Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2024ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2396

58/2024 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Minbizi Erregistroen Espainiako Sarearekin (Redecan) sinatutako lankidetza-hitzarmena, Minbizi Erregistroen Espainiako Sarearen (Redecan) datu-base bateratua kudeatzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Minbiziaren Erregistroen Espainiako Sarearekin (Redecan) sinatutako lankidetza-hitzarmena, Minbizi Erregistroen Espainiako Sarearen (Redecan) datu-base bateratua kudeatzekoa. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 13a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 13KO 58/2024 EBAZPENARENA
MINBIZI-ERREGISTROEN ESPAINIAKO SAREAREN (REDECAN) DATU-BASE BATERATUA KUDEATZEKO LANKIDETZA-HITZARMENA

Oviedon, Las Palmas Kanaria Handikoan, Valentzian, Valladoliden, Vitoria-Gasteizen, Gironan, Granadan, Logroñon, Palman, Murtzian, Iruñean eta Reusen,

BILDURIK:

1.– Lidia Clara Rodríguez García andrea, Asturiasko Printzerriko Osasun Kontseilaritzako Osasun Publikoko zuzendari nagusia, abenduaren 30eko 85/2021 Dekretuaren bidez izendatua.

2.– Blas Gabriel Trujillo Oramas jauna, Kanarietako Gobernuko Osasuneko kontseilaria, ekainaren 19ko 53/2020 Dekretuaren bidez izendatua (2020ko ekainaren 20ko BOC, 123. zk.). Kanarietako Osasun Zerbitzuaren Zuzendaritza Kontseiluko presidente gisa dihardu, Kanarietako Osasun Zerbitzuaren Antolaketa eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen otsailaren 24ko 32/1995 Dekretuaren 7. artikuluan, 6.3.k artikuluarekin lotuta, ematen zaizkion eskumenak baliatuz.

3.– Julio Mánez Prats jauna, Osasun Unibertsaleko eta Osasun Publikoko Kontseilaritzako Osasun Publikoko eta Adikzioetako zuzendari nagusia, 2022ko azaroaren 4ko 193/2022 Dekretuaren bidez izendatua (Valentziako Generalitateko Aldizkari Ofiziala, 9464 zk.). Valentziako Generalitateko Osasun Unibertsaleko eta Osasun Publikoko Kontseilaritzaren ordezkari gisa dihardu, Kontseiluaren azaroaren 16ko 185/2020 Dekretuan emandako eskumenaren arabera (185/2020 Dekretua, Osasun Unibertsaleko eta Osasun Publikoko Kontseilaritzaren Erregelamendu Organikoa eta Funtzionala onartzen duena). Helbidea: Katalunia hiribidea 21, 46020 Valentzia.

4.– Alejandro Vázquez Ramos jauna, Gaztela eta Leongo Juntako Osasuneko kontseilaria, Gaztela eta Leongo Juntako presidentearen apirilaren 19ko 6/2022 Erabakiaren bidez izendatua (2022ko apirilaren 20ko Gaztela eta Leongo Aldizkari Ofiziala, 75. zk.). Osasun Kontseilaritzaren izenean eta hura ordezkatuz dihardu, Gaztela eta Leongo Erkidegoko Gobernuari eta Administrazioari buruzko uztailaren 3ko 3/2001 Legearen 26.1.l) artikuluak emandako eskumenaren arabera. Helbidea: Zorrilla pasealekua 1, 47007 Valladolid.

5.– Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua, lehendakariaren irailaren 7ko 27/2020 Dekretuaren bidez izendatua (2020ko irailaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 177. zk.). Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz dihardu, Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 13an egindako bileran hartutako erabakiaren bidez emandako eskumenaren arabera. Helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

6.– Ramon Salazar Soler doktorea, Kataluniako Onkologia Institutuaren zuzendari nagusia, erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz (IFK: Q5856383D), Bartzelonako notario Carles Masià Martí jaunaren aurrean 2022ko maiatzaren 11n emandako botereen arabera (protokolo-zenbakia: 562). Helbidea: Avinguda Gran Via, 199-203, 08908 L 'Hospitalet de Llobregat.

7.– Blanca Fernández-Capel Baños andrea, Osasun Publikoko Andaluziako Eskola SA sozietatearen zuzendari-gerentea den aldetik. Sozietate hori 1985eko uztailaren 17an Sevillan egiletsitako eskritura publikoaren bidez eratu zen, Sevillako notario Alfonso Cruz Aunión jaunaren aurrean, eta Merkataritza Erregistroan inskribatuta dago, 197. liburukian, 3. sekzioko 123. liburuan,8. folioan, 2033 zenbakidun orrian, 1. inskripzioan. Sozietatearen IFK-zenbakia A-18049635 da, eta egoitza soziala, berriz, hau: Cuesta del Observatorio 4 (Cartuja Unibertsitate Campusa), 18011 Granada. José Luis Lledó González jaunak, Andaluziako Notarioen Elkargoko notarioak, 2019ko maiatzaren 20an 602 protokolo-zenbakiarekin baimendutako eskritura publikoaren araberako ordezkaritza-ahalordeak ditu.

8.– María Somalo San Juan andrea, Errioxako Autonomia Erkidegoko Osasuneko kontseilaria, Errioxako presidentearen urtarrilaren 11ko 2/2022 Dekretuaren bidez izendatua (2022ko urtarrilaren 12ko BOR, 7. zk.). Betetzen duen kargua dela-eta, lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko ahalmena du, Errioxako Gobernu Kontseiluak eskuordetuta, 2019ko azaroaren 5eko Erabakiaren bidez (2019ko azaroaren 6ko BOR, 133. zk.). Eskuordetze hori Gobernuari eta gobernukideen bateraezintasunei buruzko urriaren 28ko 8/2003 Legearen 23.g) eta 25. artikuluetan jasotakoaren arabera egin da (2003ko azaroaren 13ko BOR, 140. zk.).

9.– Patricia Gómez Picard andrea, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Osasun eta Kontsumoko kontseilaria, Balear Uharteetako Gobernuko kideak izendatzen dituen Balear Uharteetako presidentearen uztailaren 2ko 10/2019 Dekretuaren arabera. Balear Uharteetako presidentearen azaroaren 24ko 25/2003 Dekretuak ematen dion eskumena erabiliz dihardu; izan ere, dekretu horren bidez kontseilarien esku uzten da lankidetza-hitzarmenak eta lankidetza-akordioak sinatzeko eskumena, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Araubide Juridikoaren martxoaren 26ko 3/2003 Legearen 80. artikuluaren arabera.

10.– Juan José Pedreño Planes jauna, Murtziako Erregioko Osasuneko kontseilaria den aldetik, Murtziako Erregioko autonomia-erkidegoko presidentearen urtarrilaren 22ko 7/2021 Dekretuaren bidez izendatua (2021eko urtarrilaren 23ko Murtziako Erregioko Aldizkari Ofiziala, 18. zk.). Osasun Kontseilaritzaren izenean eta hura ordezkatuz dihardu, eta Gobernu Kontseiluaren erabakiak ematen dio baimena hitzarmen hau sinatzeko. Helbidea: Ronda de Levante 11, 30008 Murtzia.

11.– María Ángeles Nuin Villanueva andrea, Nafarroako Gobernuko Osasun Saileko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari-gerentea, Nafarroako Gobernuko lehendakariaren irailaren 4ko 215/2019 Foru Dekretuaren bidez izendatua (2019ko irailaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 186. zk.).

12.– Anton Benet Català jauna, Salut Sant Joan de Reus – Baix Camp ZPEaren ahalduna (IFK: Q4300351F; egoitza soziala: Josep Laporte etorbidea 2, Reus, Tarragona). Ginés-José Sánchez Amorós notarioaren aurrean 2021eko maiatzaren 25ean egiletsitako ahalorde-eskrituraren arabera dihardu (protokolo-zenbakia: 836/2021).

ADIERAZTEN DUTE:

a) Minbizi Erregistroen Espainiako Sarea (aurrerantzean, Redecan) populazioan oinarritutako minbizi-erregistroen (POME) organo kooperatiboa da, eta Espainiako minbiziaren populazio-erregistroak eta Haurren Tumoreen Espainiako Erregistroa (RETI) biltzen ditu.

Redecanen helburu orokorra da Espainiako POMEen eta RETIren zeregina indartzea, Espainiako minbiziaren informazio-sistemaren elementu nagusietako bat baitira; horrenbestez, haien garrantzia handitu nahi du, minbizia zaintzeko eta kontrolatzeko helburu orokorrean duten zeregina areagotzeko, bai eta ikerketa-proiektu kooperatiboak egitea sustatzeko ere. Redecanek esparru jarraitua eta antolatua eskaintzen du Espainiako POMEen eta RETIren jardueretarako.

Helburu espezifiko hauek ditu:

– POMEen datuen kalitate-irizpideak ezartzea Espainiako azterlan kooperatiboetarako.

– Redecan osatzen duten erregistroetako datuen kalitatea ziurtatzea.

– Espainiako minbiziaren intzidentziari, iraupenari eta prebalentziari buruzko emaitzak lortzea eta osasun-agintariei eta komunitate zientifikoari ematea.

– Minbiziari buruzko ikerketak sustatu, egin eta argitaratzea, minbizi-erregistroetako datuekin.

b) Orain arte, Redecan lurralde hauetako populazio-erregistroez osatuta egon da: Asturias, Kanariak, Castelló, Gaztela eta Leon, Euskadi, Girona, Granada, Errioxa, Mallorca, Murtzia, Nafarroa eta Tarragona. Horiez gain, Valentziako Erkidegoko Haurren Tumoreen Erregistroa, Madrilgo Erkidegoko Haur eta Nerabeen Minbiziaren Populazio Erregistroa eta RETI ere Redecan sarean daude. Redecanek ez du nortasun juridiko propiorik, eta erabakiak Redecaneko Zuzendaritza Kontseiluak hartzen ditu; kontseilu horretan, minbizi-erregistro bakoitzeko ordezkari bat dago.

c) Sare hori osatzen duten populazio-erregistroetako bakoitzak lurralde jakin bateko biztanlerian gertatutako minbizi-kasuei buruzko informazioa jasotzen du.

d) Minbiziaren intzidentziari, prebalentziari eta iraupenari buruzko adierazle epidemiologikoak lantzeko eta azterlan epidemiologiko interesgarriak egiteko, datu-base bateratu bat (DBBa) eratu zen (aurrerantzean, Redecanen DBBa) erregistro interesdunen artean, elkarrekiko lankidetzaren bidez.

e) Redecanen DBBa Sant Joan de Reus Unibertsitate Ospitaleko Datuak Prozesatzeko Zentroan (DPZa) dago, Salut Sant Joan de Reus-Baix Camp zuzenbide pribatuko entitatean (ZPEa), eta entitate hori arduratzen da Redecanen DBBa biltegiratzeaz, mantentzeaz eta kudeaketaz.

f) 2015eko uztailaren 1ean, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioko Osasun Publiko, Kalitate eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak Redecanen DBBa Osasun Sistema Nazionalerako intereseko erregistro gisa aitortzeko Ebazpena eman zuen (1. eranskina):

https://www.mscbs.gob.es/estadEstudios/estadisticas/sisInfSanSNS/registros/registros.htm

Ebazpenaren dokumentua:

https://www.sanidad.gob.es/estadEstudios/estadisticas/sisInfSanSNS/registros/docs/RES_REC_REDECAN.pdf

g) Redecanen DBBa Fundació de la Lliga per a la investigació i prevenció del càncer (FUNCA) fundazioak kudeatzen zuen, eta, fundazio hori desegin zenetik, Salut Sant Joan de Reus – Baix Camp entitateak kudeatzen du.

h) Webgune bat sortu zen (https://redecan.org/es) minbizi-erregistroetako profesionalen arteko komunikazioa errazteko eta Redecanen jardueren funtzioak, jarduerak eta emaitzak biztanleria osoari ikusarazteko.

i) Redecanen DBBa eguneratzeko eta erregistroen arteko lankidetza hasi zenetik gertatu diren aldaketa instituzionalak eta lege-aldaketak biltzeko, komenigarritzat jo da alderdi guztiek lankidetza-hitzarmen bat sinatzea, adierazpen hauen d) atalean definitutako helburu epidemiologikoak gauzatzeko.

Alderdi guztiek gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri, eta lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko borondatea adierazten dute, klausula hauetan oinarrituta:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Lankidetza-hitzarmen honen xedea erakunde sinatzaile guztien arteko lankidetza da, Redecanen DBBa mantentzeko, kudeatzeko eta ustiatzeko, hurrengo klausuletan adierazten den moduan.

Bigarrena.– Redecanen DBBa eguneratzeko, datuak bildu, baliozkotu, antolatu eta aztertuko dira aldian-aldian, datuen kalitatea ziurtatzeko.

Hirugarrena.– Redecanen DBBko datuek minbizia duten pertsonen aldagai epidemiologiko eta demografikoei buruzko informazioa jasoko dute, lankidetza-hitzarmenari erantsitako dokumentu honetan zehazten denaren arabera: «Redecanen datu-base bateratua sortzeko eta ustiatzeko datuen babesaren arloko erantzunkidetasun-akordioa» (2. eranskina).

Laugarrena.– Datu-basearen garapen teknikoa Redecanen Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabakien arabera egingo da. Erabaki horiek Redecanen Datu Base Bateratuaren Protokoloan jasota daude (3. eranskina). Datuak biltzeko, baliozkotzeko, biltegiratzeko, antolatzeko eta zaintzeko lanak Tarragonako Minbizi Erregistroko taldeak egingo ditu, Redecaneko kideek beren Zuzendaritza Kontseiluan ezarritako irizpideen eta metodoen arabera (aipatutako protokoloan daude jasota irizpide eta metodoak). Talde hori Sant Joan de Reus Unibertsitate Ospitaleko (Salut Sant Joan de Reus-Baix Camp ZPEa) Epidemiologia eta Minbiziaren Prebentzio Zerbitzukoa da. Datuen aldizkako eskaera Redecaneko lehendakaritzak eta idazkaritzak egingo dute, eta Tarragonako Minbizi Erregistroko taldeak kudeatuko du.

Bosgarrena.– Salut Sant Joan de Reus-Baix Camp ZPEa (Redecanen DBBa gordetzeko eta kudeatzeko arduraduna den aldetik) eta gainerako sinatzaileak behartuta daude betetzera datuak babesteari buruz indarrean dagoen legeria eta osasun-datuen erabilerari buruzko beste araudia–Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2016ko apirilaren 27an onartutako 2016/679 Erregelamendua (EB), datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; eta, horretaz gain, 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta aplikatzeko gainerako araudia–.

Era berean, Sant Joan de Reus Unibertsitate Ospitaleko (Salut Sant Joan de Reus-Baix Camp ZPEa) Tarragonako Minbizi Erregistroa behartuta dago Redecanen DBBaren edukiei buruzko kontuak aldian-aldian ematera Redecaneko Zuzendaritza Kontseiluari. Halaber, datuak zerbitzari bakar batean biltegiratuko dira, eta baimendutako pertsonek pasahitz bidez soilik eskuratu ahal izango dituzte, segurtasun-neurri egokiak ezarriko baitira. Redecanen DBBko datuen babesari buruzko alderdi guztiak lankidetza-hitzarmenaren 2. eranskinean dagoen dokumentu honetan zehazten dira: «Redecanen datu-base bateratua sortzeko eta ustiatzeko datuen babesaren arloko erantzunkidetasun-akordioa».

Seigarrena.– Redecanen DBBan parte hartzen duten erregistroek edozein unetan eska dezakete emandako datuak suntsitzea, hala nahi izanez gero. Redecanek erabakitzen badu Redecanen DBBa bertan behera uztea, Tarragonako Minbizi Erregistroko taldeak (Sant Joan de Reus Unibertsitate Ospitaleko –Salut Sant Joan de Reus-Baix Camp ZPEa– Epidemiologia eta Minbiziaren Prebentzio Zerbitzua) suntsitu egingo ditu biltegiratutako datuak.

Zazpigarrena.– Egindako analisi eta azterlanen emaitzen komunikazioaren eta argitalpenaren edukia azterlan bakoitzean datuak eman dituzten populazio-erregistroen artean adostuko da. Datuen jabetza intelektuala erregistro lagatzaile bakoitzarena da. Datu horietan oinarrituta egindako azterlan, ikerketa-proiektu eta argitalpenetan, datu horien jatorria eta parte hartzen duten erregistroena adierazi beharko da. Datuak beste ikerketa-proiektu batzuetarako erabiltzen badira, parte hartzen duen erregistro bakoitzari jakinaraziko zaio, azter ditzan eta baimena eman dezan.

Zortzigarrena.– Lankidetza-hitzarmen honen jarraipena egiteko batzorde tekniko bat sortzen da. Batzorde hori Redecanen DBBan datuak dituzten minbizi-erregistroetako erakundeen ordezkari banak osatuko du.

Jarraipen-batzordearen ohiko bilerak urtero egingo dira, eta ezohikoak, berriz, alderdietako edozeinek eskatuta, lankidetza-hitzarmen hau interpretatzean edo gauzatzean sor daitekeen edozein desadostasun edo eztabaida dagoenean.

Nolanahi ere, bileren akta egingo da, eta bertaratutako guztiek sinatuko dute, bileraren edukiarekin ados daudela adierazteko. Akta horretan, landutako gaiak eta hartutako erabakiak jasoko dira.

Bederatzigarrena.– Lankidetza-hitzarmen honek ez dakarkio inolako konpentsazio ekonomikorik alderdiei.

Hamargarrena.– Lankidetza-hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta beraren klausuletan xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko VI. kapituluan, aplikatzekoak zaizkion gainerako administrazio-arauetan eta zuzenbidearen printzipio orokorretan xedatutakoaren arabera ere.

Lankidetza-hitzarmen honen interpretazioari eta gauzatzeari buruzko eztabaidak jarraipen-batzorde teknikoak ebatziko ditu, eta, hori ezinezkoa bada, administrazioarekiko auzien jurisdikzioak ebatziko ditu alderdien artean sor daitezkeen auziak, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

Hamaikagarrena.– Lankidetza-hitzarmen hau alderdien adostasunarekin hobetuko da, eta lau urtez egongo da indarrean, akordio hau azkenekoz sinatzen den egunetik aurrera. Hitzarmenaren indarraldia amaitu aurretik, edozein unetan luzatu ahal izango da hitzarmena berariaz, beste lau urtez gehienez ere. Zortzi urte horiek igaro ondoren, hitzarmena azkendu egingo da, eta haren konpromisoekin jarraitu nahi bada, beste hitzarmen bat sinatu beharko da.

Hamabigarrena.– Lankidetza-hitzarmen hau alderdiak ados jarrita aldatu ahal izango da, haietako edozeinek proposatuta. Horretarako, dagokion aldaketa-gehigarria sinatu beharko dute, hitzarmenaren indarraldia amaitu aurretik formalizatuta.

Hamahirugarrena.– Kontuan izanda lankidetza-hitzarmen honen xedea osatzen duten jarduketen izaera jarraitua dela, suntsiarazteko arrazoiren bat izan delako azkenduko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluaren arabera.

Hauek izango dira suntsiarazteko arrazoiak:

– Indarraldia amaitzea, hitzarmenaren luzapena adostu gabe.

– Alde sinatzaile guztiak ados jartzea.

– Alderdi sinatzaileetako edozeinek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.

– Epaileak hitzarmena baliorik gabe uzteko erabakia hartzea.

– Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo legeetan aurreikusita badago.

Hitzarmena suntsiarazten bada hitzarmenean bertan edo legean aurreikusitako edozein arrazoirengatik, jarraipen-batzorde teknikoak ezarriko du zer epe dagoen hitzarmen honetatik eratorrita gauzatzen ari diren jarduketak amaitzeko, eta epe hori luzaezina izango da.

Hamalaugarrena.– Lankidetza-hitzarmen hau sinatzen duten alderdietako edozeinek ez baditu betetzen bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak, bete gabe dauden betebeharrak eta konpromisoak betetzeko eskatu ahal izango zaio, jarraipen-batzorde teknikoan zehazten den epean. Epe hori igarotakoan ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, jarraipen-batzorde teknikoak hitzarmena suntsiarazteko arrazoia dagoela jakinaraziko dio hitzarmena bete ez duen alderdiari, eta azken hori hitzarmenaren sinatzaileen artean ez dagoela ulertuko da.

Azaldutako guztiarekin ados daudelako, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzen dute, sinatzaile adina bider, Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 7an.

Asturiasko Printzerriko Osasun Kontseilaritzako zuzendari nagusia,

LIDIA CLARA RODRÍGUEZ GARCÍA.

Kanarietako Gobernuko Osasuneko kontseilaria,

BLAS GABRIEL TRUJILLO ORAMAS.

Valentziako Generalitateko Osasun Unibertsaleko eta Osasun Publikoko Kontseilaritzako, Osasun Publikoko eta Adikzioetako zuzendari Nagusia,

JULIO MÁNEZ PRATS.

Gaztela eta Leongo Juntako Osasun kontseilaria,

ALEJANDRO VÁZQUEZ RAMOS.

Eusko Jaurlaritzako Osasun kontseilaria,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

Kataluniako Onkologia Institutuko zuzendari nagusia,

RAMON SALAZAR SOLER.

«Andaluziako Osasun Publikoko Eskola SA»ko sozietatearen zuzendari-gerentea,

BLANCA FERNÁNDEZ-CAPEL BAÑOS.

Errioxako Autonomia Erkidegoko Osasuneko kontseilaria,

MARÍA SOMALO SAN JUAN.

Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Osasun eta Kontsumoko kontseilaria,

PATRICIA GÓMEZ PICARD.

Murtziako Erregioko Osasun kontseilaria,

JUAN JOSÉ PEDREÑO PLANES.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari Nagusia,

MARÍA ÁNGELES NUIN VILLANUEVA.

Salut Sant Joan de Reus – Baix Camp ZPEko ahalduna,

ANTON BENET CATALÀ.


Azterketa dokumentala