Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2024ko maiatzaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2262

55/2024 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Portugaleteko Udalarekin sinatutako hitzarmena, deribazio judizialaren bidezko familia-elkarguneko zerbitzua Portugaleten kudeatzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Portugaleteko Udalarekin sinatutako hitzarmena, deribazio judizialaren bidezko familia-elkarguneko zerbitzua Portugaleten kudeatzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 6a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 6KO 55/2024 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA PORTUGALETEKO UDALAREN ARTEKOA, DERIBAZIO JUDIZIALAREN BIDEZKO FAMILIA-ELKARGUNEKO ZERBITZUA PORTUGALETEN KUDEATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 26a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Nerea Melgosa Vega andrea, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, 2023ko otsailaren 13ko 6/2023 Dekretuaren bidez izendatutakoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, ekainaren 30eko 7/1981 Legeak (Jaurlaritzaren Legeari buruzkoak) 26. artikuluan esleitzen dizkion eskumenen arabera.

Beste alde batetik, Mikel Torres Lorenzo, Portugaleteko Udaleko alkatea/presidentea, erakunde hori ordezkatuz.

Alde biek egintza honetan esku hartu ahal izateko izaera eta ahalmena aitortzen diote elkarri, eta, era berean, agiri hau egiteko legezko gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri. Horretarako, honako hau

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– 2013ko urriaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Portugaleteko Udalak hitzarmen bat sinatu zuten, Portugaleteko familia-elkargunearen zerbitzua emateko kudeaketa-gomendiorako.

2013ko ekainaren 19an, beste hitzarmen bat sinatu zuten bi erakundeek, Portugaleteko deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargunearen zerbitzua kudeatzeko.

2022ko martxoaren 22an, beste hitzarmen bat sinatu zuten bi erakundeek, Portugaleteko deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargunearen zerbitzua kudeatzeko.

Bigarrena.– 2011ko abenduaren 1ean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 228. zenbakian, 239/2011 Dekretua, azaroaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak arautzen dituen uztailaren 1eko 124/2008 Dekretua aldatzeko dena. Aipatu dekretua ezarri da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako egitura, eskumenak eta eginkizunak aldatu direlako, 124/2008 Dekretua indarrean jarri ondoren. Dekretu horrek familia-elkarguneen kudeaketa esleitu zion Eusko Jaurlaritzan Gizarte Gaien gaineko eskumena zuen sailari, baina, gaur egun, Justiziaren gaineko eskumena duen Saila arduratzen da kudeaketa hori egiteaz.

Hirugarrena.– Uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko deribazio judizial bidezko familia-elkarguneak arautzen ditu, eta azaroaren 22ko 239/2011 Dekretuaren bidez aldatu da) arrazoien azalpenean adierazitakoaren arabera, Gizarte Zerbitzuen gaineko eskumena duen sailak deribazio judizial bidezko familia-elkarguneak sortu, eta haien funtzionamendua bermatuko du, erantzukizun publikoko zerbitzu gisa, eta ekintza zuzeneko deklaratuko ditu, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak 39.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Laugarrena.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailak ez du bitarteko pertsonal, tekniko eta material egokirik Portugaleten deribazio judizial bidezko familia-elkargunearen zerbitzua emateko.

Bestalde, Portugaleteko Udalak etenik gabe eman du zerbitzu hori 2005. urteaz geroztik; ondorioz, badu bitarteko eta esperientziarik aski, bai eta lokal egokiak ere, zerbitzu hori emateko.

Bosgarrena.– Administrazio publikoen arteko lankidetzak administrazio publikoen arteko harremanak arautzen dituzten printzipio orokorrak ditu esparru, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 3.1.k) artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

Horretarako, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak 100.1 artikuluan ezartzen du lankidetza-hitzarmenak egin daitezkeela administrazioen artean, kudeaketa publikoa eraginkorra izateko eta administrazio-bikoizketak saihesteko edo deuseztatzeko.

Horrekin batera, aipatu Legearen 100.2 artikuluak ere zehazten du lankidetza-hitzarmen horien bidez aldeek aukera izango dutela, batetik, sektore edo biztanleria jakin bati bideratutako sustapen-politikak koordinatzeko, bestetik, aldeetako baten eskumeneko obrak edo zerbitzuak gauzatzeko, eta, azkenik, aipatu legean zehaztutako eskumenak garatzeko beharrezkoak diren egoitzak, lokalak edo eraikinak partekatzeko, izan bereak, eskualdatuak, transferituak edo aurrekoez bestelakoak.

Seigarrena.– Portugaleteko deribazio bidezko familia-elkargunearen kudeaketarako lankidetza dagokion hitzarmenaren bidez formalizatuko da, eta hitzarmen horren bidez ezarriko dira, beraz, lankidetzaren nondik norakoak, gai honen gainean administrazio publikoen artean ezartzen den lankidetza arduratsuari jarraikiz.

Zazpigarrena.– Hori guztia dela eta, bi aldeak ados daudenez beren interesetan, lankidetza hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Portugaleteko Udalaren arteko lankidetza antolatzea da hitzarmen honen xedea, Portugaleteko udalerrian deribazio judizial bidezko familia elkargunearen jarduera garatzeko.

Bigarrena.– Izaera Juridikoa.

1.– Hitzarmen hau administratiboa da, eta hauek izango ditu arau: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea.

2.– Hitzarmena interpretatzean eta egikaritzean eztabaidarik sortuz gero, aldeen artean konponduko dira, ados jarrita, bosgarren klausulan aurreikusten den batzordean. Hala ere, hitzarmenak administrazio-izaera duela ikusita, hitzarmenaren interpretazio eta aplikazioan desadostasunik sortuz gero, aldeek konpondu ezinezkoa, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.– Portugaleteko Udalaren betebeharrak.

Portugaleteko Udalak honako betebehar hauek hartzen ditu bere gain:

– Portugaleteko familia-elkarguneak egoki eskainiko ditu 124/2008 Dekretuak (azaroaren 22ko 239/2011 Dekretuak aldatua) 5. artikuluan zehaztutako zerbitzuak, dekretu horren 6. artikuluko printzipio orokorren arabera.

– Portugaleteko familia-elkargunean Portugaleteko udalerrian bizi diren familien elkargunean esku hartzeko ebazpen judizialak artatuko dira. Egoera berezietan hurbileko udalerrietako familiei lagundu ahal izango zaie, gehienez 10 familiari.

– Portugaleteko Udalari dagokio familia-elkargunea nola kudeatu behar den zehaztea.

– Profesionalek errespetatu egingo dituzte aipatu dekretuaren 10. artikuluan ezartzen diren erabiltzaile-eskubideak eta 13. artikuluan aipatzen diren betebeharrak. Haurren eta nerabeen interes gorena izango da beti zerbitzuaren funtsezko kontua.

– 124/2008 Dekretuak (azaroaren 22ko 239/2011 Dekretuak aldatua) III. kapituluko 2., 3. eta 4. sekzioetan aipatutako esku-hartzeko prozedura, jarduerak eta jardun-protokoloak beteko dira zerbitzua ematean.

– Balorazioa eta esku-hartzeko plana banakakoak izango dira. Antolaketaren egiturak eta profesionalen prestakuntzak bermatuko dute emandako zerbitzuaren egokitasuna.

– Hiru hilean behin, Portugaleteko Udalak azalpen-memoria aurkeztuko du. Bertan, artatutako kasuei buruzko informazio estatistikoa jasoko da, bai eta haietan gertatutako gorabehera interesgarrien eta bilakaeraren balorazioa ere.

– Behin urte naturala amaituta, eta, hala badagokio, luzapen-urte bakoitzaren amaieran, urtean zehar garatu diren jardueren memoria aurkeztu beharko du Portugaleteko Udalak. Memoria horretan, hiru hileko txostenetan jasotako informazioa bilduko da, eta, bestetik, kudeaketarekin, prestakuntza-jarduerekin, ikerketa-jarduerekin, zerbitzuaren balorazioarekin eta zerbitzua hobetzeko proposamenekin lotutako kontuen berri emango da.

– Familia-elkargunearen bulegoetan nahiz erabiltzen diren agirietan, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailaren logotipoa eta ikurra agertu beharko dira.

– Portugaleteko Udalak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailean justifikatu beharko du baldintzak eta eskakizunak betetzen dituela, bai eta aginduan aipatzen diren jarduerak klausula horretan bertan aurreikusitako moduan eta epeetan gauzatu dituela ere.

Nolanahi ere, familia-elkarguneak bete egin beharko ditu uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuak (EAEko deribazio judizial bidezko familia-elkarguneak arautzen ditu, eta azaroaren 22ko 239/2011 Dekretuaren bidez aldatu da) 8. artikuluan ezartzen dituen baldintzak, eta, beraz, Portugaleteko Udalak egoera hori egiaztatu beharko du EAEko Administrazioaren Orokorraren aurrean.

– Betebehar hori urratzen baldin bada, kudeaketa-gomendioa indarrik gabe geratuko da, zazpigarren klausulan ezarritakoaren arabera.

– Portugaleteko Udalak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailak egin beharreko egiaztapenak beteko ditu, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi zehatzean aurreikusitakoak ere.

– Hitzarmen hau adosteko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, aldaketa horren berri emango dio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailari.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzan Justiziaren eskumena duen sailaren betebeharrak.

Eusko Jaurlaritzan Justiziaren eskumena duen sailak honako betebehar hauek izango ditu:

1.– Era honetan eta 2024. urteko zenbatekoa ekitaldi horretako ohiko aurrekontuaren kargura ordainduko da:

1.– Lehen ordainketa: hitzartutako kantitatearen % 25, 50.000,00 euro, urte hasieran.

2.– Bigarren ordainketa: hitzartutako kantitatearen % 25, 50.000,00 euro, apirilean.

3.– Hirugarren ordainketa: hitzartutako kantitatearen % 25, 50.000,00 euro, uztailean.

4.– Laugarren ordainketa: hitzartutako kantitatearen % 15, 30.000,00 euro, urrian.

5.– Bosgarren ordainketa: Portugaleteko Udalak jasandako benetako gastuan ordaintzeke dagoen zenbatekoaren araberakoa izango da, gehienez ere urtean esleitutako zenbatekoaren muga ezarrita.

Ordainketa hori egingo da Portugaleteko Udalean fede publikoa duen pertsonak igorritako ziurtagiria aurkeztu ondoren. Ziurtagiri horretan, zerbitzua ematearen ondoriozko zenbateko ekonomiko guztia jasoko da.

Gastuaren ziurtagiri horrekin batera, urtean zehar garatutako jarduerak azaltzen dituen memoria aurkeztuko da, aurretik ere zehaztu den bezala.

Ziurtagiria eta azalpen-memoria Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Saileko Justiziako zuzendariaren aurrean aurkeztu beharko dira, 2024ko urtarrilaren 28a baino lehen. Luzapenik egotekotan, hurrengo urteetako data hori baino lehenago aurkeztu beharko da.

Nolanahi ere, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren ekarpenak gehienez ere 200.000,00 euroko muga izango du, eta, beraz, hitzarmenaren indarraldia amaitzean zerbitzuaren kostua aipatu kopurua baino baxuagoa dela zehazten bada, benetan ordaindu behar den zenbatekoa likidatuko da, eta, zenbateko horren arabera, EAEko Administrazio Orokorrak egiteke dagoen ordainketa osoa edo zati bat ordainduko du, hala badagokio, edo, bestela, egokia bada, ordainketa hori deuseztatuko du, eta, beharrezkoa bada, Udalari errekerimendua egingo dio, hitzarmena sinatu zuen unean dagoeneko jaso zuen zenbatekoaren zatia itzul dezan.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailak konpromisoa hartzen du bere gain hartzeko bere logotipoa eta ikurra Familia elkarguneko seinaleetan eta bulegoetan eta erabiltzen diren dokumentuetan sartzeak dakartzan kostuak.

Bosgarrena.– Hitzarmena betetzen dela ziurtatzeko Jarraipen eta Kontrol Erregimena.

1.– Hitzarmen hau sinatutakoan, Jarraipen eta Kontrol Batzordea sortuko da, eta hitzarmenean ezarritakoa gauzatzeko koordinazioaz, kontrolaz, gainbegiratzeaz eta informazioaz arduratuko da.

2.– Jarraipen Batzordea kide anitzeko organo mistoa izango da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengo artikuluetan ezarritakoa betez. Akordioak, ahal bada, adostasunez hartuko dira; ezin bada, kideen gehiengoaren botoarekin eta, berdinketa badago, batzordeburuaren botoak erabakiko du.

3.– Jarraipen eta Kontrol Batzordea alde sinatzaile bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute. Sinatu ondoren, alde bakoitzak bere lehen ordezkariak izendatuko ditu.

4.– Batzordeburu izatea Justizia Zuzendaritzako titularrari edo hark eskuordetzen duenari egokituko zaio, eta idazkari izatea, berriz, Justizia Zuzendaritzaren teknikarien ordezkari bati.

5.– Jarraipen eta Kontrol Batzordea gutxienez urtean behin bilduko da, Justizia Zuzendaritzaren ekimenez eta alde sinatzaileetako batek eskatzen duen aldi guztietan.

Jorratu beharreko gaiaren arabera, aholkulariak joan ahal izango dira batzordearen bileretara, eta hitza izango dute, baina botorik ez.

6.– Hauek izango dira Batzordearen zeregin nagusiak:

a) Hitzarmen honen xede diren jarduerak eta betebeharrak garatu eta betetzen direla sustatzea. Hitzarmen honen xede diren jardueren garapena sustatzea, eta aldeen betebeharrak betetzen direla zaintzea.

b) Koordinazio-mekanismoak ezartzea, alde sinatzaileen arteko harremanaren jarioa errazteko.

c) Hitzarmenaren helburua hobeto lortzeko egokitzat jotzen diren hedapenak eta hobekuntzak proposatzea.

d) Hitzarmena indarrean dagoen artean agertzen diren zalantzak, hutsuneak eta gai gatazkatsuak interpretatzea, eta, hala badagokio, ebaztea.

e) Portugaleteko Udalak eta Eusko Jaurlaritzan justizia-arloko eskumena duen sailak lokala zenbat erabiltzen duten egiaztatzea (ehunekotan), azken horri dagozkion gastuen zenbatekoa zehazte aldera.

f) Hitzarmen honen indarraldian beharrezkotzat jotzen dituen aldaketak proposatzea, alde sinatzaileek hala hitzartzen badute. Hitzartzen diren aldaketak eranskin gisa gehituko zaizkio hitzarmenari.

Seigarrena.– Elkarrekikotasuna.

Hau sinatzen duten bi aldeek hitzematen dute hitzarmenarekin zerikusia duten gai guztietan elkarrekin eta aktiboki lankidetzan arituko direla eta duten informazio, ezagutza eta esperientzia guztia trukatuko dutela, hitzarmenaren helburua ahalik eta ongien betetzeko eta baliabideak une bakoitzeko beharretara egokitzeko.

Zazpigarrena.– Hitzarmena Suntsiaraztea.

Hitzarmen hau honako inguruabarren bat gertatzen denean suntsiaraziko da:

1.– Aldeen artean hala adostea.

2.– Hitzarmena sinatzerakoan hartutako betebeharrak behin eta berriz eta modu larrian urratzea.

3.– Unean uneko ekitaldi ekonomikorako kreditu egoki eta nahikorik ez egotea.

4.– Indarrean dauden legeetan hitzarmena suntsiarazteko ezartzen den beste edozein arrazoi egotea.

5.– Aldeetako edozeinek suntsiaraztea, gutxienez hiru hilabete lehenago modu frogagarrian jakinarazita.

Zortzigarrena.– Indarraldia.

1.– Hitzarmen hau 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta isilbidez egutegiko urteka luzatuko da, gehienez ere 4 urtez, aldeen batek espresuki uko egiten ez badio. Horrez gain, hitzarmena aurrekontu-kontsignazio egoki eta nahikoa egoteko baldintzapean egongo da indarrean.

2.– Hitzarmena suntsiarazten bada, aldeak behartuta egongo dira beren betebeharrak betetzera, suntsipena gauzatzen den edo hartutako betebeharrek ondoriorik izateari uzten dioten egunera arte.

Bederatzigarrena.– Aldaketa.

Hitzarmen hau aldatzeko, berariaz adostu beharko dute sinatzaileek, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.g) artikuluaren arabera, eta dagokion aldaketa-gehigarriaren bidez egingo da, hitzarmenaren indarraldia amaitu baino lehen.

Hamargarrena.– Datu Pertsonalen Babesa.

Bi alderdien konpromisoa da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa betetzea; hain zuzen ere, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoa garatzen duen Erregelamendua onartzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeko. Betebehar horrek proiektua amaitu ondoren ere iraungo du. Halaber, hala dagokionean, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legean ezarritakoa bete beharko dute.

Hitzarmena betearazteko erakundeak datu pertsonalak eskuratu behar baditu, eta datu horien tratamenduaren arduraduna Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Saila bada, hitzartutako erakundea izango da tratamendu-eragilea.

Erakundeak datu pertsonalak erabili behar baditu hitzarmena betetzeko, datu pertsonalen arloan indarrean dagoen legeria bete beharko du, bai eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ematen dizkion jarraibideak ere.

Kasu horretan, erakundea, tratamendu-eragilea den aldetik, behartuta dago datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko eta datu horien aldaketa, galera, tratamendua edo sarbide baimendua saihesteko beharrezkoak diren neurri teknikoak eta antolakuntzakoak hartzera, bai giza ekintzaren ondorioz, bai ingurune fisiko edo naturalaren ondorioz.

Erakundeak ezingo die daturik eman hirugarrenei, eta ezingo ditu erabili kontratua betetzeko beharrezkoak ez diren helburuetarako.

Betebehar horiek guztiak hitzarmen honen I. eranskinean («Datu Pertsonalen Tratamendua») jaso eta garatzen dira.

Aurreko guztiarekin bat etorriz, sinatzaileek, beren eskumenak baliatuz, behar bezala jasota geratzeko eta ados daudela adierazteko, hasieran adierazitako lekuan eta egunean hitzarmena bi aletan eta ondorio bakarraz sinatu dute.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

Portugaleteko Udaleko alkate jauna,

MIKEL TORRES LORENZO.

ERANSKINA
DATU PERTSONALEN TRATAMENDUA

1.– Tratamendu-eragilearen estipulazioak.

Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (aurrerantzean, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), Portugaleteko Udalak betebehar hauek bete behar ditu:

a) Datu pertsonalak hitzarmen honetan dokumentatutako jarraibideen arabera tratatzea, bai eta, hala badagokio, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Zuzendaritzatik (aurrerantzean, J.Z) unean-unean idatziz jasotzen dituen jarraibideen arabera ere.

Portugaleteko Udalak berehala jakinaraziko dio J.Zri, baldin eta, bere iritziz, jarraibide bat une bakoitzean aplikatzekoa den datu pertsonalak babesteko araudiaren aurkakoa bada.

b) Datu pertsonalak ez erabiltzea edo aplikatzea hitzarmen honen xedea ez den beste helburu baterako.

c) Datu pertsonalak Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 32. artikuluan aurreikusitako segurtasun-irizpideen eta edukiaren arabera tratatzea, eta eskura dituen datu pertsonalen konfidentzialtasuna, sekretua eta osotasuna bermatzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren segurtasuneko neurri teknikoak eta antolakuntzakoak hartzea.

Zehazki, eta izaera mugatzailerik gabe, eranskin honen 2. apartatuan zehaztutako arrisku- eta segurtasun-maila babesteko neurriak aplikatzeko betebeharra hartzen du bere gain.

d) Erabateko konfidentzialtasunari eustea hitzarmena betearazteko eskuratzen dituen datu pertsonalei buruz, bai eta haien tratamendutik ateratzen direnei buruz ere, edozein euskarritan lortu direla ere. Betebehar hori Portugaleteko Udalaren konturako tratamenduaren edozein fasetan esku har dezakeen pertsona orori aplikatuko zaio, eta alderdi horrek sekretu-betebehar horren eta betebehar horri eusteko betebeharraren berri eman beharko die haren mendeko pertsonei, baita hitzarmenaren betearazpena amaitu ondoren edo hura deslotu ondoren ere.

e) Hitzarmen honen xede diren datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonen zerrenda bat egitea, eta bermatzea pertsona horiek konpromisoa hartzen dutela, berariaz eta idatziz, konfidentzialtasuna errespetatzeko eta dagozkion segurtasun-neurriak betetzeko (neurri horien berri behar bezala eman behar diete), bai eta dokumentazio hori JZren eskura izateko ere.

f) Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek datu pertsonalak babesteko arloan behar den prestakuntza dutela bermatzea.

g) Kasu bakoitzean tratamenduaren arduradunaren berariazko baimena izan ezean, datu pertsonalak hirugarrenei ez jakinaraztea, lagatzea edo zabaltzea, ezta kontserbatzeko ere.

h) Datuak babesteko ordezkari bat izendatzea, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren arabera beharrezkoa bada, eta JZri jakinaraztea, baita izendapena borondatezkoa denean ere, eta Portugaleteko Udalak bere ordezkari gisa izendatutako pertsona fisikoen identitatea eta harremanetarako datuak (tratamendu-eragilearen ordezkariak), datu pertsonalen tratamenduari buruzko araudia betetzeko arduraduna (k), alderdi legal/formaletan eta segurtasun-alderdietan.

i) Hitzarmen honen xede den prestazioa amaitu ondoren, konpromisoa hartzen du, dagokionaren arabera eta «Datu pertsonalen tratamendua» eranskin honetan azaltzen denaren arabera, honako hauek itzultzeko edo suntsitzeko:

1.– Eskuratu dituen datu pertsonalak;

2.– Portugaleteko Udalak tratamenduaren ondorioz sortutako datu pertsonalak; eta

3.– Datu horietako edozein jasotzen duten euskarri eta dokumentuak, kopiarik gorde gabe, salbu eta legez edo Europar Batasuneko zuzenbideko arau bidez datu horiek kontserbatzea onartzen edo eskatzen bada; kasu horretan, ez da suntsituko.

Hala ere, tratamendu-eragileak datuak gorde ahal izango ditu tratamenduaren arduradunarekin duen harremanetik erantzukizunak erator daitezkeen denboran. Azken kasu horretan, datu pertsonalak blokeatuta eta gutxieneko denboran gordeko dira, eta modu seguruan eta behin betiko suntsituko dira epe horren amaieran.

j) Eranskin honetan adierazitakoaren arabera, datu pertsonalak eranskin honetan zehazten diren tratamendu-sistema/-gailuetan, eskuzkoetan eta automatizatuetan, eta eranskin honetan zehazten diren lekuetan tratatzea. Ekipamendu hori JZren kontrolpean egon daiteke, edo Portugaleteko Udalaren zuzeneko edo zeharkako kontrolpean, edo JZk idatziz berariaz baimendutako beste batzuetan, eranskin honetan ezarritakoaren arabera, eta hitzarmen honen xedea gauzatzeko esleitutako erabiltzaileek edo erabiltzaile-profilek soilik.

k) Eranskin honetan besterik adierazten ez bada edo Botere JZk berariaz hala agintzen ez badu, datu pertsonalak Europako Esparru Ekonomikoaren barruan edo aplikatzekoa den araudiak segurtasun-eremu baliokidetzat jotzen duen beste esparruren batean tratatuko dira, eta ez dira eremu horretatik kanpo tratatuko, ez zuzenean, ez hitzarmen honetan ezarritakoaren arabera baimendutako hirugarrenen bitartez, salbu eta Batasuneko Zuzenbidearen edo aplikatu beharreko estatu kideko zuzenbidearen arabera horretara behartuta badago.

Zuzenbide nazionalagatik edo Europar Batasunekoagatik Portugaleteko Udala behartuta badago datuen nazioarteko transferentziaren bat egitera, Portugaleteko Udalak idatziz jakinaraziko dio Justizia Zuzendaritzari legezko eskakizun hori, tratamendua egin baino lehen eta behar besteko aurrerapenarekin, eta JZri aplika dakiokeen edozein lege-baldintza betetzen dela bermatuko du, salbu eta Zuzenbide aplikagarriak interes publikoko arrazoi garrantzitsuengatik debekatzen badu.

l) Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 33. artikuluaren arabera, bere ardurapeko datu pertsonalen segurtasunaren edozein urraketa gertatzen bada eta horren berri badu, berehala jakinaraztea JZri, 72 orduko epean beranduenez, eta horrekin batera, gorabehera hori dokumentatzeko eta komunikatzeko garrantzitsua den informazio guztia, edo informazioa tratatzeko eta kudeatzeko sisteman izandako edozein akats, datu pertsonalen segurtasuna, osotasuna edo eskuragarritasuna arriskuan jarri duena edo jar dezakeena, bai eta hitzarmena gauzatzean lortutako datuak eta informazioak hirugarrenei jakinaraztearen ondorioz izan daitekeen konfidentzialtasunaren edozein urraketa ere. Arretaz jakinaraziko du horri buruzko informazio zehatza, baita konfidentzialtasuna zein interesdunek galdu zuten ere.

m) Pertsona batek tratamendu-eragilearen aurrean eskubide bat baliatzen duenean (datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko, tratamendua mugatzeko, datuak transferitzeko eta erabaki indibidual automatizatuen xede ez izateko eskubidea, edo araudi aplikagarriak, «eskubideak» batera, aitortzen dituen beste eskubide batzuk), hark ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio JZri. Jakinarazpena berehala egin behar da, eta, inola ere ez, eskubidearen erabilera jaso eta hurrengo lanegunetik aurrera. Jakinarazpenarekin batera, hala badagokio, eskaera ebazteko garrantzitsuak izan daitezkeen agiriak eta bestelako informazioak ere aurkeztu behar dira, baita eskubidea baliatzen duenaren identifikazio frogagarria ere.

JZri lagunduko dio, ahal den guztietan, eskubideak baliatzeko aukera bete eta erantzun dezan.

n) JZrekin lankidetzan aritzea, arlo hauetan dituen betebeharrak betetzeko:

1.– Segurtasun-neurriak,

2.– Segurtasun-neurrien arrakalak (lortutakoak eta saiatutakoak) agintari eskudunei edo interesdunei jakinaraztea, eta

3.– Datu pertsonalen babesari buruzko inpaktu-ebaluazioak eta horri buruz agintaritza eskudunei egindako aurretiazko kontsultak egiten laguntzea, tratamenduaren izaera eta eskura duen informazioa kontuan hartuta.

Era berean, hitzarmen honetan aurreikusitako betebeharrak betetzen dituela frogatzeko behar den informazio guztia jarriko du JZren esku, hark hala eskatuz gero, eta JZk egindako auditoretzetan eta ikuskapenetan lagunduko du, hala badagokio.

ñ) Araudiak hala eskatzen duen kasuetan (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30.5 artikuluaren arabera), idatziz eramatea, baita formatu elektronikoan ere, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, JZren kontura egindako tratamendu-jardueren kategoria guztien erregistro bat (tratamenduaren arduraduna). Bertan, gutxienez, artikulu horretan aipatzen diren inguruabarrak jasoko dira.

o) Datu pertsonalak babesteko araudia eta erantzukizun aktiboaren betebeharra betetzen direla egiaztatzen duten ebidentziak izatea, hala nola, betetze-mailari buruzko aldez aurreko ziurtagiriak edo auditorien emaitzak; horiek JZren esku jarri beharko ditu, hark eskatuz gero. Era berean, hitzarmena indarrean dagoen bitartean, JZren esku jarriko ditu une bakoitzean egindako informazio, ziurtagiri eta auditoria guztiak.

p) Informazio-eskubidea: tratamendu-eragileak, datuak biltzeko unean, egingo diren datu-tratamenduei buruzko informazioa eman behar du. Informazioa emateko idazkera eta formatua arduradunarekin adostu behar dira, datuak biltzen hasi aurretik.

Eranskin honetako klausula hau eta bertan ezarritako betebeharrak JZren eta Portugaleteko Udalaren arteko tratamendu-enkarguaren egintza juridikoa dira, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 28.3 artikuluan aipatzen dena. Hemen jasotako betebeharrak eta prestazioak ezin dira hitzarmen honetan aurreikusitakoaz bestelako modu batean ordaindu, eta hitzarmenaren iraupen bera izango dute, eta, hala badagokio, hitzarmenaren epe berdinetan luzatuko dira. Hala ere, hitzarmena amaitzean, sekretu-betebeharrak indarrean jarraituko du, denbora-mugarik gabe, hitzarmena betearazten parte hartzen duten pertsona guztientzat.

Hitzarmen honen xedea betetzeko, ez da beharrezkoa Portugaleteko Udalak JZren ardurapeko beste datu pertsonalik eskuratzea, eta, beraz, ez dago baimenduta eranskin honetan zehaztutakoak ez diren beste datu batzuk eskuratzeko edo tratatzeko. Hitzarmenaren betearazpenean gorabeheraren bat gertatzen bada eta, horren ondorioz, eranskin honetan jasota ez dauden JZren ardurapeko datu pertsonalak ustekabean edo ezustean eskuratzen badira, Portugaleteko Udalak ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio JZri, 72 orduko epean, beranduenez.

2.– Hitzarmenetik kanpoko hirugarrenek datu pertsonalak tratatzea.

Hitzarmenak aukera ematen badu hitzarmenaren xede diren jarduerak beste pertsona fisiko edo juridiko batek egiteko, eta Portugaleteko Udalak hitzarmeneko prestazioak hirugarrenekin gauzatu nahi baditu eta hirugarren horrek datu pertsonalak eskuratu behar baditu, Portugaleteko Udalak horren berri emango dio aldez aurretik JZri, datu pertsonalen zer tratamendu dakarren identifikatuta, JZk erabaki dezan, hala badagokio, jarduera horiek egiteko baimena eman ala ez.

Nolanahi ere, jarduerak egiteko baimena emateko, ezinbesteko baldintza da honako baldintza hauek betetzea (hala ere, horiek bete arren, JZri dagokio baimen hori emateko edo ez emateko erabakia hartzea):

a) Hitzarmenaren prestazioak gauzatzen dituen hirugarrenak egiten duen datu pertsonalen tratamendua bat etortzea indarreko legeriarekin, hitzarmen honetan jasotakoarekin eta JZaren jarraibideekin.

b) Portugaleteko Udalak eta hitzarmenaren prestazioen zati bat betearazten duen hirugarrenak datuen tratamendua enkargatzeko egintza juridiko bat formalizatzea, eta egintza horiek hitzarmen honetan adierazitako neurriak besteak bezain murriztaileak izango dira. Egintza juridiko hori JZren esku jarriko da, eskatzen duenean, halakorik dagoen eta zer eduki duen egiaztatzeko.

Portugaleteko Udalak hitzarmena betetzen duten beste hirugarren batzuk sartzeko edo ordezteko aurreikusitako edozein aldaketaren berri emango dio JZri, eta, horrela, klausula honetan aurreikusitako baimena emateko aukera izango du. JZk ez badio erantzuten kontratistak egindako eskaera horri, aldaketa horien aurka dagoela esan nahi du.

3.– Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa.

JZak tratatuko ditu datu pertsonalak, eta tratamendu-sisteman sartuko ditu, familia-elkarguneen datu-basean; helburua epaitegi bideratzaileei eta barne-kudeaketari berari informazioa emateko legezko betebeharra betetzea du.

Datu pertsonalak epaitegi bideratzaileei jakinaraziko zaizkie.

Datuak zertarako bildu ziren, helburu hori betetzeko beharrezkoa den denboran gordeko dira datuak, bai eta helburu horren eta datuen tratamenduaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak zehazteko ere. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko da.

Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta transferitzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak, bai eta datuen tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabakien xede ez izateko eskubideak ere, hala dagokionean, JZren aurrean balia daitezke.

Informazio gehiago eskura dezakezu: https://www.interior.gob.es/opencms/es/servicios-al-ciudadano/participacion-ciudadana/proteccion-de-datos-personales/tutela-de-los-derechos/

4.– Egin beharreko datu pertsonalen tratamenduaren deskribapen orokorra.

4.1.– Deskribapena.

Portugaleteko Udalak egingo ditu epaitegi bideratzaileek ezarritako trukeak edo bisitak. Horretarako, beharrezkoa den informazioa izan beharko du zerbitzura joango diren pertsonei buruz, judizialki ezarritako betebeharrak berme guztiekin gauzatzeko. Bildutako datuek eskatutako txostenak egiteko eta dagokion epaitegira bidaltzeko balioko dute.

Portugaleteko Udalak hitzarmen honetako prestazioak gauzatzeko atxikitako langileek datu pertsonalak trata ditzakete. Atxikitako langileek baino ez dituzte tratatuko, hitzarmenaren xedearen irismena gauzatzeko helburu bakarrarekin.

Hitzarmeneko prestazioak gauzatzearen ondorioz uneren batean beharrezkoa bada eranskin honetan ezarritakoa aldatzea, Portugaleteko Udalak eskatuko du, arrazoituta, eta eskatzen dituen aldaketak adieraziko ditu. JZ eskatutakoarekin ados egonez gero, JZk eranskin eguneratu bat egingo du, bertan tratamenduaren xehetasunak zehatz-mehatz jasotzeko.

4.2.– Kolektiboak eta tratatutako datuak.

Honako hauek dira Portugaleteko Udalak eskura ditzakeen interesdunen kolektiboak eta tratatutako datu pertsonalak:

(Ikus .PDF)

4.3.– Tratamenduaren elementuak.

Datu pertsonalen tratamenduan honako hauek sartuko dira (markatu dagokiona):

(Ikus .PDF)

4.4.– Datuen erabilgarritasuna hitzarmenaren xedea amaitzean.

Hitzarmenaren xedea amaitutakoan, Portugaleteko Udalak honako hauek egin behar ditu:

a) Tratamenduaren arduradunari datu pertsonalak itzultzea eta, hala badagokio, datu horiek jasotzen dituzten euskarriak, hitzarmenaren xedea bete ondoren. Itzultzeak berekin ekarri behar du arduradunak erabilitako ekipo informatikoetan dauden datu guztiak ezabatzea. Hala ere, arduradunak kopia bat gorde dezake, datuak behar bezala blokeatuta, hitzarmenaren xedea gauzatzetik erantzukizunak erator daitezkeen bitartean.

Hala ere, tratamenduaren arduradunak errekerimendua egin ahal izango dio eragileari, a) aukeraren ordez honako b) edo c) hauek bete ditzan:

b) Tratamenduaren arduradunak idatziz izendatzen duen eragileari itzultzea datu pertsonalak eta, hala badagokio, datu horiek jasotzen dituzten euskarriak, hitzarmenaren xedea bete ondoren. Itzultzeak berekin ekarri behar du arduradunak erabilitako ekipo informatikoetan dauden datu guztiak ezabatzea. Hala ere, arduradunak kopia bat gorde dezake, datuak behar bezala blokeatuta, prestazioa gauzatzetik erantzukizunak erator daitezkeen bitartean.

c) Datuak suntsitzea, hitzarmenaren xedea bete ondoren. Suntsitu ondoren, eragileak idatziz ziurtatu behar du suntsitu egin direla, eta ziurtagiria tratamenduaren arduradunari eman behar dio. Hala ere, arduradunak kopia bat gorde dezake, datuak behar bezala jasota, hitzarmenaren xedea gauzatzetik erantzukizunak erator daitezkeen bitartean.

4.5.– Segurtasun-neurriak.

Datuak babesteko, subjektu arduratsu batek hartu behar dituen neurriak erabili behar dira, datu horiek arrazoizko konfidentzialtasuna, osotasuna eta eskuragarritasuna gal ez ditzaten.

Portugaleteko Udalak ezingo ditu neurri horiek ezarri edo kendu Portugaleteko Udalaren analisi bat edo inpaktu-ebaluazioa erabiliz, JZk berariaz onartu ezean. Horretarako, Portugaleteko Udaleko langileek JZk ezarritako segurtasun-neurriak bete beharko dituzte, eta ezin izango dute azken horrek zehaztutakoez bestelako tratamendurik egin.


Azterketa dokumentala