Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2024ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2395

57/2024 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin eta Onkologikoa Fundazioarekin sinatutako hitzarmena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin eta Onkologikoa Fundazioarekin sinatutako hitzarmena. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 13a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARIA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 13KO 57/2024 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, OSAKIDETZAREN ETA ONKOLOGIKOA FUNDAZIOAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA

Vitoria-Gasteizen 2024ko apirilaren 26an.

HAUEK BILDU DIRA:

– Batetik, Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea, ***0733**. NAN zenbakia duena.

Osasuneko sailburu gisa esku hartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2024ko apirilaren 16ko Erabakiaren bidez emandako baimenarekin bat etorriz, bai eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko presidente gisa ere, Administrazio Kontseiluaren 2024ko martxoaren 25eko Erabakiaren bidez baimenduta.

– Bestetik, D. Rafael Amasorrain Zabala ***5156**. NAN zenbakia duena.

Onkologikoa Fundazioaren Patronatuko lehendakari gisa esku hartzen du, Onkologikoa Fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz, eta ordezkaritza hori du erakunde horren Patronatuak 2024ko martxoaren 21ean hartutako erabakiaren eta estatutuen 19. Artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Agertutako biek, ordezkatzen dituzten erakundeen izenean eta haien ordezkari gisa, hitzarmen hau sinatzeko behar den legezko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta hau

AZALDU DUTE:

I.– Fundazioaren historiaz.

Onkologikoa Fundazioa 2010eko apirilaren 16an eratu zuen Kutxa Gizarte eta Kultur Fundazioak (gaur egun Kutxa Fundazioa izenekoa), eta, eratu zenetik, interes orokorreko helburutzat du herritarren bizi-kalitatea eta osasuna hobetzea, jatorri onkologikoko gaixotasunen prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan espezializatutako kalitatezko zerbitzu sanitarioa eskainiz.

Onkologikoa Fundazioaren gaur egungo jarduera Institutu Onkologikoak egindakoaren jarraipena da, hura erreferente historikoa izan baita Euskal Autonomia Erkidegoan, eta bereziki Gipuzkoan, minbiziaren aurkako borrokan. Ildo horretatik, Gipuzkoako Institutu Erradio-kirurgikoa, Aldakonean zegoena, 1933ko abuztuaren 13an inauguratu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren laguntzarekin; minbiziaren tratamenduan aritzen zen EAEko lehen ospitale monografikoa eta Espainiako hirugarrena zen.

1952tik aurrera, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa arduratu zen esklusiboki haren kudeaketaz eta finantzaketaz, eta bere gizarte-ekintzaren elementu garrantzitsuenetako bat bihurtu zen. Aldi hartan, eta Aurrezki Kutxak egindako ekarpenari esker, eraikina eraberritu eta paziente onkologikoen tratamenduan aplikatutako aparaturik modernoenak erosi ziren; hala nola, elektroi-azeleragailuak edo irudi-bidezko diagnostikorako ekipamendua. Era berean, zentroaren funtsezko beste jarduera-ildo bat asistentzia-berrikuntza izan da beti. Horri esker, beste hobekuntza batzuen artean, 2007an historia kliniko elektronikoa abiarazi zen; hari esker, Institutu Onkologikoa paperik eta formatu fisikoko proba erradiologikorik gabe funtzionatzen zuen EAEko lehen ospitalea bihurtu zen.

Onkologikoaren historiaren fase hura amaitzeko, 2009ko urtarrilaren 16an, Miramongo ospitale-eremuan (gaur egun, Begiristain doktorearen pasealekua 121 zk.), eraikin berria inauguratu zen, eta 2010eko apirilaren 16an Onkologikoa Fundazioa eratu zen formalki. Erakunde sortzaileak berak (Kutxa Fundazioa) eman zizkion gaur egun Fundazioaren egoitza eta haren jarduera-egoitza den eraikina (24.960 metro karratuko eraikina) eta pazienteak artatzeko behar diren instalazioak ere. Hori guztia, hirurogei milioi euro baino gehiagoko inbertsioarekin; inauguratu zenean ospitaleratutako ehun paziente baino gehiago artatzeko gaitasuna zuen eta erradioterapian, irudi bidezko diagnostikoan eta medikuntza nuklearrean ekipamendu modernoena zuen zentro baterako.

Onkologikoaren helburu nagusien artean, funtsezko elementu hauek nabarmendu dira: pazienteei tratu humanoa ematea, prozesuetan berrikuntza bilatzea eta pazienteak garrantzitsutzat jotzen dituen emaitzetara bideratutako asistentzia-kudeaketa.

II.– Onkologikoaren eta administrazio publikoaren arteko harremanen bilakaeraz.

Onkologikoaren eta administrazio publikoaren arteko harremanei dagokienez, horiek hainbat fase izan dituzte, emandako interes orokorreko jardueraren bilakaeraren ildotik. Horrela, 1954an Gizarte Segurantzaren eta Institutu Erradio-kirurgikoaren arteko lehen lankidetza-hitzarmena sinatu zen. Gero, Eusko Jaurlaritzak osasun-arloko eskumenak bere gain hartu ondoren, 1988an, Osakidetzak bere gain hartu zuen Institutu Onkologikoarekiko Ituna, eta, ondoren, itun berriak sinatu ziren segidan Osasun Sailarekin.

Onkologikoa Fundazioa formalki eratu ondoren, fundazio hori itun horietako batean subrogatu zen; zehazki, 2009ko apirilaren 23an Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin sinatutako EAEko sistema sanitarioko pazienteentzako onkologia-zerbitzuak emateko itunean. Orduz geroztik, Onkologikoa Fundazioaren eta Osasun Sailaren artean sinatu dira ondorengo itun guztiak. Itun horien guztien xedea zen EAEko sistema sanitarioko pazienteentzako zerbitzu onkologikoen kontratazioa arautzea, Osasun Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak onartutako deribazio-irizpide eta tarifen arabera. Itunak bularreko minbizia eta kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programak ere barne hartzen zituen.

Urte batzuk geroago, Onkologikoa Fundazioaren eta Osasun Sailaren arteko elkarrizketei ekin zitzaien, bi erakundeen arteko harreman-eredua aldatzeko; hain zuzen ere, sistema sanitario publikoko pazienteei arreta onkologikoa ematen zieten zentro sanitarioen arteko lehia saihesteko eta Fundazioaren funtzionamendu integratuagoa ahalbidetzeko. Hartara, Fundazioaren jarduketaren eta administrazio publikoaren jarduketaren arteko osagarritasun-bokazioan sakondu zen, ulertuta, osasun-zerbitzu publikoak tratamendu onkologikoa bere gain hartu ondoren, Fundazioaren zeregina jardun publikoari laguntzea eta hura indartzea eta, hala badagokio, osatzea dela.

Minbiziaren arreta-jarduera publikoak 2013-2020 aldirako Osasun Planean isla du, lehentasunezko jarduketa-eremuen artean ezartzen baitu minbizia duten pertsonak artatzea, eta helburu zehatz hau jartzen baitu: arreta oso, integratu, pertsonalizatu eta koordinatu batera zuzendutako diziplina anitzeko taldeen bidez minbizia duten pertsonak artatzeko eredu bat sustatzea.

Osasun Plana inspiratzen duten printzipioekin bat, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2018-2023 aldirako Euskadiko Onkologia Plana egin zuen, paziente onkologikoen eta haien senideen arretan inplikatutako aditu-taldeen eta arlo sanitarioko profesionalen aholkularitzarekin. Plan horrek arreta onkologikoaren eremuak zehazten ditu, eta minbiziaren aurreko biziraupena hobetzeko xedea dauka, gure gizarteko osasun-arazo nagusietako bat baita. Oro har, diziplina anitzeko ikuspegia duen eredu asistentziala planteatzen du Planak; pazienteen premia orokorrei arreta emango dien tratu gizatiarra sustatzen du, diagnostikoa egiteko denborak murriztu nahi ditu, eta beharrezko eskarmentua elkartzea ahalbidetuko duten unitateetan bildu nahi ditu ebakuntza edo esku-hartze konplexuenak. Horrekin guztiarekin, berrikuntza-estrategia bat hedatu da, zeinak minbizia diagnostikatzeko eta tratatzeko erreminta berrien garapenean inplikatu nahi dituen EAEko enpresa teknologikoak. Era berean, osasuna eta prebentzioa sustatzeko sektore arteko estrategien aldeko apustu etengabea egingo da.

Testuinguru horretan, eta Planarekin bat etorriz, Onkologikoa Fundazioaren eta Osasun Sailaren arteko harreman-eredua atxikimenduaren figuraren bidez egokitu nahi duen araudia garatu da. Horiek horrela, irailaren 4ko 127/2018 Dekretuaren babesean (irabazi-asmorik gabeko titulartasun pribatuko zentro sanitarioekin atxikimendu-hitzarmen espezifikoak sinatzeko betekizunak eta prozedura arautzen dituena), 2018ko abenduaren 27an, Osasun Sailaren eta Onkologikoa Fundazioaren arteko atxikimendu-hitzarmena sinatu zen, zerbitzu sanitarioak emateko. Atxikimendu-hitzarmen horren xedea Osakidetzaren eta Onkologikoa Fundazioaren zentro sanitarioko zerbitzu sanitarioen funtzionamendu integratua lortzea zen, eta atxikitako jarduera artezkaritza-organo baten zuzendaritzapean eta kudeaketapean geratuko zen, organo goren gisa, zentro sanitarioko zuzendari batekin batera. Era horretan, ulertzen zen, herritarrei arreta onkologiko integrala eskaintzeko, Osasun Planaren helburuekin bat eginik eta Fundazioaren helburuekiko erabateko errespetuz, atxikimendu-hitzarmenaren formula bi ospitale-egituraren funtzionamendu integratua erraztuko zuen mekanismoa izango zela, ikuspuntu operatibotik eta funtzionaletik, betiere instalazioen eta lan-harremanen titulartasuna Fundazioarena zela errespetatuta.

Atxikimendu-hitzarmen horrek, 2022ko abenduaren 20an bi alderdiek akordio bat sinatu ondoren, indarrean jarraituko du, printzipioz, 2024ko martxoaren 31ra arte. Beraz, beste harreman-esparru bat aztertu daiteke, hala badagokio.

Begi-bistakoa da atxikimendu-hitzarmena sinatu ondoren ezarritako sistemak hainbat onura ekarri dituela, besteak beste:

– Pazienteak deribatzeko zirkuituak normalizatzea: ate bakarra dute Osakidetzako paziente guztiek eta lehen mailako arretatik eta eskualdeetako ospitaleetatik pazienteak deribatzen dituzten baliabide sanitario guztiek.

– Bi erakundeen zerbitzu onkologikoek zerbitzu-dinamika bakarretan batera lan egitea, lankidetza eta baliabide asistentzialen optimizazioa erraztu dituzten kudeaketa-unitateekin.

– Ikerketa onkologikoaren arlo osoan egitura bateratuetan lankidetzan aritzea (saiakuntza klinikoak, translazio-ikerketa)

– Gipuzkoako herritarrek hautematea Onkologikoa dela Gipuzkoako minbizidun pazienteen tratamendu onkologikorako baliabide sanitario publikoak biltzen dituen eraikina, bereziki onkologia medikoko, onkologia erradioterapikoko eta hematologia klinikoko zerbitzuen asistentzia anbulatorioaren eremuan.

– Honako hauek Onkologikoa Fundazioaren eraikinean (Begiristain doktorearen pasealekua 121) zentralizatzea: (i) lurraldetik datozen paziente onkologikoentzako arreta anbulatorioa, eguneko ospitalean, zeinak berrogeita hamasei postu dituen, (ii) aipatutako zerbitzuetako kontsulta anbulatorioak, (iii) onkologia erradioterapikoko hornidura teknologiko gehiena, Osakidetzak egindako inbertsioen bidez, eta (iv) medikuntza nuklearreko baliabide guztiak, Osakidetzako eta Onkologikoko langileek osatuak.

Onkologikoa Fundazioak Gipuzkoako paziente onkologikoen asistentziari egindako ekarpenaren datu esanguratsuenen artean, 2023. urtean, bederatzi mila baino gehiago erradioterapia-saio, medikuntza nuklearreko zazpi mila baino gehiago prozedura diagnostiko eta terapeutiko, eguneko ospitaleko ia sei mila tratamendu-emate, hiru mila bisita mediko, hamabi mila erradiologia-prozedura, berrogeita hamalau mila mamografia edo mila baino gehiago ospitale-alta egingo dira.

III.– Fundazioaren jarduera administrazio publikoan behin betiko integratzearen komenigarritasunaz.

Arestian aipatutako atxikimendu-ereduarekin lortutako emaitzen balorazio positiboa alde batera utzi gabe, haren aplikazioari buruz egindako ebaluazioak ereduaren eta haren iraupenaren zailtasunak ere agerian utzi ditu, minbiziaren asistentzia-prestazioaren bilakaera ikusita.

Hiru arrazoik behartu dituzte berriz ere alderdiak haien harremanean formula berriak bilatzera:

a) Bi erakunde sinatzaileen arteko atxikimendu-hitzarmenean aurreikusitakoak baino integrazio-maila handiagoak ahalbidetzen ez dituzten oztopo eta zailtasunak detektatu izana; horietako batzuk sakonak dira eta eragin negatiboa dute asistentziaren jarraitutasunean, eta ez dute ahalbidetzen bi alderdien giza baliabideak eta baliabide materialak optimizatzea.

b) Administrazio publikoak paziente onkologikoen arreta bere gain hartu izanak eta Osasun Sailaren agendan duela urte batzuetatik hona funtsezko gai gisa eratu izanak errepikakor bihurtzen dute minbizi-arloko edozein asistentzia-estrategia osagarri, hala nola Onkologikoa Fundazioak emandakoa, are gehiago kontuan hartuta EAEko gizarteak berak horri buruz duen kezka eta etengabe egiten duen eskaria.

Osakidetza osasun-zerbitzu publikoak onkologia-eremuko zerbitzu sanitarioak ematearen ondorioz, bermatzaile pribatuek atzera egin dute, etengabe, prestazio sanitario onkologikoak eskuratzean. Ildo horretan, Onkologikoaren atxikimenduak prezioen eta sare publikokoenen arteko koherentzia eskatzen zuen. Bestalde, eta onkologia-eremua alde batera utzita, atxikimendu-hitzarmenaren aplikazioak berekin zekarren onkologikoa ez zen jarduera sanitario pribatu guztia amaitzea. Horren ondorioz, Fundazioak galdu egin ditu eremu pribatutik zetozen diru-sarrerak, eta atxikimendu-hitzarmenarekiko mendekotasun korrelatiboa izan du, prestazioak antolatzeko premietara egokitzen ez den finantzaketa-eredu batekin.

c) Eta, aldi berean, Onkologikoa Fundazioaren barne-bilakaerak berak behartu du fundazioa bere existentzia edo izateko arrazoia zalantzan jartzera: (i) begi-bistakoa da, lehen urteetan, gaur egungo fundazioaren aurreko erakundeak administrazio publikoak jatorrian estaltzen ez zuen zerbitzu bat (minbizia zuten pazienteen tratamenduarena) betetzeko asmoz sortu zirela; (ii) urteen poderioz, eta administrazio publikoak zerbitzu horiek pixkanaka bere gain hartzearekin batera, fundazioa osasun-zerbitzu publikoen osagarri subsidiario izatera igaro zen; eta (iii) gaur egun administrazio publikoak arlo horretan hartu duen protagonismo osoak ia ehun urte lehenago hasitako prozesu bat burutzera behartzen duela dirudi.

Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, Fundazioak ezin baitu bere sorrera-xedea bete, hura azkendu behar da ezinbestean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 40. Artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bestalde, Osasun Sailak, Osakidetzarekin batera, Onkologia Planaren ebaluazioa eta plan berri bat egiteaz gain, aurrera egin du onkologia-eremuko antolamendu-eredu baten definizioan, EAEko onkologia-zerbitzuen erakunde gisa. Prozesu horretan, Osasun Sailak erabaki du, fundazioa azkentzearen ondorioz, Onkologikoa Fundazioaren Onkologikoa zentro sanitarioaren aktiboak, pasiboak eta harreman juridikoak Eusko Jaurlaritzan integratzea, Osakidetzari atxikitzeko.

Horregatik, hausnarketa-aldi lasai, kontziente eta borondatezko baten ondoren, bi alderdiek ondorioztatu dute harremana amaitzeko modurik onena behin betiko integratzeko prozesu bat artikulatzea dela, zeinaren bidez Onkologikoa Fundazioaren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak, zentro sanitarioaren jarduerari lotutakoak, Osasun Sailari transmitituko baitzaizkio; hura horietan subrogatuko da, eta ondorioa haien oinordetza unibertsala izango da.

Testuinguru horretan, behin betiko integratzeko prozesu horren ondorioek efektu bikoitza eragingo dute:

Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra izango da, eskubide osoz, Onkologikoa Fundazioaren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztien (lan-arlokoak barne) titularra, horietan oinordetza unibertsalaren bidez subrogatuta.

Subrogazio eta oinordetza unibertsal horrek araubide juridiko espezifiko bat aplikatzea eskatzen du, indarrean dagoen araudian ez baitago halakorik integrazio-prozesurako. Legegileak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzeko Legearen hamalaugarren xedapen gehigarrian onartu du araubide juridiko hori.

Aurrekontuen Legeak integrazio-prozesuaren araubidea ezartzen du, hamalaugarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz, eta Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez garatu eta aplikatu beharko da.

IV.– Bestalde, Onkologikoa Fundazioak hainbat izapide egingo ditu, barnekoak zein kanpokoak, benetan azkentzeko, bai eta Onkologikoa zentro sanitarioaren aktiboak, pasiboak eta harreman juridikoak lagatzeko ere, arau horretan eta bere estatutuetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Eta EAEko Administrazio Orokorrak aktiboak, pasiboak eta harreman juridikoak bere alde lagatzeko eta Onkologikoa zentro sanitarioa titulartasun publikoko baliabide gisa integratzeari eraginkortasuna emango dion araudia onartuko du, dagozkion administrazio-prozedurak garatuz eta dagozkion administrazio-egintzak onartuz.

V.– Hitzarmen hau sinatzeko egokitasunaz.

Aurrekari horiek guztiak ikusita, eta Onkologikoa Fundazioaren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean behin betiko integratzeko prozesua helburu komuna denez sinatu duten bi alderdientzat, egokitzat jo da aipatutako bi erakunde horien arteko lankidetza-hitzarmen hau formalizatuz bideratzea. Hitzarmen honen xedea integrazio-prozesua arautzea da, eta, horrela, interes orokorreko helburu bat lortzen lagunduko da, fundazioaren baliabideak zerbitzu sanitario publikoak ematera bideratuta. Alderdiek beren eskubideak eta betebeharrak jasoko dituzte bertan, honako hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da alderdien eskubide eta betebehar guztiak adostea, Onkologikoa Fundazioaren zentro sanitarioaren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean integratzeko. Integrazioa fundazio hori azkendu ondoren gertatuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontuen Legearen hamalaugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuz emango den dekretuaren arabera.

Behin betiko integratzeko prozesu horrek berekin ekarriko du haren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak (lan-arlokoak barne) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren alde eskualdatzea. Administrazioa horietan subrogatuko da oinordetza unibertsalaren bidez, eta haiek administrazio publikoaren jardunaren berezko interes orokorra betetzera (zerbitzu publikoak ematen dituenean) bideratuko dira.

Nolanahi ere, Onkologikoa Fundazioaren zentro sanitarioko langileak Osakidetza erakunde publikoari atxikitzeak ez du esan nahi estatutupeko langile direnik, eta langileen subrogazioari buruzko araudia eta administrazio publikoan lan-kontratuak subrogatzeko ezarritako jurisprudentzia aplikatuko zaizkio atxikipen horri.

Bigarrena.– Indarrean jarriko den data.

Alderdiek adostu dutenez, Onkologikoa Fundazioaren zentro sanitarioko langileak zein haren titulartasuneko hirugarrenekiko harreman juridikoak integratzeak Eusko Jaurlaritzak honako honen babesean emango den dekretua indarrean jartzen denetik aurrera izango ditu ondorioak: Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Legearen hamalaugarren xedapen gehigarria, Onkologikoa zentro sanitarioa Osakidetza erakunde publikoan integratzeari buruzkoa.

Bestalde, ondare-elementuak integratzearen eta horiei lotutako gainerako harreman juridikoen ondorioak Ekonomia eta Ogasun Sailak benetan onartu arte atzeratuko dira, xede horri dagozkion jarduketak egin ondoren.

Likidazioaren enkargua hartuko duen organoaren erabakiaren bidez lagako zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari Onkologikoa Fundazioaren zentro sanitarioaren titulartasuneko aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak.

Hirugarrena.– Bi alderdien konpromisoak.

A) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Osakidetzak honako konpromiso hauek hartuko dituzte:

a) Indarrean dagoen 2018ko abenduaren 27ko atxikimendu-hitzarmena modurik egokienean betetzea eta interpretatzea, Onkologikoa Fundazioaren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean behin betiko integratzeko prozesua errazteko. Prozesu hori hitzarmen honen bidez lortu nahi da.

b) Onkologikoa Fundazioaren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztien (lan-arlokoak barne) eskubide osoko titular izateko beharrezkoak diren administrazio-prozedura guztiak garatzea eta administrazio-egintza guztiak onartzea, oinordetza unibertsalaren bidez horietan subrogatuta.

c) Aktibo, pasibo eta harreman juridiko horien titulartasuna eskuratu eta horietan subrogatu ahal izateko beharrezkoa den araudiaren onarpena erraztea eta, hala badagokio, ezartzea, arau horiek onartzeko komeni diren mekanismoak behar besteko aurrerapenaz abian jarriz.

d) Fundazioaren Onkologikoa zentro sanitarioaren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztien (lan-arlokoak barne) erabateko titulartasuna eskuratzea, eta oinordetza unibertsalaren bidez horietan subrogatzea, kasu bakoitzean eta une bakoitzean horretarako egokiak edo beharrezkoak diren dokumentu publiko edo pribatuak emanez.

Aktibo horien artean daude, berariaz, jabetza industrialeko eskubideak (zehazki, Patente eta Marken Espainiako Bulegoan inskribatutako marka mistoa), bai eta fundazioaren titulartasuneko I+G+B jardueratik eratorritako jabetza intelektualeko eskubideak ere.

e) Begiristain doktorearen pasealekuko 121 zenbakian dagoen eraikina, modu iraunkorrean, onkologia-zentro monografikoa izateko konpromisoa hartzea, eta haren titulartasuna Kutxa Fundazioaren (Onkologikoa Fundazioaren erakunde sortzailea) alde itzultzeko betebeharra hartzea, helburu-konpromiso hori beteko ez balitz. Hori guztia, salbu eta, eskuratu zenetik hogeita hamar urte igaro ondoren, Osakidetzari atxikitako azpiegitura sanitarioen antolaketarekin lotutako arrazoiengatik justifikatzen bada eraikina edo haren zati bat asistentzia sanitario ez-onkologikoa ematera bideratzea.

Itzulketa lurzoruari eta eraikinari aplikatuko zaie, bai eta Fundazioak, zerbitzu sanitarioak eta zerbitzu ez-sanitarioak emateko, zuzenean erositako altzariei, ekipamenduei eta azpiegiturei ere. Kanpo geratuko dira, berariaz, Osakidetzak erositako eta Fundazioari edozein tituluren bidez eskualdatutako ekipoak eta azpiegiturak.

f) Begiristain doktorearen pasealekuko 121 zenbakian dagoen eraikinean, Kutxaren anagrama, ikusteko moduan eta gaur egungoen antzeko baldintzetan, bere kontura mantentzeko eta modu egokian kontserbatzeko konpromisoa hartzea. Hori guztia, salbu eta Kutxa Fundazioak erretiratzeko baimena ematen badu edo hori eskatzen badu.

g) Beren esku dauden eta aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak eskualdatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horietan oinordetza unibertsalaren bidez subrogatzea erabat gauzatzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren egintza guztiak egitea. Testuinguru horretan, eta beste egintza batzuen artean, honako hauek egin beharko dituzte: dagozkion zergen likidazioak, dagozkion erregistroetan inskripzioak egitea, lan-erakundeei eta Gizarte Segurantzari egin beharreko jakinarazpenak, hornitzaileekiko eta pazienteekiko komunikazioak eta abar.

h) Lankidetza-hitzarmen honen xede den integrazio-prozesuari buruz egin nahi den edozein komunikazio Onkologikoa Fundazioarekin adostea, behar besteko aurrerapenaz.

B) Bere aldetik, Onkologikoa Fundazioak honako konpromiso hauek hartuko ditu:

a) Azkentzeko erabakia hartzea, Babesletzak hori berrestea lortzeko bere esku dagoen guztia egitea, eta azkentzearen notario-eskritura eman aurretik, Onkologikoa Fundazioaren azkentzea erabat gauzatzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren egintza guztiak egitea.

b) Aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak eskualdatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra oinordetza unibertsalaren bidez horietan subrogatzea errazteko beharrezkoak diren jarduerak egitea.

Aktibo horien artean daude, berariaz, jabetza industrialeko eskubideak (zehazki, Patente eta Marken Espainiako Bulegoan inskribatutako marka mistoa), bai eta fundazioaren titulartasuneko I+G+B jardueratik eratorritako jabetza intelektualeko eskubideak ere.

c) Indarrean dagoen 2018ko abenduaren 27ko atxikimendu-hitzarmena modurik egokienean betetzea eta interpretatzea, Onkologikoa Fundazioaren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean behin betiko integratzeko prozesua errazteko. Prozesu hori hitzarmen honen bidez lortu nahi da.

d) Dagokionean, azkentzea eraginkorra izan dadin beharrezkoak diren barne-erabaki guztiak hartzea; hala nola, txostenak egitea, deialdiak egitea, organo propioen erabakiak hartzea, aktiboen, pasiboen eta harreman juridikoen deskribapena (lan-arlokoena, barne) eta abar. Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean eta bere estatutuetan xedatutakoarekin bat etorriz.

e) Bere esku dauden eta, dagokionean, haren azkentzea lagunduko duten kanpo-ekintza guztiak egitea; hala nola, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari kontsultak egitea, komunikazioak egitea, egokiak izan daitezkeen Gizarte Segurantzako erakundeen eta hornitzaileen baimenak lortzea eta abar.

f) Azkentzearen notario-eskritura emateko notario aurrean agertzea, eta likidazio-prozesua egitea eta likidazio-eragiketak eskritura publikoan formalizatzea; eskritura horretan, orduan egokituko zaizkion aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztien (lan-arlokoak barne) eskubide osoko titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren alde eskualdatuko du, oinordetza unibertsalaren bidez horietan subrogatuta.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin lankidetzan aritzea, bere esku dauden eta azkentzea, aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak eskualdatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horietan oinordetza unibertsalaren bidez subrogatzea erabat gauzatzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren egintza guztietan.

h) Lankidetza-hitzarmen honen xede den integrazio-prozesuari buruz egin nahi den edozein komunikazio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin adostea, behar besteko aurrerapenaz.

Laugarrena.– Hitzarmenaren egikaritzaren segimendua, zaintza eta kontrola.

Kontuan hartuta Zuzendaritza Organo bat dagoela (gaur egun, Onkologikoa zentro sanitarioaren jarduera zuzentzeaz eta kudeatzeaz arduratzen den organo gorena da) eta hitzarmen hau sinatu duten bi alderdien ordezkariek bertan parte hartzen dutela, bi alderdiek Zuzendaritza Organo horren esku utziko dute hitzarmen honen egikaritzaren segimendua, zaintza eta kontrola egitea, bai eta hitzarmen honekin lotutako gai eta gorabehera guztiei buruzko balorazioa egitea eta informazioa ematea ere.

Bosgarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta indarrean jarraituko du Onkologikoa Fundazioa azkendu eta likidatu arte. Horretarako, aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak eskualdatuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra horietan subrogatuko da oinordetza unibertsalaren bidez. Epe horrek ezin izango du lau urtekoa baino luzeagoa izan.

Epe hori amaitu aurretik, edozein momentutan, eta betiere fundazio hori azkendu edo likidatu ez bada, sinatu duten alderdiek erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez ere, edo hura azkentzea.

Horrek ez du esan nahi Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Osakidetzak eraikinaren erabilera iraunkorrari eta erakunde sortzailearen erreferentzia mantentzeari buruz hartutako konpromisoak indarrean egongo ez direnik. Konpromiso horiek hirugarren klausulako A) apartatuaren e) eta f) letretan aurreikusi eta arautu dira.

Eta alderdiek bat datozela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, hitzarmen hau izenpetzen dute, iru aletan, izenburuan esandako tokian eta egunean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik,

Osakidetzaren aldetik,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

Onkologikoa Fundazioaren aldetik,

RAFAEL AMASORRAIN ZABALA.


Azterketa dokumentala