Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2024ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2391

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 8koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez 2024ko udako euskara-ikastaroetarako deia egiten baitzaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileei.

Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak xedatzen duenez, botere publikoek neurriak hartuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, Administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan ditzaten.

Legeak xedatutakoa garatzeko, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua onartu zen, zeinaren bidez euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan. Duela gutxi, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzen duen otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuak indargabetu du dekretu hori.

Nolanahi ere, Dekretu berriaren Laugarren Xedapen Iragankorrak ezartzen du IVAPek 2025eko urtarrilaren 1era arteko epea izango duela bertan jasotako aurreikuspenetara egokitzeko. Horregatik, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak pixkanaka egokituko du bere jarduna, adierazitako data baino lehen eragiten dioten arau-aurreikuspen berriak betetzeko.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileentzako 1., 2. eta 3. Hizkuntza-eskakizunen araberako 2024ko udako ikastaroetarako deialdia onartzea, eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 8a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileen hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.

Bigarrena.– Parte-hartzaileak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileek parte hartu ahal izango dute hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuen deialdi honetan.

Aurrekoa gorabehera, deialdi honetan ezin izango dute parte hartu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzura dauden langileek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzura diharduten irakasleek, Ertzaintzako langileek eta Justizia Administrazioko langileek. Langile horiek beren eremuetarako berariaz ezarritako deialdietan parte hartu ahal izango dute, beren dimentsioaren eta behar espezifikoen arabera.

2.– Nolanahi ere, IVAPek bere aurrekontu-baliabideen barruan eskainiko du hizkuntza prestakuntza.

Hirugarrena.– 2024ko udako ikastaroen ezaugarriak.

Udako ikastaroak 2024ko uztailean, abuztuan eta irailean egingo dira. Aurrez aurreko ikastaroak lanorduetan eta lanorduz kanpoko ordutegian egingo dira, eta autoikaskuntzako ikastaroak, berriz, lanorduz kanpoko ordutegian.

Ikastaro guztiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

– HABEk araututako moduluak izan behar dute.

– Euskaltegi edo autoikaskuntzako zentro publiko edo pribatu homologatuek eman beharko dituzte.

– Aurrez aurreko ikastaroek gutxienez 80 orduko iraupena izan beharko dute.

– Autoikaskuntzako ikastaroek gutxienez 70 orduko iraupena izan beharko dute.

Laugarrena.– Eskabideak nola eta noiz egin.

Deialdi honetan IVAPek gehienez hiru eskabide onartuko ditu pertsona bakoitzeko, aurrez aurreko ikastaroa egiteko. Autoikaskuntza eskatuz gero, eskabide bakarra onartuko da.

4.1.– Eskabideak nola egin.

Interesdunak https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean egingo du eskabidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan onartuta dagoen edozein identifikazio-bitartekoren eta sinadura elektronikoaren bidez identifikatu ondoren. Honako helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Interesdunak ez badu https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean sartzeko aukerarik, zein ikastaro egin nahi duen jakinaraziko dio bere saileko edo erakundeko solaskideari, eta hark grabatuko du eskabidea IVAPeko euskara-ikastaroak kudeatzeko Solaskidegune aplikazioan.

4.2.– Eskabideak aurkezteko epea.

2024ko maiatzaren 21etik ekainaren 5era, biak barne.

Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroak.

5.1.– Interesdunak bete beharreko baldintzak.

Lanorduetan euskara-ikastaro bat hasi ahal izateko:

– Interesdunak ikastaroren bat eginda izan behar du IVAPen aurreko edozein deialditan, eta, beraz, ikaste-prozesua hasita.

– Interesduna 2023-2024 ikasturteko urrian edo otsailean hasi ez bazen, ordu-kreditu positiboa izan beharko du udako ikastaroaren hasieran, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoak euskalduntzeko, ordu-kredituak aplikatzea ezartzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Aginduaren bosgarren artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (2004-05-07ko EHAA, 85. zk.).

– Interesdunak aldi baterako lan-kontratua edo bitarteko izendapena badu, kontratatuta edo izendatuta egon beharko du 2024ko abenduaren 31ra arte gutxienez.

5.2.– Eskaera.

Interesdunak lanorduetako ikastaroetan parte hartzeko eskabidea aurkeztuko du, deialdi honen laugarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

5.3.– Hizkuntza-prestakuntzarako baimena.

Interesdunak atxikita dauden sailek eta erakundeek lanorduetako euskara ikastaroetan parte hartzeko eskabideak eskuratu ahal izango dituzte.

Sail bakoitzak kudeatuko ditu eskabideak, IVAPen Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez. Sail bakoitzak eskaera horiek baimendu edo ukatuko ditu IVAPek berariaz jakinaraziko dion epearen barruan.

Eskabideak aztertu ondoren, sailek eta erakundeek honako hau egiaztatuko dute:

– Aldi baterako lan-kontratuko langileen eta bitarteko funtzionarioen kasuan, kontratazio-baldintza edo izendapenaren indarraldia 2024ko abenduaren 31ra arte betetzen dela.

Ondoren, sailek eta erakundeek lanorduetan euskara-ikastaroetan parte hartzeko eskabideak onartu edo atzera botako dituzte.

IVAPek ulertuko du sail edo erakunde batek onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela baldintza horiek.

5.4.– IVAPek ordu-kredituaren betekizuna egiaztatzea.

IVAPek egiaztatuko du sailak edo erakundeak baimendutako pertsona guztiek ordu-kreditu positiboa duten ala ez, deialdi honen zortzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera. Horrez gain, euskalduntze prozesuan aurretik IVAPekin hasiak direla ere egiaztatuko du.

5.5.– Ikastaroen finantzaketa.

Udako ikastaroak matrikula-orriaren bidez finantzatuko ditu IVAPek.

IVAPek matrikula-orri bat emango dio interesdunari baimendutako ikastaro bakoitzeko, berak aukeratutako euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan matrikula dadin.

Matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula-orria euskaltegian aurkeztea.

Ikaslea ez bada inongo euskaltegitan matrikulatzen, sailak edo erakundeak baja erregistratu beharko du Solaskidegune aplikazioan, IVAPek jakin dezan.

IVAP arduratuko da matrikula-orria ordaintzeaz, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

1) Interesdunak matrikula-orrian zehaztutako moduluan matrikulatuta egon beharko du.

2) Interesdunak matrikula-orria ikastaroa hasi aurretik aurkeztu beharko du aukeratutako euskaltegian.

3) Interesduna matrikulatzen den ikastaroek deialdi honen hirugarren oinarrian aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.

Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula-orria onartuko du eta horren kostua bere gain hartuko du. Barnetegi-erregimeneko ikastaroen kasuan, ostatuaren eta mantenuaren kostua ere bere gain hartuko du.

Aitzitik, IVAPek ez du bere gain hartuko ikastaroen ondoriozko beste gasturik (joan-etorriak, materialak, etab.).

Ikasleak egindako matrikulazioak lehen aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainketarik egingo eta bere erabakia dagokion Zerbitzu Zuzendaritzari jakinaraziko dio, ikasleari horren berri eman diezaion.

Seigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.

6.1.– Interesdunak bete beharreko baldintzak. Baldintzak betetzen direla egiaztatzea eta, hala badagokio, baimena ematea.

Honako baldintza hauek bete behar ditu interesdunak lanorduz kanpoko euskara-ikastaro bat hasi ahal izateko:

– Interesdunak ikastaroren bat eginda izan behar du IVAPen aurreko edozein deialditan, eta, beraz, ikaste-prozesua hasita.

– Interesdunak aldi baterako lan-kontratua edo bitarteko izendapena badu, kontratatuta edo izendatuta egon beharko du 2024ko abenduaren 31ra arte gutxienez.

Lanorduz kanpoko autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, sail edo erakunde bakoitzak emandako baimenen kopurua ezin izango da izan lanorduz kanpoko ordutegiaren barruan hizkuntza prestakuntzarako baimentzen dituen eskaera guztien % 20 baino handiagoa.

IVAPek automatikoki egiaztatuko du baldintza horiek betetzen direla. Indarrean dagoen araudiaren arabera, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio IVAPen egiaztapen horri. Aurka eginez gero, baldintza betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du langileak, eta, aurkeztu ezean, eskabidea ezin izango da onartu.

6.2.– Eskaera.

Interesdunak lanorduz kanpoko ikastaroetan parte hartzeko eskabidea aurkeztuko du, deialdi honen laugarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

6.3.– Lanorduz kanpoko ikastaroak kudeatzea.

Eskabidea aztertu eta deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula-orri bat emango dio interesdunari baimendutako ikastaro bakoitzeko, euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan edo aukeratzen duen autoikaskuntzako zentroan matrikula egin dezan.

Matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula-orria euskaltegian aurkeztea.

IVAP arduratuko da matrikula-orria ordaintzeaz, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

1) Interesdunak matrikula-orrian zehaztutako moduluan matrikulatuta egon beharko du.

2) Interesdunak matrikula-orria ikastaroa hasi aurretik aurkeztu beharko du aukeratutako euskaltegian.

3) Interesduna matrikulatzen den ikastaroek deialdi honen hirugarren oinarrian aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.

Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula-orria onartuko du eta horren kostua bere gain hartuko du.

Barnetegi-erregimeneko ikastaroen kasuan, ostatuaren eta mantenuaren kostua ere bere gain hartuko du.

Aitzitik, IVAPek ez du bere gain hartuko ikastaroen ondoriozko beste gasturik (joan-etorriak, materialak, etab.).

Ikasleak egindako matrikulazioak lehen aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainketarik egingo eta bere erabakia dagokion Zerbitzu Zuzendaritzari jakinaraziko dio, ikasleari horren berri eman diezaion.

Zazpigarrena.– Ikastaroen hasiera eta bertaratzea.

7.1.– Ikastaroen hasiera.

Ikasleak ikastaroaren lehen egunean hasi beharko dira klasean.

7.2.– Egunero bertaratzea.

Ikasleek eta dagozkien sailek asistentziaren jarraipen espezifikoa egin ahal izan dezaten, IVAPek Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez emango du informazio hori, eta ikasleen ez-bertaratze egunak zehaztuko ditu, aurrez aurreko ikastaroetan.

7.3.– Lanorduetan ikastaroetara joateko arau espezifikoak.

Ondorio guztietarako, ikastaroa ematen den euskaltegia lantokitzat hartuko da. Beraz, bertaratze- eta puntualtasun-hutsegiteak dagokion Zerbitzu Zuzendaritzan justifikatu beharko dira, laneko ez-betetze guztiekin egiten den bezala.

Ikastaroetara joateko baimena ematea Zerbitzu Zuzendaritzaren eskumena denez, hari dagokio, halaber, baimendutako aldian langileak etenik gabe eskolatuko direla bermatzea.

Zortzigarrena.– Lanorduetako ikastaroetako ordu-kreditua.

Lanorduetako ikastaroetan ordu-kredituen sistema ezartzen duen Agindua aplikatuko da (Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoak euskalduntzeko, ordu-kredituen aplikazioa ezartzen duena (2004-05-07ko EHAA; 85. zk.).

Agindu horren bosgarren artikuluan ezarritakoaren arabera, euskara ikastaro bat lanorduetan hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ikasturtearen hasieran ordu-kreditu positiboa izatea.

IVAPek honela aplikatuko du ordu-kredituaren gaineko kontrola:

a) 2023-2024ko ikasturtea lanorduetako udako ikastaroan hasten dutenei ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie ikastaroa hasi aurretik. Saldo positiboa agortuta dutenek ezingo dute ikastaroa egin.

b) 2023-2024 ikasturtean, lanorduetako ikastaroa 2023ko urrian hasi zutenei ikasturte horretako ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Beraz, urrian ordu-saldo positiboa bazuten, udako ikastaro bat egin ahal izango dute lanorduetan, nahiz eta udako prestakuntza-ekintza hasten den egunean ordu-kreditua agortuta izan.

c) 2023-2024 ikasturtean, lanorduetako ikastaroa 2024ko otsailean hasi zutenei ikasturte horretako ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Beraz, otsailean ordu-saldo positiboa bazuten, udako ikastaro bat egin ahal izango dute lanorduetan, nahiz eta udako prestakuntza-ekintza hasten den egunean ordu-kreditua agortuta izan.

Bederatzigarrena.– Lanorduz kanpoko euskara-ikastaroen aprobetxamendua.

Lanorduz kanpoko euskara-ikastaroetan matrikulatutakoek aprobetxamendu-irizpidea bete beharko dute.

Sailek eta erakundeek bertaratze- eta ebaluazio-datuak eskuratu ahal izango dituzte, IVAPek horretarako jartzen duen Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez, baimena emateko balorazioa egin ahal izan dezaten.

Hamargarrena.– Ikastaroak bertan behera uztea eta ondorioak.

Ikastaroa hasi ondoren norbaitek behin betiko uzten badu, berehala jakinarazi beharko dio IVAPi, https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan onartuta dagoen identifikazio- eta sinadura elektronikoko edozein bitartekoren bidez identifikatu ondoren, helbide honetan kontsulta daitezkeenak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Interesdunak ez badu https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean sartzeko aukerarik, bere saileko edo erakundeko solaskideari jakinaraziko dio zer ikastaro utzi nahi duen bertan behera, eta hark grabatuko du eskola-uztea IVAPeko euskara-ikastaroak kudeatzeko Solaskidegune aplikazioan.

Eskola-uzte eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan araututako edozein bitartekoren bidez ere aurkeztu ahal izango dira.

Ikastaroa utzi izanaren jakinarazpena aurkezten den egunetik aurrera, honako hauek geldituko dira:

– Lanorduetako ikastaroen kasuan, ordu-kredituaren zenbaketa.

– Lanorduz kanpoko ikastaroen kasuan, asistentziaren zenbaketa.

Hamaikagarrena.– Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako araudia betez, jakinarazten da izaera pertsonaleko datuak erabiliko direla, eta «EAEko administrazio publikoetako langileen euskalduntzea» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla.

Tratamendu horren arduraduna Administrazio Publikoaren Euskal Institutua (IVAP) izango da, eta interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Tratamendu horren helburua izango da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea kudeatzea, bai eta hizkuntza gaikuntzarako esleitutako ordu kreditua kudeatzea ere.

Legitimazioa: beharrezko tratamendua, interesduna alderdi den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko. Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko: 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa; Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina, irailaren 21eko 3/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; eta 19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak EAEko langileen arloan eskumena duten erakundeei jakinaraziko zaizkie (bertaratzeari eta ebaluazioari buruzko informazioa); Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari; eta HABEri –Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari–.

Datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua gure web-orrian kontsultatu dezakezu:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021500-capa2-eu.shtml


Azterketa dokumentala