Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2024ko maiatzaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2260

910/2024 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiaren 215/2023 Epaia betetzen den.

Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak azaroaren 28an eman zuen 215/2023 Epaia ikusi dugu, eta aurrekari hauen arabera aztertu dugu epailearen aginduan aipatzen den administrazio-espedientea

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 103/2018 Ebazpenaren bitartez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa eskuratzeko 2016an eta 2017an deitutako hautaketa-prozesuak arautuko zituzten oinarri orokorrak onetsi ziren (2018ko otsailaren 8ko EHAA, 28. zk.).

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren otsailaren 14ko 176/2018 Ebazpenaren bidez, Goi Mailako Letradu Tituludunaren kategorian (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak) estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesua arautuko zuten oinarri espezifikoak onartu ziren. Kategoria hori goi-mailako teknikarien lanbide-taldekoa da, Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan betetzekoa (2018ko maiatzaren 5eko EHAA, 45. zk.).

Ebazpen horren II. eranskinaren arabera, txanda irekian hiru destino deitu dira, bat etorrita Osakidetzako zuzendari nagusiaren 103/2018 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarri orokorren 1. oinarriarekin. Halaber, II. eranskin horretan ezartzen denez, deialdiaren xede diren destinoak zerbitzu sanitarioetan kokatzearekin batera, hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien behin-behineko zerrenda argitaratuko da.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Giza Baliabideen zuzendariaren apirilaren 3ko 272/2019 Ebazpenaren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren web-orrian oposizioaldia gainditu dutenen zerrenda puntuazio-ordenaren arabera argitaratzea agindu zen, Goi Mailako Teknikari Juridikoaren kategorian estatutupeko langile izendatzeko hautaketa-probei dagokienez (kategoria hori goi-mailako teknikarien lanbide-taldekoa da, Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan betetzekoa). Hala, zerrenda Osakidetzaren webean argitaratu zen 2019ko apirilaren 4an. María Rosario Martín Román andrea gaindituen zerrendan ageri da, 54,8889 punturekin.

Osakidetzaren Giza Baliabideen zuzendariaren urtarrilaren 19ko 26/2021 Ebazpenaren bidez, Goi Mailako Letradu Tituludunaren kategorian (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak) estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesuan (destinoak Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan izanik) oposizioaldia gainditu zuten txanda irekiko hautagaien behin-behineko zerrenda Osakidetzako web-orrian argitara zedin agindu zen, behin betiko puntuazioaren arabera ordenatuta eta lehiaketa-fasean eta oposizioaldian lortutako puntuazioak bereizita (Osakidetzaren web-orrian argitaratu zen, 2021eko urtarrilaren 20an).

Ebazpen horren IV. eranskinean zehazten denez, honako destino hauek eskaintzen dira: bi destino Arabako ESIan, Goi Mailako Teknikari Juridikoaren kategorian, Arabako Unibertsitate Ospitalean, bietako batek 3. hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data igarota duela, eta destino bat Barrualde-Galdakaoko ESIan, Goi Mailako Teknikari Juridikoaren kategorian, Galdakao-Usansoloko Ospitalean.

Osakidetzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 648/2021 Ebazpenaren bidez, hautatutako izangaien behin betiko zerrenda eta Goi Mailako Teknikari Juridikoaren kategoriari dagokion (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak) txanda irekiko destinoen esleipena argitaratu ziren, destinoak Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan izanik (Osakidetzaren webgunean argitaratu ziren, 2021eko maiatzaren 24an).

María Rosario Martín Román andrea II. eranskinean ageri da (hau da, destinorik gabeko izangaien zerrenda jasotzen duen eranskinean), prestakuntzaren puntuazioarekin, guztira 119,3589 puntu dituela (54,8889 puntu oposizioaldian; 26,47 puntu lanbide-esperientzian; 18 puntu euskaran, eta 20 puntu prestakuntzan).

Ebazpen horren I. eranskinean, María Rosario Martín Román andreak baino puntu gehiago dauzkaten hiru izangairi esleitzen zaizkie hiru destinoak, oinarri orokorren 16.3 apartatuarekin bat, destinoak izangaien eskaeraren eta lortutako puntuazio-ordenaren arabera esleituko direla ezartzen baitu.

Osakidetzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 656/2021 Ebazpenaren bidez, argitaratu egin zen txanda irekiaren eranskineko esleipendunen estatutupeko langile finkoen izendapena, Goi Mailako Letradu Tituludunaren kategorian (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak), destinoa Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan izanik (2021eko ekainaren 10eko EHAA, 113. zk.). María Rosario Martín Román andrea ez da ebazpen horretan ageri.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko urriaren 28ko Erabakiaren bidez, ezetsi egin zen María Rosario Martín Román andreak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 648/2021 eta 656/2021 Ebazpenen kontra jarritako gora jotzeko errekurtsoa.

Bigarrena.– María Rosario Martín Román andreak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko urriaren 28ko Erabakiaren aurka.

Hirugarrena.– Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiaren 215/2023 Epaiak onetsi egin zuen María Rosario Martín Román andreak jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, kexagileak guztira 128,9589 puntu eskuratzeko eskubidea zuela iritzita, adierazpen horri datxezkion ondorioekin.

Laugarrena.– Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiaren 2023ko azaroaren 8ko irizpenaren ondorioz, egokia da Goi Mailako Letradu Tituludunaren (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak) kategoriari dagokion deialdian (2016-2017ko EPEa) jarduketak egitea.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Osakidetzako zuzendari nagusiari dagokio epaia betearaztea, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutu sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ematen dizkioten eskumenen arabera.

Bigarrena.– Administrazioarekiko auziez arduratzen diren epaitegiek eta auzitegiek beren epaiak betearazteko eskumena dute; prozesuko alderdiek, berriz, epai eta ebazpen horiek bertan adierazten den moduan bete behar dituzte, horixe xedatzen baita Administrazioarekiko auzietako jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 103.1 eta 103.2 artikuluetan.

Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiaren 2023ko azaroaren 8ko irizpenaren ondorioz, deialdiaren oinarri orokor eta espezifiko onetsien araberako izapideak egin eta gero (hurrenez hurren, Osakidetzako zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 103/2018 eta otsailaren 14ko 176/2018 Ebazpenek onetsi zituzten oinarriak), egokia da María Rosario Martín Román andreari 128,9589 puntu aitortzea guztira. Beraz, hirugarren tokia hartuko du destinoa eskuratzeko aukera daukaten izangaien behin betiko zerrendan (Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 648/2021 Ebazpenaren II. eranskinean jasotzen da zerrenda).

Bestetik, ebazpen hau eragin duenaz bestelako administrazioarekiko auzi-prozedura batean igorritako ziurtagiriaren harira, Kalifikazio Epaimahaiko idazkariak adierazi du egiaztatu egin duela akats aritmetiko bat egon dela: oposizioaldiko bigarren ariketan, 51,751 puntu eman zizkioten María Soledad Bayón Sánchez andreari, baina, egiazki, hiru kasu praktikoen baturak 52,3809 puntu eman behar zizkion. Ondorioz, 51,6905 puntu lortu ditu oposizioaldian, lehenengo ariketako 51 puntuen eta bigarren ariketako 52,3809 puntuen batez besteko aritmetikoaren emaitza gisa. 51,6905 puntu horiek lanbide-esperientziako 60 puntuei eta prestakuntzari, irakaskuntzari eta ikerketari buruzko atalean lortutako 14,1643 puntuei gaineratu behar zaizkie; hala, guztira, 125,8548 puntu lortu ditu hautaketa-prozesu osoan.

Hortaz, María Soledad Bayón Sánchez andreak 125,8548 puntu lortu ditu guztira, ez 125,4498 (51,2855 puntu oposizioaldian, 60 puntu lanbide-esperientzian, eta 14,1643 puntu prestakuntzari, irakaskuntzari eta ikerketari buruzko atalean), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 648/2021 Ebazpenaren II. eranskinak aitortu moduan.

Aurrekoa ikusirik, María Rosario Martín Román andreak María Soledad Bayón Sánchez andreak baino puntu gehiago lortu ditu, zeinak hirugarren tokia betetzen baitzuen destinoa eskuratzeko aukera zuten izangaien behin betiko zerrendan eta Barrualde-Galdakaoko ESIko destinoaren esleipendun suertatu baitzen, Galdakao-Usansoloko Ospitalean, Goi Mailako Letradu Tituludunaren kategorian (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak), María Rosario Martín Román andreak errekurritutako ebazpenengatik.

Horrenbestez, egokia da María Rosario Martín Román andreari esleitzea Barrualde-Galdakaoko ESIko destinoa, Galdakao-Usansoloko Ospitalean, Goi Mailako Letradu Tituludunaren kategoriari (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak) dagokion txanda irekian (2016-2017ko EPEa); hau da, Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 648/2021 eta 656/2021 Ebazpenek María Soledad Bayón Sánchez andreari esleitzen ziotena.

Hirugarrena.– Auzitegi Gorenaren duela gutxiko jurisprudentziak adierazten duenez, hautaketa-prozesuen inguruko epai bat betearaztean fede oneko hirugarren interesdun bati kalte egiten bazaio, ahal dela, kalte hori arindu beharko da.

Zentzu horretan, hona ekarriko dugu Auzitegi Gorenaren 2019ko martxoaren 18ko Epaia, honako hau baieztatzen baitu 8. oinarri juridikoan: «dagokion hautaketa-prozesua gainditu ondoren funtzionario edo estatutupeko langile izendatu dituzten izangaiei ez zaie kondizio hori kendu behar, prozeduran beraiekin zerikusirik izan ez duten irregulartasunak egon direlako», eta gaineratzen du denbora nahikoa igaro behar dela irregulartasun horien ondoriozko egoera juridikoak sendotzeko.

María Soledad Bayón Sánchez andreak 2021eko ekainaren 11n hartu zuen Barrualde-Galdakaoko ESIko destinoa, Galdakao-Usansoloko Ospitalean, eta, une hartan, estatutupeko langile finkoaren kondizioa eskuratu zuen, Goi Mailako Letradu Tituludunaren kategorian (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak).

Kasu honetan, kontuan hartu behar dugu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak beste bi hautaketa-prozesu deitu dituela, kategoria berean, ebazpen hau ekarri duen jatorrizko epaiak hizpide duen 2016-2017 EPEaren ondoren (2018-2019 EPEa eta 2020-2021-2022-Egonkortzeko EPEa), eta María Soledad Bayón Sánchez andreak ezin izan duela horietan parte hartu, kategorian estatutupeko langile finkoa izatea lehiaketatik baztertzeko arrazoia baita.

Aurrekoa ikusirik, eta denbora bat igaro denez lanpostua esleitu eta hartu zuenetik, María Soledad Bayón Sánchez fede oneko hirugarren interesduna dela balioetsi behar dugu, eta, beraz, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiaren 215/2023 epaia betearazteak eragindako kalteak arindu behar dizkiogu, ahal den heinean.

Goi Mailako Teknikari Juridikoaren lanpostu funtzionaleko lanpostuen egoera aztertu ondoren, adierazi behar da guztiak konprometituta daudela hautaketa-prozesuetan (2018-2019ko EPEa eta 2020, 2021 eta 2022 urteetako eta Egonkortzeko EPEa), eta, gainera, plantilla handitzeko 2024an onartu berri den espedientean, Zuzendaritza Nagusiko Goi Mailako Teknikari Juridikoaren lanpostu funtzionaleko lanpostuak sartu direla. Beraz, oraingo honetan, posible da epaia betearazteak eragindako kalteak arintzea.

Hori dela-eta, egokia da María Soledad Bayón Sánchez andreari Goi Mailako Teknikari Juridikoko destino bat esleitzea Zuzendaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiaren 215/2023 Epaia betearazteak Barrualde-Galdakaoko ESIko destinotik (Galdakao-Usansoloko Ospitalea) kendu baitu.

Laugarrena.– Administrazio-egintzak kontserbatzeko printzipioaren araberakoak izango dira (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 51. artikuluaren arabera) sarbide-prozedura izapidetzean egindako gainerako administrazio-egintzak, hemen aldatutakoez bestelakoak, eta egin diren baldintza zehatzetan.

Azaldutako guztia kontuan hartuta

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiaren azaroaren 8ko 215/2023 Epaia betearaz dadin agintzea, María Rosario Martín Román andreari dagokionez, 2016-2017 EPEan Goi Mailako Letradu Tituludunaren kategoriaren testuinguruan (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak).

Bigarrena.– Erabaki judiziala izapide hauen bitartez gauzatzea:

1. María Rosario Martín Román andreari 128,9589 puntu aitortzea guztira Goi Mailako Letradu Tituludunaren kategoriari dagokion txanda irekian (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak), 2016-2017 EPEan.

2. María Rosario Martín Román andreari destino bat esleitzea Barrualde-Galdakaoko ESIan, Galdakao-Usansoloko Ospitalean, Goi Mailako Letradu Tituludunaren kategoriari dagokion txanda irekian (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak), bat etorrita deialdiaren oinarri orokor eta espezifiko onetsietan ezarritako prozedurarekin (hurrenez hurren, Osakidetzako zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 103/2018 eta otsailaren 14ko 176/2018 Ebazpenek onetsi zituzten oinarriak).

3. María Rosario Martín Román andrea estatutupeko langile finko izendatzea Goi Mailako Letradu Tituludunaren kategorian (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak) eta adieraztea hilabeteko epea izango duela, hau Euskal Herriko agintaritzaren aldizkarian eta hurrengo egunetik hasita, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan esleitutako destinoaz jabetzeko.

4. María Soledad Bayón Sánchez andreari destino bat esleitzea txanda irekian, Zuzendaritza Nagusian, Goi Mailako Letradu Tituludunaren kategorian (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak).

5. María Soledad Bayón Sánchez andrea Goi Mailako Letradu Tituludunaren kategorian (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak) esleitu zaion destinoaz jabetzeko bidea jartzea eta adieraztea hilabeteko epea izango duela, Euskal Herriko agintaritzaren aldizkarian eta hurrengo egunetik hasita, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan esleitutako destinoaz jabetzeko; betiere, bere garaian eman zen Goi Mailako Letradu Tituludunaren kategoriako (letraduaren eta goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak) estatutupeko langile finkoaren izendapenak indarrean jarraituko duela eta ondorioak izango dituela.

Hirugarrena.– Ebazpen honetan xedatutakoaren eraginetik at geratzen diren gainerako egintza eta izapideek bere hartan jarrai dezatela agintzea.

Laugarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitara dadila agintzea eta Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Aipatutako epaitegiari dagokio epaia betearazteko izapideetan sor daitezkeen gorabeherak aztertzea eta ebaztea, halaxe ezartzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 103.1 eta 109. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 26a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.


Azterketa dokumentala