Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2024ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2393

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 8koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez euskara-ikastaroetarako deia egiten baitzaie IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakunde publikoetako langileei, 2024-2025 ikasturterako.

Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezartzen duenez, botere publikoek xedezko neurriak hartuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, Administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan ditzaten.

Legeak xedatutakoa garatzeko, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua onartu zen, zeinaren bidez euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan. Duela gutxi, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzen duen otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuak indargabetu du dekretu hori.

Nolanahi ere, Dekretu berriaren Laugarren Xedapen Iragankorrak ezartzen du IVAPek 2025eko urtarrilaren 1era arteko epea izango duela bertan jasotako aurreikuspenetara egokitzeko. Horregatik, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak pixkanaka egokituko du bere jarduna, adierazitako data baino lehen eragiten dioten arau-aurreikuspen berriak betetzeko.

Era berean, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduak arautu zuen Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak (IVAP) Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua.

Agindu horretan xedatuta dago zein diren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrekoak eta Instituzionalekoak ez diren ente publikoen artean, IVAPek eskaintzen dituen hizkuntza-prestakuntzako ikastaroetara joateko aukera dutenak, betiere Hizkuntza Normalkuntza Plana onartuta badaukate eta, aldi berean, IVAPekin lankidetza-hitzarmena izenpetu badute.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakunde publikoetako langileentzako 2024-2025 ikasturterako 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunen araberako ikastaroetarako deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 8a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.

Bigarrena.– Parte-hartzaileak.

1.– Erakunde hauetako enplegatu publikoek parte hartu ahal izango dute hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuaren deialdi honetan, baldin eta paragrafo honetan adierazitako baldintzak betetzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udal- eta foru-administrazioak eta haien erakunde autonomoak.

b) Eusko Legebiltzarra eta lurralde historikoetako Batzar Nagusiak.

c) Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Arartekoa eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.

d) Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileak.

e) Lan Harremanen Kontseilua eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea.

2.– Ebazpen honetan araututako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuetarako aukera izateko, aurreko paragrafoan adierazitako erakunde publikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan adierazitakoak:

2.1.– Hizkuntza Normalkuntza Plana izan beharko du onetsia.

2.2.– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarekin aldez aurretik lankidetza-hitzarmen bat sinatu izana, aipatutako aginduaren II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

3.– Nolanahi ere, IVAPek bere aurrekontu-baliabideen barruan eskainiko du hizkuntza-prestakuntza.

Hirugarrena.– 2024-2025 ikasturterako deialdiak.

IVAPek hiru deialdi argitaratuko ditu 2024-2025 ikasturterako: deialdi nagusia, deialdi osagarria eta udako deialdia. Hirurek lanorduetan eta lanorduetatik kanpo eskainiko dituzte ikastaroak.

1.– Deialdi nagusia. Deialdi hau 2024-2025 ikasturteko deialdi nagusia da, eta honako hau arautzen du:

– 2024ko urritik 2025eko ekainera bitarteko euskara-ikastaroei buruzko prestakuntza-eskaintza, modalitate guztietan eta trinkoetan lauhilekoa.

2.– Deialdi osagarria. 2024-2025 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza (2025eko otsailetik ekainera bitarteko euskara-ikastaroak) deialdi osagarri baten bidez egingo da, eta 2024ko azaroan argitaratuko da.

Deialdi osagarri honetan 2025eko otsailetik aurrera eskatu ahal izango da eskolatzea, baldintza hauetan:

– 2024ko urrian ikastaroa hasi duten pertsonek modulu trinko batetik egunean bi edo hiru orduko modulu batera aldatzeko eskatu ahal izango dute 2024ko azaroko deialdian, edo alderantziz. Ezin izango dute autoikaskuntzako modulu batera aldatzeko eskatu, ez eta 4. HEko ikastaro batera aldatzeko ere.

– 2024ko urrian ikastaroa hasi ez dutenek ikastaro trinkoak soilik eskatu ahal izango dituzte, hau da, egunean bost orduko ikastaroak edo barnetegikoak. Ezin izango da otsailean hasi egunean bi edo hiru orduko modulu bat.

3.– 2025eko udako ikastaroei buruzko prestakuntza-eskaintza, modalitate guztietan.

Laugarrena.– Interesdunak bete beharreko baldintzak.

Euskara-ikastaro bat lanorduetan zein lanorduetatik kanpo hasi ahal izateko:

– Interesdunak ordu-kreditu positiboa izan beharko du ikasturtearen hasieran, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoak euskalduntzeko, ordu-kredituen aplikazioa ezartzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Aginduaren bosgarren artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (2004-05-07ko EHAA, 85. zk.).

– Interesdunak aldi baterako lan-kontratua edo bitarteko izendapena badu, kontratatuta edo izendatuta egon beharko du 2024ko abenduaren 31ra arte gutxienez.

– Interesdunak 4. HEko ikastaro bat eskatzen badu:

3. HE edo horren titulu baliokidea egiaztatuta eta erregistratuta izan beharko du, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistroan; edo, bestela, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan ikasketa ofizialak aitortzeko aurreikusitako baldintzak bete beharko ditu, eta, ondorioz, hizkuntza eskakizuna egiaztatu beharretik salbuetsita egon beharko du.

Eta, gainera, langileak honako lanpostu hauek betetzen aritu beharko du:

– 3. edo 4. HE esleituta daukan lanpostu bat.

– Lanpostuak 1. edo 2. HE esleituta badauka, interesdunak unibertsitate-titulua edo goi-mailako zikloa izan behar du.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkeztea eta kudeatzea. Erakundeak eskakizunak betetzen dituela egiaztatzea.

Deialdi honetan, IVAPek eskabide bakarra onartuko du gehienez pertsona bakoitzeko; hilabeteko barnetegien kasuan izan ezik.

5.1.– Eskabideak lanorduetan aurkezteko epea.

2024ko maiatzaren 21etik ekainaren 10era, biak barne.

5.2.– Eskabideak lanorduetatik kanpo aurkezteko epea.

2024ko maiatzaren 21etik ekainaren 10era arte, biak barne.

5.3.– Eskabideak kudeatzea eta erakundeak baldintzak betetzen dituela egiaztatzea.

Interesdunak euskara-ikastaroetan parte hartzeko eskabidea aurkeztuko du bere zerbitzuak ematen dituen erakundean.

Erakunde bakoitzak deialdi honetako laugarren oinarrian aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du (ordu-kredituari buruzko baldintza betetzen dela izan ezik, hori geroago egiaztatuko baitu IVAPek).

Erakunde bakoitzak eskabideak baimendu edo ukatuko ditu, IVAPek berariaz jakinaraziko dion epean.

Lanorduz kanpo egiten diren autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, erakunde bakoitzak emandako baimenen kopurua ezin izango da lanorduz kanpo baimentzen dituen eskabide guztien % 30 baino handiagoa.

4. HE prestatzeko baimena lanorduetan ematerakoan, erakundeek erabateko lehentasuna eman beharko diete lanpostuan 4. HE esleituta daukatenei, ikastaroan parte hartzeko.

Erakunde bakoitzak solaskide bat izango du euskara-ikastaroak kudeatzeko. Erakunde bakoitzeko solaskideak, IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez, baimendutako eskabideak bakarrik grabatuko ditu. Ondorioz, IVAPek ulertuko du erakunde bakoitzak onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak.

Seigarrena.– IVAPek ordu-kredituaren betekizuna egiaztatzea.

IVAPek egiaztatuko du erakunde bakoitzak baimendutako pertsona guztiek ordu-kreditu positiboaren saldoa betetzen dutela, deialdi honen hamargarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

IVAPek ukatu egingo ditu ordu-kreditu negatiboa duten eskabideak, eta erakunde bakoitzeko solaskideei jakinaraziko die.

Zazpigarrena.– Lanorduetako ikastaroak.

7.1.– Ikastaroen ezaugarriak.

Ikastaroetan lanorduetan eskolatzea honela egin ahal izango da:

– IVAPek hiru hiriburuetan antolatutako administrazio-taldeentzako aurrez aurreko ikastaroetan.

– Matrikula-orriaren bidez finantzatutako ikastaroetan, administrazioko taldeentzako aurrez aurreko ikastaro batean parte hartzeko aukerarik ez duten ikasleentzat. Matrikula-orriaren bidez finantzatutako ikastaroak aurrez aurreko ikastaroak dira, euskaltegi homologatuan antolatuak.

7.2.– IVAPek hiru hiriburuetan antolatutako administrazio-taldeentzako aurrez aurreko ikastaroen kudeaketa.

Interesdunaren euskara ezagupena neurtzea beharrezkoa izanez gero, IVAPek, bere erakundearen bitartez, mailaketa-proba bat egiteko eskatuko dio baimendutako interesdunari.

Mailaketa-probak ekaineko azken astean egingo dira.

Mailaketa-proba egiten ez duenak administrazioko talde batean ikasteko lehentasuna galduko du.

IVAP, hiru hiriburuetan administrazioko langileek osatutako taldeak osatzen saiatuko da. Taldeak antolatzean, IVAPek ahalegina egingo du ikasle bakoitzari bere erakundeak baimendutako modulua gordetzeko.

II. eranskinean, IVAPek antolatutako aurrez aurreko ikastaroetarako aurreikusitako moduluak jasotzen dira, baita horien ordutegia eta egutegia ere. IVAPek ahalmena du beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko, bai hasierako eta amaierako datetan, bai eranskin horretan adierazitako ordutegietan. Gainera, modulu edo ordutegi jakin batean taldea osatzeko ikasle-kopuru nahikorik ez badago, komenigarritzat jotzen dituen aldaketak proposatu ahal izango ditu.

Taldeak osatu ondoren, IVAPek administrazioko taldeetan eskolatuko diren pertsonen zerrenda bidaliko die erakunde bakoitzeko solaskideei, eskolak non eta noiz hasiko diren zehaztuta.

Interesdunak administrazioko aurrez aurreko ikastaro batean parte hartzeko eskabidea egin badu ere, bere mailako talderik osatzen ez bada, IVAPek matrikula-orri bat bidaliko dio euskaltegi homologatuko ikastaro batean matrikula dadin, betiere eskatu duen eta baimena eman zaion moduluan. III. eranskinean, matrikula-orriaren bidez finantzatuko diren ikastaroetarako aurreikusitako moduluak jasotzen dira.

7.3.– Matrikula-orriaren bidez finantzatutako ikastaroak kudeatzea.

Administrazioko talderik ez duten ikasleek aukeratzen duten euskaltegi homologatuan egin ahal izango dute ikastaroa.

Ikastaro horien eskaintza deialdi honen III. eranskinean jasota dago.

IVAPek matrikula-orri bat emango dio interesdunari, berak aukeratutako euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan baimendutako moduluan bakarrik matrikula dadin.

Matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula-orria euskaltegian aurkeztea.

Matrikula-orria duten ikasle eskolatuak euskaltegiak ezarritako ordutegira eta egutegira mugatuko dira.

Ikaslea ez bada inongo euskaltegitan matrikulatzen, bere erakundeak baja erregistratu beharko du Solaskidegune aplikazioaren bidez.

IVAP arduratuko da matrikula-orria ordaintzeaz, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Interesdunak matrikula-orrian zehaztutako moduluan matrikulatuta egon beharko du.

b) Interesdunak matrikula-orria aurkeztu beharko du aukeratutako euskaltegian ikasturtea hasi baino lehen. IVAPek ez du bere gain hartuko 2024ko urriaren 18tik aurrera emandako matrikula-orrien kostua.

c) Interesduna matrikulatzen den ikastaroa HABEk araututako moduluren batekoa izan beharko da, eta deialdi honen III. eranskinean jasota egon beharko du.

d) Horrez gain, matrikulazioa egiten den ikastaroek honako gutxieneko iraupena izan beharko dute: egunean 2 edo 3 orduko ikastaroen kasuan, 2024ko urrian hasi eta 2025eko ekainean amaitu beharko dira; ikastaro trinkoek lauhilekoak izan beharko dute eta barnetegialdiek hilabeteko edo lauhileko iraupena izango dute.

Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula-orria onartuko du eta horren kostua bere gain hartuko du. Barnetegi-erregimeneko ikastaroen kasuan, ostatuaren eta mantenuaren kostua ere bere gain hartuko du. Aitzitik, IVAPek ez du bere gain hartuko ikastaroen ondoriozko beste gasturik (joan-etorriak, materialak, etab.).

Ikasleak egindako matrikulazioak lehen aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainketarik egingo eta bere erabakia erakunde horretako solaskideari jakinaraziko dio, ikasleari horren berri eman diezaion.

Zortzigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.

8.1.– Ikastaroen ezaugarriak.

Lanorduz kanpo eskolatzea ikastaro hauetan bakarrik egingo da:

– Euskaltegi homologatuetako aurrez aurreko ikastaroetan.

– Edo euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro homologatuen programen bidez antolatutako autoikaskuntza-ikastaroetan. Lan gehiena banaka egingo du ikasleak, prestakuntza-ekintzarako diseinatutako programa espezifikoak erabiliz. Prestakuntza aldizkako tutoretza-saioekin eta mintzapraktika-eskolekin osatu badaiteke ere, lan gehiena ordutegi zehatzik gabe egiten da, eta, edonola ere, lan-ordutegitik kanpo.

Ikasleak bere ordenagailua edota autoikaskuntzako zentroak dituen ordenagailuak eta bitartekoak erabiliz egin ahal izango du lan pertsonala. Mintzapraktika eskolak euskaltegian edo autoikaskuntza zentroan egingo dira.

8.2.– Matrikula-orriaren bidez finantzatutako ikastaroak kudeatzea.

Lanorduz kanpoko ikastaroak matrikula-orriaren bidez finantzatuko dira.

Euskaltegi eta autoikaskuntza-zentro homologatuetako ikastaroetan lanorduz kanpo egin beharreko ikastaroen eskaintza deialdi honen III. eranskinean dago jasota.

IVAPek matrikula-orri bat emango dio euskara-ikastaroetan parte hartzeko baimena duen pertsonari, berak aukeratutako euskaltegi homologatuan edo autoikaskuntza-zentro homologatuan baimendutako moduluan matrikula dadin.

Matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula-orria euskaltegian aurkeztea.

IVAP arduratuko da matrikula-orria ordaintzeaz, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Interesdunak matrikula-orrian zehaztutako moduluan matrikulatuta egon beharko du.

b) Interesdunak matrikula-orria aurkeztu beharko du aukeratutako euskaltegian ikasturtea hasi baino lehen. IVAPek ez du bere gain hartuko 2024ko urriaren 18tik aurrera emandako matrikula-orrien kostua.

c) Egin daitezkeen ikastaroek HABEk araututakoak izan behar dute, eta deialdi honen III. eranskinean jasota egon.

d) Matrikulazioa egiten den aurrez aurreko ikastaroek honako gutxieneko iraupena izan beharko dute: eguneko 2 edo 3 orduko ikastaroen eta autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, 2024ko urrian hasi eta 2025eko ekainean amaitu beharko dira; barnetegian egiten diren ikastaro trinkoen eta eguneko bost orduko ikastaroen kasuan, lauhilekoak izan beharko dute.

e) Autoikaskuntzako ikastaroek gutxienez 190 orduko iraupena izan beharko dute, eta urrian hasi beharko dute.

Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula-orria onartuko du eta kostu osoa ordainduko du. Inola ere ez du bere gain hartuko ikastaroen ondoriozko bestelako gasturik (joan-etorriak, materialak, etab.).

Ikasleak egindako matrikulazioak lehen aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainketarik egingo.

Ikaslea ez bada inongo euskaltegitan matrikulatzen, bere erakundeak baja erregistratu beharko du, Solaskidegune aplikazioaren bidez.

Bederatzigarrena.– Ikastaroen hasiera eta bertaratzea.

9.1.– Ikastaroen hasiera.

Ikasleak ikasturteko lehen egunean hasi beharko dira klasean. Didaktika- eta antolaketa-arrazoiengatik, IVAPek ez ditu onartuko 2024ko urriaren 18tik aurrera euskaltegian emandako matrikula-orriak, eta baja emango die data horretan ikastaroan hasi ez direnen eskabideei.

9.2.– Berandu hastea.

IVAPek ikastaroetan berandu hastea onartuko du honako arrazoi hauetakoren bat gertatzen denean: gaixotasunagatiko baja, erditzea, adopzioa edo harrera eta aitatasuna. Nolanahi ere, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) IVAPek, ikastaroa hasi baino lehen, aurretik aipatutako arrazoiren batengatik prestakuntza jasotzen hasi ezin diren pertsonen berri izan beharko du. Erakundeetako solaskideek IVAPi bidali beharko diote, ikastaroaren hasieran, berandu hasteko onartutako egoeraren batean dauden pertsonen zerrenda. Zerrenda horretan, NAN zenbakia eta ikaslearen izena eta abizenak zehaztu beharko dira.

b) Ikaslea ikastaroan sartzeko moduan dagoenean, erakundeak idatziz eskatu beharko dio IVAPi sartzeko.

c) Ikaslea ikasturte osoaren % 20 igaro baino lehen sartu beharko da eskoletan.

Berandu hastearen ondorioz ezinezkoa bada baimendutako ikastaroan matrikulatzea, interesdunak ez duelako eskatzen den maila, ikastaroaren jarraipen egokia egiteko, IVAPek ahalegina egingo du interesdunak prestakuntza-ekintza behar bezala egin dezakeen ikastaro batean eskolatu ahal izateko.

Berandu hastearen ondorioz galdutako orduak zenbatu egingo dira ordu-kreditua eguneratzean, deialdi honen hamargarren oinarrian jasotako aurreikuspenen arabera.

9.3.– Egunero bertaratzea.

Erakundeetako solaskideek asistentziaren jarraipen espezifikoa egin ahal izan dezaten, IVAPek informazio hori emango du Solaskidegune aplikazioaren bidez, eta ikasleen ez-bertaratze egunak zehaztuko ditu.

Ikasleen bertaratze-datuak hilero eguneratuko dira, autoikaskuntzako ikastaroen kasuan izan ezik, horietan informazioa hiru hilean behin eguneratuko baita.

9.4.– Lanorduetan ikastaroetara joateko arau espezifikoak.

Ondorio guztietarako, ikastaroa ematen den euskaltegia lantokitzat hartuko da. Horrenbestez, bertaratze- eta puntualtasun-hutsegiteak interesdunaren administrazioaren aurrean justifikatu beharko dira, laneko ez-betetze guztiekin egiten den bezala.

Ikastaroetara joateko baimena ematea erakunde publiko bakoitzaren eskumena denez, erakunde horri dagokio, halaber, baimendutako aldian langileak etenik gabe eskolatuko direla bermatzea.

Era berean, erakunde publiko bakoitzak bermatuko du euskara-ikastaroetan matrikulatutako langileek oporrak eskola-egutegira egokitzea, ikastaroen aprobetxamenduari kalterik ez egiteko.

Hamargarrena.– Ordu-kreditua.

Lanorduetako zein lanorduz kanpoko ikastaroetan ordu-kredituen sistema ezartzen duen Agindua aplikatuko da (Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoak euskalduntzeko ordu-kredituen aplikazioa ezartzen duena; 2004-05-07ko EHAA, 85. zk.).

Agindu horren bosgarren artikuluan ezarritakoaren arabera, euskara-ikastaro bat hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ikasturtearen hasieran ordu-kreditu positiboa izatea.

Deialdi honetan aurreikusitako euskara-ikastaroei dagokien ordu-kreditua ezartzeko, ikasle berriaren hasiera-maila 2024ko urrikoa izango da, edo 2025eko otsailekoa, urrian egin ez badu.

Ondorioz, IVAPek honela aplikatuko du ordu-kredituaren gaineko kontrola:

Ikastaroa 2024ko urrian hasten dutenei ikasturtea hasi aurretik ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Saldo positiboa agortuta daukatenek ezingo dute ikasturtea hasi.

Ikasleen ordu-kredituaren datuak hilero eguneratuko dira. Hala ere, autoikaskuntzako ikastaroetan ikasten duten langileen bertaratze-datuak hiru hilean behin jasotzen dira, eta ordu-kreditua lehenengo asistentzia sartzean eguneratuko da.

Hamaikagarrena.– Ikastaroak bertan behera uztea eta ondorioak.

Ikastaroa hasi ondoren norbaitek behin betiko uztea erabakitzen badu, berehala jakinarazi beharko dio IVAPi, bere erakundeko solaskideak Solaskidegune aplikazioan erregistratuz.

Eskola-uzte eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan araututako edozein bitartekoren bidez ere aurkeztu ahal izango dira.

Ikastaroa utzi izanaren jakinarazpena aurkezten den egunetik aurrera, ordu-kredituaren zenbaketa eten egingo da.

Hala ere, autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, ikastaroa uzteak ez ditu aipatutako zenbaketak (190 ordu) geldiaraziko. Ondorioz, ikastaroaren ordu-kopuru osoa deskontatuko da ordu-kreditutik lehenengo asistentziak sartzerakoan, interesdunak prestakuntza-ekintza amaitu aurretik utzi badu ere.

Hamabigarrena.– Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako araudia betez, jakinarazten da izaera pertsonaleko datuak erabiliko direla eta «EAEko administrazio publikoetako langileen euskalduntzea» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla.

Tratamendu horren arduraduna Administrazio Publikoaren Euskal Institutua (IVAP) izango da, eta interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Tratamendu horren helburua izango da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea kudeatzea, bai eta hizkuntza gaikuntzarako esleitutako ordu kreditua kudeatzea ere.

Legitimazioa: beharrezko tratamendua, interesduna alderdi den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko. Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko: 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa; Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina, irailaren 21eko 3/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; eta 19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak EAEko langileen arloan eskumena duten erakundeei jakinaraziko zaizkie (bertaratzeari eta ebaluazioari buruzko informazioa); Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari; eta HABEri –Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari–.

Datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua gure web-orrian kontsultatu dezakezu:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021500-capa2-eu.shtml

II. ERANSKINA
BARNETEGIKO IKASTAROAK ETA ADMINISTRAZIOKO TALDEAK

1.1.– Barnetegiko ikastaroak.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.

Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daitezke.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikularen eta egonaldiaren gastuak.

1.2.– Bost orduko ikastaroak.

Modulu honek egun osoko lan liberazioa eskatzen du, eskola-orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dago eta.

Ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena dute. Lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa da: 2024ko urriaren 1etik 2025eko otsailaren 14ra arte.

Abenduaren 23tik 2025eko urtarrilaren 1era artekoak, biak barne, ez dira eskola-egunak izango.

Modulu honetan, hiru ebaluazio egingo dira.

Urritik otsailera bitarteko bost orduko ikastaro bat hasi eta otsailetik aurrera ikasten jarraitu nahi duenak azaroko deialdian ere izena eman beharko du.

1.3.– Bi orduko ikastaroak.

IVAPeko taldeen ordutegia 08:00-10:00 izango da Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen.

IVAPeko taldeen egutegia: 2024ko urriaren 1etik 2025eko ekainaren 20ra.

Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra artekoak, biak barne, ez dira eskola-egunak izango.

Era berean, ez dira eskola-egunak izango 2025eko apirilaren 14tik 25era artekoak, biak barne.

Modulu honetan bi ebaluazio egingo dira.

Deialdi honen 7.2 oinarriak xedatzen duen bezala, talderik osatzea lortzen ez bada, IVAPek matrikula-orri bat bidaliko die interesdunei, aukeratzen duten euskaltegian matrikula egin dezaten, baimendutako moduluan, betiere.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala