Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2024ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2404

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 2koa, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariarena, zeinaren bidez elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuentzako dirulaguntzen deialdia egiten baita.

Bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak bultzatzeko laguntzak arautzen dituen apirilaren 24ko 57/2018 Dekretuak, 5. artikuluan, hau adierazten du: Biktimen eta Giza Eskubideen arloko titularraren urteko ebazpenaren bidez, laguntza horien deialdia egingo da. Deialdi hori bi ebazpenen bidez egingo da: bat, entitate pribatuen proiektuei zuzendua, eta, bestea, udalen eta gainerako toki-entitateen proiektuei zuzendua.

Deialdiaren urteroko ebazpenak hau guztia ezarriko du: deialdiaren helburua, dirulaguntzen diru-hornidura, Balorazio Batzordeko kideen izendapena, eskabideak aurkezteko era, eta, hala badagokio, diruz lagundu daitekeen programa edo jarduera bakoitzaren gehieneko zenbatekoa.

Deialdi hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2024-2027rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2024ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez onartu zen plan hori, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen azken xedapenetako lehenengoaren bigarren paragrafoan jasotakoarekin bat etorriz (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.) deialdi hau lege horretan xedatutakora egokituta dago.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak kudeatuko ditu laguntza horiek, eta Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak ebatziko ditu.

Horrenbestez, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuen proiektuak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia egitea. Proiektu horiek bizikidetzaren kultura, giza eskubideen errespetua eta enpatia eta elkartasuna bultzatu behar dituzte gure gizartean. Proiektuak 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko irailaren 1era egin ahalko dira.

Laguntzok ondoren azaldutako jarduera-eremuetan sartzen diren programa eta jardueretarikoren bat egitera zuzendu beharko dira:

a) Bizikidetza eta Giza Eskubideak:

1.– Partaidetzako, zabalkundeko edo heziketa sozialeko jarduerak, giza duintasunaren, giza eskubideen eta bizikidetza adiskidetuaren aldeko konpromisoa sustatzera zuzenduak.

2.– Edozein biolentzia-motari, terrorismoari edo giza eskubideen urraketari dagokienez kritiko agertzen den eta horiek guztiak deslegitimizatzen dituen kontzientzia kritikoa sustatzera zuzendutako ekimenak.

3.– Iraganean izandako edozein biolentzia-formaren aurrean gogoeta kritikoa egiteko prozesuak babesten dituzten programak, bai eta gizarteratzeari buruzkoak ere, Europan dagoen justizia leheneratzailearen aldeko korrontearen ildoan.

4.– Gizarte-partaidetzako eta desberdinen arteko elkarrizketako esperientziak, mintzagai hau dutenak: bizikidetza normalizatu baten erronkak, aniztasuna eta gizarte-elkartzea sustatzen dutenak.

b) Biktimak eta gizartea:

1.– Terrorismoaren biktimei laguntzeko ekintzak.

2.– Giza eskubideen urraketen biktimei laguntzeko jarduerak, motibazio politikoko biolentziaren testuinguruan.

3.– Biktimen eta gizartearen arteko batasuna sustatzen duten programak, bai eta bizikidetzaren alde biktimen ekarpena sustatzen dutenak ere, haien aurrerapenen partaide bezala.

c) Dibertsitatea eta elkartasuna:

1.– Arrazakeriaren, xenofobiaren edo gorroto-delituen prebentzioaren eta dibertsitatearen kudeaketa positiboaren balioak sustatzen dituzten proiektuak.

2.– Desberdintasunaren, diskriminazioaren, injustiziaren edo bazterketaren forma kritikoen aurrean elkartasunaren eta inplikazio sozialaren balioak sustatzen dituzten esperientziak.

3.– Biolentziaren adierazpen berrien, gerraren eta nazioarteko terrorismoaren aurrean, elkartasun, inplikazio eta mobilizazio sozialeko ekintzak.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

Entitate hauek eskatu ahalko dituzte dirulaguntzak:

a) Pertsona juridiko pribatuak, irabazi-asmorik gabeak, legez eratuak, betiere haien helburuak badira, haien estatutu sozialetan aurreikusitakoaren arabera, bizikidetza eta giza eskubideak, eta beren programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egiten badituzte.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratutako biktimen elkarteak edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo helbideratuta daudenak, baldin eta beren elkartekideen artean Euskal Autonomia Erkidegoan izandako ekintza terroristen biktimak badituzte.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0093711

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne– bide elektronikoz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» erabiliz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke dagokion zerbitzuaren bidez, zeina egoitza elektronikoan eskuragarri baitago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Era berean, ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan eman behar du izena, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimakian egin beharko da, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan baitago eskuragarri.

2.– Eskabide horrekin batera, proiektuaren memoria ere aurkeztuko da, honako informazio honekin:

a) Proiektuaren edo programaren datuak, non hauek zehaztuko baitira: xedea, metodologia, lan-plana, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Helburuak lortuko direla eta gastua eraginkorra izango dela bermatzeko ezarriko diren kontrol-bideak ere aipatuko dira.

b) Entitate eskatzaileak programa edo proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honakoak ere adierazi beharko dira: alde batetik, entitateak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen eta ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Programan edo proiektuan inolako ordainsaririk gabe parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.

c) Programa edo proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira, egotekotan.

d) Dirulaguntzaren helburu den programa edo proiekturako eskatutako gainerako laguntzen zerrenda; bertan, zein administrazio publikori edo entitate publiko edo pribaturi eskatu zaion laguntza zehaztu beharko da, bai eta laguntza horiek ukatu edo eman diren edota oraindik ebatzi gabe dauden eta horien zenbatekoak ere. Horrelakorik ez badago, dirulaguntza jasotzeko aurkeztutako programa edo proiektuetarako ez dela beste inongo laguntzarik eskatu adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

e) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko biktima-elkarteen kasuan, egiaztatu behar dute beren elkartekideen artean Euskal Autonomia Erkidegoan izandako ekintza terroristen biktimak dituztela.

3.– Nolanahi ere, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak entitate eskatzaileari eskatu ahal izango dio nahi beste dokumentazio eta informazio, eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

6. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Dirulaguntzen programa honetara bederatziehun mila (900.000) euro bideratu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2024. urterako aurreikusitako partidaren kargura.

2.– Laguntzek arau hau bete behar dute: Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2381/2023 (EB) Erregelamendua, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (2023ko abenduaren 15eko EBAO L, 2381. zk.). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko hirurehun mila (300.000) euroko kopurua, hiru urteko edozein alditan. Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

3.– Entitate onuradun bakoitzak, gehienez, hogeita bost mila (25.000) euro jaso ahal izango ditu, eta deialdi honetan jaso ditzakeen laguntzen gehieneko zenbateko osoa ezingo da inolaz ere izan berrogeita hamar mila (50.000) euro baino handiagoa.

7. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Kide hauek izango ditu:

Batzordeburua:

Verónica Domingo Marino andrea, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzako teknikari arduraduna.

Bokalak:

Garbiñe Parada Vizcaino andrea, Zerbitzu Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren arduraduna.

Amaia Goenaga Sánchez andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko (Gogora) teknikaria.

Marian Sánchez Amado andrea, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzako teknikaria, aldi berean Batzordearen idazkari-lanak egingo dituena.

8. artikulua.– Behin-behineko ebazpena.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera, Balorazio Batzordeak eskabideen ebaluazioaren emaitzari buruzko txostena ematen duenean, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak –emakida-prozeduraren organo kudeatzailea denez– behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori entitate interesdunei jakinarazi beharko zaie, eta hamar eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.

2.– Alegazioak aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da. Proposamen horretan, dirulaguntza ematea proposatzen duten eskatzaileen zerrenda, zenbatekoa, ebaluazioa eta aplikatutako balorazio-irizpideak adieraziko dira.

9. artikulua.– Behin betiko ebazpena.

1.– Aurreko artikuluko paragrafoko proposamena onartu ondoren, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzak –laguntza ematen duen organoa izanda– behin betiko ebazpena emango du. Eskaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko zaie eskatzaileei.

2.– Behin betiko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

10. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdi honen babesean ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 75 ordainduko da, entitate onuradunak dirulaguntza onartzen duela berariaz adierazi ostean; horretarako, hamabost eguneko epea izango du, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaionetik. Onartzen ez badu, dirulaguntzari uko egin diola ulertuko da.

b) Bigarren ordainketa 2025ean egingo da. Bertan, emandako dirulaguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzari justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.

11. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntzen justifikazioa gehienez hilabeteko epean aurkeztu beharko da, jarduera egindako datatik kontatzen hasita, eta betiere 2024ko urriaren 1a baino lehenago, eta, justifikazio-memoriarekin batera, datu eta agiri hauek jaso beharko ditu:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak eta ordainagiriak. Bai fakturak (indarrean dagoen araudian ezarritako baldintza formalak bete behar dituzte) bai ordainagiriak diruz lagundutako proiektu bakoitzaren arabera bereizita aurkeztu behar dira, eta behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta, horrez gain, ordainagirien eta fakturen izen-zerrenda bidali behar da, aipatutako gastua zertarako erabili den azalduta.

b) Eredu ofizialaren araberako soldata-ordainagirien originalak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiri ofizialak, kontratatutako lan-kontratuko langileei dagozkien gastuak justifikatzeko.

c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiri originalak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, Nortasun Agiri Nazionala, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion atxikipena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea.

e) Proiektuaren onuradunak nor izan diren eta proiektua egiten nork parte hartu duen adierazteko datuak, sexuaren arabera bereizita.

f) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.

2.– Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak hemen daude eskura: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ematen diren datu pertsonalak bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jarduerari erantsiko zaizkio.

– Arduraduna: Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.

– Helburua: bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak: ez dago aurreikusita daturik jakinaraztea.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/144400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honetan berariaz arautzen ez den guztirako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 57/2018 Dekretua, apirilaren 24koa, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko proiektuak diruz laguntzeko laguntzak arautzen dituena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, zeinaren bidez onartzen baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 2a.

Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria,

NOEMI OSTOLAZA ARCAUZ.


Azterketa dokumentala