Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2024ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2401

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 2koa, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariarena, zeinaren bidez herritarren parte-hartzearen esparruko Elkarrekin Bonuak Programaren 2024rako deialdia egiten baita.

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez arautzen da Elkarrekin Bonuak Programa, ekimen osagarri bat bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko. Programaren helburu nagusia da elkartze-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzeko.

Programa horren bidez, dirulaguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.

Alde horretatik, Dekretuaren 5. artikuluak diruz laguntzekoak diren hiru lerro bereizten ditu, eta horietako bat, hain zuzen ere, herritarren parte-hartzearen esparruan garatutako proiektuak finantzatzeko da.

Programa honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024rako Aurrekontu Orokorretan.

Bestalde, Elkarrekin Bonuen Programa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2024-2027ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako ekimenetako bat dela aipatu behar da. Plan hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2024ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez onartu zen; hemen, eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/contenidos/orden/planestrategico_subvenciones24/eu_def/adjuntos/2024-2027-DPE.pdf

Aipatutako Dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, dirulaguntzaren ildo bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek eman beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatua, dirulaguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.

Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen azken xedapenetako lehenaren bigarren paragrafoan jasotakoarekin bat etorriz (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.) deialdi hau lege horretan xedatutakoari lotuta dago.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonuak Programaren 2024ko deialdia egitea, herritarren parte-hartzearen esparruan.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

2024an hasita egon behar dira edo hasi beharko dira bonuen eskaera eragiten duten proiektuak, eta, nolanahi ere, 2024ko abenduaren 15ean amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Dirulaguntzen programa honetara 100.000 euro bideratu dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta erakunde hartzaileak.

1.– Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen edo Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 2. eta 6.1 artikuluetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte, baita Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1. apartatutik 4.era arte ezarritakoak ere.

2.– Herritarren parte-hartzearen esparruko dirulaguntzen entitate hartzaileak hauek izango dira: bakea, bizikidetza eta giza eskubideen esparruan proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteak, erakundeak eta gizarte-mugimenduak.

5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.

1.– Herritarren parte-hartzearen esparruko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuen ordu bakoitzeko.

2.– Proiektuen erakunde hartzaileek, gutxienez, eman zaizkien bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari, hau da, gutxienez 7 euro eman zaien bonu bakoitzeko.

3.– Ezingo dira metatu bonuak proiektu berean kopuru hauek gainditzeraino:

– 2.000 euro, 100 pertsona baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.

– 5.000 euro, 100 pertsona baino gehiagok eta 500 baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.

– 10.000 euro, 500 pertsona baino gehiagok parte hartzen duten ekimenetan.

4.– Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an onartutako (UE) 2023/2831 Erregelamendua bete beharko dute laguntzek, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, 2831. zk., 2023-12-15ekoa). Laguntza hauek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko hirurehun mila (300.000) euroko kopurua, hiru urteko edozein alditan. Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honetan jasotako izapideak baliabide elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1024410

Eskabidearen ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne–, bide elektronikoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziutagiri-elektronikoak

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2024ko urriaren 1era bitartean, non eta funtsak ez diren egun hori baino lehen amaitzen. Hala bada, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendariaren ebazpen baten bidez, ukatu egingo dira ordura arte ebazteke dauden dirulaguntza guztiak, eta ez da onartuko beste eskabiderik.

Emango diren laguntzen guztizko zenbatekoak ezingo du gainditu zuzkiduren zenbatekoa, edo hura eguneratzearen ondoriozkoa. Horrenbestez, ez da dirulaguntza gehiago emango aipatutako zenbatekoa agortzen denean eta, beraz, egoera horretan eskatutako dirulaguntzak ukatu egingo dira. Hala badagokio, inguruabar baten zein bestearen berri emango da Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendariaren ebazpen bidez.

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri. Horretarako, Ebazpen honen 6.2 artikuluan zehaztutako sarbidea erabiliko da. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Balorazio-batzorde bat eratuko da. Honako hauek izango dira bertako kideak:

– Noemi Ostolaza Arcauz, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendaria, batzordeburu.

– Marian Sanchez Amado, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.

– Laura Pérez Recio, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzako teknikaria, idazkari.

10. artikulua.– Emateko prozedura.

Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak kudeatuko ditu laguntza horiek, eta Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak ebatziko ditu.

11. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.

Laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

12. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta modua.

1.– Dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko epea 2024ko abenduaren 15ean bukatuko da.

2.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza zertan erabili duten justifikatzeko:

a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen aleak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa zein entzunezkoa.

b) Egindako proiektuen memoria xehea, honako datu hauek aipatuta: proiektua zein egunetan gauzatu den; parte hartu duten hartzaileak –sexuaren arabera bereizita–, generoaren ikuspuntua nola txertatu den, eta emaitzei buruzko azken balorazioa.

c) Erakunde hartzailearen ziurtagiria, non jasoko baita proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten, zenbat ordu eman diren eta erakunde hartzaileak zenbat ordaindu duen.

3.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, honako helbidean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Aurreko puntuan adierazitako agiriak eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ematen diren datu pertsonalak bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jarduerari erantsiko zaizkio.

– Arduraduna: Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.

– Helburua: Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen arloko laguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren ardunadunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: ez da daturik lagatzen.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/144400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22. artikuluaren 5. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, laguntzak edo dirulaguntzak emateko prozedura edozein dela ere, hartarako ezarritako gehieneko epea ebazpenik jakinarazi gabe igarotzeak legitimatzen ditu interesdunak dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertzeko. Isiltasunak ez du administrazioa salbuesten dagokion prozedura esanbidez ebaztetik, eta isiltasunaren aurreko legitimazioa gertatzen da administrazio-errekurtsoa jarri ahal izateko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak ondokoei lotuta daude: 110/2014 Dekretua, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonuen Programa arautzen duena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeari, hilabeteko epean, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean Ebazpen hau.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 2a.

Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria,

NOEMI OSTOLAZA ARCAUZ.


Azterketa dokumentala