Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2024ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2403

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 2koa, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariarena, zeinaren bidez tokiko bizikidetzaren esparruko Elkarrekin Bonuak programaren 2024rako deialdia egiten baita.

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez, Elkarrekin Bonuak programa arautzen da. Programa hori bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko ekimen osagarri bat da, eta haren helburu nagusia, berriz, asoziazio-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzeko.

Programa horren bidez, dirulaguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakundeek: hezkuntza, udaletako errealitatea edo herritarren parte-hartzea.

Horren haritik, hiru laguntza-lerro biltzen dira aipatutako dekretu horren 5. artikuluan, eta udaletan garatzen diren proiektuak finantzatzeko da horietako bat.

2024ko ekitaldirako, funts bakarra sortu da, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak egindako ekarpenekin bakarrik sortu ere.

Programa honetarako, aurrekontu-kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024rako Aurrekontu Orokorretan.

Bestalde, aipatu behar da Elkarrekin Bonuak programa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2024-2027ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako ekimenetako bat dela. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2024ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez onartu zen plan hori, eta helbide honetan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/contenidos/orden/planestrategico_subvenciones24/eu_def/adjuntos/2024-2027-DPE.pdf

Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, dirulaguntza-lerro bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen entitate hartzaileek eman beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatua, dirulaguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen azken xedapenetako lehenengoaren bigarren paragrafoarekin bat etorriz (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.), deialdi hau lege horretan xedatutakoari lotuta dago.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonuak programaren 2024ko deialdia egitea, tokiko bizikidetzaren esparruan.

2. artikulua.– Epea.

2024an hasi direnak edo hasiko direnak izan beharko dute bonuen eskaera eragiten duten proiektuek, eta, nolanahi ere, 2024ko abenduaren 15ean amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diru-zuzkidura.

2024ko diru-zuzkidura 150.000 eurokoa da hiru lurralde historikoentzat, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.

4. artikulua.– Entitate onuradunak eta entitate hartzaileak.

1.– Elkarrekin Bonuak programaren onuradun irabazi-asmorik gabeko entitateak izango dira, bake- eta bizikidetza-gaietan aritzen direnak. Entitateok Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen edo Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 2. eta 6.1 artikuluetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte, baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1. paragrafotik 4.era ezarritakoak ere.

2.– Udalak izango dira tokiko bizikidetzaren esparruko proiektuen entitate hartzaileak.

5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.

1.– Tokiko bizikidetzaren esparruko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuen ordu bakoitzeko.

2.– Proiektuen entitate hartzaileek, gutxienez, eman zaizkien bonuen % 10 ordaindu beharko diote entitate onuradunari, hau da, gutxienez 7 euro eman zaien bonu bakoitzeko.

3.– Bonuak direla eta, entitate hartzaileek zenbateko hauek metatu ahal izango dituzte, gehienez, udal bakarrean:

– 5.000 euro, 15.000 biztanletik beherako udaletan.

– 12.500 euro, 15.000 eta 40.000 biztanle arteko udaletan.

– 20.000 euro, 40.000 biztanletik gorako udaletan.

4.– Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an onartutako (UE) 2023/2831 Erregelamendua bete beharko dute laguntzek, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, 2831. zk., 2023-12-15ekoa). Laguntza hauek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko hirurehun mila (300.000) euroko kopurua, hiru urteko edozein alditan. Ustea da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela eragiten merkataritzari eta ez dutela faltsutzen lehiakortasuna; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honetako izapideak baliabide elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte entitate interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

2.– Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak eta gainerako ereduak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1024310

Eskabidearen ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne–, elektronikoki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire Karpetaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2024ko urriaren 1era bitartean, non eta funtsak ez diren egun hori baino lehen amaitzen. Hala bada, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariaren ebazpen baten bidez, ukatu egingo dira ordura arte ebazteke dauden dirulaguntza guztiak, eta ez da onartuko beste eskabiderik.

Emango diren laguntzen guztizko zenbatekoak ezin du gainditu zuzkiduren zenbatekoa, edo hura eguneratzearen ondoriozkoa. Horrenbestez, ez da dirulaguntza gehiago emango aipatutako zenbatekoa amaitzen denean, eta, beraz, egoera horretan eskatutako dirulaguntzak ukatu egingo dira. Hala badagokio, inguruabar baten zein bestearen berri emango da Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Programa honen onuradunek inprimaki arautuan egin beharko dute eskabidea. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri; ebazpen honen 6.2 artikuluan zehaztutako horretan, hain zuzen ere. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Balorazio-batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira bertako kideak:

– Noemi Ostolaza Arcauz, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria, batzordeburu.

– Laura Pérez Recio, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzako teknikaria, idazkari.

– Marian Sanchez Amado, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.

10. artikulua.– Emateko prozedura.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak kudeatuko ditu laguntza hauek, eta Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak ebatziko du haien gainean.

11. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.

Laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak entitate eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

12. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta modua.

1.– Dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko epea 2024ko abenduaren 15ean bukatuko da.

2.– Entitate onuradunek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzan, dirulaguntza zertan erabili duten justifikatzeko:

a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen aleak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa zein entzunezkoa.

b) Egindako proiektuen memoria xehea, datu hauek aipatzen dituena: zer egunetan gauzatu den proiektua, nor diren proiektuan parte hartu duten hartzaileak –sexuaren arabera bereizita–, nola txertatu den generoaren ikuspuntua, eta zein den azken balorazioa.

c) Entitate hartzailearen ziurtagiria, non jasoko baita proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten, zenbat ordu eman diren eta entitate hartzaileak zenbat ordaindu duen.

3.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Aurreko puntuan adierazitako agiriak eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztu behar dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ematen diren datu pertsonalak Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Arloko Laguntzak eta Dirulaguntzak izeneko tratamendu-jarduerari erantsiko zaizkio.

– Arduraduna: Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.

– Helburua: bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: ez da daturik lagako.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/144400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22. artikuluaren 5. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, laguntzak edo dirulaguntzak emateko prozedura edozein dela ere, hartarako ezarritako gehieneko epea ebazpenik jakinarazi gabe igarotzeak legitimatzen ditu interesdunak dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela pentsatzeko. Isiltasunak ez du salbuesten Administrazioa dagokion prozedura esanbidez ebaztetik, eta isiltasunaren aurreko legitimazioa administrazio-errekurtsoa jarri ahal izateko gertatzen da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdi honetako dirulaguntzak arau hauetan xedatutakoari lotuta daude: 110/2014 Dekretua, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonuak Programa arautzen duena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren erregelamendua onartzen duen dekretuan (887/2006 Errege Dekretua) bildutako oinarrizko erregulazioa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 2a.

Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria,

NOEMI OSTOLAZA ARCAUZ.


Azterketa dokumentala