Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2024ko maiatzaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2419

56/2024 DEKRETUA, maiatzaren 7koa, Asociación Bitartean Jolasean- Entretanto Entretente izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak ezartzen du onura publikokotzat aitortu ahal izango direla Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak, baldin eta, beren jardueren bidez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen betetzen badituzte eta, gainera, artikulu horretan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

Aitorpen hori Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu bidez egiten da, Onura Publikoko Elkarteei eta horien Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren II. kapituluan arautzen den espedientea izapidetu ondoren, eta diskrezionala da, elkarte eskatzaileak garatutako helburuek eta jarduerek merezi duten balorazioaren arabera.

Ildo horretatik, 2023ko abenduaren 28an, Asociación Bitartean Jolasean- Entretanto Entretente izeneko elkarteak aitorpen hori eskatu zuen, Onura Publikoko Elkarteen Babesletzari zuzendutako idazki baten bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/A/13813/2008 zenbakiarekin inskribatuta dago, 2022ko maiatzaren 11ko Ebazpenaren bidez.

Bere funtzioen lurralde-eremuak Euskadi hartzen du, eta, eratu zenetik, bere helburu nagusiak lortzera zuzentzen ditu bere jarduerak eta, bereziki, pertsona guztien giza eskubideak, eskubide sozialak eta politikoak defendatzera, berdintasuna eta parte-hartzea sustatzera eta gizarteratzea eta tokiko eta kulturako garapena bultzatzera.

Onura publikoa aitortzeko eskaerarekin bat egin dute honako erakunde hauek: Oyón-Oiongo Udala, Guardia-Arabako Errioxako Kuadrilla, Ramiro de Maeztu HLHIa, San Bizente Ikastola eta ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sarea / Red Vasca Antirumores.

Bestalde, 2024ko martxoaren 26an eta 2024ko apirilaren 17an, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzak eta Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko Zuzendaritzak elkartea onura publikokoa dela aitortzearen aldeko txosten bana egin zuten: txosten horiek eskatu egin ziren, gaiari buruzko eskumena baitute.

Azkenik, 2024ko apirilaren 18an, aldeko txostena eman zuen Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak, onura publikoko elkarteen babesletzaren arloan eskumena duen eta espedientearen instrukzioaz arduratzen den organoak. Txosten horretan, onura publikoa aitortu aurretik bete beharreko lege- eta erregelamendu-betekizun guztiak betetzen direla justifikatzen da, kasuan kasuko sailek proposatuta.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, bai eta Gobernu Kontseiluak 2024ko maiatzaren 7an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Asociación Bitartean Jolasean- Entretanto Entretente izeneko elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/A/13813/2008 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea eta aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko maiatzaren 7an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala