Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2024ko maiatzaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2421

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 10ekoa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez erakunde eta enpresetan egitekoak diren diruz lagundutako praktikak erregulatzen baitira eta haietan parte hartzeko deia egiten baitzaie Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatutako «Hirigintza eta Lurralde-ikasketak XLIX. (49) Ikastaroa (2023-2024)» egiten duten ikasleei.

2023an, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak (IVAP) 2023-2024ko «Hirigintza eta Lurralde-ikasketak XLIX. (49) Ikastaroa» egiteko deia egin zuen, IVAPen mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatuta. Ikastaroa 700 ordukoa da, eta deialdi bakar baten barruan egin daiteke, oso-osorik, edo, bestela, modulu teorikoak independenteki osatuz, betiere matrikulatutako deialdiari dagokion ikastaroaren baldintza guztiak beteta. Moduluka antolatutako egitura horri esker, ikasleek beren bizitza profesionalarekin edo pertsonalarekin bateratu dezakete ikastaroa, prestakuntza modu jarraituan edo moduluka egin baitezakete.

Ikastaro horren egituraren arabera, 420 orduko praktikaldia egin dezakete erakundeetan edo enpresetan, azken 8 urteetan hirigintza-alorrean 48 hilabetetik beherako esperientzia praktikoa duten ikasleek. Praktikaldi hori ez da nahitaezkoa izango LHIEEk antolatutako «Hirigintza eta Lurralde-ikasketak XLIX. (49) Ikastaroaren» Hirigintza Diploma lortzeko.

Kontuan hartuta ikastaroaren garrantzia, egitura eta kostua, aurretik egin diren edizioetan izandako esperientziak agerian uzten du praktikaldi hori egitea eskatzen duten ikasleek laguntza ekonomikoa behar dutela praktikaldia erabat garatzeko, eta, horregatik, erabaki da «Hirigintza eta Lurralde-ikasketak XLIX. (49) Ikastaroaren» praktikaldia egiten duten ikasleei laguntza ekonomikoa ematea.

«Hirigintza eta Lurralde-ikasketak XLIX. (49) Ikastaroaren» praktikaldia diruz laguntzen denez, ikastaro horretan sartzeko merezimendu-lehiaketarako deialdia Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren 2024ko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barneko dirulaguntzen lerro gisa ezartzen da, IVAPeko web orriko "Gardentasuna" atalean argitaratuta dago eta hiri-ordenamenduarekin eta hirigintzarekin lotutako arloetan diharduten pertsonen prestakuntza eta birziklatzea bultzatzeko xedea du, ikastaroan zehar ikasitakoa praktikan jarriz.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta dirulaguntzei buruz indarrean dauden legeak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta bertan ezarritako gainontzeko araubide juridikoa, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea erakunde eta enpresetan egitekoak diren diruz lagundutako praktikak erregulatzea eta haietan parte hartzeko deialdia egitea IVAP Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren mendeko LHIEE - Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatutako «Hirigintza eta Lurralde-ikasketak XLIX. (49) Ikastaroa (2023-2024)» egiten duten ikasleei.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen honen aurka, ez baitu amaitzen administrazio-bidea. Betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera jar daiteke, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita hilabete igaro baino lehen. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari aurkez dakioke, edo, bestela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete igarotzen badira ebazpen espresurik eman gabe, ezetsitzat hartu beharko da, eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 10a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEŃA ZENEKORTA.

I. ERANSKINA
IVAP ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN EUSKAL INSTITUTUKO ZUZENDARIAREN EBAZPENARENA, ZEINAREN BIDEZ ERAKUNDE ETA ENPRESETAKO DIRUZ LAGUNDUTAKO PRAKTIKAK ERREGULATZEN BAITIRA ETA HAIETAN PARTE HARTZEKO DEIA EGITEN BAITZAIE ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN EUSKAL INSTITUTUAREN MENDEKO LHIEE LURRALDE ETA HIRI IKASKETETARAKO EUSKAL ESKOLAK ANTOLATUTAKO «HIRIGINTZA ETA LURRALDE IKASKETAK XLIX (49) IKASTAROA (2023-2024)» EGITEN DUTEN IKASLEEI
OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen xedea da «2023-2024ko Hirigintza eta Lurralde-ikasketak XLIX. (49) Ikastaroari» dagozkion diruz lagundutako praktiken oinarriak erregulatzea. Ikastaro hori IVAP - Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren mendeko LHIEE - Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatu zuen.

Deialdi hori ikastaro horretako ikasleen arteko norgehiagoka-araubidearen bitartez gauzatzen da.

Bigarrena.– Laguntzen kopurua eta zenbatekoa.

Gehienez ere, 30.800 euro emango dira «Hirigintza eta Lurralde-ikasketak XLIX. (49) Ikastaroaren» praktikaldiari lotutako dirulaguntzetarako.

Deialdi honetan esleitutako laguntza guztiak zenbateko berekoak izango dira; hala, kopuru zehatza kalkulatzeko, laguntza esleitu zaien ikastaroko ikasleen artean hainbanatuko da arestian adierazitako zenbatekoa, baina laguntza bakoitza ez da 3.105 euro gordinetik gorakoa izango. Zenbateko horretatik honako hau deskontatuko da: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, zergaren araudiaren arabera dagokiokeenaren arabera.

Betiere arestian adierazitako muga ekonomikoen barnean egonik, laguntza-kopurua honako hauen araberakoa izango da:

a) Ikasleak praktikaldian hartu nahi dituzten erakundeen edo enpresen eskabideak nahikoak izatea.

b) Eskatzaileen kopurua erakundeek eta enpresek eskainitako praktikaldiaren ezaugarrietara egokitzea, batetik, haien lanbide-arloari dagokionez eta, bestetik, praktikak egingo diren unitatearen lan-hizkuntzari dagokionez; betiere, kontuan hartuta praktikaldien helmugak esleitzeko lehentasun-ordena.

Hirugarrena.– Parte-hartzaileek bete beharrekoak.

Deialdi honetan parte hartzeko, eskatzaileek «Hirigintza eta Lurralde-ikasketak XLIX. (49) Ikastaroko» ikasleak izan behar dute, eta, ikastaroa amaitzean, honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Honako kasu hauetako baten batean egotea «Hirigintza eta Lurralde-ikasketak XLIX. (49) Ikastaroan» parte hartzeari dagokionez:

«2023-2024ko Hirigintza eta Lurralde-ikasketak XLIX. (49) Ikastaro» osoko ikaslea izatea eta ikastaroaren eskola-modulu guztiak gaindituta izatea ikastaroa bukatutakoan.

2023-2024ko ikasturtean modulu bat edo batzuk gaindituta izatea, eta aurreko hamar deialdietan gainditutakoekin batuz, ikasleak ikastaroa osorik gaindituta izatea.

Salbuespen gisa, «Hirigintzako XLVIII. (48) Ikastaroari» dagozkion diruz lagundutako praktiken aurreko deialdian eskatutako betekizunak bete izana baina praktikak eskatzeko edo egiteko aukerarik eduki ez izana, haurdunaldia dela-eta edo erditzea, adopzioa, harrera, gurasotasuna edota behar bezala justifikatutako gaixotasun larria dela-eta. Kasu horretan, eskaera egitean, kasuan kasuko egitateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena egin beharko du interesdunak.

b) Azken 8 urteetan 48 hilabete baino gutxiagoko esperientzia profesionala izatea hirigintza-arloan.

c) Praktikak egiteko eskatzen den lanbide-jardunaren arloaren araberako titulazioa izatea.

IVAPen 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna edo beste titulu/ziurtagiri baliokideren bat dutela frogatu beharko da, praktikak egiteko eskaintzen duten unitateko lan-hizkuntza euskara edo euskara eta gaztelania dela adierazten duten enpresetan edo erakundeetan praktikaldia egiteko.

d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.d) eta f) puntuetan ezarritako betebeharrak.

Laugarrena.– Baztertzeko kausak.

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen bat izatea, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean jasotakoa barne.

b) Eskatutako praktikak finantzatzeko dirulaguntza publiko edo pribaturen bat jasotzea.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharretan egunean ez egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen 1/2021 Dekretuaren xedapen gehigarriak ezarritako irizpideren arabera.

d) Egunean ez edukitzea indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edota Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

e) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluak adierazitako beste edozein kausa.

Bosgarrena.– Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

Praktikaldian dauden ikasleak Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartuko dira, prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonei buruz Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak eta betebeharrak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuak araututako moduan eta baldintzetan, eta Gizarte Segurantzako sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko.

Seigarrena.– Aseguruak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak aseguru bana egingo die praktiketako ikasleei istripu-arriskurako eta erantzukizun zibilerako.

Zazpigarrena.– Diruz lagundutako praktikaldien esleipendunen betebeharrak.

a) «Hirigintza eta Lurralde-ikasketak XLIX. (49) Ikastaroa» osatzen duten ikasgaien esparruan praktikak egitea (420 orduko praktikaldia), dagokion espezializazio akademiko eta profesionalari jarraikiz eta, tutore baten bitartez, erakunde edo enpresa jasotzaileak emandako eginkizunak betez.

b) Praktika hori behin ikastaroa bukatuta egingo da, LHIEE - Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak eta praktikak egingo diren erakundeak/enpresak zehaztutako hasiera- eta amaiera-egunen arabera, eta erakundearen/enpresaren lan-ordutegian, betiere erakundearen/enpresaren lan-ordutegiak praktikaldi osoa egitea ahalbidetzen badio ikasleari (gutxienez lau ordu, eta gehienez sei ordu egunean).

c) Lanbide-arauak betetzea, sekretu profesionala eta datu pertsonalen babesa barnean hartuta, hala ere, ezin zaie lanbide-erantzukizunik ezarri praktiken garapenagatik.

d) IVAPeko eta LHIEEko kideekin biltzea, eskatzen zaienean.

e) Udal edo enpresa jasotzailean egindako lanari buruzko bi txosten egitea eta LHIEEn aurkeztea; txosten horietako bat, ikastaroa hasi eta 3 astera aurkeztu beharko dute; eta bestea, praktikaldi osoari buruzkoa, praktikaldia bukatu eta bost eguneko epean.

f) Ebaluazio positiboa izatea praktiken tutoreak egindako txostenean, praktikaldian dagoen pertsonak egindako lana, praktikaldiaren aprobetxamendua, hark erakutsitako prestaketa-maila eta lan horren ebaluazioa jasotzen dituen txostenean, hain zuzen.

g) Idazki bidez, praktikaldia osorik egiteari uko egitea, deialdi honen hamabigarren oinarrian ezarritako moduan eta epean.

Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluaren arabera, laguntza horien pertsona jasotzaileek honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.

c) Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

d) Beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea entitate emaileari.

Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea entitate emaileari.

Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeari buruzkoak ere, betetzen dituztela egiaztatzea dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

i) 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak betetzea.

j) 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari berreskuratzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari berreskuratzea.

k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan

l) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

Zortzigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Aurkezteko modua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimakiaren bitartez soilik egingo da eskabidea (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047107/z16-a3prevet/eu/). Eskabide-inprimakiek erantzukizunpeko adierazpen bat jaso beharko dute, deialdian parte hartzea galarazten duten inguruabarrak (bosgarren oinarrian xehatuak) gertatzen ez direla ziurtatzeko. Inprimakiok nahitaez erabili beharrekoak izango dira.

Eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren egoitza elektronikoak onartutako edozein sistema erabiliz identifika eta sina badezake (https://euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak).

Eskatzailea ez bada identifikazio elektroniko bitartekoren bidez identifikatu, eskabidea bete eta amaitu ostean, eta eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa aurkeztu ondoren eskabidearen inprimaki ofiziala lortuko da papereko euskarrian, eta eskabide-inprimaki hori sinatuta honako bulego hauetako edozeinetan aurkeztuko da:

IVAPen bulegoetan:

Bizkaia (Recalde zumarkalea 18, 1.a, 48009 Bilbao).

Gipuzkoa (San Bartolome 28, 20007 Donostia).

Araba (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

«Zuzenean» herritarren zerbitzuko bulegoetan:

Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao).

Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia).

Araba (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz).

Zuzenean zerbitzuan eskabideak aurkezteko, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/aurrrez-aurreko-arreta

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako lekuetatik edozeinetan.

Erabiltzaileak emandako identifikazio-datuak benetakoak direla egiaztatzeko, identitatea kontsultatzeko eta egiaztatzeko zerbitzua erabiliko da.

2.– Eskabideari erantsi beharreko agiriak.

a) Curriculum vitae eguneratua, pdf formatuan.

b) Lan-bizitza.

3.– Eskabidean alegatu beharreko agiriak.

Praktikaldirako erakunde/enpresek adierazten badute haien unitateko lan-hizkuntza euskara dela, erakunde/enpresa horietan praktikak egitea eskatzen dutenek IVAPen 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna edo beste titulu/ziurtagiri baliokideren bat dutela frogatu beharko dute.

Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak ezarritakoaren arabera Administrazioak datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez egiaztatu ahal izango du betebeharrak betetzen direla, eta interesduna ados ez badago espresuki adierazi beharko du.

IVAPek elektronikoki kontsultatuko du agiri hori, bi salbuespenekin: ezinezkoa izatea IVAPek datua lortzea edo egiaztatzea –kasu horretan, ezintasuna egiaztatu ondoren, interesdunei aurkezteko eskatuko zaie–; edo interesdunak berariaz aurka egiten badu espresuki eskaera-orrian –kasu horretan dokumentua aurkeztu beharko du–.

4.– Aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

5.– Eskabideak zuzentzea.

Eskabideak ez baditu betetzen oinarri erregulatzaileetan ezarritako betekizunak, eskabidea zuzentzeko errekerituko dio organo eskudunak interesdunari, eta gehienez hamar eguneko epea emango dio horretarako. Horrez gain, adieraziko dio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela pentsatuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren.

Bederatzigarrena.– Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetako eskaeren balioespen-batzordea LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren Kontseilu Errektorea da.

Laguntzen kudeaketa IVAPeko Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzaren mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak egingo du.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntza IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez emango da.

1.– Enpresaren edo erakundearen esleipenean ordena ezartzeko baremoa.

Praktikak egiteko enpresa edo erakundea eta unitatearen esleipena eskatzaileen lehentasun-hurrenkeraren arabera ezarriko da, «Hirigintza eta Lurralde-ikasketak XLIX. (49) Ikastaroaren» moduluetan osotara lortutako notaren arabera, betiere unibertsitateko titulazioaren eta hizkuntza-eskakizunaren baldintzak betetzen badituzte. Lehentasunik handiena puntuaziorik handieneko pertsonak izango du, eta, hortik aurrera, puntu gehien lortu duenetik gutxien lortu duenera izango da hurrenkera.

Unitateren batean praktikaldiak eskaini dituzten enpresen eta erakundeen zerrenda eskatzaileei jakinaraziko zaie.

Unitateren batean praktikaldiak eskaini dituzten enpresen/erakundeen zerrendan adierazi beharko da erakunde/enpresa horietako bakoitzak zer lanbide-arlotan eskaintzen dituen praktikaldi horiek, zuzenbidean, arkitekturan edo ingurumenean; horrez gain, ikasleek unitate horretan praktikaldiak zer lan-hizkuntzatan egingo dituzten ere zehaztu beharko da.

Interesdunek idatziz adierazi beharko dute, egoitza elektronikoko «Nire karpeta» baliatuta, eskainitako praktiken eta praktika-guneen artetik zein den beren lehentasun-ordena; horretarako, bost egun baliodun izango dituzte, eskainitako praktiken zerrenda jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Horri dagokionez, enpresek/erakundeek eskainitako praktikaldietarako eskabideak ez dira kontuan hartuko baldin eta:

a) Eskatzailearen titulazio akademikoarekin bat ez datorren lanbide-arloren baterako eskabidea bada.

b) Eskatzaileak eskabidean euskara lan-hizkuntza duen unitatea aukeratu badu baina ez badu frogatu IVAPen 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna edo titulu/ziurtagiri baliokideren bat duela.

Puntuazioetan berdinketaren bat gertatuz gero, dela praktikaldien esleipenean dela praktikaldietarako enpresaren/erakundearen esleipenean, modulu bakoitzean berdindu duten pertsonen puntuazioei erreparatuko zaie berdinketa hausteko, moduluen iraupenari begiratuta: lehendabizi, ordu gehieneko moduluan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela jarraituko da, iraupen laburrenekoraino.

2.– Eskabideen balioespena.

I.– Deialdi honen esparruan, balioespen-batzordeak honako zeregin hauek izango ditu:

a) Deialdi honetan parte hartzeko eskatzaile onartuen eta baztertuen zerrenda proposatzea.

b) Aurkeztutako eskabideak balioestea, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Zuzendaritzan diruz lagundutako praktikaldien esleipen-proposamena eta praktikaldi bakoitzari dagokion enpresaren/erakundearen esleipena aurkezteko; halaber, ordezkoen zerrenda ere aurkeztuko da, puntuazio-hurrenkeran.

II.– LHIEE - Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren Kontseilu Errektorea honako hauek osatzen dute gaur egun:

– Lehendakaria: Nagore Alberdi Berasaluze (IVAPeko idazkari nagusia).

–·Lehendakariordea: Ignacio de la Puerta Rueda (Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila).

– Kideak:

Tomás Orallo Quiroga (Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko ordezkaria).

Jon Asua Aberasturi (Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko ordezkaria).

Jesús María Erquicia Olaciregui (IVAPeko ordezkaria).

Idazkaria: Nekane Ribado Vitorica. IVAPeko prestakuntza- eta dokumentazio-kudeatzailea.

Balioespen Batzordeak botoen gehiengo sinple bidez hartuko ditu erabakiak. Kontseilu Errektorea kide anitzeko organoa denez gero, oinarri hauetan espresuki bildu gabeko edozein alderdi finkatzeko araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15-18. artikuluek osatuko dute.

3.– Esleipen-proposamena

LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren Kontseilu Errektoreak egindako ebaluazioaren emaitzak kontuan hartuta,, IVAPeko Koordinazio eta Kudeaketako idazkariaren mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamena interesdunei jakinaraziko zaie, balizko onuradunek onar dezaten 5 eguneko epean. Onartzen ez duen kasuan, onuradun gisa proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

Hamargarrena.– Diruz lagundutako praktikaldien esleipena.

IVAP - Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak, ebazpen bidez, diruz lagundutako praktikaldiak eta haietako bakoitzari dagokion enpresa/erakundea esleituko ditu, laguntzen zenbatekoa zehaztuko du edo, hala badagokio, deialdia erabat edo partzialki huts deklaratuko du.

Ebazpen horretan, hauek finkatuko dira: zein diren praktikaldien esleipendunak; zer enpresa edo erakunde dagokion praktikaldi bakoitzari; zenbatekoa izango den laguntza, eta zein izango diren diruz lagundutako praktikaldietarako ordezkoak, puntuazio-hurrenkerari jarraikiz. Ebazpena arrazoitua izango da, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluak ezartzen dituen baldintzak beteko ditu."

Prozeduraren ebazpena interesdunei jakinarazi, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Hamaikagarrena.– Laguntzak ordaintzea.

Praktikaldietarako dirulaguntza ordainketa bakar baten bidez gauzatuko da, praktikaldia amaitu ondoren.

Dirulaguntza ordaintzeko, esleipendunak ezinbestean bete beharko ditu deialdi honen zortzigarren oinarrian aurreikusitako betebeharrak eta nahitaez lortu beharko du balioespen positiboa, praktikaldiaren aprobetxamenduari dagokionez, praktiken tutoreak emandako txostenean; txosten horretan jasoko da praktikaldian egon den pertsonak egindako lana, pertsona horrek erakutsitako prestaketa-maila eta egin duen lanaren balioespena.

Laguntzaren ordainketa partziala ere onar daiteke, baldin eta praktikaldia oso-osorik ez egin izanaren kausa enpresari edo eta erakundeari leporatzekoa bada. Kasu horretan, dirulaguntza partzialki jasotzeko, tutorearen txostenean balioespen positiboa jaso behar du praktikaldian egon den pertsonak, egindako lanari, erakutsitako prestaketa-mailari eta egindako lanaren balioespen orokorrari dagokienez. Jasotako laguntza, kasu horretan, praktikaldiak benetan iraun duenarekiko proportzionala izango da.

Salbuespen gisa, laguntzaren ordainketa partziala ere onar daiteke, baldin eta praktikaldia osorik ez egin izanaren kausa honako bat da: haurdunaldia, erditzea, adopzioa, harrera, gurasotasuna edota behar bezala justifikatutako gaixotasun larria.

Esleipendunak bere betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza baliogabetu egingo da, eta esleipenaren ondoriozko eskubide guztiak galduko ditu pertsona horrek.

Emandako dirulaguntzak itzuli behar izanez gero, bi xedapen hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

Dirulaguntza eta atzerapen interesak itzultzeko arrazoiak direla-eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluak ezarritakoa aplikatuko da.

Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, eta, edozein kasutan, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Hamabigarrena.– Diruz lagundutako praktikaldiari uko egitea eta ordezkapenak.

Esleipendunak diruz lagundutako praktikaldiari uko egiten badio, idatzi baten bidez jakinarazi beharko du, eta esleipenaren ondoriozko eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu. Uko egitea beste izapiderik gabe onartuko da.

Denbora-inguruabarrak kontuan hartuz, beste esleipendun batek praktikaldia 2024ko azken lauhilekoan osa badezake, IVAP - Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak ordezkoei esleituko die diruz lagundutako praktikaldia, puntuazio-hurrenkerari jarraikiz.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, esleipendunak ukoa esanbidez jakinarazten ez badu praktikaldia benetan eten denetik bost eguneko denbora-tartean, eta etete hori ezin bazaie leporatu, ez enpresa edo erakundeari, ez IVAPi, esleitutako laguntza baliogabetu egingo da, eta esleipendunak esleipenaren ondoriozko eskubide guztiak galduko ditu.

Hamahirugarrena.– Kontratu- eta lan-betebeharrik eza, ez IVAP - Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarekin, ez erakunde edo enpresa laguntzailearekin.

Deialdi honetako diruz lagundutako praktikaldiaren esleipenak –eta praktika-egileak erakundean/enpresan egiten duen egonaldiak eta jarduerak– ez dakar inolako kontratu- edo lan-loturarik IVAPen –zeinaren mendekoa baita LHIEE– eta dirulaguntzaren jasotzailearen artean, ez eta praktikaldia egiteko enpresaren edo erakundearen eta dirulaguntzaren jasotzailearen artean ere.

Hamalaugarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdi honen ebazpenaren indarraldia hasten denetik sei hilabete igaro eta deialdiaren Interneteko helbidean laguntzak esleitzeko inolako ebazpenik argitaratu ez bada, pertsona interesdunek ezetsitzat jo beharko izango dute eskabidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Prestakuntza eta hobekuntza.

Arduraduna: IVAP

Helburua: deialdi honen kudeaketa.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko.

Hartzaileak: foru-aldundiak, toki administrazioko beste organo batzuk, EAEko beste organo batzuk, EAEko administrazio publikoetan langile-kontuetan eskudun diren organismoak, praktikak garatzen dituzten EAEko administrazio publiko eta entitateak eta aldizkari ofiziala. Datu pertsonalak ez dira lagako, lege-betebeharra existitzen ez bada.

Eskubideak: datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021300-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala