakinaraztea, edozein administrazio edo entitate publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak, hemen araututako laguntzen antzeko xedea badute. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
g) SPRIri laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea.
h) Hedapen-neurri hauek hartzea, dirulaguntzaren xede den programa, jarduera, inbertsio edo ekimenaren finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko, DLOren 18.4 artikuluan xedatutakoarekin bat:
– Publikoki hedatzeko dokumentu, kartel, propaganda edo argitalpenetan SPRIren logotipoa eta SPRIk diruz lagunduta esaldia agertu beharko da, esteka honetan eskura dagoen formatuari jarraikiz: https://www.spri.eus/es/logo/
– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.
i) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntzaren xede den jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentazio eta material guztietan. Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.
j) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
k) Onuraduna DAELen 48.1 artikuluan aurreikusitako egoeran dagoenean, deslokalizaziorik ez egitea.
l) Aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa jasotzea, oinarri hauetan aurreikusitakoa betetzeagatik dirulaguntza likidatzen ez den bitartean. Aurrerakin hori SPRIri itzuli beharko zaio, dagozkion interesekin, baldin eta aurrerakin hori itzultzea erabakitzen duen ebazpenak hala xedatzen badu.
m) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.
n) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- edo kontrol-jardueretan behar izango direla eta.
o) DAELen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa.
p) DAELen 30.2 artikuluari jarraikiz, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagundu daitezkeen gastuek enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza Eragiketetako Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
2.– Onuradunak diruz lagundutako makineria eta/edo ekipamendu aurreratua gutxienez hiru urtez mantendu beharko du EAEko zentro batean, erabiltzen hasten denetik zenbatzen hasita.
18. artikulua.– Laguntzak aldatzea eta epeak luzatzea.
1.– Aurreikusita dago emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezakeela dirulaguntzaren organo emaileak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, betekizun hauek betetzen direnean:
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, DAELen 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DAELen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
3.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta entitate eskatzaileek aldez aurretik hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute, eta, betiere, diruz lagun daitekeen jarduera egiteko (eskuratutako makineria edo ekipamendu aurreratua instalatzea/ezartzea) 12 hilabeteko gehieneko epea 12 hilabete baino gehiago luzatzen ez bada.
19. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Entitate onuradunek, oinarri hauetako eta gainerako arau aplikagarrietako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpeneko baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira.
2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek, artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:
a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez-betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, baldin eta SPRIri eskatzen bazaizkio eta entitate onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, eta ez badira hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketen izaera eta helburuak.
b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, baldin eta ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.
d) Laguntza programa honetako baldintzak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz lortu izana.
e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo haiek oztopatzea.
f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
g) DLOren 37. artikuluko arrazoiak, DEOren 91. artikulutik eta 93. artikulura bitartekoak (aplikatzekoa den horretan) eta DAELn aurreikusitakoak.
3.– Itzulketa-prozedura hasi, izapidetu eta ebaztea SPRIren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
4.– Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak eta, hala badagokio, emakida-ebazpenean ezartzen diren baldintzak betetzen ez badira, ez-betetzeari buruzko espedientea egin ondoren, laguntza baliogabetu egingo da, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari itzuli beharko zaio, berandutze-interesekin batera, zeinek Eskubide Publikoko sarrerako izaera izango duten, horri buruz DAELen xedatutakoari jarraikiz, eta horrek ez du eragozten dagozkion lege-neurriak hartzea eta zehapenak jartzea. Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
Ezarritako baldintzak zati batean betetzen direnean, baldin eta egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, egin behar zen jarduera guztitik benetan egindakoaren proportzioa kalkulatuz eta erabiliz. Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partzial horrek bat egingo du emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikatze hori egiaztatu ondoren eta entitate emaileak onartu duenean.
5.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntzen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (9. artikuluan arautzen da). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.
6.– Borondatezko epean ordainketa egiten ez bada, premiamendu-bidea erabili ahalko da, aplikatzeko araudi legalean xedatutakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:
1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
2.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta hura garatzen duen Erregelamendua (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa), dirulaguntzen arloko oinarrizko legediari dagokionez.
3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
4.– (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Batzordearena, 2023ko abenduaren 23koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio publikoari eta SPRI taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak datuak babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta, SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.avpd.euskadi.eus
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/es/aviso-legal/ webgunera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Onuradunek, nolanahi ere, programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, oinarri hauetan zehaztutako eran.
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPEN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA.
[izen-abizenak] jaun/andreak, zeinak indarrean dagoen [...] NAN zenbakia baitu, [...] IFK duen [eskatzailearen izena](r)(e)n izenean baitihardu eta jarduera-zentroa [helbidea, erakunde eskatzailearen Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoko zentro bat gutxienez adierazita] helbidean baitu,
I.– Programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen ditu, eta, zehazki:
– Aurreko hiru urtean ez du jaso 300.000 eurotik gorako minimis laguntzarik.
– Eskari honetatik dagokion atalean alderdi hauei buruzko informazioa aurkezten du:
a) Aurreko hiru urteetan emandako minimis laguntzen zerrenda; emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
b) Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda; eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Ez dago oinarri hauetako 5.2 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean, hau da:
a) Hala badagokio, sektore publikoren bateko kide izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
b) DAELen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean egotea, edo DLOren 13.2 artikuluan aurreikusitako inguruabarretako batean, aplikatzekoa den guztian.
c) Laguntza bat legez kontrakoa edo barne-merkatuarekin bateraezina dela adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain egotea.
d) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
– Adierazpen honek barne hartzen ditu eskatzailearen konpromisoak, hau da, enpresak deslokalizatuta ez egoteari buruzkoak, DAELen 49. artikuluaren arabera, eta gainfinantzaketarik ez izateari buruzkoak, DAELen 9.4.h) artikuluaren arabera, eta jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeari buruzkoak, eta SPRIri itzultzeari buruzkoak, dagozkion interesekin, itzulketa erabakitzen duen ebazpenak hala xedatzen badu.
II.– Aurreko I. atalean egindako adierazpena betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa du, Administrazioaren esku jarriko du hark eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen du aurreko betebehar horiek betetzeko aitorpen edo baliatze horri dagokion denbora guztian.
III.– Badaki erantzukizunpeko adierazpen honetako datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango dela dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. atalari jarraikiz.
[...] Ados nago goian adierazitako adierazpenen edukiarekin.