Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2024ko maiatzaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2420

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 10ekoa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, erakundeentzako eta enpresentzako deialdia irekitzen duena, praktikak egingo dituzten ikasleak har ditzaten, IVAPen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIX. (49) Ikastaroa»ren esparruan (2023-2024).

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak (IVAP), 2023an, ikastaro honetarako deialdia egin zuen: «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIX. (49) ikastaroa» (2023-2024), IVAPen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolak antolatutakoa. Ikastaroa, zeina 700 ordukoa baita, deialdi bakar baten barruan egin ahal izango da oso-osorik edo, bestela, modulu teorikoak independenteki egin ahal izango dira, eta, horretarako, matrikulatutako deialdiari dagokion ikastaroaren baldintza guztiak bete behar dira. Moduluko egitura horren bidez, bertaratuek egokitu egin ahal izango dute ikastaroaren erritmoa beren jardun profesional eta/edo pertsonalera, aukera ematen baitzaie prestakuntza etenik gabe edo moduluka egin dezaten.

Ikastaro horren egituraren arabera, azken 8 urteetan hirigintza-alorrean 48 praktika-hilabete baino gutxiago egin dituzten ikasleek 420 orduko praktikaldia egin dezakete, erakundeetan eta/edo enpresetan. Praktikaldi hori ez da derrigorrezkoa LHIEEren «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIX. (49) ikastaroa»ri dagokion «Hirigintza diploma» lortzeko.

Ikastaroan zehar jasotako ikaskuntza teoriko-praktikoa osatzeko xedea dauka praktikaldi horrek; beraz, gaikuntza eta trebetasun praktikoak eskuratzeko aukera ematen zaie praktika horiek egiten dituzten pertsonei, ikastaroaren edukien eremuan, erakundeetako eta enpresetako lan profesionaletan lagunduz.

Hirigintzaren eta lurralde- eta hiri-ikasketen eremuan, are nabarmenagoa da prestakuntza praktikoaren beharra, eremu konplexua izateaz gain, guztiz zeharkako gaia baita enpresa askoren jardueran, eta, zalantzarik gabe, administrazio publikoen jardueran.

Praktikaldian dauden pertsonak hartuz erakunde eta/edo enpresa hauek erakusten duten lankidetzak gizarte-balio handia ematen die haien ekimenari; horrela, guztien ahalegina batuz, kalitatea eta prestakuntza praktikoa emango diete hirigintzako etorkizuneko profesionalei.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Irekitzat deklaratzea erakundeek eta enpresek ikasleak praktiketan hartzeko deialdia, IVAPen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIX. (49) Ikastaroa»ren esparruan (2023-2024).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz. Hilabeteko epea izango da horretarako, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke, edota, bestela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, errekurtsoa ezetsitzat hartu ahal izango da, eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 10a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

ERANSKINA
ERAKUNDEEK ETA ENPRESEK «HIRIGINTZA ETA LURRALDE IKASKETAK XLIX. (49) IKASTAROA» EGITEN DUTEN IKASLEAK PRAKTIKETAN HARTZEKO DEIALDIA IREKITZEN DUEN EBAZPENARENA. IKASTARO HORI LHIEE LURRALDE ETA HIRI IKASKETETARAKO EUSKAL ESKOLAK ANTOLATU DU, 2023-2024 IKASTURTERAKO
OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen helburua da, batetik, erakundeentzako eta enpresentzako deialdia irekitzea, praktikak egingo dituzten ikasleak har ditzaten, LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak 2023-2024 ikasturterako antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIX. (49) Ikastaroa»ren esparruan, eta, bestetik, praktika horien ezaugarrien berri eta praktika horien esparruaren berri ematea erakundeei eta enpresei, praktikaldiak formalizatzeko eta garatzeko oinarriak ezartzearekin batera.

Bigarrena.– Praktiken ezaugarriak.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren Ebazpenaren bidez araututa dago praktikaldi hori ikasleentzat. Ebazpen horren bidez, erakunde edo enpresetako diruz lagundutako praktikak erregulatu eta haietan parte hartzeko deia egiten zaie Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIX. (49) Ikastaroa» (2023-2024) egiten duten ikasleei.

Praktikak borondatezkoak dira, eta ezaugarri hauek dituzte:

a) LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIX. (49) Ikastaroa»ren ikasleei zuzenduta daude (700 orduko ikastaroa) eta, parte hartzeko, sei eskola-moduluak gaindituta izan behar dituzte.

b) Ikasleek, praktikak eskatu eta egin ahal izateko, azken 8 urteetan, 48 hilabete baino gutxiagoko hirigintza-arloko praktika izan behar dute.

c) Praktikaldia 420 ordukoa da, eta urteko azken hiruhilekoan egingo da. LHIEEk eta praktikak egingo diren erakundeak/enpresak zehaztuko dute hasteko eguna, eta 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaituko da. Halaber, erakundearen/enpresaren lan-ordutegiaren araberakoa izango da praktikaldia, betiere, erakundearen/enpresaren lan-ordutegiak ikasleari ahalbidetzen badio praktikaldi osoa egitea gutxienez lau orduko eta gehienez sei orduko derrigorrezko lanaldi batekin.

d) Praktiken xedea da ikastaroan eskuratutako ezagutzak eta trebetasunak abian jartzea, praktiken enpresa edo erakunde hartzaileko lanak egiten lagunduz.

e) IVAPek dirulaguntza ematen du praktikaldirako. 2024ko ekitaldian, 30.800 euro erabiliko dira, gehienez. Zenbateko horretatik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipenak eta konturako ordainketak deskontatuko dira. Deialdi honetan esleitutako laguntza guztiak zenbateko berekoak izango dira. Arestian adierazitako zenbatekoa laguntza esleitu zaien ikastaroko ikasleen kopuruaren artean hainbanatuta kalkulatuko da kopuru zehatza, baina laguntza gordin bakoitza ez da sekula 3.105 eurotik gorakoa izango.

f) Praktikaldian dauden ikasleak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartuko dira, IVAPen kargura, prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonei buruz Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak eta betebeharrak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuak araututako moduan eta baldintzetan, eta Gizarte Segurantzako sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko.

g) Erakundeko/enpresako pertsona bat izango da praktiketan arituko den pertsonaren tutorea.

h) Honako hauen arabera hartuko dira praktiketako ikasleak: praktikak egin nahi dituzten ikasleen kopurua, ikasle horiek harrera-enpresen eta -erakundeen zehaztapenak betetzea (espezialitate profesionalari eta praktikak egiteko hizkuntzari dagokienez) eta praktikak egingo dituzten pertsonek destino posibleen artean egiten duten aukeraketa.

Hirugarrena.– Ez dago kontratu-obligaziorik praktikak egiten diren enpresaren edo erakundearen eta praktikak egiten dituen pertsonaren artean.

Enpresak edo erakundeak praktikak egiteko pertsona bat onartzeak –edo praktikaldian dagoen pertsonak erakundean/enpresan egiten duen egonaldiak eta jarduerak– ez dakar inolako kontratu-loturarik Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren (IVAP) eta dirulaguntzaren jasotzailearen artean, ez eta praktikaldia egiteko enpresaren eta/edo erakundearen eta dirulaguntzaren jasotzailearen artean ere.

Laugarrena.– Enpresa/erakunde hartzailearen egitekoak eta obligazioak.

a) Praktikak egiten dituenari aukera ematea praktikak egiten diren unitateko eremu profesionalean eta bere espezialitate profesionalaren eremuan laguntzeko.

b) Praktiken tutoretza-lanak egingo dituen pertsona izendatzea. Horrek gidatu eta gainbegiratuko du praktiken garapena. Horretarako, tutoreak txosten bat egingo du, eta, bertan, praktiketan hartutako pertsonak egin duen lana, erakutsi duen prestakuntza-maila eta lan horren gaineko balorazioa adieraziko ditu. Gero, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolara bidaliko du txostena, gehienez ere hiru eguneko epean, praktikaldia amaitzen denetik hasita.

c) IVAPi jakinaraztea praktikaldia betetzeari dagokionez sor daitezkeen gorabeherak –uko egitea, ezintasuna eta antzekoak–.

Bosgarrena.– Praktiketako pertsona bat hartzea eskatzen duten erakundeen/enpresen betekizunak:

a) Hirigintzaren, lurralde-plangintzaren eta ingurumenaren eremuko unitate espezifikoa eta horri atxikitako langileak edukitzea.

b) Praktikak egiten dituenaren tutore-lanak egiteko pertsonaren bat edukitzea praktikaldian, pertsona horrek enpresan betetzen duen espezialitate profesionala eta praktiketako ikaslearen espezialitate profesionala kontuan hartuta.

c) Praktiketako pertsona bat hartzeko eskabidea aurkeztea, hurrengo oinarrian adierazten den moduan eta epean.

Seigarrena.– Eskabideak aurkeztea, betekizunak, epea eta zuzentzea.

Deialdi honen arabera pertsonak praktiketan hartzeko interesa duten entitateek izapidetze elektronikoaren bitartez aurkeztu behar dituzte eskabideak, honako helbide elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047207/z16-a3prevet/eu/

1.– Eskaeran, datu hauek jasotzen dira:

a) Erakunde edo enpresa eskatzailearen identifikazioa eta zein unitaterako eskatzen den praktiketako ikaslea.

b) Eskatzen den ikaslearen espezialitatea: juridikoa, arkitektura, ingurumena, edo besteren bat

c) Erantzukizunpeko adierazpena, entitateak hirigintzaren, lurralde-plangintzaren eta ingurumenaren eremuko unitate espezifikoa eta horri atxikitako langileak dituela adieraziz.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, entitateak, praktikaldian, praktikak egiten dituenaren tutore-lanak egiteko pertsonaren bat duela adieraziz, pertsona horrek enpresan betetzen duen espezialitate profesionala eta praktiketako ikaslearen espezialitate profesionala kontuan hartuta.

e) Praktikak egingo diren unitatean lanerako zein hizkuntza erabiltzen den: euskara, gaztelania edo euskara eta gaztelania.

2.– Eskabideak aurkezteko baldintzak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzean erabilgarri dauden ziurtagiri elektronikoak onartuko dira. Ziurtagiri horiek Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/ kontsulta daitezke, «Izapideak/Identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak» atalean.

Hori dela-eta, erakunde eskatzaileek erakundearen ziurtagiri elektronikoarekin identifikatu beharko dute beren burua.

Izapidea ordezkari baten bidez egiten bada, ordezkaritza-agiria aurkeztu beharko du horrek.

Pertsona fisikoaren ziurtagiri batekin identifikatuz gero eta ordezkarien erregistro elektronikoan alta eman gabe egonez gero:

a) Erakundea legez ordezkatzeko, notarioaren bidez egiaztatutako sinadura jasotzen duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua aurkeztu beharko du (PDF formatuan).

b) Borondatezko ordezkaritzarako, legezko ordezkaritza boluntarioa esleitzeko inprimaki normalizatua aurkeztu beharko du.

Erakunde publiko baten izenean jarduteko, eskuduntzak eskuordetzeko inprimaki normalizatua aurkeztu beharko du, edo eskaera aurkezteko eta prozedurak eskatzen dituen kudeaketak egiteko baimena duela egiaztatzen duen bestelako edozein dokumentu. Bietan, eskaerari erantsi beharko zaizkio inprimakiak.

3.– Aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.– Eskabideak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, aurkeztu beharreko eskabideak eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, eskatzaileak 10 egun balioduneko epea izango du akats hori zuzendu edo eskatutako dokumentuak aurkezteko. Horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela joko da, Administrazioak ebazpen espresua eman eta jakinarazi ondoren.

5.– Gainerako izapideak.

Espedienteetara sartzeko eta horien izapidetzea eta jarraipena egiteko, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera sartu behar da.

Zazpigarrena.– Praktikak egitea eskatu duten pertsonei eta erakunde/enpresa eskatzaileei praktikak esleitzeko prozedura.

Unitateren batean praktikak eskaini dituzten enpresen/erakundeen zerrenda jakinaraziko zaie praktika horiek eskatu dituzten ikasleei.

Ikasleek, Hirigintza eta Lurralde Ikasketak Ikastaroan lortutako puntuazioaren hurrenkeran, praktikak egiteko enpresa/erakundea hautatuko dute, betiere titulazioari eta hizkuntza-unitateari buruzko erakunde/enpresa eskatzailearen baldintzak betetzen badituzte. Hautaketa horretan oinarrituta, praktikaldiko ikasleak eta balizko ordezkotzak jasoko dituzten erakundeak/enpresak zein diren zehazten duen ebazpena emango du IVAPeko zuzendariak.

Diruz lagundutako praktikak esleitzeko edota deialdia hutsik uzteko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Zortzigarrena.– Praktikak egiteko erakundea edo enpresa onartzea.

Praktiketarako destino gisa esleitua izan den erakundeak edo enpresak jakinarazi egin beharko du onartu egiten duela praktikak egingo dituen pertsona, eta onarpen horren berri emango du espreski, telematikoki, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean, jakinarazpena jaso eta 5 eguneko epean.

Onarpen hori formalizatzeko modua eskaintzen da atal horretan, prozedura errazte eta arintze aldera. Hala ere, enpresek eta erakundeek bestelako idazki bat aurkeztu ahalko dute aipatu atalean, konfigurazio juridikoaren arabera bete behar dituzten arauei jarraikiz, praktikak onartzen dituztela eta destino horretan esleitu duten pertsona zehatza onartzen dutela adieraziz.

Bederatzigarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdi honen ebazpenaren indarraldia hasten denetik sei hilabete igarota, erakundeei eta/edo enpresei praktiketako pertsonak esleitzeko ebazpenik argitaratu ez bada deialdiaren Interneteko helbidean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, ezetsitzat jo ahal izango da eskabidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra) pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako legeria betez, jakinarazten dugu datu pertsonalak tratamendu-jarduera honen barruan sartuko direla: «Prestakuntza eta Hobekuntza». Tratamendu horren helburua da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea.

Tratamenduaren arduraduna da Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Zuzendaritza. Datuetarako iristeko eskubidea, datuak zuzentzeko, ezabatzeko edo emateko eskubideak, tratamendua mugatzeko eskubidea, tratamenduari aurka egiteko eskubidea eta emandako adostasuna errebokatzeko eskubidea, edo aplikagarria zaion araudiak arautzen dituen gainerako eskubideak Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Zuzendaritzaren zein Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak Babesteko ordezkariaren aurrean balia daitezke

Ez da aurreikusten datuen lagapenik.

Hemen kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021300-capa2-eu.shtml


Azterketa dokumentala