Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2024ko maiatzaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2413

48/2024 DEKRETUA, apirilaren 16koa, Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba umezurtzentzako dirulaguntza arautzen duena.

Bide luzea egin da seme-alaba adingabeak amaren aurkako indarkeriaren zuzeneko biktimatzat har daitezen, eta, hartara, laguntza eta babes osoa behar dutela aitortu dadin.

Azken urteotan, amaren aurkako indarkeriaren lekuko hustzat hartzetik haiek ere indarkeria horren zuzeneko biktimatzat hartzera igaro gara. Ikuspegi-aldaketa horrek legegintza-aurrerapenak ekarri ditu, hala nola Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoa, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 1.2 artikulua aldatu zuena (aurrerantzean 1/2004 Lege Organikoa), zeinaren bidez berariaz aitortu baitzen adingabeak ere familia-harremanen eremuko genero-indarkeriaren biktima direla.

Funtsean, seme-alaba adingabeak amaren aurkako indarkeriaren zuzeneko biktimatzat hartzeko, lehenik eta behin onartu behar da aipatutako indarkeriak adingabeen ongizate emozionalean eta garapen pertsonalean eragina duela eta baldintzatu egiten dituela bi alderdi horiek. Indarkeria-ingurune batean biziz gero, osasun-arazo larriak izan ditzakete adingabe horiek. Horrez gain, erasotzaileek emakumea kaltetzeko eta mendean hartzeko erabili ohi dituzte seme-alaba adingabeak, eta, beraz, argi dago haiek ere biktima direla. Gainera, indarkeria-ingurune batean hazi diren seme-alaba adingabeen zaurgarritasun handia areagotu egiten da ama aitak edo amarekin bizi ala ez harekin bikote-harreman afektiboa izan duen pertsonak hiltzen duenean.

Seme-alaba adingabe horiek beren amen aurkako indarkeriaren zuzeneko biktima direla ikusarazteko, emakumeen aurkako indarkeria matxistako ekintzen ondorioz umezurtz geratu diren adingabe guztiak hartu behar dira kontuan, eta ez bakarrik bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaren ondorioz umezurtz geratu direnak.

Halako krimen traumatikoek min izugarria eragiten dute, haurtzaroa eta nerabezaroa urratu egiten zaielako. Gainera, inpaktu psikologiko eta emozional handia eragiten diete, eta galarazi, beren bizitza bete-betean garatzea. Bakarrik eta babesgabetasun-egoeran geratzen dira, eta goitik behera aldatzen zaie bizitza; izan ere, beste senide batzuekin bizitzera joan behar izaten dute, eta senide horiek gehienetan ez dute baliabide ekonomiko nahikorik izaten arreta egokia emateko, edo, are gogorragoa dena, batzuetan, gizarte-zerbitzuen mende ere geratzen dira adingabeak.

Seme-alaba umezurtz horiek bizitza bete-betean eta askatasunez eta berdintasunez garatuko badute, ezinbestekoa da jasan duten indarkeriak eragindako eta amaren heriotzak areagotutako zaurgarritasun handiko egoera gainditzea eta, ahal den neurrian, erreparazioa jasotzea.

Botere publikoen lehentasunezko betebeharra da seme-alaba umezurtz horiek babestea, hala aitortzen baitu Espainiako Konstituzioak 39. artikuluak. Halaber, haurren eta nerabeen aurkako indarkeriaren kontra borrokatzea giza eskubideen arloko nahitaezko betebeharra da. Hala, 1/2004 Lege Organikoaren zioen azalpenaren arabera, «Botere publikoak ezin dira geldi egon genero-indarkeriaren aurrean, indarkeria horrek beste edozerk baino gehiago erasotzen baititu Espainiako Konstituzioak aldarrikatutako oinarrizko eskubideak, hala nola askatasuna, berdintasuna, bizitza, segurtasuna eta bereizkeriarik eza. Konstituzioaren 9.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, botere publiko horiek dute ekintza positiborako neurriak hartzeko betebeharra, eskubide horiek benetakoak eta eragingarriak izan daitezen, eskubide horien osotasuna eragotzi edo zailtzen dituzten oztopoak kenduz».

Emakumearen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta borrokatzeko Europako Kontseiluaren Hitzarmenak, 2011ko maiatzaren 11koak, eta Espainian 2014an berretsiak, emakumearen aurkako indarkeriaren biktima guztiak ikuspegi integratzaile batetik babesteko esparru orokor bat ezartzen du, zeinean indarkeria horren ondorioz hildako biktimen seme-alabak sartzen baitira.

Bestalde, 2017ko irailean sinatutako Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunak adingabeen laguntza eta babesa areagotzeko neurriak jasotzen ditu 4. ardatzean. Adingabeak berariaz babesteko, lehenengo eta behin, genero-indarkeriaren zuzeneko biktimatzat hartu behar dira; adingabeei laguntza eta babesa emateko neurriak zabaldu eta hobetu behar dira, eta, horretarako, prestazio berriak ezarri behar dira genero-indarkeriaren ondorioz umezurtz geratu direnentzat; adingabeen zaintzari buruzko neurri zibilak berrikusi behar dira; hezkuntza-eremuko indartze-jarduketak sustatu behar dira, eta familia-elkarguneak genero-indarkeriari lotutako kasuetan espezializatzea bultzatu behar da.

Horiek horrela, lege hauetan islatu da, besteak beste, adingabeei laguntza eta babesa emateko neurriak zabaldu eta hobetu izana: Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan, Genero-indarkeriaren eta emakumeen kontrako beste indarkeria mota batzuen biktima izan direnen seme-alaben zurztasun-egoera hobetzeko martxoaren 1eko 3/2019 Legean eta Genero-indarkeriaren biktima diren umezurtzen babesa hobetzeko martxoaren 21eko 2/2022 Lege Organikoan.

Bestalde, Euskadiko Autonomia Estatutuaren 9.1 artikuluak Espainiako Konstituzioan xedatutakora jotzen du berdintasunerako eta sexuagatiko diskriminaziorik ez izateko eskubidea aldarrikatzeko. Esparru horretan txertatzen da martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena (aurrerantzean, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina). Lege horretan, lehentasunezko helburutzat ezartzen da haur eta nerabeei babes handiagoa ematea, eta xedatzen da administrazio publikoek bermatu behar dutela biktima horiei egokitutako neurri edo zerbitzuak daudela.

Adingabeak eta, zehazki, adingabe umezurtzak babesteko neurri horien barruan dago emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba umezurtzentzako dirulaguntza, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 61.4 b) artikuluan aurreikusitakoa.

Dirulaguntzaren oinarrian dago seme-alabak emakumeen aurkako indarkeria matxistaren zuzeneko biktimatzat hartzea, eta, laguntzari esker, kaltearen erreparazioa gauzatu ez ezik, beste betebehar bat ere bete ahal izango da: hildako biktimen seme-alaben babesa eta laguntza indartzea, haien egoera bereziki zaurgarria dela eta.

Abiapuntua da indarkeriaren kontzeptua zentzu zabalean ulertzea. Alegia, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriara mugatu beharrean, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak 54. artikuluan definitutako kontzeptua hartzen da kontuan. Alde horretatik, 1/2004 Lege Organikoan sartuta ez dauden emakumeen aurkako indarkeria matxistaren zuzeneko biktima guztiei eman nahi zaie babesa, eta aurrerapausoak eman nahi dira emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztiei tratamendu integrala ematea ahalbidetuko duen esparru arautzaile bat sortzeko bidean.

Pertsona horiek zailtasun eta oztopo ugari izaten dituzte maila psikologikoan, burokratikoan, familiarrean eta sozialean, ez bakarrik amaren heriotzaren unean, baita ondorengo urteetan ere. Beraz, eragin zaien kalteari ahal den neurrian erreparazioa emateko balio du laguntzak.

Dekretu honek Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 61.4 b) artikuluan jasotako aurreikuspena garatzen du, eta helburua da, besteak beste, laguntza arautzea, onuradun izateko baldintzak ezartzea eta laguntza emateko prozedura zehaztea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba adingabe umezurtzei erreparazioa emateko premian arreta jarrita. Gainera, espedienteak eskatzeko eta kudeatzeko sistema sinplifikatu bat ezartzen da, dauden aukera teknikoek ahalbidetzen duten heinean, Administrazio Publikoak nahitaez bete behar dituen efizientzia- eta efikazia-helburuak lortzeko.

Onuradunak 18 urte bete arte emango da dirulaguntza, eta urtero ordainduko da. Horretarako, ezinbestekoa izango da dirulaguntza jasotzen duen pertsona Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea eta bertan erroldatuta egotea eskaera egiten den unean eta dirulaguntza baliatzen den aldi osoan. Era berean, aurreikusten da zaurgarritasun handiko kolektiboetako pertsonek, hau da, adingabeak izanda indarreko legeriaren arabera mendekotasuna duten edo % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortu zaien seme-alaba umezurtzek 25 urte bete arte jaso ahal izango dutela laguntza, gehienez ere. Halaber, ikasketa akademikoak edo prestakuntza-ikasketa arautuak egiten ari direnek ere adin horretara arte jaso ahal izango dute laguntza hori bera.

Aurreikusten da, halaber, onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko baldintza betetzetik salbuetsita egotea, arrazoi sozialak direla medio.

Azkenik, aldi baterako neurri berezi bat aurreikusten da: 10.000 euroko ordainketa bakarra, indarrean egongo dena dekretua indarrean jarri eta bi urteko epean. Zehazki, aurreikusten da diru kopuru hori ordaintzea baldin eta ama emakumeen aurkako indarkeria matxistako ekintzen ondorioz hil bada 2003ko urtarrilaren 1etik dekretua indarrean jarri aurreko urtera bitartean. Lehen data hori hartu da erreferentziatzat, hain zuzen ere, une horretatik aurrera hasi zirelako zenbatzen genero-indarkeriaren biktimak.

Azken batean, dekretu hau beste urrats bat da emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba adingabe umezurtzei babesa eta laguntza emateko, eta emakumeen aurkako indarkeriak osatzen duen lehen mailako gizarte-arazoak hainbesteko kaltea egiten dion kolektibo horren aldeko hainbat eremutan hartu diren hobekuntza-neurrien ekintza-eremuan kokatzen da.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 16an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Dekretu honen xedea da arautzea emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba umezurtzentzako dirulaguntza, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 61.4 b) artikuluan aurreikusia, eta zehaztea laguntza emateko baldintzak eta aplikatu beharreko prozedura.

2.– Dirulaguntzaren helburua da emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba umezurtzei laguntza ematea, beren bizitza garatu dezaten, eta, ahal den neurrian, haien amen heriotzak eragin dien kaltea erreparatzen laguntzea.

2. artikulua.– Kontzeptuak.

Dekretu honen ondorioetarako:

a) Seme-alaba umezurtza aipatzean, aipamenak barnean hartuko ditu bai hildako emakumearen seme-alabak, haien filiazioaren legezko izaera edozein dela ere, bai haren tutoretzapean dauden 18 urtetik beherako pertsonak.

b) Ama aipatzean, beraz, heriotzaren unean adingabearen legezko tutoretza zuen emakumea ere hartzen da barnean.

c) Emakumeen aurkako indarkeria matxistatzat hartuko da Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 54. artikuluan ezarritako indarkeria.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba umezurtzak izango dira laguntzaren onuradun, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Ama hiltzean 18 urte bete gabe izatea.

b) Laguntza-eskaera egiteko unean 21 urte bete gabe izatea.

c) Laguntza-eskaera aurkezten den unean Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan (aurrerantzean, EAEn) bizi eta erroldatuta egotea, eta laguntza jasotzen den bitartean ere hala egotea etenik gabe; salbuespena: 4.1b) artikuluko 2. apartatuan xedatutako ikasketa akademiko arautu bat egiten aritzea EAEtik kanpo. Kasu horretan, baldintza hori betetzetik salbuetsita geratuko da.

Era berean, amak ere EAEko udalerriren batean egon behar zuen bizitzen eta erroldatuta heriotzaren unean edo, bestela, bost urtez, hil aurreko hamar urteetan.

2.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzaren onuradunak salbuetsita daude indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzetik, bai laguntza eskuratzeko, bai hura kobratzeko.

3.– Ezingo dute dirulaguntza jaso amaren heriotzaren erantzule deklaratutako seme-alaba umezurtzek.

4. artikulua.– Laguntzaren iraunaldia.

1.– Emandako laguntza urtero sortu eta ordainduko zaio onuradunari, eskabidea aurkezten duen urtetik:

a) adin-nagusitasunera iristen den urtera bitarte (urte horretan ere bai), edo

b) 25 urte betetzen dituen arte (urte horretan ere bai), baldin eta egoera hauetakoren batean badago:

1.a Adingabea izanda, % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna edo mendekotasun-egoera bat aitortzen bazaio, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeari eta hura garatzen duen araudiari jarraikiz.

2.a Ikasketa akademiko arautuak egiten ari bada, hirugarren apartatuan ezarritako baldintzetan.

2.– Laguntzaren onuradunak 19 urte betetzen dituenetik 21 urte betetzen dituen urtera bitarte aurkezten badu laguntza-eskaera, ordainketa bakarrean ordainduko zaio emandako laguntza, eskabidea aurkezten duen urteko kuotari dagokion zenbatekoa hain zuzen ere, eta 25 urte bete arte jaso ahal izango du urtero, baldin eta 1.b) apartatuan aurreikusitako egoera batean badago.

3.– Laguntzaren onuradunak 19 urte betetzen dituen urteko lehen hiruhilekoan, ikasketa arautuak emateko akreditatutako zentro batean ikasketa akademiko arautuak egiten ari dela egiaztatu beharko du, eta gauza bera egin beharko du epe berean, 25 urte betetzen dituen arte (urte horretan ere bai).

Adierazitakoa egiten ez badu, eten egingo da emandako dirulaguntzaren ordainketa baldintza hori betetzen duela egiaztatu arte, betiere laguntzaren gehieneko iraunaldiaren barruan.

Laguntza jasotzeko, ikasturte osoko matrikula aurkeztu beharko da. Hurrengo urteetan, matrikula ez ezik, aurreko urteko ikasturteko ikasgaien erdia, gutxienez, gainditu izanaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

5. artikulua.– Zenbatekoa zehaztea.

1.– Emango den laguntzaren zenbatekoa hau izango da: ordainketa egiten den ekitaldi bakoitzean indarrean dagoen 12 hilabeteetarako ondorio askotarako errenta-adierazle publikoaren (IPREM) urteko balioaren % 80.

2.– Onuradunari mendekotasun-egoera edo % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortzen bazaio Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeari eta hura garatzen duen araudiari jarraikiz, bikoiztu egingo da aurreko apartatuan aurreikusitako zenbatekoa.

Desgaitasuna edo mendekotasuna eskaera egin ondoren aitortzen bazaio, adingabea izanik, eskubidea izango du inguruabar hori egiaztatu ondoren sortzen diren ordainketetan dagokion igoera aplikatzeko.

3.– Ahalmena ematen zaie gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen saileko titularrari eta ekonomia- eta ogasun-arloan eskumena duen saileko titularrari, baterako agindu baten bidez, zenbatekoa aldatzeko ekonomiaren bilakaera, arrazoi sozialak, ekonomikoak edo bestelako arrazoiak direla eta, urteko zenbatekoaren kalkulua aldatzea edo eguneratzea eragin dezaketelako.

6. artikulua.– Prozedura.

1.– Prozedura alderdi batek eskatuta hasiko da, interesdunak berak (jarduteko gaitasuna badu) edo haren legezko ordezkariak aurkeztutako eskaeraren bidez, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako borondatezko ordezkaritza alde batera utzi gabe.

Eskaera ezingo du, inola ere, interesdunaren izenean amaren heriotza eragin duenak aurkeztu.

2.– Laguntzak kudeatzeko lanak eskumena duen gizarte-zerbitzuen arloko zerbitzu teknikoek egingo dituzte.

3.– Dekretu hau indarrean jarri eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da laguntza-eskaera aurkezteko epea.

4.– Eskaerak erantzukizunpeko adierazpen bat izango du, gutxienez alderdi hauek jasoko dituena:

a) Egiazkoak direla eskaerako eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetako datuak, eta betetzen direla laguntzaren onuradun izateko baldintzak.

b) Konpromisoa hartzen duela laguntza kudeatzen duen zuzendaritzari berehala jakinarazteko eskaeran adierazitako daturen bat aldatzen bada edo laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan zerbait aldatzen bada.

c) Ez zaiola ezarri dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapen penal edo administratiborik, eta ez dagoela horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean.

d) EAEko sektore publikoaren barruko entitateek ematen dituzten laguntzen edo dirulaguntzen esparruan ezarritako itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean dagoen ala ez. Mota horretako prozedura batean badago, zein prozedura den edo diren adieraziko da.

c) Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13 artikuluan ezarritako egoeretan.

5.– Erakunde kudeatzaileak laguntza lortzeko eta mantentzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa bilduko du, eskura dauden elkarreragingarritasun-mekanismoen bidez edo administrazio publikoen datuak trukatzeko plataformaren bidez, salbu eta eskatzailea aurka agertzen bada edo eskatzailearen baimen espresua eskatzen duen aplikatu beharreko lege bereziren bat badago; kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu beharko du baldintzak betetzen dituela.

Ezin badira dokumentuak lortu, arrazoia edozein dela ere –baita agiriak lortzeko bideragarritasun teknikorik ez izatea ere–, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, organo kudeatzaileak ematen dion epean.

6.– Dirulaguntzaren eskabidea eta dokumentazioa elektronikoki edo aurrez aurre aurkez daiteke, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean herritarrentzako zerbitzuak dituen bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

7.– Eskaera izapidetzeko eta agiriak aurkezteko kanal presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideetan kanal bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke.

Eskaera aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egin ahal izango dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

8.– Helbide honetan dago eskuragarri laguntzaren informazio-fitxa:

https://www.euskadi.eus/servicios/1235701

Han, eskuragarri egongo dira eskabidea, eskabidea betetzeko jarraibideak eta laguntza lortzeko eta hari eusteko baldintzak egiaztatzeko agiriak.

9.– Laguntzaren kudeaketarekin lotutako datu pertsonalen tratamenduak datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudia bete behar du.

7. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko betekizunak egiaztatzeko agiriak:

1.– Laguntzak eskuratzeko eskakizunak agiri hauen bidez egiaztatuko dira:

a) Eskatzailearen identitatea eta, hala badagokio, haren legezko ordezkariarena egiaztatzea: Europar Batasuneko estatu bateko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan parte hartzen duen estatu bateko nazionalitatea dutenen kasuan, titularraren nazionalitatea jasotzen duen nortasun-agiri ofizial bat edo pasaportea aurkeztu beharko da, eta, gainerako herrialdeetako nazionalitatea dutenen kasuan, Atzerritarren Identifikazio Txartela (AIT) edo pasaportea edo, hala dagokionean, duten bizileku-baimena.

b) Amaren eta eskatzailearen arteko harremanari dagokionez: filiazio biologikoaren kasuan, filiazio-lotura jaiotza-ziurtagiriaren edo familia-liburuaren bidez egiaztatu behar da edo horren pareko atzerriko agiri baten bidez.

Adopzio-kasuetan, Erregistro Zibilaren ziurtagiria aurkeztu behar da, adopzioa eratzeko ebazpen judizialaren inskripzioari buruzkoa, edo familia-liburua edo horren pareko atzerriko agiri bat.

Tutoretza-kasuetan, Erregistro Zibilaren ziurtagiria aurkeztu behar da, tutoretza eratzeko ebazpen judizialaren inskripzioari buruzkoa, edo horren pareko atzerriko agiri bat.

c) Dekretu honen 3.1.c) artikuluan aurreikusitako Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) udalerri batean bizi dela eta erroldatuta dagoela egiaztatzeko, eskatzailearen eta amaren errolda-ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, dagokien une eta aldiena.

d) Amaren heriotza Erregistro Zibilak emandako heriotza-ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

e) Heriotza emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioa izan dela honela egiaztatuko da: emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ekintzak egiteagatik izan den kondena-epai irmoaren bidez, ebazpen judizialaren bidez (autoak, probidentzia edo epai ez-irmoak), baldin eta ondorioztatzen bada ikertutako delitua emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz izan dela, egoera horri buruzko Fiskaltzaren txostenaren bidez, edo heriotza emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz izan dela egiaztatzen duen beste edozein dokumentu judizial edo polizialen bidez.

Era berean, eskatzaileak emakumearen aurkako indarkeriagatik zurztasun-prestazioa edo -pentsioa aitortuta badauka, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 224. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, pentsio hori onartzen duen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emandako ebazpena aurkeztu daiteke.

g) Ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortuta izanez gero, eskumena duen erakunde publikoak emandako indarreko desgaitasun-mailaren egiaztapena.

h) Mendekotasun-egoera aitortuta edukiz gero, mendekotasun-egoeran dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria, eskumena duen erakunde publikoak emana. Ziurtagiri horretan hauek zehaztuko dira: mendekotasun-maila eta maila bakoitzean duen azpimaila, Autonomia Pertsonala eta Arreta Sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legean eta lege hori garatzen duten arauetan aurreikusitakoaren esparruan.

2.– Dekretu honen 4.1b) artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako ikasketak egiten ari bada, dagokion ikasturteko matrikula-ziurtagiria edo -frogagiria beharko dira inguruabar hori egiaztatzeko. Era berean, hurrengo urteetarako, matrikularekin batera aurreko ikasturteko irakasgaien erdia behintzat gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

3.– Gizarte-politiken arloko eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez, betekizunak egiaztatzeko agiriak egokitu egingo dira, baldin eta zenbait egoerek agiriak aztertu beharra eragiten badute.

8. artikulua.– Eskaera zuzendu eta hobetzea.

Aurkeztutako dokumentazioa egiaztatuko du kudeaketaz arduratzen den organoak, eta akatsen bat edo okerren bat dagoela edo dokumenturen bat falta dela ikusten badu, interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo falta diren nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak dituen zuzendariaren ebazpen baten bidez, zeina 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera eman beharko baita.

9. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Eskatutako laguntza gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen zuzendariak egindako ebazpen indibidualizatu baten bidez emango da, edo, hala badagokio, ukatuko, eta ebazpen horretan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan aurreikusitako alderdiak jasoko dira.

2.– Aurkeztutako eskabidea baiesten duen eta, beraz, eskatutako laguntza onartzen duen ebazpenak aitortuko du onuradunak eskubidea duela 5. artikuluan ezarritako laguntzaren zenbatekoa urtero jasotzeko, 4.1 eta 4.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera aplikatzekoa den denbora-tartean.

3.– Gehienez ere hiru hilabete izango dira eskaera ebazteko eta eskatzaileari ebatzitakoa jakinarazteko, eskaera kudeatzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskabidea jasotzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotzen bada interesdunei ebazpen espresurik jakinarazi gabe, laguntza emateko eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko da administrazio-isiltasunez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Emandako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke gizarte-politiken arloan eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.

1.– Urtero, laguntza ordaindu aurretik, kudeaketaz arduratzen den organoak ofizioz egiaztatuko du onuradunak laguntza jasotzeko baldintzak betetzen jarraitzen duela, salbu eta onuradunak bere eskaeran berariaz uko egin badio edo baimen espresua eman behar duela dioen aplikatu beharreko lege berezi bat badago edo ezin izan bada egiaztapena egin. Kasu horretan, berak egiaztatzeko eskatuko zaio.

2.– Laguntzaren onuraduna ikasketa akademiko arautuak egiten ari bada, berak bidali beharko dio kudeaketaz arduratzen ari den organoari laguntza emateko baldintzak betetzen jarraitzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa, 4.3 artikuluan ezarritako epean.

3.– Urteko laguntza jasotzen jarraitzeko aurreikusitako baldintzetako bat betetzen ez bada, azkendu egingo da laguntza jasotzeko eskubidea, eta ofizioz deklaratuko, laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela. Hori baino lehen, entzunaldi-izapidea emango zaio interesdunari, hala badagokio.

Kasu horietan, ez-betetzea egiaztatu, eta itzuli egin beharko da ez-betetzea egiaztatu den ekitaldian jasotako laguntza.

4.– Kudeaketaz arduratzen den organoak jakiten badu ebazpen judizial batean arrazoizko zantzuak daudela ikertutako onuraduna bere amaren heriotzaren erantzule izan daitekeela, emandako laguntzaren ordainketa eten egingo du kautelaz, horren berri izan duen urteko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

11. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Laguntza urtero ordainduko da, eta ekitaldi bakoitzean indarrean dagoen zenbatekoa ordainduko da, 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, horretarako emandako kontu korrontera banku-transferentzia bat eginez; ez, ordea, kontu korronte hori amaren heriotza eragin duen egintzaren erantzulearen izenean badago, zeina ez baita onartuko.

2.– Laguntza ordaindu ahal izateko, onuradunak ogasunaren arloko eskumena duen sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon behar du.

Erregistratuta ez badago edo Hirugarrenen Erregistro horretan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetara jo dezake alta emateko edo datuak aldatzeko: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

3.– Dirulaguntza ezingo du administratu laguntza sorrarazi duen egitatearen egileak edo eragileak.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek, oro har, arau hauetan xedatutako betebeharrak izango dituzte: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan jasotakoak, eta zehazki:

a) Diruz lagundutako egoeraren xedeari edo izaerari edo laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzei eragiten dieten ororen berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

b) Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak (aurrerantzean, KEB) eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (aurrerantzean, HKEE) eskatutako informazio guztia ematea, laguntzak fiskalizatzen dituztenean.

c) Emandako laguntzari dagokionez gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere.

13. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Laguntzaren onuraduna Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan erortzen bada edo dekretu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, ezin izango du laguntza ordaintzeko eskatu. Kasu horietan, gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, ordaintzeko dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu dela eta jasotako zenbatekoak eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola deklaratuko du, gainerako ekintzak eragotzi gabe, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluan ezarritakoaren arabera.

Onuradunak jasotako zenbatekoak eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion legezko interesak diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako.

2.– Era berean, baldintzak bete gabe lortu bada laguntza edo laguntza ematea eragotziko luketen egitateak edo datuak faltsutu edo ezkutatu badira hura lortzeko, jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira.

Laguntza jasotzeko baldintzaren bat zati batean betetzen ez bada, ez-betetze hori egiaztatu den ekitaldiari dagokion ordaindutako zenbatekoa itzuli beharko da.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza jasotzea bateragarria da pertsona horiei berei kausa berarengatik legozkiekeen beste prestazio eta laguntza publiko edo pribatu batzuekin.

15. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Urtero, gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen saileko titularrak EAEko Aurrekontu Orokorretan xede honetarako esleituta dauden edo, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartuz gero, aurrekontuak eguneratzetik ateratzen diren zenbatekoak bideratuko ditu dekretu honetan aurreikusitako laguntza finantzatzeko.

2.– Gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan dekretu honetan aurreikusitako laguntzetarako esleitu den urteko zuzkidura jakinaraziko da.

3.– Dirulaguntzak emateko, lehiarik gabeko konkurrentziaren prozedura jarraituko da, eta espediente osoa noiz osatu den, hurrenkera horretan emango dira laguntzak, harik eta urtero esleitutako baliabide ekonomikoak agortu arte. Baliabide ekonomikoak agortzen direnean, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4.– Aurrekontu-ekitaldi batean, diruz lagungarri izanik ere, ekitaldi horretako aurrekontu-kredituekin erantzun ezin zaien egoerei dagozkien laguntza-eskaerak badaude, hurrengo ekitaldiko kredituei esleitzeko aukera izango da eskaera berriz ere aurkeztu beharrik gabe, betiere eskaerek dekretu honetan laguntzak lortzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Nolanahi ere, laguntza jasotzeko eskubidea sortuko da eskaera egin zen urteko aurrekontu-ekitaldian nahikoa kreditu egon izan balitz laguntza emango litzatekeen ekitaldian.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Zuzeneko ekintza.

Dekretu honetan garatutako dirulaguntza eta xedapen iragankorrean araututakoa zuzeneko ekintzatzat joko dira, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.c.1 eta 2 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 4. eta 5. artikuluetan xedatutakoari lotuta.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ordainketa bakarreko laguntza berezia.

1.– Dekretu hau indarrean sartu eta 2 urteko epean, 10.000 euroko laguntza bat ematea aurreikusten da, ordainketa bakarrekoa eta berezia; baldintza hauek bete beharko dira laguntza hori eskatzeko:

a) emakumeen aurkako indarkeria matxistako ekintzen ondorioz ama hil zenean, adingabeak izatea.

b) amaren heriotza 2003. urtetik dekretu hau indarrean jarri aurreko urtera bitartean gertatu izana.

c) bai eskatzailea bai ama, heriotzaren unean, EAEn bizitzea eta bertan erroldatuta egotea.

d) laguntza eskatzean, eskatzailea EAEn bizitzea eta bertan erroldatuta egotea.

2.– Laguntza berezi horri interesdunak eskatu behar du, jarduteko gaitasuna badu, edo, bestela, haren legezko ordezkariak, alde batera utzi gabe 39/2015 Legean aurreikusitako borondatezko ordezkaritza.

Nolanahi ere, ordainketa bakarreko laguntza hori eskatzeko, dekretuan ezarritako prozedurari eta gainerako aurreikuspenei jarraituko zaie, laguntza berezi honen berariazko erregulazioarekin bateraezinak ez diren heinean.

3.– 10.000 euroko laguntza berezi hau bateragarria da dekretu honen artikuluetan xedatutako laguntza arruntarekin.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregelamenduzko garapena.

Gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak esleituta dituen saileko titularrari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak onesteko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Aurrekontu-zuzkidura publiko egitea.

Publikotasun-printzipioa betetzearren, honako hau zehazten da: 2024ko ekitaldian, 450.000 euro erabiliko dira dekretu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko apirilaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala