Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2024ko maiatzaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2410

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 13koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Enplegu Publikoa Koordinatzeko Euskadiko Batzordearen antolaketa- eta funtzionamendu-araudia argitaratzen dituena.

Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legeak 11. artikuluan xedatzen duenaren arabera, Euskadiko Enplegu Publikoa Koordinatzeko Euskadiko Batzordeari dagokio bere antolaketa- eta funtzionamendu-arauak egitea.

Ildo horretatik, Enplegu Publikoa Koordinatzeko Euskadiko Batzordeak, 2024ko otsailaren 29an egindako bilkuran, antolaketa- eta funtzionamendu-araudia onetsi zuen, eta agindu honen bidez argitaratzen da araudi horren testua.

Enplegu Publikoa Koordinatzeko Euskadiko Batzordearen antolaketa- eta funtzionamendu-araudia.

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Izaera.

Enplegu Publikoa Koordinatzeko Euskadiko Batzordea, zeina Eusko Jaurlaritzan enplegu publikoaren eskumena duen sailera adskribatuta baitago, euskal administrazio publikoen koordinazio-organo teknikoa da enplegu publikoaren alorrean.

2. artikulua.– Funtzioak.

Hona hemen Enplegu Publikoa Koordinatzeko Euskadiko Batzordearen eskuduntzak:

a) Administrazio publikoek giza baliabideen inguruko politikan dituzten esperientziak elkarrekin trukatzea eta irizpideak bateratzea, eta erakundeei laguntza eskatzea arlo horretako politika jakin batzuk aurrera eramateko modua izateko.

b) Irizpideen baterakuntza bultzatzea jarduna ebaluatzearen alorrean.

c) Euskal enplegatu publikoentzako prestakuntza-politika erkideak sustatzea.

d) Euskal enplegu publikoaren behatoki bat sor dadila sustatzea.

e) Euskadiko sektore publikoko administrazio publikoek enplegu publikoaren arloan modu homogeneoan jardun dezaten irizpide-proposamenak aztertzea.

f) Irizpide horiek eremu batzuetan eta besteetan zenbateraino betetzen diren jakitea, modu orokorrean.

g) Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legeak, beste lege batzuek edo garapen-erregelamenduek agindutako gainerako funtzio guztiak betetzea.

3. artikulua.– Txostenak eta proposamenak.

Enplegu Publikoa Koordinatzeko Euskadiko Batzordearen txostenak eta proposamenak ez dira inoiz ere lotesleak izango; baina batzordekideek gehiengoz adostutakoak izango dira, eta ezinbesteko lan-tresna, araudi honen 2. artikuluan ezarritako helburuak lortzeko.

4. artikulua.– Araubidea.

Enplegu Publikoa Koordinatzeko Euskadiko Batzordeak ahalmena du bere burua antolatzeko, hau da, bere antolaketa- eta funtzionamendu-araudia egiteko, haren garapen-arauak emateko, eta, beharrezkoa dela deritzonean eta arauzko bideak erabiliz, araudi hori bera aldatzeko.

II. TITULUA
BATZORDEAREN ANTOLAKETA

5. artikulua.– Batzordearen osaera.

1.– Enplegu Publikoa Koordinatzeko Euskadiko Batzordeak hamabi kide ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren bost ordezkari.

b) Lurralde historikoen foru-administrazio bakoitzeko ordezkari bana.

c) Toki-erakundeen hiru ordezkari.

d) Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkari bat.

2.– Batzordekide bakoitzak ordezko bat izango du. Ordezko horiek ere kasuan kasuko organoek izendatuko dituzte.

3.– Enplegu Publikoa Koordinatzeko Euskadiko Batzordearen buru izango da Eusko Jaurlaritzan langile-politikaren arloan eskumena duen sailaren egitura organiko eta funtzionalaren dekretuaren arabera gai horretaz arduratzen den organoa. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkarietako bat arituko da idazkari-lanetan. Batzordeburuak berariaz izendatuko du.

4.– Batzorde horretako kide guztiek izan beharko dute zuzendaritza-organoen titular edo politika-arduradun giza baliabideen edo enplegu publikoaren alorrean.

5.– Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izango diren kideek, ezinbestean, giza baliabideen arloko goi-kargudun edo zuzendari publiko profesional behar dute izan, eta enplegu publikoaren arloko eskumena duen sailaren titularrak izendatuko ditu.

6.– Era berean, osoko bilkuraren erabakiz lanerako ponentziak sortu ahal izango dira, eta haietan parte hartu ahal izango dute aztertuko diren gaietan aditu direnek.

6. artikulua.– Batzordeburua.

1.– Hona hemen Enplegu Publikoa Koordinatzeko Euskadiko Batzordearen buruaren eskuduntzak:

a) Osoko Bilkuretarako deia egin, bilkura-buru izan eta saioak zuzentzea, funtzio horiek eskuordetzen dituen kasuetan izan ezik.

b) Osoko Bilkuren gai-zerrenda finkatzea.

c) Batzordearen ordezkari izatea ondorio guztietarako, eta organoaren zuzendari gisa jardutea.

d) Batzordearen jarduerarako behar diren neurriak hartzea.

e) Behar dituen dokumentu edo aurrekariak eskatzea kasuan kasuko administrazio publikoei –Batzordeak hala erabakitakoan–, egin beharreko azterlanak eta proposamenak egiteko nahikoa judizio-elementu izateko.

f) Osoko bilkurak planteatutako irizpideen arabera, lanerako ponentzien osaera onestea, eta haietan aldi baterako parte hartuko duten adituak izendatzea.

g) Osoko bilkurak proposatuta, dagokion arloko profesional edo adituei azterlan, txosten, irizpen edo proiektuak landu ditzaten agintzea.

h) Erregelamendu hau eta beronen arau osagarriak betetzen direla zaintzea.

i) Batzordearen jarduera bultzatzea, hark, esleituta dituen eskumenak baliatuz, aurreikusitako epeetan egin ditzan txostenak.

2.– Batzordeburuaren ordezko izendatutako kideak batzordeburua ordeztuko du titularrak kargua uzten duenean, kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean; kasu horietan, batzordeburuaren funtzio berak beteko ditu.

7. artikulua.– Idazkaritza.

Batzordeko idazkariaren eskumenak dira:

a) Batzordeburuak onetsi ondoren, Batzordearen gai-zerrenda prestatzea, eta arauzko zitazioak egitea.

b) Osoko bilkuraren aktak idaztea.

c) Akten eta erabakien ziurtagiriak ematea.

d) Bertan izana ziurtatzea hala eskatzen dioten batzordekideei.

e) Batzordearen barneko eta kanpoko dokumentazio guztia izapidetzea.

f) Batzordearen dokumentazioa zaintzea.

g) Organoei beren eginkizunak betetzeko behar dituzten dokumentazioa, aurrekariak eta txostenak ematea.

h) Dagozkien administrazioei helaraztea Batzordeak hartutako erabaki, txosten, proposamen eta gainerako guztiak.

i) Batzordeari bidaltzen zaizkion edo Batzordeak bidaltzen dituen espedienteen eta dokumentuen sarrera- eta irteera-erregistroez arduratzea.

j) Behar duten informazioa eta laguntza teknikoa ematea batzordekideei.

k) Beteko ditu, era berean, organoaren Idazkaritzarekin zuzeneko lotura duten funtzio guztiak, aurreko puntuetan esleitu direnak.

8. artikulua.– Batzordekideak.

1.– Hona hemen Enplegu Publikoa Koordinatzeko Euskadiko Batzordeko kideen eskuduntzak:

a) Osoko bilkuretan edo lanerako ponentzietan parte hartzea eta iritzia ematea.

b) Botoa emateko eskubidea baliatzea edo, hala badagokio, gehiengoaren aurkako boto partikular arrazoitua ematea, dagokion aktan jasoko dena eta, era berean, hura jasotzen duten irizpenetan aintzat hartuko dena, halakorik izanez gero.

c) Galde-eskea egin ahal izatea bilkura guztietan.

d) Aztergai dituzten kontuetarako behar dituzten aurrekariak, informazioa edo dokumentazioa eskatzea.

e) Proposamenak eta mozioak idatziz egin ahal izatea, gai-zerrendan aintzat har daitezen.

f) Idazkaritzaren esku dauden dokumentazioa eta artxiboak libreki eskuratu ahal izatea.

g) Esleitzen zaizkien txostenak landu eta idaztea. Txostengileek, haiei dagozkien bileretan, lehentasuna izango dute beren irizpenak edo txostenak defendatzeko.

2.– Batzordekide izateak ez du ordainsaririk jasotzeko eskubiderik ematen. Kontseilukideek joan-etorrietako gastuak jasotzeko eskubidea izango dute soilik, unean-unean indarrean dagoen legeriak xedatzen duenaren arabera eta ordezkatzen duten erakundearen kontura.

3.– Batzordekideak behartuta daude isilean eta zuhurtziaz jardutera, esku artean dituzten aztergaien izaerak hala eskatzen duenean eta, bereziki, Espainiako Konstituzioaren 18.1 artikuluan aitortutako eskubideei eragiten dietenean.

4.– Batzordekideek, edo haiek eskuordetzen dituzten pertsonek, Batzordearen bileretara joateko betebeharra dute, erregelamenduaren araberako deia egin zaienean.

9. artikulua.– Lanerako ponentziak.

1.– Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordearen osoko bilkurak lanerako ponentziak eratzea erabaki ahal izango du, gai jakin batzuk aztertzeko edo proposamenak lantzeko.

2.– Lanerako ponentzien osaera aldagarria izango da esleitzen zaien lan motaren arabera, eta batzordeburuak izendatutako kideek osatu ahal izango dituzte ponentziak, osoko bilkurak proposatutako irizpideen arabera.

3.– Batzordeburuak aurreko puntuan adierazi den eran izendatutako adituek ere parte hartu ahal izango dute lanerako ponentzietan.

4.– Lanerako ponentzia bakoitzean zuzendari edo koordinatzaile bat arituko da, eta hark aldian-aldian jakinaraziko dio Batzordeko Idazkaritzari ponentziako lanak nola doazen.

5.– Euskal administrazio publikoek, batzordeburuak hala eskatuta, beren funtzionarioak izendatu ahal izango dituzte lan-ponentzietan parte hartzeko gai jakin batzuk aztertzeko edo haiei buruzko txostena lantzeko.

6.– Ponentziek, edozein kidek eskatuta, helburuak betetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten aurrekari eta txosten guztiak eskatu ahal izango dituzte idazkariaren bitartez.

10. artikulua.– Deialdia.

1.– Batzordearen osoko bilkurarako deia egitea batzordeburuari dagokio. Ohiko bilkuretarako, lau egun baliodun lehenago jakinarazi beharko da; eta ezohiko bilkuretarako, bi egun baliodun lehenago.

2.– Deialdi-zitazio guztiei gai-zerrenda erantsi beharko zaie, eta argi eta garbi zehaztuko da bilera non, zein egunetan eta zein ordutan egingo den. Halaber, zitazioarekin batera, aurreko bileraren aktaren zirriborroa bidaliko da, bai eta dokumentazio egokia ere, aldez aurretik aztertu ahal dadin.

11. artikulua.– Osoko bilkura eratzea.

1.– Gai-zerrendan erabakiak hartzea aurreikusten bada, osoko bilkura balio osoz eratzeko quoruma gehiengo osoa izango da; hau da, kideen erdia gehi bat beharko da.

2.– Ezingo da gai-zerrendan agertzen ez den ezein gairi buruzko erabakirik hartu, salbu eta kide anitzeko organoko kide guztiak bertan badaude eta, gehiengo soilez, gaia presakotzat jo badute.

3.– Gai-zerrendan datorren gairen bat kentzeko eskatu ahal izango da, aztergaiari aurrekariak, dokumentuak edo txostenak erantsi ahal izateko, baldin eta horiek gabe ezin bada erabakirik hartu, eta hala onartzen bada, gehiengo soilez.

4.– Bilkura bakoitzeko akta bat egingo da, eta han jasoko dira bertaratutakoen izenak, bilkura non eta noiz egin den, eztabaida-gai nagusiak, bozketaren forma eta emaitza, eta erabakien edukia.

5.– Aktak idazkariak idatzi eta sinatuko ditu, batzordeburuaren oniritziarekin, eta hurrengo bilkuran edo hurrengoetan onetsiko dira.

12. artikulua.– Lanerako ponentzien garapena.

1.– Lanerako ponentziak, behin eratu ondoren, ponentziaren zuzendariak edo koordinatzaileak Batzordeko idazkariaren bitartez deituta bilduko dira. Deialdirako zitazioari gehituko zaizkio bilkurako dokumentazioa, aurrekariak eta gai-zerrenda.

2.– Lanerako ponentzien txostenak, proposamenak eta azterlanak osoko bilkuraren mende jarriko dira, eta organo horri esleitutako eskumenak egikaritzeko erabiliko dira; baina osoko bilkurak aukera izango du lan horien emaitza aldatzeko, edo gaia ponentziari itzultzeko, sakonago azter dezan.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean aurreikusitako arauak erregelamendu honetan aurreikusitako neurrien ordezko gisa aplikatuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 13a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala