98. zk., 2024ko maiatzaren 21a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (233 KB - 22 orri.)
- EPUB (125 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2411
57/2024 DEKRETUA, maiatzaren 7koa, elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzkoa.
2013ko abuztuaren 3an, Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea argitaratu zen; geroago, lege hori aldatu egin zuen abenduaren 14ko 16/2021 Legeak, zeinak balio-kateko operadoreen arteko merkataritza-eragiketen lege-esparrua ezartzen baitu, bidezko lehia oinarri hartuta.
Lege honen xedea elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriak ezartzea da. Legea aplikatuko zaie Estatuan ezarrita egonik elikakatean esku hartzen duten operadoreen artean sortzen diren merkataritza-harremanei, ekoizpenetik hasi eta nekazaritzako edo elikagaigintzako produktuen banaketara arte.
EAEn ere beharrezkoa da horrelako esparru bat finkatzea, EAEko nekazaritzako elikagaien sektorearen izaera estrategikoagatik eta egiturazko kalteberatasuna duelako, bereziki katearen lehen mailetan; izan ere, nekazaritza-sektorearen dibertsitatea eta heterogeneotasuna, atomizazioa eta kontzentrazio txikia, eta merkataritza-egitura zurrunekin duen harremana direla eta, ez dira une oro bermatzen eragile guztien artean beharrezkoak diren orekak.
Testuinguru orokor gero eta globalizatuago batean, indarra hartzen ari da aspaldi hasitako joera bat; alegia, produkzio-kostuen etengabeko hazkundea, batez ere nekazaritzako sargaietan (batik bat animalien elikaduran eta energian). Horrek egoera bereziki ahulean jartzen du lehen sektorea, eta, kateko beste sektore eta operadore batzuekin alderatuta, mendekotasun handiagoa du koiunturekiko eta doikuntzekiko.
Lege horren bidez, elikakatea berrorekatu nahi da pixkanaka, atarikoan dioenez, botere publikoak behartuz, batetik, neurri gehigarriak sartzera, lehen sektorearen zati handi batek dituen zailtasunak arintzeko, eta bestetik eta ahal den neurrian, gizarte-, ingurumen-, lehiakortasun- eta jasangarritasun-kostuen banaketa ekitatiboa ziurtatzera; betiere bermatuz kostu horien gardentasuna, bereziki, eta elikakatearena, orokorrean.
Hain zuzen ere, abenduaren 14ko 16/2021 Legeak, zeinaren bidez aldatzen baita Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea, funtsezko elementuak sartzen ditu merkataritza-harreman bidezkoagoak, orekatuagoak eta gardenagoak lortzeko. Bereziki, 12.ter artikuluak, non, katean balioa ez suntsitzeko, debekatu egiten baita kontsumitzaileei modu desleialean saltzea; salmenta hori «galerazko salmentatzat» joko da, eta, beraz, banaketak erosleei ezingo dizkie elikagaiak eskaini horiek eskuratzeko ordaindutako prezioa baino prezio txikiagoan.
Gainera, neurriek elikadura-iruzurraren aurkako borroka areagotzen dute elikakate osoan, nekazaritzako elikagaien sistemaren jasangarritasuna lortzeko xedez, eta, aldi berean, kontsumitzaileen konfiantza handitzen dute, haien interes ekonomikoak merkataritza-praktika desleialen aurka babesten direla bermatuz. Era berean, modua ematen dute kontsumitzaileen eskubideak bermatzeko, elikagaiei eta haien kalitateari buruzko informazio osoa eta eraginkorra hobetzeari, hornidura-katearen funtzionamenduaren gardentasunari eta behar adina elikagai eta kalitatezko elikagai eskuragarri izateari dagokienez.
Horrez gain, 28. artikuluak ezartzen du autonomia-erkidegoek izendatuko dituztela beren lurraldean legea betetzen dela kontrolatzeko ardura izango duten agintaritzak.
Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legeak, bere eskumenen esparruan, estatu-mailako hainbat tresna garatzen ditu, elikakatearen funtzionamendua hobetzeko eta, hala, legeak berak identifikatzen dituen helburuak lortzeko. Tresna horietako batzuk dira Elikagai Kontratuen Erregistroa, Merkataritzako Jardunbide Egokien Kodea eta Elikakatearen Behatokia.
Autonomia-erkidegoaren esparruan, eta Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko 12/2013 Legeak konpondu asmo duen problematikari dagokionez, bi lege daude: 17/2008 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa, eta 7/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, Landa Ingurunearen Garapenari buruzkoa.
Hala, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen helburuak bat datoz Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen helburuekin.
Bestalde, Landa Ingurunearen Garapenari buruzko ekainaren 30eko 7/2022 Legeak zehazten du politika instituzionalek zer helburu sektorial izango dituzten landa-ingurunean, eta besteak beste hauek jasotzen ditu: nekazaritza-sektorearen lehiakortasuna bultzatzea; nekazaritza-errentari eusten laguntzea; eta, zehazkiago, modua ematea lehen sektoreak bere produktuen ekoizpen-kostuen gainetik dauden prezioak jaso ditzan, eta horri kontu egitea, sektore bideragarri eta lehiakor bat izateko xedez.
Horregatik guztiagatik, eta Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legean ezarritako agindua garatzeko eta betearazteko –zehazki, 28. artikuluan ezarritakoa–, gomendagarria da Euskal Autonomia Erkidegoan ad hoc dekretu bat onartzea; horrenbestez, oniritzia ematen zaio dekretu honi, arau-esparru propioa ezartzen baitu Agintaritza Betearazleari dagokionez.
Baina, horrez gain, eta eskumen autonomikoak baliatuz –bai nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arlokoak (EAEko Autonomia Estatutuaren 10.9 artikulua), bai autogobernu-erakundeen antolaketari dagozkionak (EAEko Autonomia Estatutuaren 10.2 artikulua)–, Euskal Autonomia Erkidegoak beharrezkotzat jo du aurrez aipatutako legeetan jasotzen diren helburuak lortzeko tresna egoki batzuk ematea eta arautzea bere lurralde-eremuan, hala nola EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea eta EAEko Elikakatearen Behatokia. Tresna horiek aurrez ere ezarri zituen Estatuak, Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen bidez. Gainera, lortu nahi diren helburuak betetzeari begira, xede berarekin arautzen du Agintaritza Betearazleak kontrolak egiteko, ikuskaritzak egiteko eta zehatzeko ahala baliatzeko duen sistema, betiere borondatez eta bere eskumenak erabiliz.
Arauan, kide anitzeko bi organo sortzen dira: EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodearen Jarraipen Batzordea eta EAEko Elikakatearen Behatokia.
Behin EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea formalizatutakoan, beharrezkoa eta nahitaezkoa da kodearen jarraipen-batzordea eratzea, haren edukia eguneratua izateko eta nola aplikatzen den ebaluatzeko. Gainera, batzordeari esleitzen zaizkion eginkizunak ez daude beste ezein organotan, eta, beraz, ez da bikoiztasunik sortzen.
Halaber, behar-beharrezkoa da EAEko Elikakatearen Behatokia eratzea eta egotea; izan ere, oso garrantzitsua da jakitea nola funtzionatzen duen EAEko elikakateak eta zeintzuk diren EAEko elikagaien prezioak, modu horretan erdietsiko baitira Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen xedeak. EAEn ez dago behatokiari esleitzen zaizkion funtzioak dituen beste organorik, eta, beraz, ez dago eginkizunen bikoiztasunik. Hala ere, badago kide anitzeko beste organo antzeko bat, baina beste lurralde-eremu batekoa: hain zuzen, martxan dago elikakatearen estatuko behatoki bat, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari atxikia.
Horrela, dekretu hau Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legean ezarritako erregulazio onaren printzipioetara egokitzen da. Hala, premia- eta eraginkortasun-printzipioei dagokienez, araua justifikatuta dago, elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea betetzen dela bermatzeko interes orokorra dagoelako.
Proportzionaltasun-printzipiora egokituta dago, lehen aipatutako premiari erantzuteko ezinbestekoa den erregulazioa jasotzen duelako. Kontuan hartzen bada arauak printzipio hori indartzen duela, segurtasun juridikoaren printzipioa betetzen da, arlo horretako araudiarekin koherentea delako.
Gardentasun-printzipioa betetzen da, arauaren hartzaileei parte hartzeko aukera eman baitzaie aurretiko kontsultaren eta entzunaldiaren izapidearen bidez.
Azkenik, efikazia-printzipioa betetzen da proiektu honek ez duelako administrazio-karga erantsirik edo beharrezkoa ez denik ezartzen.
Dekretu hau egiteko, kontuan hartu dira Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua.
Araua VI kapitulutan banatzen da, eta modu bateratu eta homogeneoan jasotzen dituzte garatuko diren zatiak, gaiaren arabera: I. kapitulua, arau osorako xedapen orokorrak; II. kapitulua, EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea; III. kapitulua, EAEko Elikakatearen Behatokia; IV. kapitulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Agintaritza Betearazlearen izendapena eta eginkizunak; V. kapitulua, kontrol-araubidea; VI. kapitulua, zehatzeko ahala; eta, azkenik, xedapen gehigarri bat eta lau azken xedapen.
Dekretu hau egiteko, kontsulta egin zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-aldundiei, erakunde profesionalei eta sektoreko elkarte eta erakundeei.
Arau hau Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz onartu da.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko maiatzaren 7an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau.
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriak garatzea:
a) EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea.
b) EAEko Elikakatearen Behatokia.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Agintaritza Betearazlea, Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea garatzeko.
d) Zehatzeko ahala.
e) Kontrol-araubidea.
2. artikulua.– Definizioak.
Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen 5. artikuluan jasotako definizioak aplikatuko dira.
3. artikulua.– Administrazioarekiko harremanak.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, banakako enpresariek edo autonomoek, beren lanbide-jardueraren esparruan egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, eta pertsona juridikoek, dekretu honetan araututako prozedura guztiei dagokienez, bitarteko elektronikoen bidez izan beharko dituzte harremanak Administrazio honekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/.
2.– Aurreko apartatuan aipatu ez diren pertsona fisikoak, dekretu honen esparruan, aurrez aurre edo bitarteko elektronikoak erabiliz jarri ahal izango dira harremanetan Administrazio honekin, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.1 artikuluan.
Horretarako erabilitako moduak (aurrez aurre edo bitarteko elektronikoak erabiliz) ez du behartuko hurrengo izapideak edo jakinarazpenak ere modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.
Pertsona fisikoak dekretu honen esparruan Administrazio honekin egin nahi dituen jakinarazpenak edo salaketak zuzenean aurkeztu ahal izango ditu elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailaren egoitzan (Donostia-Sam Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietako edozeinetan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin.
II. KAPITULUA
EAE-KO ELIKAGAIEN KONTRATAZIOKO MERKATARITZA JARDUNBIDE EGOKIEN KODEA
4. artikulua.– Helburua eta xedea.
1.– Elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailak, merkataritza-jardueraren arloan eskumena duen sailak, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak (kontsumitzaileen defentsarako organismo eskuduna) eta elikagai-ekoizpenarekin, elikagai-industriarekin eta elikagai-banaketarekin lotutako erakunde eta elkarte garrantzitsuenek (Euskal Autonomia Erkidegoan dihardutenek) Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea adostu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegorako.
2.– Honako hauek dira kodearen helburuak:
a) Elikakatearen gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasuna bultzatzea, eta, bereziki, lehen sektorearena.
b) Kalitate oneko nekazaritza-elikagaien balioa nabarmentzea.
c) Kontsumitzaileek nekazaritzako elikagaiei eta elikakatearen funtzionamenduari buruz jasotzen duten informazioa eta pertzepzioa hobetzea.
d) Merkataritza-harremanen gardentasuna hobetzea.
e) Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearekin bat datozen elikagai-kontratuak egin daitezen sustatzea.
f) Merkaturatzea, hazkundea eta merkatu-orientazioa hobetzea.
5. artikulua.– Edukia.
1.– EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodeak honako hauek barne hartzen ditu:
a) Elikakateko operadoreen arteko merkataritza-harremanen oinarri diren printzipioak, honako hauek errespetatuz: alderdien arteko oreka eta bidezko elkarrekikotasuna, itunak egiteko askatasuna, fede ona, elkarrekiko interesa, arriskuen eta erantzukizunen banaketa ekitatiboa, lankidetza, gardentasuna eta merkatuko lehia askea.
b) Elikakateko operadoreen arteko harreman bidezkoak, orekatuak eta leialak sustatzen dituzten merkataritza-praktiken zerrenda zehatza.
c) Elikakateko operadoreak beren borondatez kodeari atxikitzen zaizkionean, nahitaezkoa izango da kodean gatazkak konpontzeko berariaz adierazitako sistemaren bitartez ebaztea operadoreen harremanetan sor daitezkeen arazoak. Betebehar hori sinatzen diren kontratuetan jaso beharko da.
d) Kodeari atxiki zaizkion alderdietako edozeinek bitartekaritza eskatu ahal izatea, baldin eta ekoizleen erakundeen eta erosleen artean akordiorik ez badago lehen salmentan eraldatu gabeko nekazaritza-produktuak xede dituzten elikagai-kontratuen prezioari dagokionez.
e) Bitartekaritza kodean ezarritako moduan, baldintzetan eta ondorioekin egingo da, eta prozedura neutrala eta inpartziala bermatuko da, non alderdiek esku hartzeko erabateko aukera-berdintasuna izango duten. Bitartekaritza horren edukia ez da loteslea izango alderdientzat, salbu eta alderdiek bitartekaritzaren aurretik berariaz hala erabaki badute.
f) Hala badagokio, sektore-eremuko akordio espezifikoak, hala eskatzen duten sektoreen berezko alderdiak zehaztasun handiagoz jasotzen dituztenak.
g) Operadoreek kodearekin bat egiteko eta kodean baja emateko betekizunak, baldintzak eta prozedurak.
2.– EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodeak lehiaren defentsari aplikatu beharreko araudia errespetatu beharko du.
3.– EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea idatziz formalizatutako akordio baten bidez onartu beharko da.
6. artikulua.– Jarraipen-batzordearen eraketa eta osaera.
1.– EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kode bat adosten bada, jarraipen-batzorde bat eratuko da, haren edukia eguneratuta edukitzeko eta haren aplikazioa ebaluatzeko. Kide anitzeko organoa izango da, eta elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailari atxikita egongo da. Elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzak, bere giza baliabideekin eta baliabide materialekin, administrazio-laguntza emango dio jarraipen-batzordeari.
2.– Hauek izango dira jarraipen-batzordeko kideak:
a) Elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailaren bi ordezkari, zuzendari mailakoak; horietako bat nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaria izango da, eta bestea, berriz, elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailburuak izendatuko du.
b) Merkataritza-jardueraren eta kontsumitzaileen defentsaren arloan eskumena duen sailaren ordezkari bat, sailburuak berak izendatua.
c) Ekoizle-elkarteen bi ordezkari, kodeari atxikitako ekoizpen-sektoreko operadoreak ordezkatzen dituzten nekazaritza eta arrantzako erakunde profesionalek proposatuak.
d) EAEko nekazaritzako elikagaien kooperatiben ordezkari bat.
e) Elikagai-industriaren bi ordezkari, kodeari atxikitako industria-sektoreko operadoreak ordezkatzen dituzten erakunde eta elkarte sektorialek proposatuak.
f) Banaketa-enpresen bi ordezkari, kodeari atxikitako banaketa-sektoreko operadoreak ordezkatzen dituzten erakunde eta elkarte sektorialek proposatuak.
Gonbidatu gisa bertaratu ahal izango da, hitzarekin baina botorik gabe, Lehiaren Euskal Agintaritzak eta EAEko Kontsumoko Kontsulta Batzordeak izendatutako ordezkari bat.
Gainera, elikagai-politikaren arloan eskumena duen saila, merkataritza-jardueraren eta kontsumitzaileen defentsaren arloan eskumena duen saila eta jarraipen-batzordean parte hartzen duten entitate, erakunde eta eragileak ordezkatuko dituzten pertsonak ez ezik, haien ordezkoak izendatuko dira, falta direnean haien eginkizunak bete ditzaten.
3.– Jarraipen-batzordeak presidente bat izango du, zeina elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailaren ordezkarietako bat izango baita; halaber, idazkari bat izango du, zeina merkataritza-jardueraren eta kontsumitzaileen defentsaren arloan eskumena duen sailburuak izendatuko baitu.
Elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailburuaren agindu bidez izendatuko dira batzordekideak. Agindu horretan, presidentea, presidenteordea eta idazkaria izendatuko dira, lau urterako, salbu eta izendapena egiteko ardura duen pertsonak, erakundeak edo instituzioak berariaz errebokatzen badu; agintaldia amaitzean berriro hautatu ahal izango dira, edo agintaldia amaitu aurretik ordeztu, izendapen-prozedura bera erabiliz.
7. artikulua.– Funtzionamendua.
1.– Kodean esleitzen zaizkion eginkizunak alde batera utzi gabe, honako hauek izango dira jarraipen-batzordearen eginkizunak:
a) EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea aplikatzearen emaitzak aztertzea.
b) EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodean aldaketak proposatzea, hala badagokio.
c) Konpromiso berriak proposatzea, hala badagokio.
d) EAEko Elikakatearen Behatokiari bere lanen emaitzen berri ematea urtero.
2.– Urtero, jarraipen-batzordeak kudeaketa-memoria bat egingo du, betiere merkataritza-harremanen konfidentzialtasuna eta lehiaren defentsari eta merkatu askeari buruzko arauak errespetatuz, eta argitara emango du, bat eginez Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean jasotako gardentasunaren eta publizitate aktiboaren betebeharrarekin.
3.– Jarraipen-batzordeak bere funtzionamendurako barne-araubidea izango du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoetarako xedatutakoaren esparruan. Barne-araubide horrek bat etorri behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Administrazio Instituzionalaren Kide Anitzeko Organoetarako Jarduketa Planean jasotakoarekin (Gobernu Kontseiluak 2020ko uztailaren 7an onartu zuen). Hori gorabehera, urtean gutxienez bilera bat egingo du.
4.– Jarraipen-batzordea osatuko duten pertsonak izendatzean, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan dadin, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak arautzen duenarekin.
5.– Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea betez, jarraipen-batzordeko kideei nahi duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie.
6.– Ez da ordainsaririk jasoko jarraipen-batzordeko kide izateagatik; nolanahi ere, kideek jaso ahal izango dituzte Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren eta indarrean dagoen gainerako legediaren arabera dagozkien dietak eta kalte-ordainak.
8. artikulua.– Atxikitzea.
1.– EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodeari atxikitzea borondatezkoa eta banakakoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten elikakateko ekoizpen-, industria- eta banaketa-operadoreentzat, eta kodea sinatzen duten erakunde eta elkarteetako kide edo bazkideak ez dira behartuta egongo kodeari atxikitzera.
2.– Atxikitzen direnetik, entitate operadoreek nahitaez egin beharko dituzte beren merkataritza-harremanak EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodean ezarritakoaren arabera.
9. artikulua.– Publizitatea.
1.– EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea adostu ondoren, EHAAn argitaratuko da, elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren eta merkataritza-jardueraren arloan eta kontsumitzaileen defentsaren arloan eskumena duen erakundeko titularraren baterako ebazpenaren bidez.
2.– Era berean, EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea argitaratuta egongo da, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean jasotako gardentasunaren eta publizitate aktiboaren betebeharrekin.
10. artikulua.– Erregistro autonomikoa.
1.– EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea adostu ondoren, EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Erregistroa sortuko da, eta tresna publiko horretan bilduko dira elikakatean esku hartzen duten eta 4. artikuluan aipatzen den kodeari borondatez atxikitzen zaizkion operadore guztiak.
2.– Erregistroa bakarra, publikoa eta doakoa da, eta elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailari atxikita dago. Elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzak kudeatuko du erregistroa, eta zuzendaritzaren titularra izango da arduraduna.
3.– Erregistroaren arduradunaren ebazpen bidez, erregistroaren barne-antolaketa ezarriko da.
4.– Erregistrotik lortutako informazioa ezin izango da erabili informazioa lortzea justifikatu zuen publizitate formalaren printzipioarekin bateraezinak diren helburuetarako. Hala ere, informazio hori entitate operadoreei jakinarazpen ofizialak egiteko erabili ahal izango da.
Nolanahi ere, informazio pertsonalaren tratamendua Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera egingo da.
11. artikulua.– Erregistroan inskribatzea.
1.– Erregistroan hauek inskribatuko dira:
a) EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodearen testua, hura onartzeko erabakia eta egiten diren aldaketak.
b) EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodeari borondatez atxikitzen zaizkion elikakateko operadoreak, eta, hala badagokio, haien baja.
c) EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodearen aplikazioa etetea.
2.– EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodeari borondatez atxikitzen zaizkion operadoreek elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzari atxikimendu hori jakinarazi beharko diote, eta zuzendaritza horrek ofizioz inskribatuko ditu. Erakunde interesdunari inskribatu izana jakinarazi beharko zaio.
3.– Erregistroan inskribatuta dauden operadoreen berri emango da, Eusko Jaurlaritzaren datu ireki gisa sartuta, bat etorriz indarrean dagoen araudian jasotako datuak berrerabiltzeko printzipioekin.
12. artikulua.– Inskripzioaren edukia.
1.– EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodearen inskripzioak honako hauek barne hartuko ditu:
a) Inskribatzen den kodea adostu duten pertsona fisikoen izen-abizenak, eta pertsona juridikoen sozietate-izena, baita haien helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbakia ere.
b) Erregistroaren arduradunaren identifikazioa eta baimena, eta erregistroko inskripzioaren data.
2.– EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodeari borondatez atxikitako erakundeen inskripzioak honako hauek jasoko ditu:
a) Izen-abizenak eta sexua, pertsona fisikoak badira, eta sozietatearen izena, pertsona juridikoen kasuan, baita haien helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbakia ere.
b) Egiten duen jarduera eta indarrean dagoen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN) kodea.
c) Ekoizleen elkartearen izaera aitortzea, hala badagokio, indarrean dagoen legeriaren arabera.
d) Erregistroko pertsonaren identifikazioa eta baimena, eta erregistroko inskripzio-data.
13. artikulua.– Inskripzioaren ondorioak.
1.– Inskribatu ondoren, operadoreek aipamen hau erabili ahal izango dute: «EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodeari atxikita».
Elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailak xede horretarako sortutako logotipo bat jarriko du kodeari atxikita dauden eta erregistro autonomikoan inskribatuta dauden operadoreen eskura. Logotipoa elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailburuaren agindu bidez emango da argitara, zeina EHAAn argitaratuko baita.
2.– Entitate operadoreak erregistroan inskribatuta egotea kontuan hartuko da sail eskudunek elikadurarekin eta elikakatearekin eta merkataritza-jarduerarekin edo kontsumitzaileen defentsarekin lotuta sustatzen dituzten laguntzen eta dirulaguntzen araudian.
14. artikulua.– Ezerezteko prozedura.
1.– EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodeak EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Erregistroan duen idazpena ofizioz edo alde batek eskatuta ezereztuko da, EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodearen indarraldia edo aplikazioa amaitzen denean. Kodea adostu zuten alderdi guztiei jakinarazi beharko zaie ezereztea.
2.– EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodeari atxikitako entitateek ez badute kodeari atxikita jarraitu nahi, erregistroaren arduradunari eskatuko diote dagokion idazpena ezerezteko.
III. KAPITULUA
EAE-KO ELIKAKATEAREN BEHATOKIA
15. artikulua.– Sorrera eta kudeaketa.
1.– EAEko Elikakatearen Behatokia sortzen da, elikakatearen funtzionamenduaren eta elikagaien prezioen jarraipena, aholkularitza, informazioa eta azterketa egiteko organo gisa.
2.– Behatokia kide anitzeko organoa da, eta elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailari atxikita dago. Elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzak, bere giza baliabideekin eta baliabide materialekin, administrazio-laguntza emango dio behatokiari.
16. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Hauek dira EAEko Elikakatearen Behatokiaren eginkizunak:
a) EAEko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodearen berri ematea, operadoreen atxikimenduak sustatuz.
b) 6. artikuluan aurreikusten den jarraipen-batzordeak egindako lanen berri izatea, eta kodearentzat interesgarriak diren gaiak edo kodea bera hobetzeko gaiak proposatzea eta aholku ematea batzordeari.
c) Jarduteko proposamenak eta gomendioak egitea elikakate osorako.
d) EAEko elikakateko operadoreek erabiltzen dituzten merkataritza-praktiken jarraipena eta ebaluazioa egitea.
e) Egindako lanen emaitzen ondorioz ikusten bada ez dela betetzen Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legean ezarritakoa, elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinaraztea, «Agintaritza Betearazlea» den heinean.
f) Hala badagokio, aztertutako elikagaien jatorrizko eta helburuko merkatuetan izandako desoreka-egoeren gaineko txostenak eta azterlanak egitea, batez ere urtaroko produktuen prezioak eratzeko bide ematen duten faktoreak aztertuz.
g) Produkzio-kostuen oinarrizko egitura eta EAEn kostu horiek eragin dituzten faktoreak aztertzea, azterketa eta analisi erregularren bidez, ekoizpenean eta kontsumoan garrantzi erlatibo handiena duten elikagaietan, prezioak eratzen diren maila desberdinetan.
h) Etenik gabe aztertzea eta ikertzea EAEko elikakatearen berrikuntza eta, bereziki, elikagai berritzaileak sortzearen eta kontsumitzaileentzako merkaturatzearen bilakaera.
i) Produktu galkorren lehen erosketarekin lotutako kontratuen negoziazioetako gatazkak konpontzeko jardunbide egokiak eta sistema arinak zehaztea eta proposatzea.
j) Prezioen eta ekoizpen-kostuen indizeak egitea, argitaratzea eta aldian behin eguneratzea, erregelamendu bidez zehazten diren irizpideekin. Irizpide horiek prezioen indizeak sortzean gardentasuna eta objektibotasuna bermatu beharko dute.
k) Elikakateko mailen arteko harremana sustatzea, elkarren artean eta administrazio publikoekin, elikagaien prezioak sortzeko prozesua ahalik eta gardenena izan dadin.
2.– Behatokiak, dagokion sailaren bidez, artikulu honetako 1. paragrafoko a), d), e) eta g) apartatuetan aurreikusitako eginkizunak garatzeko behar diren laguntza teknikoak eskatu ahal izango dizkio Hazi Fundazioari, bitarteko propioa eta euskal sektore publikoaren zati den aldetik.
3.– Urtero, EAEko Elikakatearen Behatokiak txosten bat egingo du, eta bertan jasoko du bere jardueren zerrenda, baita EAEko elikakatearen egoeraren azterketa bat ere, egindako jardueren eraginkortasuna baloratzeko aukera emango duten erreferentziazko adierazleekin. Txostenean, merkataritza-harremanen konfidentzialtasuna eta lehiaren defentsari eta merkatu askeari buruzko arauak errespetatuko dira.
4.– Behatokiak bete egingo ditu publizitate aktiboarekin eta informazio publikoa eskuratzeko bermearekin lotutako betebeharrak, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutakoak.
17. artikulua.– Osaera.
1.– EAEko Elikakatearen Behatokia hauek osatuko dute:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren hiru ordezkari, zuzendari mailakoak; horietako bat nekazaritza eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaria izango da; bestea, berriz, elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailburuak izendatuko du; eta hirugarrena, azkenik, merkataritza-jardueraren eta kontsumitzaileen defentsaren arloan eskumena duen sailburuak izendatuko du.
b) EAEko nekazaritzako sindikatuen hiru ordezkari, sindikatuek eurek adostuta izendatuak. Txandaka jardun ahal izango dute bi urtean behin.
c) EAEko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteen Erregistroan inskribatuta dauden EAEko kontsumitzaile-elkarteen ordezkari bat, EAEko Kontsumoko Kontsulta Batzordeak izendatua, bi urtez behin eta txandaka.
d) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua erakunde autonomoaren ordezkari bat.
e) EAEko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioaren ordezkari bat.
f) EAEko Elikaduraren Klusterreko ordezkari bat.
g) EAEko ekoizle-elkarte nagusien bi ordezkari, urriaren 16ko 210/2012 Dekretuak arautzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-elkarte adierazgarrien erroldan inskribatuta daudenak, eta elkarte horiek adostasunez izendatuak. Txandaka jardun dezakete bi urtean behin, dagokien sektorearen arabera.
h) Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-industriako elkarteen bi ordezkari, arrantza-sektorea alde batera utzita, urriaren 16ko 210/2012 Dekretuak arautzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-elkarte adierazgarrien erroldan inskribatuta daudenak, eta elkarte horiek adostasunez izendatuak. Txandaka jardun dezakete bi urtean behin, dagokien sektorearen arabera.
i) Arrantza-sektoreko EAEko nekazaritza- eta elikagaigintza-industriako elkarteen ordezkari bat, urriaren 16ko 210/2012 Dekretuak arautzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-elkarte adierazgarrien erroldan inskribatuta dagoena, eta elkarte horiek adostasunez izendatua.
j) Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-ekoizleen erakundeen ordezkari bat, elkarte horiek adostasunez izendatua. Txandaka jardun ahal izango dute, bi urtean behin.
k) Euskal Autonomia Erkidegoko banaketa- eta merkaturatze-industriako elkarteen ordezkari bat, sektoreak adostasunez izendatua. Txandaka jardun ahal izango dute, bi urtean behin.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta behatokian parte hartzen duten entitate, erakunde eta eragileak ordezkatuko dituzten pertsonak ez ezik, haien ordezkoak izendatuko dira, falta direnean haien eginkizunak bete ditzaten.
2.– EAEko Elikakatearen Behatokiak presidente bat izango du, zeina elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailaren ordezkarietako bat izango baita; halaber, presidenteorde bat izango du, merkataritza-jardueraren eta kontsumitzaileen defentsaren arloan eskumena duen sailburuak izendatua; eta idazkari bat ere izango du, aholkulari juridikoaren prestakuntza izango duena eta elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailari atxikia, eta hitzarekin baina botorik gabe parte hartuko du.
Elikagai-politikaren arloan eskumena duen sailburuaren agindu bidez izendatuko dira behatokiko kideak. Agindu horretan, presidentea, presidenteordea eta idazkaria izendatuko dira, lau urterako, salbu eta izendapena egiteko ardura duen pertsonak, erakundeak edo instituzioak berariaz errebokatzen badu; agintaldia amaitzean berriro hautatu ahal izango dira, edo agintaldia amaitu aurretik ordeztu, izendapen-prozedura bera erabiliz.
18. artikulua.– Funtzionamendua.
1.– Behatokiak bere funtzionamendurako barne-araubidea izango du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoetarako xedatutakoaren esparruan. Barne-araubide horrek bat etorri behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Administrazio Instituzionalaren Kide Anitzeko Organoetarako Jarduketa Planean jasotakoarekin (Gobernu Kontseiluak 2020ko uztailaren 7an onartu zuen). Hori gorabehera, urtean gutxienez bilera bat egingo du.
2.– Ez da ordainsaririk jasoko Behatokiko kide izateagatik, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuari eta indarrean dagoen gainerako legediari jarraikiz kideei dagozkien dietak eta kalte-ordainak jaso badaitezke ere.
3.– Behatokia osatuko duten pertsonak izendatzean, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan dadin, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak arautzen duenarekin.
4.– Idazkaria izendatzerakoan, aintzat hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa izatea.
5.– Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea betez, behatokiko kideei nahi duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie.
IV. KAPITULUA
AGINTARITZA BETEARAZLEA
19. artikulua.– Agintaritza Betearazlea.
Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen 28. artikuluan xedatutakoa betez, Euskal Autonomia Erkidegoan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritza izendatzen da EAEn lege hori betetzen dela kontrolatzeko agintaritza gisa (aurrerantzean, «Agintaritza Betearazlea»), eta haren zuzendaritza-organoa izango da titularra.
20. artikulua.– Eginkizunak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Agintaritza Betearazleak eginkizun hauek izango ditu:
1) Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea behar bezala aplikatzea eta betearaztea sustatzeko gomendioak ematea.
2) Nekazaritza- eta elikagaigintza-hornikuntzako katean merkataritza-jardunbide desleialak eragozteko neurriak hartzea.
3) Egiaztatzea elikakateko operadoreek betetzen dituztela Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legean ezarritako betebeharrak, eta laginak hartzeko prozedura bat egitea, egokitzat jotzen diren kasuetan.
4) 23. artikuluan jasotzen den kontrol-plana onartzea.
5) Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legean xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren ikuskapen- eta kontrol-neurriak hartzea.
6) Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea ez betetzeagatik aurkezten diren salaketak jasotzea, eta horiei buruz beharrezkoak diren ikerketak eta egiaztapenak egitea.
7) Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen manuren bat urratu izanaren zantzu argiak aurkituz gero har daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkotzat jotzen dituen behin-behineko neurriak hartzea eta betearaztea. Behin-behineko neurriei buruzko erabakia hartzeak ez du esan nahi gaiaren mamia aurrez epaitu denik.
8) Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea urratuz gero, beharrezkoak diren jarduketak egitea.
9) Elikagai-kontratazioari eta merkataritza-jardunbide desleialei buruzko lanak, azterlanak eta txostenak egitea, eta horien zabalkundea egitea.
10) Urteko txosten bat egitea, Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea betetzeko egindako jarduerak jasoko dituena, bai eta jasotako salaketen eta helarazpenen kopurua eta aurreko urtean hasitako edo amaitutako ikerketen kopurua ere. Amaitutako ikerketa bakoitzari dagokionez, txostenak xedearen deskribapen laburra, ikerketaren emaitza eta, hala badagokio, hartutako erabakia jasoko ditu, aipatutako legean ezarritako konfidentzialtasun-baldintzak betez. Era berean, nekazaritzako eta elikagaigintzako hornidura-kateko enpresen arteko harremanetan izandako merkataritza-praktika desleialak jasoko ditu, baita kontratazioari eta abusuzko merkataritza-jardunbideei buruzko ez-betetzeei buruz jasotako salaketak ere. Txostenean, merkataritza-harremanen konfidentzialtasuna eta lehiaren defentsari eta merkatu askeari buruzko arauak errespetatuko dira, bai eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta erlazionatutako gainerako arauak ere. Txostenaren berri emango da, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean jasotako gardentasunaren eta publizitate aktiboaren betebeharrekin.
21. artikulua.– Funtzionamendua.
1.– Agintaritza Betearazleak, bere eginkizunen artean, honako hauek egingo ditu:
a) Lankidetza-harremanak ezarriko ditu merkataritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzarekin eta Kontsumobide erakunde autonomoarekin.
b) EAEko Elikakatearen Behatokiarekin lankidetzan arituko da, produktu, merkatu eta sektoreei buruzko lan, azterlan eta txostenak egiteko.
c) Lankidetza-harremanak ezarriko ditu Espainiako Administrazio Orokorreko eta beste autonomia-erkidego batzuetako beste organo batzuekin, elikagaien kontratazioaren eta merkataritza-jardunbide desleialen arloan.
d) Lankidetzan arituko da produktu, merkatu edo sektoreekin zerikusia duten erakunde sektorialekin, ekoizle-erakundeekin eta lanbidearteko erakundeekin.
2.– Agintaritza Betearazleak, ikuskapen- eta kontrol-jarduerak garatzeko eta gauzatzeko, V. kapituluan xedatutakoa beteko du.
3.– Hala eskatzen zaionean, Agintaritza Betearazleak betebeharrei buruzko informazioa eta aholkularitza emango die subjektuei eta erakundeei, legearen arabera.
4.– Behar bezala dokumentatutako ikuskapen guztien emaitzak eta Agintaritza Betearazleak bere kontrol-lanetan lortutako datuak, txostenak edo aurrekariak:
a) esleituak dituen eginkizunak ondo betetzeko erabiliko dira beti.
b) dagozkion helburuetarako baino ezingo dira erabili.
5.– Agintaritza Betearazleak bermatu beharko du egiten duen ikuskapen-jarduerak ez dituela merkatu-askatasuna eta lehia askea desitxuratzen, eta ikuskatutako operadoreen konfidentzialtasuna zaintzen dela.
6.– Agintaritza Betearazleak bere ikuskapen-jarduerak zerrendatu, erregistratu eta artxibatuko ditu, jarduketa horiek behar bezala kontrolatu, jasota utzi eta zaintzeko behar den xehetasunarekin.
7.– Zehatzeko espedienteen kontrol-, ikuskapen- edo izapidetze-jardueretan parte hartzen duten pertsona guztiek isilpean gorde beharko dituzte jakin ahal izan dituzten isilpeko informazio eta egitateak. Era berean, isilpean gorde beharko dituzte, lanbideagatik, karguagatik edo alderdi gisa esku hartzeagatik egitate edo informazio horien berri dutenek ere, baita beren funtzioak betetzeari utzi eta gero ere.
V. KAPITULUA
KONTROL-PLANA ETA -ARAUBIDEA
22. artikulua.– Kontrol-araubidea.
1.– Agintaritza Betearazleak ikuskapen- eta kontrol-araubidea aplikatuko du Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea betetzen dela egiaztatzeko, baldin eta:
a) Alderdi kontratatzaileen egoitza sozial nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan badaude.
b) Elikagai-kontratuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuari eragiten badio, kontratuaren xede den elikagaiaren parterik handienarentzat aurreikus daitekeen trazabilitatea kontuan hartuta.
2.– Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legean xedatutakoa betetzen dela egiaztatzeko kontrolekin lotutako funtzioak, ahalmenak eta jarduketak dekretu honen bidez arautuko dira, eta, modu osagarrian, aipatutako legean xedatutakoaren bidez.
23. artikulua.– Kontrol-plana.
1.– Kontrol-plan orokorrean, Euskal Autonomia Erkidegoko elikakate osoa ofizialki kontrolatzeko sistemak deskribatuko dira, lehen mailako ekoizpenetik hasi eta azken kontsumitzailearentzako salmenta-puntuetaraino. Horrez gain, bertan jasoko dira jarduteko irizpide eta ildo orokorrak, planaren helburu orokorrak, eta egin beharreko egiaztapen-, ikerketa eta ikuskapen-jarduerak hautatzeko balioko duten irizpideak. Plana Agintaritza Betearazlearen zuzendaritza-organoaren ebazpen bidez onartuko da.
2.– Kontrol-plan orokorra urtero eguneratuko da. Bertan, edukien, irizpideen, jarduketa-ildoen, urteko helburuen eta egin beharreko ikuskapen-jardueren ezarpenaren berrikuspena jasoko da. Eguneratze hori Agintaritza Betearazlearen zuzendaritza-organoaren ebazpen bidez onartuko da, bai eta plana gauzatzen den bitartean egiten den edozein gehikuntza edo aldaketa ere, eta horren beharra modu arrazoituan justifikatuko da.
3.– Bai kontrol-plan orokorra, bai haren urteko eguneratzeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren gardentasun-atarian argitaratuko dira (https://www.gardena.euskadi.eus/gardentasuna/), bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean jasotako gardentasunaren eta publizitate aktiboaren betebeharrekin.
24. artikulua.– Kontrolen mende dauden pertsonen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen aplikazio-eremuan dauden eta Agintaritza Betearazlearen ikuskapen-zerbitzuek kontrolatzen edo ikuskatzen dituzten elikakateko operadoreek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13. eta 53.1 artikuluetan jasotako eskubideak izango dituzte.
2.– Pertsona fisiko edo juridiko orok dauka Agintaritza Betearazleari laguntzeko betebeharra, eta, Agintaritzak eskatuz gero, epe barruan dauzkan datu eta informazio guztiak eman beharko dizkio nahitaez, ikuskapenaren xede eta helbururako beharrezkoak badira.
Epe hori hamar egunekoa izango da, baldin eta eskatutakoaren ezaugarriengatik edo egoera zehatzaren gorabeherengatik, behar bezala arrazoituta, beste epe bat zehazten ez bada.
25. artikulua.– Ikuskatzaileak.
1.– Ikuskapen- eta kontrol-jarduketak elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzari atxikitako funtzionarioek egingo dituzte, eta elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak, hots, Agintaritza Betearazlearen zuzendaritza-organoak, behar bezala egiaztatuko ditu ikuskatzaile gisa.
2.– Ikuskatzaileak, beren eginkizunak betetzean, agintaritzaren agentetzat hartuko dira, haiek beldurtzen dituztenen, aurka egiten dietenen edo, egitez edo hitzez, zerbitzu-egintzetan edo zerbitzu-egintzak direla-eta haien aurka indarra erabiltzen dutenen administrazio- eta zigor-erantzukizunaren ondorioetarako.
3.– Ikuskatzaileek adituen, teknikarien eta espezialisten laguntza jaso ahal izango dute kontrol-lanetan, lanotarako bereziki interesgarriak badira. Aditu horiek ez dira agintaritzaren agentetzat hartuko, eta ikuskatzaileei laguntzera eta haiekin lankidetzan aritzera mugatuko dira soilik, haien aginduetara jardunez.
4.– Ikuskatze-funtzioa betetzea bateraezina izango da edozein kargu, lanbide edo jarduera publiko edo pribaturekin, baldin eta horrek betebeharrak zorrotz betetzea eragotzi edo kaltetu badezake edo haien inpartzialtasuna edo independentzia arriskuan jar badezake.
5.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, ikuskatzaileek ez dute jarduketetan esku hartuko, eta hierarkian gorago dagoenari jakinaraziko diote.
6.– Ikuskatzaileek, beren eginkizunetan, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legean xedatutakoa errespetatu beharko dute.
26. artikulua.– Ikuskatzaileen ahalmenak.
1.– Ikuskatzaileek honako ahalmen hauek izango dituzte:
a) Kontrolatu beharreko pertsona fisiko edo juridikoek erabilitako edozein lokal, lur, instalazio edo garraiobidetan sartzea.
b) Haien biltegietako izakinak, lortutako produktuak, aplikatzen dituzten prozesuak eta erabilitako instalazioak, makineria eta ekipoak egiaztatzea.
c) Erakundearen jarduerari buruzko liburu eta dokumentuetan sartzea, horien euskarri materiala edozein dela ere, eta, batez ere, erosketen jatorria eta salmenten helmuga egiaztatzen duten eta erosketa eta salmenta horien prezio eta balioak jasotzen dituzten liburu eta dokumentuetan, bai eta liburu eta dokumentuon kopia edo laburpenak lortzea ere, edozein formatu eta euskarritan.
d) Apartatu honetako c) letran aipatutako liburu edo dokumentuak gehienez ere bost egunez atxikitzea. Salbuespen gisa, jatorrizkoak emango dira, jatorrizkoen kopia kautotua eman ezin denean.
e) Erakundearen biltegiak, instalazioak, deposituak, ekipoak, ibilgailuak, liburuak edo agiriak eta gainerako ondasunak zigilatzea, horiek ikuskatzeko behar besteko denboran eta neurrian.
f) Kontrolatu beharreko pertsonaren zerbitzura dagoen edozein ordezkari edo langileri ikuskapenaren xedearekin eta helburuarekin zerikusia duten jarduera, prozesu, material edo dokumentuei buruzko azalpenak eskatzea, eta haiek emandako erantzunak jasotzea.
g) Lehengaien, tarteko produktuen eta bukatutako produktuen laginak hartzea, bai eta sortutako azpiproduktuena ere, nola osatuta dauden eta zer ezaugarri dituzten zehazteko.
h) Egindako jarduketak, eskatutako eta lortutako informazioa eta egiaztatutako egitateak jasotzen dituen akta egitea.
i) Kontrolaren xede den pertsonak aurreko lau urteetan Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen esparruan egindako kontratuak eskuratzea.
j) Bere kontrol-jarduera garatu ahal izateko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzea.
k) Pertsona baten edo batzuen nortasuna, izaera eta ahalmenak egiaztatzeko eskatzea, haien esku-hartzearekin eta laguntzarekin jarduketak egin behar direnean.
l) Ikuskapen-jarduerak osatzeko datu osagarriak eskatzea, ikuskapenak egiten diren bitartean. Errekerimendu hori betetzera behartuta dagoena ikuskatua bada, aktan adieraziko da zer dokumentazio eta zer epetan bidali behar zaion Agintaritza Betearazleari, edo ikuskatzaileen esku utzi behar den.
2.– Aurreko a) eta e) letretan aipatzen diren ahalmenak gauzatzeko, aldez aurretik, interesdunaren berariazko baimena behar izango da, edo, halakorik ezean, dagokion baimen judiziala.
27. artikulua.– Ikuskapen-jardueren hasiera eta garapena.
1.– Agintaritza Betearazleak egiten dituen ikuskapen-jarduerak kasu hauetan hasiko dira:
a) Bere ekimenez, Agintaritza Betearazleak urtero egiten duen kontrol-planean jasotako aurreikuspenen ondorioz.
b) Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea urratu izanaren arrazoizko zantzuak badaude.
c) Salaketa baten ondorioz.
2.– Ikuskapen-jarduerak honako kasu hauetan egin ahal izango dira:
a) In situ. Ikuskapena leku hauetako batean gauzatzen da: ikuskatuaren egoitza sozial, bulego, biltegi edo industrian; ustiategia dagoen tokian; edo Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea urratu dela ebazteko garrantzitsuak izan daitezkeen egitateei buruzko frogaren bat dagoen lekuetan, baita froga partziala bada ere.
b) Administrazio-kontrolen bidez; besteak beste, dokumentazioa eskatuta.
3.– Hasi aurretik jakinarazi beharko dira ikuskapen-jarduerak, eta helburua zein den adierazi beharko da. Ikuskapenaren izaerak hala eskatzen duen kasuetan, jarduera ustekabekoa delako, kontrol-jarduketen jakinarazpena horiek hasten diren unean egingo da.
4.– Ikuskapen-jarduerak amaitzeko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da. Hala ere, salbuespenezko inguruabarrak direla-eta edo ikuskatuek kontrolak oztopatzen dituztelako, Agintaritza Betearazleko zuzendaritza-organoak epe hori luzatu ahal izango du, ikuskatzaile jarduleak proposatuta, gehienez ere hiru hilabetez, eta epe hori ezin izango da luzatu.
28. artikulua.– Kontrol- eta ikuskapen-prozedurak.
1.– Ikuskapen-jarduerak, in situ egiten direnean, hasi ondoren bururaino eramango dira, lanaldi bakoitzean behar den denboran, unean uneko egiaztapenen berezko ezaugarrien arabera. Egun bat baino gehiago irauten badute, egun bakoitzeko jarduerak amaitu ondoren eten egingo dira, eta ikuskatzaileek zehaztuko dute non, zein egunetan eta zein ordutan berrabiarazi, eta, hala badagokio, egoitzak zigilatuko dituzte.
2.– Kontrol- eta ikuskapen-jardueretan, ahalik eta gutxiena oztopatuko dira behartutako pertsonaren lan- edo enpresa-jarduerak.
3.– Agintaritza judizialari ikuskapen-jarduerak egiteko dagokion baimena eskatu bazaio, ikuskatzaileek baimen hori aurkeztuko diete interesdunei.
4.– Kontrol- eta ikuskapen-prozedura osoan, ikuskapen-jardueretan zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko zaie interesdunei, betebeharrak errazago bete ditzaten.
Era berean, jarduketak hastean eta prozeduraren edozein unetan, interesdunak eskatuta, jarduketen esanahiari, bete beharreko prozedurari, eskubideei eta Agintaritza Betearazlearen aurrean dituen betebeharrei buruzko azalpenak eman beharko zaizkio interesdunari.
5.– Prozeduraren edozein unetan, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, isilpekotzat jotzen diren datu edo dokumentuak isilpean gordetzea agindu ahal izango da, datu edo dokumentu horiekin pieza banandua osatuz.
6.– Amaitutzat joko dira ikuskapen-jarduerak, baldin eta, ikuskatzailearen iritziz, eman beharreko egintzak oinarritzeko beharrezkoak diren datuak eta frogak lortu badira.
7.– Kontrol-jarduerak aldez aurretik abisatu gabe egin ahal izango dira, baita ikuskatutako enpresen lanalditik kanpo ere, baldin eta, azken kasu horretan, jakiten bada jardueraren bat dagoela martxan Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen aplikazio-eremuan sartzen diren subjektu edo entitate behartuen instalazioetan.
29. artikulua.– Salaketa baten ondorioz hasitako ikuskapen-jarduerak.
1.– Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen 29. artikuluan xedatutakoa betetzeko eta garatzeko helburuz, eta baldin eta kontrol-jarduerak salaketa baten ondorioz hasi badira:
a) Agintaritza Betearazleak behar diren neurri guztiak hartuko ditu salatzailearen nortasuna babesteko, baita salatzaileak bere intereserako kaltegarritzat jotzen duen beste edozein informazio behar bezala babesteko ere, edo, elkarteen kasuan, kideen edo hornitzaileen intereserako kaltegarritzat jotzen badu.
b) Salatzaileak adieraziko du zein informazio den konfidentziala eta zein ez, eta berariaz adierazi ez den informazio oro konfidentzialtzat joko da.
c) Agintaritza Betearazleak, salaketa jaso ondoren, erreklamazioari bide emateko egin beharreko ekintzen berri emango dio salatzaileari, salaketa aurkeztu eta hilabeteko epean.
d) Agintaritza Betearazleak uste badu ez dagoela arrazoi nahikorik aurkeztutako salaketaren eraginez zehapen-espediente administratibo bat bideratzeko, artxibatzeko arrazoien berri emango dio salatzaileari, erreklamazioa aurkeztu eta bederatzi hilabeteko epean.
2.– Agintaritza Betearazleak, zehapen-espediente administratibo bat abiarazi aurretik, aurretiazko jarduketa bat egingo du, salaketaren edukia noraino iristen den eta zer erantzukizun ekar ditzakeen jakiteko.
30. artikulua.– Salatzailearen eskubideak eta babesa.
1.– Salatzaileak honako eskubide hauek ditu, berariaz kontrakoa adierazi ezean:
a) Salaketa jaso izanaren agiria jasotzekoa, salaketa jaso eta zazpi eguneko epean.
b) Salaketaren izapideak zer egoeratan dauden jakitekoa.
c) Ekintzak zer egoeratan dauden jakitekoa.
d) Salaketaren kari egindako izapideen eta hartutako ebazpenen berri jasotzekoa.
2.– Salatzailearen nortasunaren babesa bermatuta egongo da, bai administrazio-bidean, bai bide judizialean, hala badagokio. Azken kasu horretan, Agintaritza Betearazleak salatzailearen izenean eta ordezkaritzan jardungo du, baldin eta haren nortasuna babesteko beharrezkoa bada, eta betiere ordezkaritza horrek babesgabetasunik eragiten ez badu edo baliabide-berdintasunaren printzipioa urratzen ez badu.
31. artikulua.– Ikuskapen-aktak.
1.– Ikuskapena in situ egiten denean, kontrola ikuskapen-akta batean jasoko da, honako hauek zehaztuta, gutxienez:
a) Formalizatzeko lekua eta data.
b) Akta sinatzen duten ikuskatzaileen identifikazio pertsonala eta akreditazioa.
c) Jarduketen xede den pertsonaren izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakia eta sinadura, eta jarduketetan parte hartzeko duen izaera edo ordezkaritza.
d) Ikuskapen-jardueran egiaztatutako egitateak.
e) Ikuskapenean egindako jardueren xehetasunak.
2.– Ikuskapen-aktak dagozkion jarduketak egin dituzten ikuskatzaileek sinatu beharko dituzte, baita, hala badagokio, kontrola egin zaion pertsonak, haren ordezkariak edo ikuskapena egin den lokaleko arduradunak ere. Akta sinatzeari uko egin arren, hark froga-balioa izango du ikuskatzaileak sinatu ondoren, eta ikuskatutako pertsonak akta sinatzeari uko egin diola jaso beharko da bertan.
3.– Ikuskatzaileek aktaren kopia bat eta aktari erantsitako dokumentuen zerrenda emango diete ikuskatuei. Akta horri kopia egin zaien dokumentuen zerrenda gehituko zaio, baita kopiaren ale bat ere, eta, hala badagokio, ikuskatzaileek atxiki eta Agintaritza Betearazlearen bulegoetara aldi baterako eraman dituzten dokumentuen zerrenda, euskarri materiala edozein izanda ere, baita ondoren entregatzeko eskatutako dokumentuen zerrenda ere.
4.– Ikuskapen-aktak dokumentu publikoak izango dira, eta, kontrakoa egiaztatzen ez bada, bertan jasotako egitateen froga izango dira, bat etorriz Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen azken xedapenetako lehenengoaren 7. apartatuarekin.
32. artikulua.– Ikuskapen-jarduerak amaitzea.
1.– Ikuskapena amaitzean, ikuskatzaileek txosten bat egingo dute, egindako jarduketa guztiak adierazita. Txostenak informazio hau jasoko du:
a) Zein egunetan hasi den ikuskapena.
b) Sinatzen duten ikuskatzaileen identifikazio pertsonala eta akreditazioa.
c) Ikuskatutako enpresaren identifikazio-datuak.
d) Ikuskapen-jardueran egiaztatutako egitateak.
e) Egindako jardueren xehetasunak.
f) Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen ez-betetzeak edo irregulartasunak, halakorik badago.
g) Ez-betetzeak egon badira, irregulartasunek eragindako arau-hausteen behin-behineko kalifikazioa eta horrek eragin dezakeen zehapena.
h) Ikuskapena in situ egin bada, 31. artikuluan arautzen den ikuskapen-akta.
2.– Txostenek horiek egin dituzten ikuskatzaileen sinadura izan behar dute.
3.– Txostenak dokumentu publikoak izango dira, eta, kontrakoa egiaztatzen ez bada, txosten horietan jasotako egitateak frogatuko dituzte.
4.– Agintaritza Betearazleak kontrol-jardueren amaiera jakinarazi beharko dio ikuskatuari.
33. artikulua.– Ikuskapen-jardueren ondorioak.
1.– 32. artikuluan aurreikusitako txostenen emaitzak ikusita, eta ikuskapen-jarduerak amaitzearen ondorioz, Agintaritza Betearazleak honako hauek egin ahal izango ditu:
a) Arduradunari eskatzea adierazitako epean neurriak har ditzala Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea betetzeko.
b) Egindako egiaztapenen ondorioz ikusten bada arau-hauste administratiborik ez dela egin, baina zuzendu beharreko ez-betetzeak edo irregulartasunak daudela, arduradunari ohartaraztea zuzenketak egin ditzala.
c) Ofizioz hastea, zuzendaritza-organoaren ebazpen bidez, dagokion zehapen-prozedura, bat etorriz Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legearekin.
2.– Baldin eta, ikuskapen- eta kontrol-lanen ondorioz, edo aurkeztutako salaketen ondorioz, Agintaritza Betearazleak honako hau egiaztatzen badu:
a) Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen 26. artikulua aplikatuz, Estatuko Administrazio Orokorrari badagokio zehatzeko ahala, Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziari helaraziko dio dagokion informazioa.
b) Lehiaren defentsari buruzko araudian edo nekazaritzako elikagaien merkataritzaren arloan xedatutakoaren arabera ustez arau-hausteak egin direla egiaztatzen badu, erakunde eskudunei jarduketak igorriko dizkie.
c) Produktuen laginak hartu ondoren edo produktuen analisien emaitzak ikusita hautematen bada ez dela betetzen nekazaritzako elikagaien arloan edo arlo sanitarioan aplikagarria den legeria, ahalik eta lasterrena jakinaraziko die erakunde eskudunei.
VI. KAPITULUA
ZEHATZEKO AHALA
34. artikulua.– Zehapen-araubidea.
Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu beharreko arau-hausteak eta zehapenak Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen V. tituluan ezarritakoak izango dira.
35. artikulua.– Zehapen-prozedura.
Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu beharreko zehapen-prozedura Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa izango da.
36. artikulua.– Eskumena.
Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen esparruan, zehatzeko ahala kasu hauetan erabiliko da:
1.– Alderdi kontratatzaileek beren egoitza nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan dituztenean.
2.– Elikagai-kontratuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuari eragiten dionean, kontratuaren objektua den elikagaiaren parterik handienarentzat aurreikus daitekeen trazabilitatea kontuan hartuta.
37. artikulua.– Agintaritza eskudunak.
1.– 33. artikuluaren 1. apartatuko c) letran xedatutakoaren arabera, elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaria izango da Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea aplikatuz Euskal Autonomia Erkidegoan bideratzen diren zehapen-prozedurak hasteko agintaritza eskuduna, Agintaritza Betearazlearen zuzendaritza-organoa den aldetik.
2.– Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaria izango da Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea aplikatuz Euskal Autonomia Erkidegoan bideratzen diren zehapen-prozedurak ebazteko agintaritza eskuduna, Agintaritza Betearazlearen zuzendaritza-organoa den aldetik.
3.– Prozeduraren instrukzio-organoa elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzako funtzionario bat izango da, aholkularitza juridikoko eginkizunak betetzen dituena, eta elikagai-politikaren arloan eskumena duen saileko zerbitzu orokorren arloko zuzendariaren ebazpen bidez izendatuko da.
38. artikulua.– Egoera bereziak.
1.– Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, justizia-auzitegietan auzi penala instruitzeak edota lehia defendatzeko arauak hausteagatiko espedientea hasteak eten egingo ditu egitate berberengatik hasitako administrazio-espediente zehatzailearen izapideak.
2.– Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen 23. artikuluaren 5. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, baldin eta lege horretan jasotako betebeharrak ez betetzearen ondorioz merkatuen lehiari eragiten bazaio, Lehia Defendatzeko uztailaren 3ko 15/2007 Legean jasotako xedapenak aplikatuko dira, eta xedapen horiek lehentasuna izango dute Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legean jasotako arau-hausteei dagokienez, artikulu honen 1. apartatuan adierazitakoaren arabera.
3.– Horren ondorioz, Lehiaren Euskal Agintaritza izango da artikulu honen 2. apartatuan xedatutakoa aplikatuz Euskal Autonomia Erkidegoan bideratzen diren zehapen-prozedurak hasteko eta ebazteko agintaritza eskuduna, bat eginez Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legearekin.
39. artikulua.– Zehapen-ebazpenen publizitatea.
1.– Elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpen bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, hiru hilean behin, elikagaien kontratazioaren arloko arau-hauste astun eta oso astunengatik ezarritako zehapenak, irmo bihurtu badira administrazio-bidean edo, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri bada, auzibidean. Horien publizitatean jasoko dira arau-hauslea nor den, ezarritako zehapena eta zehatutako arau-haustea.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren datu ireki gisa sartuko dira, bat etorriz indarrean dagoen araudian jasotako datuak berrerabiltzeko printzipioekin.
2.– Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen I. tituluak arautzen dituen publizitate aktiboa eta informazio publikorako irispidea 19/2013 Legearen 5.3 eta 15. artikuluetan eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren mende egongo dira, informazioak datu pertsonalak dituenean.
XEDAPEN GEHIGARRIA. Elikakatearen Behatokia eratzea.
EAEko Elikakatearen Behatokia gehienez ere 6 hilabeteko epean eratu beharko da, dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Araudia aldatzea.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 2. artikuluko d) letrari beste bi apartatu eransten zaizkio:
«23.– Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodearen Jarraipen Batzordea.
24.– EAEko Elikakatearen Behatokia.»
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Araudia aldatzea.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 19. artikuluko 1. apartatuko b) letrari hau eransten zaio:
«eta Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Erregistroa.»
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Araudia aldatzea.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 19. artikuluko 2. apartatuari hau eransten zaio:
«eta Elikakatearen Behatokiari.»
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko maiatzaren 7an.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.