Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2024ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2406

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 6koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez agintzen baita, 2024. urterako, «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia argitaratzea.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) honako hauek sustatzera bideratutako jarduketez arduratzen da: industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta industria-lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, Informazio eta Ezagutza Gizartearen garapena, eta enpresa arloko ekintzailetza-jarduera.

Hori horrela, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia askotariko ekintzak garatzen ari da Industria Adimendunerako Estrategia sustatzera zuzenduak, enpresen artean digitalizaziorako eta jasangarritasunerako teknologia aurreratuen erabilera sustatzeko. Enpresak teknologia horiek erabiltzen hasi berriak dira, eta bide hori sustatzeko eta ildo horretan sentsibilizatzeko ekintzen beharra dago.

Horren ondorioz, Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio programa diseinatzean, lehentasunezko helburu gisa ezarri da industria-enpresen artean digitalizazioari eta jasangarritasunari lotutako teknologien erabilera sustatzea.

Bestalde, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak (DEAL) 7.2.a) artikuluan eskatzen du lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena zenbait printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, DEALen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Akordio horren bidez, halaber, Kontseiluak programa horri dagokion gastua onartu zuen.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritzaren ebazpen bidez baimendu da programari dagokion gastua.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2024. urterako «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.

Bigarrena.– 2024. urterako «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen eta biharamunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bilbao, 2024ko maiatzaren 6a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
2024. URTERAKO «BASQUE DIGITAL INNOVATION HUB (BDIH) – KONEXIO» LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEKO OINARRIAK

Eusko Jaurlaritzak Fabrikazio aurreratuaren estrategia (Basque Industry 4.0) berrikusi zuen 2021ean, eta hortik etorri zen Industria Adimendunaren 2020-2025 aldirako estrategia berria. Industria Adimenduna kontzeptua berrikuntza eta fabrikazio jasangarriko teknologiak eta abangoardiako teknologia digitalak sortzean eta aplikatzean datza; berrikuntza eta teknologia horiek balio erantsi handiko produktu eta zerbitzuak sortzeko eta aberastasunari, enpleguari eta ingurumen-inpaktua minimizatzeari dagokionez potentzial handia duten negozio-eredu berriak garatzeko sortzean eta aplikatzean, hain zuzen. Hor sartzen da produktuak eta prozesuak bizi-zikloaren ikuspegitik diseinatzea, material eta prozesu jasangarriak erabiltzea eta funtzionalitatea, eraginkortasuna eta/edo erabilera-esperientzia hobetzen duten eta/edo datua ustiatzearen bidez balioa ematen duten irtenbide digitalak aplikatzea.

Industria Adimendunaren estrategiaren xedea berrikuntza, garapen teknologikoa, jasangarritasuna eta talentua sustatzea da, euskal industriaren lehiakortasuna lortzeko eta gero eta globalagoa den ekonomian negozio-nitxo batzuetan lider-posizioa hartzeko palanka gisa.

Basque Digital Innovation Hub-a (BDIH) irabazi-asmorik gabeko ekimen bat da, eta RIS3 Euskadi Espezializazio Adimenduneko Euskal Estrategiarekin loturik dago (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Plana 2030-RIS3 Euskadi eta Industrializazio Planean definitua eta ezarria), enpresa-ehunari teknologia digital eta jasangarriak esperimentatzen laguntzeko.

BDIHren helburua Europako industria-ehunari eta, bereziki, euskal ETEei industria adimendunaren, energiaren eta osasunaren ingurunean industria digitalaren eta jasangarriaren erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasun zientifiko eta teknologiko berritzaile eta bikainak eskuratzeko bide erraz eta errentagarri bat eskaintzea da, hala, ETEei eboluzionatzen eta lehiakorrago izaten laguntzeko.

Sare bat da, eta hor daude sartuta digitalki konektatutako I+G azpiegiturak, planta pilotuak eta RIS3 estrategietako (industria adimenduna, energia eta osasuna) askotariko alderdietan espezializatutako know-how delakoa, 8 nodotan antolatuta: Fabrikazio aditiboa, Robotika malgua eta kolaboratiboa, Zibersegurtasuna, Makina adimendunak eta konektatuak, Material aurreratuak, Data Driven Solutions, Sare Elektriko Digitalak, eta Gailu Medikoak eta Osasun Digitala.

BDIHen jabetza partekatzen dute I+G zentroek, lanbide heziketako zentroek, unibertsitateek eta enpresa arloko I+G unitateek, eta horiek guztiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kideak dira eta eskualdeko erakunde publikoen babesa dute. Zerbitzuak eskaintzen ditu I+G arloko proiektuak garatzeko, industria-proiektuak eskalatzeko, abangoardiako teknologiak erakusteko, baliozkotzeko eta azaltzeko, eta prestakuntzarako eta oinarri teknologikoko enpresa berriak azeleratzeko baliabide gisa, leihatila bakarraren ikuspegiarekin.

Era berean, Europako Batzordeak, Komunikazio Sareen, Edukien eta Teknologiaren Zuzendaritza Nagusiaren (DG Connect) bidez, eta «Digital Single Market» Estrategiaren esparruan, hainbat ekimen sustatu ditu azken urteotan; besteak beste, Digital Innovation Hubs izenekoa; horren helburua da Europaren lehiakortasuna hobetzea teknologia digitaletan, baita ETE guztiek, tamaina, herrialdea eta sektorea edozein dutelarik ere, berrikuntza digitalen onurak eskuratu ditzaketela bermatzea ere. Digital Innovation Hubs horiek leihatila bakar gisa funtzionatzen dute; horietan, enpresek eta, bereziki, ETEek, startup-ek eta enpresa ertainek negozioak, ekoizpen-prozesuak, produktuak eta zerbitzuak hobetzeko laguntza jaso dezakete teknologia digitala txertatzearen bidez.

BDIHk Digital Europe programaren Europako deialdian «Bikaintasun Zigilua» lortu du. Horri esker, EDIH (European Digital Innovation Hub) gisa har daiteke. EDIHen Europako sareko kide izateak ahalbidetuko digu gure BDIHren gaitasun osoa garatzea, Euskadiko nahiz Europako ETEetara bikaintasuna eta espezializazioa esportatzea edo inportatzea eta ekosistema batzuk eta besteak konektatzeko aukera, eskualde ugaritako hornitzaile eta erabiltzaileentzako berrikuntza-aukerak identifikatuta. Horrek, euskal ETEei lagunduko diete hedatzen eta beste merkatu batzuk aprobetxatzen, EBko balio-kateak garatu, merkataritza-aukera berriak sortu edo aurreko berrikuntza arloko pilotuak edo esperimentuak merkaturatzen lagunduko die.

Europa Digitala (Digital) programaren helburua susperraldi ekonomikoa bizkortzea da, eta Europako gizartearen nahiz ekonomiaren eraldaketa digitalari forma ematea, denen onerako, baina bereziki enpresa ertain eta txikien onerako.

Aurreko hori kontuan hartuta, BDIHra eta Europako zenbait DIHtara atxikitako aktiboen erabilera sustatzeko beharra ikusi da, 2024. urterako «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» programa (hemendik aurrera, «Programa») honen bitartez industriaren arloko euskal enpresek dituzten beharrizanei erantzuteko duten gaitasuna dela-eta.

Halaber, adierazi behar da programa hau jasota dagoela SPRIren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (Administrazio Kontseiluak 2023ko abenduaren 20an onartua eta 2024ko martxoaren 27ko saioan aldatua). Planaren helburu hau lortzen laguntzeko xedea du: «Manufaktura-enpresen ondasunak eta zerbitzuak diseinatzeko eta garatzeko teknologia digitalak eta jasangarriak txertatzen laguntzea, Basque Digital Innovation Hub (BDIH) osatzen duten baliabideei buruzko laguntza teknikoaren, orientazioaren eta bideragarritasun-azterketarako proiektuen bitartez. Arlo hauetara bideratuta dago; robotika malgu eta kolaboratiboa, fabrikazio aditiboa, zibersegurtasuna, makina adimendunak eta konektatuak, material aurreratuak, gailu medikoak, osasuna eta elektrizitate digitalak».

1. artikulua.– Xedea.

Programaren xedea da euskal industriari Basque Digital Innovation Hub (BDIH) eta Europako zenbait Digital Innovation Hubs (DIHs) esperimentazio- eta testatze-azpiegituren erabilerarako sarbidea, konexioa eta laguntza teknikoa emango dion zubi-plan bat aurrera eramatea.

Xede hori BDIHko edo aukeratutako nazioarteko DIHko eragileek eskainitako laguntza tekniko baten bidez gauzatuko da, zenbait nodok eskaintzen dituzten teknologia digitalak eta jasangarriak xurgatzeko gaitasuna areagotzeko aukera emango duen ekintza-plan bat edo kontzeptu proba bat egiteko. Hauek dira aipatutako nodo horiek: robotika malgu eta kolaboratiboa, fabrikazio gehigarria, material aurreratuak, zibersegurtasuna, makina adimendun eta konektatuak, sare elektriko digitalak eta gailu medikoak eta osasun digitala, lehen aipatu ditugun azpiegituretan gauzatzekoak.

Ekintza horiek emaitzara irekitako metodologia bati jarraituz gauzatuko dira, enpresek aukera izan dezaten zentroek zer-nolako laguntza ematen dieten erabakitzeko; era horretan, eskaintzen diren aktibo eta zerbitzuen nahiz enpresen eta haien beharrizanen arteko egokitzapena hobea izango da.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Laguntza horiek behar bezala jasotako laguntzen ondoz ondoko esleipenaren arabera emango dira. Ondorioz, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, oinarri hauetan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta.

2.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek garrantzi txikiagoko edo de minimis laguntza izaera dute. Ondorioz, 2023ko abenduaren 13an Europako Batzordeak onartutako (EB) 2831/2023 Erregelamenduak xedatutakoaren mende egongo dira («2831/2023 Erregelamendua»).

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

4.– Programa honen barruan ematen diren dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik izango esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

3. artikulua.– Baldintzak eta definizioa.

Programa honen helburuetarako, definizio hauek ezarri dira:

1.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, aukera daitezkeen gastuen eta/edo inbertsioen onartutako gehieneko aurrekontuen ehuneko gisa adierazita.

2.– BDIH – Basque Digital Innovation Hub. Enpresei eskuragarri jarritako teknologiei lotuta prestakuntzarako, ikerketarako, testatze eta balioztatzeetarako aktibo eta zerbitzuen sare konektatua. Guztiak 1. eranskinean daude jasota.

3.– BDIHko eragilea. Basque Digital Innovation Hub osatzen duten eragile zientifiko-teknologikoen multzoa. Guztiak 1. eranskinean daude jasota.

4.– DIH – Digital Innovation Hub. «Berrikuntza digitaleko zentroak» dira eta ez dute irabazi-asmorik. Enpresei, bereziki ETEei, eta sektore publikoari laguntzen diete eraldaketa digitala gauzatzen. DIHaren nukleoan ikerketaren eta teknologiaren arloko erakunde bat (RTO) edo unibertsitate-laborategi bat egon ohi da; horrek, zenbait bazkiderekin batera, honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu, besteak beste: teknologia digital, software eta hardware berriekin esperimentazioa, berrikuntza digitalei etekinik handiena ateratzeko gaitasunak eta entrenamenduak. Hautatutako DIHen zerrenda 2. eranskinean ageri da.

5.– Europako DIHetako gastuak. Aurkeztutako proiektuaren alorrean adituak diren eta proiektu horren exekuzioan parte hartu duten DIHak azpikontratatzeko gastuak.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen xedera bideratutako 2024ko baliabide ekonomikoak 1.400.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2024rako EAEko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funtsak mugatuak direnez, programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, gelditu egingo da laguntzak emateko prozesua, eta horren berri emango du SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak sozietatearen web-orrian (web www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren, baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte industria arloko enpresek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek, eskaera eginda, 6. artikuluan deskribatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat badute. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izan beharko du inpaktua eta bertan egin beharko da diruz laguntzekoa den jarduera.

b) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda badago.

c) BDIHko eragile bat edo gehiagoren edo DIHko eragile baten laguntza badute proiektua gauzatzeko.

2.– Ezingo dituzte jaso deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak:

a) Sektore publikoren batekoak edo sektore publikoaren parte direnek, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalerako arauen arabera.

b) DEALen 13. artikuluan edo Dirulaguntzen 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren (DLO) 13.2 artikuluan aurreikusten den egoeraren batean daudenek, aplikagarria den heinean.

Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela aintzat hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako kasuetan. Hala, dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan eguneratuta dagoela aintzat hartuko da zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean edo itzultzeko dagokion ebazpenaren inpugnazioa bertan behera uztea adostu bada.

c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe daudenek.

d) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen dutenek, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

e) Aurreko hiru urteetan minimis laguntza gisa 300.000 euro baino gehiago jaso izana.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela, zeinetan proiektuak eragina izango duen.

– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak uko egin diezaioke ofizioz egiaztatzeari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako baldintzak 10. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztuz edo oinarri hauen eranskinean jasota dagoen normalizatutako ereduaren araberako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira. Bigarren kasu horretan, erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitako dokumentazioa egiaztatzeko betebeharra izango du eskatzaileak, SPRIk hala eskatzen dionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan eta DEALen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatutako baldintzen egiazkotasuna ikuskapen bidez edo dokumentazioa eskatuz egiaztatu ahal izango da hala badagokio.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epea.

Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira industria arloko enpresek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek gidatutako laguntza teknikoa emateko proiektuak, honako hauetarako aukera ematen badute:

– Teknologia digitalak eta jasangarriak xurgatzeko gaitasuna areagotzen duen ekintza-plan bat egitea, eta/edo,

– Horien kontzeptu-proba bat egitea.

Proiektu horien gauzatzea 2024ko abenduaren 20a baino lehen amaitu behar da. Proiektuak, halabeharrez, honako teknologia hauek txertatzeko kontzeptu-proba bat diseinatzera bideratuta egongo dira:

– Robotika malgua.

– Fabrikazio gehigarria.

– Zibersegurtasuna.

– Makina adimendunak eta konektatuak.

– Material aurreratuak.

– Sare elektriko digitalak.

– Gailu medikoak eta osasun digitala.

Ez dira diruz lagunduko artikulu honetan deskribatzen diren eta erakunde onuradunaren beraren katalogoaren barruan dauden produktuak/zerbitzuak.

Inola ere ez da diruz lagunduko Europar Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea; eta, ondorioz, Programa honen testuinguruan diruz lagundutako dirulaguntzek ezingo dute zuzenean lotuta egon esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat martxan jarri eta ustiatzearekin, edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste ohiko gastu batzuekin.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak eta gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

1.– Gastu hautagarritzat hartuko dira ondorengo kontzeptu hauek, aurreko puntu batean deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerekin lotuak:

– Aurkeztutako proiektuaren alorrean aditua den eta proiektu horren exekuzioan parte hartu duen BDIHaren kontratazio-gastuak (erakunde onuradunak hautatuko du).

– Aurkeztutako proiektuaren alorrean aditua den eta proiektu horren exekuzioan parte hartu duen Europako DIHaren kontratazio-gastuak (erakunde onuradunak hautatuko du).

– Erakunde eskatzaileko langileen bidaia-gastuak (Europako DHI baten aktiboak erabiltzen direnean soilik).

2.– Gastu hautagarriek ez dituzte gaindituko 8. artikuluan adierazitako gehieneko ehuneko eta zenbatekoak.

3.– Gastu hautagarriek laguntza-eskaera SPRIn aurkezten denetik aurrera eta proiektua gauzatzeko epean sortuak edo fakturatuak izan behar dute. Halaber, laguntza-eskaera aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak ere onartuko dira, proiektua 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi bada.

4.– Ez dira gastu hautagarritzat joko, inola ere, laguntzaren eskatzaileak berak edo eskatzailearen taldeko enpresek egindako lanak, material didaktikoak prestatzea, aretoen alokairua, dietak eta antzeko gastuak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

5.– Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den jarduerarekin.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

d) Antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

6.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarria izango.

7.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea:

DEALen 31.1 artikuluan eta DLOren 29. artikuluan eta 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan (horrek onartzen du DLOren araudia, «DAO») ezarritakoaren arabera, onuradun batek azpikontratatu edo kontratatu egiten du, baldin eta hirugarren batzuekin diruz lagundu nahi den jarduera osorik edo partzialki egitea hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak.

DEALen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrengoen kontratazioren bat baldin badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.

Dirulaguntzaren eskaeran aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

Hirugarrengoekin hitzartutako jarduera diruz lagundutako zenbatekoa baino % 20 handiagoa bada, eta zenbateko hori 60.000 euro baino altuagoa bada, kontratazioak DEALen 31.3 artikuluko baldintzak bete beharko ditu.

8.– Nolanahi ere, oinarri hauen testuinguruan diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira DEALen 30. artikuluarekin bat datozenak.

9.– Aplikatzekoa den kasuetan, diruz lagundu daitezkeen gastuak DLOren 31.2 artikuluan adierazitako epeetan ordaindu beharko dira.

8. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa emango dira, honako ehuneko hauetan, onartutako gastu hautagarriak aintzat hartuta:

– Gastu hautagarrien % 80 diruz laguntzea, gehieneko zenbateko hauekin:

– 12.000 euro proiektua BDIHko eragile batekin lankidetzan gauzatuz gero.

– 20.000 euro proiektua BDIHko eragile batekin baino gehiagorekin lankidetzan gauzatuz gero.

– 15.000 euro proiektua Europako DIH batekin eginez gero, proiektuko 12.000 euroko eta bidaietarako 3.000 euroko muga partzialekin.

2.– Gehienez ere bi eskabide onartuko dira erakunde bakoitzeko.

Erakunde batek bi laguntza-eskaera aurkezten baditu, proiektuak BDIHko aktibo desberdinekin egin beharko dira, baina BDIHko eta nodo bereko agente berak egin ahal izango ditu.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskura ditzakete, betiere gastu hautagarrietarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen badute.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzek garrantzi gutxiagoko laguntzen edo de minimis izaera dute.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen de minimis guztien kopurua ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan hiru urteko edozein alditan zehar.

5.– De minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, ezta arriskuaren finantzaketa-neurri berdinarentzako estatuko beste edozein dirulaguntzari ere, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion dirulaguntzaren kopururik altuena. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– De minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira, SPRIren webguneaz baliaturik.

2.– Aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean gaituta dauden dirulaguntzaren eskaera-formularioak bete beharko dituzte. Ondoz ondoko pantailak ditu aplikazioak eta eskatzaileek eskatuko zaien informazioa ikusi ahal izango dute horietan, oinarri hauen arabera.

3.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIren sistemetan egindako eskaerako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

4.– Erakunde onuradunaren eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.

5.– SPRIk kontsultatu egingo du ea zerga-betebehar guztiak eta Gizarte Segurantzako betebeharrak betetzen diren, baita enpresa Jarduera Ekonomikoen Zergan alta emanda dagoen ere. Nolanahi ere, dirulaguntzaren eskaera egitean aukera dago eskatzaileak uko egiteko SPRIren kontsulta horri. Kasu horretan, dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

6.– Laguntza-eskaerarekin batera, agiri eta informazio hauek aurkeztu behar dira:

a) Oinarri Arautzaile hauen I. eranskinean ageri den normalizatutako ereduaren edukiaren arabera egindako erantzukizunpeko adierazpena.

b) Alderdi hauei buruzko informazioa:

– Aurreko hiru urtetan jasotako de minimis laguntzen zerrenda, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

c) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

d) Erakunde onuradunaren IFZ.

e) Proiektuaren memoria, erakunde eskatzaileak aurkeztua. Bertan, honako hauei buruzko informazio xehatua agertu beharko da:

– Proiektuaren laburpena.

– Proiektua BDIHren zein aktiborekin gauzatuko den.

– Proiektua abiarazteko motibazioa, hautemandako arazoa/beharra.

– Faseak eta zereginak.

– Espero den emaitza eta eragina.

– Proiektua gauzatzen parte hartuko duen BDIHaren nodoa (edo nodoak) (nodoko eragilea edo eragileak adierazi beharko da/dira).

– Erakunde onuraduneko taldea (profila eta proiektuko rola).

– Erakunde kontratatuaren taldea (profila eta proiektuko rola).

– Proiektuaren aurrekontua (barruko eta kanpoko dedikazioaren banakapena eta bidaia-gastuak, Europako DIH batekin lankidetzan arituz gero).

– Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa, parte hartuko duten BDIHko eragileek eta/edo hautatu den Europako DIHkoek aurkeztua. Bertan, honako hauei buruzko informazio xehatua agertu beharko da:

• Proiektua zein BDIH nodotan (batean edo gehiagotan) edo Europako DIHtan kokatzen den.

• Proiektu mota (diagnostikoa eta ekintza-plana, kontzeptu-proba).

• Proiektua BDIHren zein aktiborekin gauzatuko den.

• Egingo diren jardueren, eta esperotako emaitzaren edo emaitzen azterketa xehea.

• Aurrekontuaren banakapena, langileen eta bidaien gastuak barne (DHIen kasuan, hala dagokionean).

• BDIH/DIHko taldea (CVen laburpena).

• Proiektua gauzatzeko egutegia.

7.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte laguntza-eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora telematikoki bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Programako onuradun gisa azaltzen den enpresari dagokiona bakarrik onartuko da harremanetarako posta elektronikoko kontu moduan.

8.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.

11. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

1.– Programa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2024ko urriaren 15ean bukatuko da. Eskatzaileentzako arreta egun horretako arratsaldeko 17:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

2.– Laguntza-eskaera ez badago guztiz beteta edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentu guztiak aurkezten ez badira, enpresari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean falta den informazioa edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Hala egiten ez badu, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da, eta horri dagokion ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoarekin bat.

12. artikulua.– Esleipenaren prozedura.

1.– Organo kudeatzaileak kudeatuko ditu laguntza-eskaerak, espedientea osatuta dagoen unearen arabera. Eskabideen ebazpena aurkeztutako hurrenkeraren arabera egingo da, eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

2.– Proiektuak honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatuz aztertuko dira:

a) Proiektuaren egikaritzeak duen balioa erakunde onuradunarentzat.

b) Proiektua aurkezteko dokumentazioaren kalitatea. Helburu, eginkizun eta kostuen zehaztapen eta egokitzapen maila.

c) Erakunde onuradunek eta agente teknologikoek proposatutako lantaldearen kalitatea.

d) Proiektua egikaritzeko eskaeraren motibazioa teknologia egokia gehitzeko, estrategiarako egokitua.

Aurreko baldintza guztiak betetzen ez dituzten jarduketei ezezkoa emango zaie.

3.– Prozedura ebaztea SPRIren Zuzendaritza Nagusiari dagokio, aurkeztutako hurrenkeraren arabera eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Zuzendaritza Nagusian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan. Bestela, zuzenean, Bilboko administrazioarekiko auzietako epaitegien aurrean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, bi hilabeteko epean.

4.– Ebazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik hasita. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

5.– Onuradunari esleipenaren ebazpenaren berri ematean, de minimis laguntza bat dela jakinarazi behar zaio.

6.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua gauzatu izana justifikatu beharko dute, SPRIren webguneko likidazio-eskaeraren inprimakiak betez.

2.– Likidazio-eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskaeran.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira.

a) Gehienez bi orrialdeko memoria, honako alderdi hauek adierazita:

– proiektuaren balioa erakunde onuradunarentzat, 6 hilabeteko epean.

– proiektutik eratorritako ekintza-planaren laburpena, hala badagokio.

– aurreikusitako jarraipena.

b) Egikaritutako gastuen justifikazio-memoria eta gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, kostuen desglosearekin.

c) Finantza-erakundearen ordainketako banku-egiaztagiriak, proiektuan diruz lagun daitezkeen gastuena.

d) Jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretan bideratutako funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko dira.

e) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen duena, baldin eta aurretik adierazitakoa aldatu bada.

5.– Ez dira kontuan hartuko DLOren 31.3 artikulua, aplikagarria denean, betetzen ez duten gastuak 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusten dituen ordainketa-epeei dagokienez.

6.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du eta, haren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio SPRIren zuzendari nagusiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

14. artikulua.– Laguntza- edo likidazio-eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, eskaera ukatuko da, helburu horretarako agindutako ebazpen baten bidez.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Esleitutako dirulaguntzaren ordainketa aldi bakar batean egingo zaio laguntzaren erakunde onuradunari, 13. artikuluan eskatutako likidazio-eskaera eta justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren.

Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutakoak betetzen ez baditu edo itzultze-bidezkotasunaren ebazpenagatik zorduna bada.

2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, 8. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauen arabera emango diren dirulaguntzen onuradun izango diren erakundeek honako artikulu hauetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte: DEALen 14. eta 42. artikuluetan jasotakoak, eta, aplikagarria den heinean, DLOren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta zehazki eta xede mugatzailerik gabe, hauek:

a) Dirulaguntzaren esleipena oinarritzen duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.

b) Eskakizunak eta baldintzak betetzen dira egiaztatzea SPRIren aurrean eta dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea.

c) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamar baliodun eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

d) Emandako laguntza jarduketa-plana aurrera eramateko erabiltzea, baita esleipenaren xede izan ziren gastuak finantzatzeko ere.

e) SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.

f) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea lau urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

g) Hala badagokio, SPRIk egin beharreko egiaztapen-jarduketak baimentzea edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak edo estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskudunek jasotako dirulaguntzen gainean egin beharreko beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario baimentzea, aurretik aipatutako zeregin horiek egiteko beharrezkoa den edozein informazio emanez.

h) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela hemen araututako dirulaguntzen xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

i) Dirulaguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatu dela jakinaraztea SPRIri.

Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

j) Esleipenaren ebazpena eman aurretik eta ordaintzerako unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak zein dirulaguntzen itzulketei lotutako betebeharrak egunean daudela egiaztatzea, ogasunaren arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren saileko titularrak emandako aginduan ezartzen den moduan.

k) Erakundearen izaera juridikoa dela eta liburu kontulariek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea pertsona onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten egoera kontulariak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egin daitezkeela bermatzeko.

l) Jasotako funtsen aplikazioaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izateko.

m) Konfidentzialtasunaren, datu pertsonalen babesaren eta enpresen isilpekoen balizko mugak errespetatuz, SPRIrekin lankidetzan aritzea proiektuaren eta dirulaguntzaren xede-emaitzak zabaltzeko, SPRIk dituen komunikazio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-mekanismoen bidez.

n) Hedapen-neurri hauek ezartzea dirulaguntza jasoko duen programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jarduketaren izaera publikoari publizitate egokia eman ahal izateko, DLOren 18.4 artikuluaren arabera.

– Jendaurrean zabaltzeko prestatzen diren dokumentuetan, karteletan, propagandan eta argitalpenetan, SPRIren logotipoa eta esaldi hau jaso beharko dira: «SPRIk diruz lagundua», esteka honetan eskuragarri dagoen formatuaren arabera: www.spri.eus/es/identidad-visual/

– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzen argitalpenean, iragarkietan eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.

ñ) Garatutako jardueraren edo jarduketaren gaineko diruz lagundutako kostuaren soberakina edo jasotako funtsak itzultzea, DEALen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.

o) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.

p) Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta, batez ere, euskara erabiltzea diruz lagundutako jarduketarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

q) DEALen 30.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntza jasotzen duena enpresa bat baldin bada, operazio komertzialetan egindako diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikagarria den sektoreko araudian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, hala badagokio, merkataritzako-operazioetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

r) Onuraduna DEALen 48.1 artikuluan aurreikusita dauden egoeretan baldin badago, deslokalizaziorik ez egitea.

17. artikulua.– Dirulaguntzak aldatzea eta epeak luzatzea.

1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo baldintzak aldatzea erabakitzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Alde baten instantziari erantzunez gero, pertsona onuradunak jakin bezain laster komunikatzea eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioaren justifikazioaren aurretik, DEALen 14.e artikuluan jasotako betebeharra betez.

b) Zenbatekoa ez handitzea.

c) Egindako jarduera edo jokabidea edo egingo dena oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.

d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.

e) Aldaketa sustatu duten elementu eta baldintza berriak hasieran eman izan balira, dirulaguntza ukatzeko modukoak ez izatea eta aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektua erabat aldatzeko bezain handiak.

f) Hirugarrenen eskubideak ez urratzea.

2.– Onuradunak emandako dirulaguntza osoa edo partziala jaso badu, eta aldaketarekin zenbatekoa txikitzen bada, DEALen 40. artikuluan aurreikusitakoa egingo da.

3.– Halaber, erakunde eskatzaileek aldez aurretik eskatuta eta justifikatuta, programa kudeatzeko arduradunak jarduerak gauzatzeko epea luzatu ahal izango du, betiere proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2 hilabete baino gehiago luzatzen ez bada.

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Ikusten bada erakunde onuradunek ez dutela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta, hala badagokio, laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko dute eta SPRIri itzuli beharko dizkiote ordura arte kobratu dituzten laguntzen diru-kopuruak gehi dagozkien berandutze-interesak, eta behar bada, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzaten. Era berean, aholkularitza-enpresak hutsegiteren bat egin badu, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea debeka dakioke.

2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:

a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta betiere, Programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) DLOren 37. artikuluan, DAOren 91tik 93ra bitarteko artikuluetan eta DEALen 36. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak (DEALen 51. artikuluaren arabera, enpresa-deslokalizazioaren aitorpena barne) edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatu egingo da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta SPRIri dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea. SPRIren Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta betiere, onuradunaren jarduketak konpromisoak asebetetzen dituela egiaztatzen bada, dirulaguntza partzialki ordainduko da edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta kalkulatzerakoan kontuan hartuko da egindako jardueraren proportzioa, guztizkoaren gainean. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen kopuru partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde esleitzaileak onartu ondoren.

6.– Halaber, gainfinantzazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraikiz. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.

2.– Dirulaguntzen 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta, aplikagarria denean, 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, artikuluen aplikazioari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.

Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.

Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus

Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/lege-oharra/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Proiektuaren harremanetarako eta deskribapenerako datu orokorrak Europako Batzordearen datu-basean sartu ahal izango dira, BDIHk EDIHen esparruan emandako zerbitzuen berri emateko – EDIH Catalogue I European Digital Innovation Hubs Network (europa.eu).

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA

Onuradunek programa honen bitartez esleitutako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, oinarrietan zehaztutako baldintzetan.

I. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA

[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [sozietate eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza soziala [helbidea; Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoa duen erakunde eskatzailearen zentro bat adierazi behar da gutxienez] helbidean duena,

BERE ERANTZUKIZUNPEAN ADIERAZTEN DU:

I.– Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, honako hauek:

– Aurreko hiru urteetan minimis laguntza gisa 300.000 euro baino gehiago ez dituela jaso.

– Eskaera honi dagokion apartatuan alderdi hauei buruzko informazioa jasota dagoela:

a) Aurreko hiru urtetan jasotako de minimis laguntzak, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Programaren oinarrien 5.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea, hau da:

a) Sektore publikoren batekoak edo sektore publikoaren parte izatea, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalerako arauen arabera.

b) DEALen 13. artikuluan edo Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusten den egoeraren batean egotea, aplikagarria den heinean.

c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe egotea.

d) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

– Adierazpen honek barne hartzen duela eskatzailearen konpromisoa enpresa ez deslokalizatzeko (DEALen 49. artikuluan jasotako baldintzen arabera) eta gehiegizko finantzaketarik ez egiteko (DEALen 9.4.h artikuluaren arabera).

II.– I. apartatuan egindako adierazpena betetzen dela ziurtatzen duen dokumentazioa duela eta Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatutakoan; eta aurrez aipatutako betebeharrak betetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela, haren eskubidearen aitortzari edo egikaritzeari dagokion denbora-tartean zehar.

III.– Badakiela adierazpen honi laguntzen dion edo adierazpenaren barruan agertzen den datu, adierazpen edo dokumenturen bat guztiz zuzena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo horiek Administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez baditu, ezingo duela eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

[...] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.

II. ERANSKINA
BDIH AKTIBOEN ZERRENDA

Esteka honetan kontsulta daiteke nodoen eta horien aktiboen zerrenda:

https://www.spri.eus/es/ayudas/bdih-konexio/

III. ERANSKINA
ONARTUTAKO DIGITAL INNOVATION HUBS-EN ZERRENDA

1.– DIH Flanders Make (BE).

2.– Digital Innovation Hub Lombardia (IT).

3.– Artes 4.0 (Advanced Robotics and enabling digital Technologies & Systems 4.0) Toscana (IT).

4.– DIHNAMIC Nouvelle-Aquitane (FR).

5.– Advanced Manufacturing Research Centre of Wales (UK).

6.– VTT Smart Manufacturing, Tampere (FI).

7.– Toscana X.0 – (IT).

8.– Euroregional European Digital Innovation Hubs (DIHNAMIC, IRIS, BDIH) – (Akitania (FR), Nafarroa, Euskadi).


Azterketa dokumentala