98. zk., 2024ko maiatzaren 21a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2418
55/2024 DEKRETUA, maiatzaren 7koa, «La Posada de los Abrazos - Besarkatuz» gizarte-bazterketaren aurkako elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak ezartzen du onura publikokotzat aitortu ahal izango direla Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak, baldin eta, beren jardueren bidez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen betetzen badituzte eta, gainera, artikulu horretan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.
Aitorpen hori Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu bidez egiten da, Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren II. kapituluan arautzen den espedientea izapidetu ondoren, eta diskrezionala da, elkarte eskatzaileak garatutako helburuek eta jarduerek merezi duten balorazioaren arabera.
Ildo horretatik, 2023ko abenduaren 21ean, «La Posada de los Abrazos - Besarkatuz» gizarte bazterketaren aurkako elkarteak aitorpen hori eskatu zuen, Onura Publikoko Elkarteen Babesletzari zuzendutako idazki baten bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/11333/2004 zenbakiarekin inskribatuta dago, 2004ko irailaren 7ko Ebazpenaren bidez.
Bizkaiko Lurralde Historikoa da bere jardun-eremua, eta, eratu zenetik, bere helburu nagusia lortzera zuzentzen ditu bere jarduerak, hau da, «politikoki eragitea kategoriarik eta bazterketarik gabeko bizikidetza-eredu baten defentsan eta eraikuntzan, indarkeria matxistarik gabekoan. Eskubide eta aukeretan berdintasunezko gizarte bat sustatu nahi dugu generoari, jatorriari, adinari, kulturari edo arrazari dagokienez, sare-lanaren eta gizartea eraldatzeko hezkuntzaren bidez, horrela eginez, bizi garen lekutik garapenerako lankidetzan laguntzen baitugu ikuspegi feministatik; eta bizikidetzarako eta gizarte-, hezkuntza- eta afektibitate-laguntzarako espazioak eskaini nahi ditugu, bereziki ahalduntze-prozesuetan ari diren emakumeei, hain zuzen, haien ingurunean, familia eremua barne, harreman osasungarriagoak eraikitzeko edo berreraikitzeko ahalduntze-prozesuetan, haien jakintzak aitortuz eta horien transmisioa erraztuz».
Onura publikoa aitortzeko eskaerarekin bat egin dute erakunde hauek: Servicios Socioculturales ASTI SL merkataritza-sozietatea; «Bakuva» elkartea, Kirolaren bidezko gizarteratzea; Bilboko Elizbarrutiko Caritas; Eraikiz Kolektiboa, Parte-hartzearen bidezko inklusio sozialerako berritzea; San Franziskoko «Galtzagorris» Emakumeen Taldea elkartea; Lumaltik Herriak elkartea, Herrialdeen arteko lankidetza eta garapenaren aldeko elkartea; «Mujeres con Voz» elkartea; Munduko Emakumeak/Mujeres del mundo «Babel» elkartea; Munduko Medikuak elkartea; eta Colectiva XXK, Feminismos Pensamiento y Acción elkartea.
Bestalde, 2024ko martxoaren 24an, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak elkartea onura publikokoa dela aitortzearen aldeko txostena eman zuen; txosten hori eskatu egin zen, elkartearen xedeen gaineko eskumena baitu.
Azkenik, 2024ko apirilaren 8an, aldeko txostena eman zuen Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak, onura publikoko elkarteen babesletzaren arloan eskumena duen eta espedientearen instrukzioaz arduratzen den organoak. Txosten horretan, onura publikoa aitortu aurretik bete beharreko lege- eta erregelamendu-betekizun guztiak betetzen direla justifikatzen da, kasuan kasuko sailek proposatuta.
Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, bai eta Gobernu Kontseiluak 2024ko maiatzaren 7an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– «La Posada de los Abrazos - Besarkatuz» gizarte bazterketaren aurkako elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/11333/2004 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea eta aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzea.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko maiatzaren 7an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.