98. zk., 2024ko maiatzaren 21a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (139 KB - 3 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2424
58/2024 DEKRETUA, maiatzaren 7koa, zeinaren bidez deklaratzen baita ezen, Debako Udalerrian, Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, urgentziaz okupatu behar dituela Itziar-Deba enpresa-parkerako sarbidea hobetzeko proiektua –Kanalako bihurgunea aldatzea, GI-3210 errepideko 0,200 Kpan– (1-EM-19/2023) gauzatzeko ondasun eta eskubideak.
Itziar-Deba enpresa-parkerako sarbidea hobetzeko proiektuaren –Kanalako bihurgunea aldatzea, GI-3210 errepideko 0,200 Kpan– (1-EM-19/2023) espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
Bide Azpiegituretako Departamentuko foru diputatuak 2023ko irailaren 28an emandako Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zuen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta hilabeteko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2023ko urriaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (197. zk.). Geroago, 2023ko abenduaren 12an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:
«Bihurgune horrek arazoak sortzen dizkie ibilgailu astunei, batez ere garraio berezi batzuei. Bertan, biraketa-erradio txikiak, malda handiak, lotura bertikal txikiak eta peralte handiak bateratzen dira, eta horrek arriskuan jartzen ditu kargen egonkortasun-baldintzak. Hori dela eta, ibilgailuek ahalik eta gehien irekitzen dute beren bidea, eta horren ondorioz bihurgunea alde okerrenetik hartu behar izaten dute».
«Arazoa konpontzeko, bihurgunearen baldintza geometrikoak aldatuko dituen proiektu bat idatzi da. Aukera trinko baten alde egin da, honako hauek lortzeko: bihurgunean biraketa-erradioa hobetzea, maldak murriztea, lurzoru berdeen okupazioa minimizatzea eta jarduketaren inpaktua eta kostua murriztea».
«Udalak eskatuta, galtzadaren plataforma zabaldu egiten da, eskuineko aldean, espaloi bat jasotzeko. Udalak, etorkizunean, espaloi horri jarraipena eman nahi dio, Itziar jatetxeko zabaldegiraino joan ahal izateko (N-634 errepidean dago eta garraio publikoko lineak bertan gelditzen dira). Horrela, oinezkoentzako konexio segurua lortuko da Itziarko hirigunearekin».
«Itziar-Deba enpresa-parkea Itziar Deba enpresa-parkeko Kontserbazioko Hirigintza Erakundeak kudeatzen duen industria-gunea da (Debako Udalarekin lankidetzan). Gipuzkoako bigarren industrialdea da tamainari dagokionez (728.038 m2 ditu guztira). Bertan, hainbat sektoretako 100 enpresa baino gehiago daude (horiek 1.400 langile enplegatzen dituzte).
Esan bezala, bihurgune horrek arazoak sortzen dizkie ibilgailu astunei, batez ere garraio berezi batzuei. Bertan, biraketa-erradio txikiak, malda handiak, lotura bertikal txikiak eta peralte handiak bateratzen dira eta horrek arriskuan jartzen ditu kargen egonkortasun-baldintzak. Hori dela eta, ibilgailuek ahalik eta gehien irekitzen dute beren bidea, eta horren ondorioz bihurgunea alde okerrenetik hartu behar izaten dute. Gaur egun, bihurgune hori da azken oztopoa enpresa-parkeak bere beharretara egokitutako sarbidea izan dezan (AP-8 autobidetik hasita). Izan ere, enpresa-parkeko enpresaren batek adierazi du hainbat proiekturi uko egin beharra izan diela (egungo produkzio-prozesuekin, langileekin, teknologiarekin eta instalazioekin ekiteko gai ziren proiektuei) honako arrazoiarengatik: ezinezkoa zuen amaitutako produktua helmugara eramatea (produktuaren bolumena eta neurriak direla-eta), Kanalako bihurgunearen baldintzek eragozten zutelako».
«Karga-mugaketa arazoei arriskugarritasun arazoak gehitu behar zaizkie. Hainbat kasutan, karga-desplazamenduak gertatu izan dira bihurgunea hartzean. Azkeneko kasuan, karga galtzadara erori zen, eta, ondorioz, zirkulazioa eten egin behar izan zuten, hainbat orduz, bi noranzkoetan (ondoriozko eragozpenak eraginda bai enpresei, bai herritarrei). Kokapenaren geometria dela-eta deserosoa eta arriskutsua da bi ibilgailu gurutzatzea; baita astun bat arin batekin gurutzatzea ere. Izaten diren gertakariak eta istripuak ez dira bereziki larriak, gehienbat alboetako marruskadurak baitira.
Errepideak aipatutako enpresa-parkeari eta Itziar auzoari ematen die zerbitzua. Beraz, helburua da ekoizpen-sare industrialaren konexioak hobetzea, bai eta errepide hori erabili behar duten herritarren segurtasuna hobetzea ere. Proiektatutako aldaketei esker, nabarmen hobetuko dira segurtasun-baldintzak, eta alboetako istripuak izateko arriskua murriztuko da (gaur egun ez da garrantzi gutxikoa).
Departamentu honek, errepideen foru-sarearen segurtasuna hobetzeko etengabe garatzen dituen jarduketen parte da proiektua, eta jarduera horiek gizarte osoaren onerako dira. Jarduketa horri ekitea Udalak, inguruko enpresa-sareak eta Itziarko bizilagunek eskatu dute. Izan ere, esan bezala, galtzadaren plataforma zabaldu egingo da, espaloi bat jasota, eta, espaloi horri esker konektatu ahal izango dira auzoa eta Itziar jatetxearen zabalgunea (N-634 errepidean dago eta garraio publikoko lineak bertan gelditzen dira). Horrela, oinezkoentzako konexio segurua lortuko da Itziarko hirigunearekin.
Laburbilduz, urgentzia justifikatzen duten arrazoiak honako hauek dira: bihurgunearen egungo egoerak oztopoa dakar industrialdera sartzen diren garraio berezientzako eta horrek enpresen lehiakortasuna galtzea dakar (arrazoi sozioekonomikoak); goian deskribatu denez, arriskugarritasuna dago, benetakoa eta egiaztatutakoa (segurtasun-arrazoiak; ibilgailuei, salgaiei, oinezkoei eta, oro har, herritarrei dagokionez)».
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.
Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2024ko maiatzaren 7ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu behar dituela Itziar-Deba enpresa-parkerako sarbidea hobetzeko proiektua –Kanalako bihurgunea aldatzea, GI-3210 errepideko 0,200 Kpan– (1-EM-19/2023) burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko maiatzaren 7an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.