Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2024ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2397

59/2024 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmena, ikasketak antolatu, egin eta gainditzeko. Ikasketa horien bidez lortutako ziurtagiri ofizialak egiaztatuko du erizainek behar den prestakuntza dutela gizakientzako sendagaiak eta produktu sanitarioak aholkatzeko, erabiltzeko eta banatzea baimentzekoa, horrela eskatzen baitu urriaren 22ko 1302/2018 Errege Dekretuak, zeinak urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretua aldatzen baitu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmena, ikasketak antolatu, egin eta gainditzeko. Ikasketa horien bidez lortutako ziurtagiri ofizialak egiaztatuko du erizainek behar den prestakuntza dutela gizakientzako sendagaiak eta produktu sanitarioak aholkatzeko, erabiltzeko eta banatzea baimentzekoa, horrela eskatzen baitu urriaren 22ko 1302/2018 Errege Dekretuak, zeinak urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretua aldatzen baitu. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 13a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 13KO 59/2024 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, IKASKETAK ANTOLATU, EGIN ETA GAINDITZEKO. IKASKETA HORIEN BIDEZ LORTUTAKO ZIURTAGIRI OFIZIALAK EGIAZTATUKO DU ERIZAINEK BEHAR DEN PRESTAKUNTZA DUTELA GIZAKIENTZAKO SENDAGAIAK ETA PRODUKTU SANITARIOAK AHOLKATZEKO, ERABILTZEKO ETA BANATZEA BAIMENTZEKO, HORRELA ESKATZEN BAITU URRIAREN 22KO 1302/2018 ERREGE DEKRETUAK, ZEINAK URRIAREN 23KO 954/2015 ERREGE DEKRETUA ALDATZEN BAITU
BILDU DIRA:

Alde batetik, Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua, ekintza honetarako ahaldundua Gobernu Kontseiluren 2024ko martxoaren 19ko Erabakiaren bidez.

Bestetik, Eva Ferreira García, Euskal Herriko Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektore gorena (IFK: Q4818001B), urtarrilaren 19ko 10/2021 Dekretuaren arabera, hitzarmen hau sinatzeko ahalmena duena.

Eta hitzarmenaren aplikazio-zentroaren arduradun gisa, Joseba Pineda Ortiz jauna, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (aurrerantzean, UPV/EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa.

AZALTZEN DUTE:

Urriaren 22ko 1302/2018 Errege Dekretuak, urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretua aldatu eta erizainek gizakientzako sendagaiak eta produktu sanitarioak aholkatzeko, erabiltzeko eta banatzea baimentzeko prozedura arautzekoak, 2. artikuluan ezartzen du erizainek, beren jarduera profesionalean, gizakientzako sendagaiak –medikuaren preskripziorik gabekoak– eta produktu sanitarioak aholkatu, erabili eta banatzea baimendu ahal izango dutela, modu autonomoan, 5. artikuluan ezarritako ezaugarriak izango dituen banaketa-agindu baten bidez. Hori egiteko, bai zainketa orokorren ardura duen erizainak, bai zainketa espezializatuen ardura duen erizainak dagokion akreditazioa eduki beharko du, dagokion autonomia-erkidegoko organo eskudunak errege-dekretu horretan ezarritakoa betez emanda.

Halaber, errege-dekretu beraren 3. artikuluak xedatzen du erizainek, beren jardun profesionalean, medikuaren preskripzioa duten sendagaiak aholkatu, erabili eta banatzea baimendu ahal izango dituztela, 6. artikuluan aipatutako praktika kliniko eta asistentzialeko protokolo edo gidei jarraikiz eta banatze-agindu egokiaren bidez. Elkarlaneko jarduera horiek betetzeko, bai zainketa orokorrez bai zainketa espezializatuez arduratzen diren erizainek dagokien akreditazioa eduki beharko dute, kasuan kasuko autonomia-erkidegoko organo eskudunak emanda.

Osasun Sailak, bere eskumenak betez, Osasuneko sailburuaren 2019ko abenduaren 10eko Agindua eman du, eta agindu horren bidez xedatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan zer hezkuntza-erakundek eskain ditzakeen egokitze-ikastaroa egin izana egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala lortzeko ikasketak, urtebeteko jardun profesionala aitorturik ez dutenek egin behar baitute ikastaro hori.

Osasuneko sailburuaren 2019ko abenduaren 10eko Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz (agindu horren bidez onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoan erizainek gizakientzako sendagaiak eta produktu sanitarioak aholkatzeko, erabiltzeko eta banatzea baimentzeko baldintzak betetzen dituztela akreditatzera bideratutako prozedura), baimena ematen zaio UPV/EHUri Euskal Autonomia Erkidegoan eskain dezan urriaren 22ko 1302/2018 Errege Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan eskatutako egokitze-ikastaroa, eta lankidetza-hitzarmen bat sinatu behar da Osasun Sailaren eta UPV/EHUren artean, ikasketa horiek antolatu, egin eta gainditzeko baldintzak ezartzeko.

Horregatik guztiagatik, bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta hauek izango dira lankidetza-hitzarmena arautuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honek xedetzat du Osasun Sailaren eta UPV/EHUren arteko lankidetzaren baldintzak ezartzea urriaren 22ko 1302/2018 Errege Dekretuak eskatutako prestakuntza edukitzea egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala lortzeko behar den egokitze-ikastaroa antolatu, egin eta gainditzeko.

Bigarrena.– Alderdien konpromisoak.

1.– UPV/EHUren konpromisoak.

1.– Irakaskuntza planifikatzea.

a) UPV/EHUk egokitze-ikastaroa antolatuko du, ikastaro horren bidez jaso ahal izan dadin urriaren 22ko 1302/2018 Errege Dekretuak aldatutako urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretuan eskatutako akreditazioa.

b) Ikasketa horiek UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2022ko urriaren 20ko Erabakian araututako irakaskuntza propioen izaera izango dute (EHAA, 232. zk., 2022ko abenduaren 5ekoa).

c) Urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretuaren I. eranskinean erizainek gizakientzako sendagaiak eta produktu sanitarioak aholkatzeko, erabiltzeko eta banatzea baimentzeko aipatutako konpetentzia guztiak garatzeko bidea emango du programak.

d) Eman beharreko edukien antzeko ezagutza-arloak esleituta dituzten UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko departamentuak arduratuko dira prestakuntza horretaz, Unibertsitateak horretarako onartzen duen ikastaroaren proposamenean ezarritakoaren arabera.

e) Ikasleentzat doakoa izango da prestakuntza, horretarako Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ikastaroa finantzatzeko UPV/EHUri emango dio matrikulatutako ikaslearen matrikularen zenbatekoa, bigarren klausularen 2. atalean xedatutakoaren arabera.

f) UPV/EHU arduratuko da unibertsitate horretan matrikulatuta ez dauden ikasleen asegurua kontratatzeaz.

g) Ikastaroak 25 ordu inguruko iraupena izango du ikasleko (1 ECTS kreditu), eta, online emango da. ECTS horren irakastorduak «aurrez aurreko» 10 orduren eta «ikasgelaz kanpoko» 15 orduren baliokide izango dira. Gutxi gorabehera zehazteko, ikasleen «aurrez aurreko» lana irakasleek prestatutako materialak irakurri eta ulertzeko izango da, eta lan autonomoa, berriz, ebaluazio-probak egiteko eta, beharrezkoa bada, gomendatutakoa irakurtzeko.

h) Behar diren edukiak 10 orduko (orokorra) eta 15 orduko (berezia) bi gai-bloketan bereizi ahal izango dira. Osorik gainditu beharko dira, baina bereiz egiaztatu ahal izango dira sartzeko baldintzen eta aurretiko merituen arabera, betiere onetsitako proposamen akademikoan ezarritako prozedurak betez.

i) Online ikastaroa egiteko, 33 ikasleko taldeak ezarriko dira irakasle bakoitzeko (3 talde/100 ikasle), ikasle bakoitzaren ikasketen jarraipen egokia egin ahal izan dadin.

j) UPV/EHUk ikasketei dagokien irakas-denbora ezarriko du.

k) UPV/EHUk hitzarmen honetako jarraipen-batzordean parte hartuko du.

2.– Ikastaroa egin ahal izateko baldintzak.

a) Oro har, urtebete baino gutxiagoko esperientzia duten Erizaintzako tituludunek izango dute ikasketak egiteko baimena. Kasu horretan, edukiak baliozkotzeko edo aintzatesteko prozedura bat gaitu ahal izango da, eskabideen ezaugarriak aintzat hartuta.

b) Halaber, UPV/EHUko Erizaintzako Graduko laugarren mailan edo Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erizaintzako Eskolan matrikulatuta dauden ikasleek ere izango dute ikastaroa egiteko aukera.

c) Onarpena matrikula-ordenaren arabera egingo da.

3.– Ikastaroa gainditzea.

1) UPV/EHUk planifikatuko ditu ebaluazio-aldiak, eta ikasketak gainditzeko kontuan hartuko diren ebaluazio-irizpideak ezarriko ditu.

2) Urtero, ikasketak eta ebaluazioak amaitu ondoren gehienez 10 eguneko epean, prestakuntza gainditu duten pertsonen zerrenda bidaliko dio UPV/EHUk Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Zuzendaritza eskudunari.

2.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren konpromisoak.

1.– Finantzaketa.

Aurreikusitako kostua 750,00 eurokoa da, ikastaro osoan (25 ordu) matrikulatzen diren 33 ikasleko talde bakoitzeko.

12 talde egongo dira gehienez.

Zuzendaritza akademikoaren kontzeptuan 750,00 euro ordainduko zaizkio UPV/EHUri deialdi bakoitzeko.

Era berean, administrari batek (teknikaria, kudeaketakoa eta administraziozkoa) ikastaroa kudeatzeko, 25-30 lanordu inguru egin beharko dituela aurreikusten da. Lanordu bakoitzeko, gehieneko kostua 45 eurokoa izango da, UPV/EHUn adostutako ordainsariei egokituta.

Azkenik, UPV/EHUkoak ez diren ikasleen asegurua ordainduko da.

Osasun Saiak 15.000,00 euro ordainduko dizkio gehienez UPV/EHUri; UPV/EHUkoak ez diren ikasleen aseguruen kostua, zergak eta, UPV/EHUren Irakaskuntza Propioen Araudiaren arabera finantziatutako dirulaguntzaren zenbateko osoaren % 18ko atxikipena barne."

Bi zatitan ordainduko dira zenbateko horiek:

Lehena, zenbatekoaren % 60, ikasturte-hasierako lehen hilabetean ordainduko da.

Bigarren ordainketa, gainerako % 40a, ikastaroa amaituta ordainduko da, egindako jardueren gaineko memoria zehatza aurkeztu eta gastu guztiak justifikatu ondoren.

2.– Hitzarmen honetako jarraipen-batzordean parte hartzea.

Hirugarrena.– Jarraipen Batzordea.

1.– Jarraipen-batzorde bat eratuko da lankidetza-hitzarmen honetan hitzartutako helburuen jarraipena egiteko. Alderdi sinatzaileen bina ordezkari egongo da bertan, eta funtzio hauek edukiko dituzte:

a) Hitzarmen honen helburuak lortzeko proposatutako jarduera-plana onartzea. Jarraipen Batzordeak jarduera zehatzak onartuta ere, jarduera horiek berariazko akordio edo hitzarmen bat izapidetu edo sinatzea eska dezakete, horretarako aplikatu beharreko araudiaren arabera.

b) Egutegi bat ezartzea, hitzarmenaren jarraipena adierazitakoaren arabera egiteko beharrezkoak diren bileretarako.

c) Hitzarmen honen interpretazioak eta aplikazioak auzirik sortuz gero, horren gaineko ebazpena ematea.

2.– Jarraipen Batzordeak kide hauek izango ditu:

a) Osasun Sailaren ordezkari izango dira Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordea eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria.

b) UPV/EHUren ordezkari gisa: Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko graduondoko gaiez arduratzen den dekanordea.

3.– Era berean, proposatzen da hitzarmena sinatu duten aldeei eskumena ematea batzordekideak izenda ditzaten egokitzat jotzen denean. Betebehar bakarra izango da beste aldeari batzordearen eraketan eginiko aldaketen berri ematea; kasu horietan, ez da beharrezkoa izango beste hitzarmen bat sinatzea.

Laugarrena.– Asegurua.

1.– Ikasle guztiek dagokien asegurua izango dute.

2.– UPV/EHUko Erizaintzako Graduan edo Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuko Erizaintza Eskolan matrikulatutako ikasleak EHU Ikasle aseguruak estaltzen ditu, eta, horregatik, ez du aseguru gehigarririk izan beharko.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen hau sinatzen den egunean bertan jarriko da indarrean, eta bi urteko iraunaldia izango du.

Dena dela, alderdiek hitzarmena salatu ahal izango dute; hitzarmena zer ikasturtetan utzi nahi den bertan behera, ikasturte horren aurreko ikasturteko martxoa baino lehen, betiere.

Halaber, adierazitako indarraldia amaitu baino lehen, bi alderdiek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea gehienez ere beste bi urtez.

Seigarrena.– Aplikatu beharreko araudia.

Hitzarmen honek administrazioen arteko hitzarmenaren izaera du, eta hauek ditu arau: hitzarmenaren klausulak, aplikatzekoak zaizkion arau bereziak, eta, zehazki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen VI. kapituluak ezarritakoa.

Alderdi sinatzaileek honako arau hauetan xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen dute: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; eta 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, zeinak 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen baitu (Datuak babesteko erregelamendu orokorra).

Zazpigarrena.– Aldatzeko araubidea.

Hitzarmen honetan edozein aldaketa egiteko, alderdiek aho batez erabaki beharko dute.

Eta ados daudela eta onartzen dutela erakusteko, alderdiek jatorrizko agiri elektroniko bakar batean sinatzen dute hitzarmen hau, Vitoria-Gasteizen 2024ko maiatzaren 6an.

Osasun sailaren aldetik:

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

UPV/EHU-ren aldetik:

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa,

JOSEBA PINEDA ORTIZ.


Azterketa dokumentala