Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2024ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
2364

52/2024 DEKRETUA, apirilaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitatez kanpoko hezkuntza sistemako tituluen erregistroari eta jaulkitzeko prozedurari buruzkoa.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan (aurrerantzean, LOGSE) ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu akademiko eta profesionalak jaulkitzeari buruzko maiatzaren 5eko 733/1995 Errege Dekretuaren bidez, hezkuntza-administrazio eskudunek LOGSEk ezarritako ikasketei dagozkien tituluak jaulkitzeko bete beharreko baldintzak onartu ziren, titulu horiek ofizialak direla bermatuz, Estatuko Lurralde osoan baliozkoak izan daitezen eta nazioartean onar daitezen. Dekretu horren 1. artikuluak ezartzen duenez, dagozkion ikasketak amaitu diren ikastetxearen eskumen-eremuko hezkuntza-administrazioak jaulkiko ditu tituluak.

1948/1996 Errege Dekretuak, abuztuaren 23koak, irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari irakaskuntza arloan eskualdatutako Estatuko Administrazioaren zerbitzuak gehitzeari buruzkoak, LOGSEn ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu akademikoak eta lanbide-tituluak jaulkitzeko eginkizuna eskualdatu zen, bai eta horri dagozkion zerbitzuak ematekoa ere.

Urriaren 7ko 218/1997 Dekretuaren bidez, LOGSEk ezarritako irakaskuntzei dagozkien unibertsitatez kanpoko titulu akademikoen eta lanbide-tituluen erregistroa sortu zen Euskal Autonomia Erkidegoan.

Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak aldatutako Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (aurrerantzean, LOE) ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu eta ziurtagiri akademiko eta profesionalak jaulkitzeari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretuaren bidez, hezkuntza-administrazio eskudunek irakaskuntza horiei dagozkien tituluak jaulkitzeko bete beharko dituzten baldintzak arautu ziren, eta ikasketa horiek Espainiako lurralde osoan izango duten balioa bermatzen da. 3. artikuluan xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek, beren eskumenen esparruan, tituluen eskaerak izapidetzeko prozedura ezarriko dute, baita eskaerak egiteko epeak ere. Halaber, 4. artikuluan xedatzen duenez, LOEk ezarritako irakaskuntzei dagozkien tituluak hezkuntza-administrazio eskudun bakoitzean ondorio horietarako dagoen tituludunen erregistro publikoan inskribatuko dira.

Bestalde, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 14. artikuluan («Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko eskubidea eta betebeharra»), herritarrek beren eskubideak eta betebeharrak gauzatzeko administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko duten eskubideaz gain, hau xedatzen du; «Nolanahi ere, administrazio-prozedura baten edozein izapide egiteko, honako subjektu hauek, gutxienez, behartuta egongo dira administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzera:

a) Pertsona juridikoak.

b) Nortasun juridikorik gabeko erakundeak.

c) Nahitaez elkargoko kide izatea eskatzen duen lanbide-jardueraren bat egiten dutenak, lanbide-jarduera horretan administrazio publikoekin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako. Nolanahi ere, kolektibo horren barruan sartzen dira notarioak eta jabetza-erregistratzaileak eta merkataritza-erregistratzaileak.

d) Administrazioarekiko harreman elektronikoak izatera behartuta dagoen interesdunaren ordezkariak.

e) Administrazio publikoetako enplegatuak, enplegatu publiko izateagatik administrazio publikoekin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamendu bidez zehazten duen moduan.»

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 42. artikuluak ezartzen duenez, administrazio-jardun automatizatuaren eskumena erabiliz, administrazio publiko bakoitzak zehaztu ahal izango du zein kasutan erabili behar den administrazio publikoari, organo publikoari, organismo publikoari edo zuzenbide publikoko erakundeari lotutako egiaztapen-kode segurua, ezarritako baldintzetan, eta, nolanahi ere, dokumentuaren egiazkotasuna egiaztatu ahal izango da, dagokion egoitza elektronikora sartuz.

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen esparruan, beharrezkotzat jotzen da Euskadiko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemako tituluen erregistroari eta jaulkitzeko prozedurari buruzko araudia indarreko oinarrizko araudira egokitzea.

Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu ondoren, honako hau:

XEDATZEN DUT;

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio eremua.

Dekretu honen xedea da unibertsitatez kanpoko hezkuntza sistemako titulu eta ziurtagiri akademikoak eta profesionalen Erregistroa eta jaulkitzeko prozedura arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan eta aplikatzekoa den hezkuntza-araudiarekin bat etorriz.

2. artikulua.– Tituluen erregistroa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko titulu eta ziurtagiri akademiko eta profesionalen erregistroa sortzen da. Bertan inskribatuko dira LOGSEk ezarritako irakaskuntzei dagozkien tituluak, LOEk ezarritako irakaskuntzei dagozkienak eta hura aldatzen edo ordezten duten arauek ezarritakoak, bai eta hizkuntzen irakaskuntzaren arloko irailaren 2ko 967/1988 Errege Dekretuan aipatzen diren titulazioak eta araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzen ziurtagiri ofizialak ere, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan lortu badira.

2.– Ondorengo titulu hauek inskribatuko dira erregistroan:

– Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua.

– Lanbide Heziketako Oinarrizko Lanbide titulua.

– Lanbide Heziketako Oinarrizko Teknikari titulua.

– Batxilergoko titulua.

– Lanbide Heziketako Teknikari titulua.

– Lanbide Heziketako Goi-mailako Teknikari titulua.

– Lanbide Heziketako Espezialista titulua.

– Lanbide Heziketako Master titulua.

– Goi-mailako Arte Irakaskuntzen Goi-mailako titulua.

– Goi-mailako Arte Irakaskuntzen Gradu titulua.

– Goi-mailako Arte Irakaskuntzen Master titulua.

– Musikako Lanbide titulua.

– Musikako Lanbide Irakaskuntzen teknikari titulua.

– Dantzako Lanbide titulua.

– Dantzako Lanbide Irakaskuntzen teknikari titulua

– Arte Plastiko eta Diseinuko Teknikari titulua.

– Arte Plastiko eta Diseinuko Goi-mailako Teknikari titulua.

– Hizkuntza Eskola Ofizialetan (HEO) lortutako Hizkuntzen Irakaskuntza Berezien Lehen Mailako Goi Zikloko Gaitasun Agiria.

– HEOetan lortutako Hizkuntzen Gaitasun agiria.

– HEOetan lortutako Hizkuntzen Oinarrizko Mailako ziurtagiria.

– HEOetan lortutako Hizkuntzen Tarteko Mailako ziurtagiria.

– HEOetan lortutako hizkuntzen Maila aurreratuko ziurtagiria.

– Kirol Teknikari titulua.

– Goi-mailako Kirol Teknikari titulua.

Hezkuntza-organo eskudunak deitutako proba libreak gaindituz lortutako irakaskuntza horien tituluak Erregistroan inskribatuko dira eta Dekretu honetan araututako moduan jaulkiko dira.

Inskribatutako tituluen baliozkotasuna Estatuko lurralde osora zabaltzen da, betiere aplikatzekoak diren beste arau batzuetan jasotako gainerako baldintzak betetzen badituzte.

3. artikulua.– Erregistroaren ezaugarriak.

Erregistroak formatu informatikoa du, eta ezaugarri hauek ditu:

a) 2. artikuluan aipatzen diren titulu eta ziurtagiriak inskribatuko dira, baldin eta horiek lortzeko eskatzen diren baldintza akademikoak betetzen badituzte eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuan eta haren ondorengo aldaketetan ezarritakoaren arabera eman ahal izateko eskatzen diren eskubideak ordaindu badituzte.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako tituluek eta oinarrizko mailako Lanbide Heziketako irakaskuntzei dagozkien tituluek ez dituzte ordaindu behar titulu horiek jaulkitzeko eska daitezkeen eskubideak.

c) Titulu bakoitzaren inskripzioak banakako identifikazio-gakoak jasotzen ditu, egiazkotasun-neurri gisa.

d) Inskribatutako titulazioen ziurtagiri pertsonalizatuak emateko aukera izango du.

e) Tituludunek beren datuak kontsultatzeko aukera izango dute.

f) Tituluen inskripzioak eta horien aldaketak Estatuko Erregistro Zentralari jakinaraziko zaizkio, eta, hala badagokio, Erregistro Zentralak horiei esleitutako erregistro-gakoak jasoko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan.

g) Administrazio publikoek Erregistroan jasotako informazioa eskuratu ahal izango dute, Ekonomia Iraunkorrari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legearen bigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzen arabera.

4. artikulua.– Erregistroaren atxikipena

Tituluen erregistroa Eusko Jaurlaritzan hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuan zehaztutako organoari atxikita egongo da. Organo horrek tituluen erregistroari dagozkion zereginak beteko ditu, bere baliabide material eta giza baliabide propioekin, eta Tituluak jaulkitzeko eskumena izango du.

5. artikulua.– Erregistroaren datuak

1.– Erregistroan tituluak emateko beharrezkoak diren datu pertsonalak, akademikoak eta identifikazio-datuak jasoko dira, kasu bakoitzerako ezarritako ereduen eta euskarrien ezaugarrien arabera, dekretu honen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Tituluek erregistro-gako indibidual propioak izango dituzte, benetakotasun-neurri gisa.

3.– Identifikazio-gakoaren deskribapena, LOGSEk ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu akademiko eta profesionalak jaulkitzeari buruzko maiatzaren 5eko 733/1995 Errege Dekretuaren 4.3 eta 5. artikuluak garatzen dituen 1996ko apirilaren 30eko Ministerio Aginduan ezarritakoa da (maiatzaren 8ko BOE), edo hori aldatu edo ordezten duen beste agindu baten ezarritakoa.

4.– Tratatutako datu pertsonalen babesa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakora egokituko da. Lege organiko horrek estatuko ordenamendu juridikoa Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduari egokitzen dio. Erregelamendu hori datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen du.

6. artikulua.– Tituluen ezaugarriak eta tituluak jaulkitzeko ereduak

1.– Erregistroan inskribatutako tituluak LOGSEk ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu akademikoak eta lanbide-tituluak jaulkitzeari buruzko maiatzaren 5eko 733/1995 Errege Dekretuan, LOEk ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu eta ziurtagiri akademikoak eta lanbide-tituluak jaulkitzeari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretuan edo aurrekoak aldatu edo ordezten dituen oinarrizko araudian ezarritako ereduetan, identifikazio-elementuen eta euskarrien ezaugarrien arabera jaulkiko dira, kasu bakoitzean aplikatu beharreko arauaren arabera.

2.– Hizkuntza Eskola Ofizialetan ematen diren Hezkuntza sistemako hizkuntzen irakaskuntzen kasuan, erregistroan inskribatu beharreko ziurtagiriak edo tituluak autonomia-erkidegoko araudiak edo aplikatu beharreko Estatuko oinarrizko arauak ezartzen dituen ereduetan eta euskarrien ezaugarrien arabera jaulkiko dira, kasu bakoitzari dagokionaren arabera

3.– Tituluen izenak kasuan kasuko lege organikoan eta lege hori garatzen duen araudian ezarritakoak izango dira.

4.– Tituluetan agertzen diren identifikazio elementuak, organoen izenak, ikastetxeenak eta lekuenak ikasketen amaiera-dataren eta jaulkitze-dataren arabera indarrean daudenak izango dira.

5.– Tituluak dokumentu bakar batean jaulkiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eta maila bereko letra-motetan, artikulu honetako 1. paragrafoan aipatutako oinarrizko araudian zehaztutako zehaztapenekin eta eginbideekin.

6.– Erregistratutako titulu baten bikoiztua jaulkiko da, baldin eta galdu eta suntsitu edo hondatu delako, legea aldatu delako edo erregistratutako titulua zuzendu behar delako eskatzen bada. Titulu bikoiztuan sartutako erregistro-gakoa ordezkatzen duen jatorrizko tituluaren berdina izango da.

7.– Erregistratutako titulu bat baliogabetu egingo da, titulu horrek ematen dituen berezko eskubiderik gabe uzteko, aplikatu beharreko araudiak eskatzen dituen beharrezko baldintza guztiak bete gabe erregistratu denean.

8.– Ez da erregistratutako titulu bat baliogabetzeko arrazoia izango titulu hori interesdunei egotzi ezin zaizkien akatsak dituzten euskarrietan ematea.

7. artikulua.– Tituluak jaulkitzeko prozedura.

1.– Prozeduraren fase guztietan berariaz prestatutako sistema elektronikoak erabiliko dira. Hala ere, pertsona fisiko interesdunak aurrez aurre egin ahal izango ditu izapideak, horietan esku hartzen badu.

2.– Tituluen eskaerak izapidetzeko eta dekretu honen 9. artikuluan aurreikusitako proposamenak egiteko ardura duten ikastetxeak ikastetxe kudeatzaileak izango dira. Izaera hori titulartasun publikoko ikastetxe guztiei emango zaie, eta horiek arduratuko dira tituluak izapidetzeaz, bai beren ikasleentzat, bai atxikita dituzten ikastetxe pribatuentzat. Titulartasun pribatuko ikastetxeak Derrigorrezko Irakaskuntzako tituluak kudeatzen dituzten ikastetxeak izan daitezke, betiere irakaskuntza horiek emateko baimena badute.

3.– Prozeduran parte hartzen duen zentroko edo administrazioko erabiltzaile bakoitza sisteman gaituko da, egin beharreko ekintzen arabera, banakako identifikazio-baimen baten bidez.

4.– Dekretu honetan aipatzen diren tituluak jaulkitzeko prozedura ebazteko gehieneko epea urtebetekoa izango da, hasten denetik kontatzen hasita.

5.– Kudeaketaren egutegi orokorra eta prozeduran parte hartzen duten alderdien jardueren egutegia tituluen erregistroa atxikita duen organoaren instrukzioaren bidez ezarriko da.

6.– Tituluak jaulkitzeko prozedura orokorrak hurrengo artikuluetan arautzen diren hasierako fasea, titulua proposatzea, erregistroan inskribatzea eta azken jaulkipena faseak hartzen ditu barnean.

8. artikulua.– Prozeduraren hasiera.

Prozedura ikastetxe kudeatzailearen erabakiz hasten da, dela interesdunak eskatuta, indarrean dagoen tasa ordaindu ondoren, dela ofizioz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortzeko irakaskuntzei dagozkien tituluen kasuan, horiek jaulkitzeko eska daitezkeen eskubideak ordaintzetik salbuetsita baitaude.

1.– Ikasketa-amaierako ikastetxeek (aurrerantzean, eskuratze-ikastetxeak) behar den informazio akademikoa eta pertsonala prestatuko dute baldintza akademikoak betetzen dituzten ikasleen tituluen jatorrizkoak edo bikoiztuak izapidetzeko. Eskuratze-ikastetxeko zuzendariaren sinadurarekin baliozkotuko da informazio hori.

Prozedura hori aplikatuko da bai ikasturtearen amaieran baldintza akademikoak betetzen dituzten ikasle guztiei egin beharreko izapidetzean, bai ondoren interesdunek egiten dituzten banakako eskaeretan.

2.– Ikastetxe kudeatzaileek, aipatutako informazioan oinarrituta, bai ikasle propioentzat, bai atxikita dituzten eskuratze-ikastetxekoentzat, honako ekintza hauek egingo dituzte:

a) Ikasle bakoitzari dagokion tasa ordaintzeko beharrezkoa den dokumentazioa helaraztea. Ordainketa bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango da, eta tasa ordaintzetik salbuetsitako tituluetarako ez da eskatuko izapide hori egitea.

b) Ordainketa gauzatu dela eta tituluaren jatorrizkoa edo bikoiztua izapidetzeko behar den gainerako informazioa egiaztatzea.

c) Baldintza guztiak betetzen dituzten eskabideak bitarteko elektronikoen bidez baliozkotzea, prozedurari hasiera emanez.

3.– Titulu bikoiztua, titulu-ale baten akatsa zuzentzeko edo interesdunari dagoeneko emandako titulu-ale baten daturen bat legez aldatu delako eskatzen bada, ikastetxe kudeatzaileak prozeduraren hasiera ale hori jasotzera baldintzatuko du.

4.– Interesdunek horretarako diseinatutako bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango dute eskabidea.

9. artikulua.– Tituluen proposamena.

1.– Ikastetxe kudeatzaileak Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan aurkeztuko du tituluen proposamena, formatu elektronikoan. Proposamenak titulua lortzeko moduan dauden ikasleei buruzko informazio akademikoa eta pertsonala jasoko du, baldin eta titulua jaulkitzeagatiko eskubideen ordainketa ordaindu badu. IV. eranskinean ezarritako ereduaren arabera aurkeztuko da. Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak baliozkotu aurretik, hezkuntzako ikuskaritzak gainbegiratuko du.

2.– Ikastetxe kudeatzaileko zuzendariari dagokio tituluen proposamena ezarritako baldintzetan aurkeztea.

3.– Sistemak aukera emango du proposamena benetakoa dela egiaztatzeko, bitarteko elektronikoen bidez.

10. artikulua.– Erregistroan inskribatzea.

Erregistroan inskribatzeko fasean, honela automatizatuko da administrazioren jarduna:

1.– Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren baliozkotzea jasotzen duten proposamenak formatu elektronikoan igorriko dira tituluen erregistroa atxikita duen organora, erregistroan inskriba daitezen. Bikoiztuen kasuan, inskribatutako tituluetan dagozkion aldaketak jasota gera daitezen.

2.– Tituluen erregistroa atxikita duen organoak ekintza hauek egingo ditu:

a) Inskripzio bakoitzari dagokion erregistro-gako autonomikoa esleituko dio.

b) Egindako inskripzioak jakinaraziko dizkio Unibertsitateaz Kanpoko Tituluen Estatuko Erregistroari, formatu elektronikoan.

c) Tituluen Erregistroan sartuko du Estatuko Erregistroak titulazio bakoitzari esleitutako erregistro-gako zentrala.

11. artikulua.– Azken jaulkipena.

1.– Tituluen erregistroa atxikita duen organoa arduratuko da titulua jaulkitzeaz, dagokion euskarriaren ereduan eta ezaugarrietan.

2.– Tituluak jaulki ondoren, tituluen erregistroa atxikita duen organoak ikastetxe kudeatzaileari pertsonen eta titulazioen zerrenda emango dio, egindako jaulkipenak eta, hala badagokio, ikasleei egindako entregak kontrolatzeko. Jaulkitako tituluen entregen kontrola dekretu honen 6.1 artikuluan aipatzen den kasuan kasuko oinarrizko araudian xedatutakora egokituko da.

3.– Ikastetxeek titulua lortzeko behar diren baldintza guztiak bete gabe jaulkitako tituluak atzematen badituzte, ikastetxe kudeatzaileak titulua baliogabetzeko prozedura hasiko du, interesdunari jakinarazi ondoren.

4.– Administrazioari egotz dakizkiokeen akatsekin jaulkitako tituluen kasuan, dagokion ikastetxe kudeatzaileak tituluaren bikoiztua izapidetuko du dagokion zuzenketarekin, interesdunari jakinarazi ondoren.

12. artikulua.– Tituluen ziurtagiriak.

Tituluen ziurtagiriak honako hauek izango dira:

1.– 1850/2009 Errege Dekretuaren 3.4 artikuluan ezartzen den bezala, funtsezko datuak jasotzen dituen ikastetxe kudeatzaileak luzatutako tasak ordaindu izanaren frogagiriak titulu-izaera izango du, eta balio bera izango du datxezkion eskubideak erabiltzeko, harik eta eman arte. I. eranskinean ezarritako ereduan adierazitako eremuak jasoko ditu gutxienez.

2.– Dekretu honetan araututako erregistroan inskribatutako tituluen kasuan, tituluaren ziurtagiri elektronikoa, tituluen erregistroa atxikita dagoen organoak jaulkia. Tituluaren funtsezko datuak jasoko ditu, eta, nolanahi ere, erregistro horretan jasota dagoen identifikazioko erregistro-gakoa. Ziurtagiri horrek dagokion tasa ordaindu dela eta titulua Erregistroan inskribatu dela egiaztatuko du. Titulu-izaera izango du Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntzetan sartzeko eta onartzeko prozesuetan, bai eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 2. artikuluan aipatzen diren administrazio publikoek, erakundeek eta organismoek Euskadin deitutako hautaketa-prozesuetan eta enplegua hornitzeko prozesuetan ere.

Tituluaren ziurtagiri elektronikoak, gutxienez II. eranskinean ezarritako eremuak jasoko ditu, eta egiaztapen-kode seguru bat izango du. Sistemari esker, bitarteko elektronikoen bidez egiaztatu ahal izango da igorritako dokumentuen benetakotasuna.

Tituluaren ziurtagiri elektronikoa behar duten hezkuntza-mailetarako, eranskinekin edo/eta beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenekin batera eman ahal izango da. Eranskin eta/edo itzulpen horiek aplikatu beharreko araudian ezarritako ereduetara egokituko dira.

3.– Salbuespen gisa, titulua erregistratu aurretik, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako titularrek, beren kudeaketa-eremuaren barruan, izapidetzen ari diren eskabideen ziurtagiriak luzatu ahal izango dituzte. Ziurtagiri horiek III. eranskinean ezarritako datuak izan beharko dituzte.

4.– Tasa ordaintzetik salbuetsita dauden tituluen kasuan, aurreko puntuetan aipatutako ziurtagiri-motak aplikatuko zaizkie, egoera hori dagokion ziurtagirian jasoz. Gainera, kasu horietan, eskuratze-ikastetxeak behar bezala izapidetutako ziurtagiri akademikoak izaera bera izango du.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honen bidez sortutako Erregistrora eramango dira Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak ezarritako irakaskuntzei dagozkien unibertsitateaz kanpoko titulu akademiko eta profesionalen erregistroa sortzen duen urriaren 7ko 218/1997 Dekretuaren bidez sortutako titulu akademiko eta profesionalen erregistroko inskripzioak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Urriaren 7ko 218/1997 Dekretuan araututako titulu akademikoen eta lanbide-tituluen erregistro horri buruzko beste arau-xedapen batzuetan egindako erreferentziak dekretu honetan araututako erregistroari egindakotzat joko dira.

LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da urriaren 7ko 218/1997 Dekretua, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagozkien unibertsitateaz kanpoko titulu akademiko eta profesionalen erregistroa sortzen duena.

BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 2000ko apirilaren 4ko Agindua, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoari dagozkion unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako titulu akademiko eta profesionalak emateko prozedura ezartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzan hezkuntza-arloko eskumena duen saileko titularrari dekretu hau interpretatu, garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko apirilaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala