Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2024ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2392

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 8koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena. Honen bidez, 2024ko udako euskara-ikastaroetarako deia egiten zaie IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten ente publikoetako langileei.

Euskararen erabilera arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak xedatzen du agintaritza publikoek neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, Administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan ditzaten.

Legeak xedatutakoa garatzeko, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua onartu zen, zeinaren bitartez arautzen baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua. Duela gutxi, Dekretu hori indargabetu du Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuak.

Nolanahi ere, dekretu berriaren laugarren xedapen iragankorrak ezartzen du IVAPek 2025eko urtarrilaren 1era arteko epea izango duela bertan jasotako aurreikuspenetara egokitzeko. Horregatik, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak pixkanaka egokituko du bere jarduna, adierazitako data baino lehen eragiten dioten arau-aurreikuspen berriak betetzeko.

Era berean, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduak arautu zuen Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak (IVAP) Euskal Autonomia Erkidegoko ente publikoei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua.

Agindu honetan dago xedatuta zein diren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrekoak eta Instituzionalekoak ez diren ente publikoen artean, IVAPek eskaintzen dituen hizkuntza-prestakuntzako ikastaroetara joateko aukera dutenak, betiere Hizkuntza Normalizaziorako Plana onartuta badute eta, aldi berean, IVAPekin horretarako lankidetza-hitzarmena izenpetu baldin badute.

Hori guztia kontuan izanik, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten ente publikoetako langileentzako 1., 2. eta 3. hizkuntza-eskakizunetarako 2024ko udako ikastaroen deialdia, eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 8a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko ente publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.

Bigarrena.– Parte-hartzaileak.

1.– Erakunde hauetako enplegatu publikoek parte hartu ahal izango dute hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuaren deialdi honetan, baldin eta hurrengo apartatuan adierazitako betekizunak betetzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udal- eta foru-administrazioak eta haien erakunde autonomoak.

b) Eusko Legebiltzarra eta lurralde historikoetako Batzar Nagusiak.

c) Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Arartekoa eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.

d) Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileak.

e) Lan Harremanen Kontseilua eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea.

2.– Ebazpen honetan araututako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuetarako aukera izateko, aurreko paragrafoan adierazitako ente publikoek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan adierazitakoak:

2.1.– Hizkuntza Normalizaziorako Plana izan beharko du onetsia.

2.2.– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarekin aldez aurretik lankidetza-hitzarmen bat sinatu izana, aipatutako aginduaren II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

3.– Edonola ere, IVAPek bere aurrekontu-baliabideen barruan eskainiko du hizkuntza-prestakuntza.

Hirugarrena.– 2024ko udako ikastaroen berezitasunak.

Udako ikastaroak 2024ko uztailean, abuztuan eta irailean egingo dira. Aurrez aurreko ikastaroak lanorduetan eta lanorduz kanpoko ordutegian egingo dira, eta autoikaskuntzako ikastaroak, berriz, lanorduz kanpoko ordutegian.

Ikastaro horiek matrikula-orriaren bidez finantzatuko dira, deialdi honetan eskatzen diren betekizun orokorrak betetzen direla egiaztatu ondoren, eta ikastaroek honako ezaugarri hauek betetzen badituzte:

– HABEk araututako moduluak izan behar dute.

– Euskaltegi edo autoikaskuntzako zentro publiko edo pribatu homologatuek eman beharko dituzte.

– Aurrez aurreko ikastaroek gutxienez 80 orduko iraupena izan beharko dute.

– Autoikaskuntzako ikastaroek gutxienez 70 orduko iraupena izan beharko dute.

Laugarrena.– Interesdunen betekizunak.

Udako euskara-ikastaro bat lanorduetan zein lanorduz kanpo hasi ahal izateko:

– Interesdunak ikastaroren bat eginda izan behar du IVAPen aurreko edozein deialditan, eta, beraz, ikaste-prozesua hasita.

– Interesduna 2023-2024 ikasturteko urrian edo otsailean hasi ez bazen, ordu-kreditu positiboa izan beharko du udako ikastaroaren hasieran, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoak euskalduntzeko, ordu-kredituak aplikatzea ezartzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Aginduaren bosgarren artikuluan ezarritakoarekin (2004-05-07ko EHAA, 85. zk.).

– Interesdunak aldi baterako lan-kontratua edo bitarteko izendapena badu, kontratatuta edo izendatuta egon beharko du 2024ko abenduaren 31ra arte, gutxienez.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkeztea eta kudeatzea. Erakundeak eskakizunak betetzen dituela egiaztatzea.

Deialdi honetan IVAPek gehienez hiru eskabide onartuko ditu pertsona bakoitzeko, aurrez aurreko ikastaroetan. Autoikaskuntza eskatuz gero, eskabide bakarra onartuko da.

5.1.– Lanorduetarako eta lanorduz kanporako eskabideak aurkezteko epea:

2024ko maiatzaren 21etik ekainaren 5era, biak barne.

5.2.– Eskabideak kudeatzea eta erakundeak eskakizunak betetzen dituela egiaztatzea.

Interesdunak euskara-ikastaroetan parte hartzeko eskabidea aurkeztuko du bere zerbitzuak ematen dituen erakundean.

Erakunde bakoitzak deialdi honetako laugarren oinarrian aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du (ordu-kredituari buruzko eskakizuna betetzen dela izan ezik, hori geroago egiaztatuko baitu IVAPek).

Lanorduz kanpoko autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, erakunde bakoitzak emandako baimenen kopurua ezingo da izan lanorduz kanpo hizkuntza-prestakuntzarako baimentzen dituen eskaera guztien % 20 baino handiagoa.

Erakunde bakoitzak solaskide bat izango du euskara-ikastaroak kudeatzeko.

Erakunde bakoitzeko solaskideak, IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez, baimendutako eskabideak bakarrik grabatuko ditu. Ondorioz, IVAPek ulertuko du erakunde bakoitzak onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak.

Seigarrena.– IVAPek ordu-kredituaren betekizuna egiaztatzea.

IVAPek egiaztatuko du ea erakunde bakoitzak baimendutako pertsona guztiek ordu-kreditu positiboa duten, deialdi honen bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera. Horrez gain, euskalduntze-prozesuan aurretik IVAPekin hasiak direla ere egiaztatuko du.

IVAPek ukatu egingo ditu aurreko bi baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak, eta erakunde bakoitzeko solaskideei jakinaraziko die.

Zazpigarrena.– Ikastaroak kudeatzea.

IVAPek matrikula-orri bat emango dio interesdunari, baimendu zaion ikastaro bakoitzeko, berak aukeratutako euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan edo autoikaskuntza-zentroan, soilik baimendutako moduluan, matrikulatu dadin.

Matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula-orria euskaltegian aurkeztea.

Ikaslea ez bada inongo euskaltegitan matrikulatzen, bere erakundeak Solaskidegune aplikazioan baja erregistratu beharko du, IVAPek jakin dezan.

IVAP arduratuko da matrikula-orria ordaintzeaz, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

1) Interesdunak matrikula-orrian zehaztutako moduluan matrikulatuta egon beharko du.

2) Interesdunak matrikula-orria aukeratutako euskaltegian ikastaroa hasi baino lehen aurkeztu beharko du.

3) Interesduna matrikulatzen den ikastaroak deialdi honetako hirugarren oinarrian aurreikusitako baldintzak bete beharko ditu.

Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula-orria onartuko du eta horren kostua bere gain hartuko du. Barnetegi-erregimeneko ikastaroen kasuan, ostatuaren eta mantenuaren kostua ere bere gain hartuko du. Aitzitik, IVAPek ez du bere gain hartuko ikastaroen ondoriozko beste gasturik (joan-etorriak, materialak, etab.).

Ikasleak egindako matrikulazioak lehen aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainketarik egingo eta bere erabakia erakunde horretako solaskideari jakinaraziko dio, ikasleari horren berri eman diezaion.

Zortzigarrena.– Ikastaroen hasiera eta bertaratzea.

8.1.– Ikastaroen hasiera.

Ikasleak ikastaroaren lehen egunean hasi beharko dira klasean.

8.2.– Egunero bertaratzea.

Erakundeetako solaskideek asistentziaren jarraipen espezifikoa egin ahal izan dezaten, IVAPek informazio hori emango du Solaskidegune aplikazioaren bidez, eta ikasleak bertaratzen ez diren egunak zehaztuko ditu, aurrez aurreko ikastaroetan.

8.3.– Lanorduetan ikastaroetara joateko arau espezifikoak.

Ondorio guztietarako, ikastaroa ematen den euskaltegia lantokitzat hartuko da. Horrenbestez, bertaratze- eta puntualtasun-hutsegiteak administrazioaren aurrean justifikatu beharko dira, laneko ez-betetze guztiekin egiten den bezala.

Ikastaroetara joateko baimena ematea ente publiko bakoitzaren eskumena denez, erakunde horri dagokio, halaber, baimendutako aldian langileak etenik gabe eskolatuko direla bermatzea.

Bederatzigarrena.– Ordu-kreditua.

Ikastaroetan, lanorduetan zein lanorduz kanpo ematen direnetan, ordu-kredituen sistema ezartzen duen Agindua aplikatuko da (Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoak euskalduntzeko, ordu-kredituen aplikazioa ezartzen duena; 2004-05-07ko EHAA, 85 zk.).

Agindu horren bosgarren artikuluan ezarritakoaren arabera, euskara-ikastaro bat hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ikastaroaren hasieran ordu-kreditu positiboa izatea.

IVAPek honela aplikatuko du ordu-kredituaren gaineko kontrola:

Ikasturtea 2024ko udan hasten dutenei ikastaroa hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola. Saldo positiboa agortuta dutenek ezingo dute ikastaroa hasi.

2023-2024 ikasturtea 2023ko urrian hasi zutenei ikasturte horretako ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Beraz, urrian ordu-saldo positiboa bazuten, udako ikastaro bat egiteko aukera izango dute, nahiz eta udako prestakuntza-ekintzaren hasieran ordu-kreditua agortuta izan.

2023-2024 ikasturtea otsailean hasi zutenei ikasturte horretako ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Beraz, otsailean ordu-saldo positiboa bazuten, udako ikastaro bat egiteko aukera izango dute, nahiz eta udako prestakuntza-ekintzaren hasieran ordu-kreditua agortuta izan.

Hamargarrena.– Ikastaroak bertan behera uztea eta ondorioak.

Ikastaroa hasi ondoren norbaitek behin betiko uztea erabakitzen badu, berehala jakinarazi beharko dio IVAPi, bere erakundeko solaskideak IVAPen Solaskidegune aplikazioan erregistratuz.

Eskola uzteko eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan araututako edozein bitartekoren bidez ere aurkeztu ahal izango dira.

Ordu-kredituaren zenbaketa ikastaroa utzi izanaren jakinarazpena aurkezten den egunetik aurrera geldituko da.

Hala ere, autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, ikastaroa uzteak ez ditu geldiaraziko aipatutako zenbaketak (70 ordu). Ondorioz, ikastaroaren ordu kopuru osoa deskontatuko da ordu-kreditutik, interesdunak prestakuntza-ekintza amaitu aurretik utzi badu ere.

Hamaikagarrena.– Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.

Jakinarazten da izaera pertsonaleko datuak erabiliko direla eta «EAEko administrazio publikoetako langileen euskalduntzea» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla, hauek betez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako araudia.

Tratamendu horren arduraduna Administrazio Publikoaren Euskal Institutua (IVAP) izango da, eta interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Tratamendu horren helburua izango da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea kudeatzea, bai eta hizkuntza-gaikuntzarako esleitutako ordu-kreditua kudeatzea ere.

Legitimazioa: beharrezko tratamendua, interesduna alderdi den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko. Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko: 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa; Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina, irailaren 21eko 3/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; eta 19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak EAEko langileen arloan eskumena duten erakundeei jakinaraziko zaizkie (bertaratzeari eta ebaluazioari buruzko informazioa); Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari; eta HABEri –Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari–.

Datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta zehatza hemen kontsultatu dezakezu:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021500-capa2-eu.shtml


Azterketa dokumentala