93. zk., 2024ko maiatzaren 14a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (218 KB - 13 orri.)
- EPUB (127 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2263
EBAZPENA, 2024ko apirilaren 17koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Andoaingo (Gipuzkoa) HA.02-Leitzarango Landa Parkea Eremuaren Plan Bereziaren 2. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko urtarrilaren 31n, Andoaingo Udalak Andoaingo (Gipuzkoa) HA.02-Leitzarango Landa Parkearen Plan Bereziaren 2. aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia baitzuen.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko otsailaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Andoaingo Udalari jakinarazi zitzaion prozedura abiarazi zela.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Andoaingo HA.02-Leitzarango Landa Parkearen Plan Bereziaren 2. aldaketa (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edota plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak izan ditzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.c eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Andoaingo (Gipuzkoa) HA.02-Leitzarango Landa Parkearen Plan Bereziaren 2. aldaketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren eremua indarrean dagoen Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko HA.02-«Leitzarango Landa Parkea» lurzoru urbanizaezineko eremuko Otietako ekipamendu komunitarioko (Otietako parkea) gunea da. Eremu hori udalaren ekimenez egindako antolamendu-plan berezi baten bidez antolatu zen, eta haren testu bategina 2017ko urtarrilaren 26an onartu zen behin betiko (2017ko otsailaren 6ko GAO, 25. zk.). Ondoren, 2019ko irailaren 26an, Udaleko osoko bilkurak HA.02-Leitzarango Landa Parkearen Plan Bereziaren 1. aldaketaren testu bategina onartu zuen behin betiko (2019ko urriaren 18ko GAO, 200. zk.).
Planaren xede den eremuaren azalera hiru azpieremutan banatuta dago: bi publikoak dira (AGPu1 eta AGPu2) eta bat pribatua (AGPr). Planak jarduketa hauek proposatzen ditu azpieremu bakoitzean:
– AGPu1 azpieremua. Guztira 18.422,41 m2-ko azalera du eta Malo errekaren bi ertzetan hedatzen da, eremuaren ekialdean. Erabilera publikokoa da. Zuhaiztian mahai- eta jarleku-eremu bat du, eta bide harritsu bat. Goiko kotan, Andoainekin lotzen duen errepidearekin muga egiten duen lekuan, aparkaleku bat dago.
AGPu1 azpieremuaren kasuan, Planak ez du inolako jarduerarik proposatzen, hura kontserbatu eta mantentzearekin lotutakoak besterik ez.
– AGPu2 azpieremua. Eremuaren ipar-mendebaldean dago, Malo errekaren eskuineko ertzean, 5.664,13 m2-ko azalera du, eta mendebaldean Leitzaran ibaiarekin muga egiten du. Erabilera publikoko azpieremua da, eta hainbat gune eta ekipamendu ditu. Gaur egun, bi eraikin daude azpieremuan: bisitarien etxea, 262,85 m2-ko azalerakoa, eta zerbitzuen eraikina, 11,09 m2-koa. Eraikin horien hegoaldean hiru berdegune daude; erdikoan piknik gune bat dago, baina beste biek ez dute erabilera zehatzik.
Azpieremu horretan, antolamendu-proposamenak zertxobait aldatzen ditu hiru berdeguneen erabilerak:
– A gunea: lurzatirik mendebaldekoena da. Mendebaldean Leitzaran ibaiak eta hegoaldean Malo errekak mugatzen dute. Gune horrek piknik erabilera izatea eta gaur egun erdiko espazioan dauden mahaiak eta jarlekuak bertan jartzea proposatzen da. 1.033,63 m2-ko belar-zabalgunea dago.
– B gunea: erdialdean dago. Ibilguen ertzetatik urrunen dagoen lekua denez, 821,54 m2-ko haurrentzako jolasgune bat egitea proposatzen da. Horretarako, material organikoak eta zoladura bigunak erabiliko dira.
– C gunea: ekialderago dagoen eremua da, 752,62 m2-ko azalerakoa. Bertan, atsedenerako eta erlaxatzeko gune bat sortzea planteatzen da. Itzala eta argia izango ditu, baita landaretzarekin jolastuz egindako topografia simulatuak ere.
Hiru gune horiek oinezkoen bideek banatzen dituzte, gutxienez 2,00 metroko zabalerakoek, eta proposamenean horien trazadura eta zoladura –harrizko zorua du– mantendu egingo dira.
Azpieremuaren ipar-mendebaldeko muturrean, A gunearen ondoan, Leitzaran ibaira iristeko dauden eskailera-mailak egokitzea proposatzen da.
– AGPr azpieremua. AGPr kudeaketa pribatuko eremuak 7.183,83 m2-ko azalera du, eta Malo errekaren ezkerraldetik hegoalderantz hedatzen da. Mendebaldean, Leitzaran ibaiarekin egiten du muga; ekialdean, berriz, errodatze-bide batekin. Titulartasun pribatua du, baina zati batean; Polinizatzaileen Lorategia erabilera publikokoa izango da.
Azpieremu horretan honako jarduera hauek planteatzen dira:
1.– Lehendik dauden eraikinen gaineko jarduketak. Zentral hidroelektrikoa/piszifaktoria zaharraren eraikina birgaitzea: oinplano angeluzuzeneko eraikina da, 169,17 m2-ko okupazioa du, bi isurkiko estalkia eta eraikuntza gehigarriz inguratuta dago. Perimetroko hormak harrizko harlangaitzez eginda daude; barruko egitura orokorra, berriz, egurrezkoa da. Eraikin birgaituaren oinplanoa 12,36 m x 14,09 m-ko azalerakoa izango da (174,00 m2), eta solairu bakoitzean 22,94 m2 handituko da. Hala ere, eraitsi beharreko bolumenak (bi, eraikin nagusiari atxikiak) guztira 78,17 m2-ko azalerakoak dira.
Eraikina landa-turismoko aterpetxe gisa erabiliko da, eta gehienez 38 plaza izango ditu. Aterpetxeaz gain, eraikinak erabilera publikoko taberna bat izango du. Eraikinaren profila honako hau izango da: beheko solairua, solairuartea, lehenengo solairua eta estalkipea.
Jasangarritasuna bermatzeko, eraikina EnerPhit zigiluaren estrategiekin eraikiko da (birgaitzeetarako Passive-house zigiluaren baliokidea).
Kanpoaldean, lehendik dagoen hormigoizko lurzorua murriztu egingo da, eta berdeguneak eta zoladura iragazkorrak gehituko zaizkio.
2.– Ekipamenduen gaineko jarduketak. Haurrentzako erabilera anitzeko kirolgunea: birmoldatu beharreko eraikinaren inguruan hormigoizko plataforma bat dago, zeina eraikinaren atzean eta haren luzapenean euste-horma bateraino iristen baita. Zoladura eta horma aprobetxatuz, erabilera anitzeko kirolgune bat sortzeko asmoa dago, frontoi txiki, ate eta saskiez hornitua. 62,47 m2-ko azalera bat da, eta esku-hartze minimoa egin nahi da, egiturarik gabe. Hormigoi autonibelatzailea isuriko da azalera egokia lortzeko eta bai hormetan bai lurzoruan lerroak margotuz zehaztuko dira erabilerak.
3.– Azpiegitura eta zerbitzuen gaineko jarduketak.
3.1.– Aparkalekuak eta oinezkoentzako sarbideak: eremuaren ekialderantz erabilera pribatuko aparkaleku bat egitea aurreikusten da, 8 plaza ingurukoa, aterpetxeko ostalarientzat. 393,86 m2 inguruko azalera izango du, eta zorua iragazkorra izango da.
Aparkaleku horretatik gertu, makineria eta erremintak gordetzeko etxola bat dago, 12,25 m2-koa, eta aurrerantzean ere horretarako erabiliko da.
Bestalde, aterpetxearen eraikinera iristeko, errodatzeko eta oinez ibiltzeko bide bat dago, 59,47 m-ko luzerakoa eta 2,70 m-ko zabalerakoa. Ezkerraldean bi plazako aparkaleku txiki bat egitea planteatu da, 168,28 m2 inguruko azalerakoa, mugikortasun urriko pertsonentzat.
3.2.– Sare elektrikoa eta telekomunikazio-sarea: eremuan gaur egun sare elektrikoa eta telekomunikazio-sarea daude, baina egokitu egingo dira, bertan aurreikusitako instalazio guztiei zerbitzua emateko.
3.3.– Saneamendu-sarea: gaur egun ez dago saneamendu-sare publikorik; ekipamenduek putzu septikoa dute. Aterpetxeko saneamendu-sistema berriak koipe-bereizgailua, solido-bereizgailua, homogeneizazio-hobia, araztegia eta iragazketa-tunela izango ditu.
3.4.– Ur-hornidurako sarea: aterpetxerako hargunea bisitarien etxeko (AGPu2) ur-hargunetik egingo da. Hodia AGPr eremuko bidetik igaroko da.
4.– Paisaiarekin eta ingurumenarekin lotutako jarduketak.
4.1.– Polinizatzaileen Lorategia sortzea: polinizatzaileak erakartzen dituzten landare-espeziez osatutako lorategi bat sortuko da, 900,00 m2 inguruko azalerakoa. Lorategia erabilera publikokoa izango da, eta landare-itxitura batek inguratuko du.
4.2.– Polinizatzaileen Hotelak: lorategi-jarduketaren osagarri gisa, zenbait intsektu polinizatzailek habiak egitea eta neguan bizirik irautea errazteko egiturak jarriko dira.
4.3.– Heskaiez egindako hesiak eta itxiturak: Otietako parke osoan heskaiak erabiliko dira sistematikoki lurzatiak ixteko (publikoak zein pribatuak).
4.4.– Horma berdeak: lehendik dagoen hormaren zati batean landare-eremu bat sortu nahi da, haurrentzako kirolgune gisa erabiliko ez den eremuan.
4.5.– Ezpondei eusteko hormak. Geo-horma berdea: mugikortasun urriko pertsonentzako bi aparkaleku-plazak sortzeko, lur-erauzketako ezponda txiki bat egonkortu beharko da euste-horma baten bidez.
4.6.– Zoladura iragazkorrak: bi aparkaleku-azaleretan eta birgaitu beharreko eraikinaren ingurunean zoladura iragazkorrak jarriko dira.
Aukerei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoak 2 aukera posible aurkezten ditu: 0 aukera eta Planak garatutako aukera, edo 1 aukera. 0 aukerak, edo esku ez hartzekoak, inguruaren egungo egoerari eustea ekarriko luke, zeinaren antolamendua egin beharra baitago, eta, horrez gain, ezingo litzateke Leitzarango ingurumen-hezkuntzako zentroa egokitu, ezta Otietako zentral zaharraren eraikina birgaitu ere –gaur egun ez da erabiltzen–. 1. aukerak, Planak garatutakoak, Leitzaran Bisitarien Etxearen eta Malo errekaren eskuinaldearen arteko eremuan aisialdiko eta atsedeneko erabilerak berrantolatzea planteatzen du.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Plana eraikuntzako eta/edo urbanizazio osagarriko obra-proiektuen bidez garatuko da, eta Otietako zentral zaharraren eraikina landa-turismoko aterpetxe gisa zaharberritzeko proiektua egitea aurreikusten da.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.c eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak zein neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planean ez dago baldintzatzailerik, besteak beste, kokalekuari, izaerari, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zein neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: planaren eremua HA.02-Leitzarango Landa Parkearen parte da, zeina Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean mugatuta baitago eta «Leitzarango Landa Parkearen Plan Berezian» (2017/02/06ko GAO, 25. zk.) eta haren 1. aldaketan (2019/10/18ko GAO, 200. zk.) antolatuta. Planaren ardatza Otietako ekipamendu-gunea da. Bertan, alde batetik, Leitzaran Bisitarien Etxearen inguruko erabileren antolamendua ezartzen du, eta, bestetik, zentral hidroelektrikoko eraikin zaharra landa-turismoko aterpetxe gisa birgaitzea ahalbidetzen du. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Planaren egokitasuna ingurumenarekin lotutako kontsiderazioak txertatzeko; garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren kontsiderazioak txertatzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake.
d) Planarekin loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo nabarmenik, betiere Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak indarrean dauden arauak betez gauzatzen badira, arlo hauetakoak, besteak beste: uholde-arriskua, naturagune babestuak (Leitzaran KBE), natura-ondarea, kultura-ondarea, urak, zarata, hondakinak, isurketak, segurtasuna eta osasuna, eta ingurumena.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren xede den eremua Leitzaran ibaiaren arroaren barruan dago, zehazki Leizotz auzoko 48 zenbakian, Andoaingo erdigunetik 2 km-ra. Eremuari Otietako Parkea deitzen zaio, eta Leitzaran Bailarara sartzeko atea da. Otieta ingurua ingurune artifizializatua da, atsedenerako gune gisa egokitua, eta, gainera, bisitariak hartzeko zentroaren egoitza da, Leitzaran Bisitarien Etxearena. Eremuaren azalera osoa 32.647,97 m2 ingurukoa da.
Hidrologiari dagokionez, eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Oriako unitate hidrologikoari dagokio. Eremua Leitzaran ibaiaren eskuinaldean dago, eta Malo errekak zeharkatzen du ekialde-mendebalde norabidean. Hala, eremua bi zatitan banatzen du. Malo errekak Leitzaran ibaira isurtzen ditu urak, eremuaren mendebaldeko muturrean.
Eremua Andoain-Oiartzun lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017-002). Eremuaren mendebaldeko eremu bat interes hidrogeologikoko gune batean dago.
Naturagune babestuei dagokienez, eremuaren mendebaldeko muturrak Leitzaran Ibaia KBE-Kontserbazio Bereziko Eremuarekin (ES2120013) muga egiten du. Eremu hori urriaren 16ko 215/2012 Dekretuaren bidez deklaratu zen KBE, eta martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuan ere jasota dago haren araudia. Era berean, Leitzaran ibaia natur erreserba bat da (ES212006).
EAEko Igarobide Ekologikoen Sarearen arabera, eremua Aralar-Aiako Harria Igarobide Ekologikoaren Moteltze Eremuaren parte da. Gainera, Leitzaran ibaia «lotura-interes bereziko ibai-tartetzat» hartzen da. Azpiegitura berdeari dagokionez, Leitzaran ibaia biodibertsitatearen erreserbatzat hartzen da.
EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LAPen arabera, eremuaren mendebaldean, Leitzaran ibaiaren ertzak «Ondo kontserbatutako landaredia duten ertzak» dira.
Leitzaran ibaia eta haren ertzak bisoi europarrarentzat eta muturluze piriniotarrarentzat «interes bereziko eremu» gisa identifikatuta daude, espezie horiek kudeatzeko planei jarraituz.
Landarediari dagokionez, eremuaren azaleraren erdia gutxi gorabehera belardiek hartzen dute. Leitzaran ibaiaren ertzean haltzadi kantauriarra dago. Gainera, inguru horretan baso misto atlantikoko baso-masa txiki bat identifika daiteke. GeoEuskadiren arabera, eremuan Batasunaren intereseko bi habitat daude: 6510 Altitude baxuetako sega-belardi txiroak eta 91E0* Haltzadiak eta lizardiak. Nabarmendu behar da jarduketak batez ere eremuko landaretzarik gabeko gune urbanizatuetan proiektatzen direla.
EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako LAPek «Nekazaritza eta abeltzaintza: Trantsizioko landa-paisaia» kategoriaren barruan sartzen du jarduketa-azalera.
Otietako zentral hidroelektriko zaharraren eraikina Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Hirigintza Ondarearen Katalogoan dago, babes-maila honekin: «II.a maila. Udal intereseko ondasun higiezinak 1». Horri dagokionez, «Otietako Zentralaren Ondarea Ebaluatzeko Txostena» aurkeztu da, Aranzadi Zientzia Elkarteak idatzia (2022ko iraila). Azterlan historiko-arkeologikoak egungo eraikinerako eta haren ingurune hurbilerako jarduketa-proposamenarekin lotutako jarduketa-jarraibideak ezartzen ditu:
– Antzinako burdinolarekin (eta ondorengo irin-errotarekin) lotutako eraikuntza-egitura eta/edo egitura arkeologiko posibleak lurzatiaren goiko aldean daude, beraz, Otieta baserriarekiko eta proiektatutako jarduketekiko oso urrun, eta ez dute inolako eraginik jasango.
– Zentral hidroelektrikoko makina-etxe zaharraren eraikinak, XX. mendearen hasierakoak, ondare-balio garrantzitsurik gabeko industria-arkitektura du.
* Makina-etxe zahar horren barrualdea, beheko solairuari dagokionez, oso aldatuta dago. Ondorioz, energia hidroelektrikoa sortzeko instalazioaren jatorriarekin lotutako ondare-elementuak ia erabat galdu dira. Sinbolikoki, birmoldaketa-proposamenak hegoaldeko horma-atalean bi hornidura-hodien arrastoa gordetzeko aukera planteatzen du, kontserbatutako lekukotasun bakar gisa.
* Lehenengo solairuak ez du garrantzi berezirik ondarearen ikuspegitik.
* Estalkipeko solairua da itxuraz aldaketa handirik izan ez duen bakarra. Jatorrizko sostengu-egitura, zurezko piezekin egina, nahiko egoera onean dago. Nolanahi ere, aipatzekoa da sostengu-egitura oso sinplea eta pobrea dela, kalitate txikiko materialekin egina eta teknikoki oso eskasa. Lekukotasun gisa, berreskuratzeko aukera plantea liteke.
– Makina-etxe zaharraren inguruan eraikinari atxikitako beste eraikuntza batzuk daude, baina ez dute inolako garrantzirik eta eraikinaren irudia degradatzen dute.
– Hornidura-azpiegitura zaharrarekin zerikusia duten hondarrak, eta, bereziki, karga-ganbera eta hornidura-kanala, kontserbazio-egoera onargarrian daude, baina haien estaldura-sistema zehatz-mehatz berrikustea komeni da edo erabat betetzea, istripurik ez izateko. Jarduketa hori egiteaz gain, puntu horretan desnibel handia dagoenez, segurtasun-perimetro bat ezarri beharko litzateke, erorikoak saihesteko. Inguru horretako ondare-baliorik gabeko eraikuntza-hondarrak (hodiak, pantaila-hormak) kentzea komeniko litzateke, etorkizuneko erabiltzaileentzat arriskutsuak izan daitezkeelako eta multzoa interpretatzeko ekarpen handirik egiten ez duten elementu degradatzaileak direlako.
– Eraikinaren eta haren azpiegituren memoria historikoa erabat ez galtzeko, interpretazio-elementuren bat jartzea komeni da, gaur egungo higiezinaren ezaugarriak eta bilakaera historikoa azaltzeko.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuan 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua dago. Ildo horretan, «Leitzaran ibaiaren Andoain udalerriko Otietako azterketa hidraulikoa» aurkeztu da, Salaberria ingeniaritzak egina (2018). Bertan ondorioztatzen denez, zentral hidroelektriko zaharraren eraikinean planteatutako erabilera zuzena da, baldin eta bizitegi-erabilera 500 urteko errepikatze-denborako kotatik gora badago, hau da, 68,44 metroko kotatik gora. Horrek esan nahi du, proposamenean planteatzen den bezala, beheko solairuan harrera, kafetegia, biltegiak eta abar jar daitezkeela, baina ez logelak. Horri dagokionez, Kantauri Ekialdeko Konfederazio Hidrografikoaren 2021eko apirilaren 24ko txostena erantsi da. Txosten horretan, arroko erakundearen eskumen-eremuaren barruan, Otietako zentral hidroelektriko zaharraren eraikina zaharberritzeko lanak egiteko baimena ematen da.
Eremuak, oro har, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun oso txikia du edo ez da hautematen, salbu eta mendebaldeko gune batek, zeinak kalteberatasun ertaina baitu.
Arrisku geoteknikoei dagokienez, ingurumen-dokumentuak adierazten duenez, eremuak eraikuntza-baldintza egokiak ditu erdialdetik iparrera (aurreikusitako eraikin-birgaitzea); erdialdetik hegora, berriz, baldintza txarrak ditu, haustura-arazo handiez gain, eusteko eta bermatzeko arazoak eragin ditzake, eta aldapa handiak ditu.
Eremuan ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokalekurik.
Azaldutakoa kontuan hartuta, Planak indarrean dagoen plangintzan izango dituen ondorio nagusiak obra-fasean gertatuko dira, honako hauei lotuta: urbanizazioa hobetzea, zentral hidroelektriko zaharraren eraikina birgaitzea, hiru berdeguneetako erabilerak egokitzea, haurrentzako kirolgunea sortzea, azpiegituren eta zerbitzuen gaineko jarduketak eta paisaiarekin zein ingurumenarekin lotutako jarduerak. Obren fasean, jarduketen ondorioz, makinak joan-etorrian ibiliko dira, emisio atmosferikoak eta hondakinak sortuko dira, istripuzko isurketen eraginez azaleko eta lurpeko urak eta lurzoruak kaltetzeko arriskua egongo da, zaratak eragingo dira eta abar.
Ustiapen-fasean ez da espero Planaren ondoriozko eragin negatibo nabarmenik. Uholde-arriskuari dagokionez, aurkeztutako azterlan hidraulikoak adierazten duenez, eraikinean proposatutako erabilerak arlo horretako araudiarekin bateragarriak dira, eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eraikina zaharberritzeko obrak baimendu ditu (Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren 2021/04/29ko txostena). Eragin positibo gisa, azpimarratzekoa da paisaiarekin eta ingurumenarekin lotutako jarduketak egingo direla (polinizatzaileen lorategia, polinizatzaileen hotelak, heskaiez egindako hesiak eta itxiturak, horma berdeak, etab.), eta oinezkoen zein ibilgailuen mugikortasuna hobetuko dela.
Planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.
Proposatzen diren jarduketak eta horien ondorioak aintzat hartuta, eraginak ez dira oso handiak izango, baldin eta indarrean dauden legeak betetzen badira, eta, bereziki, uholde-arriskuari, naturagune babestuei (Leitzaran KBE), natura-ondareari, kultura-ondareari, zaratari, urari, hondakinei, isurketei, ingurumenari, segurtasunari eta osasunari buruzkoak, eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.
Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planetik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketek eragin nabarmenik izatea ingurumenean.
3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Andoaingo HA.02-Leitzarango Landa Parkearen Plan Bereziaren 2. aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
Beraz, planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:
– Natura-ondarea babesteko neurriak.
* Leitzaran ibaiari eta haren inguruari balioa emateko, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren 2024/03/12ko txostenarekin bat etorriz, Planak ibaiertzen lehengoratzean aurrerapausoak emateko jarduera espezifikoak jasoko ditu. Helburu horretarako, ibaiertzeko basoa sendotzeko landaketak egingo dira, alde batetik, ibaiertzaren eta erabilera publikoko gunearen tartea handitzeko, eta, bestetik, ibai-ibilguaren funtzionaltasun ekologikoa indartzeko.
* Leitzaran Ibaia Kontserbazio Bereziko Eremuan (ES2120013) egiten diren jarduketek Gipuzkoako Foru Aldundiko gune babestuen kudeaketaz eta basafloraren eta basafaunaren kudeaketaz arduratzen diren zerbitzuen onespena izan beharko dute. Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuaren 2024/02/23ko txostenarekin bat etorriz, lanak hasi baino bost (5) egun lehenago gutxienez, zerbitzu horri obrak zein egunetan eta zein ordutan hasiko diren jakinaraziko zaio (tel. 943 11 20 75).
Era berean, aurreikusitako jarduketak Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuaren txostenean ezarritako neurri zehatz hauek betez egingo dira, naturagune babestuko faunan eta floran inpaktu nabarmenik sortzen ez dela bermatzeko:
* Ur beltzen isurketak ez du eraginik izango Leitzaran ibaiko uren kalitatean. SBR arazketa-sistema baterako egokitzapenak eta eraikinetik datozen ur beltzen isurketaren ondorengo infiltrazioak –Uraren Euskal Agentziak baimendua– isurketen muga-balio baimenduak beteko dituzte, ibai-uren kalitateari eragin gabe.
* Leitzaran ibaiaren ertzean ez da sasi-garbitzerik egingo.
* Obrak ezingo dira otsailaren 15etik uztailaren 31ra bitartean egin.
– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren 2024/03/12ko txostenaren arabera, kontuan hartuko da Otietako zentralaren eraikina zaharra dela eta balitekeela bertan intereseko fauna ibiltzea (gaueko harrapariak, saguzarrak). Beraz, hura birgaitu aurretik prospekzioak egingo dira, beharrezkoa bada prebentzio-neurriak ezartzeko. Gainera, eraikina Leitzaran ibaiarekin mugakide denez, ezinbestekoa da obren kronogramarekin zorrotzak izatea, bisoi europarrari eta muturluze piriniotarrari ahalik eta eragin gutxien sortzeko.
– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.
Otietako Zentralaren Ondarea Ebaluatzeko Txosteneko ondorioen arabera (2022ko iraila), eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren 2024/03/12ko txostenean ezarritakoaren arabera, honako neurri hauek beteko dira:
* Otietako zentralari lotutako karga-ganbera eta hornidura-kanala estaltzeko sistemak berrikusiko dira, edo guztiz beteko dira, istripurik gerta ez dadin; era berean, puntu horretan desnibel handia dagoenez, segurtasun-perimetro bat ezarriko da, erorikoak saihesteko.
* Aterpetxe berriaren aparkalekuaren kokapena aztertuko da, Otietako zentralari lotutako karga-ganberaren egiturari eragin ez diezaion.
* Otietako zentralaren inguruko ondare-baliorik gabeko eraikuntza-hondarrak (hodiak, pantaila-hormak) kenduko dira, etorkizuneko erabiltzaileentzat arriskutsuak izan daitezkeelako eta multzoa interpretatzeko ekarpen handirik egiten ez duten elementu degradatzaileak direlako.
* Higiezinaren ezaugarriak eta bilakaera historikoa azaltzeko interpretazio-elementuren bat jarriko da, eraikinaren eta haren azpiegituraren memoria historikoa erabat ez galtzeko.
– Uholde-arriskuak murriztera bideratutako neurriak.
Planetik eratortzen diren jarduketek bat etorri beharko dute Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoak (2022-2027) uholde-arriskua duten eremuak kudeatzeko ematen dituen irizpideekin (urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuak onartu zuen plan hidrologiko hori, Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceuta, Melilla, Segura eta Júcarreko eta Kantauri Ekialde, Mińo-Sil, Duero, Tajo, Guadianako mugape hidrografikoetako espainiar alderdiko eta Ebroko plan hidrologikoen berrikuspena onartzekoak); era berean, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren e.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko araudia.
Ildo horretan, aurkeztutako azterketa hidraulikoaren arabera, aterpetxe berrian bizitegi-erabilera Q500 kotaren gainetik jarri beharko da, hau da, 68,44 metroko kotatik gora; era berean, beheko solairua harrera, kafetegia, biltegia eta abar jartzeko izan daitezke, baina inoiz ez egongelak eta logelak jartzeko.
– Intereseko landaredia babesteko neurriak.
Egun dauden hostozabalen masei eragitea saihestuko da (baso misto atlantikoa eta haltzadia). Lanak hasi aurretik zehaztasunez balizatuko da landaredi hori, kalterik ez egiteko. Hala badagokio, aparkaleku eta oinezkoentzako sarbide berriek hostozabal-masa horiei lotutako zuhaitzen oinak integratuko dituzte beren antolamenduan, eta, nolanahi ere, Planaren eremuko jarduketen helburua horiek egoera egokian mantentzea izango da.
– Jabari publiko hidraulikoa eta ingurune hidrikoa babesteko neurriak.
* Ibilguak zaintzeko eremuan egiten diren jarduerek Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimena izan beharko dute nahitaez, eta baimen hori Uraren Euskal Agentzian izapidetuko da.
* Ibilgutik hurbil lurrak mugitu nahi badira, drainatze-sare naturalera partikula txiki gutxiago isurtzeko, ibilgu ondoan solido esekiei eusteko sistemak proiektatuko dira (ibaiertzeko landaredia ez da inola ere ukituko).
– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurretik adierazitakoa ezertan galarazi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara ezer ez isurtzea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, baita lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
Obretan arreta berezia jarriko zaio Leitzaran ibaiaren ertzeko landaredia babesteari.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak eta hondeaketetatik eratorritakoak.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Olio erabiliak kudeatzeko, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaio.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinen tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete egingo dituzte Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da, hondakin arriskutsuak behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, etab.) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Zereginen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolatu gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Lurzoruen eta uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-fasean istripuzko isurien eragina saihesteko (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurrak kendu eta kudeatzea eta abar).
Egin beharreko jarduketak tamaina txikikoak direla eta, ez da beharrezkotzat jotzen obra-eremuan makinen mantentze-lanak egitea (depositua betetzea, lubrifikatzaileak aldatzea, etab.). Hala ere, hori egitea ezinbestekoa bada, plataforma iragazgaitz baten gainean egingo da, eta plataforma horrek hondakinak biltzeko sistema bat izan beharko du –bereziki olio erabiliak biltzeko–, urak ez kutsatzeko.
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira.
– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Landareztatzeetan erabiltzen diren espezieek inguru horretako landaredi potentzialarekin bat etorri beharko dute.
– Obretako zaratak: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketaren alde ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Baldin eta aurreikusten bada obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko, bat etorriz urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluarekin. Inpaktu akustikoaren azterketan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
– Horrek guztiak ez du kentzen Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzea; hau da, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, hark zer neurri hartu behar diren erabaki dezan.
– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
– Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Lehengoratze-lanetan erabiltzen den landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
* Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
* Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea eta/edo -kontsumoa murriztea.
* Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
* Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
* Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
* Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Andoaingo (Gipuzkoa) HA.02-Leitzarango Landa Parkearen Plan Bereziaren 2. aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Andoaingo Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Andoaingo HA.02-Leitzarango Landa Parkearen Plan Bereziaren 2. aldaketa onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 17a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.