92. zk., 2024ko maiatzaren 13a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (207 KB - 10 orri.)
- EPUB (224 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
2246
AGINDUA, 2024ko apirilaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez, Irale programak 2024-2025 ikasturtean eskainiko dituen irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaroen berri eman (H eta I ikastaroak) eta ikastaro horiek egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzen baita.
Irale programaren urteetako ibilbide oparoari esker, euskal hezkuntzan aurrerapauso handiak eman dira euskararen ezagutzaren eta erabileraren normalizazioan. Hala ere, urteak joan urteak etorri, behar berriak sortu dira irakasleen hizkuntza-gaitasunean izan den aldaketa tipologikoaren ondorioz, eta Iralek irakasleen berariazko behar berri horiei ahalik eta ongien erantzun beharko die etorkizunean, orain arte egin duen bezalaxe.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren 17/2023 legearen oinarrizko balioak garatzen dituen IV. tituluak hizkuntzek Euskal Hezkuntza Sisteman duten tokia arautzen du. III. kapituluak irakasleen eta irakasle ez diren langileen hizkuntza-gaikuntza indartzeko modua aztertzen du.
Era berean, maiatzaren 30eko 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 dekretuek, hurrenez hurren, Haur Hezkuntzari, Batxilergoari eta Oinarrizko Hezkuntzari eragiten diotenek, curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzea dute helburu. Curriculumaren oinarrien eta ikasleen konpetentzien arloarekin batera, Pedagogia eta Kudeaketa-autonomiari propio eskaintzen zaio kapitulu bat. 77/2023 dekretuko 20. artikuluan esaterako, «Irakasleen konpetentzia-profila, prestakuntza, koordinazioa eta ebaluazioa» zehazten direnean, irakasleen prestakuntzaren helburu nagusiak finkatzen dira. Irakasleek beren funtzioen berezko erantzukizunak, hau da, ikasleen irteera-profilari lotutako konpetentziak lortzen laguntzearekin loturiko erantzukizunak betetzeko izan beharreko konpetentzia-profil egokia zehazten da.
Hezkuntza Legean eta aipaturiko dekretuetan zehaztutakoak garatzeko, irakasleen prestakuntzarako ereduetan eragin beharra dago. Izan ere, alderdi indibidualenetan oinarritutako prestakuntza-eredua baztertu egin behar da, eta, horren ordez, eskoletan ardaztutako prestakuntza-ereduak bultzatu, lekuan lekuko ikastetxeetako premietara egokitutako proiektuen bitartez, eta, horretan, lekuan lekuko proiektu eta planak hartu behar dira kontuan: hobekuntza-planak, esku-hartze globaleko proiektuak, hezkidetza-proiektuak...; eta hezkuntza-komunitateek bizi dituzten errealitate askotarikoak ere kontuan hartu behar dira: ikastetxeko hezkuntza-komunitateko kideentzako prestakuntza-proiektuak, esaterako.
Irakasleen prestakuntzari eta eguneratzeari dagokienez, prestakuntza teoriko-praktikoko modalitatea balio handikotzat jotzen denez gero, halako saioak antolatzen dira, bai ikastetxeetan, bai prestakuntza-zentroetan, hezkuntza-arloko aditu eta eragileekin batera; izan ere, prestakuntza-arloko eragileekin talde-lanean eta elkarlanean aritzea guztiz beharrezkoa da, etengabeko prestakuntzarekin lotutako proposamenek arrakasta izango badute.
Irale programa, prestakuntza-arloan eragile den aldetik, bete-betean lotzen zaie Hezkuntzaren 17/2023 legean eta maiatzaren 30eko, 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 dekretuetan aipatutakoei. Irale programaren eskaintza nagusia goi-mailako ikastaroak dira, bai irakastorduz kanpokoak, bai irakastordu barnekoak. Nagusiki, ikastaro horiek izan dira programaren berrikuntza nagusia, eta, neurri batean, ikastetxeetan egiten diren berrikuntza-proiektuei eta bertako hezkuntza-eredu pedagogikoei, nahiz hezkuntza- eta hizkuntza-proiektuei erantzuteko baliagarri izan daitezke. Beraz, Irale programaren helburuak, neurri handi batean, horretara bideratzen dira.
Hortaz, euskarazko komunikazio-gaitasunari lotutako goi-mailako ikastaroak dira Iraleko irakasleen prestakuntza oinarria. Hauen bidez jorratzen ditu arestian aipaturiko Hezkuntzaren 17/2023 legean eta maiatzaren 30eko, 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 dekretuetan zehazturikoak. Modalitate bat baino gehiagoko ikastaroak eskaini eta antolatzen ditu, bai helburuei, bai iraupenari eta bai taldekatze-irizpideei dagokienez. Modalitate horietako bat dira, hain zuzen ere, H eta I ikastaroak.
Hori guztia dela eta, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Irale programak 2024-2025 ikasturtean eskainiko dituen irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaroen berri ematea (H eta I ikastaroak) eta ikastaro horiek egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzea.
2. artikulua.– Deialdi honen bidez eskaintzen diren ikastaroak.
Deialdi honen bidez 2024-2025 ikasturtean emango diren ikastaroak eta ikastaro bakoitzerako eskainiko den talde-kopurua I. eranskinean daude zehaztuta.
Ikastaro batean bete gabe geratzen diren plazek eskaera eskaintza baino handiagoa gertatu den ikastaroetako plazak emenda ditzakete; betiere, ikastaroak emango dituzten entitateak kontratatzeko prozeduran ezarritako baldintzetan.
3. artikulua.– Ikastaroen hartzaileak.
Deialdi honetan eskaintzen diren ikastaroak honako hartzaile hauek eskatu ahal izango dituzte, bi multzotan banatuta, eskabidea egiteko moduaren arabera:
a) A multzoa. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuko ikastetxe publikoak eta Hezkuntza Sailaren gainerako zentroak (hizkuntza eskolak, berritzeguneak, Hezkuntza Ikuskaritza, ISEI-IVEI institutua...).
b) B multzoa. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuko itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza Sailarenak ez diren ikastetxe publikoak.
4. artikulua.– Ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.
Irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaroetan parte hartu nahi duten ikastetxeek klaustroaren % 60k, gutxienez, ikastaroan parte hartuko duela bermatu beharko dute.
Etapa bat baino gehiago duten ikastetxeen kasuan, ikastetxeak ikastetxe osorako edo etapa jakin baterako egin dezake eskabidea. Azken kasu horretan, gutxienez etapa horretako irakasleen % 60k parte hartuko duela bermatu beharko du.
Hauek izango dira etapak:
a) Haur eta Lehen Hezkuntza.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
c) Batxilergoa.
d) Lanbide Heziketa.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
a) Baliabide elektronikoen bidez aurkeztu eta izapidetuko dira eskabideak.
b) Eskabideak aurkezteko epea hamabost lanegunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Helbide hauetan aurkeztuko dira:
b.1.– Hirugarren artikuluko bigarren paragrafoan deskribatutako A multzoko zentroek (Hezkuntza Sailarenak diren ikastetxe publikoek) helbide honen bidez aurkeztuko dituzte: https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/irale-2024-2025.
Eskabidea egin ondorengo izapideak «Nire eskabideak» gunearen bidez egingo dira: https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/nire-eskabideak
b.2.– Hirugarren artikuluko hirugarren paragrafoan deskribatutako B multzoko zentroek (itunpeko ikastetxe pribatuek eta Hezkuntza Sailarenak ez diren ikastetxe publikoek) helbide honen bidez aurkeztuko dituzte: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1063807
Bide elektronikoz egindako eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko nire karpeta espazioa erabiliz egingo dira. (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaria Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, eta helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
c) Eskabideak II.eranskinean jasotako ereduaren arabera aurkeztuko dira.
d) Ikastetxe bakoitzak ezingo ditu bi ikastaro baino gehiago eskatu.
6. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskabidean edo harekin batera aurkeztutako dokumentazioan forma-akatsak edo omisioak atzemanez gero, interesdunari errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean falta zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, horretarako ebazpena 21. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.
7. artikulua.– Plazen behin-behineko esleipenaren ebazpena.
a) Hezkuntza Ikaskuntza eta Berrikuntzako zuzendariak ebazpena emango du ikastaro bakoitzeko plazen behin-behineko esleipen-zerrendak ontzat emateko.
b) Era berean, ebazpen horretan prozeduran baztertutako eskabideen zerrenda ere argitaratuko da, adierazita eskabidea zein ikastarotarako baztertu den eta baztertzeko arrazoi zehatzak.
c) Zerrendak jasoko dituen ebazpen hori elektronikoki jakinaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa bai eta «herri-ikastetxeak» atarian ere (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/).
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
d) Ebazpen horren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, argitaratzen denetik lau eguneko epean.
Erreklamazioak bide elektronikoz aurkeztuko dira, 5. artikuluan adierazten den bezala.
8. artikulua.– Behin-behinean esleitutako ikastaroari uko egitea.
a) Behin-behineko esleipenaren ebazpena argitaratu eta lau eguneko epean, ikastaro baten esleipena lortu dutenek uko egin diezaiokete ikastaro horri.
b) Uko-egiteak bide elektronikoz aurkeztuko dira, 5. artikuluan adierazten den bezala.
9. artikulua.– Ikastaroen behin betiko esleipen-ebazpena eta erreserben zerrenda.
a) Hezkuntza Ikaskuntza eta Berrikuntzako zuzendariak ebazpena emango du ikastaro bakoitzeko taldeen behin betiko esleipen-zerrendak ontzat emateko.
b) Zerrendak jasoko dituen ebazpen hori elektronikoki jakinaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa bai eta «herri-ikastetxeak» atarian ere (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/).
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
c) Ebazpen horrek barne hartuko du ikastaro bakoitzerako onartutako taldeen zerrenda. Baldin eta, ikastaroa hasi baino lehen, talderen bat esleitu zaion ikastetxe batek baja eskatzen badu, erreserba-zerrendarekin esleituko dira plaza horiek.
d) Behin betiko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari, ebazpenok argitaratu eta hilabeteko epean.
10. artikulua.– Taldeak esleitzeko irizpideak.
Ikastaroak zein ikastetxeri esleitu erabakitzeko honako irizpideak erabiliko dira.
(Ikus .PDF)
Berdinketa gertatuz gero, ikastetxe publikoen partaidetza 2/3koa eta itunpekoena 1/3koa izatera joko da, eta ratio horretatik behera dagoen ikastetxearen alde egingo da.
Behin ikastetxeak zehaztutako irizpide hauen arabera sailkatuta, lehenengo dagoen ikastetxetik hasita, eskabidean ezarritako lehentasun-hurrenkeran lehenengo jarri duten ikastarorako eskatutako talde guztiak esleituko dira, eskainitako plaza-kopurua agortu arte.
Ikastetxe bati bigarren ikastaro bat esleitu aurretik, baldintza guztiak betetzen dituzten ikastetxeei eta erakundeei ikastaro bana esleitu zaien begiratuko da, eta, ikastarorik esleitu ez zaionik baldin badago, horri emango zaio lehentasuna, ahal izanez gero.
Ikastetxe txikien kasuan, ikastetxe bat baino gehiago bildu ahal izango dira eskabidea egiteko, betiere, bildutako ikastetxeen klaustroetako kideen baturak 4. artikuluan ezarritako baldintza betetzen badute.
Ikastaroak emango dituzten entitateak kontratatzeko prozeduran, ikastaroren bat esleitzeke gelditzen bada, ikastaro hori bertan behera geldituko da.
11. artikulua.– Taldeak osatzeko irizpideak.
Eskabidea egin duen zentro bakoitzak adierazi beharko du zenbat talde osatu nahi dituen ikastaro bakoitza egiteko; betiere irizpide hauek beteta:
a) Talde bakoitzean 8 pertsona egongo dira, gutxienez, eta 20 gehienez.
b) Taldeetako partaide guztiek izan behar dute egiaztatuta irakaskuntzako C1 edo baliokidea, edo enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera.
c) A multzoari dagozkion taldeetatik (unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuko ikastetxe publikoak eta Hezkuntza Sailaren gainerako zentroak), honako hauek izan daitezke partaide: ikastetxe publikoetako irakasle funtzionarioak, finkoak, ez-finkoak eta bitartekoak, eta Ikastetxe publikoetako Hezkuntza Bereziko lan-legepeko hezitzaile finkoak eta aldi baterakoak.
d) B multzoari dagozkion taldeetatik (unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuko itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza Sailarenak ez diren ikastetxe publikoak), honako hauek izan daitezke partaide: Itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasle finkoak eta ez-finkoak; Haurreskolak Partzuergoko irakasleak eta hezitzaile finkoak eta ez finkoak, eta itunpeko ikastetxe pribatuetako hezkuntza bereziko lan-legepeko hezitzaileak eta 0-3 bitarteko irakasle edo hezitzaileak; baita Hezkuntza Sailarenak ez diren zentro publikoetako langileak ere.
Zerrendak betetzeko orduan, kontuan hartu beharko da aurreko urteetan dagoeneko ikastaro bererako matrikula egin duten pertsonak ezin izango direla matrikulatu.
12. artikulua.– Irakasle parte-hartzaileen zerrendak bidaltzea.
a) 2024ko irailetik abendura bitartean egin beharreko ikastaroetarako, ikastetxeek 2024ko irailaren 13a baino lehen bidali beharko dituzte dagokien Lurralde Ordezkaritzako Euskara Atalera parte hartuko duten pertsonen zerrendak.
b) 2025eko urtarriletik ekainera bitartean egin beharreko ikastaroetarako, zerrenda horiek 2025eko urtarrilaren 13a baino lehen bidali beharko dituzte.
13. artikulua.– Dokumentuen egiazkotasuna.
Deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeek eta pertsonek baimena ematen diote Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari edozein erakunde publikotan frogatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
14. artikulua.– Ikastaroak non emango diren.
Ikastaroak ikastetxean bertan edo ikastetxeak aukeratutako leku egoki batean emango dira.
15. artikulua.– Ikastaro amaierako agiriak.
Ikasketariei ez zaie ikastaroa egin izana aitortuko baldin eta ikastorduen % 80ra, gutxienez, joan ez badira.
16. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.
Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Irakasleen formakuntza.
– Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
– Helburua: Irakasleen formakuntzarako aktibitateak. Irale irakasleak euskaldundu edo alfabetatzeko programa. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Plana (Prest Gara Plana). Aipatu aktibitateen jarraipena.
– Legitimazioa:
• Beharrezko tratamendua, interesduna alderdi den kontratu bat gauzatzeko, edo interesdunak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko.
– Hartzaileak:
• Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
• Euskaltegiak, boletina, HABE.
– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
– Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050300-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka, zeinak administrazio-bidea agortzen baitu, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 26koa.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.