Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2024ko maiatzaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2465

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 7koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2024. urtean arte eszenikoak ekoizteko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Kultura eta Hizkuntza Politikari Sailari dagozkio arte eta kultura alorreko jardueren eta horien zabalkundearen eskumenak, hala jasotzen baitu bere xedapenetan Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari eman zizkion Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egoki deritzo, bere eskumenen baitako zeregina den aldetik, izaera profesionala duten jarduera eszenikoak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Horretarako, dirulaguntzak emango dira produkzio eszenikoa ahalbidetzen duten prozesu desberdinak finantzatzeko (antzerkia, dantza eta zirkua). Neurri horren bitartez, euskal konpainien sorkuntza-lana bultzatzeko formula lortu nahi da eta, bide batez, talde horien ahalegina aitortzeaz gain, beren lanak beste merkatu batzuetara zabaltzeko aukerak eskaini, beren finantzabideak ugaritu daitezen.

Era berean, deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, zeina 2023ko urtarrilaren 26an aldatu baitzen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu baten bidez.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2024ko ekitaldian egiten edo hasten diren arte eszenikoen (antzerkia, dantza, zirkua) ekoizpen profesionalerako dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea eta dirulaguntza horietarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Modalitateak, diziplinak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza hauetara 1.560.000 euro bideratuko dira guztira.

2.– Deialdi honetako laguntza-modalitateen arabera, 1.560.000 euroko zenbateko osoa honela banatuko da, era honetan:

a) Hitzartutako zirkuitua duten produkzioak egiteko laguntzak, II. kapituluan ezarritako baldintzetan: 300.000 euro. Honela banatuko da, diziplinaren arabera:

– Antzerkia: 180.000 euro.

– Dantza: 60.000 euro.

– Zirkua: 60.000 euro.

b) Produkzioak I egiteko laguntzak, III. kapituluan ezarritako baldintzetan: 220.000 euro. Honela banatuko da, diziplinaren arabera:

– Antzerkia: 75.000 euro.

– Dantza: 105.000 euro.

– Zirkua: 40.000 euro.

c) Produkzioak II egiteko laguntzak, IV. kapituluan ezarritako baldintzetan: 340.000 euro. Honela banatuko da, diziplinaren arabera:

– Antzerkia: 160.000 euro.

– Dantza: 120.000 euro.

– Zirkua: 60.000 euro.

d) Bi urteko jarduera eszenikorako laguntzak, V. kapituluan ezarritako baldintzetan: 700.000 euro. Honela banatuko da, diziplinaren arabera:

– Antzerkia: 467.000 euro.

– Dantza: 233.000 euro.

3.– Deialdi honetan jasotako diziplina artistikoak kontuan hartuta, 1.560.000 euroko zenbateko osoa honela banatuko da:

a) Antzerki arloko laguntzak: 882.000 euro.

b) Dantza arloko laguntzak: 518.000 euro.

c) Zirku arloko laguntzak: 160.000 euro.

4.– Hargatik eragotzi gabe modalitate bakoitzean adierazitako zenbatekoak, eskabiderik aurkeztu ez delako, ezarritako betekizunak bete ez direlako edo aurkeztu diren eskabideen kalitatea behar bestekoa ez delako modalitateetako batean ezarrita dagoen zenbatekoa agortzen ez bada, Balorazio Batzordeak edo, hala badagokio, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, arrazoituta, beste modalitate batean ezarritako zenbatekoa handitzea proposatuko dio Kulturako sailburuordeari, betiere modalitate hartzailea ebatzi gabe badago oraindik. Horretarako, honako irizpide hauei jarraituko zaie: atal berean dagoen modalitateak izango du lehentasuna, artikulu honen 2. puntuan egindako sailkapenaren arabera. Dirua ezin bada modalitate batetik bestera eraman, lehentasuna izango du eskatutako zenbateko osoaren eta hasierako zenbatekoaren arteko desoreka handiena duen modalitateak.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintzak.

1.– Agindu honetan modalitate bakoitzerako berariaz ezarritako beste edozein baldintza eragotzi gabe, dirulaguntza hauek eskatu ahal izango dituzte Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide batean kokatutako pertsona fisiko eta juridiko pribatuek, baldin eta dirulaguntza emanez gero Euskal Autonomia Erkidegoan establezimendu iraunkor bat irekitzeko konpromisoa hartzen badute. Betekizun hori betetzea ezinbesteko baldintza izango da onuradun izateari eusteko eta esleipena egitean zein ordainketak egitean egiaztatuko da.

Pertsona fisiko edo erakunde batek establezimendu iraunkor baten bidez jarduten duen zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duen maiatzaren 13ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluan xedatutakoa beteko da.

2.– Koprodukzioen kasuan, eskatzaileak gutxienez ekoizpenaren % 33ko partaidetza izan beharko du. Emandako dirulaguntza ez da inoiz izango eskatzailearen partaidetzaren % 60 baino handiagoa. Koprodukzioetarako laguntzak Produkzio Eszenikoak I, II eta Zirkuitu Itunduari zuzenduta daude.

3.– Administrazio publikoetatik jasotako dirulaguntzen guztizko maximoak ezin izango du, inola ere, laguntzaren xede den jardueraren kostuaren % 80 gainditu.

4.– Gainera, pertsona edo erakunde eskatzaileek, eskabidea aurkezteko unean, alta emanda egon beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergaren jarduera eszenikoari dagokion epigrafe hauetakoren batean: enpresa-jardueren ataleko 965 taldeko epigrafeak edo arte-jardueren 3. sekzioko 01 atalean (antzerkiaren eta zirkuaren arloak) edo 02 atalean (dantzaren arloa) sartutako taldeak. Eta pertsona juridikoen kasuan, betekizun hori betetzea ezinbesteko baldintza izango da onuradun izateari eusteko, eta esleipena egitean zein ordainketak egitean egiaztatuko da.

5.– Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, bai eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako laguntza eta dirulaguntzen esparruan, hala ezarrita baitago Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Aginduan eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluetan.

Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

6.– Honako hauek ezin izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu:

a) Ezingo dira onuradun izan sexu-bereizkeriagatik edo emakume eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana indarrean izan behar duten enpresek, halakorik ez badute, ezta sexu-jazarpenari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurre hartzeko eta aurka egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.

b) Kapital sozialean, fundazio-ondarean edo gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena administrazio publiko edo instituzionalen batek edo sektore publikoko finantza- edo kreditu-erakunderen batek duten entitateak.

c) Titulartasun publikoko sortze-gune kultural baten gaineko zerbitzu-kontratu baten edo zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratu baten esleipendun gisa eskaera egiten duten pertsonak.

d) Berreskuratzeko agindu baten mende dauden pertsonak, Europako Batzordeak aldez aurretik erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.

e) Krisian dauden enpresak, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-dirulaguntzei buruzko jarraibideen definizioaren arabera (2014-07-31ko AO, C249). Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan dago definituta.

f) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

g) Dagokion deialdiaren aurreko bi ekitaldietan diruz lagundutako produkzio eszenikoen bi estreinaldi egin dituzten pertsonak edo erakundeak, edo aurreko lau urteetan hiru baino gehiago, bi urteko jarduera eszenikorako laguntzen pertsona edo erakunde onuradunen kasuan. Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, estreinaldiak 2019ko deialditik aurrera zenbatuko dira.

h) Elkarte edo fundazioaren forma juridikoa duten erakunde eskatzaileek ezin izango dituzte eskuratu antzerki-produkzioetarako dirulaguntzak.

4. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi honen kontura ematen diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatu egingo dira, lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, laguntza-modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-irizpideei jarraikiz, eta laguntzak esleituko dira, deialdiari esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio.

2.– Modalitate bakoitzera aurkeztutako proiektuen balorazioa bi fasetan egingo da, eta lehenengo fasean eman daitezkeen puntuen % 60 gutxienez lortzen duten eskabideak soilik igaroko dira bigarren fasera.

5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek –autonomo edo eta enpresaburu indibidualek– nahiz pertsona juridikoek bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, artikulu honetako hurrengo puntuan adierazitako helbideen bitartez:

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak elektronikoki nola izapidetu jakiteko, jo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora:

– Hitzartutako zirkuitua duten Produkzioak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1082122

– Produkzio eszenikoak I: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1082123

– Produkzio eszenikoak II: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1082124

– Bi urteko jarduera eszenikoa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1082125

Eskabidearen osteko izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Izapidetze elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen Erregistroan aldez aurretik inskribatutako ordezkari baten bidez egin ahal izango da, honako helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

7.– Eskabideak aurkezteak adierazten du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehazten diren baldintzak.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

a) Pertsona fisikoen kasuan:

Eskabidea sinatzen duen pertsonaren nortasuna egiaztatzeko agiria.

b) Pertsona juridikoen kasuan:

Administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean adierazi beharko dute zer erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez da beharrezkoa izango inskripzio hori egiaztatzea.

Administrazio hori ez den beste erregistro batzuetan inskribatutako erakundeek egiaztatu beharko dute erakundearen legezko eraketa, izaera juridikoaren arabera, ordezkariaren nortasuna, eta ordezkaritza-ahalmen nahikoa dutela, honako hauen bidez:

– Eratze-eskritura eta estatutuak, bai eta dagozkion erregistro publikoetan inskribatu izanaren egiaztagiria ere.

– Identifikazio fiskaleko zenbakia egiaztatzen duen txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna egiaztatzea, bai eta ordezkaritza-ahalordea egiaztatzea ere.

c) Bi kasuetan, 7. artikuluan jasotako erantzukizunpeko adierazpenak.

2.– Aurkeztutako proiektuari buruzko dokumentazioa (ahal dela, formatu elektronikoan aurkeztu beharko da):

a) Proiektuari buruzko azalpen memoria, euskadi.eus-en deskargatu daitekeen ereduaren arabera.

b) Proiektuaren aurrekontua, ustiapen-plana eta merkaturatze-plana, euskadi.eus-en deskargatu daitekeen ereduaren arabera.

c) Testu dramaturgikoaren, koreografiaren eta/edo zirkuko diseinuaren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak dituela egiaztatzen duen agiria, eta, hala badagokio, lehendik dagoen obraren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak dituela egiaztatzen duen agiria. Horretarako, pertsona sortzailearekin edo sortzaileekin edo horien oinordekoekin egindako kontratua aurkeztu beharko da, dagokion kontraprestazioaren zenbatekoa jasota.

d) Hitzartutako zirkuitua duten produkzioetarako laguntzen modalitatean, SAREAren antzokiekin hitzartutako funtzio bakoitzaren egiaztagiriak: aurrekontratuak edo konpromiso-gutunak edo SAREAko idazkaritzak emandako ziurtagiria.

e) Azken bertsioan digitalki sinatutako kontratuaren edo koprodukzio-kontratuaren originala, honako hauek jasota: erakunde edo koproduktore bakoitzaren ekarpenak, produkzioaren gaineko titulartasun-ehunekoa eta koproduktore bakoitzak gauzatu beharreko gastuaren ehunekoa. Erakunde publikoen kasuan, ez da onartuko gauzazko ekarpena, ez eta lehia publikoko deialdiaren bidezko diru-ekarpena ere koprodukzioan gauzatu beharreko gastuaren portzentaje gisa.

f) Eskabidea baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

3.– Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Euskadi.eus-en deskargatu daitezkeen ereduak erabiliko dira, baldin eta eskuragarri badaude.

b) Aurkeztutako dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 Mb-koa izango da.

c) Bideoak aurkezteko, web-helbide bat eman ahal izango da, dagokion dokumentuan kontsultatu ahal izateko.

7. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, hasieran, eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da honako baldintza hauek betetzen direla:

a) Eskatzaileak egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

b) Beste edozein administrazio, entitate edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, lortu direla jakinaraztea.

c) Erakundeak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik, eta ez duela horretarako legezko inolako debekurik, sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.

d) Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izatera behartuta dauden enpresek plan hori indarrean izatea. 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpenaren edo sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio- eta borroka-neurriak ezarri izana.

e) Halaber, eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

2.– Onuradun izateko proposatzen direnek dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik egiaztatu beharko dute erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla.

8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea, eta Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da zeregin horien arduraduna.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

1.– Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agiri batzuk edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

2.– Pertsona juridiko batek eskabidea aurrez aurre egiten badu, aurkezpen elektronikoaren bitartez egin dezala adieraziko zaio, eta, horri dagokionez, aurkezpen elektronikoa egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

10. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Modalitate bakoitzean aurkeztutako eskabideak aldez aurretik aztertzeko eta ondoren ebaluatzeko, bi balorazio-batzorde eratuko dira, bata antzerkirako, eta bestea dantza eta zirkurako, eta honako kide hauek izango dituzte:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta, hura falta denean, batzordekide adintsuenak ordezkatuko du.

– Batzordekideak: 4 eta 5 kide artean, Kulturako sailburuordeak izendatuak arte eszenikoei lotutako profesionalen artean.

Diziplina guztien ezagutza espezialista bermatze aldera, agindu honetan jasotako espezialitate bakoitzean gutxienez profesional espezializatu bat egotea sustatuko da.

2.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da balorazio-batzordeko idazkaria, zuzendariak izendatua. Besteak beste, idazkariari dagokio balorazio-batzordearen jardueren legezkotasun formala eta materiala zaintzea. Ez da balorazio-batzordeko kide izango, eta hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Kulturako sailburuordeak ebazpena emango du balorazio-batzordeko kideak izendatzeko eta, aldi berean, batzordea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko. Argitalpen hori batzordea eratu aurretik egingo da, interesdunek errekusatzeko eskubidea baliatu ahal izan dezaten, legez ezarritako kasuetan eta baldintzetan.

4.– Balorazio-batzordeak eratzen direnean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan ezarritakoa beteko da.

5.– Eskaera egiten duten pertsona edo erakunde guztiek izango dute aukera beren proiektua batzordearen aurrean defendatzeko, hala eskatuz gero euskadi.eus-en eskuragarri dagoen eredua erabiliz. Proiektu bakoitzari ez zaio 5 minutu baino gehiago eskainiko.

6.– Prozeduretako bakoitzean, balorazio-batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak aplikatuta, dagokion txosten bat egingo du, honako hauek jasota: ematea proposatzen dituen dirulaguntzak, onuradun izateko proposatutako pertsona edo erakundeen nortasuna, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, dirulaguntza ematea proposatzen den jarduera, bai eta ukatzea edo ez onartzea proposatzen direnak ere, arrazoiak adierazita.

7.– Balorazio-batzorde horretarako izendatutako aditu-profesionalek erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezartzen diren abstentziorako ezein arrazoitan ez direla; konfidentzialtasuna bermatzen dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo dela, eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

8.– Organo kudeatzaileak, espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.

11. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko eta publikotasuna egiteko modua.

1.– Balorazio-batzordeak egindako txostena ikusita, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamen bat egingo dio Kulturako sailburuordeari, eta, proposamen horretan, ematea proposatzen diren dirulaguntzak jasoko ditu, honako hauek adierazita: onuradun gisa proposatutako pertsonen edo erakundeen nortasuna, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, diruz laguntzea proposatzen den jarduera eta emandako zenbatekoa, bai eta ukatzea proposatzen direnak ere, ukatzeko arrazoiak adierazita.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkie interesdunei. Aipatutako jakinarazpenak egiteaz gain, ebazpen horien edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lehenik egin den jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

Ebazpena elektronikoki jakinaraziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Sei hilabetekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdi honen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta aurreko apartatuan aipatutako ebazpena jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

5.– Agindu honetako dirulaguntza horiek emateko, ezinbestekoa izango da beteta izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea ere, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Aginduan eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluetan.

12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada eta deialdi honetan ezarritako mugak gainditzen ez badira. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.

2.– Hala ere, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektu bera edo haren zati bat edo batzuk egiteko ematen dituen beste dirulaguntza batzuekin, dirulaguntza izenduna izan edo musika, arte eszeniko, liburu, ikus-entzunezko, ikusizko arte eta sormen-industria arloetako dirulaguntzen aginduen babesean emandako beste edozein laguntza izan.

Bateraezintasun hori ez da aplikatuko bi urteko jarduera eszenikorako laguntzen (agindu honen V. kapituluan araututako laguntza-modalitatea) pertsona edo erakunde onuradunek urteko egonaldi-proiektuak aurkezten dituztenean titulartasun publikoko espazio eszenikoren batean, arte eszenikoak sustatzeko programetarako laguntzen deialdiaren modalitatean. Kasu horietan, laguntzak bateragarri egin ahal izango dira, baldin eta egoitza-programaren kostuak sustapen eszenikorako laguntzen modalitateari soilik egozten bazaizkio.

3.– Agindu honetan araututako modalitate bakoitzean, onuradun bakoitzeko proiektu bakarra lagundu ahal izango da diruz.

4.– Lau modalitateetako edozeinetan dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsona edo erakundeek ezin izango dituzte jaso beste hiru modalitateetan araututako dirulaguntzak. Eskatzaile berak modalitate bakoitzean eskabideak aurkeztu baditu, kasuan kasu dagozkion laguntzak honako ordena honen arabera esleituko dira: bi urteko eszena-jarduerarako laguntzak, hitzartutako zirkuitua duten ekoizpenetarako laguntzak eta ekoizpenerako laguntzak.

5.– Aurreko paragrafoan adierazitako muga ez da aplikatuko honako kasu hauetan:

a) Agindu honen 22. artikuluan jasotako koprodukzio publiko-pribatuetarako laguntzak, gainerako modalitateekin bateragarriak izango direnak.

b) Bi dirulaguntzen baturak 60.000 euro gainditzen ez dituenean. Salbuespen hori hiru urtean behin bakarrik aplikatu ahal izango da, eta 3.6.g artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, estreinaldi bakar gisa kontabilizatuko da.

6.– II., III. eta IV. kapituluetako laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek elkarren segidako ekitaldietan jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta ez badituzte gainditzen agindu honen 3.6.g) artikuluan ezarritako mugak.

V. kapituluan araututako laguntzen pertsona edo erakunde onuradunak ezin izango dira aurkeztu modalitate horretako segidako deialdietan.

7.– Eskatzaileek ezin izango dute proiektu bera aurkeztu III. eta IV. kapituluetan jasotako modalitateetan. Hala eginez gero, lehenengo aurkeztutakoa baino ez da onartuko, sarrera-erregistroaren arabera.

13. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Dirulaguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.

c) Ogasuna eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu den baldintzetan garatzea.

e) Dirulaguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jaso diren jakinaraztea.

f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate eta sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan proiektuak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.

g) Agindu honetan ezartzen direnak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura laguntzak eta dirulaguntzak jasotzearen ondorioz ezartzen diren beste betebehar eta eginbehar guztiak. Halaber, pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14, 27 eta 42. artikuluetan jasotakoak.

h) Onuradunak ezingo du enpresa-deslokalizaziorik egin 20/2023 Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat.

i) Dirulaguntzaren onuradun enpresa bat denean, merkataritza-eragiketetan izan dituen diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikatu beharreko araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduak izan beharko dira, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritakoetan.

14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Agindu honen kontura emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren % 50 diruz lagundutako jardueraren lanak hastean eta pertsona edo erakunde onuradunak lan horiek noiz hasiko diren formalki eta berariaz jakinarazi ondoren eta 13.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.

b) Dirulaguntzaren bigarren % 40, betiere 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, emandako laguntzaren lehen zati gisa jasotako zenbatekoari dagozkion gastuak justifikatu ondoren ordainduko da (% 50).

c) Gainerako % 10a diruz lagundutako jarduera osoa egin dela egiaztatu eta behar bezala justifikatu ondoren ordainduko da, hurrengo artikuluan adierazitako moduan aurkeztutako gastuen aurrekontuarekin bat etorriz.

2.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekotik kenduko dira, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta ordainketak, zergaren araudia aplikatuta legozkiokeenak. Hala badagokio, jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa onuradunak eskatu beharko du.

3.– Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago erregistratuta edo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, https://www.euskadi.eus/hirugarrenak helbidean.

15. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa.

1.– Pertsona edo erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan (nolanahi ere, justifikatzeko azken eguna 2025eko abenduaren 31 izango da):

a) Dirulaguntzaren eskabidearekin batera aurkeztutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria xehatua.

b) Diruz lagundutako obraren (edo obren) estreinaldia egin izanaren egiaztagiria, erakunde kontratatzaileak emandako ziurtagiriaren, kontratuaren edo txarteldegiaren bidez.

c) Diruz lagundutako jarduera gauzatzeko exekutatutako aurrekontua, ahalik eta banakatuena (gastuak eta sarrerak), euskadi.eus webgunean dagoen ereduaren arabera.

Diru-sarreren zerrendan diru-sarreren jatorriaren araberako banakapena sartu beharko da.

d) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko egindako gastuen egiaztagiri guztien zerrenda sailkatua (nominak, fakturak, tiketak, ordainagiriak), euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, laginketa-tekniken bidez, diruz lagundutako jardueraren guztizko zenbatekoari dagokionez egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak egiaztatuko ditu, dirulaguntzaren aplikazio egokiari buruzko arrazoizko ebidentzia lortu ahal izateko, eta hasieran aurkeztu ez dituen egiaztagiriak emateko eskatu ahal izango dio onuradunari.

Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak hala eskatzen duenean, onuradunek konpromisoa hartzen dute aurkeztutako aurrekontuaren zenbateko osoa estaltzen duten egiaztagiriak zuzendaritza horren esku jartzeko.

e) Katalogoen, programen, iragarki-kartelen, argazkien eta gainerako material grafiko edo soinudunen aleak, dagozkien hizkuntza-bertsioetakoak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela berariaz adierazita.

f) Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da.

g) Euskal Autonomia Erkidegoan establezimendu iraunkorra izatea betetzen dela egiaztatzen duen agiria 3.1 artikuluan ezarrita dagoen bezala.

2.– Pertsona fisikoek -autonomo edo eta enpresaburu indibidualek- nahiz pertsona juridikoek modu elektronikoan aurkeztu beharko dituzte justifikazioak 5. artikuluko 3. puntuan adierazitako helbide elektronikoen bitartez.

3.– Justifikazioak elektronikoki izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, agindu honen 5. artikuluan adierazitako helbideetan.

16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo haren aldaketa posibleetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izango.

2.– Aurkeztutako proiektuaren ondoriozko gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:

a) Produkzio-gastuak (modalitate guztietan).

– Autoreak.

– Interpreteak.

– Talde artistikoa eta teknikoa.

– Materialak (fabrikazioa, erosketa eta alokairuak).

– Komunikazioa.

– Bidaiak eta garraioak.

– Lokalak (gastu orokorretan sartuta daudenak ezin dira egotzi).

– Beste ekoizpen-gastu batzuk.

– Ekoizpenari egotz dakizkiokeen gastu orokorrak: egotzitako zeharkako kostuen guztizkoak ezin izango du diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren ehuneko 25 gainditu. Zeharkako kostuen barruan sartzen dira, batetik, onuradunak garatzen dituen hainbat jarduerari egotz dakizkiekeen aldagaiak, eta, bestetik, jarduera jakin bati egotz ezin dakizkiokeen arren, diruz lagundutako jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren egitura-kostuak. Azken atal hori II., III. eta IV. kapituluetan araututako laguntzei bakarrik aplikatuko zaie.

b) Egitura-gastuak (V. kapituluan araututako modalitatean).

– Langileak.

– Lokalak.

– Telefonia, Internet eta informatika.

– Bidaiak, garraioak eta dietak.

– Gastu arrunta.

– Enpresako beste gastu orokor batzuk.

c) Beste jarduera batzuen gastuak (V. kapituluan araututako modalitatean).

– Bitartekaritza-jarduerak.

– Sentsibilizazio-jarduerak.

– Prestakuntza-jarduerak.

3.– Nolanahi ere, agindu honen esparruan, diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluarekin bat datozenak.

4.– Pertsona edo erakunde onuradunak zerga horren aitorpena egin behar badu, ezin izango da diruz lagundu BEZ kengarriaren zenbatekoa. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

17. artikulua.– Kontratazioa.

1.– Erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 75eraino, kontratu guztien prezioak batuta.

2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, pertsona edo erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, ezaugarri bereziak izateagatik, merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen behar adina erakunde, edo salbu eta gastua aurretiaz egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira), efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta berariaz justifikatu beharko da memoria batean, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

3.– Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira sustatzaileak diruz lagundutako plana bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuak.

4.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.

18. artikulua.– Aldaketa-ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko. Emandako dirulaguntzaren aldaketa Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren arabera egin behar da.

19. artikulua.– Dirua itzultzeko arrazoiak.

1.– Honako hauek izango dira dirua itzultzeko arrazoiak:

a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean, hala badagokio, adierazten den zenbatekoa, ez itzultzea horretarako ezarritako epean.

d) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako gainerako itzulketa-arrazoietako edozein.

2.– Aipatutako egoera horietako bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.

II. KAPITULUA
HITZARTUTAKO ZIRKUITUA DUTEN PRODUKZIOETARAKO LAGUNTZAK

20. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak deialdi honen onuradun diren pertsona edo erakundeek 2024. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen edo hasten dituzten produkzioetarako dira, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) 2024ko uztailaren 1aren ondoren eta 2025eko azaroaren 30a baino lehen estreinatzen diren produkzio-proiektuak izatea. Kalean programatuko diren ekoizpen-proiektuak 2024ko maiatzaren 16tik aurrera estreinatu ahal izango dira.

b) Sarearen antzokiekin (Euskal Antzoki Sarea) hitzartutako bira bat aurkeztuko dute, Sarearen antzokiren batean ekoizpena estreinatu eta hurrengo lau hilabeteetan egitekoa.

2.– Lau hilabete horiek kalkulatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

– Birarako ezarritako lau hilabeteko epean urteko azken astea eta lehenengo astea sartzen badira, 15 egun luzatuko da.

– Aretoan egitekoa den ikuskizuna uztailean edo abuztuan estreinatzen bada, birarako ezarritako epea abenduaren 31n amaituko da.

3.– Sarearen antzoki batekin hitzartutako funtzio bakoitza behar bezala egiaztatu beharko da kontratu, aurrekontratu, kontratu-promesa edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein betebehar-agiri bidez.

21. artikulua.– Dirulaguntza hauen zenbatekoak eta mugak.

1.– Hitzartutako zirkuitua duten produkzioetarako dirulaguntzen zenbatekoa 300.000 eurokoa da. 180.000 euro antzerkirako, 60.000 euro dantzarako, eta 60.000 euro zirkurako.

2.– Dirulaguntzak, gehienez ere, aurkeztutako proiektu edo jarduera bakoitzaren onartutako aurrekontu garbiaren (zergak kanpoan) % 50era irits daitezke.

3.– Hautatutako proiektu bakoitzari gehienez 60.000 euro emango zaizkio.

22. artikulua.– Koprodukzio publiko-pribatuetarako laguntzak.

Dagokion koprodukzio publikoaren modalitateari dagokion arloko zuzkiduraren 60.000 € erabiliko dira 20. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain honako hauek ere betetzen dituzten ekoizpen-proiektuak diruz laguntzeko:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasun publikoa duten bi antzokik, gutxienez, ekoizpenaren aurrekontuaren % 50arekin gutxienez parte hartzen duten koprodukzio publiko-pribatuko proiektuak izatea. Erakunde publiko ekoizlea ez da inola ere laguntza honen eskatzailea izango.

b) 120.000 euro-tik gorako aurrekontua duten koprodukzio-proiektuak badira.

23. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak honako irizpide hauek aplikatuko ditu 4.2 artikuluan aurreikusitako lehen fasean (40 puntu guztira):

A) Produkzio-proiektuaren balorazioa artistikoa (14 puntu).

Jarraian datozen elementuak hartuko dira kontuan produkzioan eragina dutelako, eta adierazitako pisu espezifikoa ezarriko zaie:

A1: Langile artistiko eta teknikoen multzoa (4 puntu).

A2: Egiletasunak: jatorrizko ideia, testuak, koreografia eta zirku-mugimenduak (4 puntu).

A3: Zuzendaritza artistikoa: dramaturgia, koreografia (4 puntu).

A4: Espazio eszenikoak: Eszenografia, argiak, jantziak. Kaleko arteei buruzko proposamenetan, proposamen eszenikoaren aldakortasuna baloratuko da. (2 puntu).

B) Produkzio-proiektuaren interesa (8 puntu):

B1: Sustatutako balioekiko interesa eta komunitatearekiko konpromisoa gizarte-erronkei dagokienez (3 puntu).

B2: Hainbat arte-diziplina uztartzea (2 puntu).

B3: Euskal ondare eszenikoa berreskuratzea eta/edo ekarpenak egitea (3 puntu).

C) Proiektuaren bideragarritasuna (6 puntu).

C1: Aurkeztutako finantza-proiektuaren egokitasuna eta koherentzia (2 puntu).

C2: Proposatutako ustiapen- eta amortizazio-plana (puntu 1).

C3: Merkaturatze-plana: banaketa-estrategia eta merkaturatzeko inbertsioa (3 puntu).

D) Ibilbidearen balorazioa (6 puntu).

D1: Pertsona edo erakunde eskatzaileak egindako ekoizpen kopurua (3 puntu).

D2: Pertsona edo erakunde eskatzailearen ibilbidearen balorazioa (3 puntu).

E) Jardueraren berrikuntza eta etengabeko hobekuntza (6 puntu).

E1: Ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuen berrikuntza (2 puntu).

E2: Publikoekiko harremanetan berrikuntza (2 puntu).

E3: Berrikuntza artistikoa: arte-diziplina desberdinetako hizkuntza eta intersekzio berrien garapena (2 puntu).

2.– 4.2 artikuluan ezarritako gutxienekoa gainditu ondoren balorazioaren bigarren fasean, honako balorazio hauek hartuko dira kontuan:

F) Euskararen erabilera proposatutako jardueran (5 puntu).

Honako elementu hauek hartuko dira kontuan, horietan adierazten den pisu espezifikoarekin:

F1: Euskarazko bertsioa izatea (3 puntu).

F2: Komunikazio-elementuetan euskara erabiltzea (2 puntu).

– Euskara komunikazio-euskarrietan (2 puntu).

– Komunikazio-euskarri eleaniztunak, euskara hizkuntzetako bat izanik (puntu 1).

– Komunikazio-euskarri eleaniztunak, euskara hizkuntzetako bat ez izanik (0 puntu).

– Ahozkotasunik ez duten proiektuek ez dute puntuaziorik lortuko F1 atalean.

G) Emakumeen parte hartzea aurkeztutako proiektuan (5 puntu). Emakumearen parte-hartzea esklusiboa eta pertsona bakarrekoa den kasuetan bakarrik baloratuko da.

G1: Zuzendaritza artistikoaren/koreografikoaren ardura duen emakumea (2 puntu).

G2: Ekoizpen-zuzendaria emakumea bada (2 puntu).

G3: Hurrengo postuetan dauden profesional guztien % 40 baino gehiago emakumeei dagokie: obrako pertsonaia nagusia, argiztapen-arduraduna, dekoratuen arduraduna, jantzien arduraduna, ikus-entzunezkoen arduraduna, konpositorea eta errejidorea. (puntu 1).

H) Agindua argitaratzean Sareakin kontratatutako ikuskizun kopurua (gehienez 50 puntu).

Sarearen antzokiekin itundutako eta behar bezala egiaztatutako funtzio bakoitza puntu batekin baloratuko da.

Aurreko irizpidea aplikatzerakoan, antzoki bakoitzeko ez dira 3 emanaldi baino gehiago zenbatuko.

3.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena lantzeko, lortu dituzten puntuen arabera ordenatuko ditu proiektuak balorazio-batzordeak.

4.– Balorazio-baremoaren arabera produkzioaren estreinalditik lau hilabetera egindako emanaldiengatik 12 puntu gutxienez lortzen ez dituzten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

Gutxieneko puntuazio hori 6 puntukoa izango da honako kasuetan:

a) Produkzio-proiektuagatik ordaindu beharko ordainsariak 6.000 euroko zenbatekoa gainditzen dutenean.

b) Kalean soilik programatuko diren produkzio-proiektuak.

c) Dantza edo eta zirkuko produkzio proiektuak.

5.– 4. artikuluan jasotako prozeduraren arabera hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Sistema horren arabera, modalitaterako ezarritako zuzkidura ekonomikoa eskatutako dirulaguntzaren % 100 esleituz banatuko da. Eskatutako eskabidearen % 100 ezin izango da inoiz onartutako aurrekontuaren gaineko gehieneko laguntzen ehunekoa baino handiagoa izan. Hautatutako azken eskabideari dagokion dirulaguntza ez bada egindako eskaeraren % 80 baino handiagoa, deialdiaren beste diziplina edo modalitate batera bideratuko da, 2.5 artikuluan ezarritako irizpideari jarraikiz. Ehuneko hau % 60ra jaitsiko da 100.000 eurotik gorako aurrekontuetan.

III. KAPITULUA
PRODUKZIO ESZENIKOAK I LAGUNTZAK

24. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2024ko martxoaren 30aren ondoren eta 2025eko ekainaren 30a baino lehen estreinatzen diren eta baldintza hauetakoren bat betetzen duten produkzioetarako dira:

a) Izaera profesionaleko lehen proiektuak. Lehen proiektutzat hartuko dira zuzendaritza artistikoan, sorkuntza koreografikoan eta ekoizpenean 3 lan baino gutxiago estreinatuta dituzten profesionalak.

b) Izaera berritzaile esanguratsua duten proiektuak. Hizkuntz estetiko edo eta tekniko berritzaileak dituzten proiektuak eta hauek sortzeko erabilitako ikerkuntza prozesuak arte eszenikoetan.

c) Berariaz ikerketara eta esperimentaziora bideratutako obrak. Baldintza hau ez ta dantzan aplikatuko.

25. artikulua.– Laguntza hauen zenbatekoak eta mugak.

1.– Laguntzen zenbatekoa 220.000 eurokoa da. 75.000 euro antzerkirako, 105.000 euro dantzarako eta 40.000 euro zirkurako.

2.– Hautatutako proiektu bakoitzari emandako gehieneko zenbatekoa ez da 25.000 eurotik gorakoa izango, ezta aurkeztutako ekoizpenaren aurrekontuaren % 70etik gorakoa ere. 27. artikuluan araututako primak jasotzen dituzten euskarazko ekoizpen elebidunen edo soilik euskarazkoen kasuan, ezarritako muga % 75ekoa da.

26. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Balorazio batzordeak txostena egiteko, irizpide hauek aplikatuko ditu:

1.1.– Lehenengo fasean aplikatu beharreko irizpideak (guztira 80 puntu):

A) Produkzio-proiektuaren balorazio artistikoa (38 puntu).

Jarraian datozen elementuak hartuko dira kontuan produkzioan eragina dutelako, eta adierazitako pisu espezifikoa ezarriko zaie:

A1: Langile artistiko eta teknikoen multzoa (10 puntu).

A2: Egiletasunak: jatorrizko ideia, testuak eta zirku mugimenduak (12 puntu).

A3: Zuzendaritza artistikoa: dramaturgia, koreografia (10 puntu).

A4: Espazio eszenikoak: Eszenografia, argiak, jantziak. Kaleko arteei buruzko proposamenetan, proposamen eszenikoaren aldakortasuna baloratuko da. (6 puntu).

B) Produkzio-proiektuaren interesa (8 puntu).

Aspektu hauek hartuko dira kontuan:

B1: Komunitatearen gizarte-erronkekiko konpromisoa. (3 puntu).

B2: Euskal ondare eszenikoa berreskuratzea eta/edo ekarpenak egitea. (2 puntu).

B3: Euskal arte eszenikoen sektoreari eginiko ekarpena (3 puntu).

C) Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (6 puntu).

C1: Aurkeztutako finantza-proiektuaren egokitasuna, koherentzia eta legezkotasuna (2 puntu).

C2: Proposatutako ustiapen- eta amortizazio-plana (2 puntu).

C3: Banaketa- eta inbertsio-plana merkaturatzeko (2 puntu).

D) Ibilbidearen balorazioa (4 puntu).

D1: Pertsona edo erakunde eskatzaileak egindako ekoizpen kopurua (2 puntu).

D2: Pertsona edo erakunde eskatzailearen ibilbidearen balorazioa (2 puntu).

E) Jardueraren berrikuntza eta etengabeko hobekuntza (24 puntu).

Jarraian datozen elementuak hartuko dira kontuan, eta adierazitako pisu espezifikoa ezarriko zaie:

E1: Produkzio-prozesuaren eta merkaturatzearen berrikuntza (6 puntu).

E2: Publikoekiko harremanaren berrikuntza (8 puntu).

E3: Berrikuntza artistikoa: arte-diziplina desberdinetako hizkuntza eta intersekzio berrien garapena (10 puntu).

1.2.– 4.2 Artikuluan ezarritako gutxienekoa gainditu ondoren balorazioaren bigarren fasean, honako balorazio hauek hartuko dira kontuan (guztira 20 puntu):

F) Proposatutako jardueran euskara erabiltzea (10 puntu).

Jarraian datozen elementuak hartuko dira kontuan, eta adierazitako pisu espezifikoa ezarriko zaie:

F1: Euskarazko bertsioa egotea (5 puntu). Ahozkotasunik ez duten proiektuek ez dute puntuaziorik lortuko F1 atalean.

F2: Komunikazio-elementuetan euskara erabiltzea (5 puntu).

– Euskara komunikazio-euskarrietan (5 puntu).

– Komunikazio-euskarri eleaniztunak, euskara hizkuntzetako bat izanik (puntu 1).

– Komunikazio-euskarri eleaniztunak, euskara hizkuntzetako bat ez izanik (0 puntu).

G) Emakumeen parte hartzea aurkeztutako proiektuan (10 puntu). Emakumearen parte-hartzea esklusiboa eta pertsona bakarrekoa den kasuetan bakarrik baloratuko da.

G1: Zuzendaritza artistikoaren/koreografikoaren ardura duen emakumea (3.5 puntu).

G2: Ekoizpen-zuzendaria emakumea bada (3.5 puntu).

G3: Hurrengo postuetan dauden profesional guztien % 40 baino gehiago emakumeei dagokie: obrako pertsonaia nagusia, argiztapen-arduraduna, dekoratuen arduraduna, jantzien arduraduna, ikus-entzunezkoen arduraduna, konpositorea eta errejidorea. (3 puntu).

2.– 4. artikuluan jasotako prozeduraren arabera hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Sistema horren arabera, modalitaterako ezarritako zuzkidura ekonomikoa eskatutako dirulaguntzaren % 100 esleituz banatuko da. Eskatutako eskabidearen % 100 ezin izango da inoiz onartutako aurrekontuaren gaineko gehieneko laguntzen ehunekoa baino handiagoa izan. Hautatutako azken eskabideari dagokion dirulaguntza ez bada egindako eskaeraren % 80 baino handiagoa, deialdiaren beste diziplina edo modalitate batera bideratuko da, 2.5 artikuluan ezarritako irizpideari jarraikiz. Ehuneko hau % 60ra jaitsiko da 100.000 eurotik gorako aurrekontuetan.

27. artikulua.– Euskarazko produkzioetarako laguntzak.

1.– Dirulaguntza merezi duten proiektuak hautatu ondoren, modalitate horretara bideratutako guztizko zenbatekotik 25.000 euro banatuko dira euskarazko bertsioko antzerki-ekoizpenak egiteko pizgarri gisa.

2.– Ezinbesteko baldintza izango da haurrei zuzendutako ikuskizuna ez izatea, eta proiektu bakoitzera bideratutako zenbatekoak ez dira inoiz 4.000 eurotik gorakoak izango Euskal Autonomia Erkidegoan estreinaldia euskaraz egiten bada lehenik, eta 2.000 eurotik gorakoak gaztelaniaz egiten bada. Bigarren kasu horretan, bi bertsioen estreinaldien artean ezin izango da sei hilabete baino gehiagoko eperik igaro, eta 2025eko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da.

3.– Nolanahi ere, onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko orduan, lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, betiere aurreko atalean eta 24. artikuluan ezarritako mugak gainditzen ez badira.

IV. KAPITULUA
PRODUKZIO ESZENIKOAK II LAGUNTZAK

28. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2024ko martxoaren 30aren ondoren eta 2025eko ekainaren 30a baino lehen estreinatzen diren produkzioetarako dira.

29. artikulua.– Laguntza hauen zenbatekoak eta mugak.

1.– Laguntzen zenbatekoa 340.000 eurokoa da. 160.000 euro antzerkirako, 120.000 euro dantzarako eta 60.000 euro zirkurako.

2.– Hautatutako proiektu bakoitzari emandako gehieneko zenbatekoa ez da 60.000 eurotik gorakoa izango, ez eta aurkeztutako ekoizpenaren aurrekontuaren % 50etik gorakoa ere. 31. artikuluan araututako primak jasotzen dituzten euskarazko ekoizpen elebidunen edo soilik euskarazkoen kasuan, ezarritako muga % 55ekoa da.

3.– Nolanahi ere, onuradun berak ezin izango ditu 400.000 euro baino gehiago jaso 8 urteko epean, 2019ko deialditik zenbatzen hasita.

30. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Balorazio batzordeak txostena egiteko, irizpide hauek aplikatuko ditu:

1.1.– Lehenengo fasean aplikatu beharreko irizpideak (guztira 80 puntu):

A) Produkzio-proiektuaren balorazio artistikoa (30 puntu).

Jarraian datozen elementuak hartuko dira kontuan produkzioan eragina dutelako, eta adierazitako pisu espezifikoa ezarriko zaie:

A1: Langile artistiko eta teknikoen multzoa (8 puntu).

A2: Egiletasunak: jatorrizko ideia, testuak eta zirku mugimenduak (8 puntu).

A3: Zuzendaritza artistikoa: dramaturgia, koreografia (8 puntu).

A4: Espazio eszenikoak: Eszenografia, argiak, jantziak. Kaleko arteei buruzko proposamenetan, proposamen eszenikoaren aldakortasuna baloratuko da. (6 puntu).

B) Produkzio-proiektuaren interesa (8 puntu).

Aspektu hauek hartuko dira kontuan:

B1: Komunitatearen gizarte-erronkekiko konpromisoa. (3 puntu).

B2: Euskal ondare eszenikoa berreskuratzea eta/edo ekarpenak egitea. (2 puntu).

B3: Euskal arte eszenikoen sektoreari eginiko ekarpena (3 puntu).

C) Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (12 puntu).

C1: Aurkeztutako finantza-proiektuaren egokitasuna, koherentzia eta legezkotasuna (3 puntu).

C2: Proposatutako ustiapen- eta amortizazio-plana (3 puntu).

C3: Banaketa- eta inbertsio-plana merkaturatzeko (6 puntu).

D) Ibilbidearen balorazioa (8 puntu).

D1: Pertsona edo erakunde eskatzaileak egindako ekoizpen kopurua (2 puntu).

D2: EAEn azken 3 urteetan egindako funtzioen kopurua (puntu 1).

D3: Estatuan (EAEn izan ezik) azken 3 urteetan egindako funtzioen kopurua. (puntu 1).

D4: Azken 3 urteetan egindako nazioarteko funtzioen kopurua. (puntu 1).

D5: Pertsona edo erakunde eskatzailearen ibilbidearen balorazioa (3 puntu).

E) Jardueraren berrikuntza eta etengabeko hobekuntza (12 puntu).

Jarraian datozen elementuak hartuko dira kontuan, eta adierazitako pisu espezifikoa ezarriko zaie:

E1: Produkzio-prozesuaren eta merkaturatzearen berrikuntza (3 puntu).

E2: Publikoekiko harremanaren berrikuntza (4 puntu).

E3: Berrikuntza artistikoa: arte-diziplina desberdinetako hizkuntza eta intersekzio berrien garapena (5 puntu).

F) Enpresaren antolaketa-egitura (10 puntu).

F1: Aurreko ekitaldian egindako salmenta-bolumena (4 puntu).

F2: Aurreko ekitaldian hartutako langile-gastuak (6 puntu).

1.2.– 4.2 Artikuluan ezarritako gutxienekoa gainditu ondoren balorazioaren bigarren fasean, honako balorazio hauek hartuko dira kontuan (guztira 20 puntu):

G) Proposatutako jardueran euskara erabiltzea (10 puntu).

Jarraian datozen elementuak hartuko dira kontuan, eta adierazitako pisu espezifikoa ezarriko zaie:

G1: Euskarazko bertsioa egotea (5 puntu). Ahozkotasunik ez duten proiektuek ez dute puntuaziorik lortuko G1 atalean.

G2: Komunikazio-elementuetan euskara erabiltzea (5 puntu).

– Euskara komunikazio-euskarrietan (5 puntu).

– Komunikazio-euskarri eleaniztunak, euskara hizkuntzetako bat izanik (puntu 1).

– Komunikazio-euskarri eleaniztunak, euskara hizkuntzetako bat ez izanik (0 puntu).

H) Emakumeen parte hartzea aurkeztutako proiektuan (10 puntu). Emakumearen parte-hartzea esklusiboa eta pertsona bakarrekoa den kasuetan bakarrik baloratuko da.

H1: Zuzendaritza artistikoaren/koreografikoaren ardura duen emakumea (3.5 puntu).

H2: Ekoizpen-zuzendaria emakumea bada (3.5 puntu).

H3: Hurrengo postuetan dauden profesional guztien % 40 baino gehiago emakumeei dagokie: obrako pertsonaia nagusia, argiztapen-arduraduna, dekoratuen arduraduna, jantzien arduraduna, ikus-entzunezkoen arduraduna, konpositorea eta errejidorea. (3 puntu).

2.– 4. artikuluan jasotako prozeduraren arabera hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Sistema horren arabera, modalitaterako ezarritako zuzkidura ekonomikoa eskatutako dirulaguntzaren % 100 esleituz banatuko da. Eskatutako eskabidearen % 100 ezin izango da inoiz onartutako aurrekontuaren gaineko gehieneko laguntzen ehunekoa baino handiagoa izan. Hautatutako azken eskabideari dagokion dirulaguntza ez bada egindako eskaeraren % 80 baino handiagoa, deialdiaren beste diziplina edo modalitate batera bideratuko da, 2.5 artikuluan ezarritako irizpideari jarraikiz. Ehuneko hau % 60ra jaitsiko da 100.000 eurotik gorako aurrekontuetan.

31. artikulua.– Euskarazko produkzioetarako laguntzak.

1.– Dirulaguntza merezi duten antzerki-proiektuak hautatu ondoren, modalitate horretara bideratutako guztizko zenbatekotik 50.000 euro banatuko dira euskarazko bertsioko ekoizpenak egiteko pizgarri gisa.

2.– Ezinbesteko baldintza izango da haurrei zuzendutako ikuskizuna ez izatea, eta proiektu bakoitzera bideratutako zenbatekoak ezingo dira inoiz 6.000 eurotik gorakoak izan Euskal Autonomia Erkidegoan estreinaldia euskaraz egiten bada lehenik, eta 3.000 eurotik gorakoak gaztelaniaz egiten bada. Bigarren kasu horretan, bi bertsioen estreinaldien artean ezin izango da sei hilabete baino gehiagoko eperik igaro, eta 2025eko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da.

3.– Nolanahi ere, onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko orduan, lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, betiere aurreko atalean eta 29. artikuluan ezarritako mugak gainditzen ez badira.

V. KAPITULUA
BI URTEKO JARDUERA ESZENIKORAKO LAGUNTZAK

32. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2024-2025 urteetan garatuko diren proiektu eszenikoetarako dira. Proposatutako planak honako hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

a) 2024-2025 urteetan estreinatuko den ekoizpena. Ez dira diruz lagunduko 2 ekoizpen baino gehiago.

b) Birako plan bat, Euskal Autonomia Erkidegoko merkatua zein kanpoko merkatua kontuan hartzen dituena.

2.– Erakunde eskatzaileak egiten dituen hedapen, prestakuntza, sentsibilizazio eta bitartekaritza-jarduera guztiak ere sartuko dira.

3.– Zirkuko ikuskizunak antzerkiaren edo dantzaren arloan aurkeztu ahal izango dira, ikuskizunaren ezaugarrien arabera.

33. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintzak.

3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, honako atal hauetan ezarritakoak betetzen dituztenek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek:

a) Azken 10 urteetan arte eszenikoetako ikuskizunak sortu eta taularatzeko etengabeko jarduera egin dutenak.

Garatutako jarduera zenbatzeko, kontuan hartuko dira bat-egite- edo eraldaketa-prozesuen aurreko ibilbideak, baldin eta egitez edo zuzenbidez erakunde eskatzailea aurretik zegoen/zeuden jardueren segida bada.

b) Oinarrizko kudeaketa-, ekoizpen- eta banaketa-talde bat dute, gutxienez bi pertsonaz osatua.

34. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Bi urteko jarduera eszenikoetarako dirulaguntzen zenbatekoa 700.000 eurokoa da. 467.000 euro antzerki arlora bideratuko dira eta 233.000 euro dantza arlora.

2.– Dirulaguntzak, gehienez ere, aurkeztutako proiektu edo jarduera bakoitzaren aurrekontu garbiaren % 50era irits daitezke (zergak kanpo).

3.– Hautatutako proiektu bakoitzari gehienez 120.000 euro emango zaizkio.

4.– Nolanahi ere, onuradun berak ezin izango ditu 400.000 euro baino gehiago jaso 8 urteko epean, 2019ko deialditik zenbatzen hasita.

35. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Balorazio batzordeak txostena egiteko, irizpide hauek aplikatuko ditu:

1.1.– Lehenengo fasean aplikatu beharreko irizpideak (guztira 80 puntu):

A) Produkzio-proiektuaren balorazio artistikoa (14 puntu).

Jarraian datozen elementuak hartuko dira kontuan produkzioan eragina dutelako, eta adierazitako pisu espezifikoa ezarriko zaie:

A1: Langile artistiko eta teknikoen multzoa (4 puntu).

A2: Egiletasunak: jatorrizko ideia, testuak eta zirku mugimenduak (4 puntu).

A3: Zuzendaritza artistikoa: dramaturgia, koreografia (4 puntu).

A4: Espazio eszenikoak: Eszenografia, argiak, jantziak. Kaleko arteei buruzko proposamenetan, proposamen eszenikoaren aldakortasuna baloratuko da. (2 puntu).

B) Produkzio-proiektuaren interesa (8 puntu).

Aspektu hauek hartuko dira kontuan:

B1: Komunitatearen gizarte-erronkekiko konpromisoa. (3 puntu).

B2: Euskal ondare eszenikoa berreskuratzea eta/edo ekarpenak egitea. (2 puntu).

B3: Euskal arte eszenikoen sektoreari eginiko ekarpena (3 puntu).

C) Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (12 puntu).

C1: Aurkeztutako finantza-proiektuaren egokitasuna, koherentzia eta legezkotasuna (3 puntu).

C2: Proposatutako ustiapen- eta amortizazio-plana (3 puntu).

C3: Banaketa- eta inbertsio-plana merkaturatzeko (6 puntu).

D) Ibilbidearen balorazioa (20 puntu).

D1: Pertsona edo erakunde eskatzaileak egindako ekoizpen kopurua (4 puntu).

D2: EAEn azken 3 urteetan egindako funtzioen kopurua (4 puntu).

D3: Estatuan (EAEn izan ezik) azken 3 urteetan egindako funtzioen kopurua. (4 puntu).

D4: Azken 3 urteetan egindako nazioarteko funtzioen kopurua. (4 puntu).

D5: Pertsona edo erakunde eskatzailearen ibilbidearen balorazioa (4 puntu).

E) Jardueraren berrikuntza eta etengabeko hobekuntza (10 puntu).

Jarraian datozen elementuak hartuko dira kontuan, eta adierazitako pisu espezifikoa ezarriko zaie:

E1: Produkzio-prozesuaren eta merkaturatzearen berrikuntza (4 puntu).

E2: Publikoekiko harremanaren berrikuntza (4 puntu).

E3: Berrikuntza artistikoa: arte-diziplina desberdinetako hizkuntza eta intersekzio berrien garapena (2 puntu).

F) Enpresaren antolaketa-egitura (16 puntu).

F1: Aurreko ekitaldian egindako salmenta-bolumena (7 puntu).

F2: Aurreko ekitaldian hartutako langile-gastuak (9 puntu).

1.2.– 4.2 Artikuluan ezarritako gutxienekoa gainditu ondoren balorazioaren bigarren fasean, honako balorazio hauek hartuko dira kontuan (guztira 20 puntu):

G) Proposatutako jardueran euskara erabiltzea (10 puntu).

Jarraian datozen elementuak hartuko dira kontuan, eta adierazitako pisu espezifikoa ezarriko zaie:

G1: Euskarazko bertsioa egotea (5 puntu). Ahozkotasunik ez duten proiektuek ez dute puntuaziorik lortuko G1 atalean.

G2: Komunikazio-elementuetan euskara erabiltzea (5 puntu).

– Euskara komunikazio-euskarrietan (5 puntu).

– Komunikazio-euskarri eleaniztunak, euskara hizkuntzetako bat izanik (puntu 1).

– Komunikazio-euskarri eleaniztunak, euskara hizkuntzetako bat ez izanik (0 puntu).

H) Emakumeen parte hartzea aurkeztutako proiektuan (10 puntu). Emakumearen parte-hartzea esklusiboa eta pertsona bakarrekoa den kasuetan bakarrik baloratuko da.

H1: Zuzendaritza artistikoaren/koreografikoaren ardura duen emakumea (3.5 puntu).

H2: Ekoizpen-zuzendaria emakumea bada (3.5 puntu).

H3: Hurrengo postuetan dauden profesional guztien % 40 baino gehiago emakumeei dagokie: obrako pertsonaia nagusia, argiztapen-arduraduna, dekoratuen arduraduna, jantzien arduraduna, ikus-entzunezkoen arduraduna, konpositorea eta errejidorea. (3 puntu).

2.– 4. artikuluan jasotako prozeduraren arabera hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Sistema horren arabera, modalitaterako ezarritako zuzkidura ekonomikoa eskatutako dirulaguntzaren % 100 esleituz banatuko da. Eskatutako eskabidearen % 100 ezin izango da inoiz onartutako aurrekontuaren gaineko gehieneko laguntzen ehunekoa baino handiagoa izan. Hautatutako azken eskabideari dagokion dirulaguntza ez bada egindako eskaeraren % 80 baino handiagoa, deialdiaren beste diziplina edo modalitate batera bideratuko da, 2.5 artikuluan ezarritako irizpideari jarraikiz. Ehuneko hau % 60ra jaitsiko da 100.000 eurotik gorako aurrekontuetan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak.

– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Zure datu pertsonalak tratatu eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Kultura- eta sormen-eremurako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: Kulturaren eta sormenaren sektoreko dirulaguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: Interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzearen alde egindako misioa betetzeko beharrezko tratamendua.

Hartzaileak: Arloan eskumena duten administrazioak.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza gure web orrian kontsulta dezakezu:

www.euskadi.eus/klausula-informatiboak/web01-sedepd/es/transparencia/024300-capa2-es.shtml

Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

BIGARRENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoak gehitu ahal izango dira, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baldin eta Kultura eta Hizkuntza politika Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Horretarako 2.5 artikuluan aipatutako irizpidea aplikatuko da. Sailburuordearen ebazpena EHAAn argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 7a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala