Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2024ko maiatzaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2467

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 14koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita dirulaguntzak emateko erregimena 2024an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen taldeko kirolen estatu mailako ligetan, kategoria absolutuan.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bidez, dirulaguntza-lerro bat ezartzen du kirol-erakundeei kirol-lehiaketetan parte hartzen laguntzeko; zehazki, nazioarteko esparrua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen taldeko kirolen estatu mailako ligetan, kategoria absolutuan.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, nazioarteko kirol-lehiaketetan parte hartzeak berebiziko garrantzia dauka, eta funtsezkoa da euskal kirolak nazioartean presentzia izateko, bai eta kirolaren praktika orokorra bultzatzeko ere. Horregatik egiten da deialdi hau, hain zuzen ere. Emakumezkoen kirolak duen garrantziaren isla ere bada deialdia, eta, haren bidez, sustatu nahi da euskal taldeek emakumezkoen maila goreneko lehiaketetan parte hartzea, bai eta kirolaren praktika orokorra sustatzea ere.

Euskadiko jarduera fisiko eta kirolari buruzko martxoaren 30eko 2/2023 Legearen arabera, goi-mailako kirola interes publikokoa da; izan ere, batetik, funtsezko faktorea da Euskal Autonomia Erkidegoan oinarrizko kirola garatzeko, eta, bestetik, errepresentazio-funtzioa du Estatuko eta nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan. Legeak, gainera, Autonomia Erkidegoko erakunde komunei ematen die goi-mailako kirola antolatzeko eta sustatzeko eskumena.

Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Dirulaguntzen 2021-2024 urteetarako Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu du plan hori, eta aipatutako sailaren web-orrian argitaratuta dago.

Kontuan hartuta zer xedatzen duen Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren II. tituluaren IV. kapituluak, modu aktiboan hartuko da aintzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua, dirulaguntza-programa hau landu eta aplikatzeko orduan.

Horrenbestez, beharrezkoa da kirol-jarduerek dirulaguntzak jaso ahal izateko baldintzak eta irizpideak finkatzea, bai eta laguntza horiek eskatzeko, izapidetzeko eta emateko arauak finkatzea ere.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ebazpen honen I. eranskinean jasotako oinarriak onartzea, eta dirulaguntzen deialdia egitea, 2024an egiten diren edo hasten diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumeen estatu mailako ligetan, taldeko kiroletan eta kategoria absolutuan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote entitate interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 14a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA

Agindua, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita dirulaguntzak emateko araubidea 2024an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumeen estatu mailako ligetan, taldeko kiroletan eta kategoria absolutuan.

OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honetan, dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen da 2024. urtean egin edo hasten diren eta artikulu honetako baldintzak betetzen dituzten kirol-lehiaketetan parte hartzeko; zehazki, nazioarteko eremua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen taldeko kirolen estatu mailako ligetan, kategoria absolutuan.

Agindu honen ondorioetarako, nazioarteko lehiaketa ofizialtzat hartuko dira nazioarteko federazio baten egutegi ofizialean, federazio europar batenean edo nazioarteko liga profesional baten egutegian sartuta dauden lehiaketak. Emakumezkoen taldeko kirolen estatu mailako ligak eta kategoria absolutukoak izango dira federazioaren edo liga profesionalaren egutegi ofizialeko maila gorenekoak. Era berean, talde-kiroltzat hartzen dira kirolarien arteko lankidetza eta aurkakotasuna dakarten egoerak dituzten kirolak, non kirolariek elementu mugikor baten bidez etengabe eragiten baitiote elkarri.

Lehiaketa horiek goi-mailako kirola sustatzera bideratuta egon behar dute. Ez da dirulaguntzarik emango funtsean partaidetzako kirola sustatzera bideratuta dauden jardueretarako (jolaserako, aisiarako eta osasunerako kirola), ez eta selekzioek parte hartzen duten kirol-lehiaketetarako ere.

2. artikulua.– Laguntza-lerroak eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzetarako, gehienez ere, zazpiehun mila euro daude (700.000,00), dirulaguntza-lerroka honela banatuta:

a) Laurehun eta hogei mila (420.000,00) euro nazioarteko esparrua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan kategoria absolutuan parte hartzeko dirulaguntzetarako; horietatik, 210.000 euro 2024rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 210.000 euro 2025erako konpromiso-kredituari.

b) Berrehun eta laurogei mila (280.000,00) euro emakumeen talde-kirolen estatu-mailako ligetan parte hartzeko dirulaguntzetarako; horietatik 140.000 euro 2024rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 140.000 euro 2025erako konpromiso-kredituari.

Lerro bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo eskakizunak betetzen ez dituztelako lerroetako batean ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, kreditu-soberakin hori beste modalitatetarako zenbatekoa handitzeko erabiliko da, betiere delako lerro hori artean erabaki gabe badago.

2.– Aurkeztutako eskabideak dagokien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta eskabide bakoitza ebatzita erakunde interesdunek planteatu dituzten gai guztiak ere ebatziko dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Honako hauek soilik eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzak: kirol-klubek, kirol-elkarteek eta kirola helburu duten nortasun juridikodun erakundeek, baldin eta legez eratuta eta dagokien erregistroan inskribatuta badaude. Kirol-federazioek ezingo dituzte dirulaguntza hauek eskuratu.

2.– Ezin izango dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden erakundeek.

Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.3 artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera, ezin izango da deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik eskuratu sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen jarduerarik. Lege horren 13.1.h artikuluaren arabera, halaber, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ezta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.

Era berean, ez zaio dirulaguntzarik emango, ez zuzenean ez zeharka, LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen duen inongo pertsona fisiko edo juridiko publikori, publiko, pribatu edo finantzaketa mistoko inori, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne, otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (lege hori Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerakoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa da).

Ezin izango dute dirulaguntzarik eskuratu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lehiaketa bererako bideratutako dirulaguntza izendunak jasotzen dituzten erakundeek.

3.– Kategoria absolutuko emakumezkoen estatu mailako ligei dagokienez, erakunde eskatzaileek parte hartu beharko dute nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko aukera dakarten maila goreneko estatu mailako lehiaketetan. Gainera, erakunde eskatzaileak gutxienez hirurehun mila (300.000) euroko aurrekontua izan behar du emakumeen kirolera bideratua, futbol-ligak kanpoan utzita.

4. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Kategoria absolutuko emakumeen estatu mailako ligen kasuan, dirua bananduko da 1. eta 3. artikuluetako betekizunak bete eta eskatutako dokumentazioa aurkezten duten erakunde eskatzaileen artean.

2.– Gainerako eskabideen kasuan, laguntzen zenbatekoa zehazteko, norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Alegia, agindu honen 2.1.a artikuluan adierazitako diru-kopuru osoa eskabideek, 11. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta, balorazio fasean lortu duten puntuazioaren arabera banatuko da proportzionalki, betiere errespetatuta ezarritako gehienezko diru-kopurua edo, txikiagoa bada, eskatutako kopurua.

3.– Erakunde eskatzaile bakoitzak, gehienez ere, laurogeita hamar mila (90.000) euroko dirulaguntza jaso ahal izango du, edozein dela ere lerroa. Halaber, banakako diziplinen kasuan, kirolari bakoitzak, gehienez, hamar mila (10.000) euro jasoko du, guztira.

4.– Futbol Profesionaleko Ligan, Asobalen edo ACBn parte hartzen duten erakunde onuradunen kasuan, agindu honen 2.1.a artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura osoaren % 5 banatuko da, gehienez, erakunde horien artean.

5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Erakundeek dirulaguntza bide elektronikotik izapidetu behar dute nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Erakunde interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dute eskabidea (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0130013 nazioarteko lehiaketen kasuan, eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0130014, emakumezkoen estatu mailako ligen kasuan). Hor eskuragarri daude, halaber, bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak.

Eskabidearen ondorengo izapideak –jakinarazpenak barnean direla– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bideak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/-/medios-de-identificacion-electronica-admitidos/

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Halaber, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak, hargatik eragotzi gabe agindu honen azken xedapenetako lehenengoan jasotako aurreikuspena.

6.– Erakunde eskatzaileek eskabide bakarra aurkeztu beharko dute kirol-diziplina bakoitzeko. Bat baino gehiago aurkezten badituzte, dagokion zuzenketa eskatuko zaie. Bi dirulaguntza-lerroetara aurkeztuz gero, eskabide bana aurkeztu beharko dute eskatzaileek.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 12ko Aginduaren 6.2 artikuluaren arabera, organo kudeatzaileak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeko aginduko du, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak hurrenez hurren emandako administrazio-ziurtagiri positiboak eskatuz. Hala ere, eskatzailea horren aurka agertu ahal izango da, arrazoiak emanez, baina, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako baldintza hauek egiaztatuko dira eskaera-orri normalizatuan:

a) Eskatzaileak ez duela zorrik Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren erakundeekin betearazpen-aldian dirulaguntzak itzuli behar izateagatik, eta egoera horretan gerta litekeen edozein aldaketaren berri jakinaraziko duela emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.

b) Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso badira beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, horren berri eman beharko da.

c) Jaso dituela edo ez dituela jaso Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoan, ezarritako laguntzak 2021., 2022. eta 2023. urtean. Halakoak jasoz gero, zenbatekoa eta entitate emailea adierazi beharko ditu.

d) Erakunde eskatzailea legez eratuta dagoela, eta Eusko Jaurlaritzaren kirol-erakundeen erregistroan izena emanda (beste erregistro batean bada, adierazi zeinetan).

e) Erakunde eskatzaileak edozein hedapen-modutan adierazi beharko du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza duela ekitaldian parte hartzeko, salbu eta dirulaguntza ekitaldia egin ostean ematen bada; kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten agirietan adierazi beharko dute hori.

f) Erakunde eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne.

g) Erakunde eskatzaileak indarrean duela berdintasun-plana, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituela, edo, hala badagokio, ez duela dokumentazio hori eduki beharrik.

h) Dirulaguntza emateko arauetan eskatutako baldintzak betetzen dituela.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko inongo erregistro publikotan izena emanda ez dauden erakundeen kasuan, erakundearen eratze-eskritura eta estatutuak.

4.– Ordezkaritza egiaztatzeko, sinesgarritasunez jasota utziko duen edozein bide erabili ahal izango da, zuzenbidean baliozkoa bada.

7. artikulua.– Jarduera esplikatzeko dokumentazioa, eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoa.

1.– Jarduerari buruzko memoria: telematikoki beteko da, eskabidearen dagokion atalean, informazio hau emanez:

• Baloratu beharreko lehiaketak edo liga. Bi aukeratuko dira, mailarik goreneko biak. Banakako kiroletan, 2 proba aukeratuko dira, parte hartu behar den guztien artetik.

• Dena delako proba programa olinpikoan sartuta dagoen ala ez.

• Munduko federazio baten egutegi ofizialean jasota dagoen ala ez.

• Baloratu beharreko lehiaketan edo lehiaketetan kirolariek lortutako postua. Artean ez bada lehiaketa egin, aurreko urtean lehiaketa horretan edo maila horretako edo goragoko beste lehiaketa batzuetan (halakorik izanez gero) lortutako emaitzak egiaztatu beharko dira.

• Parte hartzen izandako jarraitutasuna. Azken hamar urteotan nazioartean parte hartutako urteak. Emakumezkoen estatu mailako ligen kasuan, azken 10 urteetan estatu mailako ligan izandako parte-hartzearen baliokidea.

• Lehiaketan goi-maila duten euskal kirolariak, Eusko Jaurlaritzaren edo Kirol Kontseilu Gorenaren zerrendetan hala aitortuak.

• Zenbat kirolari eta teknikari joan diren lehiaketara: zenbat egunetan aritu diren, eta non, eta zenbateko distantzia dagoen lehiaketaren lekura.

• Interesgarritzat jotzen den beste edozein datu.

2.– Dirulaguntzaren xede izango den proba edo liga barne hartzen duen nazioarteko federazioaren, Europako federazioaren edo nazioarteko profesionalen ligaren egutegi ofiziala, bai eta helbide bat ere, harremanetan jartzeko ekitaldia antolatzen duen erakundearekin eta dagokion nazioarteko federazioarekin, Europako federazioarekin edo nazioarteko ligarekin. Emakumezkoen estatu mailako ligaren kasuan, egutegi hori federazio edo liga profesional nazionalarena izango da.

3.– Kasuan kasuko federazioaren ziurtagiria, lehiaketan lortutako kirol-emaitza egiaztatzen duena. Artean ez bada lehiaketa egin, aurreko urtean lehiaketa horretan edo maila horretako edo goragoko beste lehiaketa batzuetan (halakorik izanez gero) lortutako emaitzak egiaztatu beharko dira.

4.– Kasuan kasuko nazioarteko federazioaren ziurtagiria, azken 10 urteetan nazioartean zenbat aldiz hartu duten parte egiaztatzen duena. Emakumezkoen estatu mailako ligen kasuan, azken 10 urteetan estatu mailako ligan izandako parte-hartzearen baliokidea.

5.– Espainiako kasuan kasuko federazioaren ziurtagiria, modalitate horretako EAEko kirol-federazioa Espainiakoan integratuta dagoela egiaztatzen duena, salbu eta modalitate horretako Espainiako federaziorik ez badago.

6.– Dirulaguntzaren xede den jardueraren aurrekontu orekatua, diru-sarrerak eta gastuak jasota; bitarteko telematikoz beteko da, eskabidearen dagokion atalean.

7.– Dagoeneko eginda dauden jardueretarako, egindako gastuak egiaztatzeko, agindu honen 16. artikuluan ezartzen diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira.

8.– Onuradunek konpromisoa hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza gonbidatzeko kirol-gertakariarekin loturiko ekitaldi publikoetan ager dadin, salbu eta ekitaldiaren ondoren ematen bada dirulaguntza, orduan gorabehera horren berri jaso beharko baitute laguntza ematen duen ebazpenaren jakinarazpenak sorrarazitako dokumentazioan.

9.– Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak dirulaguntza emateko beharrezkotzat jotzen duen adina dokumentazio osagarri eskatu ahal izango du.

10.– Emandako dokumentazio guztiak hizkuntza inklusibo eta ez-sexista izan beharko du. Gainera, emandako datu guztiek sexuaren arabera bereizita egon beharko dute.

8. artikulua.– Eskabideetako eta dokumentazioko akatsak zuzentzea.

Telematikoki aurkeztu ez diren eskabideen kasuan, ikusiz gero eskabidea izapidetzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela, edo akatsak aurkituz gero eskabidea baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan, hamar egun balioduneko epea emango zaio erakunde interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela, dagokion ebazpenaren ondoren.

9. artikulua.– Dirulaguntza-programa kudeatzea.

Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak du agindu honetan araututako dirulaguntza-programa kudeatzeko eskumena.

10. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute Batzordea: Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria (Batzordeko presidentea izango da) eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak izendatutako arlo horretako bi teknikari (horietako bat idazkaria izango da). Batzorde horrek Basque Team Goi Mailako Zentroko langileen aholkularitza izango du, dirulaguntza ebazteko erabilitako kirol-irizpideei dagokienez.

2.– Era berean, balorazio-batzordearen bileretara bertaratu ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruko jakintza espezifikoa duten pertsonak, bertaratuen gehiengoak onartuz gero.

3.– Balorazio-batzordea eratzeko, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

4.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

5.– Balorazio-batzordeak egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak behar bezala aztertu ahal izateko beharrezkoa dela irizten badio; era berean, beharrezkotzat jotako txosten teknikoak ere eskatu ahal izango ditu.

6.– Batzorde horrek txostena egingo du, non zehaztuko baitu egindako ebaluazioaren emaitza. Organo kudeatzaileak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusi ondoren, ebazpen-proposamen arrazoitua egingo du, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari helaraziko dio.

11. artikulua.– Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.

Deialdi honen 2.1.a artikuluan zehaztutako lerroan jasotako eskabideak aztertuko ditu balorazio-batzordeak, eta zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu, baremo eta irizpide hauen arabera:

1.– Probaren maila (55 puntu, gehienez):

– Programa olinpikoa: 30 puntu, gehienez.

– Proba olinpikoa: 30 puntu.

– NBOk aitortutako nazioarteko federazio baten proba ez-olinpikoa: 7,5 puntu.

– NBOk aitortu gabeko nazioarteko federazio baten proba ez-olinpikoa: 0 puntu.

– Lehiaketa-maila: kategoria gorenekoa bada, 10 puntu. Bestela, 0 puntu.

– Egutegi ofiziala. Munduko federazio baten egutegi ofizialean jasota badago, 15 puntu. Bestela, 0 puntu.

2.– Kirolarien maila (10 puntu, gehienez).

• Azken 10 urteetan nazioartean parte hartzen izandako jarraitutasuna (5 puntu, gehienez).

– 7 parte-hartze baino gehiago azken 10 urteotan: 5 puntu.

– 4 eta 7 parte-hartze bitartean azken 10 urteetan: 2,5 puntu.

– 1etik 3ra parte-hartze edo gutxiago azken 10 urteetan: 0 puntu.

• Eusko Jaurlaritzaren edo Kirol Kontseilu Gorenaren goi-mailako kirolarien zerrendetan dauden euskal kirolariak (5 puntu, gehienez).

  • Banakako kirolak: kirolari bat edo gehiago, 5 puntu.
  • Talde-kirolak: 2 kirolari edo gehiago, 5 puntu; kirolari 1, 0 puntu.

3.– Aurrekontuari buruzko faktoreak. 2 lehiaketa, gehienez (25 puntu, gehienez).

• Lehiaketara joandako kirolarien eta teknikarien kopurua (15 puntu, gehienez): Puntu 1 pertsonako, eta, gehienez, 15 puntu. Gehienez, kirolarien kasuan 13 puntu emango dira, eta, teknikarienean 2 puntu. Teknikari bat baloratuko da 7 kirolariko, eta gehienez 2 teknikari.

• Lehiaketa-tokira bitarteko distantzia (10 puntu, gehienez).

  • Europa: 2,5 puntu.
  • Afrika, Amerika, Asia: 6 puntu.
  • Ozeania: 10 puntu.

4.– Lehiaketa- edo proba-kopurua. 2 lehiaketa, gehienez (10 puntu, gehienez).

• 2 lehiaketa: 10 puntu.

• Lehiaketa 1: 5 puntu.

Eskabide bakoitzeko, 2 lehiaketa baloratuko dira gehienez, eta erakunde eskatzaileak aukera izango du maila goreneko biak hautatzeko.

5.– Emakumeak gutxi ordezkatuta dauden kiroletan emakumeen parte-hartzea sustatzen duten lehiaketak direnean: 20 puntu. Emakumeak gutxi ordezkatuta daudela joko da, baldin eta dagokion euskal federazioan emakumeen lizentzia-kopurua % 40tik beherakoa bada.

12. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan ezarritako mugak eragotzi gabe, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera eta bestelako baliabideekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, finantzaketa horretan eragiten duen neurrian.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du organo kudeatzaileak helarazitako proposamena aztertu ondoren, sei hileko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera. Ebazpen horren edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Ebazpen-epea igarota erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi dela ulertuko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

3.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da, izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.

4.– Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak (Herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko bideari buruzkoa) 88. artikuluan eta 39/2015 Legeak 43. artikuluan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena egintzat joko da haren edukian sartzen den unean.

Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesdunaren edo, hala badagokio, haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura jartzen denetik (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) hamar eguneko epea igarota, erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatzen bada.

Erakundeak gailu elektroniko bat edo helbide elektroniko bat eman ahal izango du jakinarazpenen oharrak jasotzeko. Ebazpena bitarteko elektronikoak erabiliz jakinaraziko da, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Jakinarazten den ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea inolako berariazko ebazpenik eman gabe igaroz gero, erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Dena dela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera ere badute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren arabera.

14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Bi alditan ordainduko da dirulaguntza. Lehenengo ordainketa 2024an egingo da, dirulaguntza onartu ostean, 15.b artikuluan ezarritako epea berariazko uko-egiterik gabe igaro ostean. Onartutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarrari dagokion zenbatekoa emango da lehenengo ordainketa horretan. Bigarren ordainketan, gainerako zenbatekoari dagokiona, 2025ean egingo da, dirulaguntza 16. artikuluan xedatutako moduan justifikatu ondoren.

Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da erakunde onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, dirulaguntza ematen den unean eta ordainketak egiten diren unean egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela.

Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistro Telematikoan egon behar du erakunde eskatzaileak. Alta emateko edo hirugarrenen datuak aldatzeko, helbide honetarako jo behar du erakunde interesdunak: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan araututako betebehar-araubidea bete beharko dute, eta, zehazki, honako hauek:

a) Diruz lagunduko den jarduera egitea.

b) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

c) Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, haiek hala eskatuz gero beren funtzioen jardunean.

d) Dirulaguntza ematen duten organoari jakinaraztea jarduera beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela. Jakin bezain laster jakinarazi behar zaio, eta, betiere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

e) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea erakunde onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

f) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

g) Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza gonbidatzea jarduera aurkezteko egingo diren ekitaldi publiko guztietara, eta jarduera gauzatzen den artean ikusteko moduko tokian adieraztea Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso duela jarduerak, dirulaguntza ekitaldia egin ostean ematen ez bada behintzat; hala bada, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten dokumentu guztietan adierazi beharko dute hori.

h) Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betez, diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzetan ez da hizkera sexistarik erabiliko. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatuko da.

i) Jasotako funtsak itzultzea deialdi honen araudian aurreikusitako kasuetan.

16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira ostatuari, ekipajeari, logistikari eta garraioari dagozkienak, parte hartzen den lehiaketetatik eratorriak, bai eta Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoak ere, hau da, diruz lagundutako jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe lotuta daudenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta 2024an egiten badira.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere izango merkatuko balioa baino handiagoa.

2.– Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, haren ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen erakunde nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, baldin proposamen ekonomiko merkeenaren alde egiten ez bada. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.

4.– Zergak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta erakunde onuradunak egiazki ordaintzen baditu. Gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarritzat joko: zeharkako zergak, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

Gastu hauek ere ezingo dira inola ere diruz lagundu: banku-kontuetako interes zordunak, interesak, errekarguak eta administrazio-zehapen eta zehapen penalak, eta prozedura judizialen gastuak.

5.– Zeharkako kostuak diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio erakunde onuradunak, arrazoiz dagokien partean, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauekin bat, eta, betiere, jarduera egiten den aldiari badagozkio kostu horiek.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira 2025eko martxoaren 1a baino lehen, agindu honen 5. artikuluan ezarritako jarraibideen arabera eta Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan justifikazioak aurkeztearen inguruan xedatutakoa kontuan hartuta.

Justifikazio-agiriak:

a) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzeari buruzko txosten laburra, egindako jarduerak eta lorturiko emaitzak adierazita.

c) Gastuak fakturak eta ordainketa-ziurtagiriak aurkeztuz justifikatzea. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, erregelamendu bidez ezarritako moduan. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte, betiere.

Faktura eta egiaztagiri guztiak espedientean kargatuko dira. Aurkeztutako fakturek diruz laguntzen den jardueraren gastu guztiak justifikatu beharko dituzte.

c) Dirulaguntza emateko ebazpenean jarritako baldintzen arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz jasotzen duen dokumentazio guztiaren aleak (dokumentu grafikoak, fotografikoak edo ikus-entzunezkoak).

d) Egindako gastuen (jardueraren zenbateko osoaren besteko kopurua) zerrenda zehatza. (III. eranskina).

e) Ekitaldian parte hartzearen aurrekontu likidatua, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko dira helburu berarekin eskuratutako beste laguntzak, eskabideak aurkezteko unean laguntza horiek egiazki jasoko ote ziren jakiterik ez bazegoen (I. eranskina).

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 35-43 artikuluetan ezarritakoak dira ez-betetzeak.

2.– Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, osorik edo partzialki, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 eta 2 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta lege horren 40. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bidez izapidetuko da. Horrez gain, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua aplikatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

19. artikulua.– Emandako zenbatekoa aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat jotzeko eta, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen Legearen 25. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta, betiere, dirulaguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Agindu honetan aurreikusitako likidazio edo ez-betetze kasuetan, eta 14. artikuluan aipatzen den kasuan, hau izango da prozedura:

a) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak hasiera emango dio likidazio- eta itzulketa-prozedurari, eta 10 egun balioduneko epea emango zaio egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik egin gabe igarotzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu bidez. Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, hasiera emateko erabakiaren egunetik zenbatzen hasita. Ebazpenean arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, adieraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola dagozkion diru-kopuruak eta laguntza ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak, ebazpena jakinarazi eta gehienez ere bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari jakinaraziko zaio, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.

20. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

Deialdi honetan jasotako laguntzek, jarduera ekonomikoak egiten dituzten onuradunen kasuan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako «minimis» araua bete beharko dute. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati emandako «minimis» laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izango hiru urteko edozein alditan. Muga hori aplikatzeko, aipatutako erregelamenduaren 2.2 artikuluan «enpresa bakarraren» definizioari erreparatu beharko zaio.

Laguntza eskatzen duen erakundeak 2021., 2022. eta 2023. urtean jasotako «minimis» laguntza horiei buruzko adierazpena egin beharko du, frogatzeko «minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

21. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Kirolaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

• Arduraduna: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

• Helburua: Kirol-arloko laguntzen eta dirulaguntzen eskaerak kudeatzea.

• Legitimazioa: Interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatzearen alde egindako eginkizun bat betetzeko beharrezko tratamendua.

• Hartzaileak: Arlo honetan eskumena duten administrazioak.

• Eskubideak: Datuak kontsultatzeko, zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

• Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/025200-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra: (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala