92. zk., 2024ko maiatzaren 13a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (180 KB - 8 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2243
EBAZPENA, 2024ko apirilaren 17koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Donostiako «AM.05 Loiolako Erriberak» HEko g.000.7 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko otsailaren 16an, Donostiako Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Donostiako «AM.05 Loiolako Erriberak» HEko g.000.7 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egin zedin. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia baitzuen.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko otsailaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari prozedura abiarazi zela jakinarazi zitzaion.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Donostiako «AM.05 Loiolako Erriberak» HEko g.000.7 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txostenean, planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako «AM.05 Loiolako Erriberak» HEko g.000.7 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xedea honako hau da: «AM.05 Loiolako Erriberak (II)» HJEko Plan Partzialaren Aldaketan antolatutako g.000.7 lurzatiaren berezko erabilera aldatzea eta haren antolamendu xehatua definitzea, gazteei eta adinekoei alokatzeko 80 zuzkidura-etxebizitza eraiki ahal izateko.
Lurzatiak 1.618 m2-ko azalera du, eta Loiolako Erriberak auzoko hiri-bilbean dago. Eremuan indarrean dagoen hirigintza-araudia Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra da, 2010ean behin betiko onartu zena, zeinak «AM.05 Loiolako Erriberak (II)» HJEko Plan Partzialaren Aldaketan (2004ko martxoaren 30ean onartu zen behin betiko) ezarritako antolamendu-determinazioak baliozkotzen baititu. Zehazki, eremua «a.20 Zabalguneko bizitegi-lursaila» gisa kalifikatutako gune orokor batean sartzen da, eta indarrean dagoen zonakatze xehatuak «g.00 Ekipamendu komunitarioko lursaila» gisa kalifikatzen du.
Hauek dira Planean jasotako proposamen nagusiak:
– g.000.7 lurzatiaren kalifikazio xehatua mantendu da, baina berezko erabilera aldatu egin da. Hala, ekipamendu komunitarioa izatetik zuzkidura-bizitokia izatera pasatuko da.
– Bi azpilurzati definitu dira:
• g.0007.a: Zuzkidura-bizitokietarako, 1.456 m2-ko azalerakoa.
• g.0007.b: Bideen komunikazio-sarerako, 162 m2-ko azalerakoa. Lurzatiaren perimetroko oinezkoentzako bidea da, zeina dagoeneko eginda eta urbanizatuta baitago. Bertan ez da eraikuntza-lanik egingo.
– Gutxi gorabehera 80 zuzkidura-bizitoki egitea aurreikusten da; eraikuntza-proiektuan zehaztu behar da. Horretarako, 6.850 m2(t)-ko eraikigarritasuna ezarriko da. Eraikuntza-profila honako hau izango da: sestra gainean hamabi solairu gehi beheko solairua izango ditu gehienez ere, 41 metroko gehieneko altuerakoak; sestra azpian, berriz, gehienez hiru solairu. Sestra gaineko gehieneko okupazioa 750 m2-koa izango da.
– Eraikina hiru altuerako aldez aldeko zokalo baten gainean bermatutako bolumen bat izango da eta dimentsio desberdineko bi dorre izango ditu (12+BS eta 8+BS). Beheko solairuan ez da ezer eraikiko; espazio publiko baten inguruan antolatuko da, eta tartean egoteko guneak gaituko dira. Sotoak ibilgailuak aparkatzeko erabiliko dira.
Ingurumen Dokumentu Estrategikoak garapen-alternatiba bakarra planteatzen du, 0 aukeraz edo ez jarduteko aukeraz gain, irismen fisikoa eta lurrekoa puntuala dela eta lortu nahi diren helburuak zein diren kontuan hartuta. Planaren zirriborroak lurzatian eraikuntza-blokeak izan ditzakeen bi konfigurazio deskribatzen ditu, eta, azkenean, arestian deskribatutako antolamendua aukeratzen du, banaketa hori aldameneko eraikinekin bat etortzeko hobea dela iritziz.
Sustatzailearen arabera, Plana dagokion eraikuntza-proiektuaren eta urbanizazio-obra osagarrien bidez garatuko da.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri behar den ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak zein neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planean ez dago baldintzatzailerik, besteak beste, kokalekuari, izaerari, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planaren antolamendu-eremua Donostiako HAPOko –2010ean behin betiko onartua– «AM.05 Loiolako Erriberak» hirigintza-eremuko 1.618 m2-ko hiri-lurzoruko lurzati bat da. Planak g.0007 lurzatiaren berezko erabilera soilik aldatzen du, ekipamendu komunitariokoa izateari utzi eta zuzkidura-bizitoki izan dadin, eta 6.850 m2(t)-ko eraikigarritasuneko eraikuntza-bolumen bat antolatzen du, 80 zuzkidura-bizitoki sortzeko asmoz. Planak ez du indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako lurzatiaren kalifikazio xehatua aldatzen; eremuaren egungo beharretara egokitzen du soilik. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.
c) Plana egokia ote den ingurumenarekin lotutako kontsiderazioak txertatzeko; garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo nabarmenik, betiere, besteak beste, natura-ondarea zaintzeari, uholde-arriskuari, urei, lurzoru kutsatuei, zaratari eta kutsadura akustikoari, isuriei, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta hondakinen kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen inguruaren ezaugarriak:
Planaren eremua 1.618 m2-ko azalera duen hiri-lurzoruko lurzati bat da, Donostiako Loiolako Erriberak auzoan kokatua. Beroiz kalearen (mendebaldean) eta auzoa GI-20 saihesbidearekin lotzen duten errepideen arteko bidegurutzean dago. Garatzeko dagoen orubea da, erabat urbanizatutako eremu baten barruan sartua, eta gaur egun landaredia nagusiki erruderala du.
Eremua Urumea Unitate Hidrologikoaren barnean dago, eta unitate hori, aldiz, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan. Zehazki, Urumea ibaia eremuaren iparraldetik eta mendebaldetik igarotzen da, 150 metro baino gehiagora, eremu urbanizatuek bananduta. Planaren xede den lurzatia itsaso eta lehorraren arteko jabari publikotik kanpo geratzen da.
Eremua Zumaia-Irun lurpeko ur-masaren eta Zumaia-Irun kuaternarioko sektorearen gainean dago. Halaber, eremua interes hidrogeologikoko gune batean dago.
Eremuan dagoen landaredia belar- eta zuhaixka-espezie erruderalez osatuta dago. Horien artean, espezie aloktono inbaditzaile ugari identifikatzen dira, hala nola Buddleja davidii eta Cortaderia selloana. Era berean, landatutako hostozabal gazteen ale batzuk ere identifikatu dira. Ez da hauteman espezie babesturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.
Bestalde, eremuko fauna hiri-inguruneko eta hiri-periferiako berezko espezieez osatuta dago; ez da fauna-espezie mehatxaturik identifikatu bertan.
Eremuan ez dago naturagune babesturik, ez eta EAEko Igarobideen Sareko elementurik edo geologia-intereseko lekurik ere. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian eta LAGetako natura-intereseko guneen zerrendan), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroan ere.
Planaren eremuan ez dago kultura-ondare arkitektoniko eta arkeologikoko elementu babesturik.
Egoera akustikoari dagokionez, Donostiako aglomerazioko 2022ko zarata-mapa estrategikoen arabera, gaur egun, nagusiki bizitegi-erabilera duten eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak gainditzen dira. Zehazki, egunez eta arratsaldez 65-74 dB(A)-ko mailak daude, eta gauez, berriz, identifikatutako balio handienak 60-64 dB(A)-koak dira. Adierazi behar da, halaber, lurzatia Amarako Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE) izendatutako gunean dagoela, eta GI-20 errepideko Zortasun Akustikoko Eremuan.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna txikia da, eta eremua ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatietan ere.
Bestalde, Urumea ibaiaren ingurua, Loiolako Erriberak auzoaren hasieraraino, Urumea-2 uholde-arrisku handiko eremu gisa identifikatuta dago (ES017-GIP-URU-01 kodea). GeoEuskadin eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, eremuaren ekialdeko muturra 500 urteko errepikatze-denborako uraldiekiko kaltebera da puntualki, eta 100 urteko errepikatze-denborako uraldiengatik urpean gera daitezkeen lehentasunezko fluxu-eremutik kanpoko eremuekiko mugakidea ere bai.
Azkenik, salgai arriskutsuen garraioak dakartzan arrisku teknologikoak kontuan hartuta, hegoaldean dagoen trenbidea arrisku ertainekotzat jotzen da, eta lurzatia haren 600 m-ko eragin-zerrendan sartzen da. Horrez gain, ekialdean dagoen GI-20 errepidea arrisku handiko bide gisa identifikatzen da, eta eremua haren 100 m-ko afekzio-zerrendan sartzen da.
Deskribatutakoa aintzat hartuta, eraikina eta sestra azpiko solairuak eraikitzeko obrak egikaritzearekin lotuta daude Plana garatzearen ondoriozko eragin posibleak. Obra horiek honako ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, landaredia kentzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar. Hori guztia, eremu garbiki hiritar batean.
Proposatzen diren jarduketen izaera eta horietatik eratortzen diren eraginak kontuan hartuta, inpaktu horiek txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta konpongarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, eta, batez ere kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei dagokiena.
Ustiapen-fasean, inpaktu nagusiak lurzatiari lotutako uholde-arriskuaren eta identifikatutako maila akustikoen ondorio izango dira, bai eta eremuan bizitegi-jarduera handitzearen ondoriozkoak ere, mugikortasunaren, baliabideen kontsumoaren eta hondakinen ekoizpenaren hazkundearekin lotuak.
Uholde-arriskuari dagokionez, lurzatian gauzatu beharreko jarduketek bete egin beharko dituzte Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenetako 45. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan ezarritako baldintzak.
Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoaren arabera, etorkizunean, nagusiki bizitoki-erabilera duten eremuetako etorkizuneko hirigintza-garapenetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak gaindituko lirateke. Zehazki, egunez eta arratsaldez 65-70 dB(A)-ko mailak daude, eta gauez, 60-65 dB(A)-koak. Fatxadako zaratari dagokionez, maila txarrenak honako hauek lirateke: 70 dB(A) egunez eta arratsaldez, eta 62 dB(A) gauez, GI-20 errepidera orientatutako fatxadetan. Hala ere, fatxada eta altuera guztietan gainditzen dira mailak.
Antzemandako gainditzeen aurrean, kanpoaldean KAHak betetzeko hainbat neurri balioesten ditu azterlan akustikoak, hala nola inguruko errepideen abiadura murriztea edo GI-20 errepidearen hurbileneko ertzean pantaila akustiko bat jartzea. Ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, irizten da alternatiba horiek ezartzea ez dela posible, edo eragingo lituzketen hobekuntza txikiek ez luketela justifikatuko alternatiba horiek gauzatzea. Ildo horretan, eremua Amarako BABEan sartzen denez, etxebizitzen barruan KAHak betetzeko hartu beharreko neurria fatxada isolatzea dela irizten da, eta fatxadetan bete beharreko gutxieneko isolamendu-mailak zehazten dira.
Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera aintzat hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Emandako informazioaren arabera, Planak ekarritako aldaketa nagusia honako hau da: berezko erabilera ekipamendu komunitariokoa izan ordez zuzkidura-bizitoki erabilera izatea, kalifikazio xehatuari eutsiz. Ildo horretan, etxebizitzak egitearen ondorioz, aurreikuspenen arabera, biztanle gehiago egongo dira maila akustiko handien, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko arriskuaren eta, puntualki, uholde-arriskuaren eraginpean.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa-neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean eragin nabarmenik izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira.
3.– Ebazpen honetan ezartzen da behean aipatzen diren babes- eta zuzenketa-neurriak sartu behar direla Donostiako «AM.05 Loiolako Erriberak» HEko g.000.7 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak izan ez ditzan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, baita ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
– Identifikatutako arriskuekin lotutako neurriak.
• Planetik eratorritako jarduketek kontuan hartu beharko dituzte Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenetako 45. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan jasota dauden uholdeen aurkako babesari buruzko arau espezifikoak.
• Egoera akustikoari dagokionez, Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, aipatutako 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da baimenik eman etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean, ez badira kalitate akustikoko helburu horiek betetzen kanpoan, salbu eta ez den Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren bat. Plana onesteko, 213/2012 Dekretuaren 36., 37. eta 45. artikuluak betetzen direla bermatuko da zehazki.
• Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuan.
– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira jardunbide egokien eskuliburuarekin; alegia, obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzkoarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea dakarten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
• Hondakinak sortu eta kudeatzea: hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barnean direla.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira.
Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegi batera eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.
Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautematearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
• Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko.
Obrak egunez egingo dira.
• Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari. Ondoren, hark erabakiko du zer neurri hartu.
• Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.
• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.
• Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.
• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen eskuliburu hori. Espezie autoktonoak erabiliko dira.
• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:
* Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
* Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea eta/edo -kontsumoa murriztea.
* Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
* Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
* Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
* Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Donostiako «AM.05 Loiolako Erriberak» HEko g.000.7 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Donostiako «AM.05 Loiolako Erriberak» HEko g.000.7 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat emango du, erregelamenduz ezarriko den moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 17a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.