93. zk., 2024ko maiatzaren 14a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (250 KB - 20 orri.)
- EPUB (137 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2268
AGINDUA, 2024ko apirilaren 26koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena, 2024. urtean (Euskalgintza deialdia).
Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 14. artikuluak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, besteak beste, honen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.
Bestalde, 73/2021 Dekretuak, otsailaren 23koak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari 13.2.h) artikuluan (EHAA, martxoaren 5ekoa, 47. zk.): azaroaren 24ko 10/1982 Legea, euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuak dituzten funtzioak.
Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak. Ondoren, Batzordeak euskararen erabilera areagotzea xede duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu zuen. Plan hori, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 2012ko uztailaren 24an onartu zuen eta Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 11n berretsi zuen. Ekintza plan horrek «Itun Berritu Baterantz» dokumentuan bildutako lehentasunezko ildoak neurri zehatzez mamitu eta praktikara eramateko moduan egokitu zituen. Ordutik Euskararen hiru Agenda Estrategiko onartu dira. Azkena, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 2021eko azaroaren 2an onartu zuen. Euskararen Agenda Estrategikoan 2021-2024 epealdian Eusko Jaurlaritzak euskara biziberritzearen alde egingo dituen ekintza eta jarduera nagusiak jasotzen dira. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 2024ko urtarrilaren 30ean onartu zuen datozen hamar urteetarako plan berria, ESEP plana ordezkatzera datorrena («Aroa. Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa»), erronka argi batekin: gizarteak azken urteetan izan dituen aldaketei erantzun eta, gaur egungo testuinguru eleaniztunean, euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea.
Aurrekoari helduz eta jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero-urtero egin eta ebatzi izan ditu arloz arloko laguntza-deialdiak. Oraingo agindu honen bitartez, gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko, 2024ko dirulaguntza deialdia egitea erabaki du.
Izan ere, 2021eko otsailaren 18an, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2021-2024 epealdiko Plan Estrategikoa onartu zuen. Izaera programatikoa duen Plan Estrategiko hori sailaren politika antolatzeko tresna da, dirulaguntzen bidez, gizartearen intereserako den jarduera bat sustatzea jomuga duten jardun-arloetan.
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko lanean diharduten pertsona fisikoek edo juridiko pribatuek 2024an burutuko dituzten egitasmoei zuzenduriko dirulaguntzak arautu eta dei egitea (Euskalgintza deialdia).
2. artikulua.– Epe-barrutia.
Laguntza-deialdi honek 2024an burutuko diren egitasmoak baino ez ditu gogoan hartuko. Hori dela eta, deialdi honetara biltzen diren egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edota gizarteratu beharreko jardunak, zerbitzuak eta produktuak 2024. urtean eskaini, eman edota gizarteratuko dira.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Hauek dira dirulaguntza deialdiaren hartzaileak: Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutako naziotasuna edo helbide soziala duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta legez eratuta badaude indarrean dagoen araudiaren arabera.
2.– Ezingo dira deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituzten pertsonak, edo dirulaguntza itzultzeko betebeharrak egunean ez dituztenak. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da pertsona edo erakunde onuraduna izateko, eta, beraz, emakida egiten denean eta ordainketak egiten direnean egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela.
b) Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere.
c) Sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuak direnak, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bateginak xedatutakoaren arabera.
d) Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela, berreskuratze-agindu baten zain dauden enpresak edo erakundeak.
e) Krisialdian dauden enpresak, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera.
f) Kapital gehiena publikoa eta gainera fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza nagusiki publikoa duten entitateak.
g) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza-normalkuntzarako sinatutako esparru-hitzarmenaren barruan 2024ko dirulaguntzen deialdian onuradun diren egitasmoak.
h) Nafarroako Gobernuak (Nafarroako Foru Aldundiak, Nafarroako edozein udalek) 2024an diruz lagundu dituen edo lagundu ahalko dituen Nafarroako Foru Komunitateko herritarrei zuzendutako egitasmoak.
i) Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabe ez direnak.
j) Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
3.– Pertsona fisiko edo juridiko pribatu batek baino gehiagok elkarlanean gauzatzekoa den egitasmoaren kasuan, eskabidea pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako batek egingo du. Hala ere, elkarlanean arituko diren guztiek bete beharko dituzte onuradun izateko baldintzak.
4.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko informazioa, haien baimenik behar izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko 2023ko otsailaren 13ko Aginduak xedatutakoa aplikatuz.
Pertsona fisikoek zein juridikoek berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badute, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko. Horren bidez, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunak horren aurka egiten ez badu.
5.– Dirulaguntza deialdi hau ebazteko eta dagozkion ordainketak egin ahal izateko, dirulaguntzarik esleituz gero, onuradunak Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon beharko du.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen egitasmoak.
1.– Honako hauek dira, multzoka emanda, diruz lagun daitezkeen egitasmoak; betiere, egitasmoa Euskal Autonomia Erkidegoko jasotzaileei zuzenduta badago.
A multzoa: euskararen erabilera eremu ez-formaletan.
A1.– Euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko esparru ez-formaleko egitasmoak; bereziki, nerabe eta gazteen aisialdiko gune monitorizatuetan (kirolean, kulturan eta aisialdi-taldeetan) antolatzen direnak.
A2.– Aisialdiko hezitzaile, dinamizatzaile edota begiraleei begira, euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza (batik bat, haur eta gazte taldeetan euskararen ahozko erabilera dinamizatzeko estrategiak edota gazteen hizkuntz gaitasuna sendotzeko esku-hartzeak).
A3.– Kiroletako begirale edota entrenatzaileentzako euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza.
A4.– Euskararen erabilera soziala sustatzearekin eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin zuzeneko lotura duten jarduerak. Eskolako eremuan mintzapraktika lantzeko egitasmoak lehenetsiko dira; betiere, curriculumaren esparrutik eta gelatik kanpo.
B multzoa: euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte-aktibazioaren bidez, hizkuntza-ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzera bideratutako programak (Telp, Eusle, Ulerrizketak, Euskaraldia...), ekintzak eta jarduerak.
C multzoa: euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko jarduerak eta egitasmoak.
D multzoa: euskararen presentzia ingurune digitalean.
D1.– Teknologia berrietan oinarrituta, nerabe eta gazteen aisialdirako euskarazko edukiak sortu eta hedatzea helburu duten egitasmoak: bideo-tutorialak, irudi biziak, youtuberrak, influencerak, erronkak, lehiaketak, blogak, podcastak... biltzen dituzten ekimenak.
D2.– Euskarazko atari digitalak. Interneten zerbitzuak euskaraz soilik eskaintzen dituzten webgune ez-komertzialak.
D3.– Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten webgune tematiko ez-komertzialak.
D4.– Teknologia berrietan oinarrituta eta euskara hutsean jarduten duten hedabideen artean sortutako ikus-entzunezko egitasmoak (gehienez ere, 2 egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).
E multzoa: euskararen familia bidezko transmisioa sendotzeko egitasmoak.
F multzoa: euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzeko jardunaldiak.
G multzoa: euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzeko egitasmoak: irakurketa- eta idazketa-trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura-gidak.
2.– Nolanahi ere, honako egitasmo hauek ez dute laguntza-mota honetan sarbiderik izango eta, ondorioz, kanpoan utziko dira:
a) Hiztunen artean euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin lotura zuzenik ez duten ekintzak (hala nola musika-emanaldiak, kantaldiak, dantzaldiak, bestelako ikuskizunak, herri kirolak, era guztietako jaialdiak, otorduak).
b) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza-normalkuntzarako sinatutako esparru-hitzarmenaren barruan 2024ko dirulaguntzen deialdian onuradun diren egitasmoak.
c) Nafarroako Gobernuak (Nafarroako Foru Aldundiak, Nafarroako edozein udalek) 2024an diruz lagundu dituen edo lagundu ahalko dituen egitasmoak, Nafarroako Foru Komunitateko herritarrei zuzendutakoak.
d) Liburu-azoketan parte-hartzearekin eta estrategiekin zuzeneko lotura daukaten egitasmoak.
e) Enpresa edo elkarteen ohiko jardunaren edota produktuen berri ematen duten argitalpenak, eta zuzenean euskararen erabileratik ez datozen gastuak.
f) Hedabideen sustapenerako egitasmoak.
g) Araubide orokorretan zein berezikoetan erabiltzekoak izanik, ikasketa-plan edo curriculumarekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten ikasmaterial inprimatu, ikus-entzunezko edo elektronikoak gauzatzeko asmoz aurreikusitako egitasmoak.
h) Literatura-lanen zabalkundea egite aldera liburuen edizioa helburu duten egitasmoak, bai paperezko edizioak zein bestelako formatuetarako egiten diren bertsioak.
i) Euskara ikasteko metodoak eta helduen euskalduntze-alfabetatzearen eremuko jarduerak.
j) Lan-munduan euskara sustatzeko edota garatzeko egitasmoak.
k) Ikerketak, itzulpenak eta urtekariak.
l) Dantza, ikus-entzunezkoak, antzerkigintza... sustatzeko egitasmoak edota euskalgintzarekin lotura zuzenik ez dutenak.
m) Bi hizkuntza ofizialetan egindako argitalpenak.
n) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen dituen dirulaguntza deialdien bitartez lehendik diruz lagundutako produktuen edizio berriak edota bertsio gaurkotuak.
o) Eremu akademikoan euskara sustatzeko edota garatzeko egitasmoak. Kanpoan geratuko dira era guztietako erakundeek antolatutako ikastaroak eta euskara ikasteko kurtsoak.
p) Teknologia berrietan oinarrituta eta euskara hutsean jarduten duten hedabideen artean sortutako ikus-entzunezko egitasmoak. Kanpoan geldituko dira kapitalean partaidetza duten entitateak edota entitatearen organoetan partaidetza dutenak.
5. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Agindu honen babespean ematen diren dirulaguntzak finantzatzeko, 1.704.000,00 euro erabiliko dira. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jarritako aurrekontu-ataletik hartuko da.
2.– Kopuru hori honela banatuko da:
(Ikus .PDF)
3.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, eskabiderik ez dagoelako, baldintzak betetzen ez direlako edo aurkeztutako eskabideek kalitaterik ez izateagatik modalitateetako batean ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, Balorazio Batzordeak beste modalitate batean ezarritako kopurua gehitzea proposatuko du eta zuzendaritza kudeatzaileak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari proposamena luzatuko dio, agindu honen 14.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Honako hauek joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastuak: erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren gaineko aurrekontu banakatu eta xehatuan agertzen diren gastuak, baldin eta ezbairik gabe jarduera garatzearekin lotura badute. Nolanahi ere, kanpoan utziko dira honako hauek:
a) Egitasmoa erdaraz egiteari dagozkion gastuak.
b) Patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.
c) Balio erantsiaren gaineko zergari (BEZ) dagokion gastua ez da kontuan hartuko. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastutzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru-aldundiko Ogasun Sailaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dute hori.
d) Ez dira gastutzat hartuko laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari egozgarri ez zaizkion eskatzailearen jardun orokorreko gastuak (langileria, gastu arrunta, eta abar).
2.– Artikulu honen arabera laguntzeko moduko gastutzat jotzen ez diren horiek (neurriz kanpokoak direlako edo zuzenean zerikusirik ez dutelako) agertzen badira eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, Balorazio Batzordeak eskatzaileari esango dio ezabatzeko edo arazteko, dirulaguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.
3.– Egitasmo orok gastu- eta sarrera-aurrekontu orekatua izan behar du, ezinbestean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari egindako diru-eskabidea aintzat hartuta. Ondorioz, aurrekontu orekaturik ez duen egitasmoa kanpoan utziko da.
4.– Egitasmo orok gutxieneko finantzaketa propioa izan behar du, ezinbestean. Ondorioz, finantzaketa horretara iristen ez den egitasmoa kanpoan utziko da. Finantzaketa hori gastu-aurrekontuaren % 20 izango da, gutxienez.
5.– Aurreko puntuan aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauek osatuko dute:
a) Eskatzailearen diru-ekarpenak.
b) Zerbitzu-salmentatik eskuratutakoak.
c) Produktu-salmentatik eskuratutakoak.
d) Publizitatetik eskuratutakoak.
e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.
Finantzaketa propioa kalkulatzeko orduan, ez da kontuan hartuko talde bereko kideen artean egindako elkarren arteko fakturazioa.
6.– Defizitarioak diren egitasmoei bakarrik eman ahal izango zaie dirulaguntza, hots, aurreikusitako gastuak eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin zein bestelako dirulaguntza publikoekin berdindu ezin dituzten egitasmoei. Ondorioz, defizitarioak ez diren egitasmoak kanpoan utziko dira.
7.– Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak eta betiere horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.
7. artikulua.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea.
1.– Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da onuradun batek azpikontratazioa egiten duela diruz lagundutako xedea den jarduera osorik nahiz zati batean burutzea beste inorekin hitzartzen duenean. Atal horretatik kanpo gelditzen dira diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko onuradunak nahitaez kontratatu behar izango dituen gastuak.
2.– Onuradunak ezin du diruz lagundutako jardueraren % 50 baino gehiago azpikontratatu besterekin. Ezin dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua handiagotu eta, aldi berean, haren edukiari balio erantsirik gehitzen ez dioten ekintzak.
3.– Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiagokoa bada, kontratazioak betekizun hauek bete beharko ditu:
a) Kontratua idatziz egitea.
b) Kontratua egin baino lehen, kontratua egiteko baimena ematea, oinarri erregulatzaileetan ezarritako moduan, dirulaguntzaren entitate emaileak.
4.– Halaber, onuradunak hauekin ezin izango du azpikontratatu diruz lagundutako jarduerak guztiz edo zati batean egitea:
a) Dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretako batean dauden pertsona edo erakundeak, 3.2 oinarrian xedatutakoaren arabera.
b) Kontratatu nahi den jarduera horretarako beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.
8. artikulua.– Dirulaguntzaren mugak.
Egitasmo bakoitzari esleitutako dirulaguntza, gehienez ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa bestekoa izango da. Edozein kasutan, gehienez ere, 30.000 eurokoa izango da, eta, gutxienez, 2.000 eurokoa. Gutxieneko kopuru horretatik beherakorik ez da esleituko, hau da, egoera horretan aurkitzen den egitasmoa ez da diruz lagunduko. Nolanahi ere, aurreko muga horiei honako salbuespenak aplikatuko zaizkie:
a) 75 puntutik gora lortzen dituzten egitasmoek dagokien dirulaguntza jasoko dute, nahiz eta hori 2.000 euro baino txikiagoa izan.
b) Agindu honen 16.1 artikuluaren multzo guztietako a) atalean zehaztutako irizpidean 28 puntu lortzen ez dituen egitasmoak ezin izango du, inondik inora, 20.000 eurotik gorako dirulaguntzarik jaso.
c) D4 azpimultzoan, asko jota, 75.000 eurokoa izango da dirulaguntza-muga eta gehienez ere 2 egitasmo diruz lagunduko dira, hau da, puntuazio altuena lortzen dutenak.
9. artikulua.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Dirulaguntza bateragarria da edozein erakunde publikok zein pribatuk xede berberaz ematen dituenekin, betiere gainfinantzaketarik ez bada, eta gutxieneko finantzaketa propioa errespetatuz. Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 23. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gainfinantzaketarik gertatu dela ikusten bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 21. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gainfinantzaketa adinakoa izango da.
Salbuespen moduan, ez da bateragarria izango Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak deitutako bestelako dirulaguntzekin.
10. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.
1.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte. Nolanahi ere, dirulaguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak –presentziala nahiz elektronikoa– ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera.
– Aurrez aurre: eskabideak aurkeztea eta ondorengo izapideak egin ahal izango dira agindu honen 11.2 artikuluan adierazitako tokietan.
– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahal izango dira, euskadi.eus gunean, artikulu honetako 3. atalean adierazitako helbidean.
2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, euskadi.eus gunean, hurrengo atalean adierazitako helbidean. Era berean, bide horri jarraituko diote prozeduraren gainerako pausoetan ere.
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, zuriketak eta ereduak presentzialki zein elektronikoki izapidetzeari buruzko zehaztapenak euskadi.eus-eko gune elektroniko hauetan daude eskuragarri:
A multzoa: Eremu ez-formalak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000035
B multzoa: Euskal hiztunen aktibazioa: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000036
C multzoa: Erdaldunak eta etorkinak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000037
D multzoa: Edukiak Interneten: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000038
E multzoa: Familia bidezko transmisioa: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000039
F multzoa: Jardunaldiak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000040
G multzoa: Irakurketa: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000041
4.– Eskabidea egin ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz gero, honako gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta dokumentazioa.
1.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi adina eskabide-orri aurkezteko aukera izango du, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean.
2.– Pertsona fisikoen kasuan, izapidetze presentziala aukeratuz gero, eskabideak honako leku hauetan aurkez daitezke:
– Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
– Postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-langileak ziurtapena egin baino lehen data eta zigilua jar ditzan eskabide-orrian bertan.
3.– Bestalde, izapidetze elektronikoaren kasuan, agindu honen 10. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntzan, euskaraz edo gaztelaniaz, aurkez ditzakete eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, dirulaguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
5.– Eskabide-orriarekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
5.1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.
a) Pertsona juridiko pribatuak:
Kasu guztietan, entitatea legez eratuta dagoela ziurtatu behar da. Era berean, legezko ordezkariaren nortasuna eta, azken horrek ordezkapena egiteko legezko ahalmena duela adierazteaz gain, eskatzailearen jarduera erregulatzen duten arauak ere egiaztatuko dira:
– Entitatearen legezko eraketa: sorrerako eskritura edo agiria, estatutuak edo sorrerako egintzaren berri ematen duen agiria.
– Ordezkariaren nortasuna (NANaren edo pasaportearen fotokopia).
– Ordezkariaren legezko ahalmena (ordezkaria nor den adierazten duen ziurtagiria).
– Eskatzailearen IFZ.
Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroetan dagoen fundazio, elkarte edo kooperatiba bat baldin bada, ez ditu aurkeztu beharko entitatearen legezko eraketa egiaztatzeko eskatutako dokumentuak. Kasu horretan, nahikoa izango da eskatzaileak hori adieraztea agindu honen eskabide-orrian, eta Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak ofizioz konprobatuko du entitatea delako erregistro horretan dagoela.
b) Pertsona fisikoak:
– Nortasunaren egiaztapena (NANaren edo pasaportearen fotokopia).
– Autonomoen Erregimenean edo dagokion lan-mutualitatean alta emanda dagoela egiaztatzea.
c) Eskatzaileak a) edo b) ataletan aipatutako agiriak aldez aurretik Administrazioan aurkeztu baditu eta indarrean badaude, ez ditu berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz konprobatuko du. Horretarako, nahikoa izango da eskabide-orrian adieraztea zein sailetan edo zuzendaritzatan aurkeztu ziren.
d) Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, erantsi beharreko dokumentazioa bakarra izan daiteke eskabide-orri guztientzat, egitasmoei dagokien dokumentazioa izan ezik.
5.2.– Egitasmoari buruzko dokumentazioa.
Eskabide-orriarekin batera, diruz lagun daitekeen egitasmoari buruzko informazioa jasotzen duen formularioa ere aurkeztu behar da.
5.3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluari jarraituz, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez honako betebehar hauek egiaztatuko dira:
– Dirulaguntza itzultzeko betebeharrak betetzen dituztela, hala dagokionean.
– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso dituela adierazi beharko du eskatzaileak, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Eskatzailea den entitate pribatuaren kapitala ez dela gehiena publikoa eta, horrez gainera, fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza ez dela nagusiki publikoa.
– Eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere. Era berean, ez duela inolako zigorrik sexu-arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera.
– Eskatzaileak ez duela Europar Batasunak ilegal eta merkatu komunarekiko bateraezin deklaratutako dirulaguntzarik onartu.
– Eskatzailea ez dela, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera, krisialdian dagoen enpresa bat.
– Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza-normalkuntzarako sinatutako esparru-hitzarmenaren barruan 2024ko dirulaguntzen deialdian onuraduna ez dela.
– Nafarroako Gobernuak (Nafarroako Foru Aldundiak, Nafarroako edozein udalek) 2024an diruz lagundu dituen edo lagundu ahalko dituen Nafarroako Foru Komunitateko herritarrei zuzendutako egitasmoak.
– Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabea dela.
6.– Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan egon ezean, edo bertan dauden bankuaren datuak aldatu nahi izanez gero, nahiz bide presentziala, nahiz elektronikoa erabili, honako gune honetan aurkitu daiteke informazioa: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/
12. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsen zuzenketa.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
Pertsona juridikoren batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.
13. artikulua.– Dirulaguntzaren kudeaketa.
Deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.
14. artikulua.– Esleipen-prozedura.
1.– Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, betiere ezarritako mugak errespetatuz eta finkaturiko irizpideak erabiliz. Zeregin horretarako berariaz eratutako balorazio-batzordeak txostena landuko du; honako urrats hauek egingo ditu, hurrenez hurren:
1.1.– Egitasmoek eta eskatzaileek aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituzten aztertu.
1.2.– Adierazitako aurrekontuari eta eskatutako dirulaguntzari dagokienez:
a) Eskabide-orrian adierazitako gastu-aurrekontua eta eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa hartuko ditu abiapuntutzat.
b) 6. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari bakarrik egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan. Ez dira gastutzat hartuko laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari egozgarri ez zaizkion eskatzailearen jardun orokorreko gastuak (langileria, gastu arrunta, eta abar).
c) Aurreko atalean aipaturiko kontraste-lanaren ondorioz eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izanez gero, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuari eta eskatutako dirulaguntzari, betiere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Horrelakoetan, dirulaguntza kalkulatzeko orduan, onartutako gastu-aurrekontua eta laguntza-eskabidea hartuko dira erreferentzia-oinarritzat, baita eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa ere.
1.3.– Puntuei dagokienez:
a) Aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituzten egitasmoak agindu honen 15. artikuluan finkatutako irizpideen arabera baloratuko dira.
b) Egitasmoek, aurrera egitekotan, jaso litezkeen puntuetatik 65 edo gehiago lortu beharko dituzte. Ondorioz, esandako gutxieneko puntuazio horretatik beherakoa lortzen duten egitasmoek ez dute dirulaguntzaren banaketan sartzerik izango, eta, ondorioz, ez dute dirulaguntzarik hartuko.
c) Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko dute. Estalpen-indize hori honako hau izango da:
(Ikus .PDF)
2.– Egitasmo bakoitzari esleitu beharreko laguntza kopurua zehazteko orduan, 8. artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.
3.– Aurreko puntuetan esandako moduan kalkulatutako dirulaguntzen baturak diru-baliabideen muga gainditzen badu, kasuan kasu esleitu beharreko diru kopurua banaketa-sistema proportzionalaren arabera finkatuko da.
4.– Ebazpen-proposamena lantzerakoan, Balorazio Batzordeak, multzo bakoitzean dauden diru-baliabideak kontuan izanik, multzo jakin batean diru-soberakina izan eta besteren batean diru falta badago, diru-soberakinen birbanaketa egitea proposatuko du eta horrela jasoko da zuzendaritza kudeatzaileak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean, azken honek dagokion erabakia har dezan. Birbanaketa egiterakoan, multzoen beharrak izango dira gogoan. Horretarako, multzo bakoitzean eskatutakoaren eta esleitutakoaren arteko aldeak hartuko dira aintzakotzat, horiek estaltzeko beharrezkoak diren formulak erabiliz. Nolanahi ere, A, B, C eta D multzoen beharrak lehenetsiko dira, hurrenkerak finkatzen dituen lehentasunak gogoan izanik.
15. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Laguntza-eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatzeko orduan, zeregin horretarako berariaz eratutako balorazio-batzordeak honako irizpide eta balio hauek izango ditu kontuan:
A multzoa:
a) Egitasmoaren ezaugarriak: eragina, originaltasuna, berritasuna eta kalitatea: 45 puntu.
Irizpide hau aplikatuko da proiektuen balorazio global bat eginda, ezin baita datu objektibo soiletan oinarrituta kalkulatu, baizik eta ikuspegi kualitatibo baten bidez. Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu baterantz. XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak», «Gu Gazteok» eta «Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024» argitalpenetan jasotako ildo estrategikoei jarraituz (www.euskara.euskadi.eus).
– Eragina (10 puntu).
– Originaltasuna, berritasuna eta balio erantsia (15 puntu).
– Kalitatea (20 puntu).
b) Egitasmoaren intentsitatea: 10 puntu.
– Intentsitate handikoa, sarri egiten dena, jarraitua, puntuala, ordu gutxikoa.
c) Eragin-eremua: 30 puntu.
– Eremu soziolinguistikoa (15 puntu).
– Parte-hartzaile kopurua (15 puntu).
d) Egitasmoak entitatearen helburuarekin duen lotura: 10 puntu.
– Lotura zuzena, agerikoa, zeharkakoa, loturarik eza.
e) Genero-berdintasuna: 5 puntu.
– Neurri egokiak, orokorra, aipamenik eza.
B multzoa, C multzoa, E multzoa eta G multzoa:
a) Hizkuntza-normalkuntzan izan dezakeen eragina: originaltasuna, berritasuna eta kalitatea: 45 puntu.
Irizpide hau aplikatuko da proiektuen balorazio global bat eginda, ezin baita datu objektibo soiletan oinarrituta kalkulatu, baizik eta ikuspegi kualitatibo baten bidez. Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu baterantz. XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak», «Gu Gazteok» eta «Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024» argitalpenetan jasotako ildo estrategikoei jarraituz (www.euskara.euskadi.eus).
– Eragina (10 puntu).
– Originaltasuna, berritasuna eta balio erantsia (15 puntu).
– Kalitatea (20 puntu).
b) Egitasmoaren intentsitatea: 10 puntu.
– Intentsitate handikoa, sarri egiten dena, jarraitua, puntuala, ordu gutxikoa.
c) Eragin-eremua: 30 puntu.
– Eremu soziolinguistikoa (15 puntu).
– Parte-hartzaile kopurua (15 puntu).
d) Proposatutako ekintzaren bidez eragileen artean sare-lana egitea, lankidetzan aritzea eta koordinatzea: 10 puntu.
– Handia, talde edo elkarte ugari zehaztuta, lankidetza publiko-pribatua, talde edo elkarte gutxi batzuk, denak pribatuak, elkarte solteren bat.
e) Genero-berdintasuna: 5 puntu.
– Neurri egokiak, orokorra, aipamenik eza.
D multzoa (D4 azpimultzoan, gehienez ere, 2 egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak):
a) Egitasmoaren kalitatea eta egokitasuna: 50 puntu.
– Berrikuntza (10 puntu).
– Erabilgarritasuna (10 puntu).
– Eduki mota (15 puntu).
– Jarraitutasuna (15 puntu).
Irizpide hau aplikatuko da proiektuen balorazio global bat eginda, ezin baita datu objektibo soiletan oinarrituta kalkulatu, baizik eta ikuspegi kualitatibo baten bidez. Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu baterantz. XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak», «Gu Gazteok» eta «Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024» argitalpenetan jasotako ildo estrategikoei jarraituz (www.euskara.euskadi.eus).
b) Egitasmoaren diseinua: 30 puntu.
– Erakargarritasuna (10 puntu).
– Eguneraketa: maiztasuna (10 puntu).
– Euskararen kalitatea: bermea (10 puntu).
c) Egitasmoaren gaiaren interesa: 10 puntu.
– Gaia. 5 puntu.
– Publikoa: 5 puntu.
d) Genero-berdintasuna: 5 puntu.
– Neurri egokiak, orokorra, aipamenik eza.
e) Elkarrekintza: 5 puntu.
F multzoa:
a) Hizkuntza-normalkuntzan izan dezakeen eragina: originaltasuna, berritasuna eta kalitatea: 45 puntu.
Irizpide hau aplikatuko da proiektuen balorazio global bat eginda, ezin baita datu objektibo soiletan oinarrituta kalkulatu, baizik eta ikuspegi kualitatibo baten bidez. Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu baterantz. XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak», «Gu Gazteok» eta «Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024» argitalpenetan jasotako ildo estrategikoei jarraituz (www.euskara.euskadi.eus)
– Eragina (10 puntu).
– Originaltasuna, berritasuna eta balio erantsia (15 puntu).
– Kalitatea (20 puntu).
b) Egitasmoaren intentsitatea: 10 puntu.
– Intentsitate handikoa, sarri egiten dena, jarraitua, puntuala, ordu gutxikoa.
c) Eragin-eremua: 30 puntu.
– Eremu soziolinguistikoa (15 puntu).
– Parte-hartzaile kopurua (15 puntu).
d) Proposatutako ekintzaren bidez eragileen artean sare-lana egitea, lankidetzan aritzea eta koordinatzea: 10 puntu.
– Handia, talde edo elkarte ugari zehaztuta, lankidetza publiko-pribatua, talde edo elkarte gutxi batzuk, denak pribatuak, elkarte solteren bat.
e) Genero-berdintasuna: 5 puntu.
– Neurri egokiak, orokorra, aipamenik eza.
2.– Aurreko puntuan finkatutako irizpideetako bakoitzari dagokion puntuazioa Balorazio Batzordeak berariaz prestatutako zerrenda batean zehaztuko da. Balorazio Batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egin beharreko ebazpen-proposamenari erantsiko zaio zerrenda hori.
16. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, berariazko balorazio-batzorde bat osatuko da.
2.– Balorazio Batzordea honako kide hauek osatuko dute:
a) Estibaliz Alkorta Barragán, Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.
b) Joseba Lozano Santos, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, batzordearen buruordea izango dena. Ordezkoa, Josune Zabala Alberdi, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.
c) Ane Crespo Calvo, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazio Zuzendaritzako koordinazio zerbitzuaren arduraduna. Ordezkoa, Jone Aboitiz Legarra, zerbitzu horretako teknikaria.
d) Edurne Ramon Olano, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Sustapen Zerbitzuaren arduraduna. Ordezkoa, Aitor Esteban Etxebarria, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria.
3.– Balorazio Batzordeak idazkari bat izango du: Jose Ignacio Lopez de Sosoaga Saez, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Haren ordezkoa, Alazne Intza Araiztegi, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Idazkariak Balorazio Batzordearen jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du. Idazkariak ziurtatu beharko du Balorazio Batzordeak hartutako erabakiak eta burututako ekintzak legezkoak direla. Hitza izango du, baina botorik ez.
4.– Egitasmoak baloratzeko, Balorazio Batzordeak iritzia eskatu ahal izango die adituei.
5.– Balorazio Batzordeak, deialdi honetan finkaturiko irizpideak eta mugak kontuan izanik, ebazpen-proposamena landuko du eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztuko dio, hark zuzen eta bidezko joz gero behin betiko ebazpena eman dezan. Aipaturiko proposamenak honako atal hauek izango ditu gutxienez:
a) Deialdian finkaturiko baldintzak ez betetzeagatik baztertuak izan diren eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertzeko izandako zioa.
b) Diruz lagundutako egitasmoak; onartutako gastu-aurrekontua, baldin eta adierazitako gastu-aurrekontua aldatu bada; lortutako puntuak, osotara eta atalka, eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
c) Gutxieneko puntuak ez lortzeagatik dirulaguntzarik gabe utzitako egitasmoak eta horiek lortutako puntuak, osotara eta atalka.
17. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik 6 hilabeteko epean jakinaraziko die interesdunei.
2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, dirulaguntzak esleitzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar orok jakin dezan eta ebazpenak jakinarazpen ondorioak izan ditzan. Hala ere, argitalpena ez da oztopoa izango beste mota bateko jakinarazpena egiteko. Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
3.– Epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.
18. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.
b) Eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute dirulaguntza.
c) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute horretarako dagoen epean, hau da, 2024an Horrela egin ezean, jasotako diru guztia itzuli beharko dute.
d) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.
e) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta daukan pertsona bat izendatuko dute.
f) Indarrean dauden lege-eskakizunak bete beharko dituzte jabetza intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.
g) Lagundu daitezkeen egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute jaso herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ezaugarri edo elementurik, ezta haien duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ezaugarri edo elementurik ere.
h) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologia arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.
i) Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak xedatutakoaren arabera (Emakume eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena), ez dute hizkuntza sexistarik erabiliko eta emakumeen eta gizonen rolen erabilera estereotipaturik ez egitea bermatuko dute.
j) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 24. artikuluan esandakoaren arabera.
k) Dirulaguntzak emateko eta horien ordainketak bideratzeko, beharrezkoa izango da esleipendunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dauzkatela ziurtatzea, baita itzultzeko betebeharrak egunean izatea ere.
l) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako gainontzekoak.
19. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.
1.– Dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da:
a) Lehenengo ordainketan dirulaguntza osoaren % 65 ordainduko da, onartutzat ematen den egunean hasi eta 2 hilabeteko epean.
b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako % 35a ordainduko da, dirulaguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren, hilabeteko epean.
2.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, ordainketa jaso ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu behar izango du, eskabidearekin batera edo prozeduraren beste fase batean, egoitza elektronikoan eskuragarri den zerbitzuaren bidez. Honako helbide hauek ditu, gaztelaniaz eta euskaraz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-ramite/eu/
20. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, betiere onuradunei eta egitasmoei ezarritako baldintzak betetzen direla eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen dela, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berregokituko da. Horiek horrela, dagokion onuradunari horren berri eman eta 15 eguneko epea eskainiko zaio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.
Betiere, balizko aldaketak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan aipatzen diren betekizunak bete beharko lituzke.
21. artikulua.– Dirua berreskuratzeko arrazoiak eta itzultzeko ebazpena.
1.– Dirua berreskuratzeko arrazoiak izango dira:
a) Jasotako dirulaguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.
b) Agindu honen 18. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.
c) Hala badagokio, likidazio-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.
d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitakoak.
2.– Aurreko puntuan aipatutako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio jasotako diru kopuruak eta legez dagozkien interesak. Horretarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.
3.– Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatzen ez baldin bada, dirulaguntza itzultzeko prozedurak azaroaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5.1 artikuluak ezarritakoari jarraituko dio eta interesdunak 15 egun balioduneko epea izango du alegazioak egiteko.
22. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du, ezinbestean, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren aurrean. Justifikazioari ekiteko, dirulaguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.
2.– Justifikazioa aurkezteko epea 2025eko martxoaren 31n bukatuko da. Nolanahi ere, onuradunak behar bezala justifikatzen badu justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten duten arrazoiak daudela, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak epe hori luzatzea erabaki ahal izango du, epea amaitu aurretik eta, betiere, hirugarren baten eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Epe hori luzatzea justifikazio-agiriak aurkezteko baino ez da izango, eta inola ere ez du balioko gastua egiteko epea luzatzeko.
3.– Pertsona fisikoek, izapidetze presentziala aukeratuz gero, dirulaguntzaren justifikazioa agindu honen 11. artikuluan aipatutako lekuetan aurkez dezakete.
4.– Era berean, justifikazioak aurkezteko bide elektronikoa erabiliz gero: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
23. artikulua.– Justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Aipaturiko justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egingo da antolamendu juridikoak horretarako aukera ematen duenean; hau da, dirulaguntzaren zenbatekoak 60.000 euro gainditzen ez duenean. Justifikazio-kontu erraztuak aitorpen-izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan arautzen den moduan, eta honako hauek osatuko dute:
a) Diruz lagundutako egitasmoari eta lortutako emaitzei buruzko txostena. Hala dagokionean, sortutako materialaren ale bat.
b) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion aurrekontu likidatua.
c) Beste dirulaguntzarik izan ez bada, horixe adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.
d) Diruz lagundutako egitasmoari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua, finkaturiko kontzeptuen arabera.
2.– Agindu honen 19. artikuluan aipatzen den dirulaguntzaren bigarren ordainketa egiteko, hala badagokio, dirulaguntzaren onuradunak, indarrean dauden xedapenei jarraituz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izan behar ditu, baita itzultzeko betebeharrak ere.
3.– Dirulaguntza ematen duen organoak behar adina frogagiri egiaztatuko du, dirulaguntza behar bezala erabili dela zentzuz agerian uzteko beharrezkoak diren guztiak, unitate monetaren laginketa teknikak erabiliz. Horretarako, berak hautatutako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopiak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak bidaltzeko eskatuko zaio onuradunari. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da.
4.– BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunek, agindu honen 6.1.c) artikuluak dioenari jarraituz, dagokien foru-aldundiko Ogasun Sailaren ziurtagiria aurkeztuko dute.
5.– Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko eta ontzat emateko, Jarraipen Batzordea eratuko da. Azterketa horren ondorioz bideratu beharreko ordainketak edota likidazio-ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dizkio. Honako hauek osatuko dute Jarraipen Batzordea:
– Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.
– Sustapen Zerbitzuaren arduraduna.
– Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Azken honek idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza eta botoa izango du.
24. artikulua.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena.
Laguntza-mota honen bidez diruz lagundutako egitasmo orok Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du egitasmoaren argitan kaleratutako euskarri guztietan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerrarazi behar dute.
Nolanahi ere, dirulaguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.
25. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio:
Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren laguntzak eta dirulaguntzak.
– Arduraduna: Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
– Xedea: Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak kudeatzea.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
– Hartzaileak: arloan eskumena duten administrazioak.
– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
– Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024000-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.
https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Datu pertsonalen tratamenduek hauek bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; (EB) 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio eskeari dagokienez, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
2.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinarekin (Segurtasun-neurriak).
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Laguntza-programa hau Europako Batzordeak zenbait dirulaguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen dituen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia), eta erregelamendu horren 53. artikuluak ezarritakora egokitu da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, honako arau hauetan ezarritakoa aplikatu beharko da: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortzen bada, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 26a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.