98. zk., 2024ko maiatzaren 21a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (132 KB - 3 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2415
316/2024 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariarena. Honen bidez, argitara ematen da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko asistentzia sanitarioko Zuzendaritzan, Transplanteak koordinatzeko zerbitzuan, Transplanteen Gipuzkoako lurralde Koordinatzailearen lanpostua izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdia.
Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzan (Zuzendaritza Nagusia) Gipuzkoako Transplanteen Lurralde koordinatzailearen lanpostua hutsik dago. Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Giza Baliabideen Zuzendaritza honek lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa egitea erabaki du.
OINARRIAK
Lanpostuaren eginkizunak.
Lanpostuaren eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoko Transplanteen Koordinazio Taldea antolatzen duen Osasun sailburuaren 1992ko martxoaren 10eko Aginduan ezarritakoak izango dira (1992-03-17ko EHAA, 53 zk.).
1.– Parte hartzeko betekizunak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan estatutarioa, funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, eta lanpostua jabetzan izatea Medikuen (A1) /Erizainen (B1) kategorian.
b) Medikuntzako lizentziatura/gradua eta A1 lanbide-taldeko edozein espezialitate izatea, eta OLT edo Erizaintzako Unibertsitate Diplomatura, edo Erizaintzako gradua, 186/2005 Dekretuko I. eranskinean zehaztutakoa betez, uztailaren 19koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituenekoa.
c) Medikuen kategorian (A1)/Erizainen kategorian (B1) gutxienez 4 urteko lan-esperientzia izatea.
d) 2. hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-datarik gabe.
e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuko eta Osakidetzako Euskara Planeko gainerako betekizunak.
2.– Baloratu beharreko merezimenduak.
Arlo hauetako esperientzia eta ezagutzak baloratuko dira:
– Organoak eta ehunak emateko eta transplantatzeko prestakuntza (ikastaroak).
– Esperientzia emaileak detektatzen, ebaluatzen eta mantentzen.
– Berri txarrak komunikatzeko esperientzia.
– Aitzindari hematopoietikoak eta zilbor-hesteko odola emateko jarduketa.
– Talde-lana eta motibazio-lana garatzeko trebetasunak.
Era berean, interesgarritzat jotzen diren eta lanpostu horretan jarduteari balioa eransten dioten merezimendu guztiak aurkeztu ahal izango dira.
3.– Euskararen ezagutza.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta hori garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera baloratuko da.
4.– Eskabideak aurkezteko epea.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideetako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, helbide honetan: Araba kalea 45, Vitoria-Gasteiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako moduan ere aurkeztu ahal izango dira.
Interesdunek eskabidea eta datu pertsonal guztiak bidali beharko dituzte Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz), Curriculum Vitae agiriarekin batera.
Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
– Funtzionarioaren edo estatutupeko langilearen izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratudun langile finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
– Baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
– Kontuan hartu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.
Aurreko paragrafoan adierazitako moduan ez da beharrezkoa izango Osakidetzako CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak egiaztatzea, baina egoera hori izangaiaren eskabidean adierazi beharko da.
5.– Balorazio Batzordea.
Balorazio Batzorde bat eratuko da, Giza Baliabideen Hautaketa eta Horniketako zuzendariordea edo hark eskuordetutako pertsona buru dela, eta, horrez gain, Ospitaleko Arreta Koordinatzeko zuzendariordea, Osakidetzako Transplanteen Koordinatzaile Nagusia eta Horniketa Zerbitzuko burua (idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza eta botoa izango ditu).
Batzordeak, eskaerak baloratu ondoren, hautagaiei jakinaraziko zaizkien eginbide osagarriak egitea erabaki ahal izango du.
Hautagaien balorazioa egin ondoren, eta hura aztertu ondoren, dagokion izendapena formalizatzeko proposamena egingo da. Izangaiak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, epaimahaiak, arrazoitutako txostena egin ondoren, bete gabe uztea proposatu ahal izango du.
Batzordearen bilkura bakoitzaren akta egingo da. Bertan jasoko dira aurkeztutako izangaiak, egindako eginbide osagarriak (halakorik balego) eta lanpostua horietako bati esleitzeko edo, hala badagokio, deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak.
6.– Hautatzeko prozedura.
Inola ere ez dira kontuan hartuko deialdia EHAAn argitaratzen den egunean ez dauden merezimenduak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.
7.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpen bidez amaituko da hemen hasten den prozedura (lanpostua esleitzea edo bete gabe uztea). Ebazpena Osakidetzaren intranetean eta web orri korporatiboan argitaratuko da.
Ebazpen horrek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, bertan besterik xedatzen ez bada.
8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 3a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendaria,
LUISA LARRAURI EREÑOZAGA.