92. zk., 2024ko maiatzaren 13a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (130 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2247
53/2024 DEKRETUA, apirilaren 30ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita ezen, Dimako udalerrian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, urgentziaz okupatu behar dituela Dimako Lapurreketa auzorako ur sarearen handitzea proiektua gauzatzeko ondasun eta eskubideak.
Dimako Lapurreketa auzorako ur sarearen handitzea proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
2023ko irailaren 20an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea, eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2023ko urriaren 9ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (194 zk.). Geroago, 2024ko otsailaren 7an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:
«Gaur egun, Dimako udalerriko Lapurreketa auzoko bizilagunek ez dute edateko uraren hornidurarik, sare nagusitik. Hori dela eta, iturburu pribatuen bidez hornitzen dira eta horrek arazoak dakartza, uraren-kalitate eta kantitateari dagokionez. Auzoan dauden instalazioen artean, Lapurreketa Baserri Eskola aterpetxea dagoela nabarmendu behar da. Instalazio horretan etengabekoa da bereziki babestutako abonatuen presentzia, eta, horren ondorioz, lehentasunezkotzat jotzen da hornidura segurua ahalbidetzea, uraren kalitateari dagokionez lege-baldintza guztiak betetzen direla bermatzeko.
Azaldutako aurrekariak ikusita, beharrezkotzat jo zen BBUPk kudeatzen duen hornidura-sarea zabaltzeko proiektua idaztea. Horri esker banakako ur-hartuneak alde batera utzi ahal izango dira (hartune horiek ez die bermatzen etengabeko hornidura auzoko bizilagunei).
Proiektu horretan, zehazki, dentsitate handiko polietilenozko (DN75mm) eroanbide berri bat instalatzea aurreikusi da, 2,3 km ingurukoa. Horren bidez Elormendi auzotik hornitu ahal izango da Lapurreketa auzoa (Elormendi auzoan badago gaur egun sareko ura).
Eroanbide hori, eta hari lotutako elementu osagarriak, instalatzeak aukera emango du auzoko bizilagunei, oro har, eta aterpetxeari bereziki, edateko uraren zerbitzua bermatzeko (edateko uraren hornidurak behar diren kalitate-bermeak beteta).»
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.
Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2024ko apirilaren 30eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela Dimako Lapurreketa auzorako ur sarearen handitzea proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko apirilaren 30ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.