Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2024ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2402

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 2koa, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariarena, zeinaren bidez hezkuntzaren esparruko Elkarrekin Bonuak Programaren 2024ko deialdia egiten baita.

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez arautzen da Elkarrekin Bonuak Programa, ekimen osagarri bat bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko. Programaren helburu nagusia da elkartze-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzeko.

Programa horren bidez, dirulaguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru esparru hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.

Horren haritik, dekretu horren 5. artikuluan hiru dirulaguntza-ildo biltzen dira, eta horietako bat hezkuntzaren esparruan garatzen diren proiektuak finantzatzera bideratuta dago.

Programa honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024rako Aurrekontu Orokorretan.

Bestalde, aipatu behar da Elkarrekin Bonuak Programa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako ekimenetako bat dela. Berdintasunerako, Justiziako eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2024ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez onartu zen plan hori.

https://www.euskadi.eus/contenidos/orden/planestrategico_subvenciones24/eu_def/adjuntos/2024-2027-DPE.pdf

Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, dirulaguntzaren ildo bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatua, dirulaguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.

Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen azken xedapenetako lehenaren bigarren paragrafoan jasotakoarekin bat etorriz (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247.zb.) deialdi hau lege horretan xedatutakoari lotuta dago.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonuak Programaren 2024ko deialdia egitea, hezkuntzaren esparruan.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

2024an hasi izana edo hasi beharko dira bonuen eskaera eragiten duten proiektuak, eta, nolanahi ere, 2024ko abenduaren 15ean amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Dirulaguntzen programa honetara 250.000 euro bideratu dira, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak egindako ekarpenak osatzen du funts hori, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta erakunde hartzaileak.

1.– Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen edo Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 2. eta 6.1. artikuluetan ezarritako baldintzak bete, baita Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1-4 paragrafotan ere.

2.– Erakunde onuradunek bermatuko dute Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren Aurrean Oso-osoko Babesari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan ezarritakoa betetzen dela. Artikulu horren arabera, adingabeekin ohiko harremana duten langile guztiek, kontratatuek zein boluntarioek, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izango dute. Era berean, otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerakoak eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoak, 82. artikuluan xedatzen duenaren arabera, erakunde onuradunek bermatu beharko dute ez dutela LGTBIfobia egiten, sustatzen edo sustatzen, eta bihurketa-terapiak sustatzen edo egiten direla.

3.– Hezkuntzaren esparruko proiektuen hartzaileak ikastetxeak izango dira.

5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.

1.– Hezkuntzaren esparruko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuen ordu bakoitzeko.

2.– Proiektuen erakunde hartzaileek gutxienez onartutako bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari.

3.– Ikastetxe batek ezingo ditu 5.000 eurotik gorako bonuak metatu.

4.– Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an onartutako 2023/2831 (UE) Erregelamendua bete beharko dute laguntzek, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, 2831. zk., 2023-12-15ekoa). Laguntza hauek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko hirurehun mila (300.000) euroko kopurua, hiru urteko edozein alditan. Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapideak eskatzeko, kontsultatzeko, edo egiteko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

2.– Eskabideak, erantzukizuneko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1024210

Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan eman ahal izango du izena, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2024ko urriaren 1era bitartean, non eta funtsak ez diren egun hori baino lehen amaitzen. Hala bada, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, ukatu egingo dira ordura arte ebazteke dauden dirulaguntza guztiak eta ez da onartuko beste eskabiderik.

Emango diren laguntzen guztizko zenbatekoak ezingo du gainditu zuzkiduren zenbatekoa, edo hura eguneratzearen ondoriozkoa. Horrenbestez, ez da dirulaguntza gehiago emango aipatutako zenbatekoa agortzen denean eta, beraz, egoera horretan eskatutako dirulaguntzak ukatu egingo dira. Hala badagokio, inguruabar baten zein bestearen berri emango da Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariarena ebazpen bidez.

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea, behar diren erantzukizuneko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri. Horretarako, ebazpen honen 6.2 artikuluan zehaztutako sarbidea erabiliko da. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Balorazio-batzorde bat eratuko da. Honako hauek izango dira bertako kideak:

– Noemi Ostolaza Arcauz, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendaria, batzordeburu.

– Laura Pérez Recio, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzako teknikaria, idazkari.

– Marian Sanchez Amado, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.

10. artikulua.– Emateko prozedura.

Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko Zuzendaritzak kudeatuko ditu laguntza horiek, eta Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak ebatziko ditu.

11. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.

Laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

12. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta modua.

1.– Dirulaguntzaren justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2024ko abenduaren 15ean bukatuko da.

2.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza zertan erabili duten justifikatzeko:

a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen aleak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa zein entzunezkoa.

b) Egindako proiektuen memoria xehea, datu hauek aipatzen dituena: zer egunetan gauzatu den proiektua, nor diren proiektuan parte hartu duten pertsona hartzaileak –sexuaren arabera bereizita–, nola txertatu den generoaren ikuspuntua, eta zein den azken balorazioa.

c) Ikastetxearen ziurtagiria, non jasoko baita proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten, zenbat ordu eman diren eta zentro hartzaileak zenbat ordaindu duen.

3.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, honako helbidean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Aurreko puntuan adierazitako agiriak eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ematen diren datu pertsonalak bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jarduerari erantsiko zaizkio.

– Arduraduna: Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.

– Helburua: Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen arloko laguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren ardunadunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: ez da daturik lagatzen.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/144400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra:

(www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak bermatzekoa:

(www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22. artikuluaren 5. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, laguntzak edo dirulaguntzak emateko prozedura edozein dela ere, hartarako ezarritako gehieneko epea ebazpenik jakinarazi gabe igarotzeak legitimatzen ditu interesdunak dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertzeko. Isiltasunak ez du administrazioa salbuesten dagokion prozedura esanbidez ebaztetik, eta isiltasunaren aurreko legitimazioa gertatzen da administrazio-errekurtsoa jarri ahal izateko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak honako hauei lotuta daude: 110/2014 Dekretua, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonuak Programa arautzen duena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan bildutako erregulazioa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 2a.

Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria,

NOEMI OSTOLAZA ARCAUZ.


Azterketa dokumentala