Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2024ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2399

AGINDUA, 2024ko apirilaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2024ko bigarren seihilekoan biltzar eta bilera zientifikoak antolatzeko laguntzak emateko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren bidez, Hezkuntza Sailari esleitu zitzaion ikerketa teorikoa eta aplikatua bultzatu eta koordinatzeko lana.

Sail honen iritziz, egiten diren biltzarrak eta –beste arlo batzuen artean– bilera zientifikoak tresna egokiak dira ideia eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuenak trukatzeko eta zabaltzeko, eta, oro har, zientzia ikusgarriago egiteko. Horregatik da interes handikoa Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako jarduerak egiten laguntzea eta, batez ere, haien kalitate zientifikoa eta arrakasta bultzatzea, ospe handiko ikertzaile eta irakasle nazional eta atzerritarren partaidetzaren bitartez.

Horrelako jarduerak antolatzen laguntzeko, dirulaguntzak emateko kasuan kasuko sustapen-programa erabili da, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

2024ko lehen seihilekoko ekitaldietarako egindako deialdiak ebatzi ondoren, egokia da jarraipena ematea Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa zientifikoaren arloan biltzarrak eta bilerak antolatzeko laguntzen programari.

Horrenbestez, kontuan hartuta deialdia Hezkuntzako sailburuaren 2024ko otsailaren 15eko Aginduaren bidez onartutako Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuta dago (https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/)– eta horrelako laguntzak finantzatzeko gastuak baduela zuzkidura Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko Aurrekontu Orokorretan,

honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan 2024ko bigarren seihilekoan ikerketa zientifikoaren arloko biltzar eta bilera aurrez aurrekoak nahiz onlinekoak antolatzeko laguntzak arautzea eta haietarako deialdia egitea parte hartzeko interesa duten entitateei.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, biltzartzat hartuko dira gutxienez bi saio mota egiten diren ekitaldi zientifikoak: ponentziak aurkeztekoak eta ikertzaileak unean-unean ikertzen ari diren lanei buruzko datuen gaineko komunikazioak aurkeztekoak. Izan beharko dute batzorde antolatzaile bat, batzorde zientifiko bat eta hautaketa-batzorde bat, ponentzien eta aurkezpenen maila zientifikoa bermatuko duena, eta inskripzio bidez parte hartzeko deialdi publiko bat egin beharko da.

Bilera zientifikotzat joko dira helburu nagusitzat dutenak informazio zientifikoa eta teknologikoa trukatzea ikertzaileen artean, eta ez daukatenak deialdi ireki bat ekarpen zientifikoak aurkezteko.

3.– Entitate eskatzailearekin batera parte hartzen duten entitate edo elkarte antolatzaileak nazioartekoak edo estatukoak izateak ekarriko du ekitaldia estatukoa edo nazioartekoa izatea.

4.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira, oro har, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola: prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak eta mintegiak – irakasleak nahiz ikasleak trebatzekoak–; doktorego-, master- edo graduondo-programekin lotutako batzarrak; etengabeko prestakuntzarako jarduerak, eta ate irekien jardunaldiak eta jardunbide egokiak bateratzeko jardunaldiak, ikerketa zientifikoarekin lotura zuzena ez dutenak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdiaren xede diren laguntzak finantzatzeko 200.000 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2024ko aurrekontuen kontura.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente akreditatuak izango dira soilik laguntza hauen entitate onuradunak, edozein dela ere haien agente-kategoria, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 3. artikuluari jarraituz (2015eko uztailaren 16ko EHAA, 3170. zk.). Kanpoan geratuko dira, ordea, I+G enpresa-unitateak eta eskaintzako eta eskariko bitartekotza-erakundeak.

2.– Ezingo dira laguntzen onuradunak izan entitate hauek:

a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiengatik zehapena jaso dutenak.

b) Armen ekoizpenean, merkaturatzean eta finantzaketan jarduten dutenak.

c) Laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela deklaratu duen Europar Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten mende daudenak.

d) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen dutenak, konbertzio-terapiak egin edo sustatzen dutenak barne.

3.– Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko apartatuetan adierazitako betekizunak bete beharko dira laguntza-eskabidea aurkezten den unetik emandako dirulaguntzaren likidazioa egin arte.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitakoa honela egiaztatuko da:

a) Ikerketa Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko ditu betekizun hauek:

– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean egiaztatutako eragile batek egin duela eskaera.

– Erakundeak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Egiaztatzea Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak ezarritako momentuan eta moduan.

Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betekizun horiek betetzen dituela egiaztatzen duten organo eskudunaren administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu kasu bakoitzean.

b) Eskabidea aurkezteko formulario elektronikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira gainerako betekizunak.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta finantza daitezkeen gastuak:

1.– Dirulaguntzaren xede diren biltzar eta bilerak, 1. artikuluan definitutakoak, 2024ko uztailaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean hasi beharko dira.

2.– Diruz lagundutako ekitaldi zientifikoarekin zerikusia duten gastuak bakarrik lagunduko dira diruz. Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

3.– Ekitaldi motaren (biltzarra edo bilera zientifikoa), izaeraren (estatukoa edo nazioartekoa) eta egiteko modalitatearen (aurrez aurrekoa edo onlinekoa) arabera diruz lagundu daitezkeen gastuen tipologia ondoko zerrendan jaso eta zehaztu da:

a) Hauetatik eratorritakoak: ekitaldia antolatzea, alokairuak, web-orriak sortzea edo laguntza-zerbitzuak, itzulpenak, marketina eta seinaleak.

b) Zabalkundekoak, jardueraren argitalpena barne dela.

c) Hizlarien bidaiei, ostatuari eta mantenuari dagozkienak.

d) Diruz lagundutako jardueran parte hartzen duten hizlarientzako haborokinak.

e) Deialdiaren xede diren ekintzetara joateko 30 urtera arteko (adin hori barne) gazte ikertzaileei inskripzioaren oinarrizko kuotaren (gastu sozialak kanpo) prezioetan aplikatutako beherapen osoak edo partzialak.

f) Erakundeak ikertzaile gazte horiei, diruz lagundutako ekitaldira joan daitezen, justifikatutako bidaia- eta ostatu-gastuengatik ordaindutako zenbatekoen ehuneko 20 gehienez. Ez dira inola ere zenbatuko norberaren ibilgailuarekin egindako joan-etorriak.

g) Biltzarretan sariak ematekoak.

(Ikus .PDF)

4.– Honako hauek, berriz, ez dira diruz lagunduko:

a) Gastu sozialak, bertaratutakoen otorduak eta ostatua, egintza ludikoak, kafe-etenaldiak, dietak, protokolo-gastuak, ez eta batzorde antolatzaileak ekitaldia hasi aurretik egin dituen gastuak ere.

b) Hizlarien bidaiak, ostatua, mantenua eta haborokina, baldin eta laguntzaren xede den ekitaldiaren programan sartuta ez badaude.

c) Jarduerari egotzitako gastuak, entitate onuradunaren beraren elementuak erabiltzeak sortutakoak.

d) Entitate onuradunaren estatutupeko edo kontratupeko langile finkoen ordainsariak, eta ikerketako bekadunentzako zuzkidurak.

e) Bilera zientifikoetan, ez da inola ere finantzatuko sariak emateko gastua.

f) Enpresa hornitzailea eta entitate onuraduna lotzen dituzten gastuak, ez badira berariaz justifikatzen; justifikazio hori Ikerketa Zuzendaritzak baloratu eta baimendu beharko du. Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi entitate edo enpresa lotuta daudela, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.8 artikuluak adierazitako egoeraren batean badaude.

g) Deialditik kanpo utziko dira, berariaz, bisita gidatuen edo turistikoen gastuak.

5.– Entitate onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50era arte, hirugarrenekin egindako azpikontratu guztien prezioak batuta.

6.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira diruz lagundutako proiektua entitate onuradunak berak gauzatzeko egin behar dituen gastuak.

7.– Edonola ere, diruz lagundutako jardueraren kontratuak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan aurreikusitakoa bete beharko du.

8.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruzko gainerako alderdiei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatua aplikatuko da.

5. artikulua.– Eskabideak formalizatzea, dokumentazioa, eta aurkezteko epeak.

1.– Eskaerak egiteko, formulario bat bete beharko da, zeina bide telematikoz eskuratu ahal izango baita Hezkuntza Saileko egoitza elektronikoan, webgune honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0057514

Eskabidea elektronikoki sinatzeko, entitate eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua).

Aplikazioan, ziurtagiri elektroniko bidez sartu beharko da (helbide elektroniko honetan argitaratuta daude elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/). Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.

2.– Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eta artikulu honetako 6. apartatuan adierazitako agiriak aplikazioaren bidez erantsitakoan, entitate eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; izan ere, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, jasota geratu behar da erregistratu dela.

Hori ziurtatzeko, entitate eskatzaileak agirien Erregistro-elektronikoa/Aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukeratuta. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu ez den eskabiderik.

3.– Bukatzeko, erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da, eskabidea aurkezteko aplikatibo informatikoan eskuratu baitaiteke.

4.– Entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek ezartzen dutenari jarraituz.

5.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak, inpugnatzea galarazi gabe.

6.– Eskatutako dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira, bai eta aplikazio telematikoan sartu ere:

a) Jarduerari buruzko memoria zientifikoa; honako hauek zehaztuta:

– Ekitaldiaren garrantzia. Ekitaldiaren deskribapena, ezaugarriak, irismena eta tipologia jaso beharko ditu.

– Behin-behineko edo behin betiko programa, egutegia, hizlariak, eta programa argitaratua duen webgunearen esteka.

– Batzorde antolatzailearen, batzorde zientifikoaren eta hautapen-batzordearen osaera, halakorik badago.

b) Eskatzen diren funtsak justifikatzeko memoria ekonomikoa; kontzeptua, unitateak, tokiak, kostuak edota aurrekontuak zehaztu behar dira. Era berean, taula bat erantsi beharko da, non jasoko baita zer gastu eta diru-sarrera zenbatesten diren, hala xehe-xehe nola osotara. Gastu horiek bat etorri beharko dute aplikatiboan, inprimaki normalizatuan, egindako eskabidean adierazitakoekin (aplikatibo informatikoan eskuratu daiteke agiri horren txantiloia).

c) Entitate deitzailearen edo antolatzailearen saileko kontseiluaren edo maila altuagoko batzordearen akta: espresuki adierazi beharko da ekitaldia antolatzeko eta deialdia egiteko erantzukizuna, konpromisoa eta onarpena.

d) Hizlariek parte-hartzea onartu izanaren egiaztagiria. Horretarako, aplikatibo informatikoak egiaztagiriaren txantiloi bat du eta behar bezala beteta eta sinatuta entregatu beharko du hizlariak. Hizlari bakoitzeko dokumentu bat aurkeztuko da. Balorazioaren ondorioetarako, behar bezala sinatutako txantiloi bidez emandako gonbidapenak baino ez dira kontuan hartuko.

Hizlaritzat hartuko dira ekitaldirako espresuki ponentzia bat aurkezteko eskatu zaien eta programan esplizituki ageri diren horiek, baldin eta biltzarraren edo bilera zientifikoaren batzorde antolatzailearen parte hartzeko gonbidapena onartu badute. Era berean, hizlaritzat jo ahal izango dira beste pertsona batzuk, hasierako programan sartu ez zirenak, eta, azken orduko aldaketak direla-eta, hizlari modura jardungo dutenak, laguntza-eskabidea egiterakoan ziurtzat jo ziren beste batzuen ordez.

Ekitaldian poster edo ahozko komunikazioen bidez parte hartzen duten pertsonak ez dira hizlaritzat hartuko; beraz, ez da haien egiaztapenik bidali beharko.

e) Laguntza honen eskabidearen epea amaitzean eskatu edo eskuratu diren laguntzen egiaztapena.

f) Erantzukizunpeko adierazpena.

Dokumentuak PDF formatuan aurkeztuko dira.

7.– Eskabidea aurkezteko epea.

Eskabidea aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Ikerketa Zuzendaritzak kudeatuko du deialdia.

7. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Baldin eta agindu honen 5. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Ikerketa Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die eskabideen entitate sinatzaileei hutsak zuzendu ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

Zuzenketak egiteko errekerimenduak 12. artikuluko hirugarren apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz jakinaraziko dira.

8. artikulua.– Ebaluazioa eta hautaketa.

1.– Hautaketa Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Honako hauek izango dira batzordeko kideak: Ikerketako zuzendari Amaia Esquisabel (lehendakaria izango da); Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Miren Artaraz, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari Iban Ariznabarreta, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.

Hautaketa-batzordeak, hurrengo paragrafoan ezarritako esleipen-irizpideak aintzat hartuta, egindako ebaluazioaren emaitza jasotzen duen txostena emango du, eta txosten horretan jasoko ditu eman nahi diren dirulaguntzak, honako hauek adierazita: onuradun izateko proposatutako entitateak, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, dirulaguntza zer jarduketa egiteko ematen den eta emango den zenbatekoa, gastu-kontzeptuen arabera banakatuta. Horrez gain, ukatuko dituen dirulaguntzak ere jasoko ditu proposamenean, ukatzeko arrazoiak adierazita. Era berean, ezetsi egin diren beste eskabideen zerrenda ordenatu bat jaso daiteke, non adieraziko den zer eskabide ezetsi den, onuradun izateko oinarri arautzaileetan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren, deialdian finkatutako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditu dutelako; zerrenda horretan, deialdian aurreikusitako balioespen-irizpideen arabera eskabide horietako bakoitzari emandako puntuazioa adieraziko da.

2.– Eskabideak irizpide eta puntuazio hauen arabera ebaluatuko dira:

a) Ekitaldi mota. Biltzarrek 40 puntuko balorazioa izango dute, eta bilerek, berriz, 20 puntukoa.

b) Ekitaldiaren izaera: nazioartekoa, 20 puntu; estatukoa, 10 puntu.

c) Hizlari-kopurua: 10 puntura arte gehienez. Puntuazio hori emateko, honako hauek hartu beharko dira kontuan:

c.1.– 0,5eko balorazioa emango da hizlari bakoitzeko, baldin eta eskabidearen epea amaitzean haien parte-hartzea baieztatuta badago; 8 puntu, gehienez.

c.2.– Bi puntu gehiago emango zaizkio hizlarien genero-orekari. Talde bakoitzaren genero-oreka baloratzeko, arau hau erabiliko da: bi puntu emango zaizkie sexu bakoitzeko hizlarien % 40 edo gehiago ziurtatzen duten taldeei; puntu bat emango zaie sexuetako bateko kideak % 30 edo gehiago eta % 40 baino gutxiago direnean; eta ez da puntuaziorik lortuko atal honetan sexuetako batek % 30etik behera hartzen duenean.

d) Zenbateko asistentzia aurreikusten den.

d.1.– Aurrez aurre bertaratutako hogeita bost laguneko, puntu bat emango da; 10 puntu, gehienez.

d.2.– Onlinez bertaratutako hogeita bost laguneko, 0,5 puntu emango da; 10 puntu, gehienez.

e) Kanpoko iturriek emandako finantzaketa: bertaratutakoen kuotak eta dirulaguntza publikoak edo pribatuak, jarduera egiteko egiaztatutakoak. Puntu batez baloratuko da adierazitako iturrietatik sortutako finantzaketaren % 4ko; 20 puntu, gehienez.

9. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Deialdi hau ebazteko norgehiagoka prozedura baliatuko da, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluak xedatutako lehiaketaren bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko, 8. artikuluan finkatutako irizpideei jarraituz. Puntu gehien lortzen duten eskabideei, balorazio-fasean lortutako puntuazioari goitik beherako ordenan jarraituz, eta modalitatearen arabera lor daitezkeen puntuen erdiak lortu dituztenei baino ez zaizkie esleituko dirulaguntzak, 8. artikuluak xedatutakoarekin bat, harik eta agindu honen 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua amaitu arte.

Puntuazio-berdinketak ebazteko, 8.2. atalean adierazitako irizpide-bloke bakoitzean lortutako puntuazio altuena hartuko da kontuan, honako ordena honetan: a), b) eta c). Berdinketak iraunez gero, eskaerak betetzeko aplikazioak ematen duen ausazko zenbakia erabiliko da ebazteko, goranzko ordenan. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa honako hau izango da:

(Ikus .PDF)

2.– Biltzarretako sarietarako gehieneko zenbatekoak ez du emandako guztiaren % 10 gaindituko.

3.– Emandako zenbateko osoak ez du inola ere gaindituko ez eskatutako kopuru osoa, ez Agindu honen 4. artikuluan zehaztutako diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontuaren herena. Ez da emango eskabidean aurreikusitako gastuen eta sarreren arteko aldea gainditzen duen zenbatekorik.

4.– Kasu bakoitzean eman beharreko laguntzaren zenbatekoa zehazteko, artikulu honen aurreko apartatuek ahalbidetzen duten gehienekoa hartuko da kontuan.

11. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateratu ahal izango dira biltzar edo bilera bera egiteko xedea duen beste edozein laguntzarekin, izan funts publiko edo pribatu. Alabaina, biltzar edo bilera bererako lortu diren laguntzen zenbatekoa guztira kostu osotik gorakoa bada, dagokion neurrian murriztuko da deialdi honen arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Emandako laguntzak esleitzeko eta dagozkien zenbatekoak zehazteko, organo kudeatzaileak proposamen justifikatua eta arrazoitua egingo du, eta Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak emango du ebazpena, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman, eta sei hileko epean.

Hartzen den ebazpenak erabakiko du eskatutako laguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengoen kasuan, hauek adierazi beharko dira: espedientearen erreferentzia zenbakia, entitate onuradunaren izena, entitatearen IFK, ebaluazioan lortutako puntuak guztira, ekitaldiaren deskribapena eta zuzkidura ekonomikoa. Ukatutako eskabideen kasuan, eskatzaileen izen soziala zein den eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

Halaber, baldin eta ukatzearen arrazoia deialdirako kreditu nahikoa ez egotea bada, ordezkoen zerrenda jaso ahalko da ebazpenean, non balorazio irizpideen arabera ordezko horiek lortu duten puntu kopurua adieraziko baita, horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, artikulu honen 5. apartatuak ezarritakoarekin bat, zerrenda horretako entitate bati esleitu ahalko zaio dirulaguntza.

2.– Artikulu honetako 1. apartatuak jasotako epea pasatu bada eta prozeduraren ebazpena jakinarazi ez, interesdunek ulertu ahalko dute dirulaguntza emateko eskabidea ezetsia izan dela administrazio-isiltasunez, 6. apartatuak jasotako gora jotzeko errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.

3.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta). Ziurtagiri elektronikoa baliatu beharko da hura eskuratzeko.

4.– Alde batera utzi gabe 3. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die entitate interesdunei, eurek jakinarazitako SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

5.– Emate-ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan gertatzen diren uko-egiteen kasuan, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpen bidez emango zaizkie laguntzak erreserben zerrendan agertzen diren eta aurrekontu-kreditua agortu delako onuradun izan ez diren eskabideei.

Emandako azken laguntzaren ondoren dauden eskabideei emango zaizkie laguntza horiek, baldin eta, 8. artikuluak ezarritakoarekin bat, modalitatearen arabera lor daitezkeen puntuen erdia lortu badute. Esleitu beharreko zenbatekoa, gehienez ere, batzordearen balorazioaren arabera uko egindako eskabideari legokiokeen zenbatekoa izango da.

Organo laguntza emaileak entitate interesdunei jakinaraziko die zein den laguntzak emateko proposamena, 10 egun naturaleko epe luzaezinean onar dezaten. Proposamena onartutakoan, laguntza emateko ebazpena emango da, eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie.

6.– Administrazio-bidea amaitzen ez duen ebazpenaren aurka, entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Hezkuntzako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera, hots, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

13. artikulua.– Publikotasuna.

Jende guztiak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da emandako laguntzen zerrenda, entitate onuradunak eta emandako zenbatekoak adierazita, iragarki-taulan argitaratu ondorengo bi hilabeteetan.

14. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluek xedatutako betebeharrak, besteak beste honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean interesdunak berariaz eta idatziz uko egin ez badio laguntzari, onartu egin duela ulertuko da.

b) Helburua betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarrera hori hartzea.

c) Dirulaguntza ematen duen organoaren edo entitate laguntzailearen aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatzea, eta dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela ere bai.

d) Uko-egiteak, atzerapenak edo gainerako gorabeherak jakinaraztea, Ikerketa Zuzendaritza jakinaren gainean egon dadin eta, behar izanez gero, berariazko baimena eman dezan.

e) Egiaztapen-jarduerak onartzea, laguntza eman duen organoak egingo dituenak, bai eta deialdi honen kargura jaso dituzten dirulaguntzei buruzko informazioa ematea ere Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

f) Organo emaileari edo entitate laguntzaileari lortutako beste dirulaguntzen berri ematea, dirulaguntza jasotako jarduerak finantzatzen dituzten sarreren edo baliabideen berri ematea, baita hura emateko kontuan hartutako edozein egoera objektibo edo subjektiboren inguruko aldaketen berri ere. Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, betiere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

g) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

h) Hezkuntza Sailaren logotipoa eta irudi korporatiboa txertatzea, bai karteletan, bai jardueraren publizitatea egiteko erabiltzen diren baliabideetan, bai ondorengo argitalpenetan. (Eusko Jaurlaritzaren claim-a aplikatzeko gidaliburua). 2017ko apirilaren 4ko Ebazpena (2017ko apirilaren 12ko EHAA, 72. zk.).

i) Irudi ez-sexistak erabiltzea ekitaldiaren publizitatea egiteko ikusizko edukietan eta seinaleetan, bai eta ekitaldiak iraun bitartean zabaltzen den materialean ere.

j) Hizkera ez-sexista erabiltzea laguntza-eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioan, bai eta aktetan edo baliokideetan ere, halakorik balego.

k) Dirulaguntza ordaintzeko momentuan egiaztatzea egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoarekin bat (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

l) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa.

15. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi alditan.

a) Lehen zatia aurretiaz ordainduko da kontuan, eta emandako laguntzaren % 75ekoa izango da; 14.a) artikuluan adierazitako epea amaitzen denean ordainduko da, baldin eta laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, berriz, 2025. urtean ordainduko da, jarduera bukatzean. Zehazki, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da, hurrengo artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu ostean, betiere.

2.– Ordainketarik ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

3.– Ordainketak egin ahal izateko entitate onuradunak inskribatua egon beharko du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan (https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/).

16. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

Laguntzaren xede den ekitaldiko ekintzak burutzeak dakartzan gastuak justifikatu beharko dira, agindu honetako 4.1 artikuluan zehaztutakoak baitira.

1.– Agindu honetako laguntzen entitate onuradunek justifikatu beharko dute biltzar edo bilera zientifikoa egin dutela, finantzaketaren helburu baita; hartarako, Ikerketa Zuzendaritzan agiri hauek aurkeztu beharko dituzte inprimaki normalizatuan, finantzatutako jarduera bukatzen denetik hiru hileko epearen barruan (aplikazioan eskuragarri dago dokumentu horren txantiloi bat).

a) Emandako laguntzarekin egindako gastuaren ziurtagiria. Zerrenda bat erantsiko zaio, fakturak eta haien zenbatekoa zehaztuko dituena. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta egon behar du dokumentu horrek.

b) Diruz lagundutako jardueraren gastu eta diru-sarrera guztien balantze ekonomikoa. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da dokumentu hori.

c) Azken memoria, balantze zientifikoa duela, eta bertaratutakoei entregatu zaien materiala barnean dela; material hori eskuragarri jartzeko, esteka elektroniko bat edo esteka bat txertatuko da memorian, edukia eskuratzeko aukera emango duena. Horrez gain, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuari eta bi hizkuntza ofizialen erabilerari dagozkien betebeharrak betetzen direla bermatzeko hartutako neurriak zehaztuko dira, bai eta babestutako jarduera guztietan Eusko Jaurlaritzaren logotipoa sartzea ere.

d) Biltzarraren akten ale bat, edo, halakorik badago, horien baliokideak. Behin-behinean onartuko dira akten zirriborroak edo baliokideak, haiek argitaratzea aurreikusi bada.

e) Entitate onuradunak, gazte ikertzaileei laguntzeko funtsik jasoz gero, bekadunen zerrenda aurkeztu beharko du (izena eta NAN), bai eta egindako deskontuaren zenbatekoa azaltzen duen inskripzioa ere.

Bidaia-gastuetarako laguntzen kasuan, txartel prezioduna edo faktura aurkeztu beharko da.

2.– Artikulu honetan adierazitako agiri guztiak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, 5. artikuluaren 1. apartatuan adierazten den eran.

3.– Ikerketa Zuzendaritzak egiaztatuko du dirulaguntza behar bezala erabili dela, entitate onuradunen % 10eko ausazko lagin bat eginez. Horretarako, entitate onuradunei eskatuko zaie dirulaguntzari egotzitako gastuen egiaztagirien jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak aurkezteko.

4.– Nolanahi ere, entitate onuradunek fakturak eta laguntzaren xede izan diren gastuak egiaztatzeko gainerako agiriak gorde beharko dituzte gutxienez bost urtez, justifikazio-epea hasten denetik aurrera. Epe horretan, faktura eta agiri horiek laguntzak eman dituen organoaren eskura egongo dira eta eskatu ahal izango ditu egiaztatzeko.

5.– Artikulu honetan adierazitako dokumentuak aurkeztu ostean, Ikerketa Zuzendaritzak berriro egiaztatuko du ea emandako dirulaguntzak gainditzen duen entitate onuradunari diruz lagun dakiokeen gastuaren herena, edo entitate onuradunak dirulaguntzaren xede den jarduera gauzatzean izan dituen gastuen eta diru-sarreren arteko diferentzia ere. Kasu bi horietan, nolako superabita sortzen den, halako murrizketa aplikatuko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari. Era berean, emandako dirulaguntza baino gutxiagoko gasturik justifikatuz gero, justifikatu gabeko zenbatekoaren adinako murrizketak aplikatuko dira.

Baldin eta gutxitu behar bada hasieran emandako kopurua, jasotako dirulaguntzak proportzio berean itzuli beharko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak amaituko du ebazpen baten bidez, non hasierako ebazpena aldatuko baita.

17. artikulua.– Jarraipena.

Ikerketa Zuzendaritzak egin behar du dirulaguntza-deialdiaren jarraipena. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki iritzitako organo, batzorde edo adituak izendatuko, laguntzaren aplikazioaren jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, bai eta egoki jotzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko ere, alde batera utzi gabe agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezarritako jarraipen-jarduerak.

18. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Ikerketa Zuzendaritzak ikuskapen eta kontrolak egin ahal izango ditu, bermatzeko ea betetzen diren agindu honen helburuak.

19. artikulua.– Ez-betetzeak, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzea eta, hala badagokio, laguntza itzultzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 35.4 eta 36. artikuluek ezarritakoa aplikatuko da, ez-betetzeei eta laguntza itzuli beharrari buruzkoak baitira, eta 40. artikuluak ezarritakoa, laguntza itzultzeko prozedurari buruzkoa baita.

2.– Emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake dirulaguntzaren organo emaileak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Dirulaguntzen oinarri erregulatzaileetan aurreikusita egotea aldatzeko aukera.

b) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

c) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

d) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

e) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

f) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

g) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, lege honen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

3.– Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz –artikulu horrek arautzen du dirulaguntza itzultzeko prozedura orokorra–, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak adieraziko du, ebazpen baten bidez, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, jasotako diru-zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola. Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta, behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.

4.– Bestalde, aipatutako zenbateko horiek zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira, ondorio guztietarako.

20.– Artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen entitateak atzera egin ahal izango du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, eta agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztu beharko dio atzera egiteko eskaera hori. Atzera egiteko eskaera, bestelako izapiderik egin behar izan gabe, Ikerketako zuzendariaren ebazpen baten bidez onartuko da, zeinak prozedura amaitutzat emango baitu dagokion entitatearentzat.

2.– Entitate onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere egin ahal izango du hori. Uko egiteko eskaera laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztu beharko zaio, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoa itzuli beharko da. Baldintza horietan, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez, uko-egitea bestelako izapiderik egin behar izan gabe onartuko da, eta hura jasotzeko eskubidea galdutzat emango da.

3.– Aurkeztutako uko-egitea ez da onartuko, baldin eta entitate interesdunari jakinarazi bazaio ez-betetzea edo zehatzea deklaratzeko prozedura hasi dela deialdi honen esparruan. Prozedura horrek aurrera jarraituko du, ebatzi arte.

21. artikulua.– Datuak babestea.

Datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketak sustatzekoak).

• Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

• Xedea: Ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

• Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

• Hartzaileak:

Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Ekonomia eta Ogasun Saila. Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

• Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

• Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

• Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko dute interesdunek Hezkuntzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 30a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala